EHUko Komunikazio Zientzien Fakultateko Nor-Nori-Nork ikerketa taldeak ezusteko aurkikuntza baten berri eman du prentsaurreko batean: Ur Handitan saiorako elkarrizketatu eta negar egin ez duen pertsona bat aurkitu dute. “Hasieran ez genuen uste posible zenik, gezurretan ari zela, baina zientifikoki frogatu dugu baietz”. Prentsaurrekoan zen pertsona hori: Harkaitz Marmolategi du izena eta lagunekin pilotan jokatzen ari zela izandako istripuan begi bat galdu zuen; txakur basatiek eraso zioten gero, eta bi hankak erauzi; eta gainera diabetikoa da; eta Osasunakoa.  “Programakoak nire bizitzaz galdezka etorri zitzaizkidanean nik normal-normal erantzun nien”, esplikatu die kazetariei. “Arraroa izan zen ze, Xabier Madariagak hamabost aldiz galdetu zidan nola  sentitzen nintzen gauza horiek gogoratzean. Azkenean bera hasi zen negarrez”.