Low cost ilusioak

Podemosen sorrera–Madrilgo eta Bartzelonako M15eko olatuaren txanpan– ilusioz hartu genuen askok ustel usaina zerien Espainiako instituzio publikoak eta alderdien sistema haizatze aldera. Apur bat bazen ere. Ezkerrak beharrezkoa duen hedabideen bitarteko pedagogia politikoa maisuki lantzea, eskuinak lapurtutako zenbait termino eta ideiari buelta emateko gai izatea eta berriak sortzea, Espainiaren kontzepzio bakarraz (handi eta librea) bestela agertzea… berritzailea zen, gaztelaniaz mintzo den gertuko politikagintzan. Eta nagusiki, gauzak hobeto egitera baino, oinarria bera ezbaian jartzera zetozela entzutea zen interesgarria, 78ko erregimenaren inguruko “adostasunak” ezbaian ipintzera; are, balizko “prozesu konstituziogileaz” ere hitz egin zuten.
Aspaldiko kontuak dirudite, baina orain 5-6 urtekoak dira. Eta, bai, ez dira egunak alferrik pasa. Aldaketa gauzatu da, baina seguruena ez aurreikusten zuten ildoan. Hiru argazki.
Bat. Ezkerra eta eskuina zaharkituta daudela ziotenek, goiko eta behekoen aldean, jendarteari dei egin diote eskuina eta ultraeskuinaren ala ezkerren arteko gobernuaren artean hautatzera. Eta antiestablishment-aren bandera edo beste era batera esanda, kasta politiko-ekonomikoaren aurkako aldarria, orain nork haizatuko eta Abascalen lagunek.
Bi. EAEn Ahal Dugu sortu zenetik, EAJren aurkako kritika gogorra izan da haren ezaugarri ia bakar. Baina, artxila murtxila, politikaren magiak eta Madrilgo aginduak haizeak bultzatuta… 2016ko “EAEn gobernu berria eratzea da gure helburua”, betiko gobernuaren sostengua izatea bihurtu da.
Hiru. Azkenean zapaldu du Moncloako moketa Iglesiasek. Baina aurretik frankistek ezarritako Espainiako Erregeren semearekiko leialtasunez zin egin ostean. Lehen tertulia guztietan paparrean, eskumuturrean edo lepoan erakusten zuten Espainiako Errepublikaren koloreak alkandora barruan gordez.
Agenda, aliantza-politika, kultura eta antolaketa-egitura epe laburrean ahalik eta boto gehien lortzeko helburu handiaren zerbitzura ezarri zituzten Podemos sortzean. “Asalto a los cielos“, Pablo Iglesiasen hitzetan. Mugimendu eta alderdi antikapitalista askok planteatzen zuten/duten estrategiarekin kontrajarrita: epe ertain eta luzeari begira, “herri-boterea eraikitzea”.
Zenbait udal garrantzitsuren kudeaketa tarteko, estrategia horrek ez du funtzionatu. Lehen kasta zirenen makulu izatera heldu dira kasu gehienetan. Eta ez da gutxi hain denbora laburrean, baina hasierako asmo eta helburu eraldatzaileetatik urrun dago.
Egiari zor, gobernu hau osatu da bi kideetako inork ezin zuelako besterik egin (beste neurri batean baita kanpoko bazkideek ere; ERC, EH Bildu, BNG eta abarrek). Podemosek, ageriko gainbeherari eta barne zatiketari eusteko, eta Pedro Sanchezek, boterea eskuratzeko epe ertainari begira beste aukera errealik ez duelako izan. Biziraupen politikoa, 78ko erregimena ezbaian jartzetik urrun dago.
Raul Sanchez Cedillok El Salton ondo dioen gisan, low cost ilusioak banatzea dira “azkenean ezkertiarrak ados jarri dira”, edo “ezkerreko lehen koalizio-gobernua dugu II. Errepublikatik” bezalako adierazpenak.  Neoliberalismo aurrerakoiaren, neofaxismoren eta ultraeskuindar arrazisten aitzinatzeak ez du panorama lausengaririk marrazten. Eta Podemos, alderdi posibilistaren rolean egun ezagutzen dugun gisan, hasierako asmo eta helburu duinak gauzatzeko nekez izango da tresna eraginkorra.
Gustura jango nituzke hitz hauek urte batzuen buruan. Seinale ona litzateke. Baina nago, Espainiako Estatuaren kate neoliberalaren menpe gauden herriok 78ko erregimenaren katea pitzatzeko epe labur-ertainean dugun helduleku bakarra Kataluniako hordago herrikoia izaten jarraitzen duela.

2 iruzkin - “Low cost ilusioak”

  1. Politikaren “profesionalizazioak”hontara garamatza,hau da,bere hasierako militantzia ahantzi eta lanpostu bihurtu(politikaren kantzerra dela esango nuke)baita sindikalgintzarena.
    Jarduera politiko profesioak epe baterako izan behar du,neretzat zortzi urte eta gero lanera besteok bezela,edo ez ahal du baseko militante gisa jarraitu aportatzen?Nere uste apalean ez du balio esaten dena egiten dena baino eta hontan ez dugu begiratu beharrik eskuinera zeren etxean berdin berdin egiten dugu.Salbuezpenak salbu

  2. Muchas gracias. ?Como puedo iniciar sesion?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude