Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Treva Lindsey: Hip hop feminista bideoean azalduta
2016-07-13 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 13an kantu inprobisazioa eta genero ikuspegia landu dute.
Treva Lindseyk hip hopa eta feminismoa gaia aztertu du. Lehenik arte hori deskribatu du:
“Hip hopean ahots politikoa oso garrantzitsua da. Graffitiekin ere lotuta dago gure mugimendua. Artea mugimendua, ideia horri eusten diogu: gorputzaren mugimendua erabiltzen dugu ahotsari indarra emateko. Brake dance-a ere hip hoparekin uztartzen da.
DJa, raplaria, dantzari taldea, jendea atzealdean, eta saioa dokumentatzen eta erregistratzen ari dena. Horiek osatzen dute eszena.
Musika oso maskulinoa da eta espazioa ere bai. Dena egiten da ikuspegi maskulinotik abiatuta. Feministok gure ahotsak entzunarazi nahi ditugu”.
Ondoren, bideoz lagundu du azaldu duen ideia bakoitza.
Emakumea ere bada kultura honen parte
Aita-alabaren arteko borroka erakusten duen bideo honetan ikusten da aldatzen ari dela ideia, emakumea ez dela kultura horren parte.
Emakume gorputzaren mugak gaindituz
Auzitan jartzen ari dira zer uste den emakumeek bere gorputzarekin egin dezaketen. Neskatxek euren gorputza egiten dutenak grabitatea urratzen dute.
A cappela
Hemen dago hip hoparen eta bertsoaren arteko lotura, hitzak inprobisatu egiten baitira. Umorea erabiltzen dute. Ahotsak perkusio lana ere egiten du, a cappela performancea sortzen du, etxe giroan.
Emakume hip hoplarien bilgune bihurtu zen kontzertua
Emakumeen jaialdian hainbat emakume ezagunek parte hartu zuten eta ikusleek emakumezko MCak ikusi ahal izan zituzten. Emakumezko MCen errepaso bat ere egin zen amaierako kontzertuan. Hip hoparen erroekin oso lotua egon zen. Kontzertu hark ez zuen oihartzun handirik izan hedabideetan, baina mugarri garrantzitsua izan zen emakumezko hip hoparen historian: baziren emakumezko akademikoak, kontsumitzaileak, zinemagileak, graffitilariak… hip hoparen kultura konpartitzeko.
Protesta eta bake kantuen protagonista
Emakumeek bake kantuak abesten dituzte poliziaren indarkeria salatzeko.
Protesta ekitaldietan, bereziki beltzen edo emakumezko latinoen artean, ikusten dugu emakumezkoak ere nola parte hartzen ari diren. Jatorrizko hitzak zioen “ez naute belaunikatuko”, baina kantu hau egokitu dute “poliziak ez nau belaunikatu araziko”, ikusten da inprobisazioa nola erabiltzen den. Erresuma Batuan ere lehendik erabilitako kantuak egoera berrira egokitzen ari dira.
Gaur egungo protesten lehen lerroan emakumeak ikusten dira, ahotsa darabiltenak. “Freedom” leloa errepikatzen da, eta narratiba egokitzen doa. Bertan azaltzen da nola norbaitek inbaditzen duen abeslarien espazioa. Teknika hau asko erabiltzen da protestetan, eta oso ongi adierazten du nola nahi duten emakumeek askatasuna defendatu. Egungo tentsioak emakume ahotsez ikusarazten dira, poliziaren aurkako tentsioa emakume ahotsak gorpuzten du.
Hildakoen izenak aipatzen ditu, eta lekuan lekura egokitzen du kantua, leku bakoitzeko hildakoak aipatuz. Protesta ekintza da kantu hau. Hip hop feministak espazioa ematen dio bizitza galerari, oso modu indartsuan. Gogoratu behar dira hil dituzten pertsona horiek eta publikoa inplikatu egiten da oso modu argian, erlazio magikoa gertatzen da publikoaren eta eszenategi gainean daudenen artean. Honek erakusten du nola den hip hopa mugimendu politikoa, ezusteetarako aukera sortzaileak ematen dituena.
Egungo egoera
Baditugu emakume erreferentzialak. Egun inongo zalantzarik gabe emakumeak ditugu hip hop inprobisatzaile onenen artean. Rapeko gudu horietan parte hartzen dute, oso onak dira inprobisatzen.
Elizabeth Tolbert: Kareliako emakumeen negarraren indarra
2016-07-13 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 13an kantu inprobisazioa eta genero ikuspegia landu dute.
Elizabeth Tolbertek negarlarien ohitura oso bitxi bat azaldu du, Euskal Herriko plañiderak edo negarlariak gogora ekar diezazkigukeenak:
“Karelia-ko (Finlandia eta Errusia artean) Itkuvirsi kantuak emakume zaharrenak direla uste izaten da, eta ezkontzetan kantatzen da, ezkontzen den emakumea bere familiarentzat hiltzen delako eta parte izatera doan familian jaiotzen delako. Emozioen adierazpen performatiboa da. Emakumeak elkartzen dira, elkarrekin negar egiten dute. Ez dago publikorik, jende guztiak parte hartzen duelako. Ikertzeko bertan egon behar duzu, lotura emozionala izan”.
“Umeek jaiotzen direnean duten negar egiteko ahotsaren antzekoa jartzen dute, pertsona izatea da gakoa. Hitzek indarra dute negarka esaten direlako, sentitzen direlako, testuinguru triste horrek ematen die hitzei indarra, ez hitz direlako”.
“Hasieran ikuspegi neutroz inguratu nintzen aztertzera: ekintza pertsonala eta soziala da aldi berean. Emakumeari dagokio inguru guztiari negar eginarazteko lana. Dena inprobistatzen da: testua, melodia, hizkera karelieran. Bigarren mundu gerran Finlandiara errefuxiatu etorritakoek galdu zuten euren ingurune naturala, eta Finlandiak bereganatu egin zuen Kareliako adierazpen hau, eta egokitu, denentzat erakargarri izan dadin. Beren eremu naturala galdu dute, orain elizan kantatzen dute. Ez da errituala galdu, eraldatu egin da. Egun badago talde feminista bat aiene hauek abesten dituena, ez erritual gisa, baizik, euren identitate feminista adierazteko modu gisa”.
“Hileten moduko errituala da, sauna batean hiru egunez egiten dena, bai ezkontzera doan emakumearen kasuan, bai gerrara doan gizonezkoaren kasuan. emakumeak hasten dira aieneka, eta hitz hauen bidez bizitzatik hildakoen mundura pasatzen dira arimak, eta beste mundutik ere ekartzen dituzte mezuak bizidunengana. Esaterako, behin emakume bat negarrez ari zen hildako umeagatik, eta beste emakume batek esan zion uzteko negar egiteari, beste munduan ikusi zuela bere umea perla bihurtutako amaren malkoak biltzen, eta umea sufritzen ari zela negar egiten bazuen. Beste mundua iragana ere bada, beraz, garaien arteko zubia da”.
“Ongi sekuentziatutako errituala da, esaterako, emakumeek aieneka galdetzen dute nork egingo duen hil-kutxa, eta hil-kutxa egingo dutenak zuhaitza besarkatzera doaz, negar egitera, egur horrekin egingo dutelako hil-kutxa… Negar hori errepresentatzio bat da, negarraren naturalizazio edo aktuazio bat da, denek jokatzen dute benetakoa bailitzan”.
Hizkuntza sekretua
Ez da gramatika zehatzik erabiltzen, aliterazio asko erabiltzen da, testu enmaskaratua da, oso zaila ulertzeko, bestela hildakoek erraz ulertuko lukete eta ezpiritu gaiztoak etor litezke kalte egitera. “Nire lore polita” (amaz ari da) edo “nire artzatxoa” (aita litzateke). Itzulpen librea da, hizkuntza sekretua delako. Dio: “Nire eguzki lore, galdetzen dut nola bizi izan zenituen negar eta tristura egun haiek, hau nahigabea, ezin izan zenuelako aitak egindakoa gozatu, ezin dugu Karelia gehiago gozatu, bideak ezezagunen esku dagoelako… Saiatu zaitez egoera berrian bizitzen (ezkontzera doan emakumeari zuzendua”.
Musika ere hitzaren kontra doa, hizketan azentua hitzaren hasieran badoa, musikan disoziazioa egiten da eta bukaeran azentua egin.
