Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

Amaia Agirrek emakume baserritarrei jarritako bertsoak

2018-10-17  //  Bertsolaritza, Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Urriaren 13an Zizurkilen emakume baserritarrak omendu ziren. Zimiterioan egin zen ekitaldi horren barruan kantatu-antzeztu ziren Plazida Otañoren bertsoak (hemen bideoa). Ondoren, 4 eme taldeak dantza hunkigarria egin zuen eta azkenik, Amaia Agirreren bertso hauek biribildu zuten omenaldia. Bideoan, tamalez, ezin izan genituen guztiak hartu.

 

EMAKUME BASERRITARRAK

DOINUA: Bizkorra ez naiz baina badaukat.

EGILEA: Amaia Agirre.

 

Baserri baten bizi iraupen

sustengu zen auzolana

oinarri eta habe sendotzat

zeukaten hartu-emana

labaderora bidean noiznahi

hitzez goxatuz joana

buru gaineko xexterak ere

garraiatuz banan bana

jarrera garbi, otzana (berriz)

etorkizuna eraiki eta

deseraiki iragana

orain pekatu onargaitza da

lehen sakratua izana. (berriz)

 

 

Amak edota amonak kontu

ta kantuak xehetzean

esaera ta bertso zaharrak

behin sukaldera heltzean

ahoz ahoko jakinduria

babarrunak aletzean

hizkuntza zenbat aberasten den

hitz jokoek edertzean

sutondoan esertzean (berriz)

emakumea balore ikur

kanpoan eta etxean

jarraibidea antzua baita

transmisiorik ezean. (berriz)

 

 

Baserrietan emakumea

agindupera sortu da

sendagilea, sukaldaria

nahiz ama baten ardura

azoketako tratularia

unean behar zen hura

maiz bere bizkar zaharren zaintza

ta haurren elikadura

beti menpeko modura (berriz)

obligazio ezin da izan

garai bateko ohitura

sekula esker onik jaso ez ta

bestearen zerbitzura. (berriz)

 

 

Arrotz zaizkie leku publiko

eta esparru zabala

protagonismo ukazioa

ere ez da kasuala

hitza hartzeak eragiten du

lotsakizun kolosala

baina denborak ta arrazoiak

lekuz aldatu ditzala

mamia eta azala; (berriz)

ganbaran gorde ohi den altxorren

kutxa bat balitz bezala

ikusi ez arren bera da argi

egiten duen itzala. (berriz)

 

 

Gure esparru dira jendaurre,

plaza edota taberna

guk kudeatu ta antolatu

nahi dugu gu geu garena

erreferente premia ase

eta berrien sormena

lortu dezagun isileko lan

jasoaren onarpena

ta ez soilik aipamena (berriz)

zaindu “beti hala izan da” esaldi

fetitxeen ondamena

zer den kimatzen dena eta zer

errotik erauzten dena. (berriz)

 

 

Zeinek agindu ta erabaki

nor bai ta nor ez zerbitza

zeinek hautatu sarraila forma

ta zeinek moldatu giltza

zeinek epaitu gure gainetik,

ta antolatu bizitza

bidezidorrak estalitako

sastrakatan ez gabiltza

gurea da erdigintza (berriz)

Gora plazandre nahiz klausurako

baserriko nahiz anitza

landu dezagun norbere lurra

ta erein dezagun hitza. (berriz)

Adriana Otaño eta Mikaela Elizegi: Emakumeak bertso ondarea aletzen

2018-10-16  //  Bertsolaritza, Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Hitzaldi berezia eskaini genuen urriaren 10ean Zizurkilen, udalak antolatuta: bailarako bi bertsolari handiren bi alaba hartu genituen ardatz, eta bi emakume haiei esker gaur arte iritsi zaizkigun bertso (batzuk oso) ezagun eta (denak) ederrak entzun ahal izan genituen, Unai Mendizabal eta Oihana Iguaranek kantatuta eta Tomax Lizardik gitarraz lagunduta.

Hemen ikus daiteke bideoa. Eskerrik asko grabatu eta bertsoen hitzak idatziz dotore txertatu dizkion Antton Iztueta Anbune-ri. Ondorengo testuan, idatziz dauden bertso hauek bideoan zein momentutan ikusentzun daitezkeen adieraziko dugu, material oso erabilgarri eta gozagarria direlakoan.

Aleak hautatu eta gordetzea: kultur lan funtsezkoa emakumeen esku

Emakumeek kulturan lan oso funtsezko hau ere egin izan dute: etorkizunerako haziak hautatzea. Etxeko uztatik, bertako ondasunetik, aleak hautatzea eta etorkizunerako gordetzea, berriz ereiteko. Hazien hautaketa horrek etxean belaunaldiz belaunaldi metatzen den kultura gordetzen dute: dugun horretatik zeri ematen diogu balioa? Nola gorde, nola zabaldu? Hitzaldira bertaratutako entzuleek oparitxo batekin egin zuten topo aulkian: babarrun eta arto aleak biltzen zituen kartoizko kaxatxo bat, kanpoaldean emakume bertsolari baten bertsoa idatzita zuena (emanaldian entzungo genuen bertsoetako bat zen).

 

1896an Arrasateko Euskal Jaietan: Joxe Zapirain, Pello Errota eta Pedro Mari Otaño. Pello Errotaren alaba zen Mikaela Elizegi, Pedro Mari Otañoren lehengusua zen Adriana Otaño.

 

Bailarako bi bertsolari familietako bi emakume dira artikulu honetako protagonista: Mikaela Elizegi, “Pello Errotaren alaba” gisa ezaguna dena, eta Adriana Otaño, Plazida Otaño bertsolariaren ahizpa txikiena, Jose Bernardo bertsolariaren alaba, Pedro Mari Otaño bertsolariaren lehengusua. Eta hara nola datozen pare-parean bi emakume hauek bertso haziak hautatzeko eta gordetzeko langintzarekin. Horrela du idatzita Pedro Mari Otaño eta bere ingurua liburuan Antonio Zavalak (13. orrian): “Adriana,  Jose  Bernardoren alaba. Ura bezin iturri oparorik ez nuala arkituko. Ala, bi edo iru bider bisitatu nuan. Izketaldi aietatik atera nuana liburu ontan arkituko du irakurleak. Bide-gurutze batean arkitu nintzan, ordea, une artantxe. Adriana onek larogei ta bi urte zituan. Pello Errotaren alaba Mikelak, berriz, larogei ta amairu. Noren oroipenak biltzen asiko nintzan? Zalantza ortan denborarik galdu gabe, zaarrenarengana jo nuan. Orrela osatu zan Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburua. Beste aldera artu izan bagendu, Jose Bernardo Otañoren bizitza bere alabak kontatua liburua izango genduan. Bitartean, ordea, Adrianari mundu ontatik joan bearra iritxi zitzaion. Mikelak, berriz, beste sei urteko bizitza izan zuan”.

Adriana Otaño Odriozola

1880an jaio zen Zizurkilen, Errekalde baserrian. Aita Jose Bernardo Otaño bertsolaria zuen eta ama Klara Inazia Odriozola Urbiztondo, Beizamakoa. Bederatzi anai-arrebetatik zazpigarrena zen, Plazida zuen ahizpa zaharrena. Adriana, Inazio Bengoetxea Martiarenarekin ezkondu zen eta Adunako Belen etxean bizi izan ziren.

Teodoro Mujikak honela kontatu zion Antonio Zavalari: “Egun batez, hauxe galdetu nion:

– Adriana, zure aitak bai al zuen ohiturarik etxean edo familian bertsotan aritzeko?

– Bai, mutil, bai. Gehienean bere semeren bat edo alabaren bat izaten zian lagun egiteko, eta bakarrik ere kantatzen zian harek, etxean edo familian. Ura hartarakoxea huan, eta hari etzitxion hori kentzerik”.

