Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
ARGAZKI GALERIA: Suitzako M-1 manifestazio nagusia, Zurichen
2018-05-01 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
“Preso Politikoak: Askatasuna” izan du aurtengo M1ak ardatz. Nekane Txapartegik euskal presoen egoera lehen lerrora ekarri du.
Antifaxistak.
Gerren kritika hamaika modutara.
“Nik sinesten dizut”. Alu intsumisoen martxa.
Okupazioaren alde.
Rojavarekiko elkartasuna oso indartsua izan da aste osoan.
Nekane Txapartegik Rojavarekiko elkartasunez egin ditu azken hitzak ekitaldi nagusian.
“Langileen eskubideekin garbitzen dituzte eskuak”.
Txiapasko kafeaz indarrak hartzen.
Baretasunaren alde.
Manifestazioa kartzelaren aurretik pasa denean.
Umeen aldarria: “Natura lehenetsi diruaren gainetik”.
M-1eko ekitaldi nagusian haurrek beren mezua helarazi dute.
Nekane Txapartegik munduko preso politiko guztientzat askatasuna eskatu du. Euskaraz eta alemanez eman du hitzaldia. Soinean, Euskal Herriko Amnistiaren zapia, eta kurduen zapi eta jaka jantzita.
Nekane Txapartegiren hitzaldiaren une batzuk, bideo laburretan ikus-entzun ditzakegu hemen.
Txapartegiren hitzartzeak iraun duen bitartean, euskarazko mezua duen pankarta, ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderak zabaldu dituzte manifestariek.
Jendetza Suitzako M-1 ekitaldi nagusian.
Nekane Txapartegik munduko preso politiko guztien askatasuna eskatu du Suitzako M1eko ekitaldi nagusian
2018-05-01 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Suitzako Maiatzaren 1eko Komiteak antolatuta, manifestazio jendetsua egin dute Zuricheko kaleetan. Borroka bakoitzak bere lemak, pankartak eta mobilizazio irudimentsuak atera ditu kalera. Aurtengo gai ardatza “Preso Politikoak: Askatasuna” izan da eta manifestazio amaierako ekitaldian, Nekane Txapartegik hartu du hitza. Goiko bideoan ikus dezakegu Txapartegiren hitzaldiaren hasiera, euskaraz. Jarraian, alemanez egin du.
Eta amaierako hitzak Rojavarekiko elkartasunez egin ditu:
Ondorengo bideoetan, jendeak Euskal Herriko, Kataluniako eta Rojavako preso politikoen askatasuna eskatuz eginiko oihuak entzun ditzakegu.
Maiatzaren 1eko Nekane Txapartegiren argazkiak:
“Preso Politikoak: Askatasuna” izan du aurtengo M1ak ardatz. Nekane Txapartegik euskal presoen egoera lehen lerrora ekarri du.
Nekane Txapartegik Rojavarekiko elkartasunez egin ditu azken hitzak ekitaldi nagusian.
Nekane Txapartegi, jendetzaren aurrean irakurriko zuen testua eskuan.
Nekane Txapartegi ekitaldi nagusian hitzaldia ematen. Euskal Herriko Amnistiaren zapi gorria eta kurduen zapi koloretsua eta jaka jantzita.
Txapartegiren hitzartzeak iraun duen bitartean, euskarazko mezua duen pankarta, ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderak zabaldu dituzte manifestariek.
Suizako M-1 manifestazioa eta amaierako ekitaldi nagusia azken urteetako jendetsuena izan da.
Errepresaliatu Politikoak II. “Hezur-haragizko feminismoak bizitza salbatu zidan”
2018-05-01 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Paola Salgado Piedraita, Nekane Txapartegi begira duela. Kolonbiako aktibista errepresaliatua Euskal Herrian izango da maiatza erdialdean.
Nekane Txapartegik puntu hau jarri zien Kolonbiako Paola Salgado Piedraitari eta Euskal Herriko Bilgune Feministako Ainara Lasa eta Amaia Zufiari, Maiatzaren 1eko Festaren baitan apirilaren 28an Zurichen egin zuten mahai-inguruan:
Zer erreminta ematen dizkigu feminismoak errepresaliatuak garen emakume borrokalarioi?
Paola Salgadoren erantzuna: Kartzela, errepresio judiziala eta erbestea bizi izan ditut eta nire bizipenetatik erantzuten saiatuko naiz.
Hezur-haragizko feminismoak kartzelatik atera ninduen eta bizitza salbatu zidan. Bi arrazoigatik diot hau: Bogotako eta munduko hiri askotako feministek egunero eginiko mobilizazioek ikusgarri egin zuten nire egoera eta estatuak erabaki judizialak hartu zituen, ni kalera ateratzea ekarri zutena, nahiz eta nire auzia irekita dagoen eta 30 urtetik gorako kartzela zigorra egotzi diezadaketen.
Kartzelatik atera nintzenean, epaile baten oso epai arraro baten eskutik, feminismoak eman zidan aukera herrialdetik ateratzeko eta nire bizitza babesteko, izan ere, epailearen erabakiarekin oso haserre zegoen polizia nire aurkako atentatua prestatzen ari zen.
Bandera feminista altxatzen duten emakumeek gorputza jartzen dute errepresio estatala jasaten ari diren emakumeak askatzeko. Feminismoa guretzat ez da zerbait abstraktua. Errepresioa jasaten dugun emakumeentzat hain konkretua da, Argentinako feministek esan zidaten esaldi hauxe bezala: “Ez larritu, dena ongi dago, etorri gure herrira, hemen baduzu etxe bat”. Alegia, gorputza jarri zioten generaman borrokari.
Feminismoa eta emakumeen antolakundea izan da borrokarekin jarraitu ahal izatea bermatu duena, beldurra hautsi duelako, isilarazi nahi zaituen botere errepresiboaren eskutan egon zarenean gorputzean duzun beldur hori, eta esaten duzu: “Nire borrokarekin jarraituko dut, ez naiz isilduko”.
Sorta honetako beste artikuluak:
M1-ak Suitzan izen hau du aurten: Nekane Txapartegi
2018-04-30 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
“Preso Politikoak: Askatasuna” izan du aurtengo M1ak ardatz. Nekane Txapartegik euskal presoen egoera lehen lerrora ekarri du.
Zurichen Maiatzaren 1eko Komiteak jai eta borroka espazioa zabaldu du hiri barruan dagoen kartzelaren aurreko eremuan. Aurtengo gai ardatza Preso Politikoak izan da eta horri lotuta izen bat: Nekane Txapartegi, Suitzak bolada batez izan duen preso politiko bakarra.
Atxiloturik eta estraditatzeko arriskuan zen bitartean (2016ko apiriletik 2017ko irailera), Free Nekane kanpainak Suitzan sakabanatuta zeuden alderdi eta eragile ezkertiarrak bateratzea lortu zuen, feminismoa borroka honetako lehen lerrora ekarri zuen eta Zurichen mobilizazio jendetsuenetakoak eragin zituen, presorik ezagunena bilakatuz eta Suitzako gobernuari torturatua izan zen preso baten estradizioa justifikatzea ezinezko eginez. “Nekane askatu. Estatu torturatzaile batera extradiziorik ez” pankarta erraldoia eduki zuten eskegita kartzela aurrean.
Txapartegik helburua argi du: “Nire borrokarekn ikusarazi nahi dut Espainiako Estatuak erabili duen tortura sistematikoa euskal aktibisten aurka”. Eta mezu hau azpimarratzen die bere kasuaren baitan mobilizatu ziren suitzar indar ezkertiarrei: “Ni kalean nago baina begira horra: kartzelak beteta daude”.
Maiatzaren 1ean “Askatasuna” zutabeak eramango duen pankarta. Behean lehen hitza, euskarazkoa.
M1-en Zurichen egingo den manifestazioaren amaierako ekitaldian bi hitzartze egongo da: lehenik sindikatuek hartuko dute hitza langileen aldarrikapenei ahotsa jartzeko, eta ondoren Nekane Txapartegik hartuko du hitza, “Preso Politikoak, Askatasuna” lemapean.
Kolonbia eta Euskal Herriko errepresioaren bizipenak, feminismotik kontatuak
Maiatzaren 1aren Festa honen barruan, apirilaren 28an mahai-ingurua eskaini zuten areto bete jenderen aurrean Nekane Txapartegik, Kolonbiako Paola Salgado Piedraita-k eta Bilgune Feministako Amaia Zufia eta Ainara Lasak.
Honela eman zion hasiera Txapartegik: Aktibista feminista ezberdinak batu gara mahai honetan, gure aktibitate politikoagatik jasaten dugun errepresioak zein osagai sexistak dituen aztertzeko, eta gure esperientzietatik kontatuko dugu hori.
Gu gure borroka politiko feministagatik bi bider zigortu gintuzten, bai komisarian, erbestean eta kartzelan. Baina biktima huts izan beharrean, borrokan jarraitzea erabaki genuen. Paola Salgado eta biok errefuxiatuak gara eta borrokan jarraitzen dugu gure ideia eta askatasunen alde.
Ezkerretik eskuinera: Nekane Txapartegi, Paola Salgado Piedraita, Amaia Zufia eta Ainara Lasa.
Paola Salgado Piedraita gazteak honela aurkeztu zuen bere burua: Kolonbiakoa naiz, preso politiko ohia eta Argentinan errefuxiatua duela bi urte eta erditik. 2015ean epaitu ninduten, Kolonbiak guda zikinean erabili duen sistemarekin: Montaje judizial batekin, El Congreso de los Pueblos mugimenduaren barruko hainbat sektoretako 13 pertsonari terrorismoa egotzi ziguten.
13.000 preso politiko ditu Kolonbiak, eta hauetatik %10 dira borroka armatuan aritu direnak, gainerakoak borroka sozialetan aritutakoak dira eta estatuak judizializatu eta kriminalizatu dituenak beren lana geldiarazteko.
Irekita dago nire auzia eta 30 urtetik gorako kartzela zigorra egotzi diezadakete. Epaile baten epai oso arraro baten eskutik atera nintzen kartzelatik, eta Argentinako talde feministek eman zidan aukera herrialdetik ateratzeko eta nire bizitza babesteko, epailearen erabakiaren oso haserre zegoen polizia nire aurkako atentatua prestatzen ari baitzen.
Ainara Lasa eta Amaia Zufiak Euskal Herriko Bilgune Feminista aurkeztu zuten.
Jarraian, Nekane Txapartegik alemanez egin zuen hitzaldia eta azaldu zuen nola eragin zion kartzelan emakume izateak. Salgadori hitza emanaz galdetu zion nola eragin dion bere aktibismoan emakume izateak:
Paola Salgado: Borroka soziala egiten dugun emakumeon kasuan, errepresioaren helburua da patriarkatuak emakumeoi egotzi digun lekura itzularaztea: isilaraztea eta geldiaraztea.
Errepresioak nahi duena emakumeen borroka deslegitimatzea da: patroi eta estereotipo matxistak erreproduzituz, eta pertsonalki deslegitimatuz. Adibidez, informazio pertsonala zabalduz, familiarra, nola janzten garen, gure itxura… hori guztia egiten du arreta desbideratzeko gai nagusitik: gure borrokan jasaten dugun errepresioa.
Amaia Zufiak Bilgune Feministak gatazkaz eta errepresioaz landu duen ikuspegia azaldu zuen: Kartzela erakunde patriarkala dela salatzen dugu, emakumeak sistematikoki menperatzeko erabiltzen dena.
Kartzela erakunde patriarkala da, gizartearen ispilu gordina baita. Batzuetan, kanpoan, mekanismo patriarkal hauek sotilagoak dira, baina kartzela barruan brutalki ematen dira, lupa batek handituta bezala. Jarraian adibide zehatzak emango ditut:
Beraz, sexismoa gurutzatzen da errepresio politiko mota guztiekin, bai atxiloketa unean (tortura), kartzelan, erbestean, deportazioetan eta egoera guzti hauen atzean dauden zaintza lan guztietan.
[Hurrengo egunetan, mahai-inguru honek emandako mami gehiago eta beste hainbat gai egingo ditugu publiko.]
Sorta honetako beste artikuluak:
EAJren Masterra: Nola bilakatu astebetean ez-gaitu bat aditu produktu finantzarioetan?
2018-04-11 // Kontu ilunak GHKn // 2 iruzkin
Cristina Cifuentesen masterra bolo-bolo dabil Espainiako Estatuko eta Hego Euskal Herriko hedabideetan. Gainera, dimititzear da Madrilgo agintaria. Kasuak ematen du EAJ-ko Carlos Ormazabalekin gertatutako afera batekin konparatzeko aukerarik. Ormazabalek astebetean lortu zuen gipuzkoarren izenean 35 urtetarako zor erraldoia bankuekin sinatzeko gaitasuna. Bost puntutan azalduko dugu jarraian.
1.-Cifuentesek ikasturte batean masterra, Ormazabalek aste bakarrean
2011-2012 ikasturterako matrikulatu zen Cristina Cifuentes, egun Madrilgo presidenta (garai hartan Gobernuaren delegatua zen Madrilen). Epez kanpo matrikulatu zen eta auzitan dago masterra jasotzeko bete beharreko azterketak eta lanak egin ote zituen. Titulua “oparitu” ziotela agerian geratzen ari da.
Garai bertsuan, 2011ko otsailean, Caixa bankuak orduko Gipuzkoako Ingurumen diputatu Carlos Ormazabali (EAJ) “Komenigarritasun testa” egin zion, Donostiako erraustegia finantzatzeko swap mailegu toxikoak kontratatzeko gai ote zen edo ez frogatzeko:
Hainbat galderaren artean, galerak izateko prest ote dagoen galdetzen diote eta baiezkoa erantzuten du (diru publikoaz ari da). Galera ezberdinen artean aukeratzeko eskatzen diotenean, “era guztietako galerak onartzeko prest” dagoela jartzen du. Caixak hori ikusirik, Carlos Ormazabalek produktua ulertzeko gaitasunik ez duela ondorioztatzen du eta produktuak ez sinatzea gomendatzen dio, baina dirua oparitzeko prest badago, atea irekita uzten dio, noski.
Astebete pasa ondoren, berriro ere test bera egiten dio Caixak eta honetan kalifikazioa aldatzen dio. Astebetean, nonbait, kontratu finantzieroak ulertzeko gaitasuna eskuratzen du eta “handizkari” (mayorista gaztelaniaz) izendatzen dute. Zein unibertsitatetan ematen dute master hori, astebetean ez-gaitu izatetik produktu finantziero konplexuetan aditu egiten duena?
2.-Ormazabalen “masterra” bai, garesti ordaintzen ari gara
Cifuentesen kasuak agerian uzten du PPren ustelkeriaren erroak gizarteko zenbat erakundetara zabalduak dauden, eta zer nolako zigorgabetasunez aritu izan diren. Hala ere, galdetu dezakegu ea Zuzenbide Autonomikoaz eta Tokikoaz Masterra egin izanak edo ez, ondoriorik ekarri al duen Madrilgo presidentzian egin dituen politiketan.
Dudarik ez dago Ormazabalen kasuan: EAJko kargu publikoak susmagarriki astebetean eskuratutako “ezagutza” horien ondorioz, swapak sinatu zituen bankuekin. Sinatu ziren une berean, 5,6 milioi euroko galerak izan zituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, sinatze hutsagatik. Gaur, Gipuzkoak hilero 600.000 euro ordaintzen dizkie bankuei swapetan, sinadura horren ondorioz.
3.-Masterreko arduradunak ikertuak, aldiz, Intxaurrandieta eta Errazkin epaituak
Masterra eman zuen Juan Carlos Erregea Unibertsitateak ikerketa komisioa martxan du eta gaia fiskaltzara iritsi da. Poliziak deklarazioak hartu dizkie, oraingoz, masterreko zuzendariari eta master amaierako lana kalifikatu zuten epaimahaiko kideei.
Garai berean, ostegun honetan, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin epaituko dituzte erraustegia gelditzeagatik, alegia, Gipuzkoak bere hondakinak kudeatzeko behar ez zuen azpiegitura garesti horretan herrialdea zorpetzea galarazi zutelako. Kafkiarra erabat: bankuei swapekin diru publikoa erregalatu zieten EAJ-PSEk eskatzen diete EH Bilduko ordezkari hauei, bere ondasun pertsonaletatik ordaintzeko EAJ-PSEk sinatutako swapak, badakitenean 100 bizitzatan ere ez direla gai horrenbeste diru biltzeko.
4.-Cifuentes dimititzeko zorian, Ormazabal angulak jaten
Cifuentes hormaren kontra jarri dute. Dimititzen ez badu, edo PPk ordezkatzen ez badu, badirudi PSOEk aurkeztuko duen zentsura mozioak Podemosen eta Ciudadanosen babesa izango duela eta aurrera joango dela. Dagoeneko dimititu duena, Juan Carlos Unibertsitate Publikoan master hori ematen zuen Zuzenbide Publikoko Institutuko zuzendaria da.
Aldiz, Ormazabalek swapak sinatu izana angulak janaz ospatu zuten EAJko ordezkari politikoek, eta Caixa eta Banestoko zuzendariek. Gipuzkoarron diru publikoa bankuei oparitu berritan, negozioa ospatzeko angula-jatea ere politikoek ordaindu zuten, diru publikoarekin noski. Ahaldun Nagusi Markel Olanok paparra atera zuen Gara hedabideak angula-jatearen 6.000 euroko kontua publiko egin zuenean, “Ongi egina!”, adierazi zuen harro Olanok.
Cifuentes hormaren kontra jartzea lortu du iritzi publikoak, hedabide guztien (baita Euskal Herrikoen) tar-tar-tar-arekin. Eldiario.es-ek argitaratutako informazioekin hasi zen, eta politikariak dantzan jartzea izan du ondorio.
Aldiz, zer daki euskal herritarrak Ormazabalek herritarrei milioitako kostua ekarri dien swapak sinatzeko modu bitxiaz? Zergatik ez du apenas dardararik eragiten? Zergatik ez dira horregatik kuestionatu Ormazabal eta Caixako testaren erantzuleak? Zer tarte du gaiak Euskal Herriko hedabideetan eta tabernetako elkarrizketetan, Cifuentesez dena kontatzen diguten horietan?
5.-Herritarren erantzuna bai da berbera: ustelkeria salatuz mobilizatzea
Cifuentesek masterrak jaso duen Unibertsitate publiko horretako ikasleak manifestatu dira, mafiarik gabeko unibertsitatea eskatuz, sistema horretako ustelkeria salatuz.
Apirilaren 12an, Intxaurrandieta eta Errazkin epaituko dituzten egunean, 20:00etan herrietako plazetan kazerolada eta kartel pegaketa herrikoia deitu dute Gipuzkoa Zutikek. Gaia isilpean ez pasatzeko eta ustelkeria salatzeko modua izan daiteke plazetakoa, unibertsitate publikoan bezala.
Zein balio izan dira gako Elhuyar, Ikastolen Elkartea, Elkar eta ARGIA aurrera ateratzeko?
2018-03-20 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
“Euskararen biziberritze prozesuaren balioak” hitzaldia antolatu du Agirre Lehendakaria Zentroak Bilboko EHUren egoitzan, martxoaren 20 arratsaldean. Duela 50 urte abiatutako lau proiektuk, bere esperientziatik kontatu dute zein baliok lagundu dien enpresa aurrera ateratzen: Elhuyar (Leire Cancio), Ikastolen Elkartea (Abel Ariznabarreta), Elkar (Juan Mari Larrarte) eta ARGIA (Bego Zuza). Hitzaldi honen oinarrian, Elhuyarrek lau proiektu hauek ikertuz egin duen lana dago: enpresa bakoitzaren ibilbidean gakoak izan diren hiru prozesu aztertu dituzte eta elkarren artean dauden antzekotasunak bildu ditu bertan [Itsaso Zubiriak artikulu honetan azaldu zuen]. Hitzaldiaren amaieran Agirre Zentroko zuzendari Juan Jose Ibarretxek, lan honetako ondorioak izan ditu hizpide.
Hona hemen bakoitzak azaldu dituen hainbat ideia: [Hitzaldiak aurrera egin ahala eguneratzen joango gara]
Bego Zuza, ARGIA: “Burujabetza, horizontaltasuna eta berdintasuna”
Balioak dira gure oinarria. Bizitza jartzen dugu denaren erdian, justizia soziala, osasuna eta ingurumena jartzen dugu zentroan. 2015ean martxan jarri genuen enpresa kudeatzeko modu ausarta azaltzea pentsatu dut, hor ikusten direlako burujabetza, parte-hartzea eta berdintasuna balioak islatuta. ARGIAk badu abantaila bat hori gauzatzeko: langileok garela jabeak, gure esku daudela erabaki denak.
ARGIAn beti izan da egitura horizontala helburu, baina ezinbestekoa zen horizontaltasun hori benetakoa izatea. Ahalegin handia egiten genuen berdintasuna bermatzeko, baina hainbat hierarkiek ez zuten ahalbidetzen langile guztien parte-hartzea erabatekoa izatea. Ikusten genuen asmatu behar genuela langileen inplikazio handiagoa sentitu zedin. Hierarkiak puskatzen direnean lortzen da berdintasuna. Hierarkiak gehienetan apurtzen dira ikuspegi ekonomikotik heltzean. Ahalegina egin genuen: erabaki dezagun nola banatu nahi dugun sodaten poltsa, eskalekin edo eskalarik gabe. Prozesu parte-hartzaile bat jarri genuen martxan, eta erabakia ordura arte gehien kobratzen zutenekin partekatu genuen. Banan bana hitz egin genuen guztiekin, eta denek ikaragarri ongi ikusi zuten apustua, aukera polita zelako berdintasun hori lortzeko.
Soldatak berdindu genituen, eta ondoren zetorren ardurak banatzea. Ordura arteko karguek betetzen zituzten ardurak nola banatu adostu genuen. Lantaldeak sortu genituen, eta langile bakoitzak erabaki zuen zein lantaldetan parte hartu. Lantalde bakoitzean nahasten gara sekzioetako jendea (erredaktore, komertzial, idazkaritzako…) eta ikuspegia aberasten du horrek.
Guretzat oso inportantea da ahalik ongien bizitzea. Prozesu parte-hartzaile horretatik denok hobeto biziko ginela espero genuen, berdintasuna, eta eraginkortasuna hobetuko genuela. Eta horrela izan da, langileek hare bereago sentitzen dugu ARGIA, eta norabide ona hartu dugu 25 langileko proiektua indartzeko.
Horrelako antolaketak eskatzen du errespetu handiz egitea. Ideien arteko konfrontazioa handia da, asko haserretzen gara, etengabe ari gara eztabaidan, baina lortzen denean errespetutik aritzea eta horiek gainditzea, indartuta ateratzen gara.
Juan Mari Larrarte, Elkar: “Elkarlana, irauteko bokazioa eta berrinbertsioa”
Zergatik izan da posible 70eko hamarkadan martxan jarritako proiektua egun bizirik izatea? Hiru balio hautatu ditut: elkarlana, irauteko bokazioa eta berrinbertsioa.
Hasieratik saiatu zen Elkar, sorreratik, elkarkidetzan, alegia, euskalgintzako beste eragileekin indarrak biltzen. Garai hartan momentuko beharrei erantzuten saiatzen zen. 70-80ko hamarkadan Ikastolen Elkartearen eta Elkarren arteko harremana zegoen, eta egun gauzatu da elkarrekin argitaletxe bat eratuta. Egiturak sortzea, etorkizunean iraungo dutenak, horrela ulertzen dugu elkarlana. Egun elkarlanak egituratzen ari gara, iraungo dutenak.
Elkarrek sorreratik izan du helburu iraunkortasuna: etorkizunean iraungo duen egitura sortzea. Euskal Herrian sortutako egiturak, bertako beharrei erantzungo dietenak, iraungo dutenak. Ikus dezakegu bertakoak ez diren enpresek nola egiten duten lan: hainbat argitaletxe aritzen dira Euskal Herrian ere, baina haurren eremuan, gainerako eremuetan ez delako errentagarria. Elkarrek badu bestelako erantzukizun bat, bestelako eskaintza bat ematekoa.
40 urte ezin da iraun aldaketarik ez badago. Moldatzea eta egokitzea ezinbestekoa da. Elkar martxan jarri zen euskarazko produkzioa bildu, argitaratu eta ikusgarri egiteko, eta Donostiako Alde Zaharreko dendarekin hasi zen. Baina bideragarri egiteko disko eta liburu eskaintza zabalari eutsi zitzaion. Banaketarekin berdin. Denborarekin estatuan ere zabaltzera jo du. Horrek ekarri du hasierako misioari eustea eta indartzen joatea.