Alina Repo, aienelari eta txamana
Bideoan ikus daitekeen erritualak 3 egun iraungo lituzke. Hildako bere amarekin hitz egin nahi duenean, txoko batera joan, aiene bat egin eta kontaktua izaten duela kontatu zidan Alina Repok.
Interpretazioa
Antzezpena da, oinaze emozionala somatizatu egiten da, ematen du gorputzaren zati dela. Bere hasperenak, negarra, ozendu egiten du. Negarra ez da pertsonala, soziala da, esan nahi du: gu gizatalde bat gara, elkarrekin gaude.
Soinua erabiltzeko teknikek zubiak eraikitzen ditu mundu ezberdinen artean: ikusezina, hildakoen mundua…
Zergatik diren emakumeak aienelariak? Batzuek diote emakumeak direla mundura ekartzen gaituztenak eta beraz eurei dagokiela agurtzea ere.
Jone Miren Hernandez: Zer gertatzen da bertsolaria emakumea denean?
2016-07-13 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 13an kantu inprobisazioa eta genero ikuspegia landu dute.
Jone Miren Hernandezek “Bertsoa bizitoki, hitzaren arkitekturak eta generoaren hertsadurak” hitzaldia eman du. “2008an hurbildu nintzen Mintzolara eta hor jarri nuen martxan ikerketa. Bertsolarien giroa kutsakorra da eta urte hauetan saiatu naiz nire ahotsa aurkitzen eta nire begirada. Nondik begiratu bertsoari? Ertz asko ditu eta ikerketa arlo desberdinak. Duela urte bat edo bi definitu nuen begirada hori, markoa. Genero sistemak bertsolaritzan duen eragina aztertzea izan dut helburu”.
“Nire sentsazioak, bizipenak, oso garrantzitsuak izan dira, konturatu naizelako bertso saioetan eta nik sentitzen nuena ez zetorrela bat literaturan topatzen nuenarekin. Ez ziren nahiko tresna ulertzeko nire bizipenei. Horregatik eman diet garrantzia nire sentsazioei, akuilu izan ditudalako. Saiatu naiz sentsazio horiek partekatzen eta beste pertsona batzuenak jasotzen. Edozein bertso saiotan oso presente daude bizipenak, baina gehienetan anegdota gisa geratzen dira. Saiatu naiz ulertzen zer gertatzen den material emozional horrekin. Bertsoarekin batera doa material emozional hori, baina zaila da harrapatzeko, ezkutuan geratzen da. Bertsoak bizitza bikoitza du: batetik dugu testua, edukia, neurriak, doinuak… hori oso dokumentatuta dago. Baina bertsoak badu beste bizitza bat, batzuetan bertsoaren aurretik eta beste batzuetan bertsoaren atzetik sortzen da. Badago hor beste zerbait bueltaka, momentuan gertatzen dena eta geratzen dena. Bertsoaren bigarren bizitza hori da interesatzen zaidana, hitzetik aparteko bizitza. Hor saiatu naiz kokatzen nire lana. Balioa ematen diot, hor dagoelako bertsoaren indar berezi bat, ikertu beharrekoa”.
Markoa: Bertsoaren material emozionala
“Hiruki bat irudikatzen dut: bertsolaria, bertsoa, publikoa. Saiatzen ari naiz euren arteko harremana arakatzen. Ez dugu material askorik, ez dago bertso askorik deskribatzen duenik zer sentitzen duen bertsolari batek bertsoak kantatzerakoan (Mikel Mendizabalek 1991n kantatutakoak dira gutxi horietako batzuek). Ez dira hitzak, arrazoiak, burua bakarrik, badira beste lan emozional batzuek eta gorputz lanak, bertsolariak egin behar dituenak”.
“Badira dikotomikoak diruditen ideiak, baina praktikan ez direnak: afektuak eta arrazoiak, bihotza eta burua, norbanakoa eta taldea, subjektua eta mundua, pertsona eta testuingurua. Bertsoa ulertzeko apurtu behar ditugu dikotomia horiek, bertsoak mugak eta ormak apurtzen dituelako eta tentsioak azalaratzen dituelako. Kontrako elementuak baino, tentsioan dauden elementuak dira bihotza eta burua, norbanakoa eta taldea…”.
“Bertsoak boterea du. Hitzek badute gaitasun bat gauzak egiteko (Zulaikaren tesia asko aztertu dut, bertako ideia da hau). Hitzak boterea hartzen du gai denean gizarte binkulo edo lotura ordezkatzeko. Bertsolariaren papera da bertsoaren indar hori kudeatzea. Horretarako bi tresna ditu: hizkuntza trebezia eta pertzepzioa. Bertsolariak dira pertzibitzeko bereziki trebatuak diren pertsonak. Egoerak, harremanak, pertzibitzea trebakuntza bat da, agian bertso eskoletan lantzen dena baina ezkutuan geratzen dena. Material emozional horrekin eta hitzaren bitartez, bertsolariak errealitatea eraldatzen saiatzen dira. Uste dut hori oso presente dagoela bertsolarien helburuetan: hitza ekintza bezala, ekintza eraldatzaile gisa
Adibide moduan, Xalbadorrek txistu jo ziotenean egin zuen kudeaketa lan bat. Egoera pertzibitu, material emozionalarekin kudeaketa lana egin zuen, eraldatzailea”.
Emakumeak bertsolari
“80ko hamarkadan egin ziren ikusgai bertsolaritzan, nahiz eta beti aritu diren bertsolaritzan. 80ko hamarkadan hasten dira haien izenak ezagutzen, eta 90eko hamarkadan hasten dira aztergai izaten (1995eko Bertsolari aldizkariaren 17. zenbakia horren adibide).
Geroztik gauza asko egin dira: diagnostiko, hausnarketa… Egin diren lanetan, lerro nagusi hauek aurkitu ditut:
– Historiako emakumeak aztertu dira, biografiak…
– Transmisioa eta genero rolen erreprodukzioa aztertu da
– Emakume eta gizon bertsolarien ibilbidean ematen diren ezberdintasunak
– Oholtza gainean ematen diren inertziak, jokaerak…
– Publikoaren eta gizartearen aldetik emandako erantzunak…
Denetan dago elementu komun bat: aztertzen dutela genero sistemak, gizartean generoarekin lotutako elementuak nola islatu diren bertsolaritzan. Traslazio bat.
Garaia da bide berriak irekitzeko. Horretarako abiapuntu hartu dut Carmen Larragañak 1994an egindako Bertsolarismo: habitat de la masculinidad eta John Bergerren 1972ko Ways os seeing. Larrañagaren ekarpena da ez diola begiratzen gizarteari, baizik bertsoaren barrutik saiatzen dela ulertzen zer gertatzen den. Eta Bergerren lana klabea da publikoa ulertzeko.
Bertsoa abiapuntu jarrita, ikerlerro hauek aurkitu ditut:
Bertsoa, marko komunikatibo gisa (Zulaikaren lana erabili dut): bertsoak sortzen du eremu berezi bat, beste marko komunikatibo bat, normalean gertatzen ez diren gauzak gertatzen direnak. Zergatik den ezohikoa? Normalean esaten ez direnak esaten direlako: batzuetan oso jakintzat ditugun gauzak ez ditugu egunerokoan esaten. Eta berezia da, bertsolariak aukera duelako komunitateari hitz egiteko eta komunitatearen izenean hitz egiteko (“herriaren ahotsa” izateko). Bertsolaria kudeatzaile da hemen. Zer gertatzen da marko komunikatibo horretan emakumeak daudenean? emakumeak begiratuak izateko eta begira egoteko direla sozializatuak, eta ez euren begiradaren jabe izateko. Hori arazo da kudeatzaile izateko. Emakumeak sartu dira espazio maskulinizatu batean. Bere presentziak espazioa feminizatu egiten du eta gutxietsi egiten du. Zergatik ezin du eremu komunikatibo ezohiko horrek emakume/gizon dikotomia ezabatu? Posible da bertsotan bizikleta eta behi izatea, baina generoari buruzko gauza batzuek gainditzea ez. Zergatik?
Bertsoa eta talde identitatea. Zulaikaren ustez, pertsona eta hitza batera doa euskal kulturan. Arrazoiak, irudiak dira eta horiek josteko elipsia erabiltzen du bertsolariak. Bertsolaria jostuna da, eta elipsiak kudeatu behar ditu (jakinak diren kontu horiek). Zer gertatzen da kudeatzailea emakumea denean? Gure kulturan hitza gizonari lotuta dago, eta emakumeen hitza beste ideia batzuei lotua da: ez da zehatza, ez dago ekintzekin lotua… John Foleyk esaten digu ahozkotasunean publikoak aktiboa izan behar duela, bete behar dituelako elipsi edo hutsuneak. Publikoak zer du hutsune horiek betetzeko? tradizioa. Horrela ulertu dezakegu zergatik ez diren gauza batzuek gertatzen bertsotan: publikoa da batzuetan traba, jokatzen dugulako elipsiekin, eta elipsiak betetzeko tradizioa behar dugu, eta gure tradizioan emakumeak ez du hitzik izan. Emakume bertsolaria sortzen diren deserosotasunen kudeatzaile da.
Bertsoa (hitza) ikur moduan, gizarte lotura moduan. Bertsoa hitzen trukea da. Hitzak boterea lortzeko, lortu behar du publikoaren kontsentsua edo adostasuna. Zer gertatzen da genero ikuspegia azaleratzen denean? zer gertatzen da partekatuak ez diren emozio edo nahiak mahai-gainean jartzen direnean?
Huastecak, neska gazteek maisu zaharrari tailerrean ikasia
2016-07-12 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Rebeca Limón, Dana Sofua Limón eta Diana Laura.
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 12an Transmisioa izan da gai ardatza.
Rebeca Limón, Dana Sofua Limón eta Diana Laura Hernández Huasteca herrikoak dira, Mexikon. Euren gaztetasuna nabarmendu dute umore handiz, “15-18 urte artekoak gara, arraro sentitzen gara zuen aurrean, gazteenak gara-eta”. Hiriko neska gazteak huapangoa jotzea, horra tailerrek ekarri dutena. Tailer haien berezitasuna, euren kasuan behintzat, bersadore zahar batek (eskolatu gabeak) zuzenean bere bizipenak irakatsi dizkiela.
Euren herriaren azalpenak eman dituzte, eta arroparenak: “Han ohikoa da jendea arropa honekin janztea. Buruko honen neurria, komunitate barruan familiak duen estatusaren araberakoa da. Arropa honetan brodatzaileek euren ametsak brodatzen dituzte, beraz, egilea bakarrik da interpretatzeko gai. Baina denek dute lore huasteca, lau puntu kardinalak eta espiritualtasuna azaltzen dutenak”.
Huapangoa
“Huapango musika nahualt hizkuntzatik eratorritako hitza da, eta oholtza gaina esan nahi du. Uste da XVIII. mendean iritsi zela Mexikora. Musika indigena eta flamenkoaren arteko nahasketa da. Normalean jendeak dantzatu egiten da, zapateatu. Esaten da bere eremu naturala festak direla, bakoitza zoriontsu sentitzen den ospakizunean, jaiotza, ezkontzan… Huapangoek hitz eta musika finkoak dituzte, eta bakoitzak bere erara ematen du. Son huasteco-a, berriz, propio sortutako bertsoak eta hauen artean inprobisatzen diren bertsoak dira. Inprobisadoreak oso gutxi dira, gehiago dira bersadoreak, bertsoak orri batean idatzi eta oholtzara igotzen direnak egin berri dutena kantatzera”.
Hemen jo duten “nekazariaren huapangoa”:
Jarraian norbaiten hutsuneari son huasteco-a kantatu diote:
Transmisioa
“Belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, baina gu hirikoak gara eta gure gurasoek ez zuten musika hau ezagutzen. Kasualitatez, ezagutu genuen gure irakaslea, umeei nola irakasten zien, eta asko gustatu zitzaigun. Eskolatu gabea da, baina oso jakintsua, bizitzaz asko dakielako. Eta gure kulturarekiko maitasuna helarazi zigun. Entsegu bakoitzean kontatzen zigun bere esperientziaren bat, esaterako, bere garaian oinez bide luzea egin behar izaten zuela eta horregatik saiatzen zela joandako lekuan ahalik gehien ikasten. Besteek ez zuten irakasten, asko kosta zitzaielako ikastea ‘niri kosta bazait zuri ere kostako zaizu!’ pentsatzen zuten. Ez digu teknikarik erakutsi ‘jarri hatza hemen, jarri hatza han’ eta soinu ona ateratzen duen arte.
Gazte askok huapangoa jotzen dugu, baina trobatu, inprobisatu, oso arraroa da ikustea. Inprobisadoreak zaharrak dira eta hiltzen ari dira. Horretaz jabetuta, tailerrak ireki dituzte, eta guk ere hor ikasi dugu. Gizonena zen huapangoa, emakumeek dantza egiten zuten oholtzapean. Tailerrek hori aldatu dute, orain emakumeen ahotsa ere entzuten da, eta egun tailerretan emakume gehiago dago mutilak baino.
Kubako repentisten transmisioa: aitona mitikoaren (ustekabeko) biloba eta tailerrak
2016-07-12 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Europa bat-batean jardunaldien barruan, uztailaren 12an Transmisioa izan da gai ardatza.
Rizo Maldonado ospetsuaren biloba Yunet López, bera ere repentista.
Patricia Tápanesek Kubako puntua transmititzeko modua azaldu du: “Puntu kubatarra belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, etxean. Tailerrak ere badaude, eta hauetan Alexis Díaz Pimientak egindako metodo formala ematen da”. Ondoren Junét aurkeztu du, transmisioaren bilakaeraren adibide izan daitekeena: “leinu mitiko batetik dator: 40ko hamarkadan repentismo kubatarraren urrezko aroa bizi izan genuen, ordukoak dira repentista ezagun asko, tartean Rigoberto Rizo Maldonado, bere aitona. Yunetek etxetik jaso zuen repentismoa, eta umetan ikasi zuen baita ere bere herriko eskolan, eta egun bera irakasle da”.
Yunet López bere historia kontatu du, umore handiz: “Gure etxean lauda instrumentua entzutea oso berezia zen, aitona repentista baitzen. Aitonaren bidez, inprobisatzaile handiak gure etxean ezagutu nituen. Baina inork ez zekien nik inprobisatu nezakeenik, eta oso berandu jakin zuten. Zergatik? bada emakumea nintzelako. Gure etxeko arreta guztia zentratuta zegoen nire lehengusuan: mutikoak 10 urte bete zituenerako egin zioten bere dezima, ikasi zezan… Behin, gure ikastetxean egin zuten kaptazio bat errepentismoa ikasteko baina ni ez nintzen joan, nahiago izan nuen film bat ikusten geratzea. Gelara itzuli nintzenean nik ere dezima egin nuen, niri inork ez zidan erakutsi behar zerk zerekin errimatu behar zuen, barruan barneratuta neraman.
Hazten joan ahala, gure lehengusua musikari bihurtu da eta inprobisatzaile ni. Aitonarekin behin bakarrik kantatu nuen: repentismo tailerrean nabil irakasle, eta ikasturte bukaerako nire oparia izan zen ikasle bakoitzarekin gure etxean dezima bat kantatzea, eta bukaeran aitonak esan zuen berak ere kantatuko zuela”. Bideo honetan kontatu digu aitonak urtebetetzero dezima idazten ziola, eta 14 urterekin berak erantzun egin ziola beste dezima bat jarriz:
Tailerrak ireki zion zirrikitua berari inprobisazioan barneratzeko, eta berari bezala beste ume askori: “Gure aurrekoetan, ume asko hazi ziren inprobisatzaile helduekin batera kantatzen. Gure garaian inprobisatzaile eskolak asko lagundu zigun, ehunka umeren artean jardun ginelako kantuan”.
Egun, bera irakasle den tailerrean 15 ume daude “13 neska eta 2 mutil, baina ondoren jauzia eman behar denean gauzak aldatu egiten dira”. Euren helburua ez da denak inprobisatzaile ateratzea: “Hori ezin da. Bakoitza jaiotzen da bere doiarekin, eta tailerrak garatzen laguntzen du. Atera daitezke inprobisatzaile, edo dezima idazle, edo kantari”.
Publikotik galdetu du ea hedabideetan zer presentzia duen puntu kubatarrak: Batetik azaldu dute irratian gehien entzuten den saioetako batean ematen dela. Eta bestetik, oso zabaldua dela emanaldiak grabatu eta saltzen dituzten euskarri “piratak”. Honen aurrean babesgabe daudela inprobisatzaileak, euren obra ustiatzeko garaian, baina bestalde hedatzeko modu oso on bat dela, badituela bere alde on eta txarrak.
Gipuzkoa Zutik: izan den bidaiaz Fernandez Savaterrekin hausnarrean
2016-07-04 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Uztailak 1, ostirala, Donostiako Bulebarra. Amador Fernandez Savater bigarrenez bildu da Gipuzkoa Zutikeko kideekin, azken asteetako bilakaeraz informatzeko eta M15eko esperientzien elkartrukea egiteko. Fase aldaketaz aritu dira, eta denborarekin gertatutakoen balorazioak eta interpretazioak gehitzen doaz.
Gipuzkoa Plaza eta Bulebarraren arteko aldea
Lehen aldiz Gipuzkoa Zutiken egon zenetik gaur arte gertatu zena azaltzeko eskatu du Fernandez Savaterrek. Hauek, atera diren ideiak: “Gipuzkoa Plazatik bota gintuzten lehen aldian, arratsaldean, manifestazio jendetsua egin zen eta lortu genuen berriz plazara itzultzea. Koloretako oihala aurretik hartuta Ertzaintzaren parera iritsi ginenean, ikusi genuen parkeko sarrera libre zegoela. Zera entzun nien ertzainei ‘parkera joan nahi badute bale, guri eskatu digute eraikina zaintzeko’. Euren beldurra zen erakundea hartzea”.
“Gipuzkoa Plazan lo egitea zen boterearentzat arazo. Ez zuten nahi akanpatzea, baina pankartak jartzen uzten ziguten. Bulebarrean alderantziz: egon bai, baina pankartarik ez. Zuhaitzetan gelditutako zelo puskak ere kentzera behartu gintuzten!”
“Bulebarreko eta Gipuzkoa Plazako baldintzak oso ezberdinak dira: Bulebarrean hiriaren gordina bizi genuen, gaua pasatzea zaila zen… gainera Gipuzkoa Plazak sinbolismo extra zuen, asmatu bagenuen irauten…”.
“‘Ura gara’ filosofia horrekin asko irabazi genuen, baina sinbolikoki galdu ere bai, Gipuzkoa Plaza”.
Fase aldaketa
“Hirugarren desalojotik aurrera ez genuen jakin egoerari buelta ematen. Noski, gure eta agintarien arteko indar desoreka itzela da, eta hor gehiago antzeman genuen desgastea. Gero eta jende gutxiago ginen, bidaltzera etortzen ziren unean 8 lagun zeuden plazan, beraz, kanpora begira ematen zen irudia beste bat zen”.
“Hustuz gindoazen fase horretan ere gauza originalak egin ziren: akanpada ibiltaria auzoz auzo mugituz, Urgullera igo… 19:00etan jende asko biltzen zen asanbladan baina lotan jende gutxi geratzen zen”.
“‘Ura gara, gure borroka ez da leku fisiko bat, ideia bat da’ diskurtsoak kalatu du, baita herrietan ere. Orduan hiriko mugimendua husten joan ahala, herrietakoa hasi zen pizten. Herrietakoak orain jarraitzen du, fase horretan gaude”.
Beste kide batek gehitu du akanpada noiz bukatutzat eman herrietako mugimendua kontuan hartuz erabaki zela: “Esan genuen, iraungo dugu beste hiru egun, horrela Zubietako asteburura iritsiko gara eta ostiralean herrietakoak asanbladara etorriko dira… akanpadak epika hori elikatzen zuen”.
Amador Fernandez Savaterrek lorpenean jarri du arreta: “Horixe du ona, ezta? Hemen ez dela bukatu, herrietara pasa dela. Gainera, gauza batzuk ez irauteko daude eginda! Baina epe laburrean iraun izanagatik, luzera sekulako eragina dute, energiak beste forma batzuk hartzen dituelako”.
Asanbladako operatibitateaz, diskurtso politiko gutxiaz eta inklusibitateaz
Antolamenduaren ezaugarri batzuk hauek izan dira: lantaldeak sortu direla unean uneko beharren arabera, eta ez zirela lantalde finkoak, sortu bezala desagertzen zirela. Ezaugarri horrek, beste guztiek bezala, bere alde indartsu eta ahulak ditu, eta batzuek negatibo ikusten duten bezala beste batzuek justu bertutetzat dute.
Gauza bera asanbladetan landu diren gaiekin: batzuek debate politikoa bota dute faltan. Hala dio kide batek: “Zer dugu komunean eta zer ez, nondik eraikitzen dugu laguntasuna? Hori falta bada zerotik hasitako espazioan, aurretik militantea den jendeak jakintzat ematen ditu hainbat gauza, eman behar ez dituenak”.
Beste kide batek horren zergatiaz gogoeta egin du: “Egoerak asko baldintzatu gintuen: bizi-behar etengabekoan bizi ginen. Eguneroko beharra zen erantzutea ‘poliziak etortzen badira zer egingo dugu?'”. Akanpada formatuak espazio informalak sortzen zituela gehitu du, eta espazio horiek egokiago egin zaizkiola justu zeharkatzen gaituzten gaiez hitz egiteko: “Asanblada handietan diskurtso politikoak egingo ez ditugunei aukera ematen digu lasai hitz egiteko”.
Beste kide batek zehaztu duenez, “lehenetariko asanbladan bai egin zen gaien lanketa hori. Erraustegia sinboloa da, baina atzean zer gai dauden aztertu genituen (antikapitalismoa, ekologia…). Hor bihurtu zen koloretako karpa sinbolo. Baina hortik aurrera ez ginen gaika bildu, eta gehiago landu behar genuen, ‘ni hemen nago zeren…’. Horrek eragin du ezin genuela diskurtso konpartitu bat komunikatu. Horregatik, komunikazioa mugatu da gure buruaz komunikatzera. Eta hitzen eta kontsentsuen ehiztari lana egin du komunikazio taldeak”. Asanblada “hiper efizientea” izan dela azaldu du umorez, “esan, erabaki eta egin egiten genuen!”.
Beste kide batek baloratu du gaiak praktikatik landu direla, asanbladako diskurtsoetatik baino. Justu horretan egin dela ahalegina: “Egoeraren azalpena egingo duen diskurtso feminista garatua eta sozializatua dago, hein batean. Berdin ekonomia sozial eraldatzailetik azaltzen duena. Edo ekologismoaren ikuspegitik… hori guztia landua duen jendearen ahalegina izan da jada ezagutzen dugun diskurtso eta hitzak errepikatu beharrean, egiteko modu komun batean indarrak jartzea. Eraso sexista baten aurrean manifestu bat asanbladan adostea oso erraza egingo zitzaigun, baina gure barruan gertatu denean, gaia jada gure arteko harremanak dira, eta hori lantzea da gakoa. Berdin beste gaiekin, gauza bat da alderdi politikoen erakundetzea kritikatuz diskurtsoak egitea, eta bestea aztertzea ea gu gure barnean egiturak sortzen ari garen, eta nola egin behar dugun horretan ez erortzeko”.
Amador Fernandez Savaterrek iradoki du oso baliagarria izan daitekeela mailak biderkatzea: “Ongi etor daiteke hitza hartzeko espazio bat baina inora joan beharrik ez duena, kontzeptu komunak sortzen dituena, integratu egiten duena jendea… operatiboa ez dena. Nire ustez, hitzaren maila eta antolaketakoa ez du plano berean egon behar”. Gipuzkoa Zutiken asanblada “erabat” operatiboa izan bada, M15en alderantzizkoa gertatu zela azaldu du: “Delirioa zen gure ametsa, hitza hartzeko foro horretan erabakiak hartzea: erabakiak benetan lantaldetan hartzen ziren (sukaldean…). Asanbladaren funtzioa zen subidoi momentuak bizitzea, teatralizazioa…”.
Mailak biderkatzeak parte-hartzea zabaltzen duela ere azpimarratu du, oratoria gaitasunek ere botere harremanak sortzen dituztela: “Eduki hutsez mintzo garenean, diskurtso landua duenak irabazten du. Nola egin gune horiek demokratiko, hain maila jasoan mintzo ez direnak, hitza hartzeko zailtasunak dituztenak ere parte hartu dezaten? Mailak biderkatzeak laguntzen du horretan. Sol plazak zuen parte-hartzea bultzatzeko gaitasuna ez zen hainbeste asanbladan hitza hartzeko aukera egotea, baizik, plazak aktibatzen zituela bakoitzaren gaitasunak, eta politizatu egiten zuela bakoitzak egiten dakien hori. Formatu inklusiboa da gauza desberdinei leku ematen diena. Hitza hartzea bakarrik bada, gaizki goaz. Sukaldean dakienak sukaldean egiten du, haurrak zaintzea gustuko duenak zaintza zerbitzua ematen du…”.