Beraz, etxean bertsotan egiten zuten garai hartan, ez tabernan bakarrik. Eta etxean gizonak eta emakumeak aritzen ziren bertsotan. Adriana Otaño eta Mikaela Elizegiri esker dakizkigu beren familiako gizon bertsolari handien bertsorik intimoenak, bizitzako gorabeherei lotuen dauden bertsoak. Adibidez, Adrianari esker iritsi dira gaur arte Pedro Mari Otañok eta bere osaba Jose Bernardok (Adrianaren aitak) elkarri kantatutako bertso epiko hauek:

Pedro Mari ohearen bila

[Bideoan 9:15 minutuan]

Adriana Otañok horrela kontatua du Otaño eta bere ingurua liburuan: “Pedro Mari Otaño Amerikatik etorri zan. Donostiko Lasarterekin zan. Bere lagun bat zuan hori, oso gizon balientea. Atea piska bat iriki zutela uste det, eta Pedro Marik kantatu zuan:

 

Pedro Mari Otaño. Iturria: “Otaño eta bere ingurua” liburua.

 

 

Nere osaba, ez baldin badu

eginkizun aundin bat hor,

gizon bat dago berorren galdez,

ate ondoraño betor.

Bedorrek ondo dakiena da

agintzen dana dala zor

bera jaio zan ohiarcn bila

iloba oraintxen dator.

 

Ni aditzen nengoan. Eta gure aitak [Jose Bernardo Otañok] honela erantzun zion ate barrendik:

 

Jose Bernardo Otaño. Iturria: “Otaño eta bere ingurua” liburua.

 

 

Nere illoba, esaten dizut

ongi etorri zerala,

jaiotako ohia jantziko dizut

gusto haundiz berihala,

arropa zuri ederrenakin,

parpallak darizkiola,

sinistamena eman deizudan

bihotzez nahi dizudala.

 

Besterik ez dakit kantatu zuten. Orduan ateak iriki ta barrena sartu ziran Donostiko Lasarte haundi hori eta Pedro Mari. Ama sukaldean eta ni sukaldera joan nintzan korrika, berari esatera:

 

-Ama, ama, bertsotan ari dira! Eta amak esan zidan:

– Bai, bai. Ixo, ixo. Egin dezatela.

 

Bitartean kantatuko zuten gehiago. Baina ez nituan aditu. Hala beharko zuan. Ni neska koskorra orduan”. Adrianak bederatzi edo hamar bat urte izango zituen orduan. Baina bazuen bere ingurukoen bertso aleak hautatu eta gogoan hartzerakoan, kantatuak izan ziren bezala hartzeko nahi hori. Izan ere, Adrianak honelatsu esan zion Antonio Zavalari 1960 urte inguruan: “Lehengoan hemen kantatzen ari ziren bertso horiek, eta esan nuen: ‘Ez da hori horrela’. Nik han aditu nituan”.

 

Otañotarren gutunak

[Bideoan 13:10 minutuan]

Otañotarren bertso jarriak ere famatuak dira, Zizurkildik Argentinara eta Argentinatik Zizurkila, bertsotan bidaltzen baizizkioten sarri elkarri eskutitzak. Pedro Marik bere osaba Jose Bernardori egin ziona, Aita Zavalaren hitzetan: “Ziur asko, bertsotan euskeraz iñoiz idatzi dan eskutitzik bikaiñena eta famatuena”. Amabigarren bertsoan esaten denez, arrebak eskatu zion Pedro Mariri bertsoak jartzeko, osaba Jose Bernardok bialdu zizkionei erantzuteko. Zorionez, osaba Jose Bernardok bialdu zituen horietatik, bertso bat osorik eta beste baten bukaera ezagutzen ditugu, beraren alaba Adriana zanak emanda:

 

Sasoi onenak aldegin zigun,

ez gaude lehengo tamainak;

eta lehen ere, egia esan,

ez ginan oso bikainak;

memoritikan notizi txarra,

trabak daduzka mingainak,

dijuazenak baino hobeak

esperatze’itut ordainak.

 

Eta bestearen bukaera:

ia etortzen ote zeraten

nere anaia ta biok.

 

Mikaela Elizegi Bengoetxea. Iturria: “Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua” liburua.

Mikaela Elizegi Bengoetxea

1869an jaio zen, aita Pello Errota bertsolaria zuen eta ama Joakina Antonia Bengoetxea Zizurkilgo Galardi baserrikoa.

Berari esker idatzi zuen Antonio Zavalak Pello Errotaren historia. Honela kontatzen du “Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua” liburuaren sarreran: “Pello Errotaren seme-alabaetatik bat bakarra bizi da, Mikela, 94 urterekin. Jaun-goikoari eskerrak, urteak ez diote batere burua illundu, ezta ere mingaña lotu. Makiña bat arratsalde goxo pasa izan degu bera kontari ta ni entzule. Ta obe bearrez, bereala asi nintzan magnetofon bat eramaten. Arrezkero, arek jasotzen zuan gure berriketa guzia”.

Mikaela Elizegik errotaritza ikasi zuen, aitaren ofizio bera zuen. Eta bera ere bertsolaria zen, aita bezala.

Pasarte honek lotzen ditu aita-alabaren arteko bi hariak, errotariena eta bertsolariena. Mikaela Elizegiren hitzak dira, Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan:

Asteasuko Goiko Errota, bertan jaio ziren Pello Errota eta Mikaela Elizegi ere bai.

[Bideoan 17:30 minutuan]

“Errotarien bizitza zer izango da ba? Ekartzen zuten gari ta arto-lakakin bizi bear gu danok. Famelia aundia giñan da, orain aña pantasi gabe azi ginian, bai! Gure aita gizajoak etzion bere buruari asko barkatu. Al zuan modu guzietara sayatu bearra izan zuan, gu danontzako lortuko bazuan. Orregatik, bertsotara joanda dirua ekartzen zuanean, pozak gu danak. Orain urte asko ez dala, San Pedro bigarren batean, Uztapide gure etxean, Astiasun, bazkaltzen izan genduan. Ta bazkalondoan bertsoa bota zidan, “amona, zer moduzko biziya” galdetuaz, ta nik olaxe erantzun nion:

 

Pobriak jayo eta

pobriak biziyak,

inork eztit ukatzen,

eman nai guziyak,

nunbait izango ditut

danak mereziyak,

zor artzekotan kito,

Jaunari graziyak”.

 

Uztapideri bertsoa botatzeko bertsolaria behar zuen. Etxean egiten zuten bertsotan, lehen esan dugun moduan. Mikaelaren beste bi bertso ere iritsi dira gaur arte, 80 urterekin, famili ospakizun batean kantatutakoak.

 

Joxepa Inaxi Elizegi Bengoetxea

[Bideoan 19:40 minutuan]

Mikaela Elizegiri esker dakigu, baita ere, bere ahizpa Joxepa Inaxi bertsolaria zela. Merezi du Joxepa Inaxi Elizegi bertsolaria ezagutzea. Baliteke bera izatea (XIX. mendean) sagardotegian kantatu zuela ezaguna zaigun lehen emakume bertsolaria. Artikulu honetan duzu, Zizurkilgo hitzaldian emandako azalpenak idatzita.

 

Pello Errotaren bertso ezagunenak

Mikaela Elizegi bertsolaria beraz, Uztapideri kantatutakoa, bere ahizpa Iñaxirekin kartaz bertsoak idatzitakoak elkarri, eta Mikaelari esker dakizkigu, baita ere, Pello Errotaren bertso asko. Batzuk oso ezagunak, besteak oso intimoak, etxekoak. Hemendik aurrera entzungo ditugun bertsoak Pello Errotarenak dira, denak Mikaelari esker dakizkigunak.

Karidadeko Benta, auzolanean egin zelako hala deitua. Pedro Mari Otañoren gurasoena zen, eta bertan biltzen ziren bertsotan egiteko bailarako bertsolariak, tartean Pello Errota.

 

[Bideoan 26:05 minutuan]

Bertso famatuenetako bat hauxe, Karidadeko bentan kantatu zuena, eta Mikaelari esker iritsi zaiguna:

 

Karidadeko bentan

gu sei bertsolari,

Errekalde zaharra ta

Juan Jose Udarregi,

Bernardo Zizurkilko

Gazteluko Gorri,

Errenterikua da

Xenpelar jaun hori,

ni Astiasukua,

Pello Errotari.

