BERANDUOTEGIk jakin duenez, Arnaldo Otegi espetxetik irten da. Beste batzuek ere jakin dute, eta makina bat omenaldi prestatu diote ezker abertzaleko liderrari Euskal Herri osoan barna. Horietan guztietan Rufi Etxeberriak azken bisitan emandako diskurtsoa irakurtzeko konpromisoa hartu du Elgoibarkoak. “Bertso afarietarako errimadun bertsioa eta guzti dauka”, jakinarazi du Sortuko prentsa bulegoak. Beste alde batetik, dena prest dago Otegiren bizitzari buruzko filma egiteko. Inbildus izango du izena eta Morgan Freeman aktoreak egingo du Otegirena. “Deskuiduan berriro kartzelara sartzen badute behin errodajea hasita, ti-ta protagonista aldatu eta Freemanen ordez Presoman kontratatuko genuke rolerako”, adierazi du errodaje taldeko pasta betaurrekodun kide bixkor batek.