Hainbat egunez komunismoa nagusi izan zen Usurbilen joan den astean, herritarren hesteak arinduz jostatu zen birus bati esker. Batzuek gaitzaren jatorriari azalpena bilatzeko erabili dute  barneak husten eta beste inora joan ezinik bakargelan emandako denbora luzea, eta hala, teoria kontrajarri bi nagusitu dira herrian. Batetik, beherako epidemia Atez Atekoa inposatzen  tematzeagatik Jaun Zerukoak igorritako izurria izan dela diotenak daude; ring-aren beste ertzean, berriz, errua –horrena eta beste guztiarena– erraustegia eraikitzearena dela eta hau hasiera baino ez dela ohartarazten dutenak.

Beranduegik jakin duenez ordea, denak dabiltza oker: Bakio eta Zumaiaz bekaitz zikinak bultzaturik Tronu-Dema telesaileko ekoizleen arreta bereganatzeko Usurbilgo Udalaren kanpaina izan da guztia. “Banengoen ni, honek ez zuela usain onik”, adierazi du Maria Jesus Uzkiano Eusko Jaurlaritzako Gai Komunen Saileko bozeramaleak.