Banatutako egurragatik Ertzaintzari eskerrak eman eta Abadiño atzean utzita, Barazarren anabolizante txupito bana edan, legioaren kanta abestu, 100 flexio egin eta Gasteizerako bidea hartu zuten Desokupa enpresako lagunek ostegunean, misio berrirako gertu. Porrot egin dute, ordea. Mila modura saiatu arren, ezin izan dute Jonan Fernandez bere besaulkitik urrunduarazi. “Flipatzekoa zen”, esan digu gimnasiokume nazional horietako batek: “Aulkira itsatsirik bezala zegoen, haren gorputzeko parte bat balitz bezala. Ezin izan ditugu biak banandu, eta aulkian eserita atera dugu kalera. Baina ez dakigu nola, derrepente aulkia mugitzen hasi da eta Jaurlaritzaren egoitzara sartu da berriro, Jonan gainean zuela. Dena ikusita genuelakoan okupa zorri horiekin, baina halakorik?. Hurrena ETBtik Klaudio Landa izeneko skin bat botatzeko esan digute. Ea nola doakigun…”.