“Sekulako dirutza inbertitu dugu unibertsoaren ongizatea bilatzeko, baina AHT-k bidegorria dirudi eta Donostiako metroak Playmobil-a”, adierazi du Andoni Ortuzar Eusko Alderdi Jeltzaleko lehendakari berdeak. “Guk sustatutako proiektu txikitzaileak, Lemoizko zentral nuklearra, erraustegia, Supersur, ETB2… desastre hutsa dira guztiak”. Gehitu du horren guztiaren erantzule nagusiak Anbotoko Mari, Zakilixut eta Perez sagutxoa direla, eta Alderdiak bere esku dagoen guztia egingo duela proiektu anker horiek behar bezala amaitzeko. Ortuzarrek, halaber, azaldu du Kutxabanken pribatizazioa bultzatu dutenek aurrez aurre izango dutela: “Tartalok eta galtzagorriek garesti ordainduko dute Eureka zientzia museoa edo Ekogunea ixtea; ez dago Alderdia baino alderdi ekoagorik”. Greta Thunbergen argazki bati musu bi emanez bukatu ditu adierazpenak, bere 4x4an sartu bitartean.