Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

Osasun krisian emakumeek egin zuten herri borroka kontatu zuen bertsotan Joxepa Zubeldiak, duela ehun urte

2020-03-21  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Bertso sorta epikoa jarri zion 1918ko baztanga izurriteari Matea Joxepa Zubeldiak. Kronika politiko eta sozial zorrotza idatzi zuen, zortziko txikiko 24 piezatan. Bertan kontatzen du baztangadun gaixoak Lasartetik Hernaniko Benefizentzi Etxera eramateko erabakia hartu zuela Gobernadoreak eta hernaniarrak erabaki honen aurka altxa zirela, arriskuan ikusi zutelako Benefizentzi Etxeko egoiliarren osasuna, hernaniar denena, eta herriko industriarena. Agian orain ulertuko dugu ondoen sorta hau. Bidea urratu duen bertsoak liburuxkan jaso zituen ARGIAk (13. orrian).

Garai hartako udaletxeko akta batek dio apirilaren 2an “ez klase eta ez sexu, inolako diferentziarik gabe” irten zirela herritarrak gaixotasuna zekarren konboiari aurre egitera. Eskura zituzten baliabide guztiekin egin zioten aurre fisikoki. Bertso sorta honetan emakumeak dira borrokako protagonistak eta erdiz erdi pitzatzen digu garai bateko emakumeez daukagun iruditegia. Sorta honek ere jasotzen du, udaletxeko aktak bezala, klase sozial guztietakoak irten zirela borrokara: “andre txit aberatsak / baita ere pobriak”.

Hamaika eta hamabigarren bertsoek hara nola kontatzen duten emakumeen eta guardia zibilen arteko enkontrua:

(Doinuak: Maritxu nora zoaz, pasaiako plazatik, Orioko balearena, Markesaren alaba…)

…

zibilak esan zigun

etxera biltzeko

baizutela baimena

odola ixurtzeko.

 

Ixurtzen badezute

odola gurekin

hil biharrak zerate

zeon zaldiekin

guziok bizkor gaude

gauza gogorrekin

…

 

Ez zen sinbolikoa izan erabili zuten borroka moldea, 15. bertsoak kontatzen duenez:

…

hustuta petroleoz

ospitala igurtzi

aguro erretzeko

kristal danak hautsi.

 

Bertso sortak kontatzen duenaren arabera, ekintza hura izan zen Espainiako agintariak baztangadun gaixoekin atzera eginarazi zituena. Orduan ere elizak hari zuzenak izan, eta Ministroen Kontseiluko lehendakari zen Maurari deitu zioten…:

Apaizak eta monjak

negar eta hausi

halako trantzerikan

ez zuben ikusi

gure monja gaixuak

belauniko jarri

eta telefonuan

Madrila Maurari.

 

Matea Joxepa Zubeldia mahai buruan, alabaz eta bilobaz inguratuta.

 

Herri bazkarian mahai gainera igota kantatu zituen bertso hauek

Honela du kontatua Matea Joxepa Zubeldiaren biloba Mikel Ruizek, Bertsoaren Haria Hernanin liburuan: baztangari aurre egin eta irabazi zutela ospatzeko, herri bazkaria egin zutela Ezkiaga pasealekuan eta bertsolariak, aulki bat mahai gainera igo eta bertan eserita kantatu zuela sorta hau. Ez zegokion harrotasunik eta ohorerik plazandreari, horrela kontatzen zuten bertsolariaren alabek: “zer lotsa guretzat, gure ama mahaira igo zenean jende guztiaren aurrean bertso haiek kantatzera!”.

Gainerako sorta denak erre zizkioten bertsolari ilustratua

Bertso sorta epiko hau da Zubeldiaren obra aberatsetik geratu den pieza bakarra. Bere biloba Mikel eta Joxan Ruizek gogoan dute amona idazle eta bertsolaria zela:

“Gure amak esaten zuen elizan kantatzen ziren kantu batzuen hitzak Joxeparenak zirela”.

“Luma eta tinteroarekin idazten zuen. Poesiak, errezu asko eta bertsoak”.

“Papeleratik paper roiloak ekartzen zituzten. Nik ikusten nuen berak nola egiten zituen orriak, papera neurrira moztuz. Eta orratzarekin eta liztaiarekin josiz, pasta bat jartzen zien aurre eta atzean eta koadernoak osatzen zituen. Denbora librerik zuenean idazten zuen eta bere koadernoak erakusten zizkidan”.

“Oso ilustratua izan behar zuen. Koaderno pila idatzi zituen”.

Nolaz ez dira bertso sorta gehiago iritsi, orduan? Testigantza gogorra, Mikel Ruizek egindakoa: “Alabak oso lotsatzen ziren ama bertsolari zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako. Eta ama hil zenean alabek koaderno denak erre zituzten. A zer galera!”.

EAEn Hezkuntza sailak zuzendaritzengan delegatu du irakasleek etxetik lan egiteko erabakia

2020-03-14  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Martxoaren 13 arratsaldean iritsi da EAEko ikastetxe guztietara Eusko Jaurlaritzaren araubidea. Hauxe dio irakasleek etxetik lan egin ahal izateari buruz: “Irakasleek, behar adina bitarteko digital badituzte eta ikastetxeko zuzendaritzak egokitzat jotzen badu, telelanaren bidez egin ahal izango dute beren irakaskuntza lana, ikastetxera joan gabe.  Ikastetxeetako zuzendaritzek (…) langileak ikastetxean unean unean egotea eska dezakete”.

Martxoaren 13 hori bera izan da Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan klase presentzialak eman ez diren lehen eguna eta goiz horretan aritu dira irakasleak ikastetxeetan bilduta hurrengo asteko lan-martxa antolatzen. Irakasleei etxetik lan egiteko aukeraren berri iritsi zaienerako (arratsaldean), irakasleek gurasoei emailez bidalia zieten hurrengo asteko plangintza (eguerdian). Hezkuntza sailaren araubideak zabaldu die irakasleei etxetik lan egiteko aukera, baina hau praktikara eramateko dagoeneko egina duten plangintza aldatu behar balitz?

Araubideak “ahal izango dute” aditzarekin definitzen du irakasleek etxetik lan egitea, alegia, aukera bat dela. Ikasleen kasuan betebeharra da ikastetxera ez joatea, baina ez irakasleen kasuan. Herrialde garatutzat dugun lurralde batean, eta Isabel Celaa sailburu zenez geroztik ikastetxeak arbela digitalez beteak direnean eta 12 urtetik gorako ikasle bakoitzak bere ordenagailua duenean, kontraesankorra dirudi irakasleek ez izatea baliabiderik etxetik lan egiteko. Irakasleen kasu batzuetan hala balitz ere, araubideak ez du osasun larrialdia oinarri hartuta lehentasunik markatzen. Edo hobeto esanda, hezkuntza kalitatearen bermeari balio handiagoa ematen dio osasun publikoaren bermeari baino: “Ikastetxeko zuzendaritzak uste badu telelanaren bidez kalitatezko irakaskuntza-jarduera baterako berme nahikorik ez dagoela, irakaskuntza jarduera telematikoa ikastetxean bertan egingo da, eta, horretarako, lanpostura joan beharko da”.

Zuzendaritzak erabaki dezala osasun larrialdi egoera batean nola jokatu

Osasun larrialdi egoera iragarri zuen martxoaren 13an bertan Urkullu lehendakariak. EAEko hezkuntza publikoan irakasleen mugikortasuna handia da, lasai asko egin ditzake irakasle batek egunero 100 kilometro etxetik lanerako joan-etorrian. Milaka dira irakasleak eta ikastetxe batzuetan ehun kidetik gorakoa da lantaldea, beraz, martxoaren 13an  Hezkuntza Sailak ikastetxeetara bidalitako araubidearen helburua bada “birusaren hedapenari eusten laguntzea”, sektore garrantzitsua da irakasleena. Zergatik delegatu du Hezkuntza Sailak zuzendaritzengan honen kontzientzia hartu eta neurri eraginkorrak planteatzea? Ez al dagokio hori osasun larrialdi egoera izendatu duen Jaurlaritzari, eta ez ote lukete zuzendaritzek nahikoa lan, Jaurlaritzak markatutako lehentasun edo irizpide horiek beren ikastetxeetan nola aplikatu zehaztearekin?

Nork zaintzen ditu irakasleen familiak?

Irakasleek bere umeak eta zaharrak etxean utzita joan behar dute ikastetxera. Beraz, zuzendaritzen esku dagoen erabaki horrek, alegia, telelana egiteak edo ez egiteak, milaka etxetako zaintzan ondorioak dakartza.

Formek ere badute bere garrantzia

Hezkuntza sailburuak martxoaren 12an jakinarazi zuen aldi baterako eskola presentzialak eten direla eta beraz, ikasleak ez direla ikastetxera joan behar. Lehenik komunikabideen bidez jakin zuten neurri honen berri zuzendaritzek, irakasleek eta familiek, eta ondoren iritsi zen ikastetxeetara jakinarazpen ofiziala, eta ikastetxeetako zuzendaritzek jakinarazpen hori bera zabaldu zuten familietara. Hedabideetan albistea azaldu eta jakinarazpen ofiziala jaso bitarteko tarte horretan, irudikatu gurasoen waxap taldeak: “Diario” honek hau esan duela, besteak zera espero duela… zurrumurruz jositako gai larri honetan, ez ote luke ordena eta eraginkortasun handiagoa adieraziko barne kanal ofizialen bidez jasotzea hasieratik informazioa irakasle eta gurasoek? Ez al du errespetu falta adierazten erabaki horrek biharamunetik bertatik zuzenki eragingo dien irakasle eta hezkuntzako profesionalekiko, kanpotik edonork beraiek baino lehen jakiteak?

Hona hemen ikastetxeetara zabaldu duten araubidea:

Zortzi gako bakoitza bere etxetik ari delarik bilera eraginkorrak egiteko

2020-03-13  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Martxoaren 13, lehen aldiz ari gara ARGIAko lankide guztiok bakoitza bere etxetik lanean. Koronabirusak trebatu araziko gaitu bilera telematikoetan. Gauza bat baita erredakzioa bilduta gaudenean etxetik ari den pertson bat Skypez bileran integratzea eta bestea bakoitza bere etxetik ari denean tajuzko komunikazio jendetsua burutzea.

Lehen baldintza, tresnak aukera ematea

Ezagunenak diren herremintek lau lagun lotzen dituzte aldi berean. Talde handiagoentzako, Jitsi plataforma izan daiteke egokia.

Nola arbitratu taldea bakoitza zelai batetik ari denean

Eraginkortasunerako zortzi gako hauek eman ditu, lan moldeei buruzko aholkuak ematen dituen Manahmana enpresak. Hemen laburtuta eta berridatzita:

1.-Hasi aurreko beroketak

Ziurtatu kide bakoitza leku lasai batean dagoela, internet konexio onarekin, eta bere ordenagailuak kamara eta aurikularrak dituela.

2.-Partida batek 90 minutu irauten ditu eta helburua golak dira

Gogoan izan bilera birtualak jarraitzea zailagoa dela, beraz, bilera deitzen duenak oso argi izan behar du zein den bileraren helburua eta nola egingo den bilera. Inoiz ez egin 90 minutu baino luzeagoko bilerarik.

3.-Estrategia emailez bidali aurretik
Bilera baino 15 minutu lehenago partida horretara konbokatutako guztiei email bidez bidali oinarrizko dokumentazioa. Lehen orrian hauek agertzea komeni da: bileraren helburuak, bukaeran lortu beharrekoa, joko-arauak bilera eraginkorra izan dadin.

Arbitroak erabili ditzakeen joko-arauak hauek izan daitezke, adibidez: “banaka hitz egingo dugu, txata erabiliko dugu iruzkinak gehitzeko, denborak errespetatuko ditugu, ez dugu errepikatuko beste batek dagoeneko esan duena”.

