Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

Agenda: Bertso saio feministak

2016-03-08  //  Bertsolaritza, Feminismoa  //  2 iruzkin

EZ-DA-KASUALITATEA

Martxoak 10, Gasteiz: Bertso-poteoan ariko dira 19:00etatik aurrera Kutxi kaleko tabernetan, Amaia Iturriotz Etxaniz eta Ane Labaka Mayoz. Antolatzailea: Gasteizko Unibertsitateko Emakume Talde.

Martxoak 11, Urkabustaiz: “Emakumeak oholtzan gainean sua” bertso-saio musikatua eskainiko dute 20:00etan, kultur etxean Paula Amilburu, Irati Anda, Izar Mendiguren eta Oihane Pereak. Antolatzaileak: Lan Eta Jolas Elkartea eta Urkabustaizko Gazte Asanblada.

Martxoak 11, Alegia: “Bertsolaritzaren sekretuak” emanaldi berezia eskainiko dute 22:00etan zineman. Oskar Estanga eta Itxaso Paia ariko dira bertsotan eta Jokin Labayen eta Idoia Noble gidari lanetan. Antolatzailea: Alegiako Udala.

Martxoak 11, Urduña: Bertso-poteoan ariko dira, 20:00etan plazatik hasita Nuria Cortada eta Arrate Illaro Etxebarria. Antolatzailea: Urduñako Udaleko Berdintasun saila.

Martxoak 11, Arratzu: 19:00 eta plazan ariko dira Maddalen Arzallus, Oihana Bartra eta Alaia Martin. Gai-jartzailea: Amaia Uribe. Antolatzailea: Arratzuko Udala

Martxoak 11, Anoeta: 19:30ean bertso-poteoan motorrak berotu eta 21:00etan bertso-afaria egingo dute jubilatuen tabernan Oihana Iguaran eta Eli Pagolak.

Martxoak 11, Orio: Bertso-poteoa egingo dute 19:00etan Kolon Txiki tabernatik hasita Amaia Agirre, Ane Labaka Mayoz eta Rosi Lazkanok. Antolatzailea: Orioko Talde Feminista.

Martxoak 12, Bera: Emakumeentzako bertso-bazkaria egingo dute 14:00etan Zalain jatetxean Nerea Elustondo eta Onintza Enbeitak. Antolatzailea: Goldatz, Berako Emakume Talde Feminista.

Martxoak 12, Domintxaine: Antzerki eta bertso emanaldia egingo dute 20:30. Bertsolariak: Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperena. Parte-hartzaileak: Maialen Fauthoux eta Arantxa Hirigoien. Antolatzailea: Zabalik Elkartea.

Martxoak 16, Pasaia: “Bertsolaritzaren sekretuak” emanaldi berezia eskainiko dute 22:00etan zineman. Oskar Estanga eta Itxaso Paia ariko dira bertsotan eta Jokin Labayen eta Idoia Noble gidari lanetan. Antolatzailea: Pasaiako Udala, Berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuen saila.

* Beste bertso saio feministaren baten berri baduzu bidali, eta pozarren gehituko dugu.

 

Bost urte ditugu emakume bertsolarien historia berreskuratzeko

2016-03-08  //  Bertsolaritza, Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Martxoaren 11n Alegin duzu hurrena Bertsolaritzaren Sekretuak emanaldi berezia ikusentzuteko aukera.

Martxoaren 11n Alegin duzu hurrena Bertsolaritzaren Sekretuak emanaldi berezia ikusentzuteko aukera.

Aukera badugu bertsolaritzaren historia (txuri-beltzean eta txapelez josita irudikatzen dugun hori) parekidera inguratzeko. Ez dugu arkeologiarik egin behar, baina lurrazalean dabiltzan 90 urteko lekukoen testigantza bildu ezean, arkeologiak ere ez digu informazio gehiago emango. Bertsolaritzaren historia aberatsagoa izateko, eta emakume erreferenteak berreskuratzeko, oraintxe dugu aukera.

(Bidea urratu duten emakume bertsolarien bilduma xume bat, hemen.)

Lehen bertsolari erreferentzialen garaitik dugu emakumeen izenen berri

Plazako bertsolarien lehenetariko izen erreferentzialak (gizonenak) Txabolategi (1769an jaioa) eta Fernando Amezketarra (1764an jaioa) dira. Duela bi urte Asteasuko artxibategian bilatu zuten Ereiteneko kultur zerbitzuetako kideek emakumeek (kolektiboan) eginiko lehen bertso sorta 1816koa da, eta bere egileak Txabolategi eta Fernando Amezketarraren garaikoak: Concepcion Irazusta Elola-Olaso (1772an jaioa), Teresa Antonia Beobide Zatarain (1781an jaioa, “Agustin Zakarra” bertsolariaren ama), Maria Magdalena Lertxundi Sorarrain (1795ean jaioa) eta Maria Antonia Etxeberriakoa (hiru emakume ageri dira bataio-agirietan izen horrekin, beraz, zehatz zein zen jakiten oraingoz ezinezko). Hauen biografia berreskuratzeak ekarriko luke bertsolaritzaren historia liburuetan lehen orrietatik emakumeen erreferentziak agertzea eta hasieratik, bertso munduan gizon zein emakumeak aritzen zirela irudikatzea.

Txirrita, Pello Errota, Otaño, Xenpelar…en garaikoak

Egun ditugun erreferentziek erakusten digute gizon bertsolarien familietan bazirela emakume bertsolariak: Pello Errotaren arreba Sabina Elizegi (1842an jaioa) eta alaba Mikaela “Txintxarri”; Pedro Mari Otañoren lehengusu eta Joxe Bernardo Otañoren alaba Plazida Otaño (1867an jaioa); Juan Frantzisko Xenpelarren iloba Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar”.

Bertsolaritzaren ikuspegi aldaketa ala txuri-beltzean jarrai

Bertsolari ezagunen etxeetan beste bertsolari ezezagunak egoteak erakusten digu etxean ikasten eta aritzen zirela bertsotan, gure kaleko mitoek “bertsolarien eskola, sagardotegia” badiote ere. Eskola etxea, sagardotegia gizon bertsolarien ringa. “Plaza”, “taberna”, “sagardotegia” hitz egun neutroei, garai hartakoez mintzatzerakoan “gizon” aurrizkia erantsi diezaiekegu. Gizonenak baitziren. Emakume bertsolarien bila aritu izan gara gizonen plaza horietan, basamortuan pinguinoen galdezka. Eta ageri diren erreferentzia bakanak biltzea ezinbestekoa da, noski; esaterako, Joxepa Matea Zubeldiak (1867an jaioa) 1918an Hernaniko herri bazkarian baztangaren bertso sorta kantatu zuenekoa, edo Plazida Otañok 1950ean Pedro Mariren omenaldi egunean bazkalostean kantatu zituen lehengusuaren eta aitaren arteko bertsoak.

Baina garaia da ikuspegia aldatzeko, bertsolaritza bere aniztasunean berreskuratuko badugu: (Gizonen) Plazako bertsolaritzari eman diogu BERTSOLARITZA izena, eta han ageri ez zirenak BERTSOLARI izenetik erbesteratu ditugu: bertso jartzaileak, gizonen plazan aritzen ez zirenak… erbesteratzen lehenak, beraz, emakumeak izan dira. Garaia da galdetzeko zein ziren beste plazak, non aritzen ziren emakumeak, non zuen zilegitasuna bere hitzak. Bertsotan egiten zuten emakumeen loturak bilatzea izan daiteke horretarako modu bat: familia loturak, lan lekuak (fabrika, arropa garbitzeko harriak, feriarako bidea…), aisialdikoak (karta-jokoak…), emakumeek hitza zuten ospakizunak (familia bazkariak, atsolorrak…)…

