Murias taldea desagertu egingo dela-eta, bertan aritu diren zenbait ziklista kontratatuko du Glovo enpresak, Gasteizen eta inguruko herrietan banatzaile lanak egiteko. “Arazorik ez dute izango, adibidez, gaueko 23:00etan Forondatik Betoñorako 12-13 kilometroak 3 minutuan egiteko, bizkarrean eramaten dituzten bitartean dozena bat hanburgesa, 24 zerbeza-lata, bost pizza familiar, zazpi gazta-tarta eta Gorka Urtaran bat”, azaldu digu Iudas Prekariotek, enpresak EAEn duen ordezkariak. Gaineratu du zikloturisten artean ere bilatuko dituztela gloveroak. “Imajina ezazue. Jada ez dira aitzakia bila aritu beharko seme-alabak zaintzerik nahi ez dutenean. Bikotekideari –edo amonari– ‘lanera joan behar dut’ esan eta bakea, gehien maite dutena egingo dute eta gainera lau txakur txiki irabaziko dituzte urtean… literalki”.