Kataluniako politika normalizatzearen kontu hori nahi bezala atera ez zaiola eta, 155. artikulua paperontzira bota eta heziketaren bidetik joatea erabaki du Mariano Rajoyk. Hartara, Beranduegik jakin duenez laster jarriko da martxan adinez gorako katalan guztiei zuzendutako ikastaroa, hauteskundeetan aukera egokiei nola bozkatu irakatsiko diena.
“Errepresioaren bidea okerrekoa dela konturatu gara, askoz hobea da heziketa”, esan digu Moncloako iturri batek, “horregatik eskainiko diegu noraezean ari diren katalan gizajo horiei beren bizitzetara behingoz argia –astekaria ez, bestea– ekarriko duen ikastaroa”. Zehaztu dutenez, noraezean ari ez direnek ez dute derrigorrez eskoletara arrimatu beharko, besteek bai. “Podemosekoak zer multzotan sartu aztertzen ari gara oraindik, ez da erraza”, Espainiako Gobernuko Pedagogia Saileko teknikarien esanetan.
Inor kexa ez dadin, metodo baketsuak lehenetsiko dituzte ikastaroan, argitu dutenez: “Arkatza beste armarik ez da onartuko geletan; eta norbait erratuz gero, ba borra-gomaz zuzendu eta kito”, azaldu dute. Lasaiago joan gara lotara.