Lehen kontzertua eman zuenetik 9.647.815 biktima eragin ditu Hesian-ek, milaka ertzain, enpresari eta Sortuko militante tartean. Barkamenik ordea ez du eskatu bere agurrean. Garaitua sentitzetik urrun, albistea emateko eszenifikazio berezia bilatu du bandak, tresnak behin betiko utzi eta bizikidetzarako urratsa ematea bere meritua balitz bezala. “Inguratua ikusi du bere burua, arrazoiaren indarrak hesiturik, eta horregatik erabaki hau”, adierazi du denetarako balio duen Jonan Fernandez bake-gizonak. Bihotzak beterik doazela adierazi dute Zurik eta Franek bandaren azken komunikatuan. Eta esaldi horren atzean ezkutuko mehatxua ote dagoen zalantzak agertu ditu Jonanek. “Albiste pozgarria da, baina ezin gara besoak gurutzatuta geratu, bakea etorri dela pentsa genezake, baina erradikal hauek beti ari dira makinatzen, eta gutxien espero duzunean, ttak! Hortxe dira inpernuko tronpetaz eta azukre zakukadaz beterik kaka emateko prest… Ez harritu beraz Ibizako erbestetik kontraerasoa abiatzen badute pandemiari buruzko kanta udatiarrekin”.