Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

Gipuzkoa Zutik!-en gertatua: Gozo-gozo, latosoa kanpora

2016-06-06  //  Feminismoa, Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

Larunbata goiza ekintza batekin hasi zen, plazan egotea bera ekintza bat den Gipuzkoa Zutik!-en.

Larunbata goiza ekintza batekin hasi zen, plazan egotea bera ekintza bat den Gipuzkoa Zutik!-en.

Larunbata, ekainak 4, goizeko 7:30ak. Bi lagun (bata umea) esnatu eta Gipuzkoa Plazako kafetegietako batera sartu dira gosaltzera. Tripa ederki betetzeko moduko gozoak eskatu eta mahaian jarri dira. Beste emakume heldu bat ari da gosaltzen haragoko mahaian, eta gizon heldu bat zerbait eskatzen ari zaio dendariari.

Zerbaitek arreta deitzen du. Luze ari zaio eskean, erdi xuxurlan, seduktore izan nahi duten jarrera pastelekin… Dendariak haizea hartzera bidaltzen du esaldi ezberdinekin, tonua altxa gabe beti ere, bezerook “deseroso” sentitu ez gaitezen.

Joan da noizbait gizona.

– Zer? Lata? – galdetu dio Gipuzkoa Zutik!-en gaua pasatua duenak.

– Buf… bai… egunero etortzen da…

– Eta? Hemen bukatzen da, edo segi egingo du?

– Gero berriz etorriko dela esan du…

– mmm… zerbait egin beharko da, ez? Jada gauza batzuk onartzen jarraitzea ere…

Bost minutura itzuli da Osbornea. Ekin berriz ere zerbitzatzen ez dena eskatzeari.

– Bera da? – ziurtatu nahi izan du Gipuzkoa Zutik!-ekoak, hankarik ez sartzeko.

Saltzaileak buruarekin baietz.

– Oraintxe gatoz.

Lo-zakuetan esnatu berri daudenei azaldu diete egoera. Berehala osatu da neska-mutil koadrila. Zintzarria hartu du batek, eta hor doaz, “tolon… tolon… tolon…” pausatuki joaz, zuzen, kafetegira.

Gizon gazteek inguratu dute gizon zaharra. Denok isilik, latosoaren bizkarrean entzuten den “tolon… tolon… tolon…” zintzarria salbu. Begirada zorrotzez inguratu dugu. Gizonak halako giro deseroso eta tentso bat nabaritu du, berez ezer gertatzen ez denez, ezin du, ordea, horri buruzko ezer esan… Isil isilik atera da. “Orain berarekin hitz egingo dugu kanpoan, hemen zaratarik ez sortzeko” esanaz agurtu dute dendaria.

Kalera irtenda hiru mutil gaztek eman diote mezua, esplizitoki: “Dendari honek esan digu egunero etortzen zarela eta ez duzula bakean uzten. Esan dizu ezetz, ezta? bada orduan nahikoa da! Hau abisu bat da, ulertu duzu?”. “Bai…” bat esan eta alde egin du gizonkoteak.

Gipuzkoa plazako parkera bidean, hantxe daude bi ertzain, Gipuzkoa Zutik!-en pareko erreleboa betetzen, egun osoan egiten duten moduan. “Nor zaintzen? Norengandik?” galdetu dezakete, 20 metrora egunero gertatzen zen erasoa geldiarazten saiatu direnek.

Gipuzkoa Zutik! Asteburuan umeekin joateko deia egin dute hainbat gurasok

2016-06-02  //  Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

Gipuzkoako-haurrak-ZUTIK-logoa

 

Hauxe da zabaldu duten mezua, espiritua azalduz:

Umeekin parte hartuko dugu Gipuzkoa Zutik!-en, asteburuan hasita

Ostiral arratsaldetik aurrera, hainbat gurasok adierazi dute umeekin parte hartuko dutela kanpaldian. Umeentzat ere oso esperientzia aberasgarria izan daitekeelako, eta eguneroko bizitzatik ikasten delako.

Gainera, erraustegiaren ondorioak gehien jasango dituztenak izango dira, eta eguneroko errealitatearen berri izan eta hausnartzeko adin guztiak dira egokiak. Politikariek, herritar guztiak infantilak bagina bezala tratatzen gaituzten garaian, txikitatik kritikotasunean eta erabakiak hartzen hezi nahi ditugu, kolektiboki.

Gipuzkoa Zutik! mugimenduak eguneroko elkarbizitzan darabiltzan oinarriekin funtzionatu nahi dugu: auzolanean, arauak denon artean adostuz, egingo ditugun ekintzak geuk antolatuz, elikadura zaintza eta gainerakoak kolektiboki bermatuz…

Ostiralean 17:00etan egingo dugu haur eta gurasoen asanblada, asteburua elkarrekin gustura pasatzeko.

Estatuko lekurik garestienean, hondartza ondoan, guk nahi dugun bezala bizitzeko aukera! Hauek bai udalekuak!

Gipuzkoa Zutik! Elikadura praktikatik landuz

2016-06-02  //  Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

Elikadurak leku handia du Gipuzkoa Zutik plazan. Lehen egunetik jarri zen sukaldea, eta igande arratsalde hartako asanbladako azken puntua behar adina errepikatu zuen sukaldari arituko zenak “elkarrekin afalduko dugu? zenbat geratuko gara afaltzen?”.

Geroztik elkarrekin otorduak egiteko jantoki irekia da Gipuzkoa Plazakoa. Aski du edozein herritarrek inguratu (hobe otordua baino pare bat ordu abisatuta, kopuruak kalkulatzeko) eta bera ere jaten geratuko dela esatea. Ahal duenak ahal duenean laguntzen du: bazkaria prestatzen, mahai jartzen…ez kezkatu konpainiagatik: gehienok bakarka goaz, eta ondoan tokatzen denarekin egiten dugu solasaldia.

Arrikoa norberak berea egitea adostu zen lehen egunean. Bi baldekada ur jarri ohi dira lurrean, bata xaboiz eta espartzuz garbitzeko eta bestea aklaratzeko. Ura San Martin azokako iturritik ekartzen da, bidoietan. Gipuzkoa Plazako iturria (behetik gora txorrotada txiki bat botatzen duen hori) ez baita ezpainak bustitzeko bestetarako gai. Uraren pribatizazioaz, iturri publikoez eta aurrezten dugun plastikozko botilez zer pentsa eman diezaguke.

Menua dena delakoa izanda ere, prezioa beti bera: borondatea. Horrekin ordaintzen dira egin behar izan diren erosketak, sukaldeko gastuak, eta soberakinik badago, Gipuzkoa Zutik! kanpaldiko gainerako gastuetara bideratzen da.

Elikagaiekin ere, birziklapena

Egun batean eta bestean ateratzen zen gaia. Baietz, batzuek egin izan zutela lehenago. Dendek zaborretara botatzen duten janaria hartu eta prestatzea, alegia. Asteazkenean, goizean ertzaintzak behartuta Gipuzkoa Plaza utzi eta arratsaldean herritarrek plaza berreskuratu ostean, egoerak aukera eman zien janari birziklapena martxan jartzeko. Inoiz baino jende gehiagorentzako afaria prestatu behar, eta tajuzko erosketarik egiteko tarterik izan ez. Batzuek Amarara jo zuten, beste batzuek Antiguora, Aietera hirugarrenek eta beste talde bat Alde Zaharrean aritu ziren. “Badakizue zer egin beharko duzuen, ez? Burua kontenedoreetan sartu, poltsak miatu, freskoa eta ustela bereizi…” bota zuen esperientzia duenak eta merkatalgune bakoitzak hondakinak ateratzeko duen ordutegia ezagutzen duenak.

Alde Zaharrekoek, zortea

San Martin inguruan dagoen barazki eta fruta denda txiki batera jo zuten lehenik, dendariak aprobetxatu ezingo zuen elikagaien eske. “Ordu honetan… ez dut ezer. Atera berri dugu zaborra. Postrerako sagar batzuek emango dizkizuet”. Salduko lituzkeen sagarrak eman dizkie Gipuzkoa Zutikeko kideei, azpegiz bertan jaiotakoa ez dirudien dendariak. Eskertu ostean, zaborra nora ateratzen duen galdetu diete eta honek kalea seinalatu. Zuzenean jo dute bertara, kontenedorea ireki eta… dendariaren poltsarekin topo. Denak zuen alderen bat mailatua, baina beste alderen bat jateko modukoa. Eta tartean plastiko, fardel eta besterik batere ez.

janaribirziklatu

Ondoko kontainerretan bila ari direla, ikaskide ohi bat inguratu da. Zer moduz bizi den, zertan gabiltzan… azalpenak ematera behartua ikusi du bere burua gazteak, eta irria ezpainetan Gipuzkoa Zutikez eta erraustegiaz mintzatu zaio. Joandakoan “ufff… ikaskide hori den pinpirinarekin… eta gu zaborretan eskua sartzen!” barreka joan dira afaria prestatuko den elkartera.

Trinitate plazako auzo-baratzea

Uaza garbitzen ari dira ordurako elkartean. “Hauexek dira azkenekoak! egunotan denak jan ditugu” azaldu du, uzta pozik erakutsiz.

trinitateauzobaratza

Jende pila eta hiru belaunaldi ari omen da San Telmo ondoko baratzean. “Baratzaren aurretik, kristal hautsiak eta xiringak baino ez zeuden”. Hala ere, jarri orduko kendu zizkieten udaltzainek baratzearen inguratzeko harriak. Auzokonposta egiten dute bertan eta Gipuzkoa Zutik! plazako organikoa hara eramaten da.

 

Gogoratu naiz baratzeek hiriei akupuntura egiten diotela azaldu zuen hitzaldi hartaz.

uazak

Gipuzkoa Plazan astelehen gauean landatu zituzten uazak. Bertatik pasa zen emakume heldu bati irria loratu zitzaion hain kurioso eta koreografia osatzen zutela ikusita eta “ea jaten dituzuen!” batekin agurtu zen “bota duen euriarekin, berehalakoan, seguru!”.

Udalak ere egin nahi izan du bere ekarpena, eta ostegunean, goizaldeko 14:00etan aspertsoreak jarri dituzte martxan (normalean 8:00etan omen dute ordua). Umorea dario, ordea, mugimenduari:

 

Ideia ona aspertsoreena @enekogoia, gure letxuek ura behar zuten.Goizean jartzea proposatzen dizuegu,dutxatxo bat ongi etorriko zaigu.Gabon!

— Gipuzkoa Zutik (@GipuzkoaZutik) 2016(e)ko ekainak 1

Denda txiki eta tabernarien elkartasuna

egiakoharategi

Egiatik ekarri dute “altxorra”. Bertako harakin batek emandako txorixoa, xolomoa… “Beganoek akabatuko gaituzte!” bota du ateraldia sukaldean ari denetako batek. Patata tortila da egunotan guztiotan jan duten elikagai ez-begano bakarra. Otorduetan solastu izan dute batekin eta bestearekin zergatik den begano, gizakiok elikatzeko ditugun kontraesanez, bizidunen arteko hierarkizazioez…

Asteazkena pintxo pote eguna duen Alde Zaharreko tabernariak 22:00etan pasatzeko enkargua eman du. Baliatu ez direnak gustura emango dizkigula. “Nire bezero gehienak Gipuzkoa Plaza berreskuratzeko protesta honetan zeuden, beraz, gaur pintxo bat baino gehiago sobratuko zirela espero dut!” esan du umorez.

Elikagai hondakinez zer pentsa

Ez dago ezer azaldu beharrik, Donostian egunero zaborretara botatzen denarekin lasai asko ehunka lagunek jango luketela esanda. Guztion dirua kudeatzen duten erakunde publikoek ez lukete batere zail izango dendariekin sarea jostea, eta hauek zaborretara beharrean sukalde herrikoi batera bideratzea. Prezioa falta, ordea (borondatea, alegia).

Asteazken gauean elkartean sukaldean ari denetako bat sukaldaria da, lanbidez. Berak bereizi ditu elikagaiak. Alberginiari labana sartu dionean, pena aurpegia jarri dut. Pasatutakoa erabat. Etxeko sukaldea banu, konpost pertzara botako nuke, seguru. “Hau ona dago. Oraintxe jateko bai, oso ona”. Glups! gure ezjakintasunean eta sartu diguten itxurakeriazko “on-txar” aurreiritzi horiekin, zenbat elikagai botatzen ote ditugu, alferrik, egunero?

Bizitza loratzen ari da Gipuzkoa Plazan

2016-06-01  //  Gipuzkoa Zutik!, Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Hirugarren eguna baino ez zen atzo, asteartea, errausketa sinbolotzat hartu eta “ez goaz etxera” esanda, Gipuzkoa Zutik mugimenduak plazan berezko bizitza landatzeari ekin ziola. Eta dagoeneko zenbat adibide txikirekin begiratu diogun elkarri eta “ze onaaa!” pentsatu, detaile txikienak beste ate handi batzuen sarrailako zirrikitua izan daitezkeelako sentsazio partekatua biziz. Mugimendua esnatu da, martxan dago, eta ondorengo egunetan biderkatu baino ez dela egingo pentsatzeko traza ematen diote detaile xume hauek, eta asteburuan jende elkartzea masiboa izango dela irudipena konpartitua da:

[Lehen kolpean gogoratutakoak doaz zerrenda honetan, ziur Gipuzkoa Plazatik pasa zaren horrek beste hainbat badituzula, eta erantzun gisa bidaliz gero, bere lekua izango dute txoko honetan]

– Elkartasuna martxan da: Hiru egun baino ez, eta dagoeneko badira ogia ekarri dutenak, eztia, gailetak, tortillak, bizkotxoa… guztioi jaten ematen digun sukaldera. Alde Zaharreko auzobaratzeko lagunen letxuekin entsalada ederrik ere jan dugu! Eta batez ere, asko eta asko dira bertatik pasa eta herriari jaten eman nahi diotela adierazi dutenak, hurrengo egunetan janaria prestatuta ekarriko dutela iragarri dutenak.

– Hainbat borroken mobilizazioak plazan uztartzen hasiak dira. Hiru hilabete bete zituzten asteartean errepideetako langileek greban. Astearte eta ostegunero ohi duten eran, Gipuzkoa Plazan egin zuten elkarretaratzea, 12:00etan. Oraingoan, aukera izan zuten denek Gipuzkoa Zutikeko karpa koloretsuaren azpian hamaiketakoa egin eta bakoitzak bere mobilizazioaren berri eman eta elkartasuna etxeratzeko. Gazte batek adierazi zuen gisa: “Elkartu behar dugu, banaka bagoaz arpa jotzen digute-eta. %99 gara!”.

– Ekintza txikiak egiten eta sare sozialetan zabaltzen ari dira. Astelehen eguerdian atera zen argitara lehena, erraustegia egiten ari diren hondeamakinen kontrol kaxa kendu zietela. Astearte gauean uazak landatu zituzten Gipuzkoa plazan. Asteazkeneko asanbladan ekintza zehatz mordoa ernetu ziren. Bakoitzak nahi dituen ekintzak era autonomoan egitea adostu zen, zentralizatu gabe. Gipuzkoa Zutik-en logoak eta ekintza egiterakoan erabili daitezkeen maskarillek emango diete batasuna denei.

Logoak eta maskarillek ematen diete batasuna ekintzei. #ezgoazetxera traola erabiltzen ari dira.

Logoak eta maskarillek ematen diete batasuna ekintzei. #ezgoazetxera traola erabiltzen ari dira.

– Bakoitzaren onena ateratzen da, guztiontzat emateko. Sukaldeko trebezia batzuena, toldoak jartzen besteena, pankartak egiteko materiala ekartzen hurrena, kantaldia eskaini eta uneko egoerari kantuak atera zizkion kantautore harena, “donostiarrek begiak ireki ditzaten, burbuila hautsi dadin” marrazkia egin zuen artistarena, etxeko kide bat asanbladan eta kanpaldian egon dadin zaintzaz arduratzen denarena… Eman eta hartua da nagusi. Egitaraua denon bixtan dagoen plastikozko koadro bat da, aski da norberak eskaini nahi duena bertan jartzea, zein egun eta ordutan egingo duen adieraziz.

No time for love – @GipuzkoaZutik #gipuzkoaplazara #ezgoazetxera pic.twitter.com/fNTLfIA41w

— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) 2016(e)ko maiatzak 29

– Egunero 19:00etan egiten den asanblada, jendetsua eta parte-hartzailea izan da arratsaldero. Lehen eguneko asanbladaz gogoratuko dugu errondan eskuz-esku pasa genuela mikroa denei hitza emateko, eta isiltasun tentso bat zela biraka jarri zena. Ez gaudela ohituta, gai-ordena zuri egotera, 150 lagunen aurrean hitz egitera, pausoak denon artean hasieratik proposatzera… Asanbladan herritar batek talde txikietan biltzea proposatu eta egoera erabat bideratu zela. Asteleheneko asanbladatik aurrera, ordea, jada mikroa errondan pasa eta jende askok hartzen du hitza jendetzaren aurrean. Talde txikietan, zer esanik ez. Plazan agertu da jendeak talde lanerako duen kultura, parte hartze dinamiketan dagoen jakintza… bestelako iritzirik duenari oso gustura egingo zaio txoko honetan tartea, baina lehen asanbladatik hitzartzeak motzak izan direla eta elkarren sintonian egon direla, “hizkera bera erabili dugula” sentsazioa dago, ez garela adarretatik hurrunegi joan, errealitateko gai eta proposamen zehatzetara hurbildu garela.

– Parte hartzeko modu guztiak dira oso ongi-etorriak. Gipuzkoa Plazatik pasatzea eta batekin eta bestearekin EGOTEA, hori bera sekulako arnasa da. Elkarrekin gustura egotea, elkarrekin otordu bat partekatzea (aski da bazkaltzen edo afaltzen geratuko zarela abixatzea, janari kopuruak kalkulatzeko), parte hartzeko modu hori oso du beharrezko “ez goaz etxera!” praktikara eramateko mugimenduak. Bakoitzak bere gogo eta beharren arabera eskaintzen ditu ordu batzuk edo besteak: batzuek goizez daude, beste batzuek arratsaldez, bazkalorduan elkartzen dira edo bazkalosteko kafean besteak, arratsaldeko asanbladan gehienak, goizean lanak banatzeko beste asanblada bat egiten da gaua pasa dutenen artean, batzuek (gero eta gehiago) lotan geratzen dira… Inork ez dio inori konpromisorik “eskatzen”, eta inork ez dio inori konpromisorik “mugatzen”.

 

– Denok gatoz gure kabuz, eta inor ez dago bakarrik. Bazkaltzera eseri ginen. Elkarrizketa bizian jardun, barre egin… beste herritar bat gerturatu zen. “Kaixo! eseri naiteke?”; “Galdetzea ere? Kaferik nahi?”; beste herritar bat handik pare bat minutura (oraingoan mahaikoek egin diote lehen agurra, hurreratu dadin). “Denok ezagutzen duzue elkar? Ni etorri izan naizenetan lagunik gabe etorri naiz, koltxoirik gabe sentitzen naiz…”. “A, ba nik ere ez nituen mahai-kideak ezagutzen!” (bazkarian hasieratik den batek). “Koltxoia, koltxoia, denok etorri gara esterilarekin”, bistaz bat edo beste, baina elkarrizketak erraz sortzen dira. Gaia atera da asanbladetan ere inork ez duela bere izenik esaten, bere bururik aurkezten. “Agian ona da? agian ez dugu behar? elkar ezagutzen dugu hemendik eta kito?”; “Niri izenak esatea alferrik, oso txarra naiz buruan hartzeko!”. Harreraren garrantziaz, datorrenari berak nahi duen denboran geratzeko ateak errazteaz aritu gara. Bazkalostean arrikoa egiteari ekin diote batzuek. Informazio mahaian, harrera postua fin jarri dute besteek. Hizkuntza anitzetan azaldu diete gero eta gehiago hurbiltzen diren herritarrei (bertako nahiz udatiarrei) erraustegiaren gaia, zein den gure asmo zabala, zer egiten dugun plazan. Baina harrera hori, irribarre zabal bat ezpainetan, plazan gauden guztiok uneoro egitea dagokigu.

– Asteburuan umeekin lotara geratuko direla diotenak gero eta gehiago dira. Umeen elkarbizitza esperientzia oso polita izango den ilusioa partekatzen dute, elkarrekin antolatuko dituztela jolasak eta ekintzak, eta zaintza kolektiboa egiteko prest daude. Belaunaldi-arteko mugimendua nabarmenago ikusiko da asteburuan (asanbladetan, dagoeneko, hiru belaunaldi elkartzen dira), herritar denok eta denontzako ari garen seinale.

Pello Zubiriaren hitzaldia Gipuzkoa Zutik! ekimenean: “Erraustegia eta gizarte eredua”

2016-05-31  //  Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

zubiriaPello Zubiriaren hitzaldiak ireki zuen Gipuzkoa Zutik! kanpalekuko egitaraua, maiatzaren 30ean. “Errausketa eta eredu soziala” izenburupean, Gipuzkoako Foru Aldundi aurreko ibilbidea jendeak eta hitzak hartu zuen. Bertaratutako askorentzat errausketaz entzungo zuen lehenbiziko hitzaldia zen. Erraustegiaren aurkako mugimenduari ere egin zion bere ekarpena hitzaldiak, gaia bere zabaltasunean azaldu baitzuen (osasunean eta proiektuaren ezaugarri teknikoetan zentratuagoak diren hitzaldiak eskaini izan dira orain arte). Hitzaldia baliatuz P. Zubiriak egin zuen beste ekarpena, animoena izan zen, Gipuzkoa Zutik! ekimenean (euri zaparradak zaparrada) ekin eta ekin ari direnei indarrak eta arnasa emateko mezua ekarri baitzien: “Opa dizuegu irautea. Batzuek ez gara egongo nahi bezain beste, baina horrek ez du esan nahi jendea zuekin ez dagoenik, sare sozialetan ere nabaritzen da”. P. Zubiriak eskerrak ere eman zizkien: “Emozionatzen gara zuek hemen ikusita, gazte jendea sinistuta erraustegia itxi daitekeela eta gogo horrekin lan eginez. Badelako garaia zerbait egiteko. Erraustegiaren kontrako borrokan batez ere adin bateko jendea aritu gara: etxeko sukaldea manejatzen duenak daki gehien hondakinez, eta gehienetan emakumeei tokatzen zaie, tamalez, hori kudeatzea. Logikoa da gazteek gutxiago parte hartu izana, eta eskertzen dugu hemen dagoen aire berri eta mugimendu hori”.

Hauek dira azaldu zituen ideietako batzuk:

‘Erraustegia eta eredu soziala’ hitzaldia hasi da @pellozubiria-ren eskutik. #GipuzkoaPlazara pic.twitter.com/uuKfVMjChf

— ARGIA (@argia) 2016(e)ko maiatzak 30

Occupy Wall Streetek zion bezala…

Eredu soziala dena da: eredu soziala da, baita ere, zuek ezin euri zaparrada baten erdian Aldundiaren azpiko arkupeetan babestu ahal izatea: herritarrok diruz ordaintzen dugun erakunde publikoko politikariak esatea ezin garela hor egon, eredu soziala da. Ez dago eskubiderik. Eskubiderik ez dagoen bezala, Zubietara (erraustegia egin nahi duten orubera) egin zen martxan esateko “kontuz, ez zeharkatu hesiak, eremu pribatuak dira”. Nola izango da hori eremu pribatua? Egungo agintariak zarete kostuak kolektibizatu eta etekinak pribatizatu dituzuenak. Hori da 2008ko krisitik denok ikasten ari garena, eta Occupy Wall Streetek sozializatu duen ideia.

Krisitik ikasi ditugun beste hainbat gauza

Non egon gara azken urteetan gure belaunaldikoak? Irudipena daukat ibili gara kaneloarena egiten, ustez hainbat eskubide lortu genituela eta bitartean boteredunak guri osten aritu dira. Erraustegia ere logika berarekin egiten den jokaldi bera da: zorra utziko dizue zuei eta ondorengo belaunaldiei eta pozoitu egingo zaituztete. Zorabio horren erdian, errausketaren kontrako mugimenduan hasi ginen NIMBY batzuek bezala (Not In My Back Yard, edo “ez nire etxe ondoan”): Ez ginen mugitu Bizkaian Zabalgarbi egin zutenean, eta pertsona bera da Zabalgarbiko plana egin zuena, Zubietako plana egin duena, eta Rezolan zementu fabrikan pneumatikoak erretzen dituena.

Ikasi dugu, baita ere, gure ezjakintasunaz baliatzen direla. Ez dakigula ezer hondakinez. “Ez arduratu basuraz, eman niri poltsa eta ni arduratuko naiz”, hori da zabaltzen diguten mezua. Badirudi “arazoa” desagerrarazten digutela, baina gezurra da, hondakinak ez dira desagertzen. Hondakinak dira giza baliabideek mugitzen duten aktibitate guztien %90. Egiten dugunaren %10 soilik baliatzen dugu, gainerako denarekin zerbait egin behar dugu. Denon problema bihurtzea batzuen negozio, hori da euren planteamendua.

Ikasi dugu gure hondakinak konpondu nahi ditugula urrutira bidaliz: aldatu zure ordenagailuak azkar, zure mugikorrak azkar, eta gero bidaliko ditugu Afrikara, eta haiek egingo dituzte guk egiten ez ditugun birziklapen lanak. Eta urrutiratzen ditugu denboran. Zenbat denbora behar dute gauzek desegiten? Latek 50 urte, plastiko batzuek ehunka urte, fardelek 450 urte… Aurkitu dugu sistema oso on bat hemendik 1.000 urtera etorriko diren jendeek jakin dezaten zer nazkagarriak ginen eta zer opari utzi diegun.

Sistemak erakutsi digu gure hondakinak gorrotatzen. EAJk zabaldu zuen kartela, atez atekoaren ondoan arratoi handi bat ageri dena, zentzu onari burla egitea da. Badirudi Usurbilen, Hernanin eta atez-atekoa dagoen gainerako herrietan arratoi handiagoak sortzen direla. Pixka bat bakarrik pentsatzen jartzea nahikoa da: arratoiak? egongo ez dira bada? eta berdin berdin daude arratoiak kontenedoreetan! beti ezagutu ditugu arratoiak kalean.

Langile prekarioak bihurtu nahi gaituzte, baina burgesen kontsumo ametsekin. Barrio pobreenetan ikusi dira gehien zabor poltsak zintzilik balkoietan. Ez daukagu bizitzeko erraztasunik, eta okurritzen zaigun protesta aukera bakarra da nahi dugunean basura ateratzeko libertatea izatea. Lasarten, esaterako, inork ez du errespetatzen zaborra ateratzeko ordutegia eta kontainerretan zehaztuta jartzen du, e!

Hemen dena labeekin konpondu nahi dute

Alfonso del Valekin ikasi genuen gauza oso xinple bat: errementariak dena konpondu nahi du burdinarekin, arotzak egurrarekin, eta hemen enpresa batzuek espezializatuta daude galdaratan. Nuklearrak, erraustegiak, zementu-fabrikak, denek oinarrian berdin funtzionatzen dute, dena konpondu nahi dute labeekin. Zabalgarbi enpresaren jabeetako bat da SENER, nuklearrak ere egiten dituena. Ez da kasualitatea erraustegietan txapeldun Frantzia izatea, nuklearretan ere halaxe direlako.

Konpainia berak dira errauste planta egin nahi dutenak: FCC [Koplowitztarrena], ACS (Florentino Pérezena). Enpresa horiek funtzionatzen dute, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatuan dihardutelako. Alegia, atez atekoa egin eta %80 birziklatu, edo %20 birziklatu, berdin berdin pagatu beharko diezulako.

Talkan: irtenbide garesti eta merkea, teknologia xinple eta konplexua

Konturatu gara hondakinen gaian soluzio merkeak badaudela. Orendain da Gipuzkoako lehen Zero Zabor herri txikia: txabola txikietan bideratzen dute gaia, planta erraldoien inongo premiarik gabe, eta urtean biztanleko 40 kilo baino gutxiago sortzen dute errefusetan.

Talka egiten dute teknologi xinpleak eta teknologi konplexu zentralizatuak. Ikusi besterik ez dago Zabalgarbiren argazkia, atzean Bilbo ageri dela. Ziklo konbinatuko plantaren ondoan dauka TMB planta bat (Tratamendu Mekaniko Biologikoa egiten duena). TMB bat izan daiteke Usurbil-Oñati-Hernanin sortzen ditugun 40 kilo errefusak inerte bihurtu eta betelanak egiteko, edo TMB bat izan daiteke Bilbo eta Baionakoa bezala: birziklatu gabe dena horra bota, gauza gutxi batzuk bereizi, gainerako dena lehortu, eta behin lehortutakoan hori guztia erre. Argazkian ikusten da Artigaseko zabortegia ere hortxe dagoela, beraz, erraustegiak ere zabortegia behar du.

Eredu talkaren beste adibide da lan indarra: kamioi handi eta robotizatuak nahi ditu eredu batek. Eta beste ereduak behar dituena langileak dira, kuboak banan bana hartuko dituztenak, ongi bereizita dauden begiratu eta biltzen dituztenak. Sistema horrekin lanpostuak sortzen ditugu.

Intoxikazioa (informazioarena)

Oligarkiaren hirugarren zangoa, Diario Vasco da. Ikusi besterik ez dago Gipuzkoa Zutik!-en ari zaretenoi zer kasu egiten dizuen. Baina azkenean kasu egin beharko dizue, agenda markatzen ari zarete-eta.

“Donostiako su artifizialek gau bakarrean gehiago kutsatzen dute erraustegiak urtebetean baino”. Hau esan eta publiko egiteko arduragabekeria duenak, ez du eskubiderik etxe horretan [Aldundia seinalatuz] agintzen egoteko.

Mezu nahasgarriekin lortzen dutena da jendea liatzea, tabernako hizketaldietan entzuten ditugu zer komentario botatzen diren, azkenean herritarrek esan dezaten “ze lio, dena da denaren berdina” eta ez horixe, dena ez da berdin.

Erabakitzeko eskubidearen prostituzioa

Gakoa ate birakariak dira, edo Berriak erabili ohi duen moduan (eta asko gustatzen zait esateko modu hori): ate-errotak. [Xabier Garmendiaren ibilbidea azaldu zuen (artikulu honetan du dena azaldua P. Zubiriak)]. Asteazkenean (maiatzak 25ean) egin du publiko Aldundiak erraustegiari buruzko dokumentazioa eta  herritarroi hilabeteko epea eman digu errekurtsoak egiteko. Baina urteak dira plana egina zutela. Horien eskuetan gaude eta ez dugu horien eskuetan egon behar. Eskubidea dugu talde batek planifikatu ditzan hondakinak Gipuzkoan, parte hartuko dutenak alderdi politikoek, baina baita herritar taldeek ere eta independenteek, guztion artean hondakinak ahalik ongien kudeatzea lortzeko.

Erabakitzeko eskubidearen prostituzioa da herriz herriko hondakinei buruzko galdeketena: nik ez daukat inongo eskubiderik bozkatzeko ea Usurbili bidali nahi dizkiodan 50 kilo errefus edo 240. Eta hori ari gara bozkatzen mila lekutan. Eta ez daukagu eskubiderik. Ez dugun bezala eskubiderik Lasarteri edo Usurbili inposatzeko erraustegi bat, alternatiba martxan dagoenean: Italian Treviso eskualdea neurriz Gipuzkoa bezalakoa da eta zero zabor lurraldea da, urtean biztanleko 40 kilo sortzen ditu.

Rossano Ercolinik (Europa Zero Zaborreko lehendakaria) Hernanin esaldi hauxe utzi zigun: “Hemen denok hitz egiten dugu demokraziaz. Baina bata da behetik gorako demokrazia eta bestea da korporazioen diktadura”.

Bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi

Hernanin sinadura bilketa abiatu zen atez-atekoa ez jartzeko eskatuz. Ordura arteko lana bazirudien hankaz gora jarriko zela. Emakumeak izan ziren gai arazoaren irtenbidea beste era batera planteatzeko: Maialen Lujanbiok askatasun osoz egin zuen bere manifestua, “eskuak zenbat dezakeen”. Mezuak planteatzen zuen “egin dezagun froga”.

Oñatiarrek ere lezioa ederra eman ziguten (Antzuolak ere bai), erraustegitik gu baino urrutiago egonda, apustu egin baitute herritar guztion alde. Bertako pintada batek dioen bezala: “Burua duenak ez du erraustegia bere herrian nahi, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi”.

Pietrasanta: zer gertatu zen Europako erraustegi “seguruena”rekin?

2016-05-10  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

inceneritore_falascaiaRossano Ercolini-k, Zero Waste Europeko lehendakaria eta 2013ko Goldman saria jaso zuenak, Hernanin hitzaldia eman zuen maiatzaren 7an (hemen irakurgai hitzaldiaren laburpena). Bertan kontatu zuen belaunaldi berriko erraustegi “seguru”en ikurra falazia izan zela. Chiara Buratti kazetariak eman zituen xehetasunak bere blogean, 2015eko abenduko artikuluan:

Lucca probintziako Pietrasanta herrian 1974tik dute erraustegia (Falascaia deitua). Herriak 1.500 biztanle ditu eta denek izan dute gertukoren bat minbiziak jota. Erraustegiaren aurkako herritarren mobilizazioak “milaka” izan zirela dio Burattik. Eta urteak behar izan zirela herritarrek sumatzen zutena erakundeek (Herriko Osasun Unitateak eta Toskanako Ingurumen Babeserako Agentziak) onartzeko. Erraustegia itxiko zela zirudien une hartan, Ahaldun nagusiak, Vannino Chiti-k, agindu zuen erraustegi zaharraren ordez berria egiteko, juxtu zaharra zegoen eremuan. 1997an herritarrak erraustegiaren ateetan elkartu ziren, sarrera galarazteko erraustegi berria eraikitzeko prozesua abiatzera zihoazen Termomeccanica eta Consorzio Etruria enpresetako langileei. Poliziak 100 lagun eraman zituen atxilo, umeak eta aitona-amonak barne. Bideo honek bildu du momentu hura:

Erraustegi berria “hain da segurua, bizi ere egingo garela” ziurtatu zien herritarrei Enzo Papi, Termomeccanicako lehendakari ohiak. Ercolinik gogoratzen ditu politikarien eta osasun publikoa babesteko erakundeen promesak: “Herritarroi esaten ziguten Europako sistema kontrolatuena zela, dioxina isurketak etengabe neurtzen zituelako, ez urtean hiru aldiz bakarrik…”.

2003an Toskanako Ingurumen Babeserako Agentziak (TIBA) egindako azterketak erakutsi zuen erraustegiaren inguruko lurretan dioxina eta kutsatzaile kopuru handiak zeudela, legez baimendutakoa baino 12 aldiz gehiago. Beraz, udalak eta aldundiak ixteko agindua eman zuten. Baina bi aste soilik iraun zituen itzalita, TIBAren beste azterketa batek legearen barruko kopuruak erakutsi baitzituen.

Emisioak kontrolatzeko sistema manipulatua

Ercolinik hala kontatu zuen: “Hondakinak erretzen hasi eta handik bi urtera kudeaketa TEV Veolia multinazional frantziarraren esku geratu zen. Bitarte horretan, gutun anonimo bat iritsi zen epaitegira (boterea galdu zuen norbaiten bengantza izan zela uste dugu). Gutun horrek salatu zuen emisioak kontrolatzeko sisteman software bat jarri ziotela emisioak hamar aldiz gutxitzen zituena (Volkswagen autoek bezala), emaitzak baimenaren barruan egon zitezen beti”. TEV multinazionaleko exekutiboa zen Francesco Sbrana eta langilea zen Umberto Ricci izan ziren epaituak, 2012an. Fiskalarekin akordiora iritsi ziren eta 4.000 euroko isuna da bakoitzak jaso zuen zigorra. Ez zaigu zerorik ahaztu, 4.000 euro baino ez ziren izan. Herritarrentzat porrota izan zen. Baina ekarri zuen garaipenik ere: baimena urtebete eta erdira eten egingo zela erabaki baitzuten. Eta ez hori bakarrik, denbora tarte horretan ere ez zen berriro laberik piztu. Ia egunerokoak ziren herritarren mobilizazioen eraginez, erraustegia 2010ean itxi egin zen.

Baina herritarrentzat, “prozesua, benetan, 2015eko urtarrilean” bukatu zen: TEVeko lau kide (teknikariak eta zuzendaritzako kideak) epaiketetara eraman zituzten bide penaletik, 2007an erraustegiko ura araztu gabe Baccatoio ibaira botatzeagatik. Daniela Bertolucci-k (Versiliako Ingurumena Zaintzeko Elkarteko kidea) hala kontatu dio Buratti kazetariari: “Gauetan ur oso kutsatuak isurtzen zituzten ibaira. Inguruan bizi ginenok ikusten genuen urak sortzen zuen lurruna. Inork ikusiko ez zituela ziurtatutakoan egiten zuten. Baina lagun batek eta biok kamara hartu eta ezkutatu egin ginen. Lanean harrapatu genituen”. Sei hilabeteko kartzela zigorra eta bakoitzari 15.000 euroko isuna ezarri zien epaileak.

Eragin dituen minbiziak

Toskana osoan tumore kasu gehien dituen zonaldea da eta Italiako gainerako hiriekin alderatuta, minbizi kasuak hiru aldiz gehiago dira. Italiako gutxien industrializatutako inguruetako bat da baina aldiz gaixotasun hau duten pertsonen kontzentrazioa oso handia da: minbizia, leuzemia, sarkoma, linfoma ez-Hodgkin, haurren minbizia, Alzheimerra… Orain, 2003-2007 epean malformazioekin eta arnasketa arazoekin jaio ziren haurrak ari dira ikertzen.

Burattik artikulua bukatzen du herritarrek berreskuratu duten eguneroko bizitzako “luxu” bat kontatuz, egunero hori gozatzen dugun herritarroi hotzikara eragiteko moduan: “Bitartean, Pollino, Valerio eta Patrizia egunero goiz jaikitzen dira lanera joateko. Noizean behin begirada jasotzen dute, zerura. Oraindik ezin dute sinetsi urdin bihurtu denik”.

Historia kontatuta cortocircuito webgunean.

Kasuaren aipamen laburra Beppe Grilloren blogeko post honetan.

Sententziaren xehetasun denak kontatu ditu Daniela Francesconik Lucca in Diretta webgunean.

Rossano Ercolini: “Ez dago hondakinik, materia baliotsuak baizik”

2016-05-09  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Rossano Ercolini garaipen zeinua eginez. Maiatzaren 8an Donostiako erraustegia egin nahi duten orubera egindako bisitan.

Rossano Ercolini garaipen zeinua egiten, maiatzaren 8an Donostiako erraustegia egin nahi duten orubera bisitan.

