Whatsapp eta gero, zer?

Ez dut uste gaur idatzi nahi dudan honek aurre-azalpenik behar duenik, baina despistaturen bat egongo balitz, hauxe da jakin behar duena; azken asteotan Whatsapp, Facebook Inc. enpresaren aplikazioak, bere pribatutasun arauak aldatu dituela-eta, zenbait arau berri onartu behar izan dituzte aplikazio hau erabiltzen duten erabiltzaileek.

Horrek kriston eskandalua eragin du. Sare sozialetan ez ezik, kalean ere. Itxosopeteko eztabaidak sortuz eta mezularitza aplikazio libreetara enegarren exodoa erakarriz.

Aurrekoan sarean.eus irratsaiorako elkarrizketa labur bat egin zidaten Whatsapp ordezkatzeko eskuragarri ditugun aplikazioen inguruan. Egunotan honen inguruan behin eta berriz berba egin dugunez, irrati elkarrizketa horretarako prestatu nituen apunteak erdi ondo borobildu eta blog honetara ekartzea pentsatu dut. Eta hauxe duzue emaitza.

Eta bai, noski daudela Whatsapp bezalako mezularitza sistemak ordezkatzeko moduko aplikazioak, eta ez dira gutxi. Ba al zenekien Whatsapp-en oinarria XMPP izeneko komunikazio-protokolo libre bat dela? Ba hasteko, hogei urte baino gehiago duen protokolo hau erabili zenezake. Horretarako XMPP eskaintzen duen zerbitzari bat behar izango dugu, adibidez Suchat.org edo Disroot eta sarea erabiltzeko bezero bat. Adibidez, Conversations Android-en edo Gajim ordenagailuan. Hori izan liteke, Whatsapp ordezkatzeko erabili genezakeen lehen aukera. Baina badaude beste batzuk. Bigarren adibide gisa, Matrix protokoloa aipatuko dut. Aurrekoaren gauza bera: zerbitzua erabiltzeko zerbitzari bat aukeratu beharko dugu, adibidez matrix.org eta izena eman. Ostean, zerbitzua erabili ahal izateko aplikazioak beharko ditugu, Element.io izan daiteke, bai Android-en zein ordenagailuan.

Nire ustez aukera bi hauek izango lirateke, onenak. Zergatik? Bada, esan dudanagatik: zerbitzaria aukeratu daitekeelako. Zerbitzu deszentralizatu eta federatuen alde egin beharko genuke, burujabetza teknologikoaren mesedetan, ahal dugun guztietan. E-posta helbide bat sortzen dugun bakoitzean gure zerbitzaria aukeratzen dugun modu berean jokatuz. Nork bere gustukoa duen zerbitzari baten izan ditzan bere datuak. Nik adibidez, sindominio.net erabiltzen dut, amiga gisa, bai Matrix, zein XMPP-rako.

Gaur egun, zerbitzu deszentralizatuen alde egitea oso erraza bada ere, egongo da “horrenbeste” lan hartu nahi ez duenik, eta horrentzat Signal bezalako proiektuak erakargarriak izango dira.

Telegram ez da aukera onena. Ez baita erabat software librea.

Whatsapp gabe (kalitatezko bizitza soziala bermatuz) bizi daiteke. Ni eta beste asko, gara horren erakusle.

Trumpista tranpatiak: entzun, klik, klak, kluk…

Baimentzen badidazue zalantzatiaren plantak egingo ditut, epailea pozte aldera: Trumpistak, entzun klik, klak, kluk… zuek ere faxistak zarete?

Jebediah Springfielden inguruan sarean bolo-bolo egondako albistea komentatu nahi nuen blog honetan. Azken finean, nork esan zuen albiste baten iraungitze-data 24 edo 48 ordutakoa dela?

2019ko ekainean “Software antifak fedibertso antifa” izeneko blog bidalketa bat idatzi nuen, bertan eskuin muturreko Gab proiektuaren inguruan niri iritzia emanez. Ez nuen ezer berririk aipatzen ordea: fedibertsoko proiektu desberdinek bizkarra eman ziotela, besterik ez. Lehen momentutik eman ere.

Afera asko laburbilduko dut ez daukadalako gehiegi luzatzeko asmorik, zer gertatu zen 2019 horretan? Ba besteak beste, aldez aurretik espero zitekeena, eduki misogino, homofobo, faxista eta orotar eskuin muturreko ideiak zabaltzeko bozgorailu bilakatu zela Gab. Seguruenik, bilakatu baino, helburu horrekin sortu zela esatea askoz zuzenagoa litzateke.

Orduz geroztik zabor faxista horren jarioa etengabekoa izan da. Eta inork ez du sekula ezer esan. Ez behintzat Googlek, Facebookek edo Twitterrek. Hau da, zuetako batzuek orain dela astebete ezagutu duzuen horiekin borrokan daramagu mastodonte-hazleok orain dela urtebete baino gehiago. Eta gauzak nolakoak diren kamaradak, jakin ez dakit zenbat aldiz blokeatu dioten Trumpi bere Twitter kontua. Azkenean zertarako? 48 orduen buruan berriz jo ta fuego ekiteko? Gure erabakia irmoa izan zen.

Trumpek ez dauka konturik Gab-en, azalekoegia litzateke. Bere jarraitzaileei uzten die esparru hori. Laissez faire, laissez passer. Faxistak interneten. Poliziak Kapitolioan. Beraien kabuz irten ziren Jebediahtarrak, gogoratzen? Zu, antifa hori, ostiatuta irtengo zinateke. Atxilotuta kasurik onenean.

Google, Facebook edo Twitter soka berekoak dira. Laissez faire, laissez passer. Adam Smitharrak hauek ere.

Harira Dabid. Gab, Mastodon sare sozialeko iturburu-kodea erabiliz sortu zen, izan ere Mastodon software librea zen (eta da) eta horretaz baliatu ziren plataforma terrorista osatzeko. Honela dio software librearen lehen askatasunak: helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea.

Baina software librearen alde borrokatzen garenok eta fedibertsoa osatzen dugunok ez gara inozoak eta zorionez antifaxistak gara. Gutako askok. Agian gehienak. Gurean bai, sare sozial handietan hartu ez zuten erabakia hartu genuen. Txikitasunetik, lehen momentutik bagenekielako Gab-ekin zetorrena ez zela gauerdiko eztula. Eta blokeatu egin genituen. Erabat. Zokoratu. Baztertu. Marjinatu. Eta noski, publikoki salatu. Zilegitasun osoz egin genuen. Gurean ez ditugulako jarrera faxistarik nahi. Faxismoa sustengatu nahi duenak, egin dezala Twitterren. Edo zuzenean Gab-en.

Eta pena bat da Gab-en inguruan berba egiteko fedibertsoa aipatu behar izatea. Baina gardentasunaren alde mesedegarria dela uste dut. Eta pena da, baita ere, software librearen lehen askatasunarekin horrelako gauzak egiteko aukera eskaintzea. Baina burujabetza teknologikoaren mesedetan ezinbestekoa da lehen askatasun hori, eta baita hurrengo denak ere. Eta askoz garrantzitsuagoa da burujabetza teknologikoa, beste inozo hauek baino.

Bihar beste faxista batzuk etorriko balira, leku berberean bukatuko lukete. Erabat zokoratuta. Marjinalidadean. Eta gure proiektu askatzaileetatik, erabat baztertuta. Tusky aplikazioak Gab txerritegia blokeatu zuenean esan zuena irakurtzea besterik ez dago, gu zertan garen jakiteko:

Ez saiatu gurekin adierazpen askatasunaren diskurtsoaren inguruan eztabaidatzen. Hau da gure adierazpena [Gab blokeatu izana], #Antifa ikuspuntua baliatuz. Eta egiten jarraituko dugu.

Neutralak ez diren teknologiak maite ditut.

Jario bete zirkulu

Gero eta gehiago harritzen naute Twitterren ikusten ditudan joera batzuek. Eta bi arrazoirengatik harritzen naute. Lehenik eta behin, duela urte batzuk, beharbada, horietan ere parte hartuko nukeelako; bigarrenik profil teknologiko oso lehiakorreko jendea ikusten dudalako beldurra ematen duten gauzak egiten.

Ziur nago urte bukaeran zehar irudi dezente ikusi dituzuela Twitterreko profil-argazki batekin erdian eta argazkia inguratzen, sare sozialean interakzio gehien egiten dituzten lagunen argazkiekin inguratuta. Behar bada zuk ere egin duzu zeure zirkulua. Irudia egitea onartzen duzunean, ohikoa da hiru eraztun egotea zure argazkiaren inguruan, eta pentsatu nahi dut, inguruko eraztunik hazienetako argazkiak interakzio gehien egiten duzun jendea dela. Hau da, tamaina interakzioen arabera marrazten dela. Baina ez kasu handirik egin azken honi, ez baitiot jaramon handirik egin.

Sare sozialen beste txorrada bat. Beste edozein bezalakoxea. Honaino dena zuzen, ohiko.

