Kultur eta kirol munduko aurpegi ezagunek aldarrikapen politikoekin bat egitea errazteko, “Atxikimendu-bonoa” sortu dute Euskal Herriko hainbat eragilek. “Ideia sinplea da”, esplikatu du Txintxo Garmendiak, ekimenaren bultzatzaileetako batek: “Beti jende berarengana jotzen dugu antolatu dugun zerbait aldarrikapen zabala dela adierazi nahi dugunean. Bono honekin lortuko dugu euren babesa kredituan jasotzea eta pixkanaka administratzea, aldiro bertsolari, futbolari, sukaldari eta beste alorretako euskal celebrity-ekin kontaktatzen ibili beharrean”. Atxikimendu-bonoa eskuratzen duen pertsonaia ezagunak (antolatzaileen esanetan ez da “oso ezaguna” ere izan behar, “pixka bat ezaguna” izatearekin nahikoa da) dagoeneko babestuak izango ditu eskualde mailako lau manifestazio, urteroko presoen aldekoa eta Gure Esku Dagoren hurrengo mobilizazioa. Euskaraldiaren hamaikakoan postu bat ere konbalidatzen da bonoarekin.