Betaurreko morez irakurri eta helduenekin bildu

Auspoa (eta beste edozein bertso liburu) betaurreko moreekin irakurtzen hastea da lehen pausoa. Hor gizonez ari den lerroen artean ageri dira emakume izenak, bertsoren batzuk, ateraldiak… oso bakanak, ados, baina mila zatitan ematen diren erreferentziak lotuta emakume bertsolarien perfilak osatzeko moduan egon gaitezke. Eta berehalakoan, emakume bertsolari horien ondorengoekin, ezagutu zuten lekuko zuzenekin biltzea da gakoa. Ez batere harritu bere ondorengo zuzenek amonaren edo birramonaren bertso kontuez ezer ez jakiterik. Gizarteak garrantzirik eman ez izanaren albo-kalte saihestezina. Baina emakume hauen biografia, izaera, pasarteak osatzen laguntzen digute.

Arduraz jokatzeko ordua

Bertsolaritzaren sorrera urtetik emakume bertsolarien izenak duela pare bat urte atera dira argitara; ikuspegi feministaz irakurrita emakume bertsolarien izenak ageri dira garrantzirik eman ez dieten liburuetan; eta emakume bertsolari haien lekuko zuzenek 90 urteren bueltan dituzte. Bost urte ditugu, bertsolaritzaren historia parekideago bat osatzeko. Posible da, gainera, lan honi heldu eta publiko egin ahala, herritarrek ezagutu dituzten emakume bertsolarien erreferentziak ematea, orain arte ezezagun zirenena (“gure amonak etxean egiten zuen bertsotan”, “gure izebak bertso asko jartzen zituen”…).

Momentu historiko honi arduraz erantzutera animatu nahi nituzke bere egunerokoan gaiarekin lotuta ari diren erakundeak (Bertsozale Elkartea, Emakunde, unibertsitateak…), lan hau kontzienteki, planifikatuta eta baliabideak jarrita burutu dezaten. Eta lan honi gustura ekingo liokeen horietakoa bazara, jo erakundeotara.

Diskurtsorik ez, mesedez, euskararentzat: Diskurtsoak euskaraz

2016-03-07  //  Hizkuntza  //  3 iruzkin

otegibelodromoan

Etxean, lagunekin, afalosteko hizketaldi bizi-gaiztoan ikusi genuen Internetez diskurtsoa. Bertso saioak bai, zortzi ordukoak lau urtean behin, baina diskurtso politikorik entzuteko batere ohiturarik ez dudala daitort. Eta bideoak 43 minutu zituela ikusi orduko “tira, pixka bat ikusiko dugu, ea zer giro egon den eta nondik jo duen…” batekin eman genion play-ri. Osorik ikusentzun genuen, eta behin baino gehiagotan ikusiko dugulakoan nago.

Ez zen tokatzen, ezin zen eskatu

Gizartean pil-pilean diren gaiez, gizartean erreferentzialak diren mugimenduek sortutako diskurtsoak josiz mintzatu zen. Eragile bati eta besteari “egiteko” dagoela entzun izan zaion lanari ekin zion: ikuspegi transbertsalak gurutzatzea, zapalkuntzak batzea eta zapalkuntza horiek gaindituko dituen herri proiektu baten bidea irudikatzea.

Liderraren figura indartzeko egingo zen ekitaldi-omenaldi-ongi-etorria espero genuen, berriz ere zintzo jarrita (eta eskubide eta zilegitasun osoa zegoen horretarako). Azken sei urte eta erdiak kartzelan eman dituenari ezin eskatu, juxtu epe horretan gizartean egosi diren dinamikak digeritu eta bere lanean txertatzerik. Eta abiapuntua askok espero baino aurrerago jarri zuen, Belodromoko hitzaldian. Egin zuen errealitatearen irakurketan betaurreko moreak, gorriak, beltzak, ortzadar kolorekoak… jantzita aritu zelako eta batez ere, hurrengo hilabeteetan egin beharreko bidea eta jarrera zehaztu zituelako: pertsona bakarrak txosten distiratsu bat egin beharrean, entzutea dagokiela, behetik gora eta kolektiboan egiten dela bidea.

Ondorengo egunetan elkarrizketa egingo dion kazetarietakoren batek galdetuko ahal dio, nola azaltzen den larunbatekoa? Mugimenduak eta erakunde politikoa ez zeuden itxuran bezain desartikulatuta? Kartzelak eterno egiten duen denboran irakurgai onak izan ditu? Belodromoko diskurtsoa mugimendu bakoitzeko perrexilak biltzen dituen herri bazkarian idatzi zuten zortzi eskutara?

Euskararentzat diskurtsorik ez edo katalanen beste lezioa

Behar bada euskalgintza da (edo gara, euskarazko hedabideak alor horretan eragile garelako) herri mugimenduen artean atzenduta dabilena. Beharbada ez dugu asmatzen adierazten euskara dela praktikarik eraginkorrena, atoan bat-batean momentuan Espainia eta Frantziatik deskonektatzeko. Euskaraz ari garen orduko gure mundu bat ari garela eraikitzen (zapalkuntza bat gainditzen duena, horregatik egungoa baino duinagoa), gure logikatik dihardugula, gure hitzetatik. Eta zorionez, baduela oraindik klandestinitate ukitu bat, euskaraz esandakoak ez direla mass-medietan agertuko (desitxuratuko) automatikoki, gehiago kostako dela epaileen txostenetara iristea.

Euskalgintzako eragile bati eta besteari entzun izan diogu diskurtso bat falta duela euskarak. Eta hala izango da, baina berriz ere gaizto daitort, ene diskurtsoak jarraitzeko lehentasunetan, bertso saioak, diskurtso politikoak (dena dela politika ulertuta) eta ostean letorkeela euskararena (telebistako animalien dokumentalen atzetik). Beranduegi-rako soilik zaizkit lehengai eder (sortzez garbia, munduko zaharrena, Nortasun Bat eta bakarra ematen diguna, lana bilatzeko balio duena, ze poza ematen diguna zuri euskaraz entzuteak, pixka bat nahiko dena…).

Hargatik, zapalkuntzak eta borroka kolektiboak josteko eta elkarrekin indartzeko lanean ari diren politikarientzat inspiragarri izan daiteke, berriz ere, Kataluniako prozesua. Berariaz katalanari buruz jaulkitako esaldi bakar bat ez dut gogoratzen, baina diskurtso guztiak katalanez jarraitu ditugu estatu osoan. Erabaki garrantzitsuenak eman dituztenean ere bai. Nazioarteko hedabideen aurrean.

Belodromoan etorkizuneko diskurtsoaren oinarriak plazaratzea zailagoa zirudielako, amestuko dut hurrengo hitzaldietan, baita Belodromokoetan ere, euskaraz egingo direla diskurtsoak. Sei urte eta erdiotan udaletan eta herri mugimenduetan naturaldu dira aldibereko itzulpena egiten duten teknikak (ondokoak itzultzea belarrira) eta baliabideak (maletina) ETA BATEZ ERE: ohartu gara “nork ez du ulertzen, nork behar du laguntza?” galdetuta, inork aurrez uste genuena baino askoz gutxiagok behar dutela askotan “yo entender, entiendo” (eta nahiago jatorrizko hizkuntzan aditzea, jakina). Horrela balioan jartzen ditugu (Belodromoko hitzaldian beste hainbat borrokekin oso fin egin zen bezala) bere burua euskalduntzen herritarrek urtetan egin duten ahalegina, euren seme-alabak euskalduntzeko D eredura bidali dituzten gurasoena, bere lanaren misioari hileko soldatari baino balio handiagoa eman dioten euskalgintzako langileena… eta entzumena lantzeko aukera bat gehiago eta euskararen balioaz jabetzeko motibo bat gehiago ematen diegu herritar guztiei. Katalunia independentean katalanak izango duen indarra irudikatuz goazen bezala, Euskal Herri independente eta duinean euskarak izango duena barneratuz joan gaitezen.

Erraustegia, indarrean den sistemaren ikono

2016-02-29  //  Herri mugimenduak  //  Iruzkinik ez

erraustegirikezweberako

Hondakinak gure bizimoduaren ispilu dira. Mutur batean dugu erraustegia, gaurko sistema kapitalista patriarkal zanpatzailearen ikonoa: Gutxi batzuen etekin ekonomikoa jartzen du guztion (bai lurraren eta bai herritarron) bizitzaren gainetik. Erraustegiak hazkunde zoroa sustatzen du, behar du, labeak martxan izateko: herritarrek kontsumitu dezatela gehiago, gero eta gehiago hobe, eta erosi orduko bota dezatela zaborretara, gero eta gehiago “efizienteago” labeentzat. Eta mugitu daitezela zaborrak ere merkatu librean, egin ditzagun errepideak kamioiz bete daitezen. Erraustegia gaurko sistema kapitalista patriarkalaren ikonoa da, eta Donostiak kontsumoaren kultura sustatzen duen erraustegia Kultur Hiriburutzaren urtean bai ala bai egin nahi izatea, eta ondoan zer eta kartzela proiektua eramatea, metafora bat, poesia hutsa.

Hau ez da guk nahi dugun bizitza

Hondakinak gure bizimoduaren ispilu dira. Eta erraustegiaren mamua sortu zen unean piztu ziren, Gipuzkoan, gauzak beste era batera egiteko moduak. Moduak nahi direnak, baina muin dutenak hondakin bakoitza nora bota bereiztea, eta organikoa lur bizi emankor bihurtzea. Eta sortzen dugun zabor kopurua murriztea, etengabe, ahalik eta gehien. Hondakinak diren gure ispilu horretan agertu gaitezen osasuntsu, gure bizitza izan dadin eder. Hondakinak bereizten ditugunetik, eguneroko praktikatik ari garelako lantzen nola bizi nahi dugun.

Erraustegirik ez! Beste bizi ereduen erronka komuna

Egun indarrean den sistemaren ikonoa ez dezatela egin, erronka zehatz horrek aukera ematen du beste bizimodu baten alde (zentroan guztion bizitza jartzen duena, ez gutxi batzuen etekin ekonomikoa) dauden lan eremuak gurutzatu daitezen. Hondakinen gaia eta erraustegiarena landu dezagun elkarrekin: feminismotik, elikadura burujabetzatik, parte-hartzetik, lurraldetasunetik, ingurumenetik, osasunetik, ekonomia sozial solidario-eraldatzailetik, justizia sozialetik, kulturatik… Ikonoa geldiarazteko erronkak jarri gaitzake elkarrekin lanean eguneroko praktika txikitik eta ikuspegi josiekin bizi nahi dugun bizitza eraikitzen.

Ikuspegi horrekin ekin zion berriz sarean antolatzeari erraustegiaren aurkako mugimenduak (hemen Zubietako lehen batzarraren kronika), eta ikuspegi horrekin egin zen publiko Zubietako Martxan (hemen duzue kronika) “Buru eta Bihotzaren aldarria“.

Eskerrak norbaitek badakien Olentzerorena…

2015-12-10  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

olentzero2

 

Zortzi urtekoak jakin berri du “Olentzero”rena. Jada “Olentzero” baita, txikiagoen aurrean begi keinu exageratuekin eta bizkorrustekoen irria ahoan ahoskatzen duen “Olentzero”.

– Eskerrak! eskerrak batzuok badakigun, bestela denok Olentzeroren zain, oparirik gabe geratuko ginateke!

Mikatz oroitu ditzakegu gezurra hautsi zitzaiguneko Eguberri haiek. Baina ahoan hortz txiki eta handiak elkarrekin bizi zaizkionak arrazoi, inork egia ez jakitea okerragoa litzateke… Olentzeroren kontua inoiz sortua izan ez balitz bezala, betidanik hor egon bailitzan…

Olentzero komunitarioa

2015-12-08  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

olentzero-3

– Bizilagunak esan dit Olentzero aita eta ama direla, baina zehazki zein aita eta ama dira etxez etxe aritzen direnak?

