Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua Zumaiako flisch-ean izan zen atzo, itsas labarrean dagoen plastiko mordoari harrera egiteko. “Ongietorri gure kostaldera, plastikozko botila, zorro eta txankleta”, hasi zitzaien. “Zuen borondate onari esker Zubietako errauskailua martxan jartzeko adina zabor izango dugu”. Aurreskuaren ostean, hunkiturik amaitu zuen agurra Asensiok, baita ur bazterrean topatu genituen buzeatzeko betaurrekoek eta eguzkitarako krema potoak ere: “Gipuzkoa maiteagatik, prest gaude labe erraldoietan kiskaliak izateko. Gu erreko gaituzte, baina gure seme-alabak etorriko dira gero, eta seme-alaben seme-alabak ondoren… Flisch hau ez da gure akabera, Gipuzkoa ederrago baterako geralekua baizik”. Diputazioak, bere aldetik, iragarri du flisch-etik milia batzuetara korridore humanitario bat irekiko duela, plastikoaz gain erregai isuriak, metalezko bidoiak edota surfisten zirina ere Zubietara eramateko, “Ongi Etorri Errefuxa!” kanpaina solidarioaren barruan.