“Bai, bai, mezu ofiziala lurraldetasunaren kontua eta hori guztia da, baina finalerdi bat Maulera eramatearen benetako arrazoia mendekua besterik ez da”, aitortu dio Beranduegiri Bertsozale Elkarteko iturri anonimo batek; “urte askoan engainatu gaituzte Hegoaldekook pastoralez gozatzen joan gaitezen: ‘ez düzü horren gaitza, untsa entelegatzen düzü bigarren orenetik aitzin…’, bla bla bla, sei ordu zurezko aulki gogor batean eserita eta tutik ulertu ez!”.
Kontraerasorako arma onena bertsolaritzan aurkitu dute hegoaldetar gaixoek. “Lortu dugu zuberotarrak konbentzitzea sekula entendituko ez duten jarioa lau orduz jasaten egoteko, errugbi partidua ikusten goxo-goxo egon beharrean, kar kar”. Larunbateko saio amaierako txalo zaparradaren arrazoia, puntako analisten arabera, tortura amaitu izana izan zen. Diotenez, Hegoalde osoan antzeztuko den Alaia Martini buruzko pastorala idazten hasiak dira zuberotar batzuk, akzio-errepresio-akzio logika zaharrari jarraiki.