Hodeia ez da existitzen

…beste norbaiten ordenagailua da.

Aurtengo Euskarabilduaren webgunean sartzen bazarete, hori izango da jasoko duzuen lehen mezua. Hodeiak horrenbeste indar hartu duen garaiotan, primerako ideia deritzot burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzeko parada hartzea. Ez hodeia burujabetza teknologikoaren kontra doalako, baizik eta zer nolako hodei mota nahi dugun hausnartu beharrean aurkitzen garela uste dudalako.

Aipatu bezala, burujabetza teknologikoa ardatz hartuko duen 2019ko Euskarabilduaren zortzigarren edizio honek, egitarau oso interesgarria jartzen du gaiaz hausnartu nahi duenaren eskura. Atal desberdinetan banaturik, burujabetza teknologikoaren inguruko esperientziak konpartitu nahi dituzte, foko argi bat ezarriz: burujabetza teknologikoaren alde estrategikoa. Bejondeiela!

Hitzaldi guztiek oso itxura interesgarria badute ere, bik bereziki motibatzen naute: alde batetik, TEKS sareak aurkeztuko duen “Euskal Herriko erronkak, burujabetza teknologikoaren ikuspegitik” eta, bestetik, Donestech eragilearen “Soberanía tecnológica: Trayectorias, valores y comunidades”. TEKS sarearena Euskal Herrian ditugun behar izan propioetara begiratzeko aukera emango digula aurreikusten dudalako – izenburu horrekin, zer bestela? – eta bigarrena, Donestech-ena, emakumeek teknologia berriekin duten harremana aztertzen duen eragilea izanik, oso proiektu interesgarriak egiten dituztela kuxkuxeatzeko aukera izan dudalako. Argi dago Euskarabilduak genero ikuspegia zaindu duela berriz ere. Arlo teknologikoan bereziki eskertzekoa iruditzen zait.

Baina ezin dut artikulu hau bukatu Xabier Barandiaranen “Maritxu nora zoaz? Nola egin (eta zergatik ez atzeratu) erakundeen trantsizio teknologikoa” aipatu gabe. Izan ere, Xabierrek esaten eta idazten dituen guztiak gure erabateko arreta merezi dutela uste duten horietakoa naiz. Baina, Argiako Creative Commons lizentzien inguruko hausnarketa ere aipatu nahiko nuke, izan ere, irakurketa oso interesgarria plazaratu zuten.

Badakizue zer? Hementxe bukatu behar dudala. Ezabatu zuen garunetatik irakurri berri duzuen guztia eta ideia bakarra artxibatu: aurtengo Euskarabilduaren egitarau osoa da interesgarria.

Zoritxarrez ezinezkoa zait Donostiako San Telmo museora, Urriaren 24an joatea. Eta benetan diot zoritxarrez dela, errepikatzen bainaiz ere, aurtengo Euskarabildua zinez interesgarria iruditzen zaidalako eta bertan egingo den hausnarketa hezkuntzarentzat oso baliagarria izan daitekeela uste dudalako. Streaming-a egotekotan, entzuteaz konformatu beharko naiz oraingo honetan. Eta tarteka-marteka sare sozialetan komentatzen dena irakurtzeaz.

Aukera izatekotan, gerturatu zaitezte aurtengo Euskarabilduara, ez dut uste, inondik inora, damutuko zaretenik.

Ahots morroiak

Azken urteotan teknologiak izan dituen aurrerakaden artean, mugikortasuna bilatzen duten sistema eragile gehienetan ahots-morroiak ezarri izanak aipu berezia merezi duela uste dut. Ahots-morroiak, gailuekin – gehienetan gailu mugikorrekin – ahots bidez komunikatzeko aukera eskaintzen diguten adimen artifizialdun softwareak dira. Teknologia enpresa handienek nor berea garatu izan du azken urteotan. Pribatiboak, noski. Baliteke ezagunena Appleen Siri izatea, baina, Googleek Assistant dauka, Microsoftek Cortana, Amazonek Alexa… etab.

Ahots-morroi hauekin gauza desberdinak egiteko aukera dago, adibidez, alarma bat ezarri, musika jartzeko eskatu, domotizatuta dauden etxeetako argiak pizteko eskatu… Ahots-morroi guzti hauen helburua, gizakioi oso natural suertatzen zaigun komunikazioa erreminta erabiliz – ahotsa -, morroiak egin beharreko ekintzak azkar komunikatzeko aukera eskaintzea da.

Behintzat, hori saltzen digute.

Gailu hauek beraien abantailak izango dituzte, ez dut hori ezeztatu behar. Nahiz eta, nik neuk ez diet, momentuz, behar izanik justifikatzen. Edonola ere, honelako bozgorailu adimendun bat etxean sartu nahi duten horiei, zera esango nieke, ahots-morroi hauek dituzten pribatutasun arazoak kontutan hartzeko.

Izan ere, azken hilabeteotan, trepeta hauek sortzen dituzten pribatutasun arazo larrien berri izan dugu.

Apirilean, Amazoneko langileek Alexarekin berba egiten duten bezeroen elkarrizketak entzuteko aukera daukatela jakin genuen. Are gehiago, El País egunkariaren arabera, egunero zelatatze lan hori burutzen dituzten lan profilak daude Amazoneko langileen artean. Googlek berak ere onartu behar izan zuen, Googleeko langileek – eta beste hirugarrengo azpi-kontrata batzuk -, Google Assistantekin mantentzen diren elkarrizketa zatiak entzuteko aukera daukatela. Eta entzuten dituztela. Appleek, berdin, Sirirekin mantentzen diren elkarrizketak zelatatzen ditu, eta hori egiteko langileak ditu Espainian. Bukatzeko, Windows Mobille sistema eragileak besteekin lehia egiteko izan duen gaitasun eza dela eta, Cortana ahots-morroia W10 sistema eragilean zentratu dute. Baina helburu berberarekin.

Ez naiz gehiago tematuko.

Azken finean, logelan, sukaldean edo egongelan sartuko duzuena ez da itxura modernodun bozgorailua, egiten dizkiozuen galderak erantzun ahal izateko, etengabe piztuta egon behar duen kalitate handidun mikrofonoa baizik.

R/Hack 2019

Orainaren bukaera geroz eta hurbilago dago. Teknologiak mundu posible asko sortzea baimentzen du, baina korporazio handiek aukera guztiak desagertarazi nahi dituzte. Populazioa ilusio faltsuekin engainatzen duten bitartean, etorkizuna lapurtzen ari dira, askatasunari inolako alternatibarik utziz.

R/Hack 2019, manifestua.

Egun gutxi falta dira Gasteizeko Errekaleor Bizirik auzoan burutuko den aurtengo hackmeeting-ari hasiera emateko.

Hackmeeting-a, teknologia berriek jendartean duten eraginaren inguruan eztabaidatzeko – eta ekintzetara pasatzeko – gune autogestionatu eta horizontala da. Hackmeeting-a denon artean egiten dugun zerbait izanik, bere antolakuntza guztion ardura izateko, modu asanblearioan kudeatzen da. Nodo izendatzen ditugun ekintzen bitartez, maila pertsonal eta kolektiboan teknologiarekin dugun harreman politikoaz hausnartzen laguntzeko erabat lagungarria den TAZ bat sortuz.

Software librea, hardware librea, pribatutasuna, segurtasun digitala, jakintza eta kultur askea, sare deszentralizatuak… izan ohi dira hackmeeting-etan gehien errepikatzen diren gaiak eta esparru ederra da hacktibismoaz – aktibismo hackerraz – berba egiteko, beste gune autogestionatu eta hacklab-etan burutzen diren esperientzien berri izateko eta – zergatik ez – saltseatuz ongi pasatzeko.

Aurtengo hau irailaren 20-21 eta 22a bitartean burutuko da, eta hackmeting-ari lekua emango dion gune autogestionatua, goian aipatu bezala, Errekaleor Bizirik da (Gasteiz). Bertan lo egiteko, jateko, dutxatzeko eta oinarrizko betebehar guztiak asetzeko aukera egongo da. Aurten kanpaleku eta guzti (beraz, hala nahi baduzue zuon kanpin-denda eramateko aukera daukazue).

Aurtengo hackmeeting-ean landuko diren gaiak – urtero bezala -, gaurkotasun teknologiko eta politiko osoa izango dutela aurreikusi genezake. Eta noski, esparru irekia izanik, hala nahi duenak bere ekarpenak egiteko aukera dauka, besteak beste, hitzaldi, eztabaida edo tailer formatuan. Norberaren imajinazioa da hackmeeting-aren muga bakarra.

Ekintzaileentzat egiten den teknologia jardunaldiak bezala ulertzen ditugu gutariko askok, hortaz, aktibista bazara zuretzat leku aparta izango delakoan nago. Inoiz hackmeeting batera joan ez bazara, izan dadila hau zure lehen aldia. Egun pasarako bada ere, elkarrekin ikasteko aukera paregabea izango dugu.

Etorkizun teknologiko inperfektuak sortzen urte askoz jarraitzeko aukera izan dezagun: R/Hack 2019. Parte-hartu.

Informazio gehiago hemen: https://es.hackmeeting.org/

Dependentzia teknologikoaz

Joan den astean, Mastodon bitartez, burujabetza teknologikoaren bidean Sevillako Unibertsitateak emandako atzerapauso itzel baten berri izan genuen.

Interferencias, eskubide digital eta segurtasun informatikoaren inguruko eztabaida eta ekintzak sustatzeko talde ziberekintzaileak, Sevillako unibertsitateak hartutako erabakiaren berri ematen zigun. Unibertsitateko e-posta zerbitzariak software libre soluzioetatik, Microsoften zerbitzarietara migratuko dituzte. Albistea jarraituz, Sevillako Informatika Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan lan egiten duen David Benavides irakaslearen berri izan nuen. Bere Twitter kontuan, unibertsitateak hartutako erabakiaren berri emateaz gain, erabaki horrek burujabetza teknologikoaren inguruan suposatzen dituen arazoen laburpen argigarria egin zuen.

Bat egiten dut Twitter hari horretan Davidek egiten duen hausnarketarekin.

Euskal Herrian ere, geroz eta eskola gehiagok hartzen dituzte honelako erabakiak. Bai ume txikiei eskola hasi bezain pronto irekitzen zaien Google kontua, bai eskola batzuetan azken urteotan klaseak emateko ezinbestekoak diren Chromebook-ak, bai guraso-eskola komunikazioa bermatzeko WhatsApp mezuak. Euskaldunok ere, burujabetza teknologikoaren kontra egiten duten erabaki asko hartzen ditugu egunean-egunean.

Gurean, maila sozialean, burujabetza teknologikoaren aldeko giharra sendo egonik ere.

Software pribatiboa, eta oro har pribatutasuna zaintzen ez dituzten proiektuak edo aplikazioak aukeratzen ditugunean, gure kontrako zein gure erabiltzaileen kontrako erabakiak hartzen ari gara. Gaur egungo tendentzia software pribatibotik gure askatasun pertsonal eta kolektiboa bermatzen duten software libre proiektuetara migratzea izan beharko balitz ere, kontrako bidea egiten hasiak gara.

Agian, ez gara ohartzen burujabetza teknologikoaren bataila galtzen ari garela. Gurea beharko lukeen erabakimen ahalmena AEBn dagoen enpresa bati ematen diogula. Garapen eta ekonomia lokala sustatzeko baliagarri izango liratekeen proiektuak sortzeko aukerak kanpoan usten ditugula. Zerbitzu pribatuen eskuetan usten dugula, berriz ere, gure autonomia – eskoletan jantokiekin eta garbitasunarekin gertatzen den modu berean – edo sektore publikoa ahultzen ari garela. Etengabe.

Burujabetza teknologikoaren inguruko hausnarketa sakona egin beharko genuke. Besteak beste, hezkuntzan ere Librezale izan nahi dugulako.

Arduragabekeria digitala

Esango nuke telefono mugikorrean instalatzen ditugun aplikazioak arduragabekeria handiz instalatzen ditugula.

Hau da, gure telefonoan aplikazio bat instalatu orduko ez dugula sakoneko – kasu gehienetan ezta azalekoa ere – azterketa burutzen. Garatzailea nor den, aplikazioak zer egiten duen, nora konektatzen den, zertan lagunduko digun edo zein den garatzailearen etekina – gehienetan doako – aplikazio hori instalatzekotan.

Yonki digitalak garela onartu beharrean gaude. Ezinbestekoa zaigun dosi berriaren bila. Etengabe.

Gure telefono mugikorretan azken aplikazio moloia instalatuta nahi dugu. Eskaintza agortu orduko. Ustez, gainera, gure sistema eragilearen aplikazio dendan dauden produktu guztiak seguruak eta pribatuak direla.

Baina, lagunok, hori ez da inondik inora denda hauen errealitatea.

Azken egunotan Face App aplikazioa bolo-bolo ibili da gure telefono mugikorretan. Igandean nire gurasoekin jaten nengoela, ea probatu nuen galdegin zidaten. Aho bete hortz utzi ninduten. Denok nahi izan dugu – behintzat askok nahi izan dute – Face App aplikazioak erabiltzen duen adimen artifizialak norberaren selfiearen prozesamendua burutzea. Atso horrek zein itxura izango duen jakiteko asmoz.

Behar horrek zein fetitxismori erantzuten dion psikologo on batek azaldu beharko digula uste dudanez, pribatutasunean zentratuko naiz.

Face App bezalako aplikazioen helburua ez da edadetzen garenean nolako aurpegia izango dugun erakutsiz gure barreak – edo beste batzuenak – eragitea. Barre horrek ez diolako garatzaileari inongo etekin ekonomikorik uzten. Lagunok, mundu puta honetan, app garatzaile gehienek, etekin ekonomikoa nondik aterako den pentsatzen dute kode lerro bakarra idatzi orduko.

Aste bakarrean zaku bete selfie lortu dituen Face App-ak, mundu mailako profil desberdinak lortzeko aukera izan du: umeak, gazteak, helduak. Zuriak, beltzak, mestizoak. Emakumeak, gizonak. Bururatzen zait, big data teknikak aplikatuz, asko ikasi dezakeela aurpegi ezagutza hardwareak saltzen duen enpresa batek. Edo bere biztanleria zelatatu nahi duen gobernu totalitario – edo ez hain totalitario – batek.

Kasurik onenean zure telefonoan spywarea instalatzeko aukera handiak dituzu.

Baina ez da aplikazio hau etorkizunean arazoak sortu ditzakeen lehen aplikazioa. Hala balitz gaitz-erdi! Egiari zor, beldurra ematen didate eskumuturrean eramaten ditugun kirol monitore horiek. Guraso batzuek beraien seme-alabak non dauden jakiteko erabiltzen dituzten GPS jarraipen sistemek. Irensten ditugun kalorien zenbaketa egiten duten aplikazioek. Beraien etxeetan lagun batzuek jartzen hasi diren bozgorailu adimendunek… eta luze jarraitu nezake.

Beldurra ematen dit, laburbilduz, jendarte honek datuak modu hain arduragabean oparitzea. Kappitalismoaren erroak gure sukalderaino sartu izanak beldurtzen nau. Funtsean, zure selfie horrekin, nire aurpegiaren azterketa sakona egiteko aukera oparitu izana.