4.-Tresna egokia erabili

Garrantzitsuena kide guztien aurpegiak ikusi ahal izatea da. Artikulu hasieran aipatu dugun Jitsi plataforma izan daiteke bat. Manahmanak Zoom gomendatzen dute.

5.-Arbitro: markatu denborak eta parte-hartzea

Beharrezkoa da norbaitek bilera bideratzeko funtzioa betetzea. Horretarako, bilera hasieran azaldu nola izango den bilera egiteko modua, eta adostu nor izango den hitzen txanda emango duena eta denborak markatuko dituena.

Arbitroak txilibitu gisa erabili ditzakeen esalditxoak dira: “hitzen errondarekin jarraituko dugu”, “nola erantzungo zenuke esaldi bakarrean?”, “ezer gehitzekorik, xxxx?”, “hurrengo gaira pasako gara”.

6.-Laburtu eta argitu

Bileraren zati bat bukatu denean arbitroak itxiera emango dio atal horri, esandako guztiaren laburpena eginaz eta hartu diren erabakiak zerrendatuz. Azken esaldi hon bat da: “Horrela guztia jasota geratu da?”.

7.-Linierra txata da

Bilerak iraun bitartean, txat bidez egin ditzake partaide bakoitzak bere ekarpenak. Horrela, bakoitzaren ekarpenak idatzita gelditzen dira.

8.-“Futbola horrela da…” (jokoaren egitura)

Bilera birtuala antolatzeko, hona hemen egitura sinple eta eraginkor bat:

  • Hasi bilera helburua azalduz, nola egingo dugun lan eta nortzuk ari garen parte hartzen bileran.
  • Gogorarazi joko-arauak
  • Ireki gaia: eman azalpena eta bukatu galdera batekin.
  • Eman 5 minutu bakoitzak bere kasa pentsatu dezan eta txatean idatzi dezan esateko duena.
  • Ireki erronda bat: bakoitzak laburrean azaldu dezala esateko duena, eta bakoitzak bukatu duenean galdetu “norbaitek galdetu nahi dio zerbait?”; hala ez bada, eman txanda hurrengoari. Kontuz, ez egin aurrera kide guztien ekarpenak entzun baino lehen.
  • Laburtu ordura artekoa eta atera ondorioren bat. Galdetu ea beste zerbait gehitu behar den.
  • Joan idazten eta osatzen denen artean adosten doan hori.
  • Erabili galderak, elkarrizketa gidatzeko. Komeni da galdera batzuk prestatuta eramatea.
  • Laburtu eta itxi bilera. Elkar agurtu.
  • Idatzi bileraren laburpena eta bidali partaide guztiei emailez.

“Greban gaude, bizitza bizigarriak nahi ditugulako, lan burujabea oinarri”

2020-01-31  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

“Ni nire lanpostuan baldintza duinetan nago, greba hau ez da niretzat”. Ez da lehen aldia izango horrelakorik entzun duzuna.

Langileak jabe diren, enpresan modu demokratikoan antolatzen diren eta bizitza erdigunean jarriz gizartea aldatu nahi duten ekonomia sozial eraldatzailearen sarea da Olatukoop (ARGIA ere bertako kide da). Langileak direnez jabe, ahalik baldintza onenetan egiten dute lan. Baina ez diezu komatxo artean dagoen esaldi-tranpa hori entzungo. Alderantziz, hara puntu batean zer dioten U30ean zabaldutako oharrean: “Greban gaude, herritarren eta komunitateen beharrei begiratu behar diegulako. Elkartasuna norberaren ongizatetik harago kokatuz. Despopulatutako lurraldeak, landa eremua eta bizitza prekarizatuak gehiengo diren hiri-auzoetako bearrak, denon behar bihurtuz jendarte kohesiorako estrategiak landu nahi ditugulako”.

Beñat Irasuegi Olatukoopeko kideari luzatu diogu galdera hori bera, alegia, enpresako erabaki guztien jabe den langileak zergatik egin behar duen greba U30ean. Hauxe bere erantzuna:

Ekonomia sozial eraldatzaileko @birasuegi – k azaldu du zergatik egin duten greba bere lan baldintzak langileek erabakitzen dituzten enpresek ere @OlatuKoop pic.twitter.com/lP0pWm4gx6

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Merezi du “Greban gaude” behin eta berriz errepikatzen duen testua irakurtzea, bertan ekonomiaren ikuspegitik grebarako aldarrikapenak gehitu baitizkiote grebari. Esaterako: “Greban gaude, hegemonikoa den ekonomia eta jendarte eredua ez delako gurea. Bizitza bizigarriak nahi ditugulako. Lan burujabea oinarri, aberastasuna sortu eta banatzeko baliabideen jabetza kolektiboarekin. Ekonomia sozial eraldatzailea horretarako bidea da, eta den-dena nahi dugulako antolatzen ari gara”.

Azken puntuan, eztabaida baten beharraz ohartarazi dute: “Greban gaude, kooperatibismoan eta ekonomia sozialaren baitan eztabaida beharrezkoa delako. Berez pertsonen alde egin behar lukeen ereduaren merkantilizazio prozesua gelditu nahi dugulako”.

Piknika McDonald’s aurrean

Donostiako manifestazioaren ostean, Bulebarreko McDonald’s aurrean egin dute piknika, etxetik ekarritako jakiekin. “Kapitalaren erdigune bihurtzen ari den Donostian”, “elikadura politizatzea” izan du ekintzak helburu, sareetan zabaldutako mezuaren arabera. Kide askok eskertu dute aktibismoa eta bizitza uztartzeko modu hau: “Bestela eguerdian hiri erdian aurkitzen duzu zure burua, ez duzu tabernetan kontsumitu nahi baina ordu asko dituzu oraindik aurretik… hurrengo manifestazioetarako ere oso ekimen ona iruditu zait, beharrezkoa” adierazi du piknikean parte hartu duen herritar batek.