Hori guztia ez litzateke posible izango hasieratik berrinbertsio balioari heldu ez balitzaio: Elkar sortu zutenek argi zuten Elkarren etekinak berriro ere euskalgintzara bideratu behar zirela. Hori zen hasierako espiritua, eta horrekin funtzionatu da. Horrek ekarri du handitzen eta zabaltzen joatea. Urteetan sortzen joan den azpiegitura euskalgintzaren zerbitzura jarri nahi izan da, horregatik sortu da Fundazioa.
Abel Ariznabarreta, Ikastolen Elkartea: Konpromisoa, auzolana eta berrikuntza
70eko hamarkadatik hona gakoak izan diren proiektuaren errelatoa egitea izugarrizko altxorra da eta eskerrik asko horregatik Elhuyarri. Balio hauek irakurtzen jakitea garrantzitsua da, hurrengo belaunaldiari transmititzeko.
Hiru balio hauek aukeratu ditugu: konpromisoa eta atxikimendua, auzolana eta elkarlana, berrikuntza eta sormena.
Konpromisoa eta atxikimendua euskararekiko batez ere, ikastolak herritik sortuak izan ziren, gurasoak eta euskaltzaleak izan ziren sortzaileak. Euskararen biziberritze prozesuan tresna garrantzitsua izan da ikastola. Konpromisoa, baita ere, gizartearekin: ikastolak txertatuta dauden herriarekin eta ingurumenarekin. Ikastola bakoitza ezberdina izan da, tokian tokiko pertsonek egina. Kultura militantean jaio ziren ikastolak eta militantzia ulertzeko modua aldatu bada ere, izaera militante hori ere mantentzen da eta balio gisa ikusten dugu.
Auzolana eta parte-hartzea: gainerako hezkuntza eragileengandik bereizteko modu gisa ikusten dugu. Barrura zein kanpora begira elkartasuna beharrezkoa izan da. Egun guraso kooperatibak dira ikastolak. Euskara berreskuratzeko lanean diharduten beste erakundeekin ere auzolana egin du ikastolak, baita administrazioekin ere. Askotan beharrak bultzatuta, esaterako, ikas materialgintzan: Elkarrekin eginiko ibilbidea. 2011tik hona Ikas-Elkar elkarrekin sortzea izan da adierazgarriena.
Inplikazioa nabarmenago ateratzen da zailtasunak handitzen direnean. Egun Nafarroan eta Iparraldean ikus daiteke, hezkuntza komunitatetik harago ere zabaltzen den inplikazioa, gizarteko beste sektore batzuenak, ikastolen jaian antzematen dugun bezala.
Berrikuntza eta sormenaren bidez aurrera egiten dugu, aldatzen doan ingurura egokituz. Balio hau nabari da ikerketa honetarako aukeratu ditugun lau proiektuetan. Adibidez, ikastolen jaietan. Beharrak eraginda sortu ziren, dirua biltzeko premiak bultzatuta; jai horiek eboluzio bat izan dute, baina eraikitako zutabeek bizirik diraute, baliabide propioak lortzea helburu. 1993an publifikatzeko momentuan nabari agertzen da balio hau: ikastolek hautua egin behar izan zuten sare publikora pasatzea edo pribatuan jarraitzea. Zatiketa handia ekarri zuen, ikastola ereduan geratzea erabaki zuten zentroak oso ahulduta geratu ziren, eta eskatu zuen erabaki handiak hartzea, esaterako, elkartasun kutxa martxan jartzea. Gasteiz ikastolarik gabe geratu zen, Bilbo ere nahiko ahul… ikasleko eta urteko diru kopuru bat jartzen du ikastola bakoitzak, proiektuak aurkezten dira, eta hautatutako proiektu horiek garatzeko erabiltzen da diru hori, ez funtzionamendu gastuetarako. Hau izan da ikastolak berrindartzeko modua, elkartasun kutxa. Arabar Errioxako ikastolak eta Nafarroako eremu ez euskaldunekoak, zer esanik ez Iparraldekoak, elkartasun kutxari esker bizi dira. Urtero 700.000 euro inguru biltzen dira elkartasun kutxaren bidez. Ibilbide osoan zehar 14 milioi euro baino gehiago bildu dira. Konpromiso handia da ikastola askorentzat, askok ez baitute diru horretatik ezer jaso.
Berrikuntzaren beste adibide da ikas baterialgintza.
Harreman sarea ere funtsezkoa da: ikastola bakoitzaren baitan. Herriarekin eta auzoarekin ere bai. Ikastolen artean: 2009tik hona ikastola bakoitza da kooperatiba, eta kooperatiba bakoitzak hartzen du bigarren mailako kooperatiban, berdintasun printzipio nahikorekin: botoetan 1/4-ko aldea dago ikastolarik handienaren eta txikienaren artean. Euskalgintzako gainerako eragileekin ere harreman sarea, esaterako, Bertsozale Elkartearekin. Administrazioarekin ere harreman sarea ezinbestekoa da: mesfidantza ere agertzen da hezkuntza sailarekin, baina ezinbestean gainditu beharrekotzat ikusten da. Une honetan itunduta daude ikastolak, eta azpimarratzen da administrazio guztiek aitortzen dutela ikastolek egindako ekarpena hezkuntza sistemari. Nazioartean hobetu beharra dugu bidea, baina hizkuntza gutxituen artean ikastolen elkartearen erreferentzialtasuna handia da.
Leire Cancio, Elhuyar: Ausardia, erreferentzialtasuna, aitzindaritza
Hiru balio hauek aukeratu ditut, ez atzera begira, gaur egun nola bizi ditugun hiru balio horiek baizik, aurrera begira nola erabili jakiteko: ausardia, erreferentzialtasuna, aitzindaritza.
Ausardia: hutsune batetik, behar batetik sortutakoak gara. Bi planotan ulertzen dugu: erakundearen planoa. Euskara esparru berrietara zabaltzea zen gure xedea. Euskara ez dagoen jakintza eremuetan egitea dagokigu. Ausardia, ekintzailetza, autonomia deitu dezakegu. Lankide zehatzek eraman dute aurrera.
Aitzindari izan ginela dugu buruan, eta uste dugu galdu dugula hori. Lehen CD-rooma sortzen aitzindari izan ginen. Egun aitzindaritzan baino, erreferentzialtasunean jartzen dugu pisua. Proiektuen bidez ekarpena egitea dugu helburu, jakintzatik, teknologiatik, berrikuntzatik…
40 urteotan asko dibertsifikatu dugu jarduera, eta arlo batzuk ez daude euskararekin hain lotuak: berdintasunean, parte-hartzean, zientzian aritzen gara. Euskaratik lantzen ditugu esparru horiek.
Pertsonak gakoak dira, baina gurean proiektuak pisu handia du, proiektua dago pertsonen gainetik. Pertsonen erreferentzialtasuna ez dugu berariaz bilatzen, gurean proiektua eta jarduera da inportantea.
Harreman sarea oso garrantzitsua da guretzat ere: elkarrekin lan egitea Elhuyar kanpoan eta barruan. Harreman sarea formaltzeko Kultur Elkarte gisa sortu zen, eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Fundazioak zekarren gizartearekiko bokazioa, eta patronoetan egituratzen ziren gure harreman multzoak: norbanakoak, erakundeak, enpresak, eta erakundearentzat garrantzitsuak izandako pertsonak.
Elhuyar Fundazioa da eta bi enpresa ditu. Bi enpresen irabaziak doaz Fundazioaren jarduera aurrera atera ahal izateko.
Jon Abril, Elhuyar: Lau erakundeetan partekatzen diren balio batzuk ikusi ditugu
Lau erakundeetan sei balio nagusi nabarmendu ditugu.
Burujabetasuna eta autonomia: erakunde hauek halabeharrez burujabe aritzeko lan egin behar izan dute. Egoera zailetan sortutako erakundeak dira, ekonomikoki ere anitzetan zailtasun handiak izan dituzte. Bestelako enpresa egitura batzuk sortu dituzte bidea egiteko. Erabakietan, inorekiko menpekotasunik ez izatean, ahalegin handia egin da.
Konpromisoa: Euskararekiko, hasteko. Izaera militantea barneratuta dute. Baina hori ulertzeko modua ezberdina da egun, aldatzen joan da gizartean bezala. Baina alde emozionalak pisu handia du erakunde hauetan. Proiektuan sinestea egon da, eta borondatezko lan handia ere bai, baita profesionaldu ostean ere.
Elkarlana: Arreta deitzeko neurrikoa da. Beharrak eraginda, askotan: kalitatean jauzi egiteko, merkatuan lehiakor izateko, sinesgarritasuna irabazteko… sinergiak sortu dira.
Demokrazia: barne demokrazia oso garatua duten erakundeak dira, egitura oso horizontalak, soldata arrakala oso txikiekin, oso kritikoak, etikoki jokatzeko garatuta dauden erakundeak, gardentasuna balio handia da erakunde hauetan… ez da kasualitatea. Beharretik sortuak eta behetik gora eraikitako erakundeak izan dira. Hori zabaldu da erakundea antolatzeko modura, eta baita jakintza partekatzera ere: eskuzabal jokatzera, onura gizartearentzat eta euskararentzat izatera jo da. Adibidez, jakintza partekatzetik, Ikas-Elkarren materiala gainerako sareetara zabaltzea…
Erresilientzia, egoeretara egokitzeko gaitasuna: arrazoi ekonomikoak, sozialak eta politikoak tarteko. Horrek ekarri du ekintzaile izatea, sortzaile jokatzea, berrikuntza euren erakundeetan erabat txertatuta izan beharra…
Berdintasuna: pertsona eta langileen zentralitatea. Egitasmoetan garrantzia handia izaten jarraitzen dute. Bego Zuzak aipatu bezala, egitura bertikalak puskatzearekin lotua dago, begietara begiratzearekin, errespetuz jokatzearekin.
Barruko eta kanpoko harreman sareak: garrantzitsua izan da erakunde hauen ibilbidean eta aurrera begira ere hala izango da.
Berrikuntza irekia: bete betean esan dezakegu euskalgintzako erakundeak gizarte-sistema irekiak direla. Helburu argia eta definitua dutelako; ekosistema bizi eta malguak dira; pertsonen konpromisoa eta garapena handia da; lidergo partekatuak dira; elkarlana egiten dute kanpoko eragileekin; eta ezker-eskuin jokatzeko gaitasuna dute, oreka bilatuz ekonomikoki aurre egiteko beren helburu sozialari.
Ondorioak:
Juan Jose Ibarretxe, Agirre Lehendakaria Zentroa:
Azken 25 urteko paradigma aldaketa bizi izan dugu: informazio faltatik, informazio abundantziara. Diagnostiko bat behar dugu.
Paradigma aldaketako beste elementu bat izan da tokikoaren garrantzia: bertakoak mugitzen du mundua. Zer ikasi dugu azken 10 urteotan? gizarte global batean erantzun lokalak balio du.
Ikerketa+Garapena+Berrikuntza+Kultura. Zure K propioa aplikatzen ez badugu, jai dugu. Kultura da klabea etorkizunari begira.
Kultura da gakoa ulertzeko gure bilakaera sozial, ekonomiko eta politikoa. K hori neurtzeko martxan jarriko dugu hurrengo hilabetean Agirre katedra, neurtzen ez dena ez delako existitzen.
Ikusi dugu partekatzen ditugun baloreak asko direla, bai lau erakunde hauetan, bai Mondragonen (“sakrifizioa” balioa agertzen da hemen, euskalgintzako beste proiektu hauetan ez bezala), bai Gipuzkoako Foru Aldundian.
Informazioa ez da gakoa, baizik ezagutza. Eta ez dago erlazio zuzenik euren artean, paradigma aldaketan informazio abundantzia da ezagutza faltaren oinarrietakoa.
Gakoa ez da jakitea, baizik ezagutzea. Nola bihurtu informazioa ezagutza?
Berrikuntza da gauza bera ikustea baina beste era batera pentsatzea. Ezberdin pentsatze horretan, kultura da gakoa.
Gorka Espiau, beste hizkuntza txikietako proiektuen balioekin alderatuta:
Burujabetza eta autoeraketa da hemen nagusitzen den balioa. Beste hizkuntza txikietako proiktuetan elkarrekotasuna, elkarlana…
Hemen barneratuta dago lehiakortasunaren eta elkarlanaren arteko dinamika berezi hori.
Beste hizkuntzetan proiektuak eskala txikiagokoak dira, euskalgintzako kasuan eskala handiagokoak dira, nazioarteko besteekin alderatuta. Tamaina handiko ekosistema da hemengoa, erresilientzia eta berrikuntza oso txertatua duena.
Berdintasun kontzeptua ere transbertsala da hemengo proiektu hauetan. Berdintasuna beharrezkoa da ekintza kolektiborako: ezberdintasuna dagoenean jendeari ezin zaio erantzun berezirik eskatu egoera larrienetan. Lehiakortasunerako zein da eraginkorrago? berdintasuna zentroan dagoen sistema edo kontrakoa? orain arte esan digute lehiakortasunerako berdintasuna traba dela, eta esperientzia hauetan aurkakoa ikusi dugu: berdintasunak oso lehiakor egiten gaituela.
Nire ordez zaintzen dituena ez dadila emakumea izan
2018-03-07 // Feminismoa // Iruzkinik ez
M8 baino 10 egun lehenago: ardo ona atera du mahaira eta bizikidea eta umeen aita duen gizonari kontatu dio, emozioa jarriz, lantokiko asanbladan atera dela emakumeek greba egingo dutela. Zurrutadatxo bat ardoari, eta tonu lasai bezain solemnean Aldebakarreko Adierazpena egin du:
– Egun horretan zaintzarik ere ez dut egingo. Nire lehen erreflexua izan da umeen eguna antolatzen hastea, baina uste dut ez dudala hori egin behar. Zuen esku, nahi duzuen bezala, nola moldatu.
Baietz, noski, moldatuko direla, kasualitatea, aste oso lotua duela lantokian, arratsalde bakarra ere ezingo duela libratu, baina egoteko lasai, noski, egingo dutela nolabait…
Pausa bat utzi du emakumeak, baina gaia hoztu aurretik eta ahalik goxoen adierazi du:
– Eta… nire ordez zaintzen dituena ez dadila emakumea izan.
Begietan antzeman dio gizonari M8rako zituen lehen bi komodinak erori berri zaizkiola, baina oso duin eutsi dio gizonak poker aurpegiaz, “ez zen besterik falta” momentuari. “Ahal duguna egingo dugu” esaldiarekin zin egin du gizonak tonu lasai bezain solemnean Aldebakarreko Konpromisoa eta bukatutzat eman dute etxeko gaia. Ardo botila hustu ahala emozio gero eta handiagoz jarraitu dute solasaldi bizian M8ko grebak mugiarazten duen guztiaz, urtetik urtera irabaziko duen indarraz, urte gutxi batzuk barru izan daitekeenaz…
[Tira, tartekatu aurreko eszenari purea jan nahi izan ez duen ume egoskorraren kasketa, “badakizu?”ka elkarrizketa uneoro moztu dien sorginaren sartu-irtenak, eta umeen arteko borrokaldi pare bat. Bizitza ez da perfektua, eta baldintza horietan negoziatzen dira etxeko mahaian eguneroko gai txiki-handiak].
*****************************************************************
Aliantzak josi ala askatasunen hierarkiak bistaratu?
Emakumeon (beraz, tamalez, praktikan “gehiegizko zaintzaileon”) aliaturik onenak dira zaintzaren eremu zabalean diharduten langileak. Normalean, feminizatutako lan esparruak, alegia: irakaskuntza, haurreskolak, jangelak, zaharren egoitzak, garbitzaileak, zaharren zaintzaileak… Familia sistemak emakumeon bizkar jarritako zaintza zama arintzen dute aipatutako lanbideek. Emakume denok borrokatzekoak dira langile hauen lan baldintzak, solidaritateagatik, baina baita ere hauen lan baldintzek eragin zuzena dutelako gure etxekoek jasoko duten zaintzan, eta eragina dutelako emakumeok bizkarrak gehiago edo gutxiago kargatuko ditugun zaintzarekin. Era berean, lanbide hauek badira lan ikusezina eta aitortu gabea ogibide bihurtzeko modua, eta zaintza lan hauek duten garrantziagatik, askoz txalotuagoak eta hobe ordainduak behar lukete izan.
M8ko Greba lau eremutako greba izango da. Grebaren alde gauden emakumeon ametsa, ez da oso urrun ibiliko, greba hau lau eremuetan gogor egin dadin. Eta horretarako, ezinbestekoa da emakumeon aliantzak jostea, sektore guztien gainetik, eta lau eremu horien azpitik. Baliagarri izan dakiguke esaldi labur hori: “nire ordez egiten duena ez dadila emakumea izan”. Mezu hori pasarazteak zabaltzen dizkigu, eremu denetan, emakume gehiago grebara batzeko ateak. Eta mezu hori, juxtu eremu batetik bestera pasarazten dugunean da eraginkorren. Bestela, zer gertatzen da nik emakume gisa nire eguna libratu eta horrek inguruan sortutako kontraesanekin? Hor konpon gainerako emakumeak, kargatu daitezela pixka bat gehiago lanez egun horretan edo bestela molda daitezela euren greba egiteko (nahiz eta, noski baietz, bakoitzak egin behar duen bere iraultza)? Norberak bere burua libratzeaz batera, horrek inguruan sortzen dituen kontraesanen aurrean, gainerako emakumeei greba egiteko eta gizonei ardurak hartzeko mezua pasarazteak errazten du emakume guztion borroka.
Sektorekako grebetatik, irtenbide komunitarioetara
M8a baino lehen, greba honek dagoeneko garaipen handia lortu du: haserreak eragitea (gure bizitza zuzenean ukitzen duen seinale), norberaren miseriak mahai-gainean jartzea (kontraesanak azaleratu dizkigun seinale), kalean bazter guztietan eztabaidak piztea eta greba egitearen aldeko giroa egunetik egunera berotzea, azken astean.
Tamalez, seguruenera gehienok berandu mugitu gara (herritar orokorroz ari naiz). Azken momentuan norberak bere irtenbideak bilatu ditu, eta lehendik grebetan engrasatutako makinariak (emakumeen lan eskubideetan ongien dauden sektoreak eta enpresak) dira errazen martxan jarritakoak, lehendik zaintzan inplikatuen dauden gizonak dira batez ere aktibatu direnak (hauek nor bere etxekoen zaintzaz arduratzea izan da erantzun orokorrena), eta greba egiteko zailen zuten sektore berriak batu badira, dudarik gabe, mugimendu feministaren aurretiazko lanketa luzearen emaitza da.
Hurrengo urterako, herritar arrunt gisa autokritika eginez, emakume gehiagok lau eremuetan greba egin dezagun bideak zabaltzeko lan egin dezakegu, aurretiaz, kide garen kolektiboetan:
Adibidez, M8ko greba ikastetxeetan Organu Goreneko gaia izan behar da, ezinbestean (guraso, irakasle, langile, eta udal ordezkariak biltzen diren erabakigunea). Ikas komunitate osoari eragiten digulako. Ikastetxeetako erabaki organo nagusi horretan landu ahal izango dugu, ikuspegi osoarekin eta guztion artean, nola lortu egun horretan emakumeen greba lau esparrutakoa izatea, alegia, irakasle emakumeek egun osoko greba egitea, jantokiko langileek ere berdin egitea, amek zaintzarik ez egitea, eta eskola egun hori eta bazkalordua ikas komunitateko gizonen artean moldatzea, auzolanean.
Organo Goreneko gaia, eta beraz, eragile bakoitzak (irakasle, guraso, ikasle, udal…) aurrez landu beharrekoa izan dadila hurrengo M8a. Eta guztiok zabaldu dezagula mezu hori norabide guztietan, alegia, “gure ordez egiten duena ez dadila emakumea izan”. Adibidez, pozik irakurriko genuke amok mezu hori eskolatik jasotako zirkularrean, M8an eskola itxita egongo dela edo ez dela jantokirik izango jakinarazten digun ohar horretan. Eta noski, beste norabidean berdin, Organu Goreneko lehen bileran amok pozik defendatuko dugu egun horretan gure umeen zaintza eta heziketa ez dugula beste emakumeen bizkar utzi nahi eta beraz, irakasle eta jantokiko zaintzaile emakumeek greba EGUN OSOZ egin dezaten nahiko genukeela.
Beste adibide bat, eremuen azpiko aliantzan, ARGIAko langileon asanbladan proposatu zena, etxetik enpresetan eragitea bilatuz: bakoitzak bere bizikide(e)ari galdetzea grebaz; bizikidea emakumea bada ea zer egitea erabaki duen egun horretan; eta bizikidea gizona bada, ea euren enpresan zer egingo duten emakumeek. Gaia ez dadin, gutxienez, planteatu gabe geratu, denok erraztu dezakegu greba egiteko aukera mahai-gainean jartzea gure inguruko enpresetan.
Gauza bera gure familietako zaharrak zaintzen dituzten zahar-etxe eta zaintzaileez: guk ere planteatu behar dugu egun horretan ez dugula emakumeek zaintzerik nahi. Zein irtenbide komunitario landu ditzakegu egun horretan zahar-etxeetan eta kale zein etxeetan zaharren zaintza gizonek egin dezaten?
Norberak bere egoera zehatzari bilatu behar dio M8an irtenbidea, baina emakume guztiek eremu denetan greba egiteko moduak lantzeak emakume guztiok indartzen gaitu. Eta auzolanketa horietatik iritsi gaitezke etxe askotan emakumeek zaintza grebarako pausoa eman ahal izatera, baibaitirudi eremu hori dela greba egiteko zailena, askok lan bezala ere ez baitute onartzen. M8ko poz bat, lantoki, ikastetxe, zaintzaile greba, ez dezan beste pena batek lausotu, horiek zaintzen ariko diren ama eta amonen egun horretako lan “extra”k.
Lehen urtea izanik ere, irtenbide komunitarioa bilatu duten adibiderik bada (besterik ezagutuz gero bidali feminismoa@argia.eus helbidera, eta pozik emango dugu bere berri): Egia, beste behin, eredu.
Bertako esnea erostera Mercadonara joan behar dut? ETB2ren sustapen kanpaina estalia
2017-12-12 // Sailkatugabeak // 6 iruzkin
ETB2k abenduaren 10ean, igandea, goizeko 11:16an “La leche de nuestra tierra” izeneko programa eman zuen. Berau ikusten ari ginela ahoa bete hortz gelditu ginen:
Bertako esnea ETBrentzat = Iparlat = Mercadona. Ekuazioa ez da berria: Iparlatek bere esnearen %70 Mercadonari saltzen dio eta bezero hain indartsu bat izatearen ondorioak aspalditik ari da ordaintzen: 2014an Iparlatek Kaikun zituen akzioen %18,58 saldu behar izan zuen, Mercadonak esklusibitatea eskatzen dielako bere hornitzaileei, eta Kaikuk Eroskiri eta Mercadonaren konpetentzia diren beste saltoki handi batzuei saltzen dielako. Kaikuren jabe nagusia Emmi talde suitzarra da, akzioen %44 ditu. “Gaurko baserritarren egungo mundu konplexuko arazoak” pentsatu dezake tele-ikusleak. Baina bertako esneari buruzko erreportaje bat ikusten hasi eta Mercadonaren publizitate gaindosiz enpo bukatu dugu. Esne sektoreak berak ematen digu mezua: “Mercadonak hemengo esnea saltzen du”, eta ETB2k eman digu “informazioa”: saltoki makroko pasilloak ageri dira pantailan eta esne marka zuria hiru-lau segundoko plano geldietan, “kalitatea eta prezioa da erosleek gehien estimatzen dutena” datua emanaz…
Mercadonak abenduaren 4an zabaldu zuen Belartzako supermerkatua, eta herritarrak jakin nahi luke bere dirutik ordaintzen den telebista publikoko “esneari buruzko” erreportaje hau zer izan den, ordaindua? edo are okerrago dena, doakoa? ETB2ren ikusle maiteok, hurrengo igandean izango dugu Mercadonaren sustapen kanpaina honen bigarren telebista saioa: “Reportaje Mercadona” iragartzen du egitarauak berriz ere igandean, berriz ere ETB2n, eta antzeko orduan, 11:30ean.
Esnea kontrako eztarrira
Bertako esnea edateko Mercadonara joateko, beraz. Katalunian ederki dakite Mercadonaren berri, eta bertako langileen esplotazioa, aurpegiko kremak eta esnekiak bezain ezaguna da honezkero. ETB2ko erreportajean ageri diren kamioi zisternek ere ematen dute zer pentsa: bi zisterna elkarri lotuta kamioi-gidari bakarrarekin, ikuiluko atetik Iparlaten Urnietako egoitzara ia kurbarik gabeko errepide zabalak eskatzen dituztenak.
La leche de nuestra tierra programari eskertzen diodana da, Iparlateko koordinatzaile Rodrigo Sánchezek oso argi azaltzen duela zein den beraien eredua: baserritar eta erosleen arteko harreman zuzena eten eta industria eta banatzaile handiak tartean sartzen dituena. Jasangarritasunaz ere hitz egiten du. Mami handiko gaia da nekazaritza eredua, eta batez ere esne behien produkzio eredua eta jasangarritasuna, bere zentzu sozial, ekonomiko eta ekologikoan: esne behien produkzioak baserritar kopurutan duen pisuagatik, eta ehunka behiren ukuilu bihurtu izanak ekarri dituen ondorioengatik (zorpetzea, behiek jan eta pixa-kaka egiteko behar duten lurrik inguruan ez izatea…).
Herritar asko gatoz bat mezuan eta eguneroko praktikan: “erosi bertako esnea”. Baina Mercadona (edo jarri beste edozein saltoki handiren izena hemen) baldin bada bertako esnea erosteko bidea, arazo handi bat daukagu, juxtu bertako esnea erosi nahi dugun herritarrok, denentzat (baserritarretatik hasi eta dendarietara) lan baldintza duinak nahi ditugunok, lantzeko lur gehiago eta errepidetarako gutxiago nahi ditugunok, inguru jasangarrirako jarduera ekonomiko jasangarriak eta harreman jasangarriak nahi ditugunok…
Badira bertako esnea erosteko beste modu batzuk, hainbeste kontraesan irenstera eramaten ez gaituztenak. ETB2ri eskertuko genioke hauen berri ematea hurrengo igandean, Mercadonari berriz denon dirua eta telebista denbora erregalatu beharrean. Eta esne ekoizpen ereduei buruzko debatea ematea, datuekin, ikuspegi eta praktika anitzekin.
Ez dugu gezurrezko testigantzen beharrik, eskerrik asko
2017-11-28 // Bertsolaritza, Feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bertsolari Txapelketa Nagusiko 6. finalaurreko saioa (2. itzuliko 2.). Donibane Lohizune (Euskal Herria). 2017ko Azaroaren 26a. (Gari Garaialde / Bostok Photo / Bertsozale Elkartea)
Artikulu honek ez luke beste epai bat gehiago izan nahi, epaileen lana oinarri duen Epaiketan (barka, Txapelketan). Sei bertso izan ziren Donibane Lohizunen; “kartzelako lana”ren herena (ariketa honi izena aldatzeaz ere hitz egin genezake noizbait, ez?). “Gezurra esan duzu. Merezi izan du” gaia jarri, eta indarkeria matxistako kasu baten epaiketan, gezurrezko testigantza emango zuenaren bidea hartu zuten bi bertsolarik. Bertsolaritza jolas gisa bizi nahi dugunon mesedetan, lasaitu gaitezke onartuz bertso horiek ere joan egin zirela, ez dutela gezur batek El Correon egiten duen minik sorrarazi, ezta gezur batek epaiketa batean duen ondoriorik ere, ezta Legebiltzarrean esandako gezurrak herritarren artean sortzen duen lotsarik ere. Bertsoa jolas izatea da bat-batean sortzen ari den bertsolariaren eta lehen kolpean edozer entzuteko prest dagoen entzulearen oinarrizko baldintza. Sormen jolas baten emaitza gisa hartu genituen bertso hauek ere, jolasek merezi duten seriotasun osoarekin, noski.
Artikulu honek ez luke beste epai bat gehiago izan nahi, horregatik ez zait axola zein bi bertsolarik kantatu zuten paper horretan. Izan zitezkeen beste bi edo beste hamabi. Hauxe baizik ez du artikulu honek esateko:
Gezurra epaiketetan, beste aldean dago
Horrela ikusi dugu erailketa eta bortxaketa matxistetako epaiketa eskandalagarrienetan. Emakume bat bortizki erail ostean, edo taldean bortxatu, bideoa sare sozialetan zabaldu eta larderia osoz koadrilari kontatu ostean, erasotzaileak epaiketara azaltzen direla ebidentea den ekintza nagusia bera ukatuz: ezetz, ez zutela bortxatu, edo ezetz, burua kolpatzeko arma bila joana bazen ere ez zuela hil nahi. To, gizarte osoari arpa jotzeko moduko kopeta, azala eta barrena. Eurek ere pentsatu dezakete bertsotarako gaiak zioena, alegia, beren gezurrak merezi izan duela. Kasu askotan eta askotan zigorrak arintzeko balio izan die behintzat. Bai, pentsa dezakegu “ea nork hartzen duen kabroi baten rola bertsotan, txaloak eta puntuak jaso nahi baditu!”. Baina finalaurrekoetan entzun ditugun bertsolari guztien maila ikusita, seguru bide hori ere lantzeari ekinez gero lau urte barru era guztietako pertsonaiak (miserableenak barne) bakarkako lan sinesgarri eta baloratuak egiten entzun ditzakegula.
Horregatik, gezurra epaiketetan beste aldean dagoelako, justizia egin nahian gezur bat deklaratzeko prest zegoen pertsonaiaren rola hartu izana injustizia handia iruditu zitzaidan. Indarkeria matxistagatik jarritako salaketetan %0,014 direlako gezurrezkoak, bestelako salaketa kasuetan izaten diren gezurrezko kasuak baino askoz gutxiago. Gezurraren susmoa, faltsukeriaren lurrina erasotua izan den emakumearen aldean jartzea, gainkarga izateaz gainera, ez dator errealitatearekin batere parean.
Ez dugu (bertso hauetan, gizon baten) testigantza faltsuen beharrik, indarkeria matxistako kasuetan erasotua izan den emakumea babesteko eta erasoa egin duen gizonezkoa salatzeko:
Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.
Saudi Arabiara bideratutako armei buruzko eztabaida Legebiltzarrean
2017-11-23 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduak kontzentrazioa egin du azaroaren 23 goizean Eusko Legebiltzarraren aurrean, gerren aurka eta errefuxiatuen eskubideen alde. Argazkia: @otero_mikel
Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu dute azaroaren 23an, Saudi Arabiara Bilboko portutik igorri diren armei buruz. Hona hemen legebiltzarkideek nabarmendu dituzten ideietako batzuk:
Iñigo Martínez Elkarrekin Podemoseko kideak aurkeztu du talde parlamentario horrek EH Bildukoarekin batera landu duen mozioa, Bilboko portutik Saudi Arabiara armarik ateratzea eta Jaurlaritzak Saudi Arabiakekin dituen harreman denak eteteko eskatuz:
“Saudi Arabiarekin dugun negozioa eta armen salmenta salatu nahi dugu. Yemenen egiten ari diren giza eskubideen urraketa salatzea eta hemen egindako armekin egiten direla salatzea. Saudi Arabiari Yemen interesatzen zaio, bere geoestrategiagatik, oleobidea eraiki nahi duelako bertan. Eta salatzen dugu Europako, Espainiako eta Euskal Herriko armen salmenta: errege familia islamista erradikalak agintzen duen diktadura bat da Saudi Arabia. Terrorismo islamistaren sustatzaileetako bat da Saudi Arabia. Hori bai, inbertitzeko herri bat ere bada Saudi Arabia eta Eusko Jaurlaritzak badaki hori, horregatik ari da une hauetan bertako ordezkaritza bat Saudi Arabian negozio berriak lantzen. Etikoa da harreman politiko eta ekonomikoak edukitzea horrelako herrialde batekin?
Munduko komertzioa hazi eta hazi ari da. Espainiako esportazioen bezero nagusia Saudi Arabia da: hegazkinak, armak, munizioa… informazio hau sekretua denez, Saudi Arabiara bideratutako arma denek zutenez beharrezko baimena, beraz, pentsatu behar dugu ez dela Yemenen sarraskiak egiteko erabiliko. Baina Instalaza enpresako armak aurkitu dira Yemenen. Espainiako arma salmenten %15 Euskadikoa da. Estatuko liderra da arma arinen salmentan eta horietako %15 Saudi Arabiara doaz, Agencia Tributariaren datuen arabera. Euskadiko industria aeronautikoaren zati bat helburu militarretara bideratzen da. Horregatik uste dugu ezin dela kolaboratu eta sustatu industria militarra: 2009tik armak egiten dituzten enpresek gutxienez 10 milioi euroko diru laguntza jaso dute garapen eta berrikuntzarako. Euskal industria militarra rekonbertitzea eskatzen dugu, giza garapena bultzako duten eremuetara. Auzolana, giza garapena, denon ongizatea, horretan denok ados gaude, Urkullu jauna ere bai, baina industria militarra ez da giza garapena, ezta guztion ongizatea ere. Legala da? seguruena, baina etikoa da?
Proposatzen dugu armetan araudia lantzea, goi mailakoa izan dadin esportazioak bermatzeko. Yemengo herritarrekin elkartasuna adieraztearekin batera, eskatzen diogu Jaurlaritzari harreman guztiak etetea Saudi Arabiarekin, eta proiektu estrategiko guztiak etetea. Une honetan bidaia bat egiten ari da han Jaurlaritza, eta harreman komertzialak dauden seinale da hori. Bilboko portutik gerran dauden herrialdeetara eta giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeetara (Saudi Arabia nabarmen) ez armarik ateratzea exigitzen dugu”.
Mikel Otero EH Bildu:
“Ekimen hau ez da EH Bildu eta Podemosena. Gerraz, armagintzaz, eta errefuxiatuen krisiaz nazkatuta dauden guztiena izan nahi du. Eskerrik asko armagintza eta militarismoa ezbaian jartzen duten hainbat elkarteei. Eskerrik asko Bilboko portutik armak ateratzen direla salatzen ari zareten guztioi eta Ina Robles suhiltzaileari gaia ezkututik ateratzeagatik, eta Yemendik etorri diren bi herritarrei.
Txanpon beraren bi aldeak irudikatzen dira: armentzat alfonbra gorria, errefuxiatuentzat trabak. Arma industria argitik hurrun ibiltzen saiatzen da, eta argia ipintzen dugunean arma industriak sufritu egiten du. [Espainiako Estatutik Saudi Arabiara bideratutako esportazioen zerrenda errepasatu du]. Hau primeran doan negozio baten lagin txiki bat baizik ez da. Armamentu honen zati handi bat Bilboko portutik ateratzen da. Saudi Arabia ez da arma kolekzionista, erabili egiten ditu. Yemenen erabiltzen ari dira, kolaborazio askorekin eta bestaldera begiratzen duten autoritate gehiegirekin.
Saudi Arabiak eginiko erasoen ostean, kolera izurrite handiena bizi dute Yemenen. Munduko krisi humanitario nagusia da une honetan. Badakizue non izan diren trebatuak Yemenen bonbardaketak egiten ari diren pilotuak? Moron de la Fronteran. Eurofighterrak gidatzen dituztelako, eta iris-t misilak jaurtitzen, hein batean Euskadin eginak direnak. Eusko Jaurlaritza ez da betetzen ari bere legea, hirugarren artikuluan baitio ez duela kolaboratuko armak ekoizten eta finantzatzen dituzten enpresekin. Gaitek eta Hezitek bezalako programekin, armak ekoizten dituzten enpresetara doa diru publikoa eta hori eten egin behar da. Suedia, Herbeereak, Valoniak izan duten duintasun bera eskatzen dugu, esportazioak eteteko, hauek bezala. Valonia ez da estatu bat, ez ginen autonomia gehien duen Europako lurraldea? erabaki nahi dugu zer irteten den Bilboko portutik, eta arma industriara bideratzen den dirua etetea. Zergatik ez duzue egia esaten? Armen negozioa oso handia dela, gustuko duzuela, eta legala denez eutsi egin nahi diozuela. Hori uste baduzue, esan hori, ez gaitzazue mareatu”.
Carmelo Barrio Euskal Talde Popularra:
“EH Bilduk lezioak ematea ere armen trafikoaz… Legea betetzen dela fidatzen gara Eusko Legebiltzarrarekin eta Espainiako Gobernuarekin, nazioarteko legeak betetzen direla. Dudak dituenak jo dezala epaitegietara. Saudi Arabian egoera konplexua da. Badakigu arma trafikoa nondik pasatzen den eta Errusiak duen papera. Teknologia militarreko euskal enpresek legalki jarduten dute. Espainiako Gobernuak dio ez duela ezagutzarik Saudi Arabiara esportatutako armak Yemengo gerran erabili direnik. Espainiako legea da esportazioak kontrolatzen zorrotzenetakoa. Europar Batasunaren markoan aritzen gara, eta han erabakitzen diren arauak eta zorroztasunak onartuko ditugu”.
Charli Prieto Talde Sozialista:
“Saudi Arabiak Yemenen erabiltzen dituzten arma berekin mehatxatua izan den herritarretako bat naiz eta beraz, erraza zait hango herritarrekin elkartasuna adieraztea. Euskal Herriak ez zuen inongo gerrarik, demokrazian bizi zen, eta eskuak odoletan dituzten herritarrekin bizi gara. Agian beste mundu gerra baten atarian gaude eta konpromisoak hartu behar dira, bai horixe. Gerrek balio dute gorrotoa handitzeko, eskuin muturrak gora egin dezan, amerikar-errusiar-korear banak mundua xakean jar dezaten. Herrialde txiroenak dira kastigatuenak. Pertsonei armak ematea, berauek erabiltzeko aukerak ematea da. EAJ eta PSEk elkarrekin aurkeztu dugun emendakinak badu oinarri bat: markoa Europa dela. EH Bildu-Podemosek aurkeztu duenak badu aje bat: armenak ez diren jarduera ekonomikoak ere barne hartzen dituela, harreman ekonomiko denak etetea eskatzen duela. Harreman ekonomikoak lotuta daude herrialde horietako herritarrekin, ez gobernuekin. Ezberdindu ditzagun Jaurlaritzaren konpententziak eta Espainiako Gobernuarenak, esaterako, Bilboko portua ez da Jaurlaritzaren konpetentzia. Yemengo biztanleek eskubidea dute garraiorako, modarako, energia berriztagarrietarako, petrokimikarako… Euskadik han garatzen dituen jardueretarako. Hiru komunitate autonomok ez beste guztiek dituzte esportatzen dituzte armak Espainian, eta beste hiru komunitate autonomo horiek badituzte harreman ekonomikoak herrialde horiekin. Erabat ados gaude, enbargatu behar direla armak, kontrol handiagoa eskatu behar dela nora doazen horiek… horregatik gure emendakinak %75 onartzen du Podemosek eta EH Bilduk proposatutakoa”.
Xabier Agirre Euzko Abertzaleak:
“Ez dakit zein den proposamen honen helburua. Yemengo populazioa bost axola zaizue eta beraien sufrimendua erabili egiten duzue. Testu originalean behin bakarrik aipatzen duzue, eta gaur diskurtsoa horri eskaini diozue, gure emendakinetik hartuta. Gerra hotza gertatzen ari da Iran eta Saudi Arabiaren artean. Harremanak eten behar badira Saudi Arabiarekin, zergatik ez hautsi Venezuelarekin? Iranekin? Arma esportazioak kontrolatzeko bermeak handitzea eskatzen dugu eta Europar Batasunari eskatzen diogu Saudi Arabiarako esportazioak blokeatzea. Baina armen salmenta eta esportazio eskumena Espainiako Gobernuari dagokio. 18 proposamen egin genituen Espainiako Gobernuan, armen kontrola zorrozteko. Zer egin zuen EH Bilduk? ezer ez, ezta proposamen bakar bat ere, ez zenuten lanik egin, Podemosek bai. Eztabaidak ekartzea eskumen gutxi dituen ganberara ongi dago, baina batez ere Bruselan egin behar da eta Madrilen. Guk gure osoko zuzenketa bozkatuko dugu”.
BOZKETA: EAJ-PSEk aurkeztutako osoko zuzenketa onartu da
Bozketara pasatzeko garaian pankarta hauek zabaldu dituzte Errefuxiatuak Ongi Etorri taldekoek. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak oroitarazi die barne araudiak dioen moduan kendu ezean, kaleratu egin beharko dituela:
Bozketaren emaitza hau izan da:
Jarraian, EAJ-PSEk elkarekin aurkeztutako osoko zuzenketa bozkatu eta onartu da: