Frantziako Gobernuak, Elkargoarekin elkarlanean, kokainari buruzko parke tematiko bat eraikiko du Lapurdiko kostaldean, itsasoz datozen droga paketeek geroz eta turista gehiago erakarriko dutelakoan. “Iduritzen zauku xantza ona izan daitekeela gure historia garaikidearen alde garrantzitsu bat ezagutzerat emaiteko”, esan du Elkargoko almirante Jean-René Etxegaraik. Honezkero ugariak dira bisitak zonaldean: Elcano itsasontziko marinelak, Altsasuko kuarteleko guardia zibilak, EAko zuzendaritzako kideak, Joxeina, Albert eta bere txakurtxoa, eta beste. Gaiaz galdetuta ondorengoa adierazi du Piarres Lenezblanc polizia-buruak: “Kostaldera 400 kg kokaina heldu berri dira igerian. 350 kilogramoak bi kaxa handitan jaso eta kuartelera eraman dituzte gendarmeek, 265 kiloen inbentarioa egin ostean, 190 kiloak kutxa gotor batean ixteko”. Kazetariek galdetu dutenean ea 120 kiloekin zer egingo duten, gendarmeek esan dute 42 kiloak atzeko patiora eraman eta 14 kiloei su emango dietela.