Mr. Robot telesail arrakastatsuaren laugarren denboraldiko protagonista izateko eskaintzari baietz esan dio Iñigo Urkulluk. Patxi Lopezek irekitako bideari jarraiki, politikari eta antzezle lanak uztartuko ditu aurrerantzean lehendakariak.
Sabin Etxetik adierazi dutenez, pantaila handira salto egitea ez da lehendakariak aurpegiko paralisia duela dioen zurrumurrua gezurtatzeko saiakera. Oposizioak, aldiz, gogor salatu du De Miguel auzitik arreta desbideratzeko “ke-bonba” dela. “Ez da zilegi telebista baliatu nahi izatea karrera politikoa sustatzeko”, adierazi du EH Bilduko Maialen Iriartek, EAJko Joseba Agirretxearekin izandako tertulian.
Sam Esmail zuzendari estatubatuarra giltzarri izan da EAEko lider gorenaren fitxajean. Zapping egiten ari zela, nahi gabe EiTBSat sintonizatu eta Urkulluren Gabonetako mezua ikustean “oh my garden!, the real Mr. Robot!” oihukatu omen zuen. Ajuria Eneatik gertuko iturriek baieztatu digutenez, ez da lehendakariak jaso duen lehen eskaintza zinematografikoa: “The Iceman, Gorilas en la niebla eta Xora filmen bigarren zatietan figurante agertzeko eskaintzei uko egin die, oraingoan, baina, Toni Cantóren aholkuak erabakigarriak izan dira Mister Roboten papera onartzeko”.
Zurrumurrua jakin bezain pronto, ETBk iragarri du etzi emitituko duela “Alonsotegiko alegrantzia” izeneko bi orduko dokumentala gaian sakontzeko.
Don Joxemiel Barandiaran gizon handiak, hainbat arlotan aurrea hartu zion bere garaiari, gauza jakina da hori. Baina igarle gisa ere bikain jardun zuen. Hara zer utzi zuen idatzita 1955en, gure pertsonaia jaio aitzin alegia, Israelgo profetek Mesiasi buruz egin ohi zuten modura: ” “Detrás del fogón se levanta un poste llamado urkullu […]: es uno de los soportes del caballete del techo (V-arr)” JMB AEF 1955, 186. Orotariko hiztegian jasoa dago, “urkulu” hitzaren 8. adieran.