Herritarren presiopean Lekarozetik ospa egin eta Donostiara joan dira Tex enpresaren hondeamakinak, bertako agintariek zin egin dietelako lasai asko egin ahal izango dutela lan, hotelgintzan eta pisu turistiko berriak eraiki eta daudenak handitzen. Lehenbiziko hondeamakinak gaur heldu dira Alde Zaharrera, eta gainerakoak bihar sartuko dira Erdialdeko eta hondartzen inguruko auzo pobreetan. “Donostian oso hotel gutxi daukagu, turistak kutxazainetan ari dira lo egiten! Zuk uste hori onargarria dela XXI. mendean?”, azaldu digu Eneko Goia alkateak. “Herritarren kolaborazioa eskatzen dugu, ez geratu zilborrari begira, solidarioa izan eta zure pisua pisu turistikoen sare potoloan sartu. Kanpotik datorren inor ez dugulako atzean utzi nahi: Donostia Harrera Hiria”. Udal-gobernua beldur da Aroztegian ari ziren makinak ez diren nahikoa izango hiriaren beharrak asetzeko, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio geldirik dauden pelotazo guztietako dumperrak eta bulldozerrak Donosti-San Sebastianera eramateko.