Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Eguerdiko mahai-ingurua
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Mahai-kideak: Paloma Lopez (Europako parlamentaria GUE/NGL taldean), Iñigo Suberbiola (familia-medikua) eta Gorka Bueno (EHUko irakaslea).
Gorka Bueno: Hiri hondakinen erreketa konparatzen denean ikatz zentral batekin, edo ziklo konbinatuko gas naturaleko planta batekin, bada alde oso larri bat: errauste planta batean ez dakigula zer sartzen den. Ikatz zentral bat oso toxikoa da baina badakigu zer sartzen den. Erraustegi batean ezinezkoa da kontrolatzea zer irteten den, ezinezkoa delako kontrolatzea zer sartzen den.
Iñigo Suberbiola: Zer gertatzen da azken 3 urtean zaborretara bota duzun guztia 500 gradutara erretzen badugu? Ikerketek diote ezin dugula jakin erreketa horretatik irteten den emaitza kimikoa ez dugula ezagutzen. Irteten diren elementu kimiko ezagunak adina dira ezagutzen ez direnak. Esperimentu kimiko etengabeko bat da erraustegia. ETBn agertu zen Zabalgarbiko langile bat esanaz han lan egiten zuela eta oso osasuntsu zegoela. Hori da bezala ni irteten banaiz bezala kamara aurrean esanaz “begira, zigarroa erretzen ari naiz eta ez naiz akabatzen!”. Dauden ikerketa gutxiek diote bertako langileek askoz arrisku handiagoa dutela gainerako herritarrek baino.
Birziklapen balantzeaz
Gorka Bueno: Gipuzkoarako bi eredu aztertu genituen, bata erraustegian oinarritua eta bestea bilketa selektiboan. Energetikoki ere, hobea da balorizatzea materia osoetan, zeren birziklatzen dugun material bakoitza sortzeko ere energia kopuru bat behar da. Objektu baten balio energetikoa handiagoa da materia modura duena, erretzean eragiten duena baino.
Zer egin daiteke?
Paloma Lopez: Araudi europar bat egoteak ez du esan nahi estatuak aplikatu behar duenik, ezta europar araudiak dioen bezalaxe aplikatu behar duenik ere.
Europak ez ditu energia berriztagarritzat hartzen erraustegiak. Espainia ez da iritsiko energia berriztagarriko araudia betetzera iritsiko. Europak bide bat darama araudietan, eta estatuek beste batzuek daramatzate. Eta Europak ez du zigortzeko eskumenik? Bai, kontua da duen eskumena hain txikia izanik, estatuei bost axola zaiela betetzea edo ez.
Fiskalitatea estatuen eskumena dira, eta eurek erabakitzen dute fiskalitate berde bat martxan jartzea edo ez. Etengabeko eskaria da Europako komisiotik, fiskalitate berdea jarri dezaten, baina ez da lortzen jartzea.
Noski egin daitezkeela gauzak: galdera parlamentariak egitea (hilean 9 egiteko muga jarri digute), datuei buruz, horrela agertuz gai batzuekiko arduratuta gaudela. Kasu zehatz bat aurkeztera ere joan daiteke komisiora eta eskatu neurri zehatzak hartu daitezela horrekiko. Bide hori irekita duzue.
Gorka Bueno: Defizit fiskalarekin ez da ba hain malgu ibiltzen Europa!
Paloma Lopez: Estatuari esaten ez diotena da nondik egin behar duzun murrizketa. Estatuak erabaki zezakeen ebasio fiskala gutxitzea. Estatuek egin dezakete euren erako politika fiskala.
Europako araudiaren arabera, erraustegiko zepak arrisku handikotzat zaindu behar dira eta zabortegi bereziak behar dituzte. Zabalgarbikoak zementuarekin nahastuta botatzen direla esan duzu.
Gorka Bueno: Zalla eta Igorreko zabortegira eraman zituen 2009-2012an 208.000 tona. Izan daitezke arriskutsuak edo ez, horretarako karakterizazio bat egin behar da eta Aldundiak ez du hori egiten. Kontseilariak onartzen du zabortegira eraman direla eta gainera isurketa eremutik kanpo bota direla. Isurketa eremurako bideak egiteko ere erabili dira. Baina euriarekin eta nahastuta filtratu egiten dira.
Errautsak ere atera behar ditu filtroetatik eta labearen hondotik, eta hori hondakin arriskutsua dira: 16.000 tona errauts sortu ziren 2009-2012 artean eta Zabalgargbi ondoko enpresa batera eramaten dira, estabilizazio prozesu bat egiteko. Prozesu horretan nahasten dira hondar eta zementuarekin. Hortik ateratzen den hondakina masan bikoitza edo hirukoitza da (hondarra eta abar nahastu zaizkiolako), ez du galtzen arriskugarritasuna, eta zabortegi kontrolatu batera eraman behar dira, Larrabetzu eta Lemoara. Aztertu behar litzateke zer tratamendu eman zaien errauts horiei, nola eraman diren zabortegietara…
Gorka Bueno: “Zabalgarbin ezin zaio balorizazioa esan argindarrik sortzen ez duen hondakinen erretzeari”
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bizkaiko hiri hondakinen egoera azalduko dut. Ekologistak Martxan taldeak egindako lana eta unibertsitatean egin izan dudan lana hartuko dut oinarri. Ekologistak Martxan taldeak txostena aurkeztu genuen Bizkaiko Batzar Nagusietan (bertan duzue hemen azalduko dudan informazio osoa).
Diputatu Nagusiak azaroan Zabalgarbiren urteurrenean (2 urte daramatza martxan) esan zituen hitzak: “Bizkaia estatuaren barruan Alemania txiki bat gara. Erreferentzia gara nazioartean, eta gehieneko exijentziak betetzen ditugu”. Aldundiak 2014ko datuak argitaratu zituen eta esan zuen energetikoki %30 baliagarri egiten dela eta Bizkaiko birziklapena %70era iristen dela. Ez da hala, %40tik beherakoa da birziklapena 2014an. Gainera ez du bermatzen Europako helburuak betetzea (2020rako %50 izatea).
500.000 tonelada zepa sortu ditu 12 urteotan Zabalgarbik. 609.000 tona zabor sortu ziren 2014an. Nahastuta biltzen da horietatik 200.000, eta hauetatik 183.000 doaz Zabalgarbira. Beste 370.000 selektiboki bildua da: hauetatik 4.000 tona bakarrik dira konpostean biltzen dena. Hauetatik 121.000 tona TMB plantara doaz eta tratamendua jaso ondoren Zabalgarbira doaz hauek ere. Beraz, Zabalgarbira gehiago doa esaten dutena baino. Hor dago tranpa: birziklapena nahasten dela sailkapen selektiboarekin. Eta indikadore hau biltzen du 2020rako Jaurlaritzaren plana. Hondakinen tratamenduan “bilketa eta sailkapen selektiboan” aurrera egitea aurreikusten da, baina hori ez da birziklapenean aurrera egitea.
Zabalgarbik urteko sortzen dituen 43.000 tona zepa material birziklatu gisa konputatzen ditu Aldundiak. Zepak ez dira birziklatzen, beraz, Aldundiak egiten duen tranpa da. Zabalgarbitik irteten diren beste 182.000 tona “galera” gisa kontabilizatzen ditu, eta zer dira galera horiek? ba gasa dira, atmosferan galtzen direnez, galera gisa kontabilizatzen du, eta tonelada pila hori kentzen dio Bizkaiak urtero sortzen duen zaborrari. Kontatzeko modu horrek erabat bortxatzen du hondakinen hierarkia. Metodologia honekin Aldundiak erraustegia parekatzen du hondakinen sorrerarako prebentzio neurri gisa. Horrela esaten du Bizkaian %67 dela birziklapena.
Aldundiak primeran daki benetako birziklapen datua %40tik beherakoa dela. Ezinezkoa da 2020rako birziklapen tasa Europak markatutako %50era pasatzea, Zabalgarbik ezinezko egiten duelako.
Zabalgarbiko zepak Zalla eta Igorreko zabortegira joaten dira, eta zabortegira badoaz ezin dira birziklatu modura kontatu. Baina kontseilariak onartu du zabortegitik kanpo ere isurtzen ari direla, eraikuntza lanetan erabiltzen ari dira. Europako araudian, zepetan bereizten dira arriskutsuak direnak (* batekin markatzen dira) eta ez direnak. Zabalgarbi martxan jarri orduko egin behar zuten zepen karakterizazioa, eta oraindik egin gabe dago, beraz, ez dugu daturik zepa horiek ez direla arriskutsuak bermatzeko.
Balorizazio energetikoaren eredua
%18-%25 arteko efizientzia dute erraustegi modernoenek. Zabalgarbiko erraustegia berezia da. Ziklo konbinatukoa da, behar duen energiaren %70 gas naturaletik datorkio, eta erre den gas bero hori berriro ur eta bapore galdara berotzeko erabiltzen da, eta bigarren fase honetan erabiltzen dira hondakinak. Zabalgarbik sortzen duen energiaren %15 da berriztagarria (hondakinetatik sortua). Zabalgarbiko efizientzia osoa %43 ingurukoa da, baina erraustegi arrunt bat baino altuagoa den arren, gas naturaleko plantekin alderatuta askoz txikiagoa da. Alegia, gas naturaleko planta batekin efizientzia gehiago lortuko genuke, zaborrik erre behar izan gabe.
Hondakinen balorizazio energetikoa izateko, elektrizitatea sortu behar du, baina elektrizitatea sortu behar du bigarren fasean, ur eta bapore galdara berotzean. Zabalgarbik 2003an lau hilabetez ez zuen batere argindarrik sortu. 2005ean gorabeherak izan zituen sortu zuen argindarrean eta 2007 arte 40 megawatio sortuz jardun zuen, gas turbinarekin bakarrik funtzionatuz, eta beraz, hondakinak erretzetik batere argindarrik sortu gabe. Hau legala da, esan ezin dena da tona pila hondakin balorizatu direla. Argindarrik sortzen ez duen hondakina ez da balorizatzea.
Zabalgarbi sorreratik baliatu da energia berriztagarrien primez, eta erabat ilegitimoak dira. 2012an 20 milioi euro jaso zituen prima hauetan. Zabalgarbik gas natural pila behar du martxan egoteko, eta Zabalgarbitik irteten den argindarrak merkatuan duen prezioa txikiagoa da behar duen gas natural kostua baino.
TMBko langileak greban daude
Baliatzen dut aukera langile hauekin elkartasuna publikoki adierazteko. Soldata oso eskasak dituzte, 1.000 eurotik oso beherakoak, zaborrekin lan egitea oso gogora da.
Iñigo Suberbiola: “Medio jakin batek albistea argitaratu izanak ez du esan nahi Biodonostiaren ikerketa diseinua egina eta gainbegiratua dagoenik”
2016-04-22 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Metal astunek eragin ditzaketen gaitzak aipatu ditu: giltzurruneko gaitzak, biriketakoak, asaldura neurologikoak, minbizia…
Mikro-partikulak
Garrantzia handia ematen diegu mikropartikulei. Azken urtetan ikerketa handiak egiten ari dira eta ikertua dago bizi itxaropena jaisten dutela, batez ere 5 urtez beherako umeetan erasokorragoa izanik. Adibidetzat jarri du Iruñea: kutsadura maila baxua duen arren, doktorego tesi batek frogatu du mikro-partikula hauen maila igotzen zenean, epe motzean hilkortasun tasa igo egiten zela, batez ere bihotzekoekin. Kutsadura igoera ematen zenean hilkortasun tasa eta ospitaleratzeak igo egiten ziren eta kutsadura jaistean besteak ere jaitsi.
Kutsadurak 12,6 milioi heriotza sortzen ditu munduan, heriotzen %16 kutsaduraren ondorio dira.
Dioxinak
Ezaugarri fisiko eta kimiko bereziak dituzte. Oso iraunkorrak dira eta gorputzen grasetan pilatzen dira. Gorputzak, esaterako, alkohola metabolizatu eta kanporatzeko gaitasuna du, baina dioxinekin ez da hala, eta gorputzean metatzen joaten dira. Frantziako Osasun taldeak ikerketa eskatu zuen eta ondorioa atera zuten erraustegiak direla dioxina eta furano iturri handienak eta baita ere dosi batetik aurrera hilgarriak direla. Rhesus tximuekin eginiko esperimentuetan (gizakiarengandik oso hurbil dagoena) kantzerigenoa dela ikusi zen. 1997an Minbizia Ikertzeko Agentzia Internazionalak frogatutzat eman zuen dioxinek minbizia sortzeko duten gaitasuna.
OEIT Mediku Taldea
2003-2004an sortu zen taldea Txingudin, ikusi genuenean nazioarteko ikerketek agertzen zutela erraustegiak ondorio oso larriak dituela herritarren osasunean. Deitzen diguten lekuan hitzaldiak ematen ditugu. Ez gaude inongo alderdiri lotuak, ez ideologia ezker edo eskuinekoari. Mediku ikuspegitik lan egiten dugu. Dugun informazioa zabaltzen dugu, Arartekoarekin bildu ginen eta alderdi politiko denekin bildu nahi dugu gure txostenak emateko.
Nazioarteko ikerlanen bilduma
Edozein ikerlarik lehenik egiten duena da datu baseak hartu eta nazioartean argitaratu den guztia errebisatzea. Med Line da datu base garrantzitsuenetako bat. Ondoren bildutako ikerketa guztiei galbahea pasa diegu: Kalitate metodologikoa, ikerketa denbora, eta interes konfliktorik ez egotea (independentzia), adibidez. 14 ikerketa hartu dituzte oinarri.
Atera diren ondorioetako batzuk: %3-%51 igo direla minbizi kasuak erraustegitik 3 kilometroko erradioan bizi direnen artean. Erraustegiaren inguruko minbiziek batez ere emakumeei eragiten dietela. Carlos III Unibertsitatea da nazioartean oihartzun handia duenetako bat eta 1997-2006 arteko minbizi kasuak aztertu zituen, eta erraustegitik 5 kilometroko erradioan batez ere minbizi mota batzuek askoz gehiago igotzen dela: handiena hezurretako minbizi igoera da: 2,82 orokorra eta 12,4 gizonen kasuan.
2016ko ikerketa bat Italian egindakoa da, eta 2001-2010 artean egindakoak: emakumeen arnasketa arazoak izugarri handitu direla detektatu du.
1998an Jaurlaritzak ingurumen legeak prekauzio printzipioa hartzen du
Duda nahikoa bada neurriak hartzeko, guk ere printzipio hori aldarrikatu nahi dugu.
300.000 biztanle Zubietatik 10 kilometroko erradioan
Zubietatik 5 kilometroko erradioan 46.000 biztanle bizi gara eta ikerketa batzuek diote 10 kilometroko erradioan duela eragina eta 10 kilometroren barruan 300.000 biztanle bizi gara.
Ondorioak garbiak dira: Tumore gaiztoak (bular, urdail, kolon, haur minbizi…), sortzetiko malformazioak (horietako batzuek hilgarriak), arnasketa eta bihotz gaixotasunak eta haurrengan asaldura hormonalak ikusi dira (sexualak eta tiroideoak).
Publikotik galderak jaulki dizkiote:
Biodonostiak ikerketa egingo duela iragarri da. Biodonostia barruan parte hartzen du Carlos III Osasun Institutuak eta 2006an ikerketa atera zuen honek, 10 urte ikertuta. Aldiz, Biodonostiak 5 urteko ikerketa iragarri du. Zer ari da gertatzen? Nola abalatu dezake, metodologikoki oinarri ahuleko ikerketa?
Nazio Batuetako Komite Zientifikoak dio gutxienez 10 urteko epea ikertu behar dela tumoreei buruzko ikerketa sendoak egiteko. Badira ikerketak diotenak tabakoak ez duela minbizirik sortzen. Garai hartan halaxe egiten zituztelako ikerketak: batez ere gazteak hartzen zituzten eta oso epe motzean aztertu, beraz, emaitza zen erretzen zutenak gutxiago hiltzen zirela erretzen ez zutenak baino (zaharrak gehiago hiltzen direlako). Bai, Biodonostiarena argitaratu dute, baina ez dut uste bertako kide diren denek errebisatu eta ontzat eman dutenik. Albistea publikatzea oso erraza da. Medio jakin batean publikatu izanak ez du esan nahi ikerketaren diseinua eginda dagoenik eta gainbegiratuta.
Duela bi hilabete medio bateko portadan izan zen ikerketaz.
“Incineración de residuos urbanos y salud pública” 2004ko ikerketa atera zen duela pare bat hilabete hedabide baten portadan. 2004an argitaratu bada eta geroztik ezer aldatu ez bada, ez dut ulertzen zergatik azaltzen den azalean, hori da azalean agertzea bezala 1981ean Realak liga irabazi zuela. Informe hau ez da inongo argitalpen zientifikotan atera, haiek errebisatu eta ontzat eman behar dutelako. Informe hau atzera botatzeko ez da beste ikerketarik behar, nahikoa da hau bera irakurrita. Tranpa dialektiko bat egiten du: badituzte ikerketak diotenak erraustegiek heriotzetan eragina dutela, baina diote erraustegi zaharrak direla eta erraustegi berriak balira ez litzatekeela gertatuko (alegia, etorkizuna ezin duela iragarri, noski). Baina 2004an modernoak ziren erraustegien ikerketak baditugu eta emaitzek diote minbizi tasak igo egiten direla.
Zabalgarbiz. Ikerketa independenterik abiatzerik badago?
Gure taldean ez dago mediku bizkaitarrik. Argitaratzen ditugun informazioak ez dituzte argitaratzen Gipuzkoako eta Bizkaiko hedabide salduenek. Guk leiho eta ate denak zabalik ditugu, Bizkaian medikuak elkarlanean hasi daitezen. Ikerketa hauek egitea oso konplexua da. Metodologiak bereizi behar du erraustegiarena soilik den kutsadura, hamar urtekoa behar du… edo borondatezko lan handi eta luzea behar du, edo bestela baliabide ekonomikoak. Gure mediku taldeak eskaintzen dion denbora gure aisialdiko denbora da. Diru ekarpenik gabe ezinezkoa da ikerketa hau egitea. Dioxinak neurtzea ez dago hemengo laborategien esku. Badira dioxinak Belgikako laborategi batean bakarrik ikertzen direnak. Nahi adina ordu sartuta ere, ez dugu gaitasun teknikorik. Biodonostia bezalako erakundeen babesa behar dugu, diru laguntzak jasotzen dituztenak. Posible, posible bada baina oso konplexua da.
Zabalgarbin bere garaian egin zen ikerketak (EHUk egina) ere esaten du emaitza denak “preliminar” gisa hartu behar direla, hamar urtera hartzen diren emaitzekin kontrastatu behar direla. Ikerketa honetan lau muestreo egin ziren eta Zabalgarbi oraindik ez zen ari erabateko funtzionamenduan.
Zepek eta errautsek ere dioxina kopuru handiak dituzte. Eraikuntzan erabili izan dira gainera.
Zepa eta errautsez are ikerketa gutxiago dago. Ez dugu datu fidagarririk ikusi. Erraustegi modernoetan filtro handiagoak erabiltzen direla diote, baina erreketa prozesu batean goitik (tximiniatik) ateratzen ez dena, behetik (errauts eta zepetan) ateratzen da. Eta proiektuak daude zementuan erabiltzeko. Baina ez dugu taxuzko ikerketarik aurkitu, bilatu ditugun arren.
Istripurik gertatuko balitz erraustegian, zer ondorio izango lituzke osasunean? Flandesko istripuaz galdetu du.
Bada informe bat dioena ia 50 istripu izan direla Europan azken 10 urtean. Suteak, leherketak… Alemanian, Frantzian, erraustegi “moderno” ereduzko horietan. Prentsak hainbeste isiltzen duen gaia izanik, ez dago ikerketa zehatzik istripuenik. Baina datuak baditugu Italiako Sevesoko kimika fabrikarena. Sevesoko istripuan han ziren biztanleek, 20 urte beranduago, gorputzean dioxina kopuru handiagoa izaten jarraitzen du beste herritarrek baino, eta heriotza tasa altuagoak dituzte. Istripuetan liberatzen diren dioxinak ezin direla kontrolatu ebidentea da, eta osasunean eragin zuena dutela ere bai.
Roberto Bermejo: “Era bat inkoherentea da erraustegia jarri eta ekonomia zirkularraren alde dagoela esatea”
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Europar Batasunaren 2016ko konferentziatik:
Europak planteatzen du bakoitzak ordaintzea sortzen duen zabor kopuruaren arabera. Herritar batzuek diote eurek nahi dutena egin dezaketela euren zaborrekin. Kontua da birziklatzen ez duenak gastu gehiago sortzen duela.
2016ko konferentzian atera zuten ondorioa izan zen formula egokiena atez atekoa dela. Formula anitzetan: herritar bakoitzaren poltsak kode bat izanik, ongi eta gaizki nork egiten duen identifikatzeko.
Egungo egoeraren analisia:
Gobernuko alderdi politikoek diotenean apustu estrategiko bat egingo dutela, dardarka jartzen naiz. Eta kataklismoaren aurrean inor ez da erantzule egiten! Abiadura Handiko Trenaren kasuan, nabarmena da ekonomikoki hanka-sartze handia dela, eta ez dela zerbitzu publiko bat, baizik, bidaiariak garesti ordaintzen duela jasotzen duen zerbitzua eta kito. Erabaki estrategiko baten adibidea jarriko dut: Zabalgarbikoa martxan jarri zutenean, ikusi nuen motoa saltzen ari zitzaizkigula. “Sekulako energia pila sortuko du!” bai, gas naturala erreaz, ez zaborra erreaz. Noski, puruak dira, ez dute batere kutsadurarik sortzen, erabat berdea da… eta zenbat eta gehiago kritikatu, orduan eta bertute ekologiko gehiago jartzen dizkiote mamotretoari. Eusko Jaurlaritzak ere hitz egiten du ekonomia zirkularrari buruz, ni orain ari naizen bezala.
Ez du zentzurik ekonomiaren ikuspegitik erraustegiak: Hondakinak gutxitzen ari gara eta zabor kopuru handia behar duen erraustegia da planteatzen dena. Bainera, Europak dio 2025erako %65 birziklatu beharko dela, eta erabat bereizi organikoa. Zerekin geratzen zara? zer jarriko duzu, mini-mini-mini erraustegi bat? Ez duzu lanposturik sortuko, erabat zorpetuko zara eta bankuek ez dute barkatzen. Hurrengo belaunaldiak hipotekatzen ari dira. Baina guztiarekin ari dira horrela egiten: AHTrekin, Supersurra guk-ondorengoek-bilobek-eta gure birbilobek ordainduko dute. Superportuaz ere galdetu nien, ez dagoela hainbeste itsasontzirik hain portu handiarentzako eta erantzun zidaten “guk hurrengo 100 urteetako barkuentzat ere planifikatzen dugu”. A, zoragarri!
Publikotik galderak jaulki dizkiote:
Batzuetan proposatzen da kutsatzen duenak ordaintzea. Baina horrek esan nahi du ordaintzen duenak eskubidea duela kutsatzeko. Donostiako Udalak tasetan onurak ekarri dizkio edukiontzi organikoa erabiltzen duenari. Zer egin behar da, penalizatu, saritu?
Konplexua da. Gauza batzuek debekatzea beharrezkoa da, esaterako, isurketak. Europako ekintza planak politikak proposatzen ditu birziklapena errazteko: produktuaren diseinuak edo duen bizitza erabat motza izateak ez dezala ezinezko egin berrerabilpena. Produktuen diseinuan eragiteko politikak konplexuak dira eta Jaurlaritzatik ere bultza behar dira. Erabat inkoherentea dena da esatea erraustegia jarri eta ekonomia zirkularraren alde dagoela.
Errausketa Europan:
1970ean izan zen Europan erraustegien urrezko aroa, baina egun gutxitzera jo du. Jabetu dira dituen kalteez. Hemen ez, dirudienez.
Erreferendumen gaia:
Informazio osorik eman gabe egiten diren erreferendumek funts gutxi dute. Herritarrari bi bideen informazioa eman behar zaio: hautatu behar du sistema bat non garestiagoa izango den, lanpostu gutxi sortuko dituen eta jende askoren osasunean kalteak ekarriko dituen. Eta beste sistemak “inkomodidade” txikiak ekarriko dituena, askoz lanpostu gehiago sortzen dituena, eta Europak babesten duena. Bestela erreferenduma bihurtzen da “nahi dut edo ez dut nahi, eta kito”. Eta hedabideek sekulako indarra dutela badakigu. Herritarrei datu guztiak eman, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Mundu bat gaztelania eta ingelesetik pasa gabe
2016-04-18 // Bertsolaritza, Kultura // Iruzkin bat
Zinar Ala kurdua “Iritsiko da Eguna” bertso jarriak kantatu berri.
Apirilaren 17an, Hernaniko Biteri Kultur Etxean, Europa Bat Batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketako emanaldia gozatu genuen. Lau hizkuntza gutxituetako kantu inprobisatuak uztartu ziren oholtzan: Sardiniatik Simone Monni eta Paola Dentoni; Zinar Ala kurdua; Herrialde Katalanetatik Christian Simelio eta Anais Falco eta bertako Arrate Illaro eta Maialen Lujanbio.
Estaturik gabeko lau herritako lau hizkuntza gutxituetan egiten den kantu inprobisatutik zertxobait eraman genuen golkoan emanalditik. Eta hiztunon poza, konplizitate beroa, Maialen Lujanbiok hasierako eta amaierako agurretan seinalatu zuenez, gozatu genuen emanaldia ez baitzen izan “mundu mailakoa, baizik unibertsala”; eta emanaldi eleanitza posible izan zelako “gaztelania eta ingelesetik derrigor pasa gabe”. Inprobisatzaileek amaitu ostean laburpena euskaraz irakurri genuen atzeko pantailan. Hala, erritmo egokian jarraitu genuen zuzeneko jarduna.
Bat egin genuen Zinar Alarekin, Alemanian bizi den kurduak publikoari derrigorrezkoa zuela gure kolaborazioa adierazi baitzigun, ezagutzen zituen euskarazko hitz guztiak erabiliz, Ankarako Espainiako enbaxadak ez baitzien bi inprobisatzaile kurduei etortzen utzi. Ulertzekoa, kurduek kantagai sarri mina izatea, dengbêja bidez herriaren historia eta ezinezko maitasunak harilkatzea, Iritsiko da Eguna bertso jarrietan entzun genuen gisa.
Sardiniarrek ere eguneroko gaiei heldu zieten, zabalean planteatuta, erdi librean ariko bailiran: landako bizitzaz eta hirikoaz aritu ziren. Entzuleontzat harrigarriena kantakera izan zen: Cantadoreek inprobisatu ahala, atzean ahots oso grabez oinarrizko akordeak pausatzen zituzten bi koro egilek (Stefano Cara eta Michele Deiana) janzten baitzuten kantua. Ideia bera modu ezberdinetan ematen du cantadore bakoitzak, eta doinuaren solemnitatean ironia fina erabili zuen Simone Monni gazteak, esaterako, udaberriaren edertasunarekin batera zementua larreetara azkar hedatzen dela kantatuz, (sasi?)metaforikoki. Han eta hemen eguneroko borroka txikiak (kasu honetan, elikadura burujabetzarena) berak direla ohartzeko ere balio izan zigun emanaldiak, Paola Dentonik amaitu baitzuen kantaldi hura gogoratuz “ez dugu landa utzi behar jaten ematen digun lurra baita”.
Arrate Illaro eta Simone Monni elkarrekin ofizioka. Atzean, ezkerrean zutik, cantadoreak kantatu ahala akordeekin laguntzen duten bi ahotsak.
Katalanek glosa, garrotina eta corrandak kantatu zituzten, Gerard Diezek soinu txikiarekin lagunduta. Publikoak bakoitzaren leloak kantatu genituen. Ez zuten aukerarik galdu euskaldunokin partekatzen dituzten erreferentziak erabiltzeko. Bertso politikoenak hauek kantatu zituzten, umore kolpez jantziak. Esaterako, Christian Simeliori bakarka aritzeko gaia jarri zion Maite Berriozabalek: “Lapurra izan zara, baina lanean hastea erabaki duzu”. Simeliok bota zuen orain legalagoa dela egiten duena, “ulertuko duzue, PPko zinegotzia naiz”. Gaiak planteatzeko modua eta hauei ekitekoa hemengo bertsolarien oso parekoa dutela ikusi genuen. Horren lekuko, Anais Falco eta Maialen Lujanbiok egin zuten saioa, biak corranda doinuan, eta Lujanbiok itzultzailerik behar ez zuela, elkarri erantzunaz. Emanaldiko puntu gorenetakoa izan zen.
Arrate Illarok Sardiniako Simone Monnirekin eginiko saioak ere utzi zuen kolpe ederrik.
Amaierako agurrak biribildu zuen emanaldia, guztiek Herrialde Katalanetako doinu berean kantatu baitzuten, bakoitzak bere herrialdeko instrumentuz lagunduta. Elkarrekin oholtza gaina soilik ez, egun osoa partekatzearen emaitza, inondik ere. Lehen emanalditik bigarrenera jauzi handia nabaritu bada konplizitatean, kantu inprobisatuak besteenekin josteko moldean, nolakoak izango ote dira hurrengo emanaldiak? Ez galdu bizitzeko aukera (apirilaren 19an Dononstian, 20an Iruñean, 21ean Markina-Xemeinen, 22an Uztaritzen eta 23an Aramaion), edo gutxienez, bideoz ikustekoa (bertsoa.eus-en).
Mozal Legeaz mahai-ingurua: Kolektiboan geldiarazteko urratsak irudikatzen
2016-04-15 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Mahai-ingurua. Bai… denok gauza bera pentsatu genuen eta baten batek bota “a zer zakil festa!”. Publikotik hitza hartzen denak emakumeak izan ziren.
Eleak-Libre dinamikak Mozal Legearen Aurkako Astea burutu du Donostian, apirilaren 9tik 16ra bitartean. Apirilaren 13rako prestatuta zegoen Mozal Legea eta komunikabideei buruzko mahai-ingurua, eta aurreko astean Axier Lopezi jarritako isunak gaia leherrarazi du (berriz). Amara zaharreko Kaxilda gune literarioaren aurreko frontoian egin zen, giro ederrean, esperientzien trukea: Jon Mikel Fernandez Info7ko kazetariaren galderei erantzunaz aritu ziren Mozal Legea pairatu duten hedabideetako kazetariak: Ahotsako Sergio Labaien, Lahaineko Boro, Argiako Lander Arbelaitz; eta III. Araña operazioan atxilotu zituzten bi txiolari: @erreharria eta @JEgurzegi. Hauek dira landu zituzten ideietako batzuek:
Nola eragiten du Mozal Legeak informazio eskubidean?
SERGIO LABAIEN: Kazetariok nola jokatzen dugunaren arabera. Mozal Legeak Euskal Herrian aro berri bat hasi du aste honetan, Axier Lopezi isuna iritsi zaionean. Mozal Legeak bilatzen duena ez da bati edo besteari isuna jartzea, baizik kazetari guztiek euren burua zentsuratzea. Egungo egoera da kazetariek galdetzen dutela erredakzioan “hau argitaratu daiteke?”, eta hor adierazpen askatasuna arriskuan jartzen dugu. Gauza bera gertatzen da titiriteroekin. Oso ohituta gaude eskubide murrizketekin, baina duela 20 urte gertatuko balitz eskandalua litzateke. Gogoeta eskatzen du zer erraztasunekin ari diren murrizten askatasun espazioak. Orain kazetari guztiok hasten bagara argazkietan polizia denen argazkiak estaltzen, galbidea izango da.
Carmen Alvak jartzen ditu salaketak Nafarroan, eta 50 diputatutik 2 ditu PPk; eta EAEn Urquijok jartzen ditu salaketak, PP bertan ere gutxiengoan denean. Zer legitimitate demokratiko dute bi horiek? Zergatik babestu behar dugu guk poliziaren segurtasuna? Zergatik jakin behar dut nik nor baden eta nor ez polizia? Euren segurtasuna arriskuan badago, estali dezatela aurpegia!
Ahotsa.inforen funtzioa bada baita ere herritarrak babestea, eta gure irudiak epaitegietara iritsi dira herritarren hitza frogatzeko, adibidez Aingerurena: Pilotakada batekin begia galdu zuen eta Ahotsa.info-ren irudiei esker ireki da auzitegiek itxi zuten kasua, eta baliteke gure irudiek frogatzea euren pilotakadak galarazi ziola begia. Guk Mozal Legearen mehatxua jaso genuenean horixe planteatu genuen: Gure funtzioa betetzeari utziko diogu? Autozentsura zen lehen aukera, eta ARGIAk egin duena bigarrena, salatzea. Kasu hauek baliatu behar ditugu herritarren artean mugimendu indartsua sortzeko.
BORO: Mozal Legeak direla esango nuke, elkarri lotuta baitaude. Alde batetik kaleko mobilizazioak eta gizarte mugimenduen erramintak erasotzen dutenak daude. Bestetik, medioek autozentsura praktikatzea bilatzen dutenak. Eta bestetik, Espainian adierazpen askatasunaren erabateko erasoa direnak, esaterako, Soziedad Alkoolikari kontzertuak debekatzea… Mozal Legeen helburua da herritarrek beldurra izatea mobilizatzeari, informatzeari eta iritzia adierazteari. Euskal Herrian beti ezagutu da lehen mailako errepresioa, eta azken urteetan estatura zabaldu da. Egin, Egunkaria, Topatu-ko Iraitz Salegiren kasua, Ahotsako Piturena… estatuan ere kazetarien aurkako sententziak ateratzen ari dira (aurreko astean 1.200 euroko isuna jaso du batek). La Directako Jesus Rodriguez ere inputatu zuten mobilizazio bat kubritzen ari zela, bera mobilizazioaren parte izatea egotzita. Aliciak (@Aliwitt gisa ezagutua) argazkia atera zuen polizia barrezka ageri zela etxegabetze momentuan, eta zer eta Aliciari (@Aliwitt) “umiliazio bidegabea” egotzi zioten. Alicia edo polizia da umiliazioa egin duena? Erasotzen dituzten hedabideak gureen modukoak dira, independenteak, boterearenak ez direnak. Poliziak du boterea erabakitzeko zer kazetari ari den delitua egiten eta zein ez, zeren beti esan dezake medio konbentzionaletan “bai, nik eman nion argazkia argitaratzeko baimena”. Horixe da, baimena ez ematea, argudiatzen dutena ARGIAren moduko kasuetan.
LANDER ARBELAITZ: Herritarrok ahalduntze lan handia egin dugu azken urteetan hedabideekin. Beti kontuan hartu behar dugu multinazionalen tresnak direla teknologia berriak, baina badugu gaitasuna tresna hauen bidez jende askorengana iristeko bitartekaririk gabe, eta nazioarteko adibideetan ikusten dugu tresna hauek badutela gaitasuna jendea mobilizatzeko. Errepresio adibideak ere badira, esaterako Turkian egun zehatzetan sare sozialak debekatzen dituzte, eta Espainian ez dira horretaraino ausartzen, baina lege orokor eta zehazgabe honen bidez bilatzen dena beldurra eta autozentsura dira. Zigorrak 600 eurotik 30.000 euro artekoak izan daitezke. Horren aurrean zer?ARGIAn, zurrunbiloaren erdian, egiten genuen gogoeta zen eraso hau ez zela ARGIAren aurkakoa. Nahiz eta galdetu daitekeen: Beste era bateko kazetaritza egingo bagenu, boterearekin amableagoa dena edo hainbat gaiekin ezikusia egiten duena, jasoko genuke salaketa hau? Ziurrenik ez. Jarri besterik ez dago Googlen “Rodrigo Rato detención” ikusteko une horren zenbat argazki dauden, zenbat mediotan zintzilik. Kaztaritza disidentea zigortzen dute lege honekin. Kolektiboki egin behar diogu aurre, kazetari-hedabide-gizarte eskeman. Kolektibizatu egin behar dira gai hauek eta erantzunak ere bai.
LABAIEN: Prentsaurrekoa kalean emateagatik Nafarroan bi pertsonak jaso dituzte isunak. Espazio publikoaren pribatizazioa ere ematen ari da.
Kontatu bakoitzak zuen esperientzia zehatza.
LABAIEN: Gure proiektuaren historia errepresioari lotuta dago. Apurtu.org egiten zuten lau kideak atxilotu zituzten 2011n. Webgunea itxi zuten eta urte eta erdi atxilotuta egon zen Pitu eta gero absolbitu egin zuten. Ondoren Ateak Ireki abiatu genuen eta itxi egin zuten. Ahotsa da martxan jarri dugun hirugarren komunikabidea. Oraingo Mozal Legea ez da aurrekoa bezain gogorra, baina testuinguru berean kokatzen da. Mozal Legeak gure aurkako errepresioa protokolizatzen du: Isunak jaso ditugu kontzentrazio ilegalak grabatzeagatik, manifestariak bagina bezala hartu gaituztelako une horretan…
Irailean Gobernadorearen ohar bat jaso genuen, dioena poliziaren argazki bat argitaratu genuela, poliziaren baimenik gabe. Baina ARGIAren kasuan bezala, argazki horretan ez ziren aurpegiak bereizten. Lehen erreakzioa beldurra izan zen. Gainera oso era arbitrarioan aplikatzen da legea. Eztabaidan hasi ginen: Poliziei begiak estaliko dizkiegu? Hotzean aztertuta ohartu ginen dena galduko genukeela bide hori hartuz gero. Salaketa publikoa egin genuen: Hitzaldia eman genuen Iruñean, eta bertan parte hartu zuten Axi eta Borok ere (kar, kar, premonitorioa izan zen). Oihartzuna lortu genuen eta deia jaso genuen Defender a Quien Defende kolektibo madrildarretik. Hauek helegitea jarria zuten Estrasburgon “Biktima potentzial” formulan (normalean Europara joaten gara estatuko bide guztiak agortutakoan, baina formula honekin bestela da). La Directa eta Diagonalekin hasia zuten bidea eta gu haiekin batu ginen. Hautu politikoa da, ez dugu inongo esperantzarik hortik Mozal Legea bertan behera geratzeko. Argi dugu Mozal Legea kalean borrokatuko dugula eta kalean garaituko dugula. Nafarroako Parlamentura ere joan ginen. Naturalizatuta baititugu zigor hauek, ezkertiarra izatearekin doala dirudi. Eta zergatik ez eskatu Parlamentuaren babesa edo alkatearena? Lizarrako udalak mozio bat onartu zuen eta Mozalik Gabeko Eremu izendatu zuen bere burua (badira halako gehiago). Nafarroako Parlamentuari eskatu genion Mozalik Gabeko Eremu izendatzea, eta gure testigantza emateko aukera izan genuen.
Herri mugimenduak eta herri komunikabideak gara kaltetuak, biak. Bien arteko elkarlanean egin behar diogu aurre, eta baita herritarrek ere, egun sare sozialekin denok gara informatzaileak eta denon adierazpen askatasuna dago jokoan. Borroka politikoa egin behar dugu.
BORO: Nik hiru atxiloketa pairatu ditut. Duela 2 urte Duintasun Martxa kubritzera joan nintzen Madrilera, gero Ikasleen Manifestazioarekin batu zen eta azkenik Jaque Al Rey mobilizazioarekin. Azken mobilizazio horretan, kordoi polizial sendoaren aurrean berreun pertsona zeuden. Bi ordu iraun zuten eta deskonbokatu egin zuten mobilizazioa. Bultzaka hartu gintuen poliziak. Alde egitea erabaki genuen, eta Atochara jo genuen, 500 metro ingurura, eta ikusi genuen hainbat poliziak hainbat pertsona zeramatzala bultzaka eta hainbat argazkilari ari zirela momentua hartzen. Nire lankidea jo zuten eta “erotuta zaude!” izan zen nire erreakzioa. Une horretan ni atxilotu egin ninduten eta begian ukabilkada eman zidaten. Beste 6 kazetari lurrera bota eta jipoitu egin zituzten. Atxilo ninderamatela hasi nintzen errepikatzen: “Kazetaria naiz, hau atxiloketa ilegala da, Lahaineko kazetaria naiz”. Askatu ninduten ordu batzuetara, eta 1.200 euroko isuna jaso nuen. Handik hilabete bira Iruñeko Gaztetxearen itxieraren urteurren festa kubritzeagatik, bi kazetari atxilotu gintuzten eta adinez beheko beste bat. Kasua artxibatua izan zen. Handik 5 hilabetera hirugarrenez atxilotu ninduten. Etxera etorri zitzaidan polizia. Hura izan zen I. Araña operazioa. Ez nuen deklaratu poliziaren aurrean, eta urtebete pasa denean ez didate deitu oraindik epailearen aurrean deklaratzeko.
ARBELAITZ: ARGIAn gutuna jaso genuenean, denon aurkako eraso modura jaso genuen, eta langileon batzarrean erabaki genuen ez genuela ordainduko. Nahiz eta ikusi 600 euro ez dela diru kopuru handia, erabaki genuen aurre egingo geniola eta desobedientzia egingo genuela, saiatuko garela ez ezer ordaintzen (barregarria ere bada, momentuan ordainduta erdia ordaintzea onartzen baitute, errepideko isunekin bezala). Albistea publiko egiterakoan, eta horri buruz informatzerakoan, galdetzen genuen “hainbesterako da?”. Baina sinisten dugu baietz, galtzeko ditugun eskubideak oso larriak direla eta hori salatzeko lana eginda, iritsi gara elkartasunak jasotzera eta hortik gaia zabaltzera Euskal Herrira, Espainiako estatura eta nazioartera. Eskubide urraketa ezin dugu naturalizatu.