Zer egiten dugu militanteekin? Oparitu bidaia bat zure buruari
“Praktika militantea presente egon da, eta bukaeran horiek geratu dira” bota du analisia kide batek. Beste kide batek baloratu du nabaritu duela “praktika militanteko jendeak ahalegina egin duela, aukera ikusi duenean, atzera pauso bat emateko. Eta gauzak larri jartzen zirela ikusi duenean, berriz pauso bat aurrera eman dute”.
Hirugarrenak gehitu du jende militante askoren atzera egiteko modua izan dela ez parte hartzea, plazara agertu ere ez egitea: “‘Utziko diet hurrengo belaunaldiei egiten’… esan dute. Nire ustez, pena da, zeren militante horiek birpolitizatzeko aukera galdu dute. Esperientzia honek bakoitzari ere ematen dio, ez da bakoitzak besteei aportatzen diela bakarrik. Agian, lehen esan bezala, beste debate espazio batzuk sortu bagenitu, jende militante hori joango zen, debateetan parte hartzera”.
Fernandez Savaterrek azaldu du M15en ere militanteei buruzko eztabaida eman zela: “Sol plazan militante asko geunden. Debatea piztu zen atzera egin behar al zuen. Bazirudien horien egoteko modu bakarra isilik egotea zela. Eta benetan irtenbide txarra zen, ez aportatzea. Hori da gakoa: nola egin ekarpena, dirigitu gabe? Hor dago artea, proiektu komunari aportatzea, baina horrek ekarri gabe ‘eta orain egiten da nik esaten dudana’. Lagun batek eta biok arau hau jarri genien geure buruei: ekarpena egingo dugu erabiltzen diren hitzekin, eta kezka edo behar bat dagoela ikusten dugun lekuetan. Lehenik entzutea da gakoa, eta bakoitzak ezagutza ezberdinak izan arren, bidaia berean goazela ulertzea. Horrela sortzen da berdintasuna eta berdintasun harremana da beharrezkoa”.
Hemengo militante batzuek propio ez agertu izanaz penatua dagoenak gehitu du: “Madriden baditut era guztietako lagun militanteak, eta alde handia dago sol plazatik pasa ziren militanteen eta pasa ez zirenen artean. Gauza bat da Zarako lan baldintzez teorizatzea, eta bestea Zarako langilearekin elkarbizitza partekatzea. Opresioaren esperientzia bizi dutenekin bildu eta eurei entzutea oinarrizkoa da zapalkuntzaz aritzeko”.
Fernandez Savaterrek bidaia hori opari bat dela nabarmendu du: “Bakoitzarentzat aukera bat da, transformatzen zara, eta kanpotik datorrenak nabaritu egiten du. Ikusiko dugu kapitalismoa garaituko dugun, baina horrelako opariak gutxi ditugu bizitzan!”.
Poliziarengandik urrundu, jendearengana hurbildu
Fernandez Savaterrek hala ikusten du: “Nire inpresioa da espazio politiko berri bat sortzen ari zaretela, hitz egiteko modu desberdinarekin, jende desberdina bilduz… horrek badu zerikusia jende berria sartzearekin”. Jarraian bota du galdera: “Lehen esan duzue, azken egunetan jaisten joan zela jende berri kopurua. Zergatik?”.
Poliziarekiko beldurra gakoa izan zela bota du batek. Jende asko zuela inguruan oso aldekoa, era batera edo bestera laguntzen zuena, baina parte hartzeko urratsa (eta batez ere, umeekin joatea) ez zuela eman “polizia etortzen bada…” beldurragatik. Eguna bertan pasa duenak badakiela une horiek oso puntualak izan direla, baina etxetik ikusten duenak perzibitzen duela etengabeko bataila balitz moduan.
Beste kide batek autokritika egin du: “Poliziarena ados, baina nola erreakzionatu dugu poliziaren aurrean? Tematu ginen erresistentzia plazan geratzea zela. Plazan bi astez lo egiten geratu daitekeena jende jakin bat da, formatuak mugatu gintuen: beste pertsona batzuk bere kargu dituenak ezin du, lanordu luzeak dituenak ere ez… Pentsatu genuen bataila poliziarekin zela eta ikusgarritasuna zela lortu beharrekoa. Aldiz, pertzepzio soziala zen gu norbaitekin enfrentamenduan, eta hori ez da hain erakargarria. Oso zaila da bideratzen konbatea gu eta erakundeen arteko enfrentamendutik, gu eta kaleko beste jendea biderkatzera. Horixe da gakoa: nola gehitu jende gehiago? Auzotara ere mugitu ginen, baina zergatik? Jende gehiago elkartzea espero genuelako edo poliziak Bulebarrean ez harrapatzeko?”.
Fernandez Savaterrek M15en bizipenak ekarri ditu: “Gure lema zen, urrundu poliziarengandik eta gerturatu jendearengana. Esaterako, liburu azokara ere joan ginen, Retiro parkean izanik ezin zutelako poliziek han sartu, eta hango jendearekin hitz egiteko”.
Iraultza txiki handiez
Kide batek hala aitortu du: “Lehen aldia da gehiago begiratu dudala barrura, zer aportatu didan egunerokoak, zer esperientziak izan ditudan ondokoarekin… gauza horietan gehiago begiratu dut helburu handi eta makro estrategietan baino. Militanteak gara lehendik eta bagenekien honek hasieratik ez duela erraustegia geldituko, baina bai ekarriko zuela oinarria lantzea. Eta gakoa izan da hori komunikatzea eta gizartean eragitea, detonante izatea beste herri mugimenduentzat. Honek lortu duen handiena, oinarria lantzeaz gain, ez da erraustegia gelditzea, baizik kontzientzia eragiten duela eta jendea berriz antolatzera daramala”.
Fernandez Savater: “Erraustegia ez du zuzenean geldituko, baina sortu dezake energia bat azkenean erraustegia gelditzea ekarri dezakeena”.
Beste kide batek bide horretan adierazi du iraultzen logika lineala dugula, eta iraultza prestatzea dela garrantzitsuena, iraultza prestatzen aritzea bera dela bere horretan iraultza, bidea dela gakoa “iraultza prestatzen duen iraultzak jada ez du iraultzarik behar, bera da benetako iraultza”. Iraultza ez dela inondik lineala, askoz kontu kaotikoagoa dela eta kaosa kudeatzea dela komeria.
Eta gehitu du konfrontazio eta protesta alternatiboak sortu dituela Gipuzkoa Zutikek: “Bazen garaia kalera ateratzeko alternatibak sortzera, konfrontazioa lantzera. Hemen ere sekulakoak gertatzen ari ziren baina bazirudien errealitatea hau zela eta kito, ezin zela ezer aldatu, hau da dagoena… Limite horiek puskatzea lortu dugu”
Fernandez Savaterrek erreferentzia bat oparitu digu: François Jullienen Conferencia sobre la eficacia, konparatzen duena estrategia nola pentsatzen duten txinatarrek eta nola mendebaldarrok: “Mendebaldean lehenik helburu bat jartzen dugu eta gero plana egin. Txinatarren joera da ez planik egitea, entzutea non dagoen energia olatua eta horra igotzea. Planak eragozten digu olatua entzutea, planari adi egon behar horretan. Txinatarrentzat gakoa da erabat sentikor egotea, zerk egiten duen indartsu olatua jabetzeko. Txinatarrentzat lorezaina da estratega ona: gaizki egingo duzu landarea gorantz tiratzen baduzu, abangoardia izanez. Militante ona da ingurua ureztatzen duena. Testuinguru on bat sortzen duena, prozesuari laguntzen diona, ez dirigitzen duena. Prozesua dela inportantea, hori jakitea da kontua”.
“Sol plaza desalojatu zuten. Polizia jarri zen kantoi denetan, eta plaza hutsik. Poliziak hiru egunez egon ziren plaza hutsari eusten. Eta laugarrenean aspertu ziren, eta itzuli ginen baina indirektoki”.
Herrietako Gipuzkoa Zutiken gakoetako bat: inklusibitatea
Gipuzkoa Zutiken Donostiako esperientzia sistematizatzearen garrantzia azpimarratu du kide batek, ongi ulertu dezagun denok zein izan diren gakoak eta muina, horrela, ondoren bakoitzak nahi duena erreproduzituko du, baina esperientziaz jabetuta, “eta ez ekintza konkretuak, anekdotak edo adibideak soltean hartuta. Maskarillak jantzita egiten diren ekintzak ederrak dira, baina oinarrian askoz gauza gehiago daude, Gipuzkoa Zutik ez da errausketaren kontrako talde bat”.
Dinamika honen oinarrietako bat izan den inklusibotasunera itzuli da eztabaida. Jende ezezaguna batu izana. Herrietan noraino da posible? Lehendik bakoitzak oso rol markatua ote du, iraganak-familiak-koadrilak motxila oso kargatua? Bestalde, herrietan ez al gaude eguneroko praktikan elkarrekin aritzera behartuak? Agian bailarako asanbladek laguntzen dute bakoitza libreago agertzen?
Kideetako batek Gernikako Astra espazio autogestionatuaren adibidea azaldu du: “Astra baino lehen herri zatitua zen Gernika, beste edozein herri bezala. Prozesu oso potentea izan zen jendea batzeko, jendea asanblada joan zedin ez berea ateratzera baizik denon artean sortzera… herrietan halako gai batek jende guztiari eragiten dio. Herrietan efektu biderkatzailea handiago da”.
Inklusioa gai gakoa izanik herrietan Gipuzkoa Zutik indartu dadin, Fernandez Savaterrek proposamena jaulki du: “Eta praktika onen bilduma bat egiten bada? Astrakoaren antzera? Ikasten badugu nola egiten den zentroan jartzeko elkartzen gaituen hori (bizitza…) eta ertzera bidaltzeko separatzen gaituena?”.
Nola egin Gipuzkoa Zutik deszentralizatua eta aldi berean elkartua? Fernandez Savaterrek azaldu du M15ek kezka hori izan zuela: “M15 auzoetara joan zenean, kezkatuta geunden nola egon batuta elkarrekin ez gaudenean. Sortu nahi genuen mugimendu bat deszentralizatua eta aldi berean birzentralizatzeko gai zena. Garrantzitsuak iruditzen zitzaizkigun elementu sinbolikoak, gauzek zirkulatu zezatela, ez dispertsatu edo atomizatzeko. Jendeak behar du batasunaren indarra ere, norberari indarra ematen dio jakiteak asko garela. M15 aterki bat zen, gure auzoan egon gintezkeen 10 lagun bilduta, baina zerbait handiaren parte ginen”.
Kide batek azaldu du koloretako paratxuta ari dela jokatzen elementu sinbolikoaren papera, herri askotan hori bera erabiltzen dela ikur gisa.
Zabaltzearen kontu honekin, galdera maliziatsu eta amesti bat aireratu da: “Beste leku batzuk, Bilbo adibidez, tentatzen hasi beharko genuke?”.
* Beste kideren batek gai hauei buruzko ikuspegia partekatu nahi badu, bidali eta oso pozik argitaratuko ditugu.
Fase aldaketaren asanbladaren kronika
2016-06-30 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Ekainaren 29an Bulebarrean bildu zen Gipuzkoa Zutik asanblada. Bertan landu ziren puntuak, herrietarako fase aldaketa ahalik emankorren egiteko norabidean joan ziren. Hona haietako batzuek:
Balioak elkarrekin lantzea, sistematizazio lantaldea eta Amador Fernandez Savaterrekin esperientzia trukea
Lantaldetan banatuta, 20 egunetik gora iraun zuen kanpaldiaren oinarriak aztertu zituzten. Aurreko asanblada batean egin zen baloraziotik, Gipuzkoa Zutiken hainbat balio zerrendatu ziren, eta balio horietako bakoitza nola jarri zen praktikan, zer ekintza edo moduren bidez gauzatu zen, galdera horri erantzutea izan zen ariketa. Zertarako? Balio hauek eta erreminta hauek publiko egin eta denen eskura egon dadin, esaterako, herrietan Gipuzkoa Zutik martxan jarri nahi dutenentzat baliabide bat gehiago izango delakoan.
Lanketa horrekin jarraitzeko prest agertu ziren hainbat kide eta horretarako sistematizazio lantaldea sortu zen: hurrengo asteartean, uztailaren 5ean, 17:00etan Easo plazan batzeko deialdi irekia egin zuten.
Egungo fasearen kontzientzia hartzen eta etorkizuneko aukerez hausnartzeko aukera ederra sortu zen asteazkeneko asanbladan: kasualitateak nahi izan zuen Amador Fernandez Savater bigarrenez parean tokatzea, eta ostiral honetarako, uztailak 1, esperientzia trukea egitea adostu zuten: goizeko 10:00etan Bulebarrean dago deitua hitzordu irekia. Aukera izango da, besteak beste, Fernandez Savaterri M15eko kanpaldiaren amaieraz eta horrek ekarri zuenaz galdetzeko, eta Gipuzkoa Zutik bete betean sartu den fase aldaketaz kolektiboan gogoeta egiteko.
Herrietarako jauzia, errealitate da jada. Uztailaren 1ean herrien asanblada
Gipuzkoako zer bailara eta herrietan sortu diren bertako asanbladak zerrendatu ziren. Sare sozialetan (Gipuzkoa Zutiken facebook eta twitterra ikusi besterik ez dago) islatzen ari da herri bakoitzaren lana.
Herrietako deialdi batzuek jakinarazi ziren Gipuzkoa Zutik asanbladan: esaterako, Oiartzunen asteburu honetan kanpaldia egingo dutela eta bertaratzeko gonbidapena; Azkoitian Aldundiaren Batzar Irekiak egingo direla eta bertaratzeko deia…
Donostia Zutik sortzeko beharra ere plazaratu zen, eta plazaratu ziren bilera asmoen arabera, badirudi martxan jartzeko urratsak emango direla.
Herrien asanblada ostiral honetan egingo da, uztailaren 1ean, 19:00etan. Gipuzkoa Plazan deitu zen herrien arteko aurreko asanbladan, baina azken aldiko erreferentzia Bulebarra bihurtu denez, bietako zeinetan elkartuko diren ikusgai dago.
Deialdiak publiko egitearen garrantzia
Herrietan antolatzen diren ekintzen berri denek izan dezaten, ahal dela beste herriei elkartasunez ekintza haietan parte hartzeko, eta aurrerantzean egingo diren lantaldeetan edozein herritarrek parte hartzeko aukera izan dezan, asanbladaren moderatzaileak behin eta berriz azpimarratu zuen deialdiak publiko egitearen garrantzia.
Horretarako, egingo diren ekintzak, asanbladak eta lantaldeen bilerak komunikazio lantaldeari jakinarazteko deia egin zuen (gipuzkoazutik@gmail.com), eta komunikazioak oihartzuna emango diela.
Gipuzkoa Zutikeko 5 lantalde martxan
Aipatutako komunikazio eta sistematizazio lantaldeez gain, beste hiru lantaldek udan aktibo mantentzea erabaki zuten (gogoratu deialdiak eta parte-hartzea irekia dela herritar ororentzat):
Diru iturrien lantaldea: etor daitezkeen isunen aurrean, erresistentzia kutxa prest izateaz arduratuko dena. Herri bakoitzak autonomiaz diru sarrerak lortu ahal izan ditzan, materiala (txapak, banderolak, pegatinak eta gainerakoak egiteko irudiak) interneten denen eskura jartzea erabaki zuten. Kontu korronte zenbakia ezagutzera emateko deia ere egin zuten: (Laborala) ES52 3035 0075 41 0750057088. Hurrengo bilera deialdia: uztailaren 12, 19:00etan Bulebarrean.
Ekintza zuzenak burutzeko lantaldea: udan asteroko martxari eustea erabaki zuten. Asteazken arratsaldero batuko dira Bulebarrean, aste batean ekintza prestatu eta hurrengoan burutzeko.
Iraileko kanpaldia prestatzeko lantaldea: iraila amaieran Gipuzkoa Zutik kanpaldia deituko dela erabaki zuten. Herri denetan biltzen ari direnen arteko topaleku izatea dute asmo. (Hurrengo bilera deialdiaren berri dugunean egingo dugu hemen publiko).
Udan bi Gipuzkoa Zutik asanblada
Herri bakoitzak bere lan martxa eramango duela eta Gipuzkoa Zutikeko 5 lantalde hauetako bakoitzak bere lan martxa eramango duela esan zen asanbladan, autonomia osoz, eta indarrak bateratzeko ahaleginak eginez.
Gipuzkoa Zutik asanblada hileko azken ostegunean biltzea erabaki zen: uztailaren 28an eta abuztuaren 25ean, beraz. Biak 19:00etan Bulebarrean. Uztailaren 28an 18:00etan ekintza kolektiboa egingo da, batzarra baino lehen. Lantalde bakoitzaren martxaz hitz egingo da asanblada hauetan, eta bakoitzak lekarkeenaz.
Ekintza zuzenak antolatzeko hainbat gako
2016-06-23 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Lurralde Askeako hiru kidek dinamizatuta, “Herri desobedientzia tailerra” burutu zen Gipuzkoa Zutiken ekainaren 22an. Makina bat desobedientzia ekintza burutu ostean, aurrera begirako urratsak adosteko geratuak ziren asanbladan, zikloa biribiltzeko. Bitxia ere izan zen esperientzia indartsu honen lehen faseko “nolabaiteko azken” egunean teoriara ekartzea hiru asteetan momenturo praktikara eramandakoa. Irririk eragin zuen, azalpen argiek transmititzen zuten teoria hori norberak aurreko egunetako praktikekin konparatzeak; beti parean ez zetozen seinale. Hemendik aurrerako ekintzak egiterakoan irizpide gehiago izateko balioko die tailer honetan landutakoak, dudarik gabe.
Euskal Herrian ez dago desobedientzia zibil publikorako aukerarik
Ideia horrekin ekin zion Lurralde Askeako kideak “herri desobedientzia” proposatzeari: “gaiak milaka daude. Baina Euskal Herrian badago nahikoa masa kritikorik, desobedientzia zibila praktikatu, ondorioak jaso eta hala ere praktika hori zabaltzen, orokortzen joateko? Momentuz, ez dugu uste. Horregatik proposatzen dugu konfrontazio edo haustura lantzea estatuarekin eta sistema kapitalista zein patriarkalarekin, baina beste eredu bat sortzeko”. Gipuzkoa Zutik jarri zuen eredu: “ez da errausketaren kontra (soilik, kontra egitearren bakarrik), da beste eredu baten alde”. Haustura hori emateko bide hauek proposatu zituzten:
– Kulturari desobedientzia egitea: “sistema gure baitan dago. Guk gure eguneroko jarrera, ohitura, ideien bidez, eta sistema horretan hezi garelako, elikatu egiten dugu gure praktikekin sistema hori bera”. Kontraesan horiez kontziente egitea eta kontzientzia hori kolektibizatzea proposatu zuten, bestelako praktikak sustatu ditzakeelakoan. Kolektibizatzearen, komunitatean eraikitzearen garrantzia azpimarratu zuen, horrek bermatzen duelako norberaren bizitzako kontuak izatetik, benetako pausoak ematera gizartean. Lurralde Askea ekimena 100 konpromiso zehatz lantzen eta sozializatzen ari dela azaldu zuen, eguneroko bizitza, balioetan oinarritutako beste gizarte eredu horrekin koherenteago izan dadin. “Lan hori oso sotila da. Gu etxe berean bizi bagara eta beste era batera bizitzen hasten bagara, hori zelan gizarteratzen da? Momentu batzuetan bisualizatu egin behar da, eszenifikatu”.
– Ekintza zuzena: “Ekintza zuzenak planifikatu behar dira. Boterearen, autoritatearen, erakundeen kontra doazen ekintza autoantolatuak dira”. Bi ekintza zuzen mota behintzat badirela adierazi zuen: talde txiki batek burutzen dituenak (erraustegiko hondeamakinen palanka puskatu zenekoa jarri zuen adibide), edo jendetsuak, Gipuzkoa Zutikek kalean ehunka herritarrekin burutu dituenen antzekoak. “Hemengo kasuan bezala, ekintza horiek izan daitezke espontaneoak, baina beste ekintza batzuek egiteko planifikazioa behar da”.
Euren proposamena da kulturari egiten zaion desobedientzia uztartzea ekintza zuzenekin. “Horrela giro bat sortzen joaten da, esaterako Gipuzkoa Zutiken sortu dena eta Gipuzkoa osora zabaldu nahi dena. Masa kritiko bat sortzen da, bestelako ekintzak egiteko prest gaudenona”. Gai oso ezberdinak lantzeari garrantzia eman zion, eta era berean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten dena uztartzeari.
Ekintza zuzenak eta desobedientzia zibilaren arteko aldeak
“Ekintza zuzenak egiten dira baldintza berriak sortzeko, zirikatzeko, eragiteko, herritarrak posizionatzeko… eta klabe positiboan egin daitezkeela” nabarmendu dute: eredu berri bat sortzeko. Ekintza zuzenak egiteko aurpegia estali daitekeela azaldu zuen, aldiz, “desobedientzia zibila, bere horretan publikoa da eta bere ondorioak guregain hartzen ditugu. Ekintza zuzena egin eta joan egin gaitezke edo erabaki dezakegu bertan geratu eta kolektiboki asumitu egin dugunaren ondorioa”.
Ekintza zuzena eta positiboa
“Euskal Herrian bizi izan dugun giro politikoan, gerra estrategia batean bizi izan garelako, egin diren ekintza zuzenak izan dira beltzez, ilunpetan, oso eredu maskulinoa jarraituz… gaur egun sortu dezakegu ekintza zuzen bat atsegina dena, egindakoan jendartean sentsazio atsegina uzten duena, zerbait positiboa. Ez du esan nahi ados egongo direnik denak, eta noski beti izango garela molestoak batzuentzat, ez dugulako araua jarraitzen eta ez ditugulako haien legeak betetzen”. Positiboan egiteko gako batzuek azaldu zituzten: “era koloretsuan egitea, egunez, grabatua, ahal dela ez maskulinoa”… Atsegina izan ez den ekintzen adibidea, “justu palankarena” izan zela adierazi zuen (entzuleek naturaltasunez hartu zuten kritika): “kontua ez da ekintza bera ona den edo ez. Baizik, ekintza hori nola zabaltzen den. Kontua ez da zer, baizik nola. Bideoa hori da, esan dezakegu… kutrea. Musikarik gabe, ahotsak ere entzun egiten dira… Kontua da egiten diren ekintzak oso ongi planifikatzea eta ondorena, sortu nahi duguna, atsegina izateko komunikatiboki nola zabaltzen dugun lantzea”.
Ekintza zuzenak antolatzeko gako batzuk
Ezer baino lehen bi oinarri azpimarratu zituzten Lurralde Askeako kideek: Batetik, ekintza bat burutzerakoan garrantzitsuena prozesua dela, “bidean ikasten ditugun gauzak”. Eta bestetik, denok hartu dezakegula parte ekintza batean, bakoitzaren funtzioa bere gaitasun eta mugetara egokituta. “Demagun espetxeetako 20 metroko horma igo nahi dugula. Bertigoa badaukat, edo igo eta gaizki pasatzen dut, edo parte hartu dezaket eskailerari eusten, edo garraiolari lanetan, zaintzan… denok hartu dezakegu parte, inor ez dago soberan”.
Jarraian, euren esperientzietatik atera dituzten ondorioak partekatu zituzten Gipuzkoa Zutikekoekin: “Hauek dira gure esperientziatik atera ditugunak. Zuek gehitu ditzakezue zuenak”. Hona hemen, ekintza zuzena antolatu nahi duenak kontuan hartu ditzakeen urratsak eta baldintzak:
– Lehenik, ekintzaren helburua zehaztea. “Nori zuzentzen diogun ekintza eta zer lortu nahi den ekintzarekin. Zerbait oztopatu nahi dugun, edo ekintza alai bat egin jendeari harridura pizteko…”
– Ekintza egingo den espazioa, lekua, ezagutzea. “Ekintza egingo duten kide bat edo bik ongi ezagutu behar dute espazio hori eta beste kideei azaldu”. Neurriek duten garrantzia azpimarratu zuten eta neurketak egiteko argazkiak (pertsona bat jarri ondoan eta hortik altuera kalkulatu) eta laserra zein pausoak (distantziak neurtzeko) erabiltzen dituztela azaldu zuten.
– Segurtasuna. Arriskuak baloratzea.
– Abokatuekin aztertzea ekintzak ekarri ditzakeen ondorioak. “Abokatua konfiantzazkoa eta horrelako kasuetan esperientzia duena izatea garrantzitsua da”. Kontatu zuten abokatuek pistak eman ditzaketela ekintzak egin daitezen baina ondorio txikiagoekin. “FCCz mozorrotuta bagoaz, FCG jar dezakegu hizkietan, edo errepidean ekintza egin behar badugu errepideko arauak errespetatu: seinalizazio guztia, txalekoa jantzita egin…”.
– Isunak etortzen badira, zer egingo den hitzartuta izan behar da taldean.
– Zaintza. “Isiltasuna landu beharreko gaia da, bestela askotan gertatzen da ekintza egin ostean lagunarengana joatea kontatzera. Isiltasun ezak pikutara bota dezake ekintza bera”.
– “Beldurra naturala da, eta beldurra eduki behar dugu. Ez baduzu beldurrik, agian hobe ez ekintza zuk egitea, ez baituzu neurtuko egoera”.
– Generoa zaintzea. “Neskok adibide patetiko pila bat izango ditugu, mutilek arlo teknikoa lantzerakoan, demagun, instalazio elektriko bat montatzerakoan, edo montaje bat egiterakoan entzun behar izan ditugun esaldiekin edo pairatu behar izan ditugun jarrerekin. Mutilek kontziente izan behar dute eta aurreiritzi horiek baztertu. Denok balio dugu pila bat, bai arlo teknikoan eta baita bileretako hitzartzeetan ere”.
– Jantzia kontzienteki hautatzea: ekintza guztiak egingo diren berdin jantzita (horrela ekintzak euren artean lotuta daudela identifikatu daitezen) edo ekintza bakoitzerako ezberdin jantziko den. Estalita joan edo ez “estalita bagoaz ekintzak berak hitz egiten du, baina bestalde eman dezake irudia ez dugula aurpegia erakutsi nahi… eztabaidatzeko puntuak dira”.
– Ekintza burutu ondoren bertan geratu edo ez erabakitzea.
– Komunikabideak. “Aparte doaz. Beste leku batean geratuko gara eurekin”. Ekintza zer egunetan egin hautatzerakoan, medioen agenda ere kontuan hartzen dute, noiz izaten dituzten irakurle gehien hedabideek, egun berean beste albiste oso indartsurik ez dadila egon…
– Entsegua egitea seriotasun guztiarekin, ekintzaren ahalik antzekoena den lekuan eta moduan eginaz.
– Aurrekontua kalkulatzea.
– Materiala: bertan zer geratuko den eta zer berreskuratu nahi den.
– Garraioa aurreikustea.
– Ekintza burutu osteko balorazioa: norberaren sentsazioak, izan duen oihartzuna, merezi izan duen…
Kideentzako oparia: gaurko mugimendu tailerra
2016-06-21 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Bizitza da inkognita handiena
Egia esan ez dakit zer den gaur 17:00etan Bulebarrean, mugimendu tailerrean egingo dena. Bai, esku onetan izango garela, Edur Epelde ariko baita dinamizatzaile. Horixe iruditu zait Gipuzkoa Zutiken esperientziaren ikasgai eta oinarri aberasgarrienetako bat: Zer gertatuko den ez jakitea, aurrez dena kontrolatu nahi izateari barre egitea, gauzei joaten-gertatzen-lehertzen uztea, bizitza bere anabasan gozatzea, momentuan aterako zaigula zer egin konfiantza izatea… Zergatik ez esan, bakoitzak bere burua egoera horietan ahal bezala kudeatu behar izan duela, eta zenbat eta urte gehiago antolaketa “eraginkorretan” eman, pauso gehiago eman behar izan ditugula beste norabide batean. Bakoitzak badu bizipenez betetako hiru aste hauetatik atera dituen ondorioez eta ikasi duenaz zer kontatua.
Hori dirudi dela gaurko (ekainak 21, asteartea) asanbladako ariketa: maiatzaren 29an Gipuzkoa Plazan eratu zen Gipuzkoa Zutiken balorazioa egitea. Zer gauza diren lortu dituenak. Eta zein izan diren lorpen horien gakoak. Noiz eta nola bai asmatzen duen, indartsua den…
A ze luxua: Gorputza parte egiten duen balorazio integrala
Gipuzkoa Zutiken beste balio handietako bat iruditu zait gauzak egiteko moduetan gure buruari askatasuna aitortzea. Zergatik ez? gure burua aurreiritziekin eta “zer esango dute”, “zer ridikulua”, “zer lotsa”rekin ez mugatzea. Hemen ere, bakoitzak neurtu ditu une bakoitzean bere pausoak (bakoitza dator era batera formateatuta), baina ausartagoak ez mugatzea eta norberaren presentziarekin besteen ekintza babestea izan da joera nagusia.
Udalekuak ekarri dizkigu behin baino gehiagotan gogora. Ez ote dira udalekuak talde dinamika aurrerakoienak erabiltzen dituztenak? arau oro eraiki-deseraikitzeko jolasak lantzen dituztenak? Umeekin dena lantzea helburu oso desiragarri izaten zaigu, eta zergatik ez helduen dinamiketara izpiritu eta gauzak egiteko modu horiek ekarri?
Han-hemenka entzuten da mugimendu feministan osatze kolektiboa lantzen ari direla. Danele Sarriugartek Lorena Cabnali egindako elkarrizketan zerbait irakurri ahal izan dugu. Proposatu eta baietz, gustu handiz emango dutela gaurko tailerra. Gaur Bulebarretik pasatzen ez den zorigaiztokoak bihar hemen kontatzen denetik egin beharko du ideia. Gaurko arratsaldea auskalo! eder bat dela gogorarazita, ziurtasun bat planteatu daiteke:
Bizi, gorputzean bizi garela. Hiru aste hauek ere gorputzez bizi izan ditugula. Aldiz, adierazi, asanbladetan lepoz gora adierazten dugula kontzienteki. Gorputzaren kontzientzia hartzeko balioko digun ilusioa daramat patrikan, gaurko. Gorputza, batez ere batzuentzat, ezezagun-desjabetu-pribatizatu-… hori.
Auskalo! bihurri horrekin batera, beste konbentzimendu bat ere planteatu daiteke:
Gorputza esnatuta, zentzumen guztiekin soilik egin litekeela tajuzko balorazio bat. Gertatu denaren zati oso txiki bat baita burutik perzibitu eta azaltzeko gai garena. Inork eskuetan izan ez duen, ez aurreikusi ez duen, ez planifikatu ez duen, ez sujetatu ez duen esperientzia hau gorputzetik baloratzea izan litekeela inteligenteena, gertatu denaren kontzientzia hartzeko ia modu bakarretakoa.
Gipuzkoa Zutiken gorputza jokoan jartzeko erabili diren hainbat modu
Gipuzkoa Zutiken, batez ere arratsaldetako ekintzak izan dira lepoz beherakoa martxan jartzen lagundu dutenak: indarkeria egoerari dantzaz erantzutea, portura salto egitea, ardien kalejira, turisten posterra egitea, Aldundia giza-katez inguratzea, hondartzan egindako giza-katea, Zubietako erraustegia eta kartzela egingo dituzten eremura txangoa…
Asanblada ardatza bada ere, asanbladaren inguruko bizitzak ere asko gorpuztu du mugimendua, hitzartze batean kide batek adierazi zuenez, “horrek eman digu indarra eta ilusioa”, esaterako, elkarrekin otorduak egiteak, kalean lo egiteak, denentzako eskulanak egiteak (sukaldean arituta, pankartak eginda, karpak montatuta), afalosteko kantaldi eta barre saioek…
Gipuzkoa Zutikeko kantuak
2016-06-17 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Berez eta han-hemenka joan dira sortzen kantu herrikoien bertsio herritarrak. Lotura honetan duzue PDF formatuan, zabaltzeko. Eskerrak umoreari! Kantatu bitartean maiz entzun den oihu hark dioen bezala: “Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko!”.
* Aurrerantzean sortzen doazenak bidali, eta pozik gehituko ditugu kantutegian.
Gipuzkoa Zutik kantuak