Arazoa irudi hori sortzea onartzen duzunean hasten da. Zerbitzu bat baino gehiago dago horiek egiteko, baina ikusi ditudan irudi gehienak Twitterreko “Zure zirkulua Twitterren” izeneko aplikazio batetik datoz. Ingelesez edo gaztelaniaz, zure hizkuntza-lehentasunen arabera. Bada, aplikazio horrek, jakina, Twitterren sartzeko baimena eskatzen digu. Eta aldi berean, irakurri izan bazenu, onartuko ez zenukeen baimen-sorta erabat lotsagarria.

Uste dut guztira zortzi baimen eskatzen dituela. Nire arreta gehien deitu zutenen artean, azpimarragarrienak: zure izenean kontuak jarraitu edo jarraitzeari utzi, zure profila eta zure kontuaren konfigurazioa eguneratu edo txioak argitaratu zure izenean.

Suposatzen dut lehendabiziko baimena, zirkuluak sortzen dituen aplikazioa jarraitzeko behar dutela, argazkiak sortzen dituen kontuari jarrai diezaiozun. Bigarren baimenaren zergatia, ez zait bururatzen, baina hor dago eta argazkia sortu baduzu musu-truk onartu duzu. Azkeneko baimena, irudia egindakoan, zure izenean sortutako irudia eta testu estandar edo pertsonalizatua argitaratu ahal izateko eskatuko duela suposatzen dut. Baimenak onartu dituzuen profiletan gaiztakeria asko egin daitezkeela bururatzen zait. Adibidez, lehenengo baimenarekin Vox Vizcaya jarraitu. Bigarren baimenarekin, Vox Vizcaya-ko boto-emailea zarela idatzi zure biografian. Hirugarren baimenarekin, txio bat argitaratu, euskal legebiltzarrerako azken hauteskundeetan Vox Vizcaya-ri botoa eman diozula esanez.

Azken finean, baimen guztiak onartu dituzu. Izorratu. Faxista atseginaren itxura egin dezakezu orain. Bai, jauna.

Suposatzen dut, behin ditxosozko zirkulua zure profilean argitaratuta, aplikazio horri baimenak kentzeaz gogoratu zarela. Ez? Ba segi baimena kentzera.

Denak hil presente egoteko

Zenbat denbora Anestesia entzun gabe… Aurrekoan Gu diskoa jarri nuen. Tira, jarri baino klik egin. Eta Denak hil abestira heldu nintzenean bakarrik heldu zitzaidan aste honetako blog bidalketa.

Behin baino gehiagotan gomendatu izan dut, bai blog honetan zein beste leku batzuetan ere, Sergio Legaz-en, Sal de la Máquina: una guía para sobrevivir a la distopía de los smartphones liburua. Uste dudalako denok martxan jartzeko moduko zenbait gomendio egiten dituela. Edonork irakurtzeko moduko liburua da.

Bada, liburuan agertzen den azken ariketa martxan jartzea proposatzen dizuet: Whatsapp (edo Telegram, zuk erabaki), isiltzea. Nik Telegram-ekin egingo dut. Baina ez bakarrik doinurik ez jotzea, baizik eta goiko barrako aplikazioaren jakinarazpena ere desgaitzea. Zein asmorekin? Ba begira, lehenik eta behin, gu izan gaitezen aplikazioa ireki nahi dugunak modu kontzientean eta ez aplikazio horren jakinarazpena jaso dugulako. Bigarrenik, konturatzeko oso egun gutxitara nola jaitsi den gure telefonoaren erabilera denbora. Hirugarrenik, presente egoteko.

Presente egoteko, bai.

Hil ezazu aita, hil ezazu ama / Hil anai-arrebak eta seme-alabak / Hil ezazu aitona, hil ezazu amona / Hil bizilagunak eta irakasleak / DENAK HIL. Aldarrikatzen zuen goian aipatu dudan Anestesiaren abestiak. Baina nik blog bidalketa honetan proposatzen dizuedana, guzti horiek berpiztea da. Ez bakarrik hori, baita ere, zure burua zoombi mode-tik atera eta makinatik kanpo, bizitza gozagarria eta bizigarria dela berrikastea.

Benga, animo, astegun batez bakarrik.

Eta gogoratu: ez esan niri “XXX bazina, konturatuko zinateke XXX-ok ezin dugula Whatsapp gabe bizi”, ni ere gauza asko naiz, hala nola, seme, lagun, maitale, senide, aktibista…, eta ez dut, ezabatu nuenetik, Whatsapp-en beharrik sekula sentitu. Ez zara gai izango jakinarazpenen ariketa hau egun bakar batez egiteko? Saiatu zaitez! 290 egun daramatzat erre gabe, helduko da momentua non Whatsapp jakinarazpenak jasotzeko monoa zenbatzeari utziko diozun.

Gogoratu beste hitzok:

Eragin okerrak, lotura zaharrak / Zure erara bizitzen uzten ez zizutenak / Orain nahi duzuna egin dezakezu / Mundu bat egina zure neurrira.

Edo beste hark esaten zituen hauek:

Sentitu nahi dut, berriro aurkitu / hil aurretik bizia dagoela.

Fedibertsoaz bi hitz

Federazioa eta unibertsoa nahasten dituen hitza da fedibertsoa. Lagunartean erabiltzen dugun hitz geroz eta hedatuagoa, eta, beraien artean federatu daitezkeen softwareei egiten die nolabait erreferentzia. Hainbat gizarte sare digitalek osatzen duten ekosistema berriari.

Maila teknikoan baditu bere onurak, adibidez, hornitzaile bakarrarekiko dependentzia saihesten du. Adibide batekin errazago ulertuko delakoan nago. Erabat seguru nago Twitter zer den badakizuela. Maila teknikoan Twitter zerbitzari bat dago eta mikroblogintza sare horretan dagoen pertsona bat jarraitu nahi duen horrek, ezinbestean twitter.com-en izena eman beharko du. Hau da, ez dago twitter.eus, adibidez, sortzerik eta bertatik twitter.com jarraitzerik. Honen eraginez sare hori erabili nahi duen pertsona orok erabateko dependentzia dauka: twitter.com zerbitzaria. Ez dago software hori erabiltzeko beste aukerarik. Gauza bera gertatzen da Facebook-ekin, Youtube-rekin edo Instagram-ekin.

Edo azken asteotan hain bogan dagoen Twich-ekin.

Aspaldi Internet federatua izan beharko lukeela uste dugun horientzat, oso saila da hornitzailearekiko dependentzia hori zuritzea. Beste adibide bat jarriko dut, zuetako askoz eposta zer den jakin badakizue, eta erabat konbentzituta nago eposta zerbitzuren bat erabiltzen duzuela. Adibidez, ni.eus, gmail.com, riseup.net edo autistici.org. Milaka eposta zerbitzu daude. Imajinatzen duzue lagun bati eposta bat idazteko ezinbestekoa izatea biek gmail.com helbide bat izatea? Hau da, dabid@ni.eus-ek ezin bidaltzea eposta bat dabid@autistici.org-ra? Pentsaezina da. Zergatik? Pertsona bakoitzak nahi duen eposta zerbitzua aukeratu dezakeelako eta epostaren erabilera hornitzailearekiko independentea delako.

Gauza bera gertatzen da fedibertsoan. Pertsona orok dauka erabateko askatasuna zein zerbitzari erabili nahi duen erabakitzeko.

Hornitzailearekiko dependentziarekin apurtzeak, askatasun paradigma berri baten aurrean jartzen du erabiltzailea: norbera egiten du bere profil sozialen jabe. Beste adibide batekin aterrizatuko dut, mastodon.eus-en erabiltzaile bat daukat, @desertorea. Fedibertsoko beste edozein zerbitzaritik, adibidez mastodon.cat-etik, nire mezuak jarraitzeko aukera izango du hala nahi duenak mastodon.eus-en kontu bat ireki behar izanik gabe. Nor bere etxetik, beste batzuen etxeak bisitatzeko aukera emanez.

Euskaldunok mundura identitate propioarekin ateratzeko aukera emanez.

Hamaikatxo softwarek osatzen dute fedibertsoa eta euskaldunok ere zenbait txoko garatu ditugu dagoeneko. Adibidez, mastodon.eus mikroblogintzarako, baleafunk.eus, podcasta-ak saretzeko, pixelfed.eus argazkiak partekatzeko edo peertube.euskarabildua.eus bideoak igotzeko (azken honetan ezin da publikoki izena eman).

Euskararen nazioarteko egunean bertan hasi ginen azkena aurkezten: lemmy.eus.

Lemmy.eus euskarazko web-foro irekiak dira. Albisteak, bitxikeriak, nori galdetu ez dakizun hori, umorea, eztabaidak, hausnarketa sakonak, meme alprojak… eta auskalo zer gehiago aurkituko duzue. Dagoeneko zenbait komunitate osatu eta martxan jarri dira, hala nola, musika, literatura, sukaldaritza, euskara… euskaldunok erabakiko dugu noraino hedatu nahi ditugun foro hauek. Baliagarriak diren ala ez denborak bakarrik esango digu, baina denbora lerro publikoak osatzen duten algoritmoez nekatuta gaudenontzat, alternatiba eraikitzailea izango direlakoan gaude.

Bide batez, aipagarria deritzot gobernantza horizontaleko foroak direla esatea, hortaz, edonor da ongi etorria! Eta ez da jakintza teknikorik behar lan-taldean aritzeko.

Gehiago jakin nahi duenarentzat kaixo.lemmy.eus eskuragarri dago, azalpen guztiekin.