“Zergatik bizkaitarrek bai eta guk ez”, adierazi dio Beranduegiri esklusiban Andoni Lopez de Meskitandiak, Batzar Nagusietako hizkuntza zerbitzuko arduradunak. Nonbait, iparraldeko bizilagunek aktak bizkaieraz jasotzeko hartutako erabakiak inbidia zikina eragin du Araban, eta bide beretik jo dute: arabieraz idatziko dituzte bileren aktak. “Ez hori bakarrik”, gehitu du Lopez de Meskitandiak, “erakundearen izena ere aldatuko dugu: hemendik aurrera Bazar Nagusiak izango gara”.
BBNNetako indar progresistek pozez hartu dute albistea: “Bazen garaia eskuinetik ezkerrerantz egiteko, idazkeran besterik ez bada ere”, esan du Podemoseko bixkor aurpegidun batek.
Zuberotarrek azpimarratu dute “biziki euskalki ejer, literario eta, garrantzitsuena, estandarretik behar bezain aldendua” dutela, eta orain batzar nagusiak baizik ez zaizkiela falta aktak xibereraz jasotzeko.
Gipuzkoarrek, berriz, ez dute bat egin aldaketa haizeokin: “A, ez, guk ez, guk batuaz propiyo eitten seittuko deu”.