Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Bertso Eguna. Aulki dantza, konfiantza eta zalantza bat
2015-02-03 // Bertsolaritza // 7 iruzkin
Saio bete eta koloretsuaz gozatua hartu genuen larunbat arratsaldean. Asekada eder bat. Hamabi bertsolariek euren nortasuna eman zioten jokoari, Nerea Ibarzabal gaztenetik hasi eta Andoni Egaña beteranoraino. Besteak beste Asisko eta Marko marrazkilariek jarritako saltsa eta amaierako aulki-jokoa oroituko ditu entzuleak.
Bertso Eguna urteko saio bereziena izaten da, herriko plazan ez baita biltzen halako jendetzarik, areto batek eskaintzen dituen aukerekin, eta ohiturarik ere ez da eszenografia zein bestelako artisten kolaborazioekin esperimentatzeko. Era guztietako Bertso Egunak ezagutu ditugu, eta aurtengoari lotu dakiokeen hitz bat izan liteke “neurria”. Aulki koloretsuek eta gaiak hala eskatzean hondoan islatutako irudiek ukitu fina eman zioten saioari. Hari moduko bat edo batasuna, gai bakoitza jolasen batekin lotzeak eman zion saioari, baina lotura aski librea izan zen bertsolariak erabaki zezan une bakoitzean erabat gaiari eutsi edo jolasen erreferentziei heldu.
Hiru orduko saioan bertsoaldi ederrak joan ziren. Nor bere gustuek salatzen dute, eta hemen bertsoa.com webgunetik hautatutako sorta:
– Amets Arzallus eta Unai Agirre, kaxa huts bati bi begirada.
– Nerea Ibarzabal, “aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz?”…
– Sustrai Colina (aita), Onintza Enbeita (amona) eta Alaia Martin (alaba). Bakoitzaren agintea.
– Sustrai Colina eta Andoni Egaña, parean ez datozen koinatuak.
– Eneko Lazkoz, Unai Iturriaga, Nerea Elustondo, Maialen Lujanbio. Bakoitza nolakoa zen txikitan?
– Maialen Lujanbio, “jolastu leike?” “Ez!”.
Afalostean festa
Honaino larunbateko sentsazioak. Unea bizitzea baino zer hobe? afal orduan Iparra-Hegoa taldeko kideek prestaturiko platerak dastatuz eta mahaikide bakoitzaren munduak partekatuz gozatu genuen. Afalosteko bertso saioan egoerak ageri zuen itxura surrealistarekin barre egin eta barrara jo genuen zuzen, gutxitan ikusi arren bihotzean eramaten diren adiskideekin bizitzak sinkronizatzera. Utikan, beraz, umore handiz aurtengo Bertso Eguneko saioan kontzeptu bihurtu den “raka-raka-raka” hori, saioaz edo bertsoez baino kritikatzen duenaz informazio gehiago ematen duen jarduna.
Konfiantza, klabea?
Biharamon berantiarrean, bezperako saioko bizipenak bezperako saioko hitz lauekin parekatuz, galdera bat isuri da mahaira. Alegia, oholtzan gaiek eta bertsoek bakarrik parte hartzen ote duten. Edo justu klabea ez ote den gaia eta bertsoen arteko admosfera. Alegia, bertsolariak gai-jartzailearengan konfiantza duenean era batera pertzibitzen dela saioa eta konplizitate hori falta denean bestera. Nolabait intentzioetan bat etortzeak duela pisua, horrek orekatzen dituela edukian, planteamenduan, formulazioan eta abar egon daitezkeen ahuleziak.
Liseriketa beharraz
Saio osoan txoria baino kontentuago egon nintzen. Tarte bakarrak irauli zidan urdaila, hamar minutuz “cara a Sol” ikusi nuenean nire burua. Erdigunea ez ote dagoen ez EAEn eta ez Nafarroan sentitu nuen, “hiruak bat” gaiak planteatu zuen moduan (lastima, Bertsularien Lagunek eginiko ekarpena, “XiLaBa” zetorren biribil hiru lurraldeak aipatzeko, “Iparraldea”ren ordez).
Bertso Egunaz harago doa gaia, gizarte zabalean eta egunero egin beharreko praktika baita liseriketa. Gainerakoan, hedabide españoletatik indarrean datorkigun planteamenduak dira eguneroko bizitzan eszenaratzen ditugunak. Ez dakit, argazkiak hautatzen hasita, inguruan azken aldian ikusi dugun indar erakustaldi indartsuena ote zen Madrilgo plazakoa, ez dakit irtenbideen promesa egiten duen alderdi bat jarri behar den saioko erdigunean edo arazoak eta irtenbideak diren taularatu behar direnak, ez dakit argazkia ez ote zen Kursaalekoa bera: aldaketak Espainiatik etorriko diren begira dagoenarena…
Egaña beti dela interesante aitortuta, nik karguz Espainiako parlamentaria den eta astero Solen bildutako jendea gurutzatzen duen Enbeita entzun nahi nuen. Edo biak, ofizioka. Edo Amets eta Sustrai, alderdi horrek Hegoaldean pizten duen liluraren motiboez. Edo…
Bertso Eguneko saioaz harago doa, liseriketa da behar duguna.
Badakizu Olentzero… ?
2014-12-22 // Umekeriak // Iruzkinik ez
Sei urteko mutikoa harrapaladan sartu da sukaldean:
– Ama, zuk bazenekien Olentzero…
Gurasoak harnasa eten du, umearoko gezurra aurpegian lehertuko dion zain zain…
– … ez dela Jesusitoren aita?
“Kontxo, laiko itxurako gizarte honek a zer lezio argiak ematen dituen…” pentsatuz jarraitu du patatak zuritzen.
Sexismoa: Iazko Gabonetako publizitate kanpainaren datuak
2014-12-18 // Feminismoa // 3 iruzkin
Emakunderi atxikitako Begira ikertegiak 2013-2014eko Gabonetako kanpainari buruz egindako azterketaren emaitza hauek plazaratu ditu. (Hemen ikusgai bideoa). Hauek dira 10 telebista kateetako 186 iragarki aztertuta ateratako ondorioak:
Presentzia:
– Iragarkien %74an neskatilak agertzen dira eta eurak dira iragarki horien hartzaile nagusiak.
– Mutikoak iragarkien %66an agertzen dira
Ematen duten irudia:
– Neskatilak protagonistan diren iragarkien %21ean “pinpirin eta fisikoaz kezkatuta” daudenaren irudia ematen dute.
– Mutikoak protagonista diren iragarkien %22an “gerlariaren edo militarraren” irudia ematen dute.
Zer jostailurekin lotzen dira neska-mutilak:
– Neskatilak protagonista dituzten iragarkien %63etan panpinak eta osagarriak aurkezten dituzte.
– Mutikoak protagonista dituzten iragarkien %50 akziozko figurak eta ibilgailuak aurkezten dituzte.
Teknologia:
– Neskei zuzendutako jostailuen %31k funtzionaltasun elektronikoren bat dute.
– Mutikoei zuzendutako jostailuen %67k funtzionaltasun elektronikoren bat dute.
Koloreak:
– Neskatilei zuzendutako jostailuen %47k arrosa kolorekoak dira.
– Mutilei zuzendutako jostailuen %62ak kolore biziak dituzte.
Eszenografia:
– Neskatilak protagonista dituzten iragarkien %71 barruan eta etxean gertatzen dira.
– Mutikoak protagonista dituzten iragarkien %45 kanpoan eta naturarekin lotuta gertatzen dira.
Musika:
– Neskei zuzendutako iragarkien %68an musika eztia eta lasaia da.
– Mutikoei zuzendutako iragarkien %58k erritmo biziko musika dute.
Offeko ahotsa:
– Neskei zuzendutako iragarkien %61en offeko ahotsa neskatila batena da.
– Mutikoei zuzendutako iragarkien %94en offeko ahotsa gizon heldu batena da.
Leloak:
– Neskatiletan, edertasunari, etxeko lanei eta zaintzari lotutako leloak erabiltzen dira: “Amarik onena izango zara”.
– Mutikoetan, garaipenarekin eta nagusitasunarekin lotutako leloak erabiltzen dira: “Zure trebezia izango da zure aliaturik onena borrokatzeko eta irabazteko”.
Hainbat pista Olentzerorena egiterakoan
2014-12-18 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Lekeitioko udalak hirugarren urtez zabaldu du “Ipuin eta jostailu ez sexistak aukeratzeko gida”. Hementxe duzue PDF formatoan: GIDA EZ SEXISTA.
Emakundek gomendio hauek zabaldu dizkie hezitzaileei:
– Saihetsi behar dugu joko jakin batzuk eskuragarri izatea eta horiekin jolastea: indarkeriazkoak eta estereotipo sexistak sortzen eta justifikatzen dituzten guztiak.
– Joko eta jostailuen iragarkiak umeekin komentatu behar genituzke, ikusle kritikoak trebatzen joateko. Iragarkien helburuak eta mezuak interpretatu eta berrinterpretatu behar genituzke, publizitatean agertzen diren estereotipo edo irudi sexistak antzeman ahal izateko. Iragarkiak elkarrekin aztertzea laguntza handia izango da, besteak beste, publizitate jakin bat baztertzeko: gorputza gurtzera, modu jakin batean janztera, lehian ibiltzera eta kontsumitzera bultzatzen duen publizitatea, txikienentzat oso desegokia baita publizitate-mota hori.
– Helduok sormena, irudimena, gaitasun psikomotorrak eta berdintasunean oinarrituko harremanak lantzen dituzten jokoak balioetsi eta saritu behar genituzke —batez ere, joko edo jostailu bat aukeratzerakoan—, adingabeak aurrean ditugula. Jokoa edo jostailua umeekin batera aukeratu beharko genuke, eta, bide batez, saihestu egin behar genituzke konpultsioz kontsumitzeko ohituren aldeko mezuak.
– Joko eta jostailu bat edo bestea aukeratzerakoan kontzienteki aukeratzea, sexua kontuan hartu gabe; horra hor genero-estereotipoak nola hautsi. Prebentzio horri esker sustatuko dugu mota guztietako jokoak eta jostailuak erabil ditzaten, joko eta jostailuok tradizioz zein sexuri izendatu zaizkion kontuan hartu gabe. Jolasteko orduan, gizarte berdinzale batean nahi genituzkeen rol sozialak sortu nahi dira.
– Umeak zaurgarriak izan daitezen ekiditeko, gero eta beharrezkoagoa da umeei informazioa ematea teknologia aurreratuko joko eta jostailuen iragarkiei buruz, eta pantaila digitaletara eta testuinguru birtualetara sartzen laguntzea, txikitatik. Garrantzitsua da umeekin batera jolastea, eta internet eta sare sozialen erabilera gidatzea.
– Gure ardura da gure umeetako bakoitza zuzen gara dadin, baina ardura hori gizartearena ere bada; beraz, gure inguruan zabalduko ditugu gomendio guztiak.
Amelia Barquinek Kinka blogean titularretik botea digu enbidoa Nor ausartuko da panpina bat erosten (bere semea ez den) mutil bati Gabon hauetan? artikuluan. Inbertsioaren araua delakoa proposatzen digu bertan: “Neska batentzako opari bat aukeratzeko orduan, nire buruari galdetzea ea mutil bati gauza bera oparituko niokeen. Eta alderantziz. Galderak balio dezake konturatzeko ea ni ere neska/mutil binomio tradizionala eraikitzen laguntzen ari naizen. Eta gero erabakia hartuko dut, noski, zeren mutikoak baloi bat nahi badu, ba horixe nahi du, zergatik ez. Baina batzuetan ideiaz aldatzen dut”.
Euskal Herriko Bilgune Feministako kide den Oihana Etxebarrietak Olentzeroren gutuna umeekin aztertzea proposatu digu: etxeko guztiek kritikoki eztabaidatzea zer den objektu horiekin bilatzen duguna, dauden aukera guztiak errepasatzea… Iragarkiak elkarrekin komentatzea ere beharrezko ikusten du, interpretatzen trebatu gaitezen. Eta jolas bat ere proposatzen du: opari guztiak zaku berean sartu eta begiak itxita zoriz bat hautatzea.
Olentzerorena egitera zoazenean, adierazi dendariei zure iritzi eta sentipenak. “Neskentzako” eta “Mutilentzako” ipuinekin ikusi dugu, guztiok gure jarrera azaltzen badugu lortu dezakegu saltzaileen erantzuna. Saltzea bada helburua, zure iritzia oparia da ekoizle eta dendentzat, herritarrengan atxikimendu handiagoa lortzeko pistak ematen dizkiozu. Gauzak era batera edo bestera egin, erosleoi ez zaigula berdin jakinarazi behar dugu. Hauek adibide batzuek dira, bidali ekiteko proposamen gehiago eta pozik gehituko ditugu:
– Dendariak “Neska edo mutila da?” galdetzen dizunean, erantzun bat eman, ez isildu. “Opari hau erabakitzeko ez du batere axola, erakutsi mesedez dituzuen aukera guztiak” izan daiteke erantzun bat. “Berdin da, x urte ditu” beste bat.
– Adibide positiboak ere badira, esaterako, guztiontzako jolas kooperatiboak saltzen dituzten dendak eskura ditugu, eta aurten lehen aldiz bere katalogoan parekidetasuna zaindu duen saltokirik bada. Kontsumitzaileok pauso positibo hauek txalotzeak laguntzen du bide horretan urrats handiagoak ematen jarraitzeko.
– Produktu batek bi gama aparteko baditu, dendariari galdetu: “Ba al duzu beste aukerarik? ume guztiek neska-mutil bereizi gabe jolas dezaketela sentituko dutenik?”, “Kolore gehiago badituzu? nireari asko gustatzen zaio x kolorea”.
– Sarri apalategiak eta sailak oso bereizita daude, eta ez dugu aukera osoa ikusten. Galdetu dezakegu “Berokiak non dituzue?” (eta denak ikusi, “nesken” eta “mutilen” sailetakoak eta ondoren hautatu), edo “hizkuntzak lantzeko zer jolas dituzue”?
– Lasai hitz egin dendariarekin oparitzeak sortzen dizkizun kontraesan eta gorabeherez. Adibidez: “Hainbeste printzesa, hainbeste superman… ea zer amets elikatzen ditugun txikitatik! Baduzu beste era bateko irudirik duten baloirik, motxilarik…?”.
– Erreklamazio orriak eskatu eta bertan idatzi erosketa horretan ezegokiak iruditu zaizkizun kontuak (katalogo, apalategi, aukera…)
Topaketa Feministak, mahai-ingurua. Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k)
2014-12-14 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Argazkia @PotxuakMartxan.
Ostera ere Kofradia lepo zela (600 lagunen aurrean), mahai-inguru bizia eta mamitsua osatu zuten Josebe Iturrioz, Saioa Iraola, Ainhoa Etxaide, Jule Goikoetxea, Ana Murcia eta Jeanne Roland (bien artean hitz egin zuten Garaipen taldeko kide moduan), eta Idurre Eskisabelek. Bilgune Feministako kide Miren Arangurenek bikain moderatu eta kudeatu zituen denborak. Proposamen landuak eta umore zirikatzailea uztartu ziren espontaneoki, bor-borka zegoen aretoan. Hainbat esaldi testuinguru horretan hobe kokatu ditzake irakurleak.
Hurrengo erronka nagusia boterea hartzea dela azaldu zuten: erabaki politikoetan eragitea, hegemonikoa izatea, kontzeptu nagusiak feminismotik birdefinitzea, eta azken helburu gisa euskal estatu (trans)feminista lortzea. Borondatea eta beharra agertu zuten guztiek Euskal Herriko mugimendu feminista osoa batuko duen gune bat eratzeko.
Hemen duzu laburpena:
Zein dira transizio feminismo baterako oinarriak? norantz transitatu nahi dugu?
JOSEBE ITURRIOZ
“Iraultza” eta “trantsizioa” hitzak elkarren ondoan jartzen dugunean arazoa sortzen zait, trantsizioak karga negatibo handia du, trantsizioa ezer ez egiteko hitz tranpa izan ohi da, eta helburua iraultza da. Zer da iraultza? Errotik eta era erradikalean planteatzen den aldaketa. Iraultza egiteko bidea behar da, eta trantsizioak esanahi hori izan dezake. Trantsizioak “trans” esanahia badu, interesgarri zait. Iraultza ez da bakarrik aldaketa soziala, diskurtsoa, pentsamendua bera aldatu behar da. Zer da jakintza? Nola partekatu behar dugu? Zer da erlijioa? Zer da politikoa? Politikoak ez diren eremuak politikara eramaten jarraitu behar dugu.
Nola bideratu behar den iraultza? Ez dago bide bakarra. Iraultza bideratzeko eremu ezberdinak daude, eta bakoitzak bere esparruan iraultza egin behar dugu. Garrantzitsua da iraultzaile sentitzea eta bakoitzak bere tresnekin egitea, denok ez ditugu tresna berak.
Medeak taldean oso kritikoak izan gara instituzioekin, eta gai horretan nire ibilbide politikoa kontraesanez josia ikusten dut: udal teknikaria izan naiz, orain Plazandreokekin plataforma sortzen ari gara hauteskundeetara aurkezteko… baina kontziente izan behar dugu tentsioan daudela boteregunea eta iraultza: kontraesanak sortzen dira, koherentzia totala ezinezkoa da, baina adi ibili behar dugu botereguneak aldatzeko.
SAIOA IRAOLA
Norantz trantsitatu nahi dugu? Bideorri bat dela irudikatzen dugu, xenda ezberdinez osatua baina norabide bat duena. Bilgune Feministakoontzat burujabetza feminista da iparra. Burujabetzak ez du “soberania” esan nahi, burujabetza bada prozesu indibuduala, gure buruaren jabe izatea, gorputzarena, osasuntsu egoteko bide egitea, elikadura, ekonomikoki burujabe izatea… baina bada kolektiboa, herri prozesuari eta gatazkei ere erantzuten die prozesu honek. Jabe hitzak erantzuten dio inziditzeko gaitasuna izateari. Nola lortu ipar horretara iristea? Proiektu feminista bat behar dugu, bateratze handi bat. Ezinbestekoa da feminismotik abiatzea, Euskal Herritik abiatzea, zapalkuntza ezberdinen elkar-eraginerantz intersekzionalizaziorantz joatea, egoeraren arabera moldatu beharko da, elkarlanean eta aliantzan oinarrituta. Inzidentzia politikorako feministok autoantolakuntzan oinarritu beharko dugu baina une batzuetan bateratu beharko dugu erakunde publikoetan egiten den lanarekin. Bide paraleloak dira, ikusi beharko da bakoitzaren espazioak zein diren.
AINHOA ETXAIDE
Trantsizioa da egoera batetik bestera joateko egiten dugun bidea. Bagaude jada trantsizio batean, azken 6-7 urtean oso egoera ezberdinera goaz: erreforma kapitalista egin dute eta kapitalismo basatira goaz. Horrek emakumeei ekarriko digun arazoen dimentsioaz ez gara oraindik jabetzen. Euskal Herriak ukatua izaten jarraitzen du, norabidea erabakitzeko erabakimenik gabe. Egoera honetarako propio estrategia definitu behar ditugu. Nora joan nahi dugun argi izatea da giltza, ipar-orratzak beharrezkoak dira, premia zaharrak dira baina galdera berrien erantzun berriak bilatu beharko dira. Beraz, kontua ez da galderen erantzunetan ados egongo garenik, baizik eta helmugan. Helburua da diagnostiko sendoa edukitzea (zein da emakumeon argazkia?). Eta diagnostikoaren araberako estrategiak garatzea, sarri non gauden ahaztu eta lortu nahi dugunaren arabera egiten baitira estrategiak. Atzera goaz eta argazkia pentsatzen duguna baino larriagoa da. Gure bizitzan eragina izango duen pobrezia egoera zabaltzen ari dira. Ez da kasualitatea abortuaren legea, ez da kasualitatea LOMCE, ez da kasualitatea TTIP-a… Estrategia feminista ezberdinek ekarri dutenaren balorazio zintzo bat ere egin behar dugu: Erakundeen bideak zer eman du, feminismo marxistak zer eman du…?
JULE GOIKOETXEA
Trantsizio feminista botere posizioak hartzean datza. Feminismoa estatu edo nazio mailako gaia bihurtu behar dugu. Botereguneetan dauden alderdi politiko, komunikabide eta abar estrategia argirik gabe daude, despistatuta, eta aprobetxatu behar dugu. Beti kontrabotere izango gara, baina botere hegemoniko ere bihurtu behar gara. Estatu feminista, hori da helburua. Kataluniako Trantsizio Nazionalaren helburua bada independetzia, guk ere osatu behar dugu gurea, helburu zehatzak zehaztuz. Zer izango da euskal estatu feminista eta nola lortuko dugu? baina ez 20 urtetan, baizik 5 urtetan? Epeak jarri eta bete behar ditugu. Kolektibo eta sektore izatetik osotasun izatera pasatzea da gakoa. Historia egiten ari garela sinestea. Espropiatua izan zaiguna berreskuratzea, gu gara autoritatea eta erdigunea, orain arte boterea eta autoritatea musutruk ematen ari baikara: gure ezagutza, balioak, praktikak… Helburua litzateke estatu mailako interlokutore bilakatzea feministak. Ongizate estatuan, sindikatuak interlokutore ofizialak dira. Lortu behar dugu feministak izatea interlokutoreak eta lege guztiak feminismotik pasa behar izatea.
ANA MURCIA
Egiturazko aldaketak orain iritsi dira munduaren leku honetara, baina urte asko daramagu munduko beste leku batzuetako feministok horri buruzko eztabaidan eta hori da etorkin feminista askoren egoera. Helburua gizarte transfeminista multikulturala da, eta ez abangoardia bakar bat izatea, homogeneoa, txuria eta erdi mailako klase sozialena. Bizitza erdigunean jarri behar da. Bizikrazia da aldarrikatzen dugun kontzeptua. Ni-tik barne zapalkuntzak landuta lortu nahi dugu kolektiboan aldaketak egitea.
IDURRE ESKISABEL
Trantsizio hitzak Espainiako trantsiziora garamatza. Garai loriatsu haietako kantu bat ekarri nahi nuke, euskal trantsizio feministarako kantua: JosAnton Artzeren hitzak maisuki musikatu zituen Mikel Laboaren “Martxa berrirako lehen notak”, hori da euskal estatu feminista horretarako proposatzen dudan ereserkia, bi kontzeptu hauek azaltzen dituelako: “inor ez inoren menpekorikan, nor bere buruan jabe” eta “batek gose diraueno ez gara gu asetuko”.
Josebe Iturriotz, Saioa Iraola eta Ainhoa Etxaide. Argazkia @BikitxuBerritsu.
Zein dira erresistentzia estrategiak?
AINHOA ETXAIDE
Ez dago estrategia bakarra. Ikuspegi estrategiko ezberdinen metaketa behar du. Estrategia bakarra hautatzekotan aliantza da bidea. Arazoa ez da estrategia ezberdinak izatea baizik kontrajarriak. Ez dugu zertan denok ados egon behar. Estrategietako bat aztertuko dut: bizibaldintzei begira, baldintza materialak ziurtatzeko estrategia. Ez dut ezagutzen pobrezian itotako subjektu politiko abangoardistarik. Nazkatu naiz entzuteaz “Euskal Herrian oso ongi bizi garela”: mahai honetan sei kide gaude eserita eta oso baldintza ezberdinak ditugu. Ez da egia estrategia berak momentu denerako balio duenik. Duela 6-7 urte kristalezko sabaiaz hitz egiten zen. Orain oinarri oinarrizko eskubideak eta bizibaldintzak lapurtzen dizkigutela esaten ari gara, kontua da nola berreskuratu antzinako baldintzak, haiek batere onak ez zirela azpimarratuta.
Espazio publikoa berreskuratu behar dugu. Baina feminismoak espazio publikoa berreskuratzeaz ari gara, ez emakumeak espazio publikoa berreskuratzeaz. Erakunde bat feminista bihurtzen da feministek espazioak hartzean, ez emakumeek.
SAIOA IRAOLA
Orain arteko erresistentzia estrategiak erabiltzen jarraitu behar dugu eta berriak jorratu. Gauzak aldatzeko gaitasunean sinestuta planteatu behar dira estrategiak. Gure bizitzetan protagonista bilakatzea da gakoa, ahalik hobekien bizitzeko estrategiak garatu behar ditugu, kontzientziazioa, ahalduntzea, jabetzea… herri guztietan lan egitea ezinbestekoa da eta pertsonak lantzea da gakoa, norberarengandik hasten baitira aldaketak. Beharrezkoa da ausnartzea, eztabaidatzea, elkarrengandik ikastea eta formazioan sakontzea.
Mugimendu feministak aitortza politikoa izatea beharrezkoa da. Gainerako alderdi eta eragileekin mintzakide izateko gaitasuna lortu behar dugu. Gai ezberdinen inguruan aliantza puntualak lortzen ditugu baina epe luzerako kontsentsu batzuk edo adostasun batzuk biltzea eta indarrak metatzea garrantzitsua da eta aukerak baditugu. Aliantzak behar ditugu baita ere mugimendu sozialekin, jakintza esparru anitzetan dauden feministekin, herri mugimenduekin… aldaketa sozial eta politikoa erdietsi nahi dugunen arteko aliantzak ezinbestekoak dira herriaren kontraboterea josten joateko. Euskal Herriko feminista guztiok elkartzeko gune baten beharra eta desioa dago.
JOSEBE ITURRIOZ
Nahiko ados gaude gauza askotan. Estrategiei begira, oso arraroa egiten zait estrategien dekalogoa egitea. Baina ekintzetara pasa behar dugu, nahiz urte asko daramatzagun ekintzetan. Baina kaleratze politikoa eman behar da. Ez dago bide bakarra eta errespetatu behar ditugu bide guztiak. Mugimendu feministan ez dugu denok elkar maite, inkoherentziak ditugu, baina goazen besteren lana errespetatzera, ikustera, eta aliantza interdiziplinarra lortu behar dugu: nonbait gorpuztu behar da, behar du leku bat. Intersekzionala da gure aliantza, ezin da txuria izan, heteroa… identifikatu behar ditugu zapalkuntza guztiak.
Feminismoa ez da emakumeentzat bakarrik, proposamen olistikoa da eta ez da apendize bat. Munduan egon den proposamenik ia interesgarrriena da feminismoak egin duena. Alor guztiak ukitzen ditugu, pentsamendu pila bat garatu dugu, praktikak… Feminismoak badu ibilbide bat mikroiraultzak lortzeko. Has gaitezen jada gure bizitza eraldatzen, eta aliantzen bidez iraultza txikiak lotuz eratuko dugu estatua. Zapaltzen gaituzte leku guztietatik, modu globalean eta ados, lokaletik erantzun behar dugu, baina arazoa sorrarazten didate estatuen mugek: estatua nahi dugu baina goazen mugaz harandi estrategia feministak garatzera.
Zaintza sozializatzen duen gizartea nahi dugu.
IDURRE ESKISABEL
Aldaketa garai delikatuan gaude. Alde txarrak gehiago dira, izan ere krisi esaten dioten arpilatze hori sekulakoak egiten ari da. Lehenago prekarietatea zena orain eskubide gisa planteatzera garamatza. Aldaketa aukerak ere badaude onerako. Euskal Herrian gauza berriak proposatzen eta egiten hasteko bidea abiatu da. Batetik makinaria izugarria zapaltzen ari zaigu alor guztietan, baina bestetik sentitzen dut aldaketarako gogoa zabaldu duela jendartean eta ausartuko nintzateke esatera euskal feminismoak loraldi bat bizi duela.
Baina oso kontuz ibili behar dugu, diskurtsoaren alorrean, ideia mailan kontraeraso moduko bat gertatzen ari delako. Proposamen feminista batzuek lortu dute onarpen eta ikusgarritasun bat, baina loraldi horrekin batera dator “e, neskak, pasatzen ari zarete, neurrian ibili”. Diskurtsoetan bi gezurretan nabari dut hori: “pentsamendu feminista hegemonikoa da, egun transgresore izatea da feminismoaren kontra kokatzea” mezu hori asko zabaltzen ari da oso gertuko sentitzen ditugun mutilen artean. Bigarren gezurra da berdintasuna iritsi dela.
Eta ideologia zahar baten loraldiak ere kezkatzen nau, amatasun glorifikatuarenak. Amatasun eredu hori ezker ideologiatik arriskutsua iruditzen zait eta militante belaunaldi bat galtzen ari gara.
Euskalgintza eta feminismoaren arteko elkarlana eskertuko nuke. Zapalkuntza mota oso antzekoa da sentitu dudana emakume naizen aldetik eta euskal hiztun naizen aldetik, oso naturalizatua, eta ahalduntzean egin beharreko bidea oso antzekoa da.
JEANNE ROLAND
Garaipen taldean aktibismotik lan egiten dugu, horrek ez du esan nahi teoriarekin bateragarria ez denik. Ez da kontua erresistentzia bakarrik, eraiki ere egin behar da lortu nahi dugun gizarte feministara iristeko. Estrategietarako puntu hauek proposatzen ditugu:
– Bisioa, ikuspegia izatea epe ertain eta luzera, etengabe testuinguruan kokatuta. Egun ditugun arazoak eta errealitatea ez dira duela 20 urtekoak. Emakume etorkinen egoerak txertatzen ditugu gure irakurketetan?
– Autoantolakuntza eta autokontzientzia feminista indartzea emakumeengan. Emakume taldeak egon daitezela denean, antolakuntzarik eta kontzientziarik gabe ezin ditugu gainditu zapalkuntzak. Minak landu behar ditugu, emakume izatearen mina, etorkin izatearena, beltz izatearena… kontziente egin behar dugu.
– Mobilizazioa. Kaleak okupatu behar ditugu erakusteko gure ahotsa. Hiltzen gaituzten egoerak salatzeko kalean egon behar dugu.
– Aliantzak behar ditugu eta aliantza batzuek estrategikoak izan daitezke. Ez dugu mugatu behar talde feministetara.
– Zaintza taldeak sortu behar ditugu. Emakumeok besteak zaintzeko hezi gaituzte, ordua da gure burua zaintzeko, askatasunerako bidea da.
– Pasio eskolak sortu behar ditugu, hitz egiten dugu ideologiez eta gorputzaz, baina non daude gure emozioak? beldurrak, gorrotoak, ilusioak…
JULE GOIKOETXEA
Ordua da erresistentziatik kontraerasora pasatzeko. Goazen boterea hartzera. Bakoitzak bere estrategiak dauzka eta denak izan daitezke baliagarriak. Feminismoa egun ez da egiten mugimenduetatik, egun feminista asko ditugu hedabideetan eta abar, bakoitzak bere posizioetatik egin ditzala estrategia hauek.
Proposamen zehatz bat egingo dut, Saioa Iraolak iradokitako gune horri tiraka: Gune horri feministen estatu kontseilua deitu diot. Estatu kontseilu horretan bi gune leudeke: gune bat borroka ideologiko eta diskurtsiborako litzateke, diskurtso berriak eratzeko, sozializatzeko… diskurtsoak artikulatzen du errealitatea, diskurtsoa aldatzea da bizitza aldatzeko lehen pausoa, ezinbestekoa da. Bigarren gunea faktikoa litzateke, inzidentziarena. Urtero elkartuko litzateke gune hori eta lau-bost helburu markatuko lituzke. Adibidez, bi politika publiko atera nahi dira, eta bi kontzeptu aldatu behar dira: etengabe “gatazkaren konponbidea”z hitz egiten da baina emakumeok ditugun gatazka pila horietaz ez da inoiz hitz egiten. Ez dugu onartuko gatazka deitzea ETA eta estatuaren artekoari eta ez gureei, ez dugu onartuko biolentzia deitzea estatuak egiten duenari eta abar eta ez guk egunero bizi ditugun biolentziei. Goazen adostera zein konteptu sozializatuko ditugun urte horretan eta guztiok aldi berean kontzeptu horiek erabiltzen hasi.
Ikusi behar da nolako ordezkaritza bermatu behar den gune faktiko horretan eta abar. Ez dute bakarrik egon behar talde feministen ordezkariek, baita ere sektore bakoitzean dauden feministak ere. Orain masa kritiko handia dugu, asko gara. Koordinatzen bagara asko egin dezakegu, ze herri hau oso txikia da!
Jeanne Roland, Ana Murcia eta Idurre Eskisabel. Argazkia @BikitxuBerritsu.
Borroka feministaren erronkak.
IDURRE ESKISABEL
Urte dezente pasa ditut euskal izendegia aztertzen. Jada ez gara Rosamari, Tomas, gara normalean Agurtzane, Iraitz… izenetan behintzat iraultza lortu da, euskaldunok sortutako izen corpus bat dugu. Gizon izenak eta emakume izenak sortu ditugu eta Euskaltzaindiak erabaki du ez direla trukagarriak, binarismoa aplikatu behar dela. Baina gure praktikak ere horretara jo du, sortu ditugu emakume izen batzuk eta gizonenak. Korpus horretan neskak izaten dira Estitxu eta mutilak Ekaitz, hor definitzen dugu zer izan daitezkeen batzuek eta besteak. Zer den gizontasun egokia eta zer emakumetasun egokia.
Sexuen zapalkuntzan eta nazio zapalkuntzetan ere berdin gertatzen da, guk egin ditugu gure definizioak baina jaso ditugu kanpotik egindako definizioak. Kanpotik esan zaigu zer diren euskal emakumeak eta hori erabili da zibilizazioa definitzeko. Pier de Lancrek sorginak ginela zioen eta Alfonso Ussíak itsusiak garela dio. Ez dute egiten emakumeak kaltetzeko, baizik gure bidez zentralak diren gizonak erasotzeko. Horren aurreko gure erreakzioa izan da are emakume birtuosoagoak sortzea gure iruditerian: Emakume garbi, indartsu, langile eta zaintzaile primerakoa. Gure imaginarioa hor eraiki da. Denbora pasa da eta euskal abertzaletasunak jarraitu du gure irudikapenak egiten eta ez du iruditeria gehiegi aldatu. Ezker abertzalean ere berdin eman da. Emakume oso femenino eta kokina, pertxentaren imaginarioa izan da nagusi. Eta oso lotua sexualitatearen murrizketarekin eta gaitzespenarekin. Alde on bat izan dugu, emakume indartsua bada kontraegemonikoa. Emakume indartsuaren iruditeria horretan gizonek beste aldera egitea oso positiboa iruditzen zait, esaterako Kukai dantza taldearen azken emanaldian gizonak gonarekin ikustea dantzan. Beste ekarpen bat emakume borrokalaria izan da, azken urteetan armetan egon dena, eta hori ere transgresorea izan da.
JEANNE ROLAND
Emakumeen errealitateaz elikatu behar gara eta kolektibo marginatu guztietatik ere bai. Kolektibo hauek erresistentzia eta errebeldia garatzen ari dira eta horiek ezagutu behar ditugu. Hipotekak kaltetutako elkarteak, esaterako. Guk ere landu behar ditugu beste kolektibo marginatuekiko ditugun aurriritziak, guztiok ditugu eta.
Beharrezkoa da binarismo sexuala gainditzea, horrek zapaltzen gaituelako.
Ordezkaritza politikoak jarraitzen du erronka izaten. Masa kritikoa behar dugu gure proposamenak aurrera eramateko. Nola lortu politikoek agenda politikoa talde feministekin partekatuta eraikitzea?
Nazioarteko harremanak boterean eraikitzen dira eta dominazioan. Horiek kontziente egin eta mahai gainean jarri behar dira. Gu gatoz herrialde batera, zeinak urteak pasa dituen gure herrialdeak zapaltzen, eta bertako emakumeak baliatu izan dira zeharka zapalkuntza horren onurez. Nola landu diskurtso politikoa, emakume eta etorkin gisa kokatzeko, arrazismoa indarrean dagoenean? Nola agertu gezurra dela kanpoko emakumeak bertako emakumeentzat mehatxu garela, euskararentzat, lan aukerentzat… Gu euskaltzaleak eta abertzaleak gara!
JULE GOIKOETXEA
Demokratizazio kontzeptua landuko dut. Herria gobernatzera sartzen den prozesua da demokratizazioa. Nola txertatu gure estatuaren eraikuntzan ikuspegi feminista?
Feminismoak berdintasuna bilatzen du. Eta berdintasun hori estatuaren ahalmenaren bidez inposatzen da. Adibidez, berdintasun sozioekonomikoa. Horregatik ematen diet garrantzia estatu egiturei. Boterea nahi dugu, zerbait egiteko. Egun baliabide gehien ematen dizkiguna estatua da, horregatik ez dut hitz egiten gizarte feministaz, komunitate feministaz… estatu feministaz hitz egiten dut.
Zer da feministentzat demokrazia? edo zer ez da? demokraziaren esanahi patriarkalak ez ditugu onartuko. Ulertzeko era bat jorratu behar dugu. Guk sozializatu behar dugu zer den demokrazia, bestela esaten ari zaizkigu zer den demokrazia eta guri esanahi horrek ez digu balio. Autoritatea lortu behar dugu, hau da, guk esaten badugu hau dela demokrazia, bada hau da demokrazia. Guk berdifinitu behar ditugu kontzeptuak, egia eraiki behar dugu. Egun demokraziak ongizatea esan nahi du, hemendik bost urtera demokrazioak feminismoa esanahi behar du, baina hori egin daiteke eta egin behar da.
Errealitatea sortzen duen ahalmen politikoa da boterea, noski behar dugula boterea hartu. Kontraboteretik hori egin daiteke baina bakarrik erdia, boteretik egiten da beste erdia. Ezin gara geratu mobilizazio eta kontraboterearekin bakarrik, demokraziarik ez dago ez badaude ahalmen handia duten egitura sendoak. Estatugintza feministak esan nahi du estatuaren ideia feminismotik pentsatzea. Zergatik feminismotik? Feminismoa da ideologia bakarra proposamen integratzaileak egiten ari dena. Feminismoa ez da sektore batentzako, feminismoa da herri osoa eraikitzeko beste era batera. Zer izango da enplegua? zer esan nahi du produzitzeak? nola antolatuko dugu prestigioa? nola jasoko dira zergak? hiltzaileekin zer egingo da? bankariekin? seme-alabak pribatuak izango dira edo ez? zer da osasuna? zer da lehendakari izatea? zer da ama izatea? galdera hauek feminismotik erantzutea eta praktikatzea da estatua feminismotik eraikitzea.
SAIOA IRAOLA
Bilguneak hiru erronka nagusi planteatzen ditugu:
– Bideorriaren inguruko eztabaida soziala sustatzea. Guztiok ongi bizitzea dugu helburu, pertsonak erdian jartzea da jendarte eredu ideala. Hasi behar gara hori guztia ezaugarritzen. Zer da pertsona zentroan jartzea? horrek nola eragiten du alor bakoitzean?
– Krisi iraunkorra bizitzen ari gara. Krisi guztiek garamatzate prekarietatean sakontzera. Bizitza duinen aldeko dinamikarekin eta jardunekin jarraitu behar dugu. Urgentziazko prekarietate egoerari aurre egin behar diogu. Baina horrek aukera eman behar digu definitzen joateko egoera honetatik guk desio dugun jendarte eredura joateko. Etxeko lanen errekonozimenduaz ari garenean ekonomikoaz ere ari gara? eztabaidagai dugu. Zer esan nahi du bizi tempusa geuk definitzeak? Gorputzetan ongi eta osasuntsu sentitzeko sare eta erramintak garatzen joan behar dugu.
– Lidergo feminista baten beharra ezinbestekoa da. Gunea behar dugu eztabaida hauetarako, une-gunea. Aukera dugu eztabaida hauek garatzeko. Beharra ikusten bada pentsatu behar da nola antolatu partehartzea… Mus partida hau handira jokatzeko garaia da.
AINHOA ETXAIDE
Ni zuzenean Euskal Herriko Jardunaldi Feministak eskatzera etorri naiz.
Erronka da gaur jendetza honen artean sentitzen den energia hau ez ote den izango hustuko den puxika. Hau dena haizea izan ez dadin mugimendu feminista da gakoa. Euskal Herriak mugimendu feminista behar du une honetan mahai gainean ditugun erronkei aurre egiteko. Subjektu politikoak izan behar gara eta erabakigarriak. Gauzak erabakitzen ari dira eta ez ditugu guk erabakitzen. Nork eta non erabakitzen den, horrek markatzen ditu erabakiak. Mugimendu feminista indartsua behar dugu. Kezkaz entzuten dut mugimedu indartsua dugula esaten denean. Izan gaitezen zintzoak: zenbat erabaki politikotan eskatu zaio erabakia mugimendu feministari? indarra hori da. Indarra da zure baldintzatzeko gaitasuna. Indarra ez digute emango, indarra kendu egin behar diegu. Sektore publiko guztia berrantolatzen ari da Eusko Jaurlaritza eta horrek goitik behera eragingo digu. Zaintza eta hezkuntza gugan erortzen ari da eta feministok ez dugu erabakirik hartu gai horietan. Zein da gure erabakia Kutxabanken pribatizazioaren aurrean?
Estatua eta mugak aipatu ditu Josebek lehenago. Herri honek elkartasun politikak ez egiteko une honetan dugun muga nagusia estaturik eza da. TTIPa zer da? Transnazionalek erabakiko dute zer jango dugun, nola produzituko den, nola biziko garen… Inoiz baino errekurtso gutxiago ditugunean kontsumoa da partehartzerako integrazio modua. Hori emakumeontzat kaltea da. Ez da egia mikroan egiten denak eragin mikroa duenik. BBVAk beheko solairua saldu nahi dio saltoki handi bati eta saltoki horrek jartzen duen baldintza da igandeetan zabaltzea. Hemen da leku bakarra Corte Inglesek igandetan isten duena. El Correon ikusi dituzue igandeetako gehigarriak? orain sekulako arazoa omen dira igandeak. Zer egin horren aurrean? Jaiak jai! herriz herri dendariok eta herritarrok beti borrokatu duguna borrokatzen jarraitu.
JOSEBE ITURRIOZ
Gure eremutik ikusita, erronka nagusia dago nola eraman gure esperientzia erakundeetara. Erakundeak eraldatu egin behar ditugu, nik ez dut orain dagoen estatu bat nahi, birdefinitu behar dugu. Ez dut muga bat nahi jendea Melillako harresietan ibiltzeko. Bai nahi dut muga bat Luis de Guindosek zerbait esatean erantzuteko “zu hemendik ezin zara pasa”.
Iraultza da helburua. Irakurketa transfeminista egin eta proposamen olistiko bat egin behar dugu: hau da herri honentzako gure proposamena, feminista. Fuerte gaude? Bai, eta gainera beti diskurtso hori zabaldu behar dugu, “kontuz, kontuz, asko gara eta bagatoz”… beti esan digute frakasoa garela eta ez da egia, baina ez digute esango ongi egin dugunik. Egin behar duguna da duindu. Gure bizi baldintzak hobetzen hasi behar gara, estrategikoki jokatzen.
Beste erronka nagusia da bestelako gizarte hori lantzea: zer da gamilia? zer lana? zer heteroaraua? berdefinitu ditzagun gauza horiek guztiak.
Sortu dezagun gune bat. Une honetan kandidatura politiko bat sortzen ari gara, Tania Sanchezen mutil lagunak egin duen bezala, Ada Colauk egin duen bezala… publikoan eserita aurpegi ezagun asko ikusten zaituztet alderdi politikoetan ari zaretenak, eta oso majoak izanik ere zuen alderdietako gizonak noraino hartu dituzte kontuan zuen proposamen feministak? ez eman doainik gure diskurtsoak gero eurek gu zapaltzen jarraitu dezaten. Norberaren bideekiko errespeto osoarekin, baina hobe da zuen alderdian (hitza gordin esango dut) “zorraputa” bat izatea baina mesedez, gurekin aliatu, gurekin estrategia egin. Esan dugu erabakitzerakoan feministoi ez zaigula alderdi politikoetatik deitzen, eta mesedez, deitu gaitzazue zuek!
Asmatu ditzagun beste termino batzuk. “Estatu feminista”z hitz egiten hasi orduko feminismoa erori zaigu, estatuan zentratu gara. Goazen “transfeminismoa” erabiltzera.
Miren Aranguren eta Jule Goikoetxea. Argazkia @BikitxuBerritsu.
ONDORIOAK
JOSEBE ITURRIOZ
Boterea gauzak egiteko ahalmena besterik ez da. Emakumeok boterea behar dugu. Enpoderamentua. Boterea behar dugu gune guztietan. Boterearen oinarrian desoreka bat sortzea egon da beti. Kontraesan asko sortzen dizkigu estatuaz hitz egiteak, tradizioz konnotazio asko dakartzalako eta zaila delako hori dena eraldatzea. Erakundeen helburua zigortzea, kontrolatzea izan da. Gai izan behar gara gure gizartea beste era batera bideratzeko eta horretarako boterea behar dugu. Nahiz eta jakin ezingo ditugula alboratu botereak sortzen dituen arazo denak. Esaten ari gara gobernua hartu nahi dugula. Botereak sortu dituen kontrolerako eta zigortzeko erakundeak birplanteatu behar ditugu. Horretarako aukera eta boterea izan behar dugu eremu guztietan. Sortu ditzagun gure harreman ekonomiko alternatiboak, gure osasun eredua. Gune hori sortzeko lehen urratsa Euskal Herriko topaketa feministak dira. Nortzuk garen estatu hori sortuko dugunak? ez diot galdera horri erantzungo. Nahiago dut izan beharrean izaten joan.
SAIOA IRAOLA
Trantsizio feminista ez da lortuko tentsio gabe, inguruan gatazkak eta eztabaidak piztu gabe. Bide hau inori itxaron gabe feministok egin behar dugu. Inork ez digu oparituko.
AINHOA ETXAIDE
Zer garen? LABeko idazkari nagusia, nahiko lan badut sindikatu horrekin, nik ez dut estatu feminista egingo. Lehen Asanblada Feministak (ezker abertzalekoak) Oreretan egin genituen. Batzar horretan egon ginen emakume batzuek badaude hemen, baina gaurkoaren ezaugarria gazteak dira. Gazteak etorri behar dira, baina belaunaldi zaharragoak joan egiten zaizkigu eta belaunaldien arteko aliantzak behar ditugu. Ezin ditugu eztabaida guztiak behin eta berriz errepikatu. Aurrera egin behar da, ez zirkular.
Aliantzak, ez dezagun estrategia bat eta bakarra bilatu. Eta zorionak, aurreko Topaketetan armairutik berdintasun teknikari pila atera zineten (denek “ni ere teknikaria naiz” esaten zenuten) eta gaur armairutik estatalistak ateratzen ari zaretelako. Baina baldintza batekin: estatua bai, feminista bada.
JULE GOIKOETXEA
Estatuaz hitz egiten da bera balitz moduan biolentzia eragiten duen erakunde bakarra. Familia da biolentzia egiten duen erakunde nagusia. Zer da estatu feminista? eta zer da demokrazia feminista? ez dago demokraziarik estaturik gabe. Zer den? politika publiko feminista egiten duena, lege feministak egiten dituena… beti egon beharko da mugimendu edo kontrabotere feminista. Beti behar dira bi arloak. Mugimenduak egiten dituen eskaerak estatuak bere egin eta martxan jarri behar ditu. Baina erakundetzen den guztia usteltzen joaten da, horregatik behar da beti mugimendua, kontraboterea. Hau gakoa da. Beharrezkoak dira bi ardatzak, orain arte beti egon gara demokratizatzen sistemak baina kontraboteretik eta oso motel goaz, kontrabotereak beti baliabide gutxiago dituelako, horregatik da kontraboterea.
ANA MURCIA
Agian beldurra izango diot estatuari? nik behintzat duda dut estatuak existitu behar duenik. Ezadostasunerako eskubidea aldarrikatzen dut. Nik lehentasuna beste eremu batzuetan ikusten badut horri helduko diot. Nola egin emakumeak subjektu eraldatzaile bihurtzeko? Esanahi berria eman behar diogu “emakume”ari, subjektu politikoa definitzen ari garelako, eta subjektu politiko anitza landu behar dugu, gizon-emakume binarismoa hautsiz.
Krisi ekonomiko honek emakume asko uzten ditu txirotasun egoera larrian eta ekonomia solidario estrategiak garatzen ari gara bertatik ateratzeko.
Proposamen bat feminismo abertzalearentzat: Emakume zaintzaileen bataila lideratzen berak egon behar luke, gure taldea txikia eta berria da.
IDURRE ESKISABEL
Ados naiz Etxaiderekin, errekonozimendua zor zaie lehenagokoei. Hitz berritan eztabaida asko zaharrak dira. Ados nago mugimendua saretu eta gorpuztearen garrantziaz. Kontuan hartu beharko genituzke jendarteko aldaketak, militantzia moduak, saretze moduak. Konpromisoa hartzea egun ez da berdin ulertzen duela 30 urte bezala. Ez dut arazorik agertzeko abertzalea naizela eta abertzale izateak eraman nauela feminista izatera. Abertzaletasunak ez du zerikusirik nazionalismoarekin. Abertzaletasuna da aukera berri bat mahai gainean jartzea. Lorea Agirreri galdetu zioten gazte batentzat zer abantaila duen euskaldun izateak. 80-ko hamarkadan Xabier Montoiak esaten zuen punkia izatekotan euskaldun izan behar zela. Nik uste egun eraldatzailea izatekotan euskaldun izan behar dela. Horrek garamatza imaginarioa nola landu aztertzera: Amaiur berri bat behar dugu. Ahaztu epika militarra, ezpatadun gizonez marraztua, eta osatu emakume langile etorkinekin osatutako Amaiur bat.
Topaketa Feministak: Bazkari ederra, bazkaloste gozoa
2014-12-14 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Bilgune Feministako kide Izaskun Guarrotxena bazkal-aurrean eztabaida taldeetako ondorioak azaltzen.
Eutxourri taldeak 600 lagunentzat prestatutako paella goxoa.
Ondarroako kiroldegian bazkariaz eta konpainiaz gozatzen.
Lorratzak taldea emanaldia eskaintzen bazkalostean.
Topaketa Feministak: eztabaida taldeetako ondorioak
2014-12-14 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Bilgune Feministako kide Edurne Epelde ondorioak aurkezten.
Eguerdian 16 taldetan (hauetatik 13 euskaraz) aritu dira egungo egoeraz eztabaidan. Bazkaldu aurretik polikiroldegian aurkeztu dituzte ondorioak, titularretan.
AURRERAPAUSOAK
– Eskubideen aitortza eman da eta eremu publikoa irabazi dugu.
– Txaponaren beste aldea da berdintasun faltsuaren ideia zabaldu duela, kontzientzia eza, desaktibazioa. Eta indarkeria asko ikusezin egiten ditu.
– Erreferentzialtasuna irabazi dugu .
– Diskurtso feminista sozializatzen eta emakume gehiagorengana iristen ari gara.
– Aukera sexual eta identitario anitzak ikusarazteko prozesuan gabiltz.
ALDAKETARAKO GAKOAK
– Subjektu politiko gisa aktuatzeko aukerekin ikusten da feminismoa.
– Zaintzaren gaia erdigunean jarri behar dugu eta “zaintza” esatean zertaz ari garen zehazten joan behar dugu.
– Hezkidetzaren garrantzia nabarmedu da.
– Jendartean aldaketa eta proposamen zehatzak egiteko beharra dago.
– Diskurtso femministatik praktikara jaisteko beharra dago.
– Gatazka politikoaren irakurketa feminista egin behar dugu.
– Maskulinitate hegemonikoa deseraikitzen jarraitu behar dugu.
– Identitate aniztasunaren eztabaida berpiztu behar da.
– Boterea hartu egin behar dugu eta boterea zer den definitu, hitzak sentipen ezberdinak sorrarazten baitizkigu. Boteretu behar dugu.
– Autogestioa eta eredu propioak sortzeko momentua da eta hau gakoa da. Horretarako emakumeon saretzea beharrezkoa izango da.
NOLA IKUSTEN DA MUGIMENDU FEMINISTA?
– Indartsu dago, gogotsu, eta potentzialitate handia du.
– Diskurtso ezberdinak garatu dira feminismoaren barruan.
– Errealitate ezberdinetan dauden emakumeekin elkarlana egiten jarraitu beharra dago.
– Aitortza politikoa falta du, estigmatizazioa eta deslegitimazioa ematen da.
– Erakunde publikoetan gero eta lan handiagoa egiten da baina feminismoa ez dago erabakiguneetan.
– Zeharlerrotasuna landu behar da.
– Saretze beharra, aliantza beharra, estrategia bateratuen beharra.
Topaketa Feministak: “Jostorratzak dantzan ipini dituztenak gara”
2014-12-13 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Oihana Etxebarrietak Topaketa Feministei hasiera emateko irakurritako poesia.
Emakume egin naute. Edo eraiki. Ez naiz. Ala, bai?
Transa naiz eta querra. Edo ez. Akaso, gara.
Izenik behar al du nire izanak?
Ez dakit non jaio nintzen; ezta noiz ere.
Beti egon garen hemen edo bat-batean agertu ginen. Mundura jaio gintuzten, edo jaio ginen. Baina hemen gaude.
Izan naiz arrantzara joan dena; kideak galernatan itota ikusi dituena.
Galerna ere izan naiz ni.
Bizitza kendu duena, batzuetan; besteetan emateko.
Puta izan naiz, garbitzailea, neskamea,etxekoandrea, sukaldaria, eskalea, kale-musikaria, idazlea, komunzuloak garbitu dituena, ameslaria, langabea…
Gaiztoa izan naiz, neure erabakiz, irekitako zauriak miazkatzeko.
Izan naiz kontratu sozialarenpeko heterosexuala.
Bollera izan naiz, kolektibotasunean.
Erabakiz eskuzabala eta hautu propioz bihotz-onekoa. Gogoak hala aginduta, narratsa, alferra eta maitale neurekoia.
Izan naiz MacDonalseko paretatan pintadak egin dituena egun batean, hurrengoan Telepizzako kontratua sinatzeko.
Uniformea urratu eta nagusien aurpegira txistu egin duena izan naiz.
Negar egin dutenak izan gara.
Malkoak dastatu dituztenak zuen mingainetan.
Borrokatu direnak elkarri larrua joaz, zein mugaren bestaldean.
Armatzat sukaldeak izan dituztenak, edota buruberokiak.
Askatasunaren alde bizia eman dutenak gara.
Gorputza minduta dutenak, garrasi egin dutenak.
Ukabilka aritu gara, mokoka, liskarretan.
Garaile eta garaituak gara.
Ausartak izan gara, geurekoiak, alferrak, aspergarriak, maitagarriak, desiragarriak, gorrotagarriak.
Maitatuak izan gara, eta maite izan dugu. Bakarrik eta taldeka.
Familian eta indibidualtasunean. Senideak izan gara eta ohekidek, dena batera.
Esiliatu eta emigrantea izan naiz ni, gertu eta urruti. Hemen eta hor. Deserrian bizi izan naiz, sortzen ikusten ninduen lur zatian.
Hil egin naiz. Behin eta berriz. Behin eta berriz berpizteko. Arnasa hartu dut, arnasestuka, plazerez eta minez…
Irribarrea ahoan dutenak gara.
Jostorratzak dantzan ipini dituztenak gara.
Topaketa Feministak Ondarroan: Diagnostikoa
2014-12-13 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Iraitz Agirre eta Maite Segurola Topaketa Feministei hasiera ematen.
Bilgune Feministako kide den Iraitz Agirrek aurkeztutako diagnostikoak eman die hasiera VI. Topaketa Feministei. Ondarroako kofradia 600dik lagunek hartu dute, eta jai giroa izan da nagusi. Hona, laburturik, azaldutako hainbat ideia:
Topaketa hauekin, patriarkatuak hartu dituen forma, adierazpen eta aldaerak identifikatu nahi ditugu denon artean. Argazki baten zertzelada orokorrak identifikatzea da helburua. Hiru eremu definitu ditugu: eremu sozioekonomikoa, politikoa, eta kultural-ideologikoa. Eraldaketaz hitz egitea da ikuspegia.
Eremu sozioekonomikoa: Merezi duten bizimoduak helburu
Politika neoliberalek ezaugarritu dute gure jendartea. Krisi ekonomikoak areagotu egin du pobre eta aberatsen arteko amildegia eta emakumeok ez gaude irabazleen aldean. Aldaketa giro honetan aukeren ideiari heldu nahi diogu, gure esku ere badagoela aldaketa norabide batera edo bestera bideratzea. Egia da sexu ikuspegitik aldaketa garrantzitsuak bizi izan ditugula. Baina aldaketa hauek nabariagoak izan dira emakumeon egoerari dagokionean, ez sistemari dagokionean: Subjektu autonomo gisa onartuak izan gara, eskubide parekidetasunean aurrerapenak eman dira eta gure buruaz dugun hautematea hobetu da; baina sexuen arteko borroka harremanak ez dira zalantzan jarri. Sexuen arteko banaketan oinarrituta jarraitzen du sistemak, eta hierarkikoa izaten jarraitzen du.
Eta botere eskema hau mantentzeko tratu txarrak eta indarkeria darabiltza patriarkatuak. Sistemaren izaera da indarkeria sostengatzen duena, ezinbesteko tresna da indarkeria sistema patriarkalarentzat. Indarkeriak lehen mailako arazo politiko izaten jarraitzen du. Esparru instituzionalean, eremu formalean egin dira aldaketak, baina eremu pribatuan ez. Indarkeriaren kontzeptuarekin bada eztabaida: Mikromatxismoez hitz egiten da, jipoietik hasita piropoetara, iragarkietara, denak dira indarkeria eta horiek identifikatzen jarraitu behar dugu. Horren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu, indarkeria gainditzeko ahalik tresna gehien eta batera jardutea beharrezkoak direlako.
Etxe barruko eta kanpoko lanen arteko amildegia itzela da oraindik. Emakumeok merkatuen interesei jarraituz enplegurako sarbidea izan dugu baina honek ez du ekarri etxe barruko lanen banaketa eta are gutxiago aitorpena. Ekonomia antolatzeko eredu berririk ez da sortu. Ordaindu gabeko lan erreproduktiboei eskaintzen diegun denbora murriztu egin da eta zerbitzuak garatu dira zaintzarako, baina horrek ez du ekarri lan horien onarpen eta hobekuntzarik, lan prekarioak dira. Gizonen parte-hartzea handiagoa den arren, nekeza izango da orekatzea zaintzen lana balorizatzen ez bada eta gizarte egiturak egokitzen. Zaintza birbalorizatzea eta erdigunean jartzea da gure apustua, merezi duten bizitzak bizitzeko.
Denboraren kudeaketa aztertu behar dugu: berdin balio al du herritar guztien denborak? Zer balio ematen zaie lan batean edo bestean ematen den denborari? Bizi denborak ere aztertu behar dira, gaztaroa, zahartzaroa ezberdin baloratzen dira. Bizitza proiektuen eta bizi-tenpoen arteko oreka zaintzea garrantzitsua da.
Ekintzarako analisia egiterakoan, hiru faktore hartu behar ditugu kontuan: izaera patriarkala, sexuaren arteko lan banaketa eta ezkutuko zaintza lanak. Krisi testuinguruan austeritate planak jarri dituzte martxan, murrizketak. Bizitza duina izatea gero eta zailago da. Neurri murriztaileek emakumea etxeratzea dute helburu. Lana soberan dugu baina enplegu duina falta zaigu. Erregimen orokorretik kanpoko eremu askotan emakumeak dira nagusi: etxeko lanak, baserritarrak, sexu langileak… Sektore feminizatuetan dira lanik prekarioenak. Lan bera egiteagatik %30 gutxiago kobratzen dugu oraindik ere.