Irakaslea da Rossano Ercolini, eta ideia nagusi hau helarazi zigun herritar eta politikariei, zabor poltsa ireki eta begiratzeko umeen begiekin: “Etorkizuna ikusiko dugu horrela. Umeentzat etorkizuna oso luzea da, beste 80 urtez biziko direlako; umeena da etorkizunaren ikuspegia. Politikariak: begiratu umeen begiradarekin, eta horrela ikusiko dituzue zuen erabakiek dakartzaten ondorioak etorkizunean. Egun politikariek hurrengo bost urteetara bakarrik begiratzen dute. Pentsatu behar dugu zer gertatuko den 30 urtera, erraustegia egiten badugu edo aldiz, atez-atekoa jartzen badugu martxan. Politikak gai izan behar du etorkizuna aurreikusteko, bestela politika desastre bat da”.

Donostian egingo den erraustegi proiektuaz, sendo mintzatu da: “Ez utzi eraikitzen. Ezkorrak izan gaitezke batzuetan, ezin dugulako aurkariaren indarrik gutxietsi, baina uste dut ez dagoela benetako baldintzarik eraikitzeko. Benetako zentzu onaren kontrako iraina izango litzateke”.

Balioa duena segundo batean zabor bihurtu?

“Ekonomia zirkularraren Europako zuzentarauak dio %75 haziko dela oinarrizko materialen beharra. Zer egingo dugu materia horiek lortzeko? Hondakinetatik atera: kobrea, altzairua, urrea, zilarra… Balio gutxiko plastikoekin 13 material egin daitezke (Europak ez dauka petroliorik! Oso garestia da plastiko birjina egitea). Horrek dakar lana ematen diogula jendeari. Birziklatzearen plan nazional bat behar da Gipuzkoan. Egun ekologia eta ekonomia elkarren eskutik doaz. Hasieran industriak esaten zigun ‘ez zaigu interesatzen’, baina ikusi dute funtzionatzen duela, adibidez, paletak egiteko, edo lorontziak, edo ur hodiak, edo fruta kaxak egiteko… Uste dut enpresen munduak benetan duela interesa materialak berreskuratzeko. Aldiz, politikariek jarraitzen dute industria zikinaren interesen atzetik.

Italiako hiri askotan zehar 115 denda daude Mercatopoli izenekoak, gauza erabiliak berriz saltzen dituztenak. Ikerketek diote gazteei gustatzen zaiela bigarren eskukoa erabiltzea, interneten ohitu direla horretara. Politikariei eskatu behar diegu ez denborarik galtzeko konponbide zaharretan, etorkizunaren kontra doazelako, baita osasunaren ikuspegitik ere.

Hondakinez ari garenean, nola eskuetatik pasatzen diren, denok gaude inplikatuta. Denok dakigu zertaz ari garen hizketan. Jendeak ulertzen du nahasten badugu organikoa gainerakoarekin, hondakin bihurtzen dela. Baina bereizten baditugu, ez da zaborra, materia baizik, baliotsua dena, lanpostuak sor ditzake eta natura zaintzen lagundu.

Cappanorin aztertzen dugu errefusa poltsa grisen barruan zer dagoen. Hiru multzo daude:

1.- Oker sailkatutako hondakinak. Zein da horren aurreko terapia? Heziketa eta laguntza ekonomikoa, ongi egiten duena saritzea.

2.- Berrerabilgarriak diren objektu eta arropak. Terapia zein den? Berrerabilpen eta konponketa zentroak.

3.- Gainerakoa. Hori ekoizlearen ardura da. Komunitateak arazoaren %80 konpontzen du, birziklatzen dugun herritarrok gure ardurari erantzuten ari gara. Baina %15, birziklatu edo konpondu ezin dena ekoizlearen arazoa da, gaizki diseinatuta dagoelako. Birdiseinatu hori, sistemaren urdailean kalte eragiten duelako, ezin duelako sistemak digeritu. Hasi lanean hemendik gutxira beste diseinu bat izan dezan. Europa mailako proiektua egin dugu, Live+ izenekoa. Badakizue zerk bultzatu duen Europako komisioa proiektu hau diruz sostengatzera? Konbentzitu dira elkarren etsaiak garenak, Italiako Zero Zabor mugimendua eta paper fabrikak, elkarrekin lanean ari garelako. Izan ere, paper industria handia dugu eta askotan egin nahi izan dituzte papergileek erraustegiak, paperaren bilketan aurkitzen diren materia ez puruak (plastikoak) erretzeko”.

Erraustegia edo atez-atekoa

“Ni Donostiako politikaria banintz, nire buruari galdetuko nioke: zer gertatuko da errauskailua eraikitzen badut? 30 urtez elikatu beharko dut, eta Hernanin eta atez atekoa martxan duten gainerako herrietan ez badituzte biltzen behar diren hondakinak, urrunagotik ekarri beharko ditut. Alemanian horixe gertatzen da, bost milioi tona hondakin inportatzen dituzte Britainia Handitik, eta Britainia Handiak ez du nahi erraustegirik. Napolik ere ia debalde bidaltzen ditu Rotterdamera.

Politikariek erabiltzen dituzten argudioak beti berak dira: ‘nik Vienak bezala egin nahi dut, haiek erraustegia hiriaren erdian dute’. Bale, baina esan ezazu Vienan gaikako bilketa %42 dutela. Danimarkan hondakinen %70 errausten dute, eta martxan jarri dute lege bat pixkanaka erraustegiak ixteko.

Politikaria banintz, galdetuko nuke: zein da eredurik onena Donostiarentzat? Ljubljanakoa? 300.000 biztanleko Ljubljanan erraustegia erabiltzea proposatu zitzaien baina Zero Zabor izatea aukeratu zuten. Ljubljana Green Capital da, 100 kilometrora dago Vienatik, eta ez dute esan ‘Vienak bezala egin nahi dut!’. Haiek esan dute ‘ez dugu nahi errausketarik, Zero Zabor izan nahi dugu’.

Zero Zabor aukera bat da aurpegi on bat bilatzeko modernitateari. Modernitatea ez dago lotuta makinarekin, konponbidea ez dator azken belaunaldiko errausketa modeloarekin. Beste era batera egin badaitezke gauzak, zergatik ez kopiatu Hernani? Italian atez atekoaren aldeko herritarrei terrorista deitzen diete, baina gero dirua herritar terroristen patrikatik ateratzen dute. Ongi badoa haiek irabaziko dute, gaizki ateratzen bada herritarrek ordainduko dituzte galerak. Diruaz ari garenean, egon behar du prozesu parte-hartzaile horizontal batek, erabakia hartu baino lehenago. Erraustegiak ez du atzera bueltarik. Zergatik hautatu hori, garestia baldin bada eta hondakinak inportatu behar baldin baditu? Beste era batera egin badaitezke gauzak, zergatik jarri arriskuan etorkizuneko belaunaldien bizitza?”.

Publikotik galdetu diote ea atez atekoa ez den beste gaikako bilketarik ezagutzen duen: “Italian estatistikak esaten digu gaikako bilketa egiteko modurik onena atez-atekoa dela. Gerta daiteke hamar-hamabost urtera hurbiltasun sistemek funtzionatzea, herritarrak ohitu direnean, ohartzean ez dagoela hondakinik, baliabide baliotsuak baizik. Austriako zenbait lekutan badituzte halako irla ekologiko edo ekogune batzuk: ez dago zaborrontzirik kaleetan, ekogune horiek zainduta egoten dira, eta zenbat zabor ekarri, hainbat ordaindu behar duzu. Ordenon probintzian txartel elektronikodun edukiontziekin hasi ziren baina sistema aldatu behar izan zuten eta atez-atekoa hartu dutenetik gehien birziklatzen duen bigarren eskualdea da. Florentzian zonalde batean edukiontzi txipdunen sistema hori erabiltzen dute, baina bilketa oso zikina da.

Atez atekoaren indarra da herritarra sentsibilizatuta dagoela. Esaten ziguten ‘herritarren askatasuna ukatzen diguzue’, herritarren askatasuna edukiontzietan balego bezala! Umeen begiekin begiratu behar dugu eta ulertzean zaborrak ez direla zabor, materia baliotsu baizik, gauzak aldatzen dira. Errepidean arautzen denean 120 kilometro orduko abiaduran ezin dudala joan, umeak hiltzeko arriskua dudalako, ez naiz inoren askatasuna mugatzen ari.

Politikariek kontuan izan behar dute gure planetaren zaindariak direla, ez jabeak. Datozen belaunaldien zaindariak gara. Zer arazo dago atez atekoa jartzeko? Bildu dezakegu atez-ate organikoarena bakarrik eta gainerakoa garbiguneetan, baina kutsatzen duenak ordainduz”.

Borrokaren poza

Cappanoriko borrokaren bilakaera azaldu du, umore handiz: “Hasiera hartan, herritarren babesa genuen baina ez mundu zientifikoarena. New Yorkeko kimikari irakasle bat ekarri genuen eta 1996ko urtarrilean topaketa egin genuen Luccako gobernuaren jauregian: etorri ziren politikariak, irakasleak, aktibista asko, herritarrak, prentsa… arrakasta handia izan zuen. Amaieran festa antolatu genuen herriko auzo batean: Energia handia zegoen, 50 aktibista ginen elkarturik, ulertua genuenak bide onetik gindoazela, misio eta helburu bat genuela. Gurea garaileen historia da. Amore eman bagenu, Cappanorin erraustegia egin balute, inor ez zen arduratuko Cappanoriz. Herrian jendea oso harro dago, gaiak pasioa sortzen du, eta jakintza kolektiboa ere bai. Eta orain aditurik garrantzitsuenak gure alde daude!

