“Abenduaren 3an egingo dituzten adierazpenetarako praktikak azken unerako uzten dituzte beti, eta holaxe gabiltza egunotan, euskaltegietan kabitu ezinik”, kexatu da HABEko sarreran  gurutzegramak egiten aurkitu dugun atezaina. “Urtero gauza bera”, gaineratzera ausartu da.

Antza, politikari batzuk oso mokofin bihurtzen dira urtean behineko euskarazko jardunean erabiliko duten erregistroa aukeratzeko. “Batak Goierriko azentua nahi duela, besteak Bizkaiko kostaldeko ukitua… joder!”, adierazi du badaezpada izena ezkutuan gorde nahiago izan duen Miren Bego Irastortzabarrena (ui, barka…) irakasleak, “total, abenduaren 3 guztietako diskurtso berbera errepikatzeko, buruz ikasita behar lukete honezkero”.

Bestalde, Beranduegik jakin duenez Gaztea irratsaioak helburu handinahia ezarri dio bere buruari abenduaren 3rako: erdarakada kuota %83tik %71ra jaistea, Jaungoikoa lagun. “Musika ona ipintzen hastea-eta beste baterako utziko dugu, dena ez dugu kolpe bakarrean egingo”, esplikatu digu grazia handiko esatari batek.