Olentzeroren misio komunitarioari erantzuteko ez ote zatekeen egokiagoa antolamendu komunitarioa?

Lurra biribila da

2015-12-06  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

mundo

 

Auskalonongo herrian ikaskide batek besteari argazkiak atera eta Interneten jarri omen zituela baimenik gabe. Telebistako tertuliazaleen enfasiarekin kontatu du zortzi urteko zentzudunak auskalonondik belarrietara iritsi zaiona.

– Zuri ongi irudituko litzaizuke hori? -ekin dio fiskalak bazkalorduko epaiketan.

– Ez, ez… noski… -helduak zopa ahoratu bitartean.

– Aber…! mundua borobila da! Zu honi bidali eta horrek hari eta hark besteari… azkenean argazkikoari bueltan iritsiko zaio! -hatz erakuslearekin zirkulua (mundua) itxiaz.

Laua izan balitz ez zen, noski, horrelakorik gertatuko…

Muturreko enpatia

2015-12-04  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

SMILING PUG

Leihotik bi urteko lauhankakoari begira-begira dago lau urteko hankabikoa. Zabaldu du terrazako atea eta zakurrari besarkada eta musua eman dio muturrean.

– Zuk uste duzu Luna triste dagoela? -umeak, ostera etxera sartutakoan.

– …. Ez… zergatik ba? -helduak.

– Ba… gu denok pertsonak garelako eta bera txakurra

Hankaz gora eta aho hautsiarekin geratu da heldua, kasketetatik tarteka baino ateratzen ez den haurra abereen larruan jartzen ikusita.

Onaren zaldiak badaki mantxo joaten ere

2015-11-29  //  Umekeriak  //  2 iruzkin

Txapelketa imajinarioei ekiten dio lau urteko ahalguztidunak:

– Nor da indartsuagoa, Pipi Kaltzaluze edo ni? Akiles edo aitatxo?

Eman eta ekin lehia imajinarioei.

– Nork irabaziko luke, aitatxok bere zaldi beltzarekin, edo nik nire zaldi mundukoazkarrenarekin? -esan beharrik ez dago, zaldiak ere balizkoak dituela, baserri imajinarioan bizi dituenak.

– Aaaa… munduko azkarrena bada, zuuuk!

Bi zentimetro hazi da komunean eserita dagoen kakanarrua.

– Baina… nik zure zaldi mundukoazkarrena hartzen badut gauez, eta hurrengo goizean zure aitari lasterketa jokatu, nork irabaziko du? nork?-tranparekin bizkor sentitu da heldua.

– Nire aitatxok! Nire zaldiak zu mantxo eramango zaitu eta! ez zaitu ezagutzen!

Zerua hil dute

2015-11-28  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

Zenbaki bakarrak eragiten dizkio lau urteko umeari kabalak: Infinito.

– Zer da handiagoa, zerua edo infinito?

– Zerua infinito da, ez da bukatzen- helduak beti zapuztaile.

– Baina esan bat! zerua edo infinito!

– Zerua!- erantzun dio gaur, atzo “infinito!” erantzun zion hankabikoak. Txapelketa imajinarioetan garrantzitsuena saltsa jartzea baita.

– Gu jaio ginenerako zerua hor zegoen jarrita?

– Bai, bai, zerua “beti” egon da hor. Beno… edo bestela nondik aterako zen ba? Arrautzatik? Alutik?

– Hori ezin dugu jakin. Igual jaio egin zen, igual beti egon da hor, igual norbaitek zerua hil egin du! hori ezin dugu jakin…!

Pozik topo egingo nuke Durangoko Azokan “Zerua hil dute” ipuinarekin.

17 / 30«Aurrekoa101617181930Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA