Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
“Prentsako sailak ikuspegi androzentrikotik eginak dira”
2014-07-21 // Feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Oihana Etxebarrieta Legrand eta Arantza Santesteban Perez hitzaldian.
UEUren “Generoaren tratamenduan kazetaritzan” ikastaroaren baitan, Euskal Herriko kazetaritzaren kritika egin zuten Arantza Santesteban Perez eta Oihana Etxebarrieta Legrandek, bi ataletan zentratuta: prentsako sailak eta maiztasuna. Banaka lantzea merezi du bi hizlarien edukiak, honakoan Arantza Santesteban Perezena:
Sailak badu generoan eraginik
“Informazioa sailetan banatzea ez da gauza neutroa” ohartarazi gintuen lehen kolpean. “Sailen banaketak errealitatearen ikuspegi zatikatua, partziala, aurkezten digute. Eta honek generoan badu eraginik: sailetako banaketak ikuspegi androzentrikotik egiten dira, gai batzuek lehenesten dira, ‘politika’, ‘kirola’, ‘ekonomia’… bigarren mailan utziz ‘kultura’, ‘jendartea’…” Sailen banaketak erredakzioan ere bere isla duela kontatu zuen, “mugimendu handiagoa dago lehen sail horietan eta patxada gehiagorekin eta maiztasun txikiagoz lantzen dira bigarren multzoko sailak”. Jarraian, hiru sailetan jarri zuen lupa:
Ekonomia saila
Ekonomia sailetan islatzen den mundua erabat da lan produktibokoa. Lan erreproduktiboaren trataera askoz txikiagoa da. “Lan munduaren inguruko epika oso bat dago, krisi garaian indartu dena: lan gatazkak, langileak eta langile grebak… datorkigun irudia da: gizonezkoa, fabrika, greba… irudi sinbolikoa osatzen da, zein den langilea eta zein ez, zein den bere sinboloa eta zein ez… Krisia ez da lotzen emakumeen egoera sozioekonomikoarekin, erabateko pobrezia bizi duenean, edo ‘etxeko ekonomia’ sarri bere bizkar badago ere”. “Ekonomia datu hutsak badira eta testuingururik gabe ematen badira, generoaren araberako azterketarik gabe, berdintasunaren ideia sustatzen dute”.
Iritzi saila
“Iritzi saila da emakumea emakume egiten duena eta gizona gizon. Gizonezkoek normalean idazten dute gai ‘inportante eta serio’ horien inguruan, ekonomia, politika… emakumeok gai katalogo zabalagoa dugu, aipaturiko horiez gain lantzen ditugu eremu pribatuarekin zerikusi gehiago dutenak, emozioak, zaintza, abortua…” prentsara gai horiek ekartzea aberasgarri dela adierazi ondoren, arrisku bat seinalatu zuen: “gu bihurtzea genero gaietan espezialista. Gizonek ardura dute herria nola antolatu, eta gai estruktural eta inportanteez hitz egiteko, eta emakumeok ‘gure gauzatxoez’. Arriskua dago konfort zonaldeak sortzeko eta feminismotik hitz egin behar dugu estatuaz ere eta ekonomiaz… are gehiago, ez du zentzurik gai horiek lantzea feminismotik ez bada”.
Kirol saila
“Kirol saila erabiltzen da genero harreman ez parekideak naturalizatzeko”. Kirola kontzeptu modernoa zela azaldu zuen, estatu nazioen sorrerarekin eratu zela, justu estatu nazioak indartzeko, identitatea eta bereizgarritasuna emateko. Neutraltasunaren ideia zabaltzen duela salatu zuen: “badakizue nolakoa den diskurtsoa, ‘onena denak irabazten du’, ‘kirola kirola da’… eta beraz ez du zerikusirik arrazak, klase sozialak, generoak… Mezu kapitalista argia du: zure baldintzen arabera iritsi zaitezke gorenera. Guztiok gara berdinak”. Horrela aurkezteko, kirola erabat deskontestualizatuta lantzen dela gaineratu zuen. Aldiz, emakume kirolarien kasuan azpimarratu egiten da etengabe egiten duten ahalegin extra beren ama rola abandonatu eta kirola egiteko.
Objektibotasuna eta independentzia eraso sexisten albisteetan
2014-07-17 // Feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Maria González Gorosarrik ireki zuen UEUk antolatutako “Generoaren tratamendua kazetaritzan” ikastaroa (2014-07-14). Ikertzen diarduen kalitatezko kazetaritzaren ikuspegitik landu zuen “generoa eta kazetaritza” gaia. Salatu zuenez, albiste itxura duten hainbat informaziok ez du albisteen elementurik. Horixe da aztertzen dena kalitatea neurtzerakoan. Kalitatearen bi printzipioak, objektibotasuna eta independentzia, generoaren adibideetatik aztertu zituen.
Objektibotasuna, kazetaritzaren metodoa, ez helburua.
Objektibotasunak eskatzen du gertaera bat egotea, horri buruzko informazioa ematea eta gertaera horren aberasgarritasuna azaltzea (gizarteari ekarriko dion ondorioa). Inpartzialtasuna da objektibotasunaren beste ezaugarri bat, alegia bi aldeei oreka ematea eta aurkezpen neutrala egitea.
Generoaren gaira etorrita honek praktikan sortzen duen dilema planteatu zuen: alegia, “neutraltasunaren izenean eraso baten aurrean distantzia bera mantentzen badugu erasotzaile eta erasotuaren artean, indar gehiago duenaren alde ari gara”. Erasotzaileak beti “ustezko” izenondoaz aipatu beharra ere aztertu zuen: “Gizarteak sexu eraso bat salatzen duenean, sexu erasoa gertatu da (nahiz oraindik epaitu gabe egon); bitxi-denda bat lapurtu denean edo sute bat egon denean, ez da “ustezko lapurreta”rik izaten. Estatistikek diote alderantziz dela, proportzio bikoitza da aseguru etxeei kobratzeko jartzen diren lapurreta eta sute salaketa faltsuak, emakumeek tratu txarrengatik jartzen dituzten salaketa faltsuen parean”.
Gainera oroitarazi zuen salaketa kasuetan bi aldeak ez direla erasotzailea eta erasotua, baizik justizia administrazioa (polizia fiskala…) eta erasotzailea. Kazetariak maiz erasotzailearen hitzak bere egiteko duen arriskuaz ohartarazi gintuen: “‘Heriotza’ aipatzen da batzuetan”. González Gorosarrik argi esan zuen bera erasotzailearen izena agertzearen alde dagoela: “Balantzaren alde batean dagoena da baten nortasun eskubidea eta beste aldean gizarte erdiaren segurtasuna. Ulertuko nuke argazkirik ez publiko egitea epaitu arte, denekin hala egingo balitz: lapurreta kasuetan argazkia publiko egiten bada zergatik ez erasotzaileetan, horrek emakumeak babesteko balio badu?”.
Independentzia, medioen aniztasuna bermatzen duena.
“Independentzia informatzeko askatasuna da” definitu zuen. Beste galdera bat pausatu zuen segidan: “Mugimendu feministak erabilitako hitzak zuzenean erabili behar ditugu? ‘bortxaketa’ bezalako zehaztapenak, esaterako?” (oraindik epaiketa egin ez denean alegia). Bere ustez hanka sartzeko arriskua duten hitz zehatz horietan, gakoa da kazetariak hortik aurrera informazioari jarraipena egiten dion, esaterako geroko epaiketari eta sententziari. Halako edo horiagoak diren xehetasunak ematea (biktimaren ohiturak, familia…) edo ez ematea, kazetariaren ekimena dela salatu zuen, eta hor neurtzen dela profesionaltasuna eta kontzientzia.
Donostia 2016 irekiera: Sinesgarritasunez, zutik
2014-06-30 // Kultura // Iruzkinik ez
Donostiako “bonberenea”n aterpetu ginen estu-estu larunbatean, Easoko egoitzak ateak herritarrei irekitzeko ekitaldian. Ez nuen Donostia 2016rik nahi, baina emanaldiak nire bihotza irabazi zuen. (Egunean zehar Donostiako zortzi auzoak kultur ekintzez lotu zituen Artejira ekimenak eta zortzi zutabe hauek batu ziren arratseko emanaldian).
Iban Garate, Ane Gabarain eta Ainhoa Moiuak aurkeztu zuten emanaldia: Oreka izango zuen zutabe edo muineko ideia. Behingoz hizkuntzen arteko orekan ikuskari bat nola egin adibide ederra izan zen, horregatik bakarrik merezi izan zuen. Publiko guztiarentzat irekia (gor-mutu eta entzumendunentzat), euskaratik sortua, gazteleraz ere oso ongi jarraitu zitekeena eta ingelesak eta frantsesak aberastua. Zer mezu zein hizkuntzetan eman inteligentzia finez hautatua iruditu zitzaidan. Hizkuntzak aberasgarri erakutsi ziren, guztiak tentagarri.
Oreka kontzeptua mamitu zuten lan eszenikoek izan zuten harridura elementurik. “Hortxe zegoen eta ez zitzaidan inoiz okurritu!” entzun genion bati eta besteari, esaterako soka-tiraldiaren erdian zapiaren ordez ekilibrista bat ikusi genuenean atzera eta aurrera. Edo amaieran kalera atera eta eraikinaren fatxadan, lurretik perpendikular bikote bat dantza lotuan aritu zenean, ikusleak ahozabalik utziz.
Kritikotasuna, kulturaren K hori
“Hemengo inork badaki zertarako den kultur hiriburuaren kontu hori guztia?” askok eta askok duela juxtu hiru urtetik buruan darabilgun errezeloa zapla bota zuten aurkezleek eurek. Kulturak gizartea kohesionatzeko eta zubiak eraikitzeko duen balioa eta izendapenak gure ezagutarazteko ematen duen aukera jarri zituzten erantzun gisa.
Gordintasun berarekin azaldu zuten bideoz kaleko jendearen iritzia. Berdin gordin eta kritiko lotu zituzten kultur hiriburutza partekatuko dituzten Wroclaw eta Donostia hiriotan bizi diren bi musikarien adierazpenek, errioxar-euskaldun bat Poloniakoan eta poloniarra gurean. Garbi geratu zen berez kulturalki oso aberatsa den hiria “loratzen” ikusi duela batak, eta aldiz “musikaria izanik ere ez naiz ia ezertaz enteratu” sentitzen duela besteak. Donostia 2016 aurrera ateratzen diharduten langileek “ze arraio!” batekin bizi dutena adierazteko hartutako tartea iruditu zitzaidan. Ezer justifikatzeko beharrik gabe. Oso osasungarria.
Gordina, zorrotza, benetakoa, generoaren sokan batera eta bestera sexu aukeren orekan aritu ziren Angel Errok irakurritako poemak, esanahia eraldatzen zuen Noemi Vianaren dantzak eta aldarteari ahotsa jarri zion Ainara Ortegak.
“Zalantza, balantza, orekaren dantza” dio estreinatu zen kantu ofizialaren leloaren hasierak (musika Juantxo Zeberio, hitzak Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Angel Erro eta Iñigo Goienetxe). Zalantza, sormenaren arrakala.
Artistek dezaketena
Maila handiko ikuskizuna izan zen. Aipatuez gain, opera jorratu nahiak Alemaniara eramandako Ainhoa Garmendia sopranoa entzuteko aukera izan genuen. Dantzaz konpainiaren lana, hain musika estilo anitzetako izen handiak elkarrekin ikustea, idazle estimatuen pultsua nabaritzea… Agurtzane Intxaurragak artez jositako lana izan zen. Hain alor eta jende ezberdinek dezaketenaz harrotasuntxoa sentitzekoa, eta diferentziez gozatzekoa.
Orekaren dantza eta zutitu den hori
“Zalantza, balantza, orekaren dantza; Erortzeak ez al du zutitzearen antza?”. Kantu on guztien hitzak bezala, honakoa mila gai zehatzez mintzo ote zen irudikatu nuen lehen entzunaldian, baita bere buruaz ere. Zer oreka ariketa egin behar ote diren egunero proiektu honetan, beronen bultzatzaile izanik lau erakunde ordezkatzen dituzten hiru alderdi eta koalizio bat! Zalantza, bakoitza bere erantzukizuna betetzen ari den, alegia, proiektuaren bultzatzaile diren erakundeek tiratzen ote duten proiektutik euren arteko oreka bilatuz eta erantzule agertuz, ala proiektua den euren arteko tira-birak orekatzen dituena eta erakundeak kontuak eskatzen dizkienak.
A zer balantzak sorrarazten dituen halako parafernalia boto biltzeko gailu izateak: kultur hiriburutzarekin enkapritxatutako alkatea alkate ez denetik kultur hiriburutzarekin zapuztuta bizi da, halako ponposokeriei pixa egin dien sektoreari dagokio orain antolatzearen ardura, udaletako aulki-dantzan musika jotzen duen periodicoak ekaitza iragarri du hurrengo ekintza guztietarako… Zenbatetan ikusi(ko) dugun Donostia 2016 erortzen, botatzen…
“Erortzeak ez al du zutitzearen antza?” Bizitzan primeran etortzen den jarrera horrekin egoera iraultzeko gaitasuna sumatu zen inaugurazio ekitaldi hartan. Tituluen, kanpo-ederkerien, botere borroken azpitik kultur ekintzak ikusi genituen zutitzen. Eta hunkitu ninduen sentitzeak behingoan fokupean zutitu den hau euskal kultura dela.
2014-06-28, Donostia 2016ko Artejira ekimenaren amaiera ekitaldiak oreka izan zuen ardatz. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki Press.
Hezkuntzako Golden 5 programaz, Euskadi Irratian
2014-05-21 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Ikasleen alde baikorrak nabarmentzea oinarri duen Golden 5 aztertu dute Faktorian.
Hona Euskadi Irratian nabarmendutako ideiak:
Iñigo Lizarazu, Zornotzako Urritze DBH-Batxilerreko irakaslea: “Gauza asko dago irabazteko. Programa honekin asko hobetzen da ikasleen aldetik jasotzen den erantzuna eta irakasleok eurekiko dugun harremana. Adibidez, gelako giro soziala lantzeko maletaren ekintza proposatu genuen: ikasle bakoitzak ekarri zuen bere bizitzan garrantzitsua izan zen gauza bat eta besteen aurrean azalpena eman. 14-15 ikasleek oso ongi erantzun zuten, prest daude sentimenduak adierazteko, ez dira ixten”.
Idoia Zuazu, Zornotza Andra Mari Ikastola: “Iaz tutore batek jarri zuen praktikan eta irakasle denok ikusi genuen gela horretako ikasleengan aldaketa nabarmena egon zela: ikasleen portaeran, arreta mantentzean, euren arteko errespetuan… hainbat ohitura aldatu zituen tutoreak horretarako, batez ere, gelara beste begirada batekin sartzea: arreta jarriz ongi egindako portaeretan eta horiek goratuz. Eta errepikatzea nahi ez dituzun jarrerak isilean, bajuan, pribatuan komentatuaz. Oso garrantzitsua da fluxua ez etetea, irakasleak bere martxa ez etetea. Horretarako badira tresnak, esaterako, klasea eten nahian dabilen ikaslearengana gerturatu, ukitu, eseriarazi, baina etengabe azalpenekin jarraitzea. Eta baita gauza batzuek ikasle horrekin adostea ere: badakit ezin duzula klase osoa geldi eta isilik iraun, urduri bazaude esan eta komunera bidaliko zaitut…”.
Eskarne Rementeria, Durangoko berritzeguneko aholkularia: “Golden 5 martxan jartzean zuk egunero edo astero kontuan izan behar dituzu 5 ume: 2 oso ondo doazenak, 2 zailtasunak dituztenak eta 1 oharkabean pasatzen dena. Bost horiek jaso behar dute irakaslearen arreta edo aukera iluminatzeko, distiratzeko. Ongi doazen ikasleek jarraitzen dute ongi joaten, eta oharkabean pasatzen direnak dira gehien agertzen direnak, euren lana eta aportazioa handitzen dutenak. Espektatiba handiak jarri behar ditugu eurengan, batez ere eskola porrotaren arriskuan dauden ikasleengan”.
Hiruek argi dute: “Indarguneetan oinarritutako ereduaren bila goaz, ongi dagoena azpimarratzera, orain arte ahulguneetan zentratu gara beti”. Begirada aldatzea da klabea: “Zailena gure ohiturak alde batera utzi eta ongi egindakoa begiratzea da. Hor dauden gaitasun, abilidade guzti horiek, ikusten ez ditugunak ikusaraztea. Hori da irakasleen erronka. Batzuetan ateratzen da gauza ezkorrak azpimarratzea, urteetako ohitura hor dagoelako. Ahalegin konstantea eskatzen du”.
Ikasturte bukaeran egingo diren guraso-irakasle bilerak ere Golden 5 filosofian egiten dituztela kontatu du Lizarazuk: “Urte bukaeran gurasoekin izango ditugun bileretan saiatuko gara ahalik jarrera baikorrenarekin egiten. Ikasleak hobetzeko dituen gauzak esango baditugu ere, ikasleen alde onak nabarmentzen”.
Zabalduz doan programa
Badirudi hurrengo urterako Donostiako Berritzegunea eta Irungoa ere hasiko direla programa honekin. Nafarroako Berritzegunea ere kontaktuan jarri da Mari Jose Lerarekin.
Berrikuntza jardunaldietan
Gipuzkoako Berritzeguneek antolatutako jardunaldi pedagogikoetan euren esperientzia azaldu zuten zazpi ikastetxeetako irakasleek eta Mari Jose Lera aitzindariak. Albiste honetan kronika.
Bertsoaren haria Hernanin
2014-04-27 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Apirilaren 25ean Hernaniko Kultur Etxean aurkeztu dugun liburua hiru hankako proiektuaren zati da, hanka bat. Lehen hanka da “Hernani bertsotan” DVDa, 2010ean kaleratu zena eta liburuarekin batera banatuko dena. Bigarrena web orria, diseinatua dagoena eta gure erritmoan baina etorkizun hurbilean liburuko edukiekin osatuko duguna. Eta hirugarren hanka hauxe, liburua.
DVDa aipatu dut eta DVDrako Unai Agirrek eta Jexux Mari Irazuk grabatu zituzten 35 elkarrizketa. Liburua egin heinean, beste 15 elkarrizketa egin ditut. Beraz, 50 elkarrizketa dira liburu honen oinarria.
Batetik elkarrizketak, beraz, eta bestetik beste hiru iturri nagusi:
Auspoa saila. Auspoako 21 liburutan aurkitu dut hernaniarren edo Hernaniren berri. Auspoako liburuen bidez osatu da batez ere lehen zatia, zaharrena. Liburu honen ekarpena, beraz, han eta hemen Hernaniri buruzko edukia biltzen duela.
Beste iturri handi bat Zeruko Argia eta ARGIA dira. Oso baliagarri izan da bertso jarriak, kronikak eta argazkiak biltzeko. Izan ere Zeruko Argiak eta Argiak 1965etik papereratu dituzte bertso jarriak; eta Zeruko Argiatik hartutako hainbat kroniken artean daude 1980an Hernani-Usurbilen artean jokatutako erronka famatua edo garai berean egin ziren Hernaniko lehen txapelketak.
Beste iturri bat Bertsozale Elkartearen datu basea da. Interneten dago, bertsozale elkartearen webgunean, merezi du saltseatzea, eta horko edukiak Xenpelar Dokumentazio Zentroan eskuratu daitezke. Altxor haundi da, denon artean elikatu eta zaindu beharrekoa.
Iturri horiek eta beste hainbatekin; elkarrizketak, liburuak, aldizkariak, bertso grabazioak… pieza askoko puzzle bat da liburua. Ahots pila bat ageri dira liburuan, bakoitzak kontatu du berak bizi izan duena eta berak ezagutu duena. Eta libururako egin duguna da kontakizun horiek ordenatu gaien inguruan.
1940ko Hernaniren orria.
Adibidez, 1900-1940 garaiko Hernaniri buruzko orria osatu dugu Inaxio Mari Zubeldiak esandakoekin, Paulo Zubiarrainek Ia kantatuz bezela liburuan idatzitakoarekin, Antonio Zubiarrainek esandakoekin eta Lengo egunak gogoan liburuan Uztapidek idatzitakoekin… Testuaren bukaeran beltzez agertzen da aurreko hori nork esan duen eta non (ze liburutan. Izena bakarrik ageri bada, esan nahi du gure elkarrizketetan esana dela).
Puzzlearen emaitza da garai bakoitzaren berri ahots anitzez islatzen dela. Momentu eta gertakizun bera bakoitzak desberdin kontatzen duela, piezek ez dutela beti enkajatzen…
Liburuaren eskema:
8 atal edo garaitan banatuta dago liburua. 1800ean hasi eta 2013ko Txapelketa Nagusiaren laburpenarekin bukatzen da.
Atal bakoitza Sarrera historiko batek irekitzen du. Eta nor hoberik Hernaniko bizitzaren historiagile den Urko Apaolaza Avila baino, bertso eskolan ere ibilia. Gozamena da bere sarrera laburrak irakurtzea.
Atal bakoitzean sarrera historikoaren ondoren datoz garai hartan kantuan entzun zitezkeen bertsolari bakoitzaren biografia, (garai hartan kalean kantuan zebiltzanak, ez jaiotakoak).
Eta bukatzeko, atal bakoitzaren bukaeran datoz garai hartako gaiak. Gaiek denbora zeharkatzen dute, esan nahi dut bada sorrera urtean kokatzen ditugula, esaterako, 1900-1940 garaian Hernanin errondak egiten direla dakigu, baina errondaren bilakaera kontatzen da gaur arte. Beraz, atal zaharrenetan dago gaurko errealitatearen berri, garaiak uztartu ditugu gaietan.
Hori edukiz. Horri denari forma, diseinua, inprimatzea, Antza inprimategian egin dugu. Antzan ez da hernaniarrik falta, lankide ere baditut eta liburu honekin buru-belarri saiatu dira. Eskerrik asko, bihotz bihotzez.
Liburuko altxorra, esklusiba
Liburu honek badu esklusibatxo bat, ekarpen bat bertsoaren historiari. Joxepa Matea Zubeldia bertsolaria. Baztangaren bertsoak oso ezagunak dira herrian, baina bertsolariaz deus gutxi genekien. Libururako bere ondorengoen bila hasi, eta ondoan neukan, lankidea! Arantzazu Ruiz, liburuaren azalaren egilea. Arantzazuk Zubeldia berramona zuen. Arantzazuren aitak eta osabak, Joxan eta Mikel Ruizek kontatuta osatu dugu Joxeparen biografia.
Baztangaren bertsoak Bidea urratu duten bertsoak liburuxkan jaso genituen ARGIAn.
Bertsoak kokatzeko, gogoratu dezagun 1918an Gobernadoreak Lasarteko baztangadun gaixoak Hernaniko Benefizentzi etxera ekarri nahi zituela. Izurritea zabaltzeko beldur ziren herritarrak, eta alkatea eta ordezkari politikoak, gizonak, burokrazia lanetan negoziatzen aritu ziren. Gobernadoreak kasorik ez, eta gurdietan gaixoak ekarri zituztenean, emakumeek aurre egin zioten. Bertso epiko hauek detaile handiz kontatzen dute emakumeen borroka hura.
Lasai lo egiteko esango dizuet, baztanga gaixotasun hilgarria zela garai hartan, eta alternatiba bat proposatzen zutela hernaniarrek, insolidariotasuna baino prebentzioa zela nagusi.
Irudikatu bertso hauek nola zabaldu ziren, Tilosetan herri bazkari bat egin zen garaipena ospatzeko eta Zubeldia mahaira igo eta bertso hauek kantatu zituen, bere alabak erabat lotsaraziz, emakumea han jendaurrean bertsotan hasi zelako.
Hariaren korapiloak: loturak, bitxikeriak
Liburu borobila da, zirkularra. Txabolategi da Hernanin ezagutzen dugun lehen bertsolaria. Euskal Herrian ezagutzen den lehen desafioa berak jokatu zuen Juan Inazio Zabalarekin, 1801ean Villabonako errebote frontoian, 4.000 pertsonaren aurrean, bi orduz eta azkenean enpate eman zuten… Eta liburuaren amaieran, Eli Pagola da liburuko bertsolari gazteena, Txabolategiren ondorengo zuzena, desafioetan trebea: 2013ko tabernetako txapelduna.
Hona hemen Txabolategik Fernando Amezketarrarekin plazan kantatutako bertsoa, bederatzi puntukoan aritu ziren teman:
Gizon tabernariyak
askok degu lan au:
jai arratsak kanpuan
bostetatik lau;
ezin erretiratu
ez egun ta ez gau;
jan eta kantatu
sakelak badirau;
zurrut eta mamau,
ez danian barau,
okerrena nerau,
badet ezaguera au;
andriak mudatzeko
enkargatzen nau.
Familia lotura asko ageri dira liburuan: Santa Kruz eta bere ondorengoak, Olegario Garin eta Antton Garin, Anatx aitona, Anatx aita, eta Anatxen seme-alabak, hiru belaunaldi… Juan Joxe Andola eta bere biloba Juanjo Uria, Paulo Txikiatarrak, Saiburutarrak…
Bi Lujanbio, Txirrita eta Maialen, Euskal Herriko bi txapeldun. Bertsotan bi aro markatu dituztenak, inpronta jarri dutenak. Bi artista, Hernaniko bi ikur.
Hemen Txirritaren bertso pare bat. 1935ean txapela jantzi, eta 1936 hasieran omenaldia egin zioten Errenterian. Badakizue Txirritak 140 kilo eramateko bi bastoiren laguntza enpliatzen zuela, eta omenaldi hartan hirugarrena, aginte makila, eman zioten. Hara bere eskertzeko bertsoa:
Hirurogei ta hamasei urte,
garaia det umiltzeko,
bultza beharrik ez nedukake
goitik behera amiltzeko;
bi makil hoiek aski nitun nik
munduz mundu ibiltzeko,
hirugarrena andregaiari
arkakosuak hiltzeko.
Gero bazkaria egin zuten eta bazkalostean ere ez zen bertsorik falta izan, tartean, Uztapiderekin kantatutako hauek.
Uztapidek:
Zure bertsua beti izaten da
garbia eta klarua,
estimatzeko modukua da
zuk daukazun zahartzarua;
zu bezelako aita batekin
gaztientzat anparua,
hankak pixka bat makaldu arren
argi daukazu burua.
Txirritak:
Nere arteko pasadizua
esaten biet abitu,
zuri ez dizu kalte egingo
eta mesedez aditu:
reuma gaiztuak harrapatuta
elbarri nintzan gelditu,
neri gaitz hori eman ziranak
zuretzat ere baditu.
Maialen Lujanbiok ere utzi du bertso ederrik txapelketan. Hona “eskua” hitzari kantatutakoa, 2001ean.
Langileek lakar ta
pianistek fin-fin,
instrumentua joaz
bost hatz hoiekin.
Eskua eman leike
edo kendu berdin.
Sinbolizatu nahi det
nik herriarekin;
hemen hainbeste min
eta biziezin,
hainbat negar gordin,
behingoz buka dedin,
heldu eskutik eta
aurrera egin. (bis)
Bi txapel nagusi baditu Hernanik eta herriko palmaresa ere osatu dugu. Denen artean kategoria eta mota guztietako 65 txapela ditu Hernanik.
Joanito Dorronsorok (Zumaiako honen antzeko liburuaren egileak) esaten du kultura dela gizartearen zentroa, eta kulturaren barruan ahozkotasuna eta bertsoa. Bertsoa gizartearen zentroa, bizimoduaren muin muinean dagoena. Horregatik adierazi direla bertsotan eguneroko mila gai, egunerokoan txertatuta egon delako: gai sozialak, politikoak, ingurumenarenak, erlijiosoak… Liburuan bertso bidez jakingo duzu herriko hainbat gairen berri: Gerra (zenbat bertso jarri diren edo zein gutxi!); Donostira zijoan tranbia; Hernaniko erronda (Txirrita garaian hasi eta egun bizirik dena); sagardotegiak; Tabernetako txapelketa…
Eta esan badugu liburua piezaz osatutako puzzle bat dela, ba Hernaniko bertsolaritza bera ere pieza bat da Euskal Herriko bertsolaritzaren puzzlean. Liburuan ikusten dira Euskal Herri mailako gertaerak Hernanin islatuta: Franco garaian Azpillagak eta Lopategik zer bertso kantatzen zituzten eta zer su sortzen zuten herritarrengan; Amurizak kontzeptualki ekarri zuen iraultza, esan zuenean bertsotan egiten ikasi egiten dela eta beraz denok garela gai bertsoa egiteko; Uria alkate zela Amurizaren ikastaroa antolatu zuen udalak herrian eta hortik etorri zen bertsolari helduen asteartetako bilera edo entrenamenduak. Kontzeptu aldaketa horren haritik sortu ziren Euskal Herrian lehen bertso eskolak (horien artean Hernaniko ikastoletakoak); Bertsozale Elkartearen sorreran eta lehen txapelketen antolaketan hernaniar bat aritu zen (Juanjo Uria) eta geroztik herritar mordoak parte hartu du bertan (egungo koordinatzaile nagusia ere Aritz Zerain da), eta Hernaniko bertso eskolakoek hainbat proiektu sortu dituzte Euskal Herri mailakoak (Bertsoa.com webgunea, Ornitorrinkus emanaldia, Inaxito bertso antzerkia…)…
Liburua salgai ARGIAko dendan
Liburua salgai jarriko dugu berehalakoan argia.euseko dendan. Hernaniko Dobera Elkartean, Leokadisti dendan eta Hernaniko Elkar Megadendan ere eskura dezakezu.
Albistea beste medioetan
Bertsoa.com, 2014-05-02, elkarrizketak
Hernaniko Kronika, 2014-04-25, elkarrizketa
Hernaniko Kronika, 2014-05-04, erreportajea
Hernaniko Kronika, 2014-05-04, Joxepa Zubeldiaz erreportajea
Berria, 2014-05-01, elkarrizketa
Diario Vasco, 2014-04-27, elkarrizketa
Euskadi Irratiko Faktoria saioa, 2014-05-09, elkarrizketa
Garako Gaur8 gehigarrian, erreportajea
Diario Vasco, 2014-05-19, erreportajea
Gaur Bertsokletaren helmugako festa Iruñean
2014-04-25 // Bertsolaritza, Hizkuntza, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bertsoa eta txirrinda itzulia uztartuz “Vascuencearen Legea”ren ondorioak ezagutarazi ditu Bertsokletak zazpi egunez Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barna, eta nafar denek euskaraz ikasteko duten eskubidearen aldarriarekin bat egin dute lekuan lekuko bertso eskolek. Lege horren arabera “ez-euskaldun” eta “misto” izendatutako zonaldeetako gurasoek ere bat egin dute pelotoiarekin, egunero ikasketak euskaraz egiteko egin behar dituzten kilometro pila gogoan. Etapa gelditu den herrietan euren testigantza kontatu dute. Eneko Fernandez bertsokletariak esperientzia oso aberasgarria izan dela nabarmendu du: “gure artean giro ederra izan dugu Lodosako gurasoekin, eta zazpi lurraldeetako bertso eskolekin harremanak sortu ditugu, lekuan lekuko euskararen egoeraren berri jaso dugu…”.
Bertsokleta Lasarte inguruko lagunekin.
Dena Lodosako bertso bazkarian hasi zen
Azaroan, sortzeko lanetan ziren bertako euskara elkartea indartzeko bertsoari buruzko hitzaldia eta bertso bazkaria egin zen. Oskar Saenz de Acedo, Iban Garro eta Eneko Fernandez ziren kantuan eta hiruen artean mamitu zen Bertsokletaren ideia. Sortzen Ikasbatuazen laguntza izan dute, eta Euskaraz Bizi eta Ikasi plataformarena ere bai.
Ekimena eta ibildidea
Apirilaren 19an Lodosatik irten ziren eta astebeteren buruan Iruñean helmugaratuko da Bertsokleta. Euskal Herriko zazpi lurraldeetara mezua zabaldu ostean, ordea. Horretarako, herri bakoitzean bertako bertso eskolarekin elkartu eta egin dute saioa eta errealitatearen berri emateko, lehenik guraso, irakasle eta ikasleen testigantzak biltzen dituen bideoa eman dute.
Mauleko bertso eskolako lagunekin.
Lehen etapan Lodosatik irten, Lizarran bertako bertso eskolarekin bertso bermuta hartu eta Agurainen bukatu zuten Lautadako bertso eskolarekin kantuan. Bideoan Agurainera iritsiera.
Apirilaren 20an Aguraindik Markinara jo zuten, 21ean Lasartera, 22an Senperera, 23an Urdinarben Mauleko bertso eskolarekin bat egin zuten, 24an Baigorrira eta gaur iritsiko da Iruñera.
Iruñean aldarrikapen jaia
“Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan eta euskaraz bizi eta ikasi nahi dugula, hori da gure aldarria” azaldu du Eneko Fernandezek. Hiriburura 18:00etan iristea aurrikusten dute eta jendeari dei egin dio Fernandezek “Atarrabiako errotara etorri daitezela gurekin eta egin ditzagun azken kilometroak elkarrekin bizikletaz, ea aldarrikapena aditzen duten egoeraren erantzuleek”. Bide gorriz Nafarroako Parlamentura joango dira eta egoitzaren aurrean ekitaldi txiki bat egin ostean 19:30etan Katakrak tabernan bertso saioa egingo dute: ekimeneko hiru bertsolariei Aimar Karrika, Xabier Terreros eta Irati Majuelo gehituko zaizkie kantuan. Bertan Bertsokleta izan denaren irudiak erakutsiko dira eta omentxoa egingo diete legearen arabera “ez-euskaldun” zonaldekoak diren ikastolei: Zangotza, Lodosa, Tutera, Viana, Tafalla eta Irunberrikoari.
“Abortuarena izebergaren punta da, oinarrian beste lege asko daude”
2014-03-17 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Jone Arrazola Maiztegi, Olaia Auzmendi Sarasa eta Maria Ajuria Hernandez.
Donostian Euskadiko PPren Kongresuan Rajoy gorritu arazi zuten hiru ekintzailerekin bildu gara: Jone Arrazola Maiztegi, Maria Ajuria Hernandez eta Olaia Auzmendi Sarasa (Rebeka Maestro Watson da laugarren kidea). Grazia handiz kontatu dizkigute xehetasun guztiak (bideoan duzue ikusgai laburtuta):
Zuen ekintza positibo interpretatu da gizartean eta komunikabideetan. Zein izan dira arrakastaren gakoak?
Maria Ajuria: Mugimendu feministak lan handia egin du abortuaren aldeko argudio guztiak erakusteko, sozializatzeko. Arrazoi guztiak kalean daude eta argumentatu dira. Beraz, ekintza oso erraza izan da ulertzeko. Mezu oso argia zuen, oso ikusgarria eta baketsua. Indarkeriatzat ulertu zitekeen edozein keinu egin bagenu, gure kontra erabiliko zen.
Jone Arrazola: Hasieratik oso argi genuen inongo indarkeriarik ez erabiltzea. Ateratzera etorri zirenean ez genuen inongo erresistentziarik jarri. Gure funtzioa bakarra zen: presidentearen aurrean oihu egitea.
M. Ajuria: Hedabideetan gutaz esan da “jo, zer ausartak!”. Mutilak izan bagina ez zen halakorik esango. Askok azpimarratu dute “ziur beldurra pasa dutela”. Urduri egon ginen baina beldurrik ez genuen pasa. Emakumeak indar erakustaldi bat egiten ikusten direnean ausardia eta beldurra, horiek azpimarratzen dira.
J. Arrazola: Ausardia aitortzen zaigu baina puntuala, ez zaigulako rol hori atxikitzen.
Abortuaren inguruan antolatzeko gaitasun handia erakutsi du mugimendu feministak.
M. Ajuria: Lege horrek espero ez genuen puntura garamatza, oso atzera. Bai, abortuaren borrokak mugimendu feminista eta gizartearen zati handi bat asko batu du, baina horren atzean beste gauza askoren kontra ari den borroka feminista dago. Adibidez, Rajoyren gobernuak eta baita Eusko Jaurlaritzak ere onartu dituen murrizketak, menpekotasun legea kentzea, LOMCE… lege askoren helburua da emakumea etxeko rolean, ama-emazte rolean iraunaraztea eta sistema patriarkala indartzea. Abortuarena da izebergaren punta baina azpian beste neurri eta lege asko daude.
J. Arrazola: Eta ideologia oso bat, eta estatu politika bat, zuzenki eliza katolikoaz blaitua dagoena. Herritarrek ez dute Abortuaren Legea babesten, gobernuak duen babes bakarra Elizarena da. Emakumeak bere gorputzarekiko erabakitzeko eskubiderik ez izateak esan nahi du ez gaituztela pertsona osotzat onartzen. Emakumea da pertsona bat aholkularitza profesionala behar duena. Baina nire gorputza nik ezagutzen dut ondoen. Nik dakit ondoen zer nahi dudan eta zer ez, eta zer den komenigarria nire bizi proiekturako. Nor hobe eta nor jakintsuago ni baino?
Olaia Auzmendi: Mugimendu feminista saretuta zegoen lehendik ere, baina abortuarekin bai lortu dela sare hori biltzea. Badira Abortuaren Eskubideen Aldeko Euskal Herriko plataforma, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako plataformak, eta herrietan ere plataforma desberdinak daude. Abortuaren Legearekin sarea gehiago elkartu da.
J. Arrazola: Feminista helduenengan, ibilbide bat egina dutenengan, pena sentsazioa sumatu dut. Garai bateko aldarri berarekin 2014an kalean egon beharra, ez zuen inork espero. Hein batean indartzeko balio du baina beti zulo berean sartuta, betiko eztabaidetan eta borrokan iraunarazi nahi gaituzte. Feminismoak mila gauza ditu oraindik deskubritzeko eta lantzeko.
Ezkerretik eskuinera: Olaia Auzmendi Sarasa, Maria Ajuria Hernandez eta Jone Arrazola Maiztegi.
Aldarria zaharra da, baina 2014an tresna berriak badira; sare sozialak ederki baliatzen ari da feminismoa, artikulatzeko eta ideiak zabaltzeko.
M. Ajuria: Sare sozialik gabe ekintza honen oihartzuna guztiz bestelakoa litzateke. Oso kontziente ginen horretaz, eta ekintza prestatzerakoan oinarrietako bat hori izan da, zelan kudeatu hedapena. Sare sozialez baliatu gara. Ekintza egin genuen lauok juxtu ez gara batere trebeak sare sozialetan. Nahiko bagenu ere gure mugikorrek ez dute bideorik grabatzen, Whatsapp-ik ez daukagu… Garrantzitsua da ikustea norberak zer ekarpen egin ahal dituen. Guk gurea egin dugu eta beste batzuek arduratu dira sare sozialetako lana egiteaz, gurea bezain garrantzitsua dena. Hori ere izan da ekintzaren arrakasta. Guk ipini dugu aurpegia eta gorputza baina beste jende asko aritu da atzean lanean.
Zuen ekintzarekin poztu denari zer esango zeniokete?
O. Auzmendi: Beste ekintza batzuek egiteko, mugimendua behar dela une honetan. Lege honi ezin zaio utzi aurrera joaten. Kaña eman behar zaio, eta PP egiten ari den beste lege eta erokeria hauen aurrean zerbait egin beharra dago.
J. Arrazola: Animatzeko horrelako ekintza praktikoak, bisualak eta politak egitera. Gero atzera begiratu eta gogoratzen direnak dira, “zelako ondo” sentitzen duzu. Bilerak ere garrantzitsuak dira baina horrelako ekintzak ere bai.
M. Ajuria: Ekintza zuzena ere borroka molde oso baliagarria da kasu batzuetan. Ederra da emakumeok hor protagonista bihurtzen garenean.
O. Auzmendi: Lehen planoan jartzen gara.
J. Arrazola: Alde guztietatik zoriondu dute feministon mugimendua ekintza honengatik. Eta tamalez borroka feministari gutxitan aitortzen zaio hori, gauzak ongi egiten direla.
M. Ajuria: Espero dut ez dela azkena izango. Nik jada beste ekintza bat daukat buruan!
J. Arrazola: Apirilaren 5ean manifestazio nazionala egingo da Iruñean. Beste mila deialditara joaten garen bezala, hau ere denon kontua da, gure gorputzetan eragiten du eta herri gisa erantzun behar dugu.
Ekintzaren kronika, pausoz pauso:
Bi aste lehenago hasi zen guztia
“Euskadiko PPk Kongresua martxoak 8 batean egingo zuela jakin orduko kontzientziak esaten zigun: zerbait egin behar da”, hasi du kontakizuna Arrazolak. Ajuria eta Arrazola kide diren Gipuzkoako Abortuaren Koordinadoran sortu zen ideia. PPren egoitzara deituta jakin zuten kongresuko azken bi orduak, itxiera ekitaldikoak, militante eta jarraitzaileentzat izango zirela. Hortxe zuten sartzeko aukera. Baina koordinadorak ez zuen ekintza bera egitea ikusten, lan handia eskatzen zuen eta beste hamaika zeregin baditu. “Biok bai ala bai egin nahi genuela erabaki genuen eta inguruko jendearengana jo genuen”, jarraitu du Ajuriak. Maestro eta Auzmendirekin laukotea osatuta prestaketari ekin zioten. Telefonoz izen-abizenak eta NAN zenbakia ematea aski izan zuten kongresurako gonbidapena lortzeko. Abokatuarekin bildu ziren ondorioez informatzeko.
Eguna ailegatu zen
Jantzia eta pintura gorria ziren euren tresna bakarrak. Gurekin bildu diren hiru kideak antropologoak dira eta laugarrena psikologoa, eta jantziaren eta jarreren errituala teorizatu zuten: “Ez zuten nabaritu behar mozorrotuta geundenik, rolean sartu eta gure janzkera eta izaerak bat egin behar zuten, eta gazteleraz super ondo hitz egiten aritu ginen”, diote irribarrez.
Kongresura sartzea gakoa
Segurtasun neurriek zer traba jarriko zizkieten, hortxe zegoen koska. Lehenik Ajuria eta Auzmendi joan ziren Kursaaleko atariko ilarara. Berehala eman zieten gonbidapen txartela eta barrura sartu ziren zuzenean. Ez katxeorik, ez poltsa miaketarik, ez metal detektagailurik. Goiz sartu zirenez, laugarren-bosgarren lerroan eseri ziren. Euren arteko harremana ez salatzeko hamar minutuko tartearekin Kursaalera inguratutako Maestro eta Arrazolari, ordea, gehiago kosta zitzaien sartzea. Gonbidapenak banatzeko arduraduna falta zen leihatilan eta segurtasunekoak “ezin zarete sartu” esan zien. “Jada harrapatu gaituzte, seguru; ez dugu ezer egin baina harrapatu gaituzte!” konbentzituta zegoen Arrazola. Arduradunaren zain egon behar hori aitzakia hutsa zelakoan baina hantxe egon ziren 16:00ak arte (orduan zen hastekoa Kongresua), nerbioak jaten. Halako batean itzuli zen arduraduna eta gonbidapenak emanik utzi zieten sartzen. Beste bien ondoan eseri ziren. “Kito, egina dago! Ez dago geldiaraziko gaituenik!” sentitu zuten lauek.
Kursaal kanpoaldean
Bitartean, Kursaal kanpoan lantalde zabala antolatua zuten koordinadoratik komunikaziorako, irudiak sare sozial bidez zabaltzeko, prentsara bidaltzeko, eta atxilotuko balituzte deialdia egin eta polizia-etxe aurrean kontzentratzeko.
Martxoaren 8an Kursaalen, PPren Kongresuaren aurrean egindako konzentrazioa.
Barnean, une egokiaren zai
Janzkerarekin rolean sartuta txalotu zituzten zutik Quirogaren hitzak. “Erabakia genuen Rajoyren hitzaldia zela eten beharrekoa, baina hizketan hasi orduko ez genuela oztopatuko zeren orduan oldarkorrago ipiniko lirateke”. ” Sarrerako Rajoyren esker hitzak eta jendearen txaloak, interakzio informal hori zegoen hasieran. Bihotz taupadak sentitzen nituen. Diskurtso erabat formala hasi arte itxaron genuen, jendea Rajoy entzutera bakarrik jarri arte, inpaktua askoz gogorragoa izateko “. “Pentsatu bezala egin genuen: elkarri begiratu, eskuak eman eta estutu. Segidan bakoitzak bere poltsatik pintura hartu, lehenik eskuak margotu eta eskuekin aurpegia. Ondoren altxa eta eskuekin feminismoaren sinboloa irudikatu eta oihuka hasi ginen”.
“Gure gorputza gure erabakia” eta “Aborto ilegal violencia estatal” oihuka.
“Aborto ilegal, violencia estatal” eta “Gure gorputza, gure erabakia” izan ziren ahalik indar handienaz botatako lemak. “Adrenalina momentua izan zen, eta bat batean isiltasuna egin zen gelan. Tarte batean gure oihuak bakarrik entzun ziren”; “Gehien disfrutatu nuen momentua hori izan zen”; “Argi nuen mezua beretzako zela eta zuzenean Rajoyri begiratzen nion”… eta Rajoy? “Rajoyri tonto aurpegia jarri zitzaion…”; “Isilik geratu zen, ez zekien zer esan”; “Hasieran begiratu zigun baina gero begirada kentzen saiatzen zen, lehen ilarara begiratzen zuen, Quiroga, Cospedalengana, laguntza eske”.
Ondoren iritsi zen ingurukoen erreakzioa: batzuek txaloka hasi ziren (Cospedal altxa ote zen lehena uste dute), “sí a la vida” oihuka, beste batek jertsetik tiratzen zion Arrazolari, amona batek tanga jaisten zion Auzmendiri… “Segurtasun pribatua etorri zen eta bultzaka atera gintuzten…”; “Prentsa gelatik atera gintuzten, gonbidapen txartela kendu ziguten eta kanpora bidali gintuzten. Prentsa guztia gure atzetik irten zen”; “Kanpora irten ginenean surrealista zen egoera: jende pila zegoen Zurriolan eguzkia hartzen eta gu inertziaz korrika eta oihuka hasi ginen, gorriz pintatuta”; “A zer poza gurea! Ekintza ongi atera zen eta ez geunden atxilotuta! Sarrera nagusira inguratu ginen beste taldekideengana: lortu dugula eta kalean gaudela! oihuka”; “Ertzainen bi furgoneta zeuden kanpoan eta ertzainek flipatzen begiratzen ziguten: hasteko, ea, zer gertatu da? galdetu ziguten harrituta. Identifikatu egin gintuzten eta gonbidapenekin eta benetako izenekin sartu ginela esan genien. Datu hauek frogatu zituzten eta esan ziguten nahi izatekotan PPk jarriko zuela gure kontrako salaketa”. “Beste bi emakume identifikatu ziren eta guardia zibilak zirela esan ziguten. Galderak tonu sinpatikoan egin zizkiguten. Ez genien kasurik ere egin”.
Egun borobila mugimendu feministarentzat
Martxoak 8ko Donostiako manifestazio jendetsuan bukatu zuten eguna, euren ekintza sare sozialetan eta komunikabideetan suaren pare zabaltzen zela ikusten zuten bitartean. Egun biribil hura beti gogoratuko omen dute: “Mugimendu feministaren urte osoko lanarentzat ospakizun eguna izan zen”.
Ekintzaren esanahiaz eta arrakastarako gakoez, abortu eskubidearen aldeko borrokaz eta feminismoaz ere mintzatu dira. Astekarian duzue irakurgai (ostegunetik aurrera argia.eus-en).
#Occupybixotza
2014-02-14 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Hierarkiarik gabeko maitasuna.
Brigitte Vasallo-k (PornoBurka nobelaren egilea eta Colectivo Cautivoko kidea) idatzi du Diagonalen “OccupyLove: por una revolución de los afectos” artikulua. Hona bertako ideiak itzuli eta laburtuta. Gaurkoa bezalako egun arrosetan eztabaidagai ederra:
Monogamia kontrol sozialerako erreminta zorrotza da: sexualitatea eta afektibitatea bahitzen ditu. Monogamiak oinarri du erabat naturalizatu dugun maitasunaren ideal erromantikoa. Txikitatik barneratzen gara maitasun erromantikoan ipuin bidez, filmetan, musikan, literaturan. Haueta amodioa eta desamorea da kontua, txanpon beraren bi aldeak. Betiko istorioa: gazteak aurkitzen du gaztea, maiteminak jo, hirugarren bat agertzen da desorekan, beti desorekan, eta dramoia dator. Barneratzen dugu dramoia dela bide bakarra, erantzun bakarra, maitasuna bizitzeko modu bakarra. Maitasun eredu hori erabat interesatua eta eraikia da ordea. Maitasun erromantikoa ez, “Disney maitasuna” da.
Zer da erromantikoa eta zer Disney?
Erromantikoa hitzak kandelatxoen pean egindako afariak dakarzkigu gogora, eta sutondoan zirrietan korapilatzea. Hori dena primeran dago, arazoa hurrengo pausoa da, hortik “Disney maitasun”era pasatzea: maitasun eternoa, bakarra eta batena bihurtzea. Ipuinetako eredu horrek, baina, ez gaitu maitasunarekiko immunizatzen. Bizitza errealean maitemintzen gara, elkar maite dugu eta jarraitzen dugu guk nahi izan gabe ere bestez maitemintzen: pasioaren zartada sentitzen dugu, desioena, jakin-minena, barrenak mugitzen dizkiguten pertsonekin topo egiten jarraitzen dugu. Eta orduan gara bahituak. Gure burua ukatzen dugu, sentitzea debekatzen, edo besteei ukatzen diegu.
Zer litzake maitatzea sistema bahitzaile honetatik at?
Zer da maitasuna? Galdera honekin hasten ditut #OccupyLove tailerrak eta jasotzen ditudan erantzunak beti dira antzekoak: maitasuna da zoriontasuna, osotasuna, eskuzabaltasuna, konplizitatea, sexu ona, xamurtasuna, elkar ulertzea eta zaintzea. Maitasuna hori dena bada, sistema monogamoa lehertzetik pauso bakarrera gaude. Zeren horko ezerk ez dakar ezinbestean monogamia. Gaitasun horietatik bakar batek ere ez du beregan esklusibitatea, errabia, mina, sospetxa, segurtasun eza, kontrola edo jabetza. Maitasuna osotasuna da… mina eta gainerako dena dator osotasun hori galtzeko beldurraren aurrean. Mehatxuaren aurrean.
Pentsamendu monogamoko sisteman, maitasun batek bestea ukatzen du. Gainera, afektuak hierarkizatzen dira, eta estatus nagusia maitasun bakarra eta bere ondorengo “natural”ak (bikotea, familia) dute, beste afektuen gainetik, esaterako, laguntasuna. Piramidearen gailurreko erpinean leku bakarra dago. Hierarkia deseraiki eta eskema horizontala proposatzen badugu, afektuak hierarkizatu gabe eta maitasun batek bestea ordezkatu gabe, mehatxua desagertzen da.
Sareak monopolioen ordez
Maitasunak pentsatu ditzakegu afektu sareen eskema batetik, zuhaitzak (genealogikoak?) imajinatu ordez patata soro infinituak irudikatuz. Horrek gure bizi planteamenduak errotik aldatzen ditu. Maitasunak inklusibo ikusteak mundua inklusibo ikustera garamatza. Diferentzia inklusiotik. Elkarbizitzatik. Gehitzetik eta ez kentzetik. Kooperaziotik.
Horrelako eskema batean, ez dago hierarkiarik: nukleo afektiboak anitzak dira eta aldakorrak intentsitatean, maiztasunean, potentzian… baina denak daude elkarlotuta, denek elikatzen dute elkar. Sareetan, maitasunak ez dira ez baztertzen ez ordezkatzen, eraldatu baizik, lekuz aldatzen dira edo formaz eraldatzen, bizitza bera bezala, baina osotasunaren zati izaten jarraitzen dute, garenaren zati. Pertsonak, gure maiteen maiteak, errealak edo potentzialak, ez dira mehatxu. Nola izango dira mehatxu ez bagaituzte ordezkatuko?
Maitasuna, zentzu honetan ulertuta, pausoz pauso eraikitzen da. Maitasuna ez da erdibitzen zaituen tximista, Cupidoren gezia. Hori erakarpena da. Erakarpen hori mila erako harreman bihur daiteke. Eta ez du “onena” izateko ardurarik ez premiarik. Akabo konpetentzia. Akabo gerra.
Gai bagara ikuspegi hau txertatzen gure alderik hauskorrenean, alegia afektuetan, bizitzako gainerako arloetara zabaltzeak ez luke hain zaila izan behar.
Bertso Egunean, afalostean ikusi ziren bideoak
2014-02-13 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
18 urterekin gertatzen den fenomeno bitxia argitzea izan liteke erronka nagusia bertsolaritzan genero berdintasuna lortzeko: alegia, nerabezaroan neska gehienek zergatik uzten duten, edo zehatzago esanda, zergatik diren mutilak jarraitzen duten gehienak.
Egileak: Edizioa Hodei Unzueta. Kamara Idoia Etxeberria. Kamara aurrean: Hodei Unzueta, Miren Artetxe, Idoia Etxeberria, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Maialen Akizu, Ane Zuazubiskar, Onintza, Garcia, Kattalin Barcena, Arrate Gaztelu, Graxi Arregi, Estitxu Eizagirre.
Onena da hemengo komentario hauek denak entzun direla Bertso Egunari buruzko iruzkinetan. “Iruzkinek Bertso Egunaz baino norberaz gehiago diotenean”…
Hemengo gertaerak benetakoak dira. Momentuan A erantzuna eman zitzaien, eta Azkizuko Topaketan aurkitu zitzaien B eta ABER prototipoa. Omeopatikoa: Mekanika ikasi eta eguneroko bizitzan praktikatzeak izugarri hobetzen du norberaren osasuna!
Bideo bukaeran tanta agertzeaz bat, ikusleen artean banatutako zientoka kartelek itsaso gorria osatu zuten.
Bidea urratu duten bertsoak PDFan
2014-02-11 // Bertsolaritza, Feminismoa // 2 iruzkin
Hainbat uste ustel ateraraziko dizkigute ganbaratik sagar gordin hauek. Gaur gaurkoz dauzkagun lehen bertsoak ez direla atzo goizekoak, eta zirika lizunen erantzunak direla. Fabrikako emakume langileen bertsoak duela bi mendekoak diren ber. Gaizki ikusia zegoen garaietan ere izan direla plazan kantatu dutenak. Emakumeek burututako erresistentzia eta borroka bertso kronikari esker dakigula zehaztasun osoz. Jainkotutako bertsolariari bertso jarritan erantzun ziola ondoko herriko neskatx batek. Txapelketan kantatu zuen lehena gonarekin igotzen zela oholtzara eta galtzekin irteten kalera, aldarrikapen bera eginaz bi prendekin. Sei agur kantatu dituztela txapela buruan. Etxeko andre bizitzari jarritako bertso autobiografikoak 2013an jarri zituela, bertso eskolan 50 urte bete zituenean hasitako bertsolariak…
Bertso bilduma bat duzu hau. Plazeretik osatua. Argitalpen oso xume izateak askatasun erabatekoa aitortu diona bere buruari: Antologien denominazio premiriak gabea, Historiaren hizki larri eta xeheak kalibratzen denborarik xahutu ez duena, diren bertsolari denak ez agertu-ez ordezkatu-ez orekatu asmotik libre dena.
Zabarkeriak edo aurreiritzi sakonek liburuetatik eta are ondorengoen memoriatik kanpo utzitako bertsolari eta bertsoak dira asko. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako memoria kolektiboak badu liburuen aldean abantaila regeneratibo hori, ordea: gure esku dagoela gogoan hartu eta hurrengoei irakastea, aurrekoengandik iritsi ez zaizkigun bertso hauek. Memoria kolektibo osoagoa, aberatsagoa izango dugu horrela.
Irakurri, kantatu, memoria kolektiboan txertatu, zabaldu… hemen klikatuta.