Inbasio hau ona da, bestea ez

Axier Lopez
0
Pedro Sanchez eta Marokoko errege Mohammed VI 2018ko azaroan - EFE

“Lotsa ematen digu Espainiako Gobernuak kolonizazio txarra egiteaz gain, deskolonizazio are okerragoa egin izanak, Sahara utziz Marokoko eta Mauritaniako gobernu erreakzionarioen esku”, adierazi zuen 1976an Felipe Gonzálezek sahararren errefuxiatu kanpamentuetara egin zuen bisita batean. “Elkarrekin egongo gara garaipen egunera arte”, gehitu zuen Mister X-ek.

43 urte eta gero, Pedro Sánchezek ondorengoa jaso zuen 2019ko hauteskunde programan: “Mendebaldeko Saharako gatazka konpontzen laguntzeko, Nazio Batuen ebazpenen bidetik, sahararren autodeterminazioa sustatuko dugu”.

Pasa den astean, Mozal Legea eta Lan Erreforma indargabetzera zetorren gobernuak ondokoa adierazi dio Marokoko errege  Mohammed VI.ari: Espainiak ontzat jotzen du 2007an Marokok aurkeztu zuen Mendebaldeko Saharari buruzko autonomia proposamena; “gatazka konpontzeko oinarririk serioena, sinesgarriena eta errealistena da”, Marokoko Errege Kabineteak zabaldu duenez.

Hau da, agur zapalduaren autodeterminazio eskubideari, kaixo okupatzailearen monarkia diktatorialaren menpeko autonomiari. Marokoarren xantaien aurrean amore ematea dela adierazi du Fronte Polisarioak, eta are mingarriagoa dela kontuan izanik Espainiako erregimena dela 1975etik Saharan irekita dagoen zauriaren erantzule nagusi.

Eta zer irabazten du PSOEk? Besteren artean, Marokok gorilarena egiten jarrai dezan migratzaileen aurrean eta pasa den maiatzeko irudiak ez errepikatzea. Orduan, 10.000 pertsona baino gehiago sartzen saiatu ziren Ceutara, Marokoko mugako indar armatuek ezikusiarena eginda. Marokoren erantzuna izan zen, Brahim Gali Fronte Polisarioko buruzagietako bat Logroñoko ospitale batean COVIDaz artatzen uzteagatik. 10 hilabete geroago esan dezakegu pertsonen bizitza xantaia gisa erabiltzeak funtzionatzen duela.

Aldaketa historiko hau bere gobernukidearen bizkar egin du PSOEk eta inolako adostasunik bilatu gabe beste ezein alderdi politiko edo erakunde sahararrekin. Baina kezkagarriena da, nazioarteko zuzenbidea urratuz egin dutela, egunotan Errusiaren aurrean defendatzen ari omen diren hori bera. Ez dezagun ahaztu Nazio Batuen Erakundeak eta Nazioarteko Justizia Gorteak, besteak beste, hainbatetan adierazi dutela Sahara deskolonizatzeke dagoen lurraldea dela. Bai, kolonialismoaz ari gara XXI. mendean eta PSOEk laguntza paregabea eman dio kolonizatzaileari, Sahara arpilatzen jarrai dezan.

Ala inork uste al du PSOEren erabaki honek inoren bizitza hobetzeko baliagarria izango dela, Maroko diktadura monarkikoa erregimenaren egonkortasuna ezpada? Zer aukera ari zaio uzten nazioarteko komunitatea Saharako herriari, 47 urtez bere lurraldean bigarren mailako herritar gisa edo Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan baldintza penagarrietan erbesteratu gisa biziraun duenari? “Ukrainara armarik ez bidaltzea hipokrisia izugarria eta akats historikoa izango zen”, zioen berriki Europar Batasunaren Kanpo politikarako goi ordezkari Josep Borrell “sozialistak”. Sahararrentzat ere baliagarria izango da gerrara joatea beste aukerarik geratzen ez zaienean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA