EHZrako sarrera bat irabazi nahi?
Euskal sozialdemok… euskal ezker abertzaleak udal hauteskundeetan lortutako emaitzak oraindik ere zeresana ematen ari direnean, eta Espainiako bozen ederra jada gozatzen ari garenean, abagunea probestu nahi dugu EHZrako hiru egunetarako 2 bono zozketatzeko.

Nola?
Beranduegiko gure entzule gehienek, estadistikoki, azken hauteskundeetan EH Bildu bozkatu dutenez, eta gu gutxiengoen alde gaudenez, eta ez zaigunez beste galdera hoberik bururatu… audio bat bidali behar duzue 669 36 29 82 zenbakira edo beranduegi@argia.eus emailera esplikatzen zer arraiogatik ez zenuten EH Bildu bozkatu.

 

Arrazoi duzue, Irisarrin egingo den jaialdiaren aitzakian galdera hegozentrista egiteak ziurrenik ez du zentzurik, baina aizue, 60 euroan salgai dagoen bonoa doan eskura dezakezuela aintzat hartuta, ez hasi negarrez.

Ekainaren 15era arte duzue epea audioak bidaltzeko. Bi aukeratuko ditugu eta 16an zabalduko dugun irratsaioan irabazleak jakinarazi. Zientifikoki aukeratuko ditugu irabazleak, audioaren alegrantziaren arabera.

Animatu, demokraziak eskertuko dizue!!!