Ekonomia eta gizarte hau antolatzeko familia da instituzio nagusietakoa, sistema patriarkalaren oinarri. Familia eredu berriak sortzen badoaz ere, eredu patriarkala da nagusi. Aldaketak etxetik hasten direla badakigu, eta familia auzi politikoa da, nola bizi nahi dugun eta nolako elkarbizitza eta harreman ereduak sortu nahi ditugun aztertu behar dugu.
Eremu politikoa: Itxurazko berdintasunaren argi-ilunak
Eremu publikoan dugun parte-hartzea handitu da, baina bigarren mailako botere postuetara iristen garela esan daiteke. Gutxi dira sexuen arteko botere bereizketa onartuko dutenak, baina honek berekin dakar diskriminazioa detektatzeko arazoak izatea. Instituzionalki errekonozimendua lortu dugu eta aldaketak lortu ditugu, baina horrek ekarri du berdintasun formalaren irudipena. Belaunaldi berriok txoke egiten jarraitzen dugu patriarkatuarekin, horregatik da beharrezkoa belaunaldien arteko uztarketa.
Erakunde publikoetatik emakumeen ahalduntzea bultzatzeko politika egin da. Zubiak sortzea falta da jabekuntza estrategietan dabilen jendearen eta mugimendu feministaren artean. Jabekuntzak mugimendu feministaren apaltzea ekarri duela ere ikusten dugu. Berdintasun politiketan, mugimendu feministek lortu dugu elkarlanean aritzea, baina berdintasun sailez kanpo ez dugu lortu politikan ikuspegi feminista txertatzerik. Ziklo politiko berria bizi dugun honetan ikusten dugu ikuspegi feminista ez dela aztergaietan txertatu. Esanguratsua egin zitzaigun Azaroak 9an Kataluniako galdeketan izandako Euskal Herriko ordezkaritza osoa gizonezkoek osatzea.
Ordua dugu euskal emakume presoen egoeraren analisia egiteko, gizon emakumeek jasandako bizipenak eta ondorio sozialak ez direlako berak. Gatazka gainditzeko ezinbesteko ikuspegia eta ahotsa gara.
Eremu kultural-ideologikoa
Ideologia patriarkala ez da inondik desagertu, garatu egin da, makilatu, egokitu… ideologia patriarkalak bat egiten du ideologia kapitalistarekin. Kontsumo obekjtu eta subjektu bihurtu nahi gaituzte, gure bizitza eta gorputzak bere menera erabiliz. Gorputz hauskor, erabilgarri irudikatzen gaituzte. Etengabe gure territorioa dugun gorputzean aske ez sentiarazten gaituzte. Lorpen askotan atzera egiten ari gara, emakume esterotipoak etengabe gizarteratzen dira publizitatearekin eta abar. Baina hementxe gaude eta erresistentzian jarraitzen dugu, praktika ez hegemonikoak eramaten ditugu aurrera ez depilatuz, tripak bistan ibiliz, ez ilea tintatuz… gure gorputzak iraultzarako oinarri eta gudu zelai nagusiak dira. Identitate sexualetan eta erreproduktiboetan aldaketa egiten goaz: gero eta gehiago gara harreman monogamikoetan sinesten ez dugunak, ama bakarrak, lesbiana publikoki aitortuak… maitasun erromantikoa saldu digute txikitatik film, ipuin, abestietan: eredu heterosexuala, rol antagonikoz osatua… asko kostatzen da beste harreman batzuetan sortutako ereduak eraikitzea. Dependentzian eta posesioan oinarritzen dira sarri harremanak eta horrek ere indarkeria dakar.
Hezkuntzak tresna izan behar luke eraldaketarako. Pertsona aske eta integralak sortu behar ditu sexuen arteko aukera berdintasuna bultzatuz. Bidea jorratzen ari gara emakumeak lanpostu eta eremu guztietara iristeko. Baina gaia da bertara iristean nolako bizipen eta harremanak ditugun. Eskoletan hezkidetza ardatz bihurtzen hasi da eta txalo bero bat bidea irekitzen ari diren irakasleei.
Komunikabideak jendartearen erdigunean daude. Sare sozialek, Internetak komunikatzeko moduak aldatu dituzte. Komunikazioa nola ulertzen dugu? Nola harremantzen gara? hartzaile huts izatetik informazio iturri izateko aukera ematen digute. Wattsap aplikazioak asko eragin du harremanetan, bikoteetan kontrol sentsazioa handitu du. Telebista saioetan esterotipo eta rolak sekula baino bortitzagoak dira. Euskal hedabide idatzietan aurrerapauso handiak eman direla baloratzen dugu, eta mugimendu feminista erreferente bihurtzeko ere eragina izan dute.
Ondorioa
Ideologia patriarkala da oinarrizko zapalkuntza tresna. Errealitatera egokitu behar gara eta aurre hartu behar diogu. Gai hauei buruz ausnartzea da gakoa: borroka ideologikoak zein izan behar duten, lehentasunak zeintzuk diren, nola antolatuko garen eta nola eragingo dugun… Euskal Herria burujabe eta feminista definitzera eta gorpuztera goaz. Botere-harreman ez hierarkikoak oinarri izango dituen jendartea sortzera goaz.
Aukerarik gabe uzten gaituelako salatu argazkitan: #MarketingSexistarikEz
2014-12-12 // Feminismoa // Iruzkin bat
Gabonak urteko salmenta garai indartsuena direnez, marketinga indarrik handienarekin egiten da katalogoetan, iragarkietan, eskaparateetan, produktuak antolatzeko baldetan, produktuak aurkezteko kaxetan… “Gehiago saltzea” omen da argudioa produktuak inongo utilidaderik gabe sexuatzeko (diseinuaz gain ez dute inongo berezitasunik eskaintzen batzuek eta besteek) eta “neskentzat edo emakumeentzat” gama bat eta “mutilentzat edo gizonentzat” beste gama bat sortzeko. Kontua da eskaintza erabat bipolarra izatera eraman dutela: ia bi kolore bakarrik aurkitzen ditugu aukeran, eta gainera kolore bakoitza sexu bati esleitua, beraz, marketingak “eskaintzen” digun gama jarraituz gero, gure aukera diseinu bakarrera mugatuta geratzen da, “hau da dagokizun produktu bakarra halako organorekin jaio zinelako”.
Salatu dezagun: #MarketingSexistarikEz
Susaeta argitaletxearen “Neskentzako” eta “Mutilentzako” ipuinekin herritar askorengan piztu da “gehiago saltzeagatik” marketing sexista erabiltzearen aurkako erreakzioa (ez du asko baretu herritarren ezinegona Iñaki Susaetaren erantzunak). Testuinguru horretan, sare sozialetan marketing sexista salatzen duten argazkiak hasi dira zabaltzen: #MarketingSexistarikEz traola erabiltzen ari gara. Sexismoa produktu ia denetara eraman denez, era guztietako adibideak aurki daitezke (ume eta helduentzako produktuak, katalogoak, publizitatea…). Hona hemen bildutako adibide batzuek.
Aitak azkarrak eta amak ederrak direla esanda benetan gehiago saltzen da? Zer saltzen digute?
Beti deitu zaie “Jaioberrien liburua”. Orain… Noiz eta non jaio nintzen, izena, zenbat pisatu eta neurtzen nuen, noiz hasi nintzen oinez, gurasoak nor diren… idazteko ohiko liburua. Antza denez ume batentzat guzti horretatik garrantzitsuena, tokatu zaion hankatartea.
Umetan kolonia pote beretik blaitzen gintuzten etxeko guztiak. Orain…
Koloreduun piezatxoz eraikuntzak egiteko jolasak eskaintzen dituen etxeak ohar hau kaleratu zuen 1974an.
Garai hartan horrela egiten zuen publizitatea etxe berak.
Egun mutilentzako gama bat du hiria eta indarra eurena dela sentitu dezaten.
Eta neskentzat beste gama bat. Arreta deitzen du eraikuntzen sinbolo den marka horrek neskei zuzendutako jolas horretan aurrez eginiko etxe arrosa bat dela eskaintzen duena. Eraikitzeko gaitasuna lantzeko aukerarik eman gabe.
Sare sozialetan sua piztu duten Susaetako ipuinak.
Nork zioen Playmobilak neutroak zirenik?
Katalogoek eta publizitateak garbi uzten du jostailu bakoitza nori zuzendua den.
Amelia Barquinek zabaldu zuen argazkia Kinkan blogean. Dendetan bereizita egoten dira gizon-emakumeen produktuak. Eta despistatuenentzat, idatzita ere bai.
@nagorgorita-k bidalia. Arrautzak jaterakoan ere nabaritu dadila.
@NBordagarai-k bidalia. Susaeta etxearen beste perla bat.
Oso desberdina baita bizarrak aurpegikoak edo hanketakoan diren.
Erosi etxerako bi bider gauza bera.