FLNC korsikarraren prentsaurreko jendetsuez geroztik, ez da status quo-a hainbeste kikildu duen deus ere egin, herri kirolariek mikrofonoak hartu dituzten arte. Baiko enpresako pilotari guztiak –inork ere espero ez zituen salbuespenak salbuespen–, lehen eta bigarren mailako aizkolariak… Ez da giro zaplako batekin K.O. utz zaitzaketen gizasemez osatutako sektoreetan. “Ez da unea horrelakoak egiteko”, adierazi du patronalak, patronalaren dekalogoari tiraka. Kirolariek aldiz esan dute urrats gehiago emango dutela: “Ikusiko duzue harriak arrastaka eramaten dituzten idi puskak borrokara batzen direnean, horien pentsaurrekoak bai izango direla muuundialak kar kar kar”, azaldu du Aitzol Atutxa HKANFeko bozeramaileak. Dioenez Julen Gabirondo pentatloilaria ere gertu omen dago soinekoa urratu eta libertaterantz arineketan joateko, “eta hori, adiskideok, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula”.