Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Gizon feministen alde
2013-11-14 // Feminismoa // 10 iruzkin
“Maskulinitatea: eraldatu, irauli edo baztertu” hitzaldia eman zuen Jokin Azpiazuri, “Zaintza partekatuaren alde” artikulua lehenik txiokatu zuten @xme64 eta @GariGaraialde-ri eta eztabaida-bazkarietako kide @mikelgi eta @larbelaitz-i, esker onez:
Berdintasunaren aldeko hainbat gizonek “ez naiz feminista, gizona naizelako” azaldu dit. “Giza-aberea”ren pareko oximorona ote “gizon feminista”?
Intsumiso definitzen genuen guk ere gure burua 90eko hamarkadan. Burutik pasa ere ez zitzaigun egin soldaduzka tokatzen ez zitzaigulako manifestazioetan edo epaiketetako kontzentrazioetan egon behar ez genuenik, garai hartan mutilen harropa berak jantzita.
Gizonez osatutako bertso saioetan entzule gara, mutilen futbol taldeetako forofoak (izan) gara, zerrendetan emakumerik ez zegoen alderdi politikoak bozkatu eta defendatu ditugu, kasi emakumerik agertzen ez zuen prentsa irakurri eta erosi dugu, gizonezkoen historia eta sormena biltzen duten liburuekin gozatu dugu, “gizon” gora eta “gizon” behera errepikatzen duten euskal kantuak kantatu eta transmititu ditugu… ederra litzateke zintzotasunez eta natural, gizonek emakumeek egindako lanaz sentitzen dutenaz mintzatzea (lan horiek gizonez ere ari dira edo emakumeez soilik?).
Gizon feminista kontraesanari jarraiki, erdaldunek ezin dute euskaltzale izan? Donostiarrek ezin dute igeldoarren independentziaren aldeko izan? Hegoafrikako txurietan inor ez zen beltzen alde borrokatu? “Beste” horien askatasunak eta garapenak ez al du norberarena aberasten?
Intsumisioak, euskarak eta feminismoak batzen gaitu gizon, euskaldun eta emakume ez garenok ere.
* Oraindik ere gorputzak feminista agertzen uzten ez dietenei agian lagunduko die umore kolpe batez gogoratzeak feto garaiko lehen asteetan emeak izan zirela (bularrean garatu gabe baina oroigarritzat geratutako titiburuak lekuko). Genesia badea nahiko motibo gizon-feminista kontraesana askatzeko!
Eta ama denak batuko bagina?
2013-11-09 // Feminismoa // 4 iruzkin
Azaroak 7ko Berrian Idurre Eskisabelek eta Zihara Enbeitak argitaratutako iritziek eragin didate artikulu hau (eskerrak, biei!). Gaurko amak, lan munduan bidea ireki zuten emakume haien eta etxeko andreen alabak gara. Ama bakoitzak egin genezake galdera gure amaren adibideari jarraitu diogun lana-familia orekatzerakoan, edo juxtu umetan izan ez genuena bilatu dugun. Baietz erantzun denak izan ederrak.
Eskerrak!
Eskerrak munduak eurekiko zituen espektatibak hautsiz Michelinera, Fagorrera, Tabacalerara joan ziren ama haiek galtzak jantzita. Eskerrak zaintza gutxietsi duen kapitalismoaren balioak zalantzan jarriz umearoari denbora eskaintzea erabaki zuten beste ama haiek. Eskerrak ume-zintzilik lanera, kontzertuetara eta nonahira joan diren beste ama haiek. Eskerrak zientzia aurreratu zuten beste haiek, nahi ez dutenak ama izan ez daitezen, eta nahi duten ahalik gehienek ama izatea lortu dezaten. Eskerrak biberoiarekin utzita eremu publikoan jarraitu duten beste ama haiek. Eskerrak esne artifizialen industriaren lobbya, elizaren presioa eta tetinen negozioari aurre eginaz titibixtan egotearen onurak azaldu dizkieten amagaiei emagin haiek. Eskerrak besteren umeei biberoikada bat edo bularra eman dieten ama haiek. Eskerrak dibortziatu ziren ama haiek, eskerrak bakarrik eta ama izatea erabaki zuten beste haiek, eskerrak abortatu zuten beste haiek, eskerrak adopzioan ama egin ziren beste haiek…
Denak eredu, denak larri
Gaurko amak haien denen alabak ere bagara. Patriarkatua deskojonatzen da bide bat hartu duen ama beste edozein bidetan doan ama epaitzen ikusita: “feminismoaren kontrakoak!” batzuk, “umeei bere beharrak asetzen ez dizkietenak!” besteak, “esklabu estremistak!” hauek, “Nestleren kontsumistak” haiek. Patriarkatua ipurdibistan jarriko genuke besteen bizipenetatik, besteek urratutako bideetatik aberastuko bagenu gure aukera. Zorionez ama adina eredu baitauzkagu gaur. Urtetan jenialtzat izan dugun Uztapideren bertso hark “dana esana dago esanikan ama”, zorionez gaur ez du ezer esaten. Ama bakoitza da bakarra, eta denak ama. Amen arteko konplizitatetik eta elkartasunetik egin beharko dugu denean lekua, gaurko Euskal Herrian ez baitago hankapean harritxintxarrik ez duen amarik. Edo bestela, pertsona gisa osotasunean garatu eta aldi berean umeak hazteko bidea aurkitu duen amarik bada, formula magikoa idatzi dezala.
Zaintza partekatuaren alde: Mari-Antonen etxea politikoa da
2013-11-01 // Feminismoa // Iruzkinik ez
* Oharra: Bikote heterosexualetara mugatutako artikulua. Pozik hartuko nuke bikote homosexualetan zaintza antolatzeko moduari buruzko azalpenik.
Zaintza partekatuaren herri ekinbide legegileari buruzko eztabaida Eusko Jaurlaritzara iritsi da asteon. Planteamendu zehatz hori kuestionatzen ez naiz hasiko, gaia arantzatsuegia da: betidanik zaintzan inplikatu diren aita ereduzko horiek gainerako gizonezkoen %90k egin ez duenaren arabera epaitzea ez da justua. Eta bestetik, errealitatean zaintzaren ardura hain proportzio desorekatutan eramaten denean, banandu ondoren legeak “denontzat baldintza berak” bermatzeak ez luke errealitateko distortsioa indartu besterik egingo. Tamalgarriena, zaintza partekatuaren aldeko gizon eta emakumeak debate honetan aliatu beharrean, sexuen arteko gerran erortzen garela.
Bazen garai zaintza partekatuaren gaia Eusko Jaurlaritzan debatitzeko
Banandu osteko eskubideak baino, bikote garaiko betebeharrak arautzea urgenteagoa da, ordea. Zergatik? Arazoaren neurriagatik: Bikoteetan (gehiengo kezkagarrian) zaintzaren ardura banaketa desorekatua delako, zama emakumeen bizkar egonik: EAEn banaketen %70 modu adostuan egiten dira; horien %87an, haurren zaintzaz ama arduratzea erabakitzen dute, %5ean aita, eta %8an biak. Auzitara jotzen dutenen artean (%30), aiten %72k ez dute zaintza eskatzen; %22k eskatzen dute zaintzaren ardura, eta %1ek zaintza partekatua. Banandu ostean auzitegitarako gai dena, bezperako egunean, bikote garaian “etxe barruko kontuak” dira, “hor konpon Mari-Anton”. Hona hemen hainbat proposamen, Mari-Antonen etxean zaintzaren ardura partekatua izan dadin gizarteko eragile antolatuek arautu ditzaketenak:
– Gurasotasun bajak. Erditu osteko 16 asteetan aukera du emakumeak edo aitak gurasotasun baja hartzeko. Umearen hobebeharra baldin bada banaketa auzietan zaintza erabakitzeko oinarria, erditu osteko bajetan amarentzat 16 aste eta ondoren aitarentzat beste hainbeste (“derrigor”) izatea da onuragarriena. Umearentzat (oporrekin eta abar ia lehen urte osoa gurasoekin emango lukeelako) eta bikotearentzat, benetako zaintza partekatua praktikan jarriz abiatuko luketelako guraso bizitza.
– Enpresetako protokoloak. Emakume batek haurdun dagoela iragartzen duenean, enpresako zuzendaritzetan hainbat gai jorratzen dira: baja “luze” baterako aurrikuspenak egiten dira, emakume horren lantaldea berrantolatzen da (ordezkapenaren perfila zehaztu, bere ardura batzuk lankideen artean banatu…), haurdunaldian zehar ordutegi-aldaketak espero dira (medikutarako, erditzeko klaseetarako…) eta baja bukatu osterako aukeren abanikoa zabalik dela kontuan hartzen da (lanera itzuliko den edo eszedentzia hartuko duen, ordutegi murriztuarekin itzuliko den…). Gizon batek aita izango dela iragartzen duenean, bizkar kolpe eta ospatzeko tragoaren ostean ez da bestelako protokolorik aktibatzen. Emakumeekin egiten den bide bera da beharrezkoa gizonen kasuan. Galdera hauez mintzatzea: noiz jaioko da? noiz hasiko dituzue erditze klaseak, ordutegiak aldatzeko? oporrak ohiko egunetan egingo dituzu edo haurra jaio osterako gorde nahi dituzu? Ondoren lanera itzultzeko asmoa duzu edo eszedentzia edo murrizketa hartzea pentsatzen duzu? …
– Independentzia ekonomikoa. Emakumeen %41 diruz larri bizi dira, zaintzaren ondorioz: %20 lana utzi duelako haurrak zaintzeko, eta besteek lanaldia murriztu dutelako. Lana utzi duten emakume askok (primeran letorke gai honi buruzko ikerketa zenbakiak zehazteko) ez du bankuko kartillarik bere izenean. Bikoteari dirua eskatuz bizi da. Lanaldia murriztu dutenen kartillak bi dijiturekin bukatzen du hilabetea, eta urtean hainbatetan bikoteari dirua eskatu behar dio irauteko. Zaintzarako lana utzi edo murrizten bada, horrek esan nahi du batetik zaintza lana dela. Kasuen %90ean emakumeek uzten dute parte batean edo osorik euren lan ordaindua zaintzarako. Baina honek dakarren kostu ekonomikoa ez du bikoteak erdibana asumitzen, emakumeak baizik (austeritatean biziz, eta itolarrietan orduan gizonari eskatuz). Menpeko egoera hau ez da sanoa emakumeen autoestimurako (“dirua behar dut …tarako” kontuak ematen ibili beharra, subentzionatuaren sindromea…) eta eragin zuzena du bizitza osoko ibilbidean (karrera profesionalean gizonak eta emakumeak egiten duen renuntzian, eta aurrezkietan). Ogasunak edo dagokionak arautu dezake kartilla izatearen beharra (soldata kobratzeko derrigor dugun bezala) eta lanaldia murriztutako bikoteetan diru hori pasatzen dela bermatu (banandutako bikoteetan egiten den bezala).
– Eskola. Araututako erakunde horretan gurasoen parte-hartzea arautua dago, baina guraso bakoitzaren parte hartzea ez. Guraso bilerak amez gainezka egon ohi dira… Parte-hartze partekatuagoa arautu daiteke. Guzti honen atzean dagoen Gaiari (eskola-haurreskola-jangela zerbitzuen eta lan ordutegien arteko desfasea) ere noizbait heldu beharko zaio, Legebiltzarrean.
– …
Ondorioak
Haurra jaiotzerako zaintzaren ardura eta betebeharra partekatua dela bermatu behar du lehenik gizarteak. Bikote garaian ardura partekatua bada, bereizitakoan eskubidea partekatuaren aldekoa izango da.
Gizarteko betebeharrak arautu egiten dira, ez dira norberaren edo Mari-Antonen borondatearen esku uzten. Zaintza gizarte osoaren ardura da eta batez ere gurasoen betebeharra. Zergatik ez arautu?
Etxea da (emakumeen esparrua izan omen dena) egun parekidetasunerako muga (edo borrokaleku) nagusia. “Etxeko” gaiak (zaintza, garbitasuna, elikadura, osasuna, harreman on eta txarrak, sexua…) arazo politikotzat lantzen ditugu, edo etxe barruko arazo izaten jarraituko dute, eta beraz, gizarte parekide baterako muga.
Banandutako bikoteek gizarteari orokorrean eta feminismoari egin dioten ekarpena txalotzekoa da. “Zaintza partekatua” hitza bera ez litzateke existituko, zaintzaren gaia auzitegira iritsi eta arautzeko lanik hartu ez balitz.
Werti intsumisioa
2013-10-10 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Werten lege ankerrari
nola egiten zaio uko?
besteei ardurak eskatuz
denborik ez dut galduko:
langileak funtzionario
ta Jaurlaritza lekuko
gurasoek bultza ezik
ez dute asko lortuko.
Azterketara umeak
ez aurkeztu eta punto!
intsumisioa dugu
Txikipark-en ospatuko
Espainiak ez ditu gure
seme-alabak epaituko.
Ikastolan hazitako
lehen belaunaldi kuttuna
jakin gabe izango zen
titulu ofizialduna
etxeko konpromisoa
euskararen oihartzuna…
Ailegatu da guraso
bilakatu den eguna:
zer ta LOMCEri beldurra,
garaiezina, urruna…
Jokoan da galdera bat
eta gure nortasuna:
zenbatean saltzen dugun
herentziz jaso duguna.
Ez dugu nahi “ikasle on”
ta “ikasle txarrik” bereizi
ez neurri beraz epaitu,
haur bakoitza da berezi
ez letrak buruz ikasi,
bai landu mila trebezi
kritikotasuna bultza
dotrinak ez du merezi.
Guraso-irakasleak
elkartuz gero lehenbizi
“LOMCEri ez” adostuta
oraingo moduan bizi
nork agindu behar digu
gure haurrak nola hezi?
Txapelketa Nagusia jarraituko duzun horrentzat, betaurrekoak opari
2013-09-26 // Bertsolaritza, Feminismoa, Sailkatugabeak // 3 iruzkin
Ostegunean Villabonako Mintzola egoitzan aurkeztuko da 2013ko Txapelketa Nagusia, eta herri berean abiatuko igandean. Txapelketaz kanpo geratu den Uxue Alberdi elkarrizketatu dugu ARGIAn (urriak 6ko alean argitaratuko dena, 2385 zenbakian). Bonoa atera eta saioz saio mugituko diren zaleentzat, klabe hauexek eman dizkigu.
Lau urte, hamaika pauso
Lau urte daramatza Euskal Herriko txapelak berau jantzitako lehen emakumearen buruan. (Aurretik beste askok bezala) Lujanbiok irekitako bidearen ordaina izanik ere, lau urteotan generoaren lanketa kontzientean asko sakondu da bertsolaritzan: Bertsozale Elkartean Genero batzorde bat bada eta gaiaren inguruko formazioa eta trukea elikatzen du (Gabirigunea posta-zerrendaren bidez, Umorez jardunaldiak antolatuz, Virginia Imazen ikastaroekin, Azkizuko Topaketekin…) eta zenbait bertsolarik lanketa handia egin du. Uxue Alberdik mugimendu honen indargunea azpimarratu du: “Duela hamar urte generoa txuletaz hitz egiteko erabiltzen zen, eta egun bertsolari denek dute honen berri eta zale askok ere bai”.
Txapelketan zer berri
Txapelketa hau genero aldetik lehen urratsa izango da (benetako aurrerapausoak urteetara etorriko direla espero dezakegun arren), gai-jartzaile taldea eta epaile taldea gaiaz hausnartzen hasi baita. Alberdik eskaini die formazio saio hau eta ikuspegi feministatik bertsolaritzaren irakurketa egin ostean, planteamendua hau izan da: “Ariketa da ezer ez da neutroa, horra iristea. Normala iruditzen zaigun gai hori ez da normala, karga bat dauka eta alde baterakoa (maskulino hegemonikorantz). Adibidez, Arabako txapelketako finalean jarri zen gaia: DBHko bi ikasle zarete eta zuzendariaren bulegora deitu zaituztete dutxatan zelatan harrapatu zaituztelako. Gaiak neutroa dirudi, bertsolariei zozketaz tokatzen zaielako eta ez duelako zehazten zelatatzailearen eta zelatatuaren sexua. Bi gizoni egokitu zitzaien eta finaleko saio txalotuena izan zen. Atera ziren Interviu, masturbazioa… gai hori bi neskari edo neska eta mutil bati tokatu balitzaie egoera beretik abiatzen dira? mila bider ikusi ditugu neskak zelatan dauden mutilak, hori gure imaginarioan sartzen da; neskena oso gutxitan. Neskak dutxatan eta taldean masturbatzen gara? Hitz egiten dugu horretaz publikoki? Zer tresna erabiltzen ditugu masturbatzeko, zer errebista? Kode hori eraiki gabe dago. Nahiz eta joko asko eman dezakeen, bertsolariak hamar segundotan kantuan hasi behar badu, kontuan hartu behar da minusetik abiatzen dela eta ez zerotik, eta beraz ezin dela berdin epaitu”. Txapelketako desoreken kontzientzia hartzeak ez du galdera makala jartzen mahai-gainean: nola jarri gaiak eta nola epaitu aukera berdintasuna bermatzeko? “Nik ez dut esango ez zer gai jarri behar diren ez nola epaitu, horrek lanketa handia eskatzen du. Baina kontzientzia hartu dezagun normala iruditzen zaiguna maskulino hegemonikorantz okertua dagoela, eta hor kabitzen ez garen emakumeak eta gizonak desabantailan gaudela”.
Saioetan erreparatzeko elementu bat gehiago
Txapelketako errima zorrotzen, argudio kontundenteen eta erantzun azkarren ehiztari diren belarriek badute orain arreta jartzeko beste elementu bat. Betaurreko moreak jantzi eta egoera berean bertsolari har edo emeak lituzkeen helduleku, bide eta baliabideak igartzera jolastea. Bertsozaleek saioan askotan egiten duten galderari “nik zer esango nuke hor?” aldagai bat gehitzea “gizona banintz? eta emakumea banintz?”. Hortik ateratako ondorioak eta gogoetak ziur atsegin handiz hartuko direla Bertsozale Elkartean, eta blog honetan bertan.
Gazte eta eskarmentudunen bertsoak Azkizuko Topaketan
2013-09-17 // Bertsolaritza, Feminismoa // Iruzkinik ez
Irailaren 13an eta 14an Azkizun ospatu zuten emakumetasuna adin guztietako 45 lagunek: 16 urteko koadrila zen gazteena, 65 urtekoa plazan bide urratzaile izandakoa. Zazpi euskalkitan partekatu zituzten bizipenak eta gogoetak, eta praktikara eraman: antzerki bidez eman zieten buelta deseroso sentitu izandako egoerei, eta ofiziokako ariketetan (elkarrizketan, errimatu eta neurtu gabe) generoa planteatuz umorea egiteko saiakeran lotu ziren. Bertso jarriek borobildu zuten asteburua.
“Mundua ezin baita hamarkadaka aldatu”
Azkizun egindako lehen topaketatik hamar urtera etorri da bigarren hau. Aurrerantzean urtero asteburu berean biltzea erabaki zuten. Indarberrituta itzuli ziren, hain bizimodu ezberdinak izanik ere denek egunerokoan esperientzia eta sentipen berak izan zituztela ikusita.
Bizitza eta hilekoa bertso jarrietan
Rosi Lazkanoren sorta honek atea ireki zien borobilean bildutakoei bertsolaritzaz eta bizitzaz hausnartzeko.
Oroitzapenen zakua
erakusteko unea:
Baserri zahar handi baten
famili xume xumea,
eliza eta errezoa,
errespetua gainea,
“Ni pekataria”n hori
itsatsirikan soinea.
Elkarren babesak betez
diru gutxin hutsunea.
Zortzi senide zaharrago
ta azkeneko umea…
Zoriontsu ahaztu gabe
zarela emakumea.
Hamalau urte zitula
neskame lanetan hasi
nesken jakin beharra zen
obeditzea lehenbizi
gau eta egun langile
diru gutxi irabazi
hala ere bizitzarako
nonbait, ondo zuten hezi.
Behar beharrezkoa zen
plantxan ta josten ikasi
ezertan ez zekiela
etsita zenean kasi…
Nobioa egin eta
indultoa irabazi!
Hamabost-hamasei urte:
barruan ezin kabituz,
esplikazio bakarra
zela “kontuz” eta “kontuz”,
astero desberdin batez
txoro-txoro maiteminduz,
denen jakitun zelakotz
ezer ezin konprenituz,
igande arratsaldea
noiz iritsiko kontatuz,
ta gustuko mutilari
lotsaz ezin begiratuz…
Gaur ere gorrituko da
une haiek gogoratuz.
Sei urtez nobioakin
eta elizaz ezkondu
estreinatu beharko zen
hainbeste zuena zaindu!
Ordura arteko beldurrak
nola bat-batean kendu?
Baina hogeita bat urtek
askotako ematen du!
Bikote idilikoa
nahiz pixkat behar zuzendu
ume bat, bi eta hiru
painala eta ukendu…
Etxekoandre izan arren
neskametza ematen du!
Urteak doaz aurrera
eta gorputza baldarra
aitzaki onak: semeak,
etxea edo senarra.
Aldaketa berri batek
ematen dio dardarra
geroz eta hurrerago
bakardadearen marra…
Bera maitatzea zeukan
itxuraz ahaztu xamarra
nahiz oraindik entzuten zun
bihotz taupaden indarra
ohartu da gozatzea
dela falta dun bakarra.
Berrogei eta hamabost
urte kunplituta jada
nahiz sinisteko zaila den
da aldaketa bolada
beti hain lotsati eta
orain ezer ez da traba
ezagutzen zuten denak
harrituta ditu laga.
Nahiz ez izan senidea,
senarra edo alaba:
“Errikotxerako zita”
Ainhoaren* mezua da…
Bertsoak sentimentun bat
nahastu dio behar bada.
*Ainhoa Agirreazaldegi
Taldearen aniztasunaren adierazgarri, gazteenek Bidarraiko bertso udalekuetan egindako kantu hau kantatu zuten.
Emakumetasunari buruzko sortak biltzen hasita, Azkizun estreinatu ez baziren ere, hona hemen Uxue Alberdik Argian argitararatutako “Konplize ditut eta maite ditut denak” sorta, Aire ahizpek eta Mikel Markezek kantatua. Hurrengo topaketarako bertso bilduma osa dezakegu denon artean.
Iberoamerikako haur eta gazte bertsolarien topaketak
2013-09-04 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Aurten bosgarrenez antolatu dute “V Jornada Iberoamericana de niños y jóvenes poetas troveros y versadores” jaialdi ibiltaria (abuztuaren 12tik 25era). Mexikoko bost estatutan aritu dira Kuba, Argentina, Panama, Txile, Venezuela, Kolonbia, Puerto Rico, Brasil eta Mexikoko inprobisatzaileak. Euskal Herriko ordezkari izan dira Miren Artetxe, Iñaki Murua, Esti Alberdi eta Blanca Lopez. Iñaki Muruak gogoeta hauek ekarri ditu bueltan:
Artistak
I. Murua: “Gu ez beste guztiak aritzen dira musika instrumentuekin. Gure kantakera erritmoan oinarritzen da. Kolonbiarrek deitu didate arreta, oso saltseroak dira, jendartera jaitsi eta zirikatzen artistak. Bakoitzak bere estiloa erakutsi du. Oso onak ziren denak bat-batean, maila oso ona zuten. Argentinarrekin sentitu hurbiltasun gehien: kantaera, presentzia, eszenategia betetzea asko gustatu zait haiengan”.
Haur eta gazteen erakusleiho
“Gaztetxoak eta beteranoak joan dira taldean herrialde bakoitzetik. Jende nagusia zen batez ere arriskatzen zuena. Alondrak deituriko hiru mexikar zeuden, eta haien artean koplari modura edo cuartetak egiten zituen 12 urteko neskato bat: Tesi. Zer zen hura, kristoren gatza zeukan! Adibidez, Artetxek bota zion Euskal Herrira ekarri nahiko lukeela hemengo bertsolariekin lehiatzeko eta Tesik erantzuna zapla, ea ba al zeukan anaia gazterik. Hurrena ni nintzen eta bota nion nik baneukala seme gazte bat eta ‘gracias, suegro’ erantzun zidan. Ez zen batere mozten. Bixkorra. Niri hura geratu zitzaidan”.
Transmisio lanean, Kuba
“Nik perzibitu dudana: uste dut Kuban ari direla ongi eskoletan lanean. Gainerako herrialdeetan (Argentinan, Panaman…) bakarka ari dira: inprobisatzaile horietako bat edo bi ari dira eskoletara, etxeetara, udaletara joan eta gogoa dutenei eskolak ematen. Argentinarrak, esaterako, payadore eskolak sortuak ditu eta formatoa patentatuta. Ikusi dut estatua daukaten lekutan kultura indigena indigena dela. Estatuak kultura indigenaren aldeko lana desaktibatu gehiago egin du herrialde horietan, eta norbere burua salbatzen ari dira. Gurean ere kultur gauzak egiteko estatuaren zain egotea denbora galtzea da. Guk Bertsozale Elkartearen lana azaldu genuenean miresmena besterik ez zuten sentitzen. Ez dakit erabat ongi ari garen, baina ez gara gaizki ari”.
Kopiatu beharrekoa
“Asko ikasi, erabili eta kopiatu dezakegu besteengandik. Eta geu erabil gaitzaten ere aukerak eskaini. Lehenago segidillak Kubako dezimistengandik hartu genituen. Oraingoan, bertso eskoletan landu daitezkeen ariketak ikusi ditut. Esaterako, ridikuluari beldurra kentzeko ariketa inposibleak jartzea. Pertsonaia ezagun bat lotu alzeimherrarekin eta hirugarren mugarri batekin, adibidez amaren azken egunarekin. Lotura inposible horietatik badakizu ezin dela ezer onik atera, eta kaka egiten ikastea. Frakasoa ikasteko erabili. Gauza gehiago ere badira: grabazio eta argazki asko ekarri dugu, memoria bat osatuko dugu eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan egongo dira laster”.
2000. urtean Kulturarteko Topaketak antolatu zituen Bertsozale Elkarteak Euskal Herrian. Errepikatzeko gogoa piztu omen du Iberoamerikakoak.
Hurrengo bideoan, iazko jardunaldietan Mexikoko gazteen emanaldia:
http://
Lehen topaketetatik (2009an) beteranoen erronkatzar hau berreskuratu dugu: Argentinako hiru payadore, Panamako Arcadio Caamaño dezimistarekin buruz-buru.
http://
“Neskatx batek” Basarriri erantzun zionekoa
2013-08-26 // Bertsolaritza, Feminismoa // 3 iruzkin
Harribitxia, Bertsoa.com-ek plazaratutako bideoa. Zarauzko Motxian bertso eskolak Basarri jaio zeneko ehungaren urteurrena ospatzeko haren bertsoen emanaldia egin zuen (uztailaren 18an, Torre Luzeko parkean). Beste sorten artean, emakumea “leku txarrean” jartzen zuten “Aitonaren malkoak” sorta kantatu zuen Iñigo Manzisidor “Mantxi”k, Basarriren bertsokera eta imintzioak imitatuz. Eta bere garaian beste sorta batekin erantzun zion Oikiako neskatxak, Inaxi Etxabek, bereak kantatu zituen.
var s1 = new SWFObject(‘/argia-multimedia/js/player.swf’,’single’,’500′,’305′,’8′);
s1.addParam(‘allowscriptaccess’,’always’);
s1.addParam(‘allowfullscreen’,’true’);
s1.addParam(‘flashvars’,’file=http://bertsoa.com/video/13/20130718zarautz/xdz4_gra_20130718zarautz_bi_edit02aitonarenmalkoakbasarriinaxietxabe.flv’);
s1.addVariable(‘showdigits’,’true’);
s1.addVariable(‘volume’,’75’);
s1.addVariable(“captions”,””);
s1.addVariable(‘overstretch’,’fit’);
s1.write(‘container’);
Harribitxia, gizartean autoritate eta errespetu osoaren jabe zen Basarriri, plazan betatuta zeuden emakume bertsolari horietako batek erantzuteko pausoa eman zuelako. Erlijioa zen emakumeak kantura ateratzeko gune babestua, Etxabek elkarrizketan kontatzen duenez (bertsoa.com-eko bideo honetan): “jende aurrean kantatzen nuen, baina ez edozein jaialditan, beti erlijio kutsukoetan. Han inork ez zizun gaizki esaten, baina beste lekuren batean, edo tabernetan edo hasiz gero, emakumeari fama txarra segituan jartzen zioten”.
Maialen Lujanbio 14 urterekin ikusi omen zuen Zarautzen, eta “segi horrela!” animatu omen zuen: “berak ez zekien ni nor nintzen, baina nik bera bai”. Bertsolaritzaren historia osoa berreskuratzeko, Inaxi Etxabe asko ezagutarazi beharko dira. Zorionak, lan horregatik, Motxian bertso eskolari eta bertsoa.com-i.
To, Darwin!
2013-08-07 // Umekeriak // 2 iruzkin
Zein ongi datozen errepikatzen diren cromagnon-ei buruzko dokumentalak, gu ere animaliak garela eta ziminoetatik gatozela gogoratzeko. Bost urteko homo-sapiensak:
– Orduan, zure amona Pepitaren ama tximua zen?
***
Bost eta sei urteko homo erectusak mahaira eseri dira:
– Ai ama, orduan geroz eta tximu gutxiago egongo dira eta pertsona gehiago, tximuak pertsona bihurtzen doaz eta…
– Ez, oraingo tximuak beti tximu dira eta kito.
– A… eskerrak!
Mozkor higienistak
2013-08-01 // Umekeriak // Iruzkinik ez
Bost urteko alaba “eta zer da alkohola?” suspirioka, zaurira zer datorkion igerri nahian. Ama azalpen teknikoak inprobisatzen:
– Ura dirudien likido bat, sagardoak, ardoak, patxaranak dutena. Lasai, garbitu egiten du.
– Horregatik edaten duzue?