Donostiako Askegunearen 3. urteurrena oroitzeko antolatu da Mozal Legearen aurkako aste hau, eta Arbelaitz, orduko hartan kazetari lana egiteko ertzainen horma zeharkatu zenuen herri harresiaren barrrutik kontatzeko gertatzen ari zena.
Herri Harresien esperientzia oso potentea izaten ari da informazio eskubidearen aldetik. Duela urte batzuek desprestigiatuta zegoen kazetarien lanbidea, merezi du gogoeta egitea zertan aritu garen azken urteetan, eskubide bat dena mundu mailako korporazioek monopolizatua izan dezaten. Horrek eragin du hedabideek funtzio publikoa galdu dutela, informazio eskubidearena. Herri Harresien kasuetan, eta boterearentzat deseroso diren beste ekimenetan, gertatzen den lehen gauza da boterearen hedabideen zentsura: badago herritarren informazio gose bat ez dutena boterearen hedabideek bermatzen, eta herri hedabideok hor aurkitzen dugu eremu bat oso eskertua dena. Herri hedabideen arteko elkarlana ere sustatu du Herri Harresiak. Batetik, hor ari diren herritarrak ere informatzen ari direlako, eta hor gauden kazetariok ados jartzen garelako lanak ez bikoizteko eta kultura librearen filosofiari jarraiki denok konpartitzen dugu denon informazioa. Herri Harresiek erakutsi digute herri hedabideok gai garela agendan eragiteko, eta hedabide handiek ere kubritzera behartua ikusi dute euren burua, bestela beste batzuek kontatuko dutelako. Gertatzen den guztia kontatzea, hori bera jada erronka da guretzat. Jone Amezagaren detentzioan ertzaintzak oharra bidali zuen auzitegira eskatuz eurei lehenago informatzeko, bestela Herri Harresiak jartzen zirela martxan eta herri hedabideak erabiltzen direla berauek haizatzeko. Herri hedabideak erabiltzen direla? Betiko leloa errepikatzen duten diskurtso horien atzean dagoena da botereak kontrolatzen ez duen informazioari zaion beldurra.
Herri Harresietan kazetariok barruan kokatzen gara, eta hor herritarrak dira gu babesten gaituztenak. Poliziak ematen dituzten kolpeak grabatzeko dagoen modu bakarra barrutik informatzea da. Oso gogorra da baina hunkigarria. Informazio hori ateratzea oso beharrezkoa da, bestela, urrutitik grabatutako irudiekin oso erraz esan dezakete poliziek euren jokabidea proportziozkoa izan dela, eta gertuko irudiek erakusten dute inongo indarkeriarik erabiltzen ez den mobilizazio baketsuan ematen dituzten kolpeak.
Mozal Legearen aurrean zer?
LABAIEN: Lehenengoa da salaketa publikoa egitea, eta hedabiderean izena agertzea, erreferentzialtasuna lortzea. Hedabide indartsuak behar baititugu. Bigarrena da babesa agertzea, eta hau herritar, kolektibo eta guztion ardura da. Eta hirugarrena obedientzia da, baina obedientzia gure lanari eta gure gizarteari.
Garrantzitsua da ARGIAk hartu duen erabakia eta eskertzekoa Euskal Herriko kazetaritza eremutik. Zer gertatuko zen ordaindu izan balu? Hurrengo medio batek zer egingo luke, agian ez ordaindu? Banatu egingo ginateke jokabideetan.
Aurrera begira, baditugu aukerak pausoak emateko: eta 100 kazetari aterako bagina esanaz gure komunikabideetan Mozal Legea ez dagoela indarrean? Parlamentuetara ere jo dezakegu abisu emanaz hautu politiko bat hartu dugula eta gure askatasuna defendatzen duten erakunde publikoen babesa jaso nahi dugula. Goazen Mozal Legea indargabetzera.
BORO: Eurek nahi dute ez borroka egitea, ez informatzea eta ez iritzia ematea. Beraz, egin dezakegun gauza bakarra juxtu horixe egitea da. Nazioarteko hedabideetara iritsi dira kasu hauek, eta erabili behar dugu bide hori, nazioartean larritasuna irabazi dezakeelako hemengo egoerak. Borrokan, desobedientzian, eta mozalik gabeko gizartea sortzeko borrokan egingo dugu topo.
ARBELAITZ: Mozal Legeari nola aurre egin? inongo beldurrik gabe informatzen jarraitu behar dugu, elkar babestu eta trinkotu. Nazioarteko hedabideetan seinalatzen ari dira gertatzen ari dena astakeria bat dela. Ezin dugu naturalizatu.
Araña operazioak ere beldurra zabaltzeko sarekadak dira, twitterren. @erreharria eta @jonbiegurzegi Araña III operazioan atxilotuak izan zineten. Kontatu zuen bizipenak.
@ERREHARRIA: Twitterren egongo banintz esango nuke: “Arratsalde on, Venezuela!” beti aipatzen baitute herrialde hori adierazpen askatasunaren aurkako bezala. Araña operazioa baino lehen, etxekaleratze batera joan nintzen mugikorrarekin, eta ertzain batek esan zidan “estoy hasta los huevos de tus putas fotos y te vamos a trincar con la ley mordaza“.
Egunean bertan, haurra eskolara eramatera gindoazen bikotea eta biok, hurbildu zitzaizkigun itxura arraroko bi eta esan zidaten guardia zibila zirela eta eurekin joateko. Twitterren idazten dut, aizue! ez nuen espero halakorik. Tonu lasaian idazten dut normalean, gainera. Esan zidaten “tu eres muy amigo de los presos“. Beste batek esan zidan ez ziola inongo graziarik egiten etxegabetzeetan txiokatzen dudala euren umeek adoptatzea nahi dutela. Bi egun aurretik Gasteizko Herri Harresia izan zen eta handik lau egunetara Espainiako hauteskundeak. Kasualitatea? Orain ere Panamako paperen zurrunbiloan atxilotu dituzte. Ordutegia ere, kasualitatez, goizez eta egun argiz izan zen, teleberri guztietan agertzeko. Arratsaldean askatu ninduten eta orduan ikusi nuen @JEgurzegi-k nire atxiloketa momentuan txiokatu zidana “qué ganas te tenían” eta nik, askatu nindutenean, erantzun “pues anda que atí…“.
Abokatuak esan dit kasu gehienetan akordiotara iristen ari direla.
@JEGURZEGI: Altxatu nintzen, Twitterren begiratu nuen eta ikusi nuen txiolariak atxilotzen hasi zirela, besteak beste @erreharria, bidali nuen ditxosozko nire txioa eta handik orduerdira ni nengoen atxilotuta. Abokatuarekin txostena aztertu eta badakit zein txio izan daitezkeen delitu, lau-bost dira, eta defendatu daitezke. Baina txostena lodikotea da, eta erabiltzen dituzte hamaika txiste eta abar iradokitzeko ideologia batekoa zarela eta lauzpabost mezu horiek ez direla kasualitatea. Billy el Niño ez epaitzeko Amnistia Legea erabiltzen dute, baina Carrero Blancori buruzko txiste bat egiten baduzu, ez dago Amnistia Legerik salbatuko zaituenik (Carrero Blancorena ez da tontakeria, sekulako karga du).
Horrek autozentsura eragiten du, albiste bat jakitean pentsatzen duzu “jarriko dut twitterren edo ez?” eta saiatzen zara tonoa jaisten. Beti saiatzen naiz ironia eta umore beltzez egiten kritikak, baina jende honek ez du umorerik.
Egiten zaigun beste salaketa bat da ETAk egin zuela txosten bat eskatuz jendeari bat egiteko bere aldarrikapenekin. Suposatzen da guk horri jarraitzen diogula txisteak egitean. Esan nien, nik ez dudala ETAren txosten hori ezagutzen, pasatzeko PDF bat nahi badute.
Batzuetan iruditzen zait kalean denak direla poliziak, leihotik begira jartzen zara… 2 urteko espetxe zigorra, 8 urteko inhabilitazio totala eta 5.000 euroko isuna eskatzen dizkidate.
@ERREHARRIA: Atxilotzen gaituzte, hedabideetan agertzen gara, badirudi ez dakit zer delitu egin dugula… Baina salaketaren kausa diren txioak, normalean, txorakeriak dira. Txorakeriengatik gaude atxilotuta.
[Publikotik hainbat galdera jaulki ziren, eta legeei buruzko informazio zehatza eman ere bai. Galdera denak izan ziren onak, baina erantzunetan hauek hautatu ditugu:]
Bidali dizueten ohartarazpen horretan proposatzen dizuete bideren bat Mozal Legea ez urratzeko? Nola emango dizue poliziak baimena, momentuan?
LABAIEN: Guri zuzenean proposatzen digutena da ez egitea. Ez dago ziurtasun juridikoki. Erabakia ez du epaile batek hartzen, baizik Gobernu Ordezkaritzak. Egiten ari direna, argi eta garbi, boterearen gehiegikeria da. Hau ez da zuzenbide estatu bat.
ARBELAITZ: Nahita dago txapuza eginda, poliziek eurek erabaki dezaten noiz sentitu diren irainduta eta noiz ez. Zuk ez dakizu noiz iraindu duzun eta noiz ez, eta horrela hedatzen dena beldurra da.
Bost hizlari zaudete hemen, baina zuen artean badago alde bat: medio bateko kazetariak zarete hiru, eta beste biak txioren bat jarri dutenak. Ezberdina da ARGIAk bezala kolektiboki aurre egitea erabakitzea, edo norberak bakarrik zer egin dezakeen. Ezberdina da, baita ere, kazetari izan edo herritar izan. Nola egin ahal zaio honi aurre, twitterrez ari denak ez bere burua zentsuratzeko?
@ERREHARRIA: Gure sarekadan Def Con Doseko kantaria ere bazegoen. Berak crowdfunding bat egin zuen eta hiru egunetan batu zuen dirua. Nire herrian hasi dira diru bilketa antolatzen. Txiolari bakoitza era batekoa da, ez goaz sumario berean… hori dena traba da aurre elkarrekin egiteko.
@JEGURZEGI: 14-15 atxilotzen gaituzte aldi berean baina ez da makrosumario bat: batzuek aurre egin nahi dute, beste batzuek negoziatu espetxea saiesteko…
ARBELAITZ: Orain arteko Araña operazioetan saiatu gara oihartzuna ematen, baina ez dugu egin elkarlan kolektiborik. Norbanakoak babestuko dituen erakunderen bat sortu beharko litzateke.
LABAIEN: Kolektiboan antolatuta gaudenoi tokatzen zaigu norbanakoak ere babestea.
ARBELAITZ: Kasu hau baliatu dezakegu bola gero eta handiagoa egiteko eta gero eta zailagoa izan dadin gauza bera egin dezaten beste kazetari edo herritar batekin? Azken kasu honek nazioartean hartu oihartzuna hartu du…
Lortu behar duguna da Euskal Herrian ez Mozal Legea aplikatzea. Hego Euskal Herrian 700 isun jarri dira Mozal Legea martxan denetik. Hemengo administrazioa ari da aplikatzen Mozal Legea. Presio soziala egin behar dugu, kasu honekin oraindik isilik dauden erakunde publikoak mintzatu daitezen. Gonbidatu behar ditugu Mozal Legearen kontra adieraztera, lege hau demokraziaren kontrakoa delako. Eta hurrengo pausoa da ez dezatela aplikatu.
Beharrak egiten gaitu queer
2016-04-12 // Feminismoa, Umekeriak // Iruzkinik ez
Generoa aurkitzeko mapa, ingelesez.
Kostaldeko herri kozkor batera joan dira asteburuan lau lehengusu, jaietara. Parkean mutiko bat gerturatu zaie, eurekin jolas daitekeen galdezka. “Baietz”. Arrapaladan bota dizkie mutikoak bere bizipenak, korapiloa askatzeko premiaz, nonbait:
– Neskekin ibiltzen naiz normalean eta besteek burla egiten didate, niri ez zaidalako futbolean aritzea gustatzen…
– Igual dio! – saiatu da enpatizatzen herri horretakoa ez den neskatoa. – Ni herri txiki batean bizi naiz, eta kalera ateratzean askotan nire lagunik ez da egoten eta mutilekin bakarrik ibiltzen naiz, tokatzen den jolasetan.
“Beharrak erakusten du” esaten zuen gurean amonak. “Beharrak egiten gaitu queer” erantzun ahalko lioke birbilobak, bizi balitz.
Bi sexuetako bertsolariak 1876an, infinito
2016-04-05 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Juan Mañé y Flaquerrek halaxe idatzi zuen Viaje por Guipuzcoa liburuan, 1876an (264. orrian):”Euskarak bertsotarako duen erraztasuna da kausa inprobisatzaileak, bi sexuetan, infinito izan daitezen. Herriko festa gehienetan egiten da bertso bidezko eztabaida bi bertsolari edo gehiagoren artean, euren zorroztasun eta erantzuteko erraztasuna agertuz; baina entzun dudanez, bertsolariek gutxi dute poetatik, bertsotan mintzo badira ere”.
[Itzulpen hobea egingo lukeenarentzat, hona jatorrizko hitzak, gazteleraz: “Esta facilidad del vascuence para la versificación es causa de que sea infinito el número de improvisadores de ambos sexos y en la mayor parte de las fiestas populares suele darse el espectáculo de una discusión en verso entre dos o más interlocutores que hacen su ingenio y su facilidad en las réplicas; pero por lo que yo he oído los versolaris tienen poco de poetas, aunque hablen en verso”.]
Koblakarien minetan
Esaldi zorionekoaren testuingurua, ez dakit bertsozaleentzat hain gustukoa izango den. Izan ere, kontatzen baitu musika aldetik herri kantuak oso aberatsak diren bezala, hitzek ez dutela gainerako herrien mailarik. Kantari gozoen herria dela euskaldunena, ez poetena. Berak aipatzen dituen “notizien” arabera, eresi hauen jatorrizko hitzak bai, koblakariek edo profesioz bardo zirenek jarritakoak omen ziren, edukiz eta formaz oso landuak. Eta amorratzen du musika iritsi den eran ez hitzak ondorengoengana iritsi izana, eta eresi zaharrei jartzen zaizkien hitz “modernoak” irudimenik gabeko gizonek (oraingoan ez ditu bi sexuak aipatzen, gizonak bakarrik) jartzen dituztela. Kantuak aztertzen dabilela txertatzen ditu bertsolariak, baina hauen talentuarentzako hitz ohoragarriak ditu: Elizondoko Euskara elkartearen festan Jose Bernardo Otañok eta Pello Elizegi “Pello Errota”k eginiko libreko saioaz egiten dituen aipamenak, horren adibide.
Infinito haien izenak berreskuratzeko auzolanean
Badakigu ez zirela plazetan aritu, ez zituztela euren biografiak idatzi, askoren bertso bakar bat ez duela historiaren memoriak atxiki. Baina infinito haien izen abizenak eta historia biltzeko moduan gara. Auzolan horretan parte hartzeko gonbidapena duzu hau: bertsotan egiten zuen emakumerik (etxean, auzoan, lanean…) ezagutu baduzu, jarri gurekin harremanetan (eeizagirre@argia.eus). Bihotzez eskertzen diogu Piter Ansorenari, bere alea jartzen lehena izan baita. Hurrengo egunetan ezagutuko duzue haren berri.
Agenda: Bertso saio feministak
2016-03-08 // Bertsolaritza, Feminismoa // 2 iruzkin
Martxoak 10, Gasteiz: Bertso-poteoan ariko dira 19:00etatik aurrera Kutxi kaleko tabernetan, Amaia Iturriotz Etxaniz eta Ane Labaka Mayoz. Antolatzailea: Gasteizko Unibertsitateko Emakume Talde.
Martxoak 11, Urkabustaiz: “Emakumeak oholtzan gainean sua” bertso-saio musikatua eskainiko dute 20:00etan, kultur etxean Paula Amilburu, Irati Anda, Izar Mendiguren eta Oihane Pereak. Antolatzaileak: Lan Eta Jolas Elkartea eta Urkabustaizko Gazte Asanblada.
Martxoak 11, Alegia: “Bertsolaritzaren sekretuak” emanaldi berezia eskainiko dute 22:00etan zineman. Oskar Estanga eta Itxaso Paia ariko dira bertsotan eta Jokin Labayen eta Idoia Noble gidari lanetan. Antolatzailea: Alegiako Udala.
Martxoak 11, Urduña: Bertso-poteoan ariko dira, 20:00etan plazatik hasita Nuria Cortada eta Arrate Illaro Etxebarria. Antolatzailea: Urduñako Udaleko Berdintasun saila.
Martxoak 11, Arratzu: 19:00 eta plazan ariko dira Maddalen Arzallus, Oihana Bartra eta Alaia Martin. Gai-jartzailea: Amaia Uribe. Antolatzailea: Arratzuko Udala
Martxoak 11, Anoeta: 19:30ean bertso-poteoan motorrak berotu eta 21:00etan bertso-afaria egingo dute jubilatuen tabernan Oihana Iguaran eta Eli Pagolak.
Martxoak 11, Orio: Bertso-poteoa egingo dute 19:00etan Kolon Txiki tabernatik hasita Amaia Agirre, Ane Labaka Mayoz eta Rosi Lazkanok. Antolatzailea: Orioko Talde Feminista.
Martxoak 12, Bera: Emakumeentzako bertso-bazkaria egingo dute 14:00etan Zalain jatetxean Nerea Elustondo eta Onintza Enbeitak. Antolatzailea: Goldatz, Berako Emakume Talde Feminista.
Martxoak 12, Domintxaine: Antzerki eta bertso emanaldia egingo dute 20:30. Bertsolariak: Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperena. Parte-hartzaileak: Maialen Fauthoux eta Arantxa Hirigoien. Antolatzailea: Zabalik Elkartea.
Martxoak 16, Pasaia: “Bertsolaritzaren sekretuak” emanaldi berezia eskainiko dute 22:00etan zineman. Oskar Estanga eta Itxaso Paia ariko dira bertsotan eta Jokin Labayen eta Idoia Noble gidari lanetan. Antolatzailea: Pasaiako Udala, Berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuen saila.
* Beste bertso saio feministaren baten berri baduzu bidali, eta pozarren gehituko dugu.
Bost urte ditugu emakume bertsolarien historia berreskuratzeko
2016-03-08 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Martxoaren 11n Alegin duzu hurrena Bertsolaritzaren Sekretuak emanaldi berezia ikusentzuteko aukera.
Aukera badugu bertsolaritzaren historia (txuri-beltzean eta txapelez josita irudikatzen dugun hori) parekidera inguratzeko. Ez dugu arkeologiarik egin behar, baina lurrazalean dabiltzan 90 urteko lekukoen testigantza bildu ezean, arkeologiak ere ez digu informazio gehiago emango. Bertsolaritzaren historia aberatsagoa izateko, eta emakume erreferenteak berreskuratzeko, oraintxe dugu aukera.
(Bidea urratu duten emakume bertsolarien bilduma xume bat, hemen.)
Lehen bertsolari erreferentzialen garaitik dugu emakumeen izenen berri
Plazako bertsolarien lehenetariko izen erreferentzialak (gizonenak) Txabolategi (1769an jaioa) eta Fernando Amezketarra (1764an jaioa) dira. Duela bi urte Asteasuko artxibategian bilatu zuten Ereiteneko kultur zerbitzuetako kideek emakumeek (kolektiboan) eginiko lehen bertso sorta 1816koa da, eta bere egileak Txabolategi eta Fernando Amezketarraren garaikoak: Concepcion Irazusta Elola-Olaso (1772an jaioa), Teresa Antonia Beobide Zatarain (1781an jaioa, “Agustin Zakarra” bertsolariaren ama), Maria Magdalena Lertxundi Sorarrain (1795ean jaioa) eta Maria Antonia Etxeberriakoa (hiru emakume ageri dira bataio-agirietan izen horrekin, beraz, zehatz zein zen jakiten oraingoz ezinezko). Hauen biografia berreskuratzeak ekarriko luke bertsolaritzaren historia liburuetan lehen orrietatik emakumeen erreferentziak agertzea eta hasieratik, bertso munduan gizon zein emakumeak aritzen zirela irudikatzea.
Txirrita, Pello Errota, Otaño, Xenpelar…en garaikoak
Egun ditugun erreferentziek erakusten digute gizon bertsolarien familietan bazirela emakume bertsolariak: Pello Errotaren arreba Sabina Elizegi (1842an jaioa) eta alaba Mikaela “Txintxarri”; Pedro Mari Otañoren lehengusu eta Joxe Bernardo Otañoren alaba Plazida Otaño (1867an jaioa); Juan Frantzisko Xenpelarren iloba Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar”.
Bertsolaritzaren ikuspegi aldaketa ala txuri-beltzean jarrai
Bertsolari ezagunen etxeetan beste bertsolari ezezagunak egoteak erakusten digu etxean ikasten eta aritzen zirela bertsotan, gure kaleko mitoek “bertsolarien eskola, sagardotegia” badiote ere. Eskola etxea, sagardotegia gizon bertsolarien ringa. “Plaza”, “taberna”, “sagardotegia” hitz egun neutroei, garai hartakoez mintzatzerakoan “gizon” aurrizkia erantsi diezaiekegu. Gizonenak baitziren. Emakume bertsolarien bila aritu izan gara gizonen plaza horietan, basamortuan pinguinoen galdezka. Eta ageri diren erreferentzia bakanak biltzea ezinbestekoa da, noski; esaterako, Joxepa Matea Zubeldiak (1867an jaioa) 1918an Hernaniko herri bazkarian baztangaren bertso sorta kantatu zuenekoa, edo Plazida Otañok 1950ean Pedro Mariren omenaldi egunean bazkalostean kantatu zituen lehengusuaren eta aitaren arteko bertsoak.
Baina garaia da ikuspegia aldatzeko, bertsolaritza bere aniztasunean berreskuratuko badugu: (Gizonen) Plazako bertsolaritzari eman diogu BERTSOLARITZA izena, eta han ageri ez zirenak BERTSOLARI izenetik erbesteratu ditugu: bertso jartzaileak, gizonen plazan aritzen ez zirenak… erbesteratzen lehenak, beraz, emakumeak izan dira. Garaia da galdetzeko zein ziren beste plazak, non aritzen ziren emakumeak, non zuen zilegitasuna bere hitzak. Bertsotan egiten zuten emakumeen loturak bilatzea izan daiteke horretarako modu bat: familia loturak, lan lekuak (fabrika, arropa garbitzeko harriak, feriarako bidea…), aisialdikoak (karta-jokoak…), emakumeek hitza zuten ospakizunak (familia bazkariak, atsolorrak…)…
Betaurreko morez irakurri eta helduenekin bildu
Auspoa (eta beste edozein bertso liburu) betaurreko moreekin irakurtzen hastea da lehen pausoa. Hor gizonez ari den lerroen artean ageri dira emakume izenak, bertsoren batzuk, ateraldiak… oso bakanak, ados, baina mila zatitan ematen diren erreferentziak lotuta emakume bertsolarien perfilak osatzeko moduan egon gaitezke. Eta berehalakoan, emakume bertsolari horien ondorengoekin, ezagutu zuten lekuko zuzenekin biltzea da gakoa. Ez batere harritu bere ondorengo zuzenek amonaren edo birramonaren bertso kontuez ezer ez jakiterik. Gizarteak garrantzirik eman ez izanaren albo-kalte saihestezina. Baina emakume hauen biografia, izaera, pasarteak osatzen laguntzen digute.
Arduraz jokatzeko ordua
Bertsolaritzaren sorrera urtetik emakume bertsolarien izenak duela pare bat urte atera dira argitara; ikuspegi feministaz irakurrita emakume bertsolarien izenak ageri dira garrantzirik eman ez dieten liburuetan; eta emakume bertsolari haien lekuko zuzenek 90 urteren bueltan dituzte. Bost urte ditugu, bertsolaritzaren historia parekideago bat osatzeko. Posible da, gainera, lan honi heldu eta publiko egin ahala, herritarrek ezagutu dituzten emakume bertsolarien erreferentziak ematea, orain arte ezezagun zirenena (“gure amonak etxean egiten zuen bertsotan”, “gure izebak bertso asko jartzen zituen”…).
Momentu historiko honi arduraz erantzutera animatu nahi nituzke bere egunerokoan gaiarekin lotuta ari diren erakundeak (Bertsozale Elkartea, Emakunde, unibertsitateak…), lan hau kontzienteki, planifikatuta eta baliabideak jarrita burutu dezaten. Eta lan honi gustura ekingo liokeen horietakoa bazara, jo erakundeotara.