 

Donostiako Teatroan

[Bideoan 27:10 minutuan]

Mikaelak horrela kontatu zion Antonio Zavalari: “Hurrengo bertso hauek Donostiko Teatruan nik neronek adituak dira. Hamasei bat urte izango nuan nik ordun. Inaxi ahizpa ta biok [Joxepa Inaxi Elizegi, bertsolaria, gorago aipatu duguna], aitak pagatu gabe sartu giñun, eta goi-goyen egon giñan bertsoak aditzen. Aurretik esan ziotena, ‘Zer moduz bizi zera’ edo holako zerbait zan. Ta gure aitak bi bertso auekin erantzun zion”:

 

Larru gorrian jayo nintzan da

ez det aberastasunik,

nigatik eztu iñork esango

kaballerua naizenik,

gure Jainkuak gau eta egun

ez dit palta osasunik,

tamaña honetan naizen artian

ez daukat estuasunik.

 

Lehenago esan det jayo nitzala

ni ere larru gorriyan,

mundu onetan ez naiz bakarrik

beste askoren neurriyan,

ziudade ez da haundia agertzen

Astiasuko herriyan,

bolara hontan bizitutzen naiz

oso kontentu haundiyan.

 

Anaiaren soldaduska

[29:05 minutuan]

Mikaela mintzo da berriz Auspoako liburuan: “Besteak ordurako hillak ziran ta Migel Anton genduan ordun anaya bakarra. Ta kinto-eguna etorri zitzayon. Jai-goiza zan ta Donostin tiratzen zituen suerteak. Ama etzan gauza elizara ere joateko, ta bildurrez ta kezketan zegoan.

-Hau lana! Seme bakarra etxean, da orain zer ikusi bear degu? -esaten zuan.

Aita berriz, bezperan nonbait ere kanpoan izana zana badakit, ta artean gaita xamarrean zegoan. Ta jeiki baino lehen, ohearen eskinan jarri ta bertso hau kantatu zuan:

 

Nere etzan-lekua

izango da ohia,

hemendik egin behar

lehenbizi pregoia:

eztakit dedan poza

edo dan jipoia,

libre ateratzen bazat

hilko det kapoia.

 

Mikaelaren ezkontzaz

[Bideoan 30:30 minutuan]

Antton Kortajarenarekin ezkondu zen Mikaela. Baina nobio garaian nahiko hizketa-gai eman zuten inguruan. Entzun nola kontatu zion Antonio Zavalari: “Nere nobioa etxe oneko mutil eder-galanta zan, kontrariyorik gabe zegoan pulsolaria. Horregatik, alkarrekin tratatzen hasi giñañean, hala esaten zioten gure aitari:

-Hire alaba ez dek hara sartuko, ez.

Eztayetan, berriz, hala esan zioten:

-Orain kontentu egongo haiz, alaba hemen sartuta.

Ni josten ondo ikasia nintzan, bañan baserriko lanetan gutxi nekian. Aitak eta amak kalera ezkontzea nahi zuten, da hasieran etziran guztiz konforme ni Ondartzara ezkontzeaz. Horregatik gure aitak, hola tentatu zutenean, bi bertso auek kantatu zituan:

 

Amari esan zion

ezkontza hau lehenengo,

baserrira joatia

ez zeritzan ondo:

“Arriua besterik

ez dinat emango,

nahio nuke, alaba,

ez bazina juango”

 

Aditu zuanian

aman albistia,

alaba hau gelditu zan

entero tristia:

“Ama, ez da posible

nik hori uztia,

guztiak kalietan

bizitzen eztia”.

 

Zepai, Bautista Kortajarena eta Uztapide.

Mikaela Elizegiren eta Antton Kortajarenaren semea izan zen Bautista Kortajarena Elizegi, “Bautista Ondartza” bertsolari ezaguna. 1903an jaio zen. Aitona Pello Errotarekin ere harreman handia izan zuen eta herriz herri aritu zen bertsotan, Uztapiderekin-eta. [Hitzaldian, bat-batean arituta, oso gaizki eman nuen datu hau: Uztapide Mikaela Elizegirekin eta bere seme Bautistarekin aritutakoa zen bertsotan, ez Pello Errotarekin].

 

Amaren heriotza

[Bideoan 34:10 minutuan]

Mikaela Elizegik kontatuta dakigu beste bertso hau ere. Mikaelari-eta ama hil zitzaienean, Pello Errotak bertso hau bota omen zuen plazan, Txirrita edo beste bi bertsolariren aurrean:

 

Gazterik egin gendun

alkarrekin junta,

hogei urte baino lehen

ginan ezkonduta;

orain bakarrik nago

Jainkuak kenduta,

ai, zeruan balego

emazte difunta!

 

Pello Errotaren jendaurreko azken bertsoa

[Bideoan 35:20 minutuan]

Astiasuko eliza berritu zuten, eta hura berriz ireki zutenean festa handia egin zuten. Mikaelak horrela kontatu zuen: “Gure aita, ordurako xar-xarra zegoan. Bertsotan asko aritu zan arratsaldean, elizaren kontu guziak kantatu zituan; txalo pranko ere jo zioten. Bainan gero, eliz-atarian, gazteek atzeneko bertso bat botatzeko eskatu zioten. Ta gure aitak bertso hau kantatu zien:

 

Hau esango dizuet

azken-azkenian,

zer egin behar dezuen

hiltzen naizenian:

errosayo bat esan

nere izenian,

zerura joan dedin

Pello zuzenian.

 

Argazki honetan bezala, etxeko atarian zegoela, kantatu zuen Pello Errotak azken bertsoa. Mikaela Elizegiri esker dakigu. 1915ekoa da argazkia, 1919an hil zen.

Azken bertsoa, Erniora zioazenei

[Bideoan 37:00 minutuan]

Pello Errotak plazan kantatutako azkeneko bertsoa horixe izan zen, baina Mikaelaren hitzetan: “geroztik ere bota zuan beste bertso bat gure etxeko atarian. Erniyoko erromeria zan, da jendea bidea betean zijoan. Usurbiltik eta, Oyartzundik eta, oso urrutitik etortzen zan garai artan jendea, San Juan Txiki bezpera gaba oinez bidean pasata. Gure aita mandioko atearen kontra zutik zegoan jendeari begira. Ta jendea, erromerira bezela, soinu-joz eta deadarka, bulla ederrarekin zijoan. Bainan batzuek ola esan zioten:

-Urrutikoak bagoaz gurutzera, ta bertakoak ez? Emengo jendeak federik ba al du?

Ta bertsoa bota zien [hasiera ez zuen gogoan]:

 

———————-

——————

nere esplikaziyua

dizutet emango,

beti izan izandu naiz

fediaren bando,

Pello Errota Erniyora

gehio ez da juango.

 

[Mikaelak jarraitzen du hizketan] Nik hori aditu, alegia gure aita Erniyora etzala geyago joango, ta a zer negarrak egin nituan! Ta aitak, neri begira jarri ta ala esan zidan:

-Zeri negar egiten dion?

-Berori Erniyora geyo juango ez dalako.

-Hi ere geldituko aiz joan ezinik, bai.

Ez nintzan ordea bereala gelditu! Larogei ta bi urterekin igo nintzan ni Erniyora”.

 

Pello Errotaren heriotza

Mikaelak horrela kontatu zuen Pello Errotaren bizitza… liburuan: “Beti Ama Birjinari eskatzen ta, atzeneko, Ama Birjina Kandelariokoak eraman zuan. Goiz aldera joan nintzayon, ta hala galdetu nion:

-Zer moduz dago, aita?

-Hitza moteltzen ari zait eta burua ere lotzen.

-Bai, mingaina ta burua gehiena nekatuak dauzka berorrek bere denboran, eta haiek aurrena ahulduko zaizka.

-Bai, halaxen den, bai.

Ta gabean goiz aldera hil zan”.

Mikaelaren bertsoak bere aitaz

[Bideoan 40:00 minnutuan]

Pello Errotari omenaldia egin zioten Asteasun 1965 urtean. Mikaelak 96 urte zituen, eta omenaldi hura zela eta, bertso hauek jarri zituen biharamunean-edo. 1995ean Antonio Zavalak eta Bernardo Atxagak hitzaldia eman zuten Mikaela Elizegiri buruz (Bertsolari aldizkariaren 17. zenbakian idatzi zuen kronika Laxaro Azkunek), eta hitzaldi horretan kontatu zuen Zavalak, nola bizi izan zuen omenaldi eguna Mikaelak: “aitari debozio handia” omen zion eta desiatzen omen zegoen eguna iristeko, eta beldur ere bazela ez zela iritsiko bizirik. Eta ordurako Mikaela Donostian bizi omen zen, eta Asteasura etorritakoan batek kaso eta besteak kaso, eta batek galdetu eta besteak kontuak esan, hainbeste nekatuta, nahi baino lehenago erretiratu behar izan zuela etxera. Bertsotan sumatzen da eguna ez zuela nahi adina gozatu.

Bertso hauetan detaile gisa, ikus dezakegu nola Pello Errotak jendaurrean kantatu zuen azken bertsoan bukatu zuen esanaz errosario bat kantatzeko zeruan sartu zedin, eta Mikaelak berdin eginaz bukatu zuen bertso sorta hau:

 

Adoratu dezagun

gure aita zana,

gizon txiki pobre bat

munduan izana;

sekulan etzan aitu

aren almazena,

relijiosua ta

hizketan zuzena.

 

Meza nausia Asteasun

ikusi etzana:

hiru seme aldarian

herrikoak danak;

gero predikatutzen

Lekuona jauna,

nere aitaren bizitza

esplikatu dana.

 

Erregali eder bat

uste gaberikan,

oso gelditu nintzan

aturditurikan;

grazirik eman gabe

aldegin handikan,

triste etorri nintzan

Asteasutikan.

 

Laroi ta amasei urte

kunplituta bela,

pentsatzen det birian

hasia nagoala;

aditzen badezute

ni hila naizela,

errezo txiki bana

esan dezatela,

zeruan sartu dedin

lehenbailehen Mikela.

 

Omenik onena, langintzari jarraitzea

Emanaldi hau ez dadila hemen bukatu, jarraipena eman diezaiola bakoitzak bere etxean eta bere inguruan, hemen entzun dituenak gogoan hartuz eta ingurukoei zabalduz. Hainbeste emakumek, eta entzun dugun bezala Adriana Otañok eta Mikaela Elizegik horrela egin zutelako dakizkigu egun euskal kulturako ale eder horiek. Eta emakume hauek egin zuten lanaren omenaldirik onena, geronek langintza horri jarraitzea da. Kasu honetan, emakumeek egindako bertso bana eramango dugu etxera idatziz, horien bertsoak baitira gutxien iritsi zaizkigunak.

BIDEOAK: Plazida Otañoren bertsoak antzeztuta

2018-10-15  //  Bertsolaritza, Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Urriaren 13an emakume baserritarrei ohore egin zieten Zizurkilen. Unai Mendizabal herriko bertsolariak aurkeztu zuen emanaldia, eta Tomax Lizardik gitarraz lagundu. “Baserritarra zen Plazida Otaño. Baserritarra, eta bertsolaria” hitzekin abiatu zuten emanaldia.

Haritz Zubillagak eta Janire Sansebastianek antzeztu zituzten Plazida Otañoren bertsoetatik gaur arte iritsi diren bat-bateko bi aleak. Bi bertsoak ere, garaiko bi bertsolari handiei erantzunaz kantatutakoak dira. Bideo hauetan ikusentzun daitezke, bakoitza bere testuinguruan.

Txirritari erantzunez

Plazida Otaño soroan lanean ari zela Txirritak kantatutako bertso pikantea, arropa gutxirekin zebilelakoan, eta Plazidaren erantzun kolpea:

Hemen Txirrita eta Plazidaren arteko bertsoak, irakurtzeko:

 

Gauz bat esango dizut

modu ondraduan,

noski ez naiz hasiko

hemen endreduan.

Nonbait egongo zara

aldarte beruan,

gaur horla zabiltzanean

udako beruan,

ez da atsegin izango

zure inguruan.

 

Plazida Otañok erantzun hau eman zion:

Arrazoi horrek badu

bere parezera,

konprenituko dezu

mutila bazera.

Udarako beroaz

kexatzen al zera?

Lana hortan badezu

egiten atzera,

fraide sartu zintezke

komentu batera.

 

Jose Bernardo Otañori (bere aitari) erantzunez

Beste bertso hauek, berriz, etxean kantatu zituzten, bazkalostean, aita-alabek: Jose Bernardo Otaño eta Plazida bertsolariek. Alabak ezkontzeko asmoa zuela bota zion lehenagotik, eta aitak gazteegia zela erantzun. Plazidaren errematea ederra:

Hemen Jose Bernardo eta Plazidaren arteko bertsoak, irakurtzeko:

 

Ezkondu behar dunala,

hoi den balorea!

Hamazortzi urte den

hire edadea.

Pikara, gaizki hazi,

lotsarik gabea,

hik aberastuko naun

lehen banaiz pobrea.

 

Plazidak aitari ostera:

 

 Aita, zahartu ta gero

garai hobea ezta,

neska gazteak ere

badu bere kezka;

ilea zuriturik,

nobiorik ez-ta,

orduan alferrik da

soinua ta festa.

 

Plazida Otañoz gehiago jakiteko, hemen “Etxea plaza zeneko bertsolaria” artikulua.

Joxepa Inaxi Elizegi: XIX. mendeko sagardotegiko bertsolaria

2018-10-10  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Asteasuko Goiko Errota. Bertan jaio ziren Pello Errota, Mikaela Elizegi eta Joxepa Inaxi Elizegi bertsolariak.

Pello Errota hil zela 100 urte beteko dira 1919an. Bertsolari handiaren oroimenez hainbat ekitaldi burutzen ari dira. Mikaela Elizegi Bengoetxea ere bertsolari ezaguna zaigu, berari esker idatzi baitzuen Antonio Zavalak Auspoa sailean Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburua. Zavalak Pello Errotari buruzko mahai-inguruan esango zuenez (Bertsolari aldizkariko  17. zenbakian Laxaro Altunek 26. orrian jasoa), liburu hori ez zen erdia ere izango Mikaela Elizegigatik ez balitz. Baina Mikaela Elizegiri zor diogu, baita ere, jakitea bere ahizpa Joxepa Inaxi bertsolaria zela.

Joxepa Inaxi 1864an jaio zen, eta hau dio Mikaela Elizegik bere ahizpaz Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua liburuan: “Gure ahizpa Joxepa Inaxi senideetan bigarrena genduan, eta bertsotan zekiana zan. Garai hartan Astiasuko plazan bi sagardotegi ere baziran. Sagardorik ez genduan etxean, errotan, eta kaletik eramaten genduan. Ta gure ahizpa hori sagardo eske joango zan, da han bi mutilzahar bertsotan ari omen ziran. Aitaren gainean-edo ariko ziran, da orduan gure ahizpa horrek bertso hau bota zien”:

 

Bertsotan ari dira

bi galtza-jario,

bat ……………

bestia Antonio,

jendia emen dago

hoik diala merio,

aita guriarentzat

ez dute balio.

 

Joxepa Iñaxiren bat-bateko bi bertso iritsi dira gaurdaino: biak sagardotegian kantatu zituenak, eta biak Mikaela Elizegik gogoan hartu eta Antonio Zavalaren liburuetan bukatu zutenak. Hona bigarrena, Mikaelak kontatuta: “Behin batean, gure ahizpa Joxepa Inaxi, sagardotegian toriatu egin zuten, bertsotan hasteko alegia, eta gure ahizpa horrek horrela kantatu zien:

 

Gogorikan ez daukat,

lotsa bestetikan,

horra emakumea

naizen partetikan;

toriatzen banazue

aldamenetikan,

ederrak aditzeko

zaute nigandikan.

 

Eta hori esanda alde egin zuan handik, gehiago ez kantatzeagatik».

Bi bertso dira, baina oso garrantzitsuak: izan litezke sagardotegian bat-batean emakumeek kantatuta ezagutzen diren bertso zaharrenak, eta bakarrak. Norbaitek besteren batzuen ezaguerarik badu, esan edo pasa.

Bi ahizpa elkarri bertsoak gutun bidez bidaliz

Mikaelak kontatzen du bere ahizpa Joxepa Iñaxi bertsolaria 20 urte ingururekin Argentinara joan zela. Mikaelak xehetasun bat eman zuen kontakizunean, emakumeen migrazioarekiko dugun iruditegiarekin bat ez datorrena: “Orduan neskatxa kuadrillak joaten ziren, eta gure ahizpa ere bere neskatxa lagunekin joan zen”. Joxepa Inaxik nahi zuen bere ahizpa Mikaela Argentinara joatea, eta honek ezetz esaten zion. Kartaz elkarri bertso bana jarri zioten gai horren inguruan, eta Mikaelak gorde zituelako dugu hauen berri:

 

Joxepa Inaxi:

Nere ahizpa Mikela

nik abixaturik,

ez duela etorri nahi

bidean bakarrik,

ez det nahi eukitzea

etxean negarrik,

hor gelditzen bazera

zeretzat alferrik.

 

Mikaela:

Ahizpa, bidaltzen dizut

horren errespuesta,

oraindik ni juatea

segurua ezta,

horrenbeste enpeñoz

gelditzea gaitz-ta,

akaso joango naiz

mudakorra naiz-ta.

 

Bertso hauek eta beste asko entzungai gaur Zizurkilen

“Emakumeak ondarea aletzen” bertso-hitzaldi musikatua egingo da gaur Zizurkilen, bertako udalak eta Harituz Bertsozale Taldeak antolatuta. 19:00etan Iriarte Kultur Etxean izango da. Bertan kontatu eta kantatuko dira bailarako bi bertsolari-familietako kide ziren Adriana Otaño eta Mikaela Elizegiri esker gaur arte iritsi diren bertsoak.

200.000 turista Gaztelugatxen harrotzekoa eta 3.000 migrari EAEn larritzekoa?

2018-09-05  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Uda honetako hiru datu hauek egin dira publiko bost egunotan:

Bilboko Guggenheim museoak 445.147 bisitari jaso ditu ekain-uztail-abuztuan. “Bere historiako udarik onena” hitzekin definitu dute museoaren arduradunek. Izan ere, iazko epealdi berean baino 17.383 bisita gehiago eta 2016koan baino 32.005 gehiago jaso ditu.

Gaztelugatxek 235.000 bisitari jaso ditu ekain-uztail-abuztuan. Bizkaian irakurriena den egunkariak “turista” hitzarekin izendatu ditu bisitari hauek, eta Bermeoko biotopo babestu txikiak bizi izandakoa “uda lasaia eta gora-beherarik gabea” hitzekin definitu du. Aldiz, uztailaren 14an 53 herritarrek parte hartu zuten auzolanean (Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatua, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz) 700 kilo hondakin bildu zituzten: asko itsasoak ekarritakoak, baina gehiena ur botilak. Busturialdeko Hitzan irakur dezakegu.

“Euskal erakundeen eta Euskadiko Gurutze Gorriaren eskutik, 3.881 arreta egin zaizkie etorkinei, pasa den ekainaren 28tik” dio Enplegu eta Gizarte Politiken sailak igorritako informazioak. “Etorkin” hitzarekin izendatutako hauei arreta eskaini dieten egoitzak horrela definitzen ditu sailak: “Andaluziako kostaldeetara heltzen den jende ugari horretatik Euskadira itzultzeko aginduarekin iristen diren eta Estatuan 30 egun baino gutxiago daramatzaten iragaitzazko etorkinentzako larrialdiko harrerarako aldi baterako zerbitzuak dira”.

Batzuek “turista”, besteak “etorkin”. Batzuek ehun bider gehiago eta hiri edo babesgune natural txiki batean kontzentratuta, besteak EAE osoan zabalduta. Batzuei buruzko datuak harrotasunetik, besteenak “inbasioaren” sentsazioa eragiten duten larritasunetik.

Zer dago Euskal Herrira datozen pertsonei buruzko datuek islatzen duten errealitatetik hain deslotua dagoen herritarron perzepzioaren atzean?

Iraileko Larrun-en erantzungo digute etorri berriekin lanean ari diren herritar antolatuek.

Txirritaren epaiketa: historian pisua izango zuten hiru abokatu

2018-08-22  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Mikel Tabernak ikerketa lan interesgarria argitaratu du Bertsolari aldizkariaren 110. zenbakian. Txirrita Legasako alkatearen gorabeherak bertsotan jartzeagatik epaitu eta kondenatu zuten. Hemen irakur dezakezu auziari buruz, eta hemen “delituzko” bertso haien edukiaz. Merezi du Mikel Tabernaren lana osorik irakurtzea, eta arreta pizten du epaiketa hartan aurrez aurre aritu ziren abokatuak zein izan ziren.

Kasualitatea izan edo ez, errepublikazaletasunaren hariak ere elkartzen ditu bertsoak enkargatu zituen Tomas Alkaine, bertsoak jarri zituen Txirrita, eta bertsolariaren defentsa egin zuen Gabriel Iziz abokatua:

 

Gabriel Iziz Bueno, 1925ean. Argazkia: Bertsolari aldizkaritik hartua.

 

Txirritaren abokatua: Gabriel Iziz Bueno

Oibarren jaioa 1889an, abokatu bidean lehen urratsak ematen ari zen. Gerora ospea hartuko zuen baliabide ekonomiko gutxiko herritarrak defendatzen zituelako: bere gain hartzen zituen beste abokatuek nahi ez zituztenak. Langile jendeari zuzendutako eskola eta hitzaldiak ere eman zituen. Faxistek hil zuten 1936ko uztailaren 31n: Erreniega mendiko hobi komunean aurkitu zuten bere gorpua. Bere aita Oibarko alkatea zen, Izquierda Republicana alderdiko kidea, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeak hartzen zituen Lizarrako Estatutuaren alde sinatu zuen, herri ordezkari gisa. Bera ere semea erahil eta hilabete pare batera hil zuten faxistek.

Gabriel Iziz Bueno oroitzeko lurreko plaka Iruñeko Kale Nagusian dago, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak jarria. Blog honek kontatzen du fusilatu hauen omenez haien ondorengoek garagarra kalean zergatik jarri zuten. Hemen Nafarroako Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Fondoko bere fitxa.

1916an epaiketarako elkartu ziren Iziz eta Txirrita, eta handik 20 urtera alde berean jarri zituzten faxistek. Txirritaren bila ere jo baitzuten haren etxera: “Txirrita? Txirrita hil zen” esan zieten etxekoek eta “bestela gaur hil beharko zuen” erantzun soldaduek. Hemen 1931ko Txirritaren bertso ezaguna, “behar bezala ipintzen bada ona da errepublika” dioena, Jose Mari Lopetegi Irungo bertsolari errepublikarraren omenez jarritako sortaren baitan.

 

Tomas Alkaineren abokatua: Fernando Arbizu Aguado

Txirritarekin batera akusatuen aulkian eseri behar zuenak abokatu iruindarra hautatu zuen: Fernando Arbizu Aguado. Honek ere ez zuen eskarmentu handirik artean ofizioan. Baina Fernando Arbizu legelari famatu izango zen gerora, Espainiako Kode Zibilaren foru eranskina idatzi zuena izan baitzen. Bere aita eta anaia Iruñeko alkate izatera iritsi ziren.

Tomas Alkaine errepublikazale amorratua zela dio Tabernak bere ikerlanean. Ogia banatzen ibiltzen zen zaldi karroarekin, eta bi errotulu eramaten omen zituen zintzilik: “Se vende pan Bera” eta “Viva la Ropública Española” (bitxia da dena gazteleraz, epaiketan itzultzailea behar izan baitzuten Txirritak eta biek). Bere etxeko oihal puska guztien ertzetan bandera errepunblikarraren kolorea ageri omen zen, izara, sukaldeko trapu, toailetan… Diktaduran ere ez omen zuen bere ideologia gorde, horrela esaten omen zuen: “Kartzelan sartzen banaute, sartua… ni naiz republikanua ta Viva la República Española!”. Fernando Mikelarena historialariak Muertes oscuras liburuan azaltzen du Alkainek harremanak zituela Malerrekako errepublikarrekin, baita ezkertiarrak mugaz bestaldera pasatzeko sarea osatu zuen Martin Erviti ultzamar kontrabandistarekin ere.

 

Manuel Arantzadi Iruxo. Argazkia: Auñamendi.

 

Legasako alkate ohiaren abokatua: Manuel Arantzadi Iruxo

Eusebio Babazek epailearen aurrera eraman zituen bertsolaria eta bertsoak ordaindu zituena, bere honraren aurkako bertsoak zabaltzeagatik zigortu zitzaten. Salaketa epaiketan aurrera eramateko kontratatu zuen Manuel Arantzadi Iruxo, Lizarrako abokatua eta politikari jeltzalea ere bazena: bi aldiz Madrilgo Gorteetan diputatu izana (1918an eta 1923an) eta EAJko Napar Buru Batzarreko kide aktiboa. 1918an Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetakoa izan zen eta 1923an La Voz de Navarra egunkariaren sortzaileetakoa. Euskal Estatutua prestatzeko lanetan aritu zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian, antierrepublikarra zen Koalizio Katoliko Foruzalean sartu zen. 1936ko uztaileko estatu kolpean, Nafarroako EAJren izenean, matxinoen aldeko komunikatua plazaratu zuen.

Txirritaren “delituzko” 14 bertsoek zer zioten bada?

2018-08-21  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Mikel Taberna ikerketaren egileak eta Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko zuzendariak abuztuaren 20an aurkeztu zuten lana, Hernaniko udaletxean. Argazkia: Jon Urbe / Argazki Press.

Mikel Taberna idazleak eta Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko zuzendariak abuztuaren 20an aurkeztu zuten berria: Txirrita Iruñeko auzitegiak kondenatu zuela bertsoz Legasako alkate ohi Eusebio Babaze “iraintzea” egotzita. Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburuan aurkitu du Mikel Tabernak Txirrita kondenatu zuen epaia: 1916ko azaroaren 6ko data darama. (Auziaz gehiago jakiteko, irakurri hemen). Tamalez, jatorrizko bertsoak, euskarazkoak, ez ditu inon aurkitu Tabernak. Baina epaian bai ageri da hauen edukia, gaztelerara itzulita.

Itzuli ezinezko “irainak”

1916ko urriaren 31ko Diario de Navarra egunkariko kronikaren arabera, Joxe Agerre Sanesteban iruindarrak egin zuen Txirritaren bertsoen itzulpenetako bat gaztelerara; eta Berako Jenaro Larratxe Agirrek egin zuen beste itzulpena. Biek itzulpen “erabat desberdinak” egin omen zituzten, kronikalariaren arabera. Itzultzaileek adierazi zuten ezinezkoa zela literalki itzultzea (“el vascuence es de una estructura totalmente distinta de la del castellano, tanto que no es posible hacer una traducción literal“).

Baina Txirrita (bertsoak egiteagatik) eta Tomas Alkainen (bertsoak enkargatzeagatik)  aurkako salaketa jarri zuen Legasako alkate ohi Eusebio Babazeren abokatuak ontzat eman zituen bi itzulpenak, funtsean berdintsuak zirela esanaz. Txirritaren abokatuak, aldiz, horixe izan zuen argudio: nola ondorioztatu zitekeen hitz haietan deus txarrik zenik, eginiko bi itzulpenak hain desberdinak izanik? Epaileak ere bi itzulpenak mamiz berak zirela ebatzi zuen. Epaiak erdarazko bertsio bakarra jaso du, eta ez du zehazten bertsio hau Larratxe edo Agerre, nork itzulia den.

Joxe Agerre Santesteban idazle, kazetari eta politikariak bertsoak itzultzeaz gain, epaiketan ere itzultzaile lanak egin zituen bi akusatuen (Txirrita eta Tomas Alkain) eta legelarien artean.

Bertso berriak gertaera zahar bati jarriak

Zergatik jo zuen Alkainek Txirritarengana, bertsoak jartzeko eskatuz? 1913ko abuztuaren 3 gauean hasi zen guztia. Eusebio Babaze, orduan Legasako alkateak, eztanda entzun zuen bere etxe aurrean, eta biharamunean, Sunbillako Guardia Zibilen kuartelean salaketa jarri zuenean, hiru herrikide salatu zituen, dinamita haiek zartarazi zutelakoan: Tomas Alkaine, Pedro Hualde eta Frantzisko Mendiola. Hiru hauek haserre ziren berarekin, aste pare bat lehenago isuna jari zielako hirurei: bosna pezetako multa biraoak esateagatik, bost pezeta gehiago Huralderi alkateari desobeditzeagatik eta pezeta bat gehiago Alkaini herriko ordenantzak ez betetzeagatik.

Iruñean egin zen auzian hiru auzipetuek ukatu egin zuten leherketa haiek egin zutenik, eta epaileak kasua itxi egin zuen epaiketarik egin gabe, ez zegoelako leherketa hura eragin zuten egiletzaren frogarik.

Tomas Alkainek Txirritarengana jo zuen, eta gertaera haiei buruzko bertsoak jarri araziz itzuli zion alkateari Guardia Zibilen aurrean bera salatu izana. Bertso sorta honek epaitegira eramango zuen Alkaine Txirritarekin batera; eta dinamitak baino zigor handiagoa ekarriko zion bertsozko “irainak” epaileen aurrean.

Itzulpenaren berritzulpena

Miren Ibarluzea bertsolari eta itzultzaileak ekarri ditu Txirrita epaitegira eraman zuten 14 bertsoak berriz ere euskarara, Bertsolari aldizkarian. Hona hemen:

1

Mila bederatziehun eta

hamalaugarren urtean

kasu bitxi bat gertatu zaigu

legasatarren artean.

Eta aurkitu garenerako

muturraren muturrean,

zer gaude ba pazientzia dosi

handi baten beharrean!

 

2

Egun Legasan bada urroztar bat,

Eusebio du izena.

Galoirik gabe dago gaixoa,

lehen jefea izan zena.

Ondo sufrituaren traza du,

ez baita oso gizena.

Hitz batez da gizon bat nirekin

lehendik sapan dabilena.

 

3

Aldiz nik ez dut pausorik eman

ez dena endredatzeko.

Konfiantzazko etxea nuen

baita gutunak leitzeko.

Baina behin pezeta kendu zidan

gizonak multa ordaintzeko,

ta intentziorik ere ez du egin

inori entregatzeko.

 

4

Hau ona! Arrazoia zanpatu

eta nahigabetu ordez,

gizona harrotuta jartzen da

gurekin kopeta beltzez.

Han agertzen da bizkitartean

multak beretzako gordez.

Beste askorekin egin bazuen,

gurearekin nola ez!

 

5

Notario-fiskal ustekoa!

Etsai laguntzat nuena!

Multak kobratu beharrez presak

hartuta ibiltzen zena

indarka bota dugu udaletik

eta itzuli du dena.

Guk uste dugu horixe dela

bukatzeko bide onena.

 

6

Ez nuen egundo pentsatuko

hala gertatuko zenik.

Baina hala jarduten hasita

bada diferentziarik.

Errugabeak zigortuz pozten

zenak gu ere iraindu nahirik,

anuntzio bat jarri ez zuen ba

arrotz ginela esanik!

 

7

Berrogeita hamar urte luze da

bizi garela Legasan,

jakina denez aspaldidanik

itzal egiteko trazan.

Errezu Jaungoikoak zenbaiten

migi gaiztotik gorde gaitzan!

Hitz faltsuz kargatu baikaituzte

Kristorekin egin gisan.

 

8

Dinamita jarri ziotela

esan eta esan berak.

Ta ondorioz frijitu gaitu

ospe txar eta galerak.

Baina fastidio handiena

hari sortu dio aferak,

ezen ordaindu behar izan ditu

hondatutako platerak.

 

9

Guardia Zibilak deklaratzera

deitu gintuen lehenbizi,

ta gure ibilera denen berri

jakiteko azaltzen hasi.

Baina azkenerako norbaitek

zuen han jakinarazi

haren ustetan ez genuela

guk kastigurik merezi.

 

10

Guardia Zibilek Sala del Vallen

juen aurrera entregatu

gintuztenean Echandi jaunak,

hitza hartuta, aurkeztu

zuen konpetentziaren faltan

nahi zela desenkusatu,

eta agera Iruñaldean

behar zutela aztertu.

 

11

Iruñera bidali gintuen

juezak dena ikusita,

han erabaki zezaten auzi

hau ulertu ta ikasita.

Han dena izan genuen aldeko,

beldurrak kanpo utzita.

Gizona, nahastetan zertan sartu

kalte guztiok bizita?

 

12

Estimatzen da adiskide batek

karta batez esatean

hari deitzeko geldiaraziz

geri Iruñea partean.

Bere influentzien indarrak

erabilita tartean,

libre jarriko gintuzkeela

egun erdiko epean.

 

13

Berandutu zitzaigunez gero

hura joana zen handik.

Ezin egundo ondo ibili

okerreko bidetatik!

Hango juezak ezin esan edan

zuela gure poltsatik,

dena atera baitzen dagokigun

gizonaren azaletik.

 

14

Espero gisa gure lanera

itzuli gara sikira!

Gizonak zenbat galdu ote duen

jendearen ikusmira!

Jarri gaitezen kasu honetan

gertatuari begira:

gure Tomas, Pedro eta Frantzisko

orain deskantsatu dira.

Bertsoz iraintzeagatik Txirrita kondenatu zutenekoa

2018-08-21  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Mikel Taberna ikerketaren egileak eta Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko zuzendariak abuztuaren 20an aurkeztu zuten lana, Hernaniko udaletxean. Argazkia: Jon Urbe / Argazki Press.

 

Legasako alkate ohiari buruz 1913an enkarguz jarritako bertsoengatik kondenatu zuten bertsolaria 1916an Iruñeko auzitegian.

Mikel Tabernak Bertsolari aldizkariaren 110. zenbakian argitaratu duen ikerketa lanean kontatu du guztia xeheki, eta penaz adierazi du iturri guztietara jo arren ez duela bertso sorta aurkitu. Auzitegiko epaian, gazteleraz jasota dago bertso sorta horren itzulpena.

Hona hemen, ikerketa horretatik ateratako hainbat datu:

Bertsoak jartzea delitu?

1916ko urriaren 31ko Diario de Navarra egunkariak ekarri zuen, hirugarren orrian, auzitegiko bezperako saioaren kronika, EME sinadurapean. Bertan azaltzen zenez, Tomas Alkainek 40 pezetaren truke eskatuta, Txirritak bertsoak jarri zituen Legasako alkate ohi Eusebio Babaze-ri buruz. Bertso-paper hauek 10 (pezetaren) zentimoan saldu ziren Doneztebeko jaietan, kalean zalaparta handia sortuz: “la algazara pública revistió caracteres de desorden y tuvo que intervenir una pareja de la guardia civil“. Babazek, sumindurik, salaketa jarri zuen bertsolariaren eta enkargua eman zuenaren aurka. Azaroaren 10ean ekarriko zuen sententzia egunkari berak: kondenatu egin zituzten biak.

Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburuan aurkitu du Mikel Tabernak epaia: 1916ko azaroaren 6ko data darama eta 14 orrialde “idor” dira, makinaz idatzirik. Epaiak zehazten du Tomas Alkainek urte horretan 60 urte zituela, eta sortzez iruindarra izanagatik Legasan bizi zela. Jose Manuel Lujanbio “Txirrita”k berriz, 55 urte zituen garai horretan, eta Hernanin jaiotako bertsolaria Errenterian bizi zen ordurako. Jatorrizko bertso sorta sumarioko zazpigarren folioari josia dagoela dio bertan, baina tamalez Mikel Tabernak ez du inon aurkitu.

Epaileek argudio hauek idatzi zituzten Alkain eta Txirrita errudun jotzeko: alkatearenganako mespretxuz idatzi zirela bertso bidez kontatzen ziren gertaerak, eta gainera espres idatzi zirela eskualde hartan nagusi zen hizkuntzan (“haberse redactado, de propósito, en la lengua dominante en el pais donde se publicó; en versos populares…“). Zirkunstantzia horiek garbi uzten omen zuten zein zen egileen asmoa: auzi-jartzailea mendratzea eta fama txarra ematea. Alkain eta Txirrita, biak berdin jo zituen epaileak irainengatik (“delito de injurias graves por escrito y con publicidad“) errudun: Alkain, bertsolariari kontu iraingarriak jakinarazteagatik eta Txirrita, min emateko moduan papereratzeagatik (“revistió dichos conceptos de la forma ritmica e incisiva o mortificante“).

Zigor ekonomikoa eta intsumisioa

Hauxe zen jarri zieten zigorra: 3 urte 6 hilabete eta 21 eguneko deserriratzea, Legasatik 25 kilometrora, gutxienez. 250na pezetako isuna; eta prozesuko kostuaren erdia erdibana ordaintzea, alegia, gastu horien laurdena bakoitzak.

Alkainek errekurtsoa jarri zuen Madrilgo Auzitegi Gorenean, baina ez zuten aintzat hartu.

Ordea, 1918ko maiatzaren 21eko autoan deklaratu zen bi akusatuak kaudimen gabeak zirela, alegia, ezarritako isuna ordaintzeko adina dirurik ez zutela. Ordainetan, deserriratze zigorra handitu zitzaien. Ordura arte Txirrita ez zutela aurkitu ere adierazten du, beraz, ezin izan zioten sos bakar bat kendu bertsolariari.

Hemen irakurri ahal dituzu, delitutzat hartu ziren Txirritaren bertsoen erdarazko bertsioa.

IX. Irakurraldi Publikoa Hendaian. Maialen Lujanbio: “Orain irakurrita lotsa ere sentitu arren, garai haietan egin nuena ere banaiz”

2018-06-08  //  Bertsolaritza  //  Iruzkinik ez

Euskal kultura sustatzen duen Akelarren Elkarteak IX. Irakurraldi Publikoa antolatu zuen Hendaian, ekainaren 6an. Maialen Lujanbioren bertsoak eta testuak irakurri zituzten aurtengoan 58 eragilek.

Jendaurrean irakurtzeak dakar euskarazko testu bat ongi barneratu beharra, hitz bakoitzari dagokion tonua bilatzea… irakurketa sustatzeko aproposa izan daitekeela ikusi genuen Mediatekako gela txikian. Autorea eta bere lana gehienentzat ezaguna izanik ere, hainbeste urtetako ibilbidean egindako lanak ezagutzeko eta garai haietako gertaerak berritzeko aukera eman zien irakurle-entzuleei.

Akelarreren bideo honetan dago osorik ikusgai 4 ordu pasako ekimena:

Aurtengo nobedadea: bertsoak

Antolatzaileetako batek nabarmendu zuen bertsoa izan dela aurtengo nobedadea: Irakurleek eta Mediatekan bildutako entzuleak oso gustuko izan dutela elkarrekin bertsoak kantatzea. “Doinuak eta kantuak badu halako indarra, eta bertsoak ere bai, hitz neurtuak eta errimatuak dira. Entzuten ari zarenean ere, zure buruak badaki zer soinutarantz joko duten hitzek eta doinuak, badaki zer egitura duen, beraz, irakurraldia jarraitzeko heldulekuak ematen ditu bertsoak”.

Aurreko urteetan, aldiz, liburu bat hartu zuten irakurgai, batean salbu: Hemen ikus daitezke zein autoreren obrak irakurri zituzten aurreko urteetan.

Momentu bereziak

Arratsalde osoa hartu zuen ekimenaren baitan, publikoaren gogoan geratu ziren hainbat pasarte. Besteak beste, bertsoen gaiak jarritako rolei erantzunez, amona-bilobek bertso sorta kantatu zutenekoa; lizeoko ikasleek lau bozetara kantatu zutenekoa; Lujanbioren Egunkariako artikulu kuttunak (norberak zituen bere gogokoenak) ondo irakurrita entzun zirenekoa…

Izan zen liburuxkaz kanpo kantatutakorik ere. Esaterako, Unai Agirre Hernaniko bertso eskolako lagunak Eskolarteko Txapelketako Lujanbioren lehen finaleko bertso hau ekarri zuen gogora:

Liburuxkaz kanpo kantatu zen beste sorta bat, hauxe.

Maialen Lujanbioren esker hitzak

Hunkituta, goxo eta umorez eman zion amaiera Lujanbiok irakurraldiari. Bere garai bateko sorkuntza lanak irakurtzeak sorrarazi zizkion sentimendu gazi-gozoak adierazi zituen, baina hori ere badela bera esan zuen. Bideo honetan bere hitzak eta bertsoak:

Testuak hautatzen, eragileak lotzen, koordinatzen… mimo handiz lan egin zuen taldeak, etxeko produktuz osatutako saskia oparitu zion Lujanbiori, eta etxeko jakiz osatutako aperitifa eskaini zien irakurleei.

Akelarre Elkarteko antolatzaileek I. Irakurraldi Publikoan irakurri zen liburuxka oparitu zioten Maialen Lujanbiori.

Herritarroi Tabakaleran zerbitzatu ziguten pintxo beroa: turismoarekin zer datorkigun dastatzeko, mokadu bakarrean

2018-05-24  //  Herri mugimenduak  //  2 iruzkin

Iñaki Gil de San Vicentek hitzaldi oso argigarria eman zuen maiatzaren 24n Donostian, Bizitza Da Handienak zabaldutako Herritarron Etxean (Idiakez kaleko 6 zenbakian, zortzi solairuko eraikina). Borrokagaraiada webgunean du bildua hitzaldiaren mamia, “Espazio-denbora militarizatua eta klase borroka. Donostia adibide” artikuluan.

Hitzaldiaren teoria praktikan eta hezur-haragitan gorpuztuta bizi izan genuen pare bat ordu geroago Tabakaleran: bertan zuten luntxa Munduko Turismoaren Erakundeko kideek eta EAEko ordezkari politikoek. Gil de San Vicenteren hitzek buruan oihartzun egiten ziguten oraindik:  zer dago turismoaren atzean? munduko kapitalarentzat egun bigarren negozio errentagarriena da (lehenengoa armagintza da), eta turismoak era honetako espazioak behar ditu: poliziaz josiak, inongo gatazka sozialik erakusten ez duten kaleak, enpresarientzat barra libre lan baldintzetan, drogak eta putak eskura…

Herritar talde bat txilibitua joaz joan zen Tabakalera aurreko plaza publikora, “turismoak hiria hiltzen du” eta “zuen negozioa gure miseria” oihukatuz. Aspaldiko alarde polizialik handienarekin egingo zuten topo: ertzainak eraikinaren inguru osoan, asko bistan, eta polizia-lokarria indartu nahi zutenean ezkututik ateratzen ziren berehala beste nahi beste ertzain. Ertzain furgonetak, elikopteroa hirian bueltaka, dronea Bizitza Da Handiena Gladys Enea parkean egiten ari den asanblada zelatatzen… Herritarron zenbat diru xahutu da “segurtasunaren” show honetan? Ekitaldi eta luntx horretarako diru publikorik bideratu ote den argitzea ere eskertuko genuke, gardentasuna helburu.

Tabakalera barrura sartu ezingo direla jakitun, aurreko plaza publikoan txilibitua jo eta Donostialdearen etorkizuneko ekonomian turismoa indartzearekin ez daudela ados oihukatzea, horra herritar multzo honen helburua. Ekintza baketsua, errespetuzkoa… ez zen hori denek Euskal Herrirako eskatzen genuena? Ertzaintzaren jarrerak bestelakoa pentsatzeko bide ematen du. Berriz ere Gil de San Vicenteren azalpenak gogora etorri zaizkigu: Turismoarentzako prestatzen ari diren kaleak ez du onartzen inolako aldarrikapenik, inolako gatazkarik irudikatzerik, postala orbantzen du. Traje eta gorbataz jantzitako gizon batek ematen dizkie aginduak ertzainei, nola jokatu: sekuentzia nola joan den ikusita, pentsa daiteke hasieran ordena eman diela “saltsarik ez sortzeko”, ez dela komeni kolpeen irudirik. Ondoren beste agindu bat eman die, eta ertzainek jarrera oldarkorrez, bultzaka baztertu dituzte eskuak gora jasoz erreakzionatu duten herritarrak plazatik tunelerantz.

Identifikazioak eta bi atxilotu

Herritarretako bat identifikatzeko besteengandik bereizi dute eta eztabaida luzea izan dute herritar honek euskaraz egitea eskatu duelako. Karneta kendu eta bolada luze batean ez diote itzuli.  Beste herritar bat are urrunago eraman dute eta denbora luzean izan dute identifikatzeko aitzakian. Bultzaden une nahasia baliatuta, ertzainek bi herritar eraman dituzte komisaldegira.

Dagoeneko dozena inguru kide badira Bizitza Da Handiena ekimenaren baitan identifikatutakoak, eta Mozal Legea baliatuta isunak jasotzeko arriskua du ekimenak.

Bertakoak zapalduenak

Ertzainez jositako pasabide bat utzi dute Tabakalera aurreko plazan, herritar denei trafikoa ez ixteko. Herritar denei ez, ertzaintzak unean erabakitzen duten herritar horiei bai debekatu die pasatzea, irizpide erabat arbitrario eta baztertzaileekin: “euskaldun” itxura duten horiek ez dute pasatzerik izan. Turista itxura dutenek bidea libre dute, eta ertzainek migrante itxura hartu dietenak oraingoan bakean utzi dituzte (hauek ez dutela turismoaren aurkako aldarrikapen honetan parte hartzen pentsatuko zuten ertzainek, agian). Ikusi dugu ertzaintzak “euskaldun” traza hartu dien jende heldua pasabidea galarazita, eta hauek sutsuki eztabaidatu dute ertzainekin kalean ibiltzeko duten eskubidea argudiatuz.

Munduko Turismoaren lobbya joan da, ezer gertatu ez balitz bezala

Azkenik autobusak ekarri dituzte Tabakaleraren atarira, ertzainen furgonek kortina moduko bat osatu dute Tabakalerako atearen eta herritarren artean eta Munduko Turismoaren luntxean parte hartu duten horiek autobusera sartu dira, “ezer ikusi gabe”.

Galderak, herritarrei hitza ukatzen dieten agintarientzat

1) Diru publikoz eta erakunde publikoen indar polizial denak erabiliz indarrean jartzen ari den turismoaren Euskal Herriaz eztabaidatzeko, aurkako iritzia izateko, bestelako eredu bat bultzatzen duten ekintzak eta protestak egiteko tarterik txikienik ba al dago? Zer zilegitasun dauka eztabaida sozialik gabe herri eredua erabat baldintzatzen duen turistifikazioak? Erakunde “demokratikoek” ez ote lukete juxtu herritarren iritzia eta parte-hartzea bermatu eta defendatu behar?

2) Eusko Legebiltzarrak Mozal Legearen aurkako adierazpena sinatua duela ikusirik, ertzainek ekintza baketsuen aurka hainbeste identifikazio egitea zer da, Eusko Jaurlaritzaren koordinazio eta kudeaketa okerraren ondorio?

3) Herri mugimenduek kalean aldarrikapen erabat zilegiak modu erabat baketsuetan burutzearen truke, euskal erakundeetatik jasotzen ari dira Espainiako Gobernuak martxan jarritako makinaria errepresibo zorrotzenetakoa, Mozal Legea. Zer esateko dute honetaz euskal erakunde horietan parte hartzen duten alderdi politikoek? Zein da bakoitzak herri honetarako nahi duen bake sozial eredua?

4) Ezkerreko herri mugimenduetan dabiltzan herritarrak kalean egurra jasotzen ari dira (poliziala eta ekonomikoa) euskal agintariengandik. Zer argumentuk konbentzitu behar ditu herritar hauek juxtu egurra ematen dieten sektoreei “eskua ematera”, “autogobernua elkarrekin” egin nahi izatera? Euskaldunen marra gorriak Katalunian bakarrik daude?

5) Poliziak formatuz: Ertzain guztiei azalduko die legelari batek benetan Mozal Legeak zer dioen, mesedez? Kazetari honek eskertuko du, ekintza bakoitzean ertzainek zuzenean gezurra esaten baitiote aurpegira, kamerarekin gertakariak grabatzen ari denean: “Ezin gaituzu ertzainok grabatu eta ezin dituzu irudi hauek zabaldu”. Hori gezurra da, eta bada garaia ertzaintzaren arduradunek honi buruzko azalpenak publikoki eman ditzaten, eta ertzainek bere praktikarekin Mozal Legea are murriztaileago egiten ez dutela bermatu dezaten.

6) Poliziak formatuz II: Euskaraldiaren egitasmoen barruan sartu al daiteke ertzainen euskararekiko jarrera lantzea? Era guztietako jarrerak ikusi ditugu aste honetan ertzainen artean, euskaraz egiteko eskubidea bermatzen dutenak batzuek, baina beste batzuen jarrera bada euskara gatazkarako erabiltzea. Ertzain guztiak euskaldun, noizko? bitartean, hizkuntza borrokaleku bihurtzen duten jarrerak onartu ditzake Ertzaintzak bere langileen artean?

Hauek nire galderak, irakurleenak jasotzeko desiatzen nago, hemen egingo ditut publiko guztiak.

 

6 / 30«Aurrekoa56782030Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA