Hamaika saltsatako perrexila izateak hori dauka, jendeari ezinezkoa zaiola zure aurpegi guztiak ezagutzea. Fenomeno hori are nabarmenagoa da protagonista denean modako telebista aurkezlea, Onintza Enbeitari gertatzen zaion moduan. Politikari madrildarra eta Bruja Lolaren fan klubekoa zela bai, baina euskaldun askok arrastorik ere ez zuen bertsotan aritzen dela eta, are gutxiago, Bizkaiko jefa hura dela. Koldobike Motoreta bilbotarra da horietako bat. “Egiaz, txapela jantzita ikusi nuenean ere zalantzak izan nituen hasieran. ‘Zorionak cabaretera’ zioten txioek despistatu egin ninduten. Uste nuen irabazi zuela performance lehiaketa bat-edo. Txapelaren azpian sevillana jantzirik ikusi ez nuenean jabetu nintzen beste zerbait izango zela”.