Eta bai, jan eta edan dugu, baina #ElikaduraBurujabetza kontuan izanik, gozatuz, eta ahal izan dugun neurrian elikadura ere politizatuz.
Zabaldu behar dugun beste oinarrizko ildo bat.#ESEgreban #GrebanGaude #U30GrebaOrokorra#ESE ? @bibaardoak #ArdozaleErradikalak pic.twitter.com/Gsyy1KVpZF

— OlatuKoop (@OlatuKoop) January 30, 2020

“Jarrai dezagun dena eraldatzen, elkartasun sareak eraikitzen”

U30eko mobilizazioak jarraipena izan behar duela, mezu hori zabaldu du Olatukoopek sareetan: “Gaur gure gorputzak zeharkatu dituen elkartasun sare honek jarraipena izan behar du, ez diezagutela sentipena hitzekin edo eguneroko errealitate kapitalistarekin lapurtu. Greba egin dugu, bizitzaren alde inork gelditu ez gaitzan. Jarrai dezagun dena eraldatzen, elkartasun sareak eraikitzen”.

Greba aurretik zabaldu zuten bideoa ikusita, pentsa liteke grebaren aurreko mezu antzekoarekin itxi dutela greba eguna bera. Grebaren biharamonean ere berdin balio du bideoak:

Kontsumitzaile gutxi U30 goizean Urbil merkatal gunean

2020-01-30  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Argazkia: Dani Blanco.

Aspaldi izan zen aurreko greba orokorra. Aurreko grebetan herri kaxko askotako komertzioa ia erabat itxi arren, merkatal gune handietan apenas nabaritu izan zen grebaren eraginik. Greba hau ezberdina izan da Usurbil merkatal gunean:

Ehun grebalari inguru elkartu dira Urbil merkatal gune aurrean, ateak irekitzeko ordua baino lehen. Ertzainak daude atean. LAB sindikatuko kide bat joan da ertzainekin hitz egitera. Grebalariei azaldu dienez, ertzainek hiru kideri utziko diete sartzen, ez besteei. Sartuko diren hiru kideak identifikatu egingo dituzte, gainera.

Sesamo Auzoa telebista saio mitikoko Koko-k azaldu ahalko luke greba goiz honetan “kontsumitzaile” eta “grebalari”en arteko aldea, poliziarentzat:

– Grebalariek ezin dute sartu. / Kontsumitzaileei “pasa lasai” egiten diete ongi-etorria.

– Grebalarien artetik sartzen diren hiru kideak identifikatu egingo dira. / Ertzainek “kontsumitzaile” gisa identifikatzen dituztenei, ez die karnetik eskatuko.

Grebalariek erabaki dute denak batera sartuko direla, jakinik hiru identifikatuko dituztela, eta gero gerokoak. Bideo hauetan ikus daiteke gertatu dena:

Tentsioa @CCUrbil en, ertzainak galerazi baitie grebalariei barrura sartzea #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/mAgsVaSSWj

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Ertzainek @CCUrbil eko sarrera alarazteko porra kolpe batzuk ere eman dizkiete grebalariei #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/NKcrX1o9pX

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Dani Blancoren argazkiek ez dute mugimendu beharrik:

Argazkia: Dani Blanco.

Argazkia: Dani Blanco.

Argazkia: Dani Blanco.

Gutxi batzuk izan dira barrura sartzea lortu dutenak. Gainerakoak ateetan geratu dira, aldarrikapenak oihukatuz. Sartu den gutxi horietako bat izan da LABeko kide Elias Miner. Bideo honetan kontatu du barrura sartutakoan aurkitu dutena:

Ate nagusi honetatik kontsumitzaileak tantaka sartu dira lehen ordu hauetan. Bost minuturo erosle bakarra edo bikote bat, irudikapen bat egiteko. Grebalariek gaur ez dela kontsumitzeko eguna oihukatu diete, eta atea ertzainez josita ikusita, atzera-aurrera egin ez zekitela geratu dira gehienak. Batzuek barrura, besteek buelta egin dute.

Gasolindegi automatiko aurrean eserialdia

Langilerik ez dago Urbil merkatal guneko gasolindegian. Automatikoa da, ordea, eta gasolina kontsumoa oztopatzeko eserialdia egin dute grebalariek gasolindegi sarreran.

Laster etorri da ertzainen furgona. Eserita zeudenak lasai lasai altxa eta joan egin dira. Ertzainek bat apartatu eta karneta eskatu diote (beheko argazkian):

Donostiako manifestaziora abiatuko dira grebalariak. Merkatalguneko aparkalekuan batzuek han eta besteak hemen taldetxotan daudela, ertzainak taldetxo batengana joan dira eta beheko txioak kontatzen du Urbileko goizaren amaiera:

. @CCUrbil eko kontzentrazioa bukatu eta bakoitza bere kotxeetara zihoala, ertzainek bultzada hartu dituzte batzuk. Mikel Olabide @argia – ko lankidea argazkiak ateratzea Gatika inguratu dute. Bideo hau hartzeagatik identifikatu naute, oraingoan kazetari modura #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/VEe2XjL1kN

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Ekuazioa

Lasarten goizean identifikatua izan ostean (kazetari txartela eman diot ertzainari, baina hori ez du eraman nahi izan eta estatuaren karneta hartu dit), eta Urbil merkatal gunean eguerdian kazetari moduan identifikatua izan ostean (kazetari txartela hartu dit ertzain honek), ekuazio hau atera daiteke:

Ertzainak herritarren bat besteengandik urrundu eta identifikatzen duen bitartean grabatzen ari den pertsona identifikatuko du jarraian. Zergatik ez du kamararik nahi jarduten duen bitartean? Koko-k ere azalduko luke erantzuna…

 

 

 

 

Lasarteko kale-garbitzaileak

2020-01-30  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Lasarteko Okendo plaza, argitu berri. Grebalari talde batek ekin dio kalez kale “gaur greba eguna da!” oihuka. Taberna eta komertzio ia denak daude itxita, eta irekita dauden bakanen ateetan grebaren afixak itsatsi dituzte, informazio orriak banatu, lemak aldarrikatu. Irekita zegoen komertzioren bat ixtea lortu dute.

