Osakidetzan andaluzez

Atzo txio bat bota nuen, tximinoak baino haserreago utzi ninduen pintada bat ikusi eta argazkia atera ondoren. Bidegurutzetik zeharkatzen ari nintzela idatzi nuen eta nire aurkezpen-gutuna izango zela jakin izan banu, koma bat sartuko niokeen. Beste asmo berezirik gabe, irakurketa errazteko.

Pintadak, bazuen xenofobia kirats nahiko ebidente bat. Aspaldi ikusi gabea.

Zorionez, duela hiru urte baino gehiagotik Twitterreko jakinarazpenak isilduta daramatzat nire mugikorrean. Ez asko jasotzen ditudalako, baizik eta nik erabakitzen dudalako noiz sartzen naizen plataforman, ez jakinarazpenek. Mezua goizean jarri nuenez, gauean sare soziala ireki nuen eta eskerrak jakinarazpenak isilduta ditudan. Bestela agur telefonoaren bateriari. Ulertuko duzuenez, Twitterren puntu erdiko eragina daukagun pertsonentzat 700 atsegin eta 120 bertxio baino gehiago jasotzea asaldatzeko modukoa da. Gainera, kontuan izan beste hainbeste iruzkin jaso nituela.

Interakzioak berrikusi nituenean denetarik aurkitu nuen. Eusko Legebiltzarreko ia arku osoko militanteak, batzuk pintadarekin moskatuta eta beste batzuk nirekin, belaunaldi berrietako idazkari nagusiren bat, EITBko eta hedabide alternatiboetako kazetari dezente, poetak eta filosofoak. Zenbait lagun. Gehienak ni bezala, euskaldunak eta euskaltzaleak. Ez nago ohituta Twitterren hainbeste maitasun jasotzera.

Eta hala ere ez naiz inozoa. Ondotxo nekien hori gerta zitekeela telefono mugikorrari mezua bidaltzeko agindu nionetik, une hartan erabaki bainuen hari horren mezurik ez nuela erantzungo. Kasurik txarrenean hemen idatziko nuela erantzun kolektibo bat. Eta hala egin dut. Ez ditut txioak erantzungo. Ezta itzultzaile automatikorik ez erabiltzeagatik pintada itzultzera behartu nahi izan nindutenenak. Egin nuen gauza bakarra PPko belaunaldi berrien idazkari nagusia blokeatzea izan zen, nire txiotik eratorritako ekintza politiko bat egiteagatik. Badirudi atrilak ez direla nahikoak eta mitinak urriak direla lau katu biltzen dituzten zenbaiten egoarentzat. Beraz, pertsona hori bere iruzkina ezabatzera behartu nuen hitz erdi esan edo idatzi gabe. Uste nuen belaunaldi berrietakoak izanda trebeagoak izango zirela sare sozialekin. En fin.

Hala ere, ahaztu nahi ez dudan iruzkin bat aipatu gabe uztea ezinezkoa zait. Galdera eder batekin erantzuteko oparia egin didalako. Algoritmoak eraginda nire jatorrizko txioa ikusi zuen pertsonetako bat, oso atsekabetuta sentitu ei zen argazki hori nire profilean eskegi izanagatik. Aberri Egunari eta euskarari min egiten ei niolako. Eta nik, noski, hori irakurtzean flipatu egin nuen. Lehenik eta behin, uste dudalako euskaldunak eta euskara leku txarrean uzten dituena pintadaren egilea eta bere mezua direla, ez ni. Bigarrenik, egilearen errua hirugarren bati egotzi nahi izatea geroz eta hedatuago dagoelako gure gizarte hontan. Zorionez, urte asko daramatzat Twitterren eta azal gogorregia daukat. Hala nahi dudan guztietan behintzat. Agian duela urte batzuk liskarrean sartuko nintzateke.

Eta, laburbilduz, zuengana nator, inork hau irakurtzen badu, galdera sinple batekin:

Noren errua da pintada horrek eragin hori lortu izana, pintada egin zuen pertsonarena, eta, beraz, edonoren eskura utzi zuenarena edo tximinoak baino haserreago zegoen blogari panfleteroarena, pintadaren argazki bat atera eta Internetera igo izanagatik?

Oso argi daukat nik zer uste dudan. Zuen iritzia jakin nahi dut. Ez egin alde sare sozialetara blog bidalketa hau komentatzera, erabili behean dauden iruzkinak.

Copyleftaz bi hitz eta argudio gaupasero bat

Bizitzak aurrera egin ahala, uste dut gauza geroz eta gutxiago ulertzen ditudala. Adibidez, astelehenean eztabaida handi samarra piztu zen lizentziamendu eredu baten inguruan. Hitz egin dezagun horretaz.

Gertatutakoa laburbiltzen saiatuko naiz, eta esan gabe doa ezin didala inork eskatu, kazetaritzak ustez berezko beharko lukeen inpartzialtasuna. Ni ez naizelako kazetaria. Beraz, barkamena eskatzen dut aldez aurretik:

Argiak Aiurri.eus-eko artikulu bat kopiatu eta bere webgunean jarri zuen, Aiurriren lizentziak horretarako ematen dion aukera baliatuz. Lizentzia Creative Commons BY-SA (aurrerantzean CC BY-SA) da. Lizentzia horrek dio, oro har (sakondu nahi duenak hemen egin dezake), edozein pertsona dela libre lizentzia hori duen lan bat partekatzeko eta egokitzeko edozein helbururekin, baita helburu komertzialarekin ere. Hau da, kopia bat egitea eta berau partekatzea zilegi dela. Baina askatasun horiez gain, betebehar batzuk ezartzen ditu, noski, kopiak edo eratorriak jatorrizko lana aitortu behar duela eta lizentzia berarekin partekatu behar dela. Honaino, dena ondo. Hurrengo egun baten, Twitterren -hau da, publikoki-, eztabaida sare sozial iragankor baten gehiago ez elikatzeagatik aipatuko ez dudan txio batek (bere iritzia eman nahi duenak eskura dauka bide hau eta beste hau, txioak baino askoz eraginkorragoak eztabaidarako), Argiak egin zuena legezkoa zela jakinda eta onartuta ere, etikarik ez izatea salatu zuen.

Bada, nik, copyleftean eta kultura librean interesatuta nagoenak, Argiak beste komunikabide batzuetako edukiak hartzen dituela jakin badakit. Are gehiago, hori egitea desiragarri deritzot. Argi gera dadila: lizentziak ezartzen dituen legezko baldintza guztiak betetzen badira (gogoratu: aitortza eta kopiak lizentzia bera izatea). Argiak beti betetzen ditu. Hala ere, artikulua ikustera joan nintzen. Argi zegoen jatorrizkoa modu egokian aipatzen zela, eta Argiaren lizentziak -Aiurriren berdina-, baldintza egokia betetzen zuela zilegizko kopia bat egiteko. Honaino, dena ondo. Erabat onargarria zen Aiurrik aukeratu zuen lizentziapean Argiak egindako kopia.

Bada, non da arazoa? Egia esan -artikulu hasieran aitortu dut-, ez daukat argi. Ez dut arrazoiketa guztiz ulertzen. Nire enpatia falta izan da, akaso. Are zailagoa egiten zait ulertzea, txioan onartzen bada maila legalean dena ondo zegoela. Baina errepikatzen hasia naiz.

Egin dezagun aurrera. Gehien interesatzen zaidana, ez delako albistea bere horretan, baizik eta sortutako eztabaida: askok elkarrizketa eremu positiboetara eraman nahi izan zuten, eta hori zoragarria iruditzen zait -are gehiago Twitterren-. Baina nire ustez, egindako proposamenak ez dira gauzagarriak. Akordio bat egitea proposatzen zuten, non komunikabideek onartu dezaketen ezin dela beste batzuen lan bat kopiatu ordu batzuk igaro arte (adibidez, 24 edo 48 ordu, baina denbora tartearen zenbatekoa ez da garrantzitsua). Eta horrek lizentzian aldaketa ekarriko lukeenez, ez nago proposamenaren alde. Zergatik? Oso erraza: Creative Commons erabiltzea, edozein dela lizentzia, mundu mailan aztertuta dauden lege-baldintzak eskaintzen dituelako, eta “gu desberdinak garelako” aldatu ezin ditugun lan-moduak. Hau da, ez nago ados, proposamena onartuko balitz, Creative Commnos lizentzia guztiak zentzua galduko luketelako. Eta orduan, zertarako beharko genituzke? Gure asmoa informazioaren eta kulturaren zirkulazio askea bermatzea bada, eta nire asmoa hori bada behintzat, ezin ditugu copyleft lizentziak aldatu. Ezta ondo hausnartu eta aztertu gabeko termino berriak asmatu ere. Copyleft izateari uzteaz gain, euskarri legal gabe geratuko ginatekeelako!

Nire ustez -eta hemen bai egiten dut bat zenbaiten ikuspuntuarekin-, arazoa pedagogikoa da. Hasiko naiz esaten, lan egiteko modu zaharrekin amaitu behar dugula. XVIII. mendetik aurrera martxan dagoen copyright-a garaitu behar dela. Garaitu. Hasteko, formatuak eta teknologiak ez direlako XVIII. mendan ziren berdinak, baina, batez ere, behar sozialak ere ez direlako berdinak. Eta nola egiten zaio aurre horri? Copyleft-a sustatzen duen edozein lizentzia erabiliz, horien artean Creative Commons-etako batzuk (libreak diren Creative Commons lizentziak 3 dira: CC BY-SA, CC BY eta CC0. Hauetatik bakarra da copyleft, CC BY-SA). Nire ustez, arazoa komunikabide baten lizentzia inertziaz ezarri izana da eta ez ohartu izana elkarrizketatuak ez zuela albiste horren hedapenik nahi Aiurritik kanpo, baina ezarritako lizentziak bermatzen zuela hedapena.

Lizentzia bat hausnartu egin behar da, ez inertziaz dagoena jarri.

Garrantzitsua da nire iritziz etorkizunerako hiru gauza azpimarratzea, amaitzen joateko. Lehenengoa: lizentzia bat onartzen eta ezartzen denean bere eskubide eta betebehar guztiak onartzen eta ezartzen direla. Bigarrena: edozein arrazoirengatik sortutako edukia zabaltzea nahi ez bada, agian beste lizentzia bat aukeratu beharko litzatekeela lan horretarako (kasu honetan artikulu horretarako). Eta hau, lana argitaratzen duenak egin beharko lukeela (kasu honetan Aiurrik). Eta hirugarrena da guztien artean nabarmenena: mundu mailan denek onartzen badugu semaforoa berde dagoenean, bidea gurutzatu dezakegula, ezin da inor etorri esatera bere kalean ezin dela berdez gurutzatu. Ezta argi eta garbi berdea den argia laranja dela onartzera inor behartu. Kasu horretan behar dena ez delako semaforo bat. STOP bat baizik.

Zer nahi duzue nik esatea. Ez naiz kazetaria eta ez naiz jurista, baina erabat sinetsita nago euskarak eta euskarazko kulturak oro har behar-beharrezkoa dutela copyleft-a. Hala ere, dirudienez, egindakotzat jotzen genituen gauza asko berrikusi eta berriz hausnartu beharko ditugula dirudi.

Ongi etorriak blogeko ikasturte berrira.

Eta bitartean zaindu zuon burua

Atzo bertan clickbait argi batekin aurkitu nintzen: “Radar COVID porrot egiten ari da. arrazoiak azalduko dizkizugu”. Hasieran ez nuen albistea ireki, arazoak zeintzuk izan zitezkeen intuitu nitzakeelako. Baina azkenean, ia-ia nahi gabe, artikulu madarikatua ireki nuen.

Blog honetan idatzitako artikulu batzuetan aipatzen nuen moduan, helburu argia dute bai Radar COVID zein antzeko aplikazioek: herrialde jakin horretako biztanleriaren bi erenak aplikazioa instalatzea. Zein da arazoa? Aurreikus zitekeena: instalatzea borondatezkoa baldin bada, aplikazioak gizartean duen penetrazio maila dela eta, ezinezkoa zaiola behar duen zundaketa egitea. Eta egiten duenean, positiboak bere positiboaren berria ematen du aplikazioan? Zenbaitek ezetz uste dute, askori ez omen zaielako positiboa jakinarazteko kodea sekula heldu.

Etorkizun eskasekoak dirudite. Behintzat, hori da nire interpretazioa, momentuz.

Informazio gehiagoren bila joan nintzen, The Washington Post egunkariaren arabera Radar COVID aplikazioaren penetrazio maila % 20-koa da Espainiako estatuan (askotxo baino, gehiegi iruditu zitzaidan), baina horrela eta guztiz ere, kasurik onenean, oso urrun ei dauka beharrezkoa duen % 60-66-a. Eta gauzak nola dauden aztertzen badugu, esan genezake instalazioa burutzeko momentu kritiko baten gaudela? Nik baietz esango nuke, baina hauegatik edo hargatik, ez duela erronka lortu. Beste adibide bat. Egunkari berdinaren arabera, Irlanda litzateke, non mugikorren % 26-ko kuota lortu duen kasurik oparoena. Eta hau omen da daturik onena Europa mailan. Suitzan, Frantzian edo, baita Estatu Batuetan ere, eskasagoak dira.

Testu berean irakurri nuen egoera kaxkarretan aplikazioak bere inguruan dauden interakzioen % 25-a, bakarrik, erregistratzen duela. Baina hau gutxi balitz maila baxuko hardwarea duten erabiltzaile askok salatzen dute Radar COVID bateria jan besterik egiten ez duen tripontzia dela eta desinstalatu behar izan dutela. Ez dut bukatu. Radar COVIDek, gutxienez, iOS 13 edo Android 6 behar du, Android sistema eragilearen zatiketa dela eta, eta geek bat baino gehiagorentzat harrigarria izango bada ere, Android 5 erabiltzaile asko dago oraindik. Eta honi guztiari, nire ustez jendearengan eragin handiena duen zera horri aurre egitea gehitu behar diogu: pribatutasuna galtzeari beldurra kentzea. Gauzak erdi ondo (bakarrik) egin izanaren arazoetako bat.

Aplikazioa zertarako erabiltzen den kontutan hartuta, egoera negargarria deritzot.

Eta Europa mailakako aplikazio guztien datuak bateratu nahi dituzte… Jaungoiko prakazabala esango luke amamak!

Eskerrak idatzita utzi nuen

OHARRA 1: Hitzarurrea, Eta Idazkaritzak txoria zuen maite.

OHARRA 2: Zenbaitetan arrazoia izateak amorrarazi egiten nau.

Hilaren 9an iritsi zen RadarCOVID aplikazioaren askatze-eguna. Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritza hitzordura aurkeztu zen eta hitzeman ziguna eman zigun.

Hitz horiekin esan zigun aplikazioan begiratu genezakeela, hitzeman zuen bezala askatu egin zuela, eta ikusi genezakeela aplikazioek ez dituela datu pertsonalik lapurtzen. Jasotzen. Eta lerroen artean irakur genezakeela kode hori askatzeak gehiago erantzuten ziola aho asko isilarazi behar izate bati, erabaki politiko bati baino.

Udan irakurri dudan liburu batek nire liburu gogokoenetara salto egin du: To Kill a Mockingbird. Liburuan, epaiketa baten ondoren, bizilagun batek Scout protagonistari esaten dio, epaimahaiak, oraingo honetan behintzat erabakia hartzeko eztabaidatzen denbora dezente pasatu duela. Urte batzuk arinago, gehiegi pentsatu gabe urkatuko zutela Tom Robinson jauna.

Baina, halere, Tom Robinson urkatuta bukatzen du.

Ondorioztatu nuen Harper Leek, eszena horrekin, gu frogatzen saiatzen dela, gauza batzuk oso pixkanaka ez besterik aldatzen direla. Eta nik, liburu horri esker, ondorioztatu ahal izan dut agian RadarCOVID askatzea ospatu beharko nukeela, duela urte batzuk burutik pasatu ere ez zitzaiela egingo iturburu kodea askatzea. Eta, beharbada egia da. Baina, liburuko epaimahaikideek ez bezala, Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzako epaimahaiak ez du epai hau lehen aldiz eztabaidatzen.

Literatura albo batera utziz eta errealitatera bueltatuz, gai hau ixteko azken gogoeta bat.

Epaimahai berri bat osatu beharko dugu -Indra gabe, noski -, izan ere, software batek konfiantza bereganatu nahi badu, hiru gauza egin beharko lituzke: Lehenik eta behin iturburu kodea askatu. Bigarrenik, kanpo segurtasun auditoretza inpartzial bat bermatu. Hirugarrenik, eta bukatzeko, auditoretzaren emaitza publiko egin, txostenarekin batera.

Egingo ote dute ala bide erdian geratuko dira ohikoa duten gisa?

En fin. Neurrian poztu naiz (Lee-ren omenez). Eta gero, argitaratu dutena irakurtzeari utzi diot. Egia esan, antzerki honek, ni ere nekatzen hasia naukalako!

Eta Idazkaritzak txoria zuen maite

Ikaskideok, ikasturte berriari ekin diogu. Enegarrenez. Haurrak hala-nola eskolaratu ditugu, eta ekintzaileok aktibismoan jarraitzen dugu. Konspirazioak konspirazio eta egoerak egoera. Nik, berriz ere, nire ideiak -nahiz eta eskasak izan-, astean behin blog honetara ekartzen saiatuko naiz. Eta hona lehena.

Asteazkenean, Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzak Radar Covid aplikazioaren iturburu-kodea askatzea erabaki zuela irakurri nuen, software libreko lizentzia baten bidez. Zehazki, Mozilla Public License 2.0.

Zentzuzko urratsa dirudi momentu honetan.

Lagunekin hitz egin, eta norbaitek, ni zirikatzeko, esan zidan software librea zenez mugikorrean instalatuko zidala. Kontua da pertsona horrek irakurri zituela konfinamenduan pertsonen jarraipena egiteko aplikazioei buruz idatzi nituen artikuluak.

Eta ondorioztatu dut uste dudan baino askoz okerrago azaltzen dudala neure burua.

Nire kritikaren oinarrietako bat, hain zuzen, aplikazio horiek software librea izango ote ziren zalantzan jartzea zen. Egia da. Hala ere, gutxien kezkatzen ninduen horrek. Kritikak bazituen beste zutabe batzuk. Hala nola, pribatutasuna, pribatutasuna bigarrenez, % 60 famatua edo eztabaida ondorio oker batetik abiatu izana. Nire kritika gizarte bati eta hura sustatzen duten zenbait erakunderi zuzendua zegoen, uste baitute gure arazo askoren konponbidea “teknologia-konponbidearen” eskutik etorriko dela. Hauteskundeetako abstentzioaren arazoa boto elektronikoarekin konpon daitekeela saltzen diguten administrazioak eta lobiak barne. Horretaz ere idatzi izan nuen hemen.

Nazkatuta nago horrelako aplikazioek “Koronabirusa gelditu” egingo dutela entzuteaz. Ez delako egia. Lagundu dezakete, zalantzan jarri izan badut ere, ez dut balizkoa laguntza hori sekula ukatu. Ikusten ditudan arazoak planteatu baino ez dut egin. Baina COVIDetik libratuko digutenak osasun-langileak, zientzialariak eta sindikatuak dira. Sindikatuak, bai. Algoritmoak? Lagundu akaso, libratu ez.

Gustatuko litzaidake irailaren 9an aplikazioaren iturburu-kodea askatzeko erabakia hartu duten pertsonekin esertzea. Galdera bati erantzuteko. Besterik ez: aplikazioa askatzeko erabakia baldintza ideologiko batek ematen du, ala praktikak besterik ez? Erabaki ideologiko baten ondorioa bada, chapeau! Baina kasu horretan, hasieratik libre izango zela ondorioztatzen dut. Ezkerra ei zarete. Ezker inperialista bada ere. Erantzuna praktikoa bada, software librearen zaleok ez ginateke horrenbeste hunkitu behar.

Nik idatziz utzi nahi dut nire zalantza:

Ez dezagun geure burua engainatu. Ez dira tontoak eta badakite zurrumurru handia dagoela sarean eta kalean Radar Covid horren inguruan. Esango nuke erabakiak gehiago erantzuten diola zurrumurruak isilarazteko saiakera bati -horregatik iruditzen zait zentzuzko aukera eta aukera egokia momentu honetan-, hausnarketa politiko bati baino. Baina onartzen dut -eta eskertzen dut- EFF, eFSF… bezalako eragileen lanak ere izango zuela eragina bide horretan bultzarazteko. Eta bai, poztu egiten nau albisteak.

Eta antzerkiak.

Baina bere neurrian.