Fernando Aramburu idazleak esan ostean herri txikietako jende askok Donostiara joan behar izan duela “Patria” erostera, etxera poltsa batean sartuta eramateko, porru sorta baten azpian ezkutaturik, jada inork ez du Bretxako postuetan barazkirik erosten, “faxistatzat” hartuko dutelakoan. Zeren eta aski jakina da herri txikietako jendeak, Goierri ingurukoek esaterako, kapitalera bidaiatzen duten aldiro porru batzuekin itzultzen direla etxera, Vitorira doazenean “Vasquitos y nesquitas” kaxa batekin itzultzen diren moduan. Bada, akabo. Gaurtik aurrera barazkirik ez dute erosiko goierritarrek. Lehendik ere nahikoa estigmatizatuta ez baleude bezala; ez goierritarrak, barazkiak baizik.