Luccako probintzian (Toscana) zazpi erraustegi ixtea lortu dugu: bi hiri hondakinetarako eta bost industria hondakinetarako. Hasieran esaten ziguten ezetzaren alde besterik ez genuela egiten, baina ezetz esan behar genion erraustegiari, 30 urtez nahi ez genuen etorkizun batera bideratuko gintuelako. Hasieratik esan dugu baietz, beste bide hau nahi dugula hondakinen arazoa konpontzeko. Hasieran alkateari bilera eskatzean ez zuen inoiz denborarik gurekin biltzeko, ez ginen inportanteak beraientzat. Obamarekin egon eta gero harrotasun pixka bat sentitu dut, alkateak baitira orain nirekin egoteko ilaran egon behar dutenak. 2013an Goldman saria eman zidatenean ‘heroia’ nintzela esan zidaten. Ez exajeratzeko eskatu nien, eta eurek erantzun ‘bai, zu heroia zara, frogatu duzu pertsona arruntek gauza handiak egin ditzaketela’. Askotan pentsatzen dugu kaleko jende arruntak ez dugula ezer pintatzen, boterea dutenek erabakitzen dutela dena. Baina ez, gu oso inportanteak gara, pertsonok egiten dugu diferentzia. Etxean gelditzen bagara alferrik da. Erakutsi digute zinikoak izaten, baina zibikoak izan behar dugu.

Harako hark zioen moduan, hasieran baztertuko zaituzte, gero kriminalizatu, zoaz aurrera eta irabaziko duzu, mundu osoa egongo da zurekin. Italian 30 erraustegi ixtea lortu dugu eta estatistikak dio biztanleria aurka dagoenean, ez direla eraikitzen.

Aktibistak bakarrik sentitu ohi gara baina ez da hala, komunitate handia gara, beharrezkoa da konektatzea eta esperientzia onak partekatzea. Elkarrekin izango gara indartsuagoak, esperientzia batek bestea indartzen du, arrakastak sozializatu behar ditugu. Beste herrialdeetako garaipenak gureak ere badira. Erakutsi zuen garaipena, horrela, planetaren beste herri batzuetan esango dute ‘Gora Hernani!’. Espero dut irakurtzea garaipen hori, Donostian ez dela egingo erraustegirik.

Zuhaitza bezalakoak gara, aktibistak gara sustraiak. Baina sustraiak lehortu egiten dira hostoek ez badute oxigenorik hartzen, eta horretarako zuhaitzaren adarrak dira jakintza globala. Gurea bezalako udal txiki bat iritsi gara San Frantziskoko badia baldintzatzera. Besteen praktikarik onenak hartu behar ditugu. Hernaniko auzokonposta oso praktika ona da, Poloniako udal batek martxan jarri nahi badu Hernanira etor daiteke, esperientzia ezagutu eta konpartitzeko. Zero Zabor ez da zenbakiekin azaltzen: ez dut sinisten zenbakietan, kontakizunaren bitartez garatzen den jakintzan sinisten dut.

Aktibistok urte askoan entzun dugu bisionario ergel batzuk garela. Baina komunitatearen bilakaerak arrazoia ematen digu, egun %80 birziklatzen da. Hasieran Italian 24 Zero Zabor herri bakarrik zeuden, egun 226 dira. Europan 350-400 bitartean dira. Egin dezagun apustu politikariekin: hamar urte barru mundua gure norabidean joango dela. Gurea ez da borroka zibiko bat etorkizunera begira dagoena, egunez egun ekintza zehatzak egiteko gai dena baizik. Hau iraultza kultural bat da, eta iraultza kultural bat ez da gelditzen”.

Atez-atekoa: hobekuntzak elkarri ikasiz

“Sei urtera nator berriz Hernanira, eta gauza asko aldatura ikusi ditut herrian. Gauzetako batzuk nire udalerritik kopiatu dituzue, eta gure herritarrak oso harro daude horregatik. Baina oso pozik ikusten dut gu baino hobeto ari zaretela: aldaketak sartu dituzuelako, eta nik kopiatu nahi dizkizuet, esaterako, konpost kutxak. Herritarrek konposta egitea askoz hobea da. Atez atekoak funtzionatzen badu da jendea ados dagoelako. Beti dago herritarren bat ohitura txarrak dituena baina biztanleen %98k gizalege handiz jokatzen du eta horrek izan behar luke albiste, baina beti ateratzen dute medioetan %2 hori, gaizki bereizitako zaborren argazkia”.

Maiatzaren 14an Florentzian, 29an Donostian, 30ean Parisen

“Datorren larunbatean manifestazio handi bat egingo dugu Florentzian, ‘errausketari ez’ dioten amek eta Zero Zabor Italiak antolatuta. Hainbat talderen babesa lortu dugu, baita Australia, Filipinak, Alemania, Ingalaterra, Espainia, Frantzia… zuzeneko emanaldia egingo dugu Facebook bidez.

Maiatzaren 29an Donostian egingo den giza katerako babes osoa ekartzen dizuet. Batzen diren eskuak indar zeinua dira, ahalduntze zeinua, indartsuak gara elkarturik gaudelako eta argudio onak ditugulako. Egin dezagun Usurbilek eta Hernanik bezala, jarrai dezagun haien bidetik, ez errausketaren bidetik. Gonbidatzen zaituztet gauza bera egitea, garrantzitsua da Europari erakustea zer gertatzen den Donostian, Europako kultur hiriburua izanik, gehiago. Politikariak urduri jartzen dira sumatzen dutenean beste begi batzuk daudela begira. Sare sozialek mundu osoko begiak erakarri ditzakete eta halakoetan politikariak ez dira hain erasokorrak izaten.

Maiatzaren 30ean Parisen Zero Zaborren festa egingo dugu, eta hor bilduko gara Zero Zabor herrietako ordezkariak”.

Heziketaren argudio-tranpa.

“Umeek ez dute liburuetatik ikasten, adibideetatik baizik. Eta helduok berdin, ez gara hain ezberdinak. Pertsonok begiratzen dugu nola jokatzen dugun. Pertsonek, batez ere, ereduak, adibideak ikusten dituzte eta orduan funtzionatzen dute. Helduok izan behar dugu haurren eredu eta askotan ez gara. Ume inplikatuenari etxean esaten badiozu ‘nik nahi dudan tokian botako dut platano azala’ frustratuko da. Batzuek diote ‘orain azalduko diegu umeei nola zaindu mundua 20 urte barru, baina bitartean erraustu behar dugu’. Ez, atzo hasi behar genuen atez-ateko kudeaketarekin, eta ongi egin bitartean umeak hezten jarraitu. Saiatzen dira erabiltzen heziketaren argudioa aldaketak atzeratzeko. Eta ez. Heziketaren alde gaude, baina atzo hasi behar dugu lanean jendeari ahalik zerbitzu onena emateko”.

Plazetatik erretiroa hartu du maisuak

2016-05-03  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Erreleboa emanda utziko du plaza.

Erreleboa emanda utziko du plaza.

75 urte bete dituen egunean (maiatzaren 3an) iragarri du Xabier Amuriza Sarrionandiak bertsotatik erretiroa hartu duela. 1980an, txapela buruan, bertsogintza irauli eta bertso eskolak martxan jarri zituen eta geroztik etengabe aritu da bertsoz bideak urratzen. Omenaldia prestatzen ari dira bere inguruko bertsolariak, ekain amaierarako.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan eman du albistea: “Nire gazia eta gozoa gaur da. Gaur egiten ditut 75 urte eta entzule guztiei jakinarazi nahi diet, gaur hartu dudala bertsolaritza uzteko erabakia. Jendaurreko ibilera uztera noa. Gaurko egunez, 7 urte egin nituen egunean, tabernan kantatu nuen jendaurreko lehen bertsoa, aitarekin. Beste sasi bertsolari batek txapela pasa zuen eta garai hartarako dirutza batu zuen. Geroztik, hemen gaude. Gaur amaitu dut ibilbide hori”. Azken hiru saioak aipatu ditu, ingurukoek azkenak izango zirela jakinik antolatu dituztenak: apirilaren 22an Legazpin; Bilboko San Anton plaza atzeko tabernetan; eta gehien “hunkitu” duena, apirilaren 29an Altzon.

Apirilak 29an Altzon egin zuen hura, “azken” jendaurreko bertso-afaria, alaba Mirenekin egin zuen. Erreleboa emanda utziko du, beraz, plaza. (bertsoa.com-en dago ikusgai Altzon egindako elkarrizketa eta kantatu zuen azken agurra).

Hona hemen hurrengo hilabeteetan omenaldiak iragartzen dituen kartela:

Amuriza omenaldia

Bere ibilbidea errepasatzeko modu atsegina izan daiteke kontalari aparta ere badenaren hitzak irakurtzea, 2004an egin genion elkarrizketa honetan: “Plaza bat harrapatzen duena da bertsolaria“.

Kartzelan ernetako bertsogintza berria

1965ean apaiz egin zen, eta 1968tik aurrera, Francoren diktadura garaian, zazpi urte egin zituen preso, hiru espetxealditan (1976an Elixabete Garmendiak egindako elkarrizketan kontatzen du xehe) (Urko Apaolazak 2009an batu zituen 40 urte lehenago Gotzaindegian gose greba burutu zutenak). 1976an utzi zuen apaizgintza eta bertso ibilbideari ekin zion. Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980 eta 1982an. Bertsozale Elkarteko Datu Baseak aitortzen duenez: “1980ko txapelketan, berritasun handia ekarri zion bertsogintzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen”. Atzetik etorri diren puntako hainbat bertsolarik aitortu dute Amurizak eurengan izandako eragina (hemen Andoni Egañak kontatu zuen “bizitzaren pasartea“).

Plazan bezala eskolan maisu

Bertsolari jaio egiten zela esaten zen garai hartan (80ko hamarkadan) Amurizak “Hori bada baldintza, zuek jada betetzen duzue! jaio zarete!” egiten zuen aldarri, ondoren, bertsotan ikasi egiten zela azaltzeko. Bertso eskola asko Xabier Amurizak emandako ikastaro horietatik sortu ziren (webgune honetan duzue bertso eskolen sorreraren berri). Horietan lehena Santutxuko bertsolari eskola izan zen. Txapeldunak bertsolaritzari buruzko ikastaroa eman zuen Bilbon, egun Euskal Museoa den lekuan. Amurizak berak aitortzen duenez, talde hau izan ziren bere “esperimentutarako kuiak”: Hitzaren Kirol Nazionala eta Hiztegi errimatua idazten ari zen, eta praktikan non jarria izan zuen [Hiztegi errimatuaren berrargitalpen bat eskuetatik kenduko liokete gaur egun argitaratzaileei, bertso eskoletako ikasle oldeek. Zenbat etortzen diren galdezka!]. Ikastaroa bukatzean, Santutxuko gau eskolako kideek bertsolaritza lantzen jarraitu zuten, Joxerra Etxebarria maisu hartuta: “pentsatu genuen bertsotan egiten ikastea izan zitekeela euskara maila hobetzeko motibazioaren giltza. Amurizak ikastaroan irakatsitakoa praktikan ipini nuen Santutxuko eskolan”.

Amurizaren hitzalditik sortutako beste bertso eskola bat da Hernanikoa. Udaletxean Juanjo Uria alkate zela, udaletxeak antolatuta, Amurizak 1981eko azaroaren 11n eman zuela lehen klasea. Ikastaro horren ondoren herriko bi ikastolek bakoitzak bere eskola sortu zuen, eta helduek ere biltzen jarraitu zuten, euren kasa.

Amurizaren ikastaro gehienek ezaugarri berak zituzten: kopuruz oso handiak ziren, edade eta mota desberdineko jendea biltzen zen, bertsoa zer zen ez zekienetik bat-batean zerbait egiten zuenera. Amurizak “apoteosiko”tzat du garai hura, oso giro beroa sortzen zela du gogoan, herriz herri hainbat jende ezagutzen zuela, eta ikastaroek beti afaritan bukatzen zutela.

Txapelketetan

Bertsolari Txapelketa Nagusian Txapelduna izan zen 1980an eta 1982an eta hirugarren 1986an (ARGIAn finaleko egun hartan egin zioten elkarrizketa).

Bide urratzaile, beti

Bertsozale Elkarteko Datu Baseak dioenez, 90eko hamarkadan, plazarik plazako ibilia utzi, eta bestelako formatu batzuk lantzeko ahalegina egin zuen (gai-emailerik gabeko saioak bultzatu zituen, berak “Saio integral” deituak). Hona herriz herri eskaini izan dituen beste formatu landu eta berezi batzuk:

– Lazkao Txiki bat-bateko sorgina. Lazkao Txikiren pasarte eta bertsoekin emanaldia (1999an Joxepa Madariagak emanaldiaz eginiko kronika).

– Mende baten aldarriak XX.ean jarriak. Hautatutako bertso politiko eta sozialen bidez historian ibilbidea egiten zuten Jon Maiak eta biek.

– Harri eta herri. Arestiren poesia hautatuekin emaniko hitzaldi-errezitaldia.

Argitalpenak

Aurrez barkamenak, hain obra oparoa izanik zerbait kanpo geratuko zenaren beldur. Beste erreferentziarik duenak bidali, eta oso gustura gehituko dugu.

BERTSOLARITZA

– Hiztegi errimatua (1981, Elkar-AEK)

– Hitzaren kirol nazionala (1981, Elkar-AEK)

– Laurehun herri, mila bertso berri (1982, AEK–Elkar).

– Harri eta irri (1985, Elkar).

– Agur sagar beltzaran (2001, Bertsolari).

BIOGRAFIA

– Enaz banaz, autobiografia (1999, AEK – Bertsozale Elkartea).

– Vulkanoren atzamarrak: Rufino Arrola (2002, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea).

– Mañukorta bertsonajea (2014, Bertsozale Elkartea)

ITZULPENA

– Bai mundu berria (1971, Kriselu-Lur). Jatorrizko testuaren egilea: Aldous Huxley.

ELEBERRIA

– Hil ala bizi (lehenik, 1973, edizio klandestinoa, Larraun ezizenez, eta gero Elkar, 1983)

– Oromenderrieta (1984, Elkar).

– Emea (1985, Elkar).

– Joan ziren zikloa:

  1. Dinosauroak horizontean (2007, Xabier Amuriza).
  2. Orain ezin naiz hil (2008, Interneten eskuragai).
  3. Olatu bat kuartelen gainetik (2009, Lanku).
  4. 4×4 operazioa (2013, Lanku)

POESIA

– Menditik mundura (1977, Egilea editore).

SAIAKERA

– Zu ere bertsolari (1982, Elkar).

– Bertsolaritzaren historia (1996, Orain).

– Euskara Batuaren bigarren jaiotza. Osoa, lehiakorra, nazionala (2010, Lanku)

– Zazpi ebidentzia birjaiotzarako (2012, Lanku)

DISKOGRAFIA

– Menditik mundura (1978)

– Anje Duhalde Xabier Amurizaren kantari (1990)

– Bizkaiko kopla zaharrak (Joseba Tapiarekin elkarlanean) (1999)

– Vizcayatik… Bizkaiara (Oskorrik, Amurizaren Bizkaiko Bertsogintza liburuko bertsoz osatua) (2001)

– Betibizi (Leioako kantika korala eta Kepa Junkerarekin elkarlanean) (2010)

 

Xabier Amurizaren olerkiak beste hainbat kantariren abestiren letra izan dira:

– Mendian gora haritza. Imanol Larzabal, 1982

– Euskal Herrian Euskaraz. Oskorri, 1984

– Furra furra. Oskorri, 1984

– Mende lauren bat. Mikel Urdangarin, 2007

Errausketari buruzko 15 gezurri erantzuteko datuak

2016-04-25  //  Sailkatugabeak  //  2 iruzkin

“Errausketa eztabaidatzea Gipuzkoan eta Europan” jardunaldietan aditu hauek emandako datuak:

Roberto Bermejo, EHUko Ekonomia Iraunkorreko ohorezko irakaslea.

Iñigo Suberbiola Unanue, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko familia-medikua.

Gorka Bueno, Teknologia elektronikoko EHUko irakaslea.

Ainhoa Intxaurrandieta, GHKko lehendakari ohia.

Piotr Barczak, European Enviromental Bureau-ko hondakin politikako arduraduna.

loreahondartzan

1.- “Atez atekoa = ezker abertzalea= sistema madarikatua”. Badirudi sistema hau nazioartekoagoa dela, Gipuzkoako periodico salduena ailegatzen ez den lurretan ere zabaldua. Bermejo: “Europar Batasunak 2016ko konferentzian atera zuten ondorioa izan zen formula egokiena atez atekoa dela. Formula anitzetan: adibidez, herritar bakoitzaren poltsak kode bat izanik, ongi eta gaizki nork egiten duen identifikatzeko”.

2.- “Gipuzkoan itsutu egin gara zaborrekin”. Barczakek oso bestela baloratzen du Gipuzkoako esperientzia: “Gipuzkoa orain 2 urte ezagutu nuen eta Europan noan toki denetan kontatzen dut Gipuzkoako historia. Gipuzkoa eredu da, arrakastaren historia da bertakoa. Orain esaten didate atzera egin duela Gipuzkoak 25 urte, oso tristea iruditzen zait”.

 

hilkor3.- “Ez dago frogatuta erraustegiak minbizia sortzen dutenik”. Frantziako Osasun taldeak ikerketa eskatu zuen eta ondorioa atera zuten erraustegiak direla dioxina eta furano iturri handienak eta baita ere dosi batetik aurrera dioxinak hilgarriak direla. 1997an Minbizia Ikertzeko Agentzia Internazionalak frogatutzat eman zuen dioxinek minbizia sortzeko duten gaitasuna.

4.- “Erraustegi modernoek ez dute osasunean kalterik eragiten”. Suberbiola: “2004an modernoak ziren erraustegien ikerketak baditugu eta emaitzek diote minbizi tasak igo egiten direla”. Eta erraustegi modernoenek ere, istripuak izaten dituzte: “Bada informe bat dioena ia 50 istripu izan direla Europan azken 10 urtean. Suteak, leherketak… Alemanian, Frantzian, erraustegi ‘moderno’ ereduzko horietan. Zer ondorio dituzte erraustegi modernoetako istripuek osasunean? Prentsak hainbeste isiltzen duen gaia izanik, ez dago ikerketa zehatzik istripuenik. Baina datuak baditugu Italiako Sevesoko kimika fabrikarenak. Sevesoko istripuan han ziren biztanleek, 20 urte beranduago, gorputzean dioxina kopuru handiagoa izaten jarraitzen dute beste herritarrek baino, eta heriotza tasa altuagoak dituzte. Ebidentea da istripuetan liberatzen diren dioxinak ezin direla kontrolatu, eta osasunean eragin zuena dutela ere bai”.

5.- “Nire herrian joango ez denez, bost axola”. Suberbiola: “Ikerketa batzuek diote 10 kilometroko erradioan duela eragina eta Zubietatik 10 kilometroren barruan 300.000 biztanle bizi gara. Ondorioak garbiak dira: Tumore gaiztoak (bular, urdail, kolon, haur minbizi…), sortzetiko malformazioak (horietako batzuek hilgarriak), arnasketa eta bihotz gaixotasunak eta haurrengan asaldura hormonalak ikusi dira (sexualak eta tiroideoak)”. Eta ordaindu, egungo eta hurrengo hiru belaunaldietako gipuzkoar denek ordainduko dugu.

6.- “Biodonostiak Zubietako erraustegiari buruzko 5 urteko ikerketa egingo du”. Suberbiola: “Nazio Batuetako Komite Zientifikoak dio gutxienez 10 urteko epea ikertu behar dela tumoreei buruzko ikerketa sendoak egiteko. Albistea argitaratzea oso erraza da. Baina medio jakin batean publikatu izanak ez du esan nahi ikerketaren diseinua eginda dagoenik eta gainbegiratuta”. Gainbegiratu behar dutenen artean dago nazioartean oihartzun handia duen Carlos III Osasun Institutua, eta honek 1997-2006 arteko minbizi kasuak aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen erraustegitik 5 kilometroko erradioan batez ere minbizi mota batzuek askoz gehiago egiten dutela gora.

7.- “Zabalgarbin lan egiten dut eta osasuntsu nago”. ETBk Zabalgarbiz egin zuen “albistean” (oraindik ez dakigu zehazki erreportaje haren albistea zein zen) agertu zen Zabalgarbiko langile bat esanaz oso osasuntsu zegoela. Suberbiola: “Hori da nik kamara aurrean esatea bezala ‘begira, zigarroa erretzen ari naiz eta ez naiz akabatzen!’. Dauden ikerketa gutxiek diote bertako langileek askoz osasun arrisku handiagoa dutela gainerako herritarrek baino”.

labegoria8.- “Europako herri aurreratuek erraustegia dute”. Bermejo: “1970ean izan zen Europan erraustegien urrezko aroa, baina egun gutxitzera jo du. Jabetu dira dituen kalteez. Hemen ez, dirudienez”. Barczak: “2020rako Europan hondakinak erraustea debekatu beharko genuke. Gutxienez, hondakin mota jakin batzuekin. Europan helburutzat jarri beharko genuke gehienez pertsonako urteko errefusa zenbatekoa izan beharko lukeen: 50 kilo baino gutxiago. Orduan, ez ditugu gaur adina erraustegi beharko”.

9.- “Erraustegiek sortzen duten energia berriztagarria da”. Barczak: “Behin betiko esan behar dugu ezin diogula berriztagarri deitu nahi ez dugun zerbaiti. Hondakinak ez ditugu sortu nahi eta kito, argi eta garbi esan behar da hondakinak ez direla energia berriztagarri, ez direla hondakinak sortu behar”.

10.- “Erraustegiek hondakinen balorizazio energetikoa egiten dute”. Bueno: “Zabalgarbiko ziklo konbinatukoa da: behar duen energiaren %70 gas naturaletik datorkio, eta erre den gas bero hori berriro ur eta bapore galdara berotzeko erabiltzen da, eta bigarren fase honetan erabiltzen dira hondakinak (sortzen duen energiaren %15 da hondakinak errez lortzen duena”. Bermejo: “Zabalgarbikoa martxan jarri zutenean, motoa saltzen ziguten: ‘Sekulako energia pila sortuko du!’ bai, baina gas naturala erreaz, ez zaborra erreaz”. Bueno: “Hondakinen balorizazio energetikoa egiteko, elektrizitatea sortu behar du, baina bigarren fasean, ur eta bapore galdara berotzean. Zabalgarbik 2003an lau hilabetez ez zuen batere argindarrik sortu. 2005ean gorabeherak izan zituen sortu zuen argindarrean eta 2007 arte 40 megawatio sortuz jardun zuen, gas turbinarekin bakarrik funtzionatuz, eta beraz, hondakinak erretzetik batere argindarrik sortu gabe. Hau guztia legala da, esan ezin dena da tona pila hondakin balorizatu direla. Argindarrik sortzen ez duen hondakina ez da balorizatzea. Energetikoki ere, hobea da balorizatzea materia osoetan, zeren birziklatzen dugun material bakoitza sortzeko ere energia kopuru bat behar da. Objektu baten balio energetikoa handiagoa da materia modura duena, erretzean eragiten duena baino”.

11.- “Erraustegiak efizienteak dira”. Bueno: “%18-%25 arteko efizientzia dute erraustegi modernoenek. Zabalgarbiko efizientzia osoa %43 ingurukoa da, baina erraustegi arrunt bat baino altuagoa den arren, gas naturaleko plantekin alderatuta askoz txikiagoa da. Alegia, gas naturaleko planta batekin efizientzia gehiago lortuko genuke, zaborrik erre behar izan gabe. Zabalgarbi sorreratik baliatu da energia berriztagarrien primez: 2012an 20 milioi jaso zituen prima hauetan eta erabat ilegitimoak dira (Zabalgarbik sortzen duen energiaren %15 bakarrik delako berriztagarria). Zabalgarbik gas natural pila behar du martxan egoteko, eta Zabalgarbitik irteten den argindarrak merkatuan duen prezioa  txikiagoa da behar duen gas natural kostua baino”.

85birziklatzen12.- “Erraustegia ekonomia zirkularra da”. Barczak: “Ekonomia zirkularraren norabidea hartu du Europak. Eta ekonomia zirkularraren barruan ez du erraustegiak existitzen Europako batzordearen arabera. Digestio anaerobikoa, biogasaren eta metanoaren ekoizpena da ekonomia zirkularrarekin bateragarria den bakarra. Iaz Bilbon aritu nintzen ekonomia zirkularraz, Eusko Jaurlaritzak antolatutako hitzaldi batean. Erraustegiaren kontra hitz egin nuen, eta harrituta geratu ziren nire adierazpenekin”. Bermejo: “Erabat inkoherentea da esatea erraustegia jarriko duela eta ekonomia zirkularraren alde dagoela”.

13.- “Zabortegien alternatiba da erraustegia”. Intxaurrandieta: “Errausketatik 50.000 tona zepa ateratzen dira urtean eta 10.000 tona errauts toxiko (eta horiek ere zabortegira bideratuko dituzte)”. Bueno: “Zalla eta Igorreko zabortegira eraman zituzten 2009-2012an Zabalgarbitik ateratako 208.000 tona zepa. Izan daitezke arriskutsuak edo ez, hori jakiteko karakterizazio bat egin behar da eta Aldundiak ez du egiten”.

erraustegirikezweberako14.- “200.000 tona erretzeko moduko erraustegia behar dugu”. Intxaurrandieta: “prognosi okerrean oinarritzen da erraustegi proiektua. Errealitatea makilatu egin digute, eurek egin nahi duten errauste plantan enkajatzeko. Lotsarik gabe diote hazkunde demografikoa emango dela Gipuzkoan, INE eta EUSTAT eta denek diotenean gero eta jende gutxiago biziko garela. Prognosiaren oinarrian esaten da kanpotik etorriko dela jendea bizitzera gure pentsioei eta eusteko, eta horregatik egingo duela hondakin kopuruak gora. Errauste planta gaindimentsionatuta dago. Erraustegiaren gaitasuna, euren hitzetan, 200.000 tona erretzeko izango da. 2015ean 163.000 tona errefus jaso ziren, baina TMBtik igarotzean 117.000 tona irten ziren, beraz, egun dugun hondakin kopuruaren bikoitza hartuko luke erraustegiak. Argi dago, kanpotik ekarriko dute zaborra erretzeko”. Bermejo: “Ez du zentzurik ekonomiaren ikuspegitik erraustegiak: Hondakinak gutxitzen ari gara eta zabor kopuru handia behar duen erraustegia da planteatzen dena. Gainera Europak dio 2025erako %65 birziklatu beharko dela, eta erabat bereizi organikoa. Zenbat zaborrekin geratuko zara? zer jarriko duzu, mini-mini-mini erraustegi bat?”.

15.- “TMBak birziklagarria den dena bereizten du, beraz, errefusa da erreko den bakarra”. Intxaurrandieta: “Errauste plantaren aurretik TMBa planteatzen digute, Tratamendu Mekaniko Biologikoa. Zein da bere helburua? Hondakinak prestatzea hobeto erretzeko. Tratamendu Mekanikoan metalak bakarrik kentzen dituzte, metala erretzeko ez delako ona, arazoak ematen dituelako. Eta organikoak duen ura kentzea da tratamendu biologikoan egiten duten bakarra, ura ere erretzeko txarra delako. Baina kartoiak, ontzi arinak… hori dena ere erre egiten dute, ez dute bereizten”. Barczak-ek bestelako TMBen alde hitz egin zuen: “TMB planten helburua iíndicezan behar du ahalik gehien berreskuratzea. Materialen %33 berreskuratu dezakegu. Beti ezin da kalitate goreneko materiala lortu, baina horiei ere erabilera bat lortu behar diegu, eta ez zuzenean erraustu”.

Erraustegi bat? beste bat?

Barczak: “Europako estatu bakoitzaren errausketa gaitasuna aztertzen du gure dokumentuak, eta ikusten da errauste gaitasun handiegia dutela. Miarritzen erraustegi bat dago eta hondakinak eskatzen ditu, beraz, zergatik ez dituzue errefusak hara bidaltzen? Erraustegi berriak sortu baino, lehenetsi beharko genuke martxan dauden erraustegietara bideratzea hondakinak”.

Barczak-ek oihu honekin bukatu zuen hitzaldia, euskaraz: “ERRAUSKETARIK EZ!”

ERRAUSKETA EZTABAIDATZEA GIPUZKOAN ETA EUROPAN

2016-04-22  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

jardunaldiakEuropako Legebiltzarreko GUE/INGL taldeak Jardunaldiak burutu ditu. Hemen dituzue hitzaldietako ideia aipagarri batzuek:

Roberto Bermejo: “Erabat inkoherentea da erraustegia jarri eta ekonomia zirkularraren alde dagoela esatea”

Iñigo Suberbiola: “Osasunean dituen ondorio larriak frogatuta daude eta 300.000 herritarrei eragingo die”

Gorka Bueno: “Ezin zaio balorizazio energetikoa deitu hondakinak erretzeak elektrizitaterik sortzen ez badu”

Eguerdiko mahai-ingurua

Ainhoa Intxaurrandieta: “TMBaren helburua errausketa bada, material birziklagarriak ez dituzte bereizten”

Piotr Barczak: “Europako batzordearentzat, errausketa ez da ekonomia zirkularra”

 

15 / 30«Aurrekoa10141516172030Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA