Segurtasun arrazoiengatik dendak itxita eta salgaien garraioa etenda Lapurdi eta Gipuzkoaren artean: sistema kapitalistaren funtzionamendu normala eten du G7aren bilkurak zenbait astez. Horregatik, goi-bileraren kontra antolatu diren kolektiboek jarrera berria hartu dute. G7ak Biarritzen eta inguruetan kapitalismoari eragin dizkion kalteak xeheki aztertu ondoren, ondorioztatu dute mota horretako bilkura gehiago beharrezkoak direla, “epe ertainean sistemaren gainbehera eta gizarte berri baten sorrera” ikusteko. “G7 bai: etorri berriz Mr. Trump!” lemarekin, 365 egun iraungo lukeen goi-bilera eskatuko dute. Indar armatu guztiak leku berean kontzentratzearen abantailak ere azpimarratu dituzte prentsari bidalitako oharrean: “Kontrol polizialik gabe geratu diren lekuetan okupazio eta berjabetze masiboak egin ditugu. Gurea da garaipena!”, irakur daiteke aipatutako oharrean.