Lasarten komertzioa ireki ez dezaten “gaur #U30GrebaOrokorra! Ez, ez, ez, eskirolik ez!” oihuka grebalariak pic.twitter.com/iY6xJMQL9h

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Agian momentu baterako, baina ixtea lortu dute #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/y0UaIq2JPU

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Hipodromo etorbidean gora Uistin kale izkinan kalea garbitzeko gurdi motorduna dabil, erratz automatikoekin atzera-aurrera, “ttur-ttur”. Grebalari batzuek afixa jarri diote gurdi makal honi ere. Eszenak badu komikotik zerbait. Umore zakarrez hartu du ordea kale-garbitzaileak. Makinatik atera eta errieta batean ekin dio afixak kentzeari. Grebalariek lasaitzeko eskatu diote, gaur ez dela lanerako eguna…

Une bateko xextra izan dena, saltsa bihurtu du instantean bertan etorri den ertzain pareak. Bideoak erakusten du nola grebalari bat bereizi duten besteengandik, eta identifikatzeko eskatu dioten.

Momentuan ertzaintza etorri da eta grebalari bat identifikatu du. Eztabaidan aritu dira garbitzeko makina itzali ote duen edo ez pic.twitter.com/3MLcLSwmnr

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Momentuan ertzainen furgoneta bat etorri da eta beste lau bat agente joan dira grebalariengana, horietako bat eskutan arma handi bat duela, umeek jostailu berria dutenean egiten duten moduan erakutsiz.

Ertzain armatuak zuzen jo du mugikorraz armaturiko kazetariarengana eta ondoren izan duten elkarrizketa idatzita dago txio hari honetan:

Identifikatu naute. Kazetari txartela eman nahi izan diet, baina haiek ezez, NAN-a emateko. Argazkian: ertzain bat nire NANa eskuan, beste bat grebalaria identifikatzen, eta ondoko argazkian @diariovasco ko argazkilaria identifikatzen #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/uEVZ4jSvrf

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Ertzainak bakoitzari bere estatu-txartela itzuli dionean aurrera jarraitu du kale bueltak.

Banketxe aurrean grebalari batzuek egindako parodiak umore gazia plazaratu du: hipotekak eskaintzen ari dira, baita “langileen zukua” ere.

Lasarten bankuen aurrean parodia egin dute, hipotekak eta “langileen zukua” eskainiz #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/P0lkSoKrFj

— Estitxu Eizagirre (@eeizagirre) January 30, 2020

Okendo plazara itzuli dira, bidean batu zaien jendearekin, talde askoz handiagoa da orain. Urbil merkatal gunera joango dira.

“Ondo hasi dugu eguna” pentsatuko zuten herritar bakoitzari zenbaki bat esleitzen dion estatuko txartela ertzainei eman behar izan dieten grebalariak, kazetariak eta argazkilariak. Greba egun osoa dago aurretik, zenbat herritar identifikatuko ditu poliziak egunean zehar Euskal Herri osoan? Mozal Legeak txeke zuria luzatzen dien polizia indarren apetaren eskutan geratuko da herritar horien guztien izena, nahi dutena egotz diezaiekete. Oso dantzatua izan den kantuak gazteleraz dioen bezala, si te mandan una carta…

Irabazten jakin, txapela kentzeko moduan

2019-12-16  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Txikitatik dira txapeldun Gaztelumendi anaiak. Beti da zaila irabaztea. Beste zerbait da, txapela kentzeko moduan txapela eramatea. Hala zeramaten irabaztearen kontua bi txikitoek.

Erraz egiten zuten bertsotan Hernaniko bertso eskolara lehen aldiz etorri zirenerako. Aldiz, bere adin bereko bertso eskolako kideentzat hasiera garaiak  ziren. Eta zer? bertso bakoitza entzunaz gozatzen zuten. Taldeak bakoitzari aitortzen zion bere “bertsotarako gaia”, bakoitzak txiripaz edo intentzio osoz, bertsotara eramatea lortu zuen zera hori. Plazako bertsolariak miresten zituzten, bati entzundako bertsoa eta besteak txapelketa hartan kantatutakoa ikasi eta maiz kantatzen zituzten kideen artean. Elkarrekin ilusio handiz prestatzen zuten txapelketa eta batez ere, taldekako agurra:

 

“Gure auzoa ezagun

egin du Unanuek

berdin egingo degu

gaur bi enanuek!”

 

Bota zuten taldekako agurra, Añorga auzoaren izena loriatzeko aukera baliatuz beti eta Mikel Unanue pilotari mitikoa inbokatuz. Mikrofonora hanka-puntetan jarrita ere ozta-ozta iristen ziren pottoki ahotsdun garai hartan. Eta txapelak iritsi ziren, bata bestearen atzetik.

Puntuazio altuenari lotuta haien izena entzun zuten bakoitzean, begien dir-diran eta irri lotsatian azaleratu zuten poza. Lorpen handienen uneetan ere, ez zitzaien futbolarien gol txoro bakoitzaren osteko ospakizun arranditsurik ikusi.

Bertso eskolan ospatu genuen final bakoitza. Hasieran taldean eta ondoren bakarka irabazitako txapelak talde osoak ospatu zituen, denak sentitzen ziren garaipen horretan parte. Saioko une gogoangarrienak biziberritzea zen kontua, litxarreria kraskatsu eta gasdun freskagarriak irentsi artean. Bakoitzak besteen bertsoaldi mitikoenak kontatzen zituen parodia ahalik ongien eginez, inork ez zituen norberaren bertsoak nabarmendu inoiz.

 

Irakurriko genukeen errelatoa

Kide guztiak bezala, bi ume izan ziren. Ia inor bezala, ia txapela guztiak jantzi zituztenak. Eta helduen begirada ere bazuten: bertsotan kantatzen zituzten arrazoiak, ez ziren beti bizitza laburrak emandako eskarmentutik ondorioztatuak. Nondik zetozkien? Bertso zahar eta berriz gainezka zuten ganbaratik, noski, Xabier eta Pili gurasoek umeen zaletasunari jaten eman izanari esker. Ume artean bat gehiago ziren eta bazekiten helduen artean portatzen, gai ziren Usurbilgo bertso eskolan helduekin arratsalde ederrak pasatzeko.

Umeen bizipenak zituzten, eta aldi berean, bazuten egoeraren kanpoko begirada heldu hori, kritikoki aztertzeko txapelketen presioa, bereizteko hedabideetako momentuko aparraldia eta egunero bertsolaritza bizitzearen poza, erlatibizatzeko garaipenen balioa eta pasatutako une larrienak umorerako gai bihurtzeko.

Umetatik hainbestetan irabazi duen Gaztelumendi batek, kontatuko balu zergatik izan zuen hasieratik bere ikaskideen aurrean ez nabarmentzeko jarrera fin eta inteligente hori, eta tartekatuko balitu bere ume bizipenak eta garai hartan bertan zeukan bere bizipenen kontzientzia heldua, opari ederra litzateke gaur egun dena irabazi behar duten umeentzat eta baita arrakasta pertsonalerako gakoz apalategia beterik duten helduentzat ere.

Koldo Izagirreren “Mendearen umeek munduari desafio” hitzaldia: Euskal Herriak hontan iraun ez dezan

2019-05-22  //  Kultura, Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Argazkia: Dani Blanco.

Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki du maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko burutzen ari den zikloaren lehen ekitaldira. 1958-1964 urte bitarteko Zeruko Argiako artikulu hautatuak irakurriz josi zuen Izagirrek hitzaldiaren haria. Besteak beste, gai hauei buruzko iritzi artikuluak entzun genituen: Zeruko Argiako harpidetza pagatzeaz, Unamunoren balizko euskaltasunaz, langile klasearen eguneroko bizimoduaz, euskara maitatzeko zergatiez, “hemen euskaraz hitz egiten da” afixaren ekarpen ustelaz, erdaldundutako herrietan euskaraz irakastearen zentzuaz, eztabaida ideologikoetako poesia faltaz… Izagirrek (ia)osorik irakurri zituen artikuluak, eta entzuleak estimatu zituen artikuluen artean Izagirrek umore finez egin zituen lerro arteko irakurketak.

Zeruko Argian soka luzea ekarri zuten iritzi artikulu bidezko eztabaidak entzunda, ondorio modura Juan San Martinen esaldi hau gelditu zitzaigun bati baino gehiagori buruan iltzatuta: “Euskerazko astekari batek epelkerien lapikoa baino zerbait gehiago izan behar du”.

Hitzaldiari izenburua eman zion Arestiren artikulu baten pasartea irakurriz (Zeruko Argia, 1964-03-14) amaitu zuen Izagirrek hitzaldia: “Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara”. Pasarte honi tiraka, honela biribildu zuen jarduna Izagirrek: “Kultura berri hori umotzen hasia zen eta Arestik berak ere lanak izan zituen, zenbaitetan, asimilatu ahal izateko. Nekez, zalantzaz, kontradikzioz, aurrerapusoz eta atzerajauziz, bazetorren euskalduntasun modenoaren hedatzailea izan genuen 1963 hartatik aitzina Zeruko Argia aldizkaria: Euskal Herriak ‘hontan iraun ez dezan’ saiatu zen sutsu garai hartako gazteriaren multzo kontzientziatua”.

Eztabaidarako atalak eta iritzigileak

Zeruko Argiak eztabaida sustatzeko izan zituen atalak ezagutu genituen Izagirreren hitzaldiaren bidez, eta atal haietan idatzi zuten sinadurak.

1963an Ezta…baida atala estreinatu zen eta bertan ugari idatzi zuen Eibarko euskaltzaleen nukleoak: Juan San Martin, Serafin Basauri, Imanol Laspiur… beste egile hauen artikuluak ere irakurri zituen Izagirrek: Joxe Azurmendi, Jose Maria Etxaburu “Kamiñazpi”, Gurutz Ansola…

Garai berean Esamesak atala ere egon zen, hasieran Arantxa-k eta ondoren Urreta’tar Miren Arantxa-k sinatua.

1964an Idoyaren egunerokoa atala idatzi zuen Idoia Auñamendi sinatutako batek, “Idoya Estornes suposatzen dut” zehaztu zuen Izagirrek.

1965-1968 artean Gazte Naiz atala izan zuen Zeruko Argiak. Ramon Saizarbitoriaren sei artikulu argitaratu ziren lehen sei asteetan. Izagirreren hitzetan: “Sei artikulu hauek ildo bat markatu zuten, tituluetatik bertatik: Jaiak, atseden / Gazte zarrak / Eginbeharrak / Ez naiz jatorra…”.

Sinadura hauek aurki daitezke Gazte Naiz atalean: emakumeak asko, Garbiñe, M. K. Uranga, Mari-Beltz, Ane Garin, Mari Karmen Garmendia, Arantxa Gurmendi, Maddi, Miren Olarreaga, Begoña Arregi, Itziar Bikendi, Alberdi’tar Miren Itziar, Maria Luisa Olaziregi, Ikerne Irizar, Mirentxu… eta gizonezkoen artean Iñaki Beobide, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Gomiga (Gotzon Garate), Anjel Zelaieta…

1967an Gazte Naiz atalaren barruan beste atal hau abiatu zen: Hemen Gazteagoak. Bertan idatzi zuten 18 urte inguruko gazte hauen artikuluak irakurri zituen hitzaldian Izagirrek: Joxemi Zumalabe, Itziar Bikendi, Antton Santamaria eta Rafa Egiguren.

Rafa Egigurenen artikuluak itzal handiko kultur gizonen erantzun katea ekarri zuten: Gabriel Arestik idatzi baitzuen kontra eginez, eta ondoren Carlos Santamariak, gaztearen alde.

Klase kontzientziaren konpainian zinemara bazoaz

Koldo Izagirrek irakurritako artikulu asko eta askorekin gozatu genuen hitzaldian. Kuttunenetako bat hau egin zitzaidan lehen entzunaldi hartan. Plazer duenarentzat:

Motorraren Gañean (Bilbo egaleko historiak) (Angel Zelaieta. Zeruko Argia, 1967-06-11)

Gaur arratsaldean Bilboraño allegatu naz pelikula bat ikustera. Eguzki epela, giro biguna, arratsalde gustagarria… Ta ni motarraren gañean Bilboruntz; lenengo burdibide batetik behera, gero karretera yeneralean zear, motor gañean, Bilbora, zinea ikustera.

Pelikula polita izan da; ezta egon yente askorik; eta egoan yentea denpora-pasa sartutala zala zirudian. Begira nengoan begira, baña nere errikorik, Bilbo egal onetakorik, ez egoan iñor!

Gero barriro motor gañean, guanteekin, kaskuarekin eta bakarrik Bilbo egal onetara itzuli naz, behetik gora burdibide baltz batetik.

Nere barruan beste persona bat egoan ta ni kamiñoari begira txofertzen nentorrela, barrutik preguntaka egoan:

—Ba al daukak deretxorik olan alaiki ta zinera yuateko, ireak lanean triste diarduenean; ire umeak zikin xamar yantzirik, barrio zikin orretan, yoko zikinak egiten diarduen bitartean; ire barrioko andrak ontziak garbitu ondoren, etxeaurrean eguzki epeletan erropa zaharrak erreparatzen diarduen bitartean…

—Ba al daukak deretxorik ire yentea ”ertzean” bizi dan bitartean i ortik zear alaiki, kamiño barrietan zear, zinera yuateko…

—Ba al daukak deretxorik ire yentea barrio triste batean buruak eta soiñak triste yantzirik dituen bitartean, i uri dotorera, zine elegante batera motor gañean yuateko…

Nere barruan etorren persona ori oso kargantea da; banengoan ardaua eskeiñi, mozkortu ta ixildu eragitekotan be, baña ezta olan izan.

Pentsatzen yarri naz, ta nere yenteak berak egin ta beretzat dan zine bat zelan egingo pentsatzen lokartu naz.

PSE-EEko zerrenda da Larraulen eta Berrobin aurkeztu den bakarra: orain zer?

2019-05-21  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

PSE-EE alderdiak Larraulen aurkeztutako zerrenda horretan ez dago pertsona bakar bat ere herrian bizi denik. Beste hautagaitzarik aurkeztu ez denez, Udalean informazio eske galdera sartu du herritar batek.

Zenbat boto atera behar ditu aurkeztu den zerrenda horrek, alkatetza hartzeko?

Larraulgo Udalak galdera honi erantzuteko Hauteskunde Araubide Orokorraren 180. Artikulura jo du. Honen arabera, boto baliagarrien %5 lortu behar du gutxienez, aurkeztu den zerrendak zinegotziak eskuratzeko.

Boto zuriak ere baliagarriak dira

Boto baliagarriak bi dira: aurkeztu diren hautagaitzak eta boto zuriak. Beraz, PSE-EEren alkatetza nahi ez duen herritarrak hauxe du igandeko bozketan hori ekiditeko aukera bakarra. Zuri bozkatu, PSE-EEren hautagaitzak boto baliagarrien %5 lortu ez dezan.

Boto zuria ez da paper zuri bat

Inoiz zuri bozkatu ez duen herritar askok jakin ere ez du egingo zuri nola bozkatzen den: sobrea hutsik sartuta. Beste modu batzuk ere boto zuri gisa hartzen ditu Hauteskunde Araubide Orokorrak, baina ez dira posible aurtengo Larraulgo kasuan: adibidez, legez kendutako hautagaitzaren alde eman den boto-papera.

PSE-EEk boto baliagarrien %5 lortuko ez balu, nork kudeatuko luke Udala?

Larraulgo Udalak kontsulta egin dio Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoen Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari, eta hona jaso duen erantzuna: “Aipatzen duzun kasua gertatuz gero, hauteskundeen legeak ezartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzorde kudeatzaile bat osatu beharko duela. (…) Batzordea 2015eko udal hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdi politikoko hautesleez osatuta egon behar da. Hori posiblea ez balitz, Aldundiak batzordea osatuko du borondatez aurkezten diren pertsonekin”.

Borondatezko pertsonekin batzordea osatzea: ez litzateke lehen aldia

Aurtengo hauteskundeetan Larraulen egoera berean dago Berrobi, hau ere Tolosaldeko herria. Eta bi herri hauen egoera berean egon zen 2015eko udal hauteskundeetan Albiztur. Borondatezko pertsonekin batzordea osatuta kudeatu dute herria azken lau urteotan.

Leurtzan ezagutu ditugun anfibio eta narrastiak

2019-05-20  //  Plan tematikoak  //  Iruzkinik ez

Txantxiku arrunta. Europako aporik zaharrena. Sakanan kunkuna deitzen zaio, bere txistuak egiten duen hotsa dela-eta.

 

ARGIAren mendeurrena ospatzeko, maiatzaren 18an ARGIA Jendea Leurtzako urtegietan ibili ginen, Iñaki Sanz-Azkue, Ander Izagirre Egaña eta Alberto Gosá adituen laguntzaz, anfibio eta narrasti bila. Goizean talde batek egin zuen txangoa, eta Beintzako frontoian bazkaldu ostean, arratsaldean beste talde bat ibili zen. Euri zaparradek ez zituzten kideak atzendu, baina ez zen batere giro aproposa behaketarako, anfibio eta narrastiak gu bezala ezkutuan egoten baitira euria eta hotza denean. Hala ere hainbat espezie ikusten aukera izan genuen, eta bi aurkikuntzen lekuko izan ginen, egun bakarrean!

Goizeko taldea, lehor eta irribarretsu.

 

Arratsaldeko taldeak eguraldi okerragoa izan zuen, baina arrabioa eta suge-belarra ikusteko ohorea.

Uhandre pirinearra eta suge-belarra

Hiru adituak goizean goiz joan ziren Leurtzako urtegira, eta katiuskak jantzita, belaunetaraino bustita aritu ziren ordubete espezie berezi baten bila. Baita aurkitu ere! Potean sartu, eta goizeko zein arratsaldeko txangoetako kideei erakutsi zieten aurkikuntza: “Uhandre pirinearra. Mundu osoan Pirineoetan baino ez dira hauek aurkitu. Leurtzako urtegietan 1981-1982an ikusi zituzten, eta geroztik hauek bertan ikusi gabeak ziren. Gu gara ikusten hurrengoak! Besteak beste, espezie hau ikusteagatik hautatu dugu Leurtza txangoa egiteko”.

Uhandre pirinearra, Leurtzako txangoari ekiteko lehen sorpresa.

 

Uhandre pirinearrak begietara begiratzen digunean…

Bigarren aurkikuntza egunaren bukaeran etorri da, txangoan parte hartu duen Tolosako kide baten eskutik, iratzeetan aditua bera: Iratze oso berezi bat da, hosto zabal baten ondoan jaiotzen dena, zutoin bakarrean tente. “Suge-belarra deitu zaio, miztoaren itxura hartu ahal zaiolako”.

Belardi horretan iratze jaio-berri bat aurkitu egin behar du pertsonak!

 

Seinalatuta ere, nahiko lan.

Aurkitu ditugun espezieak

Sugandila ar eta emea esku banatan, bien arteko ezberdintasunak azaltzen. “Zorionez, naturan dena askoz aberatsagoa da, horregatik da oso zaila ar-eme bereiztea”.

“Orain utzi niri horma-sugandila”. “Itxaron pixka bat, nire txanda da-ta!”.

 

Sugandilek isatsa galtzea erabaki dezakete biziari eusteko baina energia galera izugarria ekartzen die eta kartilagoa hazi artean zaurgarritasun handia: oreka eta mugimendua ez dituzte hain finak, gutxiago atera ahalko dira jan bila eta jaten duten guztia isatsa berreraikitzeko beharko dute.

 

Zirauna zer da, sugea ala sugandila mota bat? eta zergatik? umeek asmatu dute erantzuna.

Sugeak ez dira euritara atera. Argazki handien bidez eman dituzte espezieen azalpenak hiru adituek.

 

Uhandre palmatua.

 

Sugandilen arrautzak. Ba al zenekien habi kolektiboak izaten direla eta sugandila bakoitzak 4-6 arrautza jartzen dituela bertan?

 

SOS anfibioak

Alberto Gosák azaldu digu egoeraren larria: onddo patogeno batek anfibio asko (txantxikua, uhandre palmatua…) erabat desagerrarazi dituela aste gutxitan bai Europa iparraldean, bai Iberiar Penintsulako hainbat tokitan. Iñaki Sanz Azkuek emandako azalpenaren arabera, “anfibioek hain azal fina izanik, airean eta ingurumenean dauden edozein partikulek zuzenki eragiten diete, adibidez kutsadurak, pestizidek… Oso bioadierazle onak dira, hau da, anfibioak gaizki badabiltza, erne! esan nahi du zerbait ez dabilela ongi leku horretan. Klima aldaketa sumatzen ari da anfibioetan. Eta gainera, kulturalki hain fama txarra dutenez, beren egoera oso larria da. Anfibioen %30 desagertze arriskuan dago”.

Txantxikuetan arra da arrautzak bizkarrean eraman eta zaintzen dituena, egunero putzuraino joan eta bustiz, eta ondoren ezkutalekuan mantenduz.

Naturarekiko errespetuz

Biologoek jarritako baldintza betez, talde mugatua izan ziren goizekoa zein arratsaldekoa. Biologoek anfibio eta narrastiak hartzeko baimena eskatu zuten Nafarroako Gobernuan, eta beraiei oharrei jarraituz aritu ziren gainerako kideak. Behin izaki hauek behatuta, bere ingurunera nola itzuli azaldu zuten: aurkitutako leku berean utzi, lehenik harria jarri lehen zegoen leku eta modu berberean, eta ondoren anfibio edo narrastia utzi harri azpian (ez alderantziz).

Bertakoek udan itzultzeko gomendioa egin digute: urtegia erabat beteta, bainatzeko eta eguna bertan emateko paraje zoragarria da. 671 metrora dago.

Elkarrekin beste ehun urte!

Talde anitzak elkartu dira: umeak, helduak eta gazte izanak; Leurtza inguruko herrietakoak eta Bizkaia eta Gipuzkoakoak; biologoak eta espezie hauekiko azalpenak lehen aldiz entzun dituztenak… giro lasai eta irekian partekatu dugu eguna. Urroz eta Beintza-Labaiengo udalen ekarpenari esker musutruk izan dugu gaurkoan sarrera (gainerakoan, pertsonako 3 euro ordaindu behar da urtegietara sartzea). Eta erakunde publikoen laguntzari esker, landa koaderno bana jaso dugu, anfibio eta narrastiei buruzko informazioa bertan idazteko.

Landa-koadernoan apunteak fin hartu dituenik bada!

Eguerdian ardo eta zuku ekologikoz topa egiterakoan, edo egunaren amaieran entzun den irrintziarekin, beste ehun urte desiatu dizkiogu ARGIAri. Kezka batekin itzuli gara etxera, ordea: ehun urte barru zenbat anfibio eta narrasti ikusi ahalko dituzte Leurtzan, espezie hauen %30 desagertzeko zorian direla jakinda?

Mila esker Ander Izagirre Egaña, Iñaki Sanz-Azkue eta Alberto Gosá. Zuen azalpenei esker txangoa luxua izan da.

4 / 30«Aurrekoa3456102030Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA