Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Konstituzio bat herriarena
2017-11-06 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Urriaren 29an Terrassan bertako CDRak (Errepublikaren Defentsarako Komiteak) antolatutako jardunaldietan, auzotarren borroka izan zuen hizpide Salvador Perezek. Honela kontatu zuen frankismoaren aurkako borroka eta trantsizioaz geroztikoa, erakundeetan eraikitzera ere pasa zirenekoa: “Trantsizio garaian, auzo elkarteen borroka pasa zen Francoren kontra kontzentratua egotetik, borroka anitzera. Erakundeetan parte hartzera ere pasa ginen, frankismoaren kontra erreibindikatzetik, eraikitzera. Baina denborak erakutsi digu beti dela beharrezkoa auzotarren borrokek bi gauzak egitea: aldarrikapenak, eta bermatzea erakundeetan uneoro herritarrek erabakitzen dutela, politikariek egiten dutela auzotarrek bultzatzen dutena. Auzotarren elkarteek berezko funtzionamendua dute, ez dira alderdien menpeko eta horrek egiten gaitu indartsu”.
“Ezin gaituzte umeak bezala tratatu”
Emakume heldu batek hartu zuen mikrofonoa publikotik. Errepublika ostiralean aldarrikatua zen, eta larunbatean Puigdemontek eginiko agerraldiaz zera galdetu zuen: “Gobernak eskatu digu lasaitasuna eta konfiantza, ulertzen dut eurek ari direla pentsatzen nola defendatu errepublika. Zer pentsa ematen du, ea gustatuko ez zaigun zerbait aterako den…”.
Nuria Martí osasun publikoaren defentsan ari den borrokalari feministak, publikotik eginiko ekarpen horren balioa azpimarratu zuen: “Denok gara helduak, ezin gaituzte umeak bezala tratatu. Oso modu helduan jardun dugu, erantzuteko eta antolatzeko gaitasun handia erakutsi dugu. Herriaren emantzipazioa herriaren baitan dago, edo ez dago inon. Ezin dugu etxean geratu eta zain egon zer egin behar dugun esan diezaguten. Esaten digute konfiantza izateko, lehen esaten ziguten bezala erakunde demokratikoak lortu genituenean etxera joateako telebista ikustera. Denok gara beharrezkoak errepublika defendatzeko, baita erabakitzeko ere. Hurrengo urratsak definitzeko ahalik parte-hartze zabalena izango dela bermatu behar dugu”.
Konstituzio bat herritarrena
Valcarca, Sabadell eta Terrassako CDRetako kideek mahai-inguruan azaldu zuten nola antolatzen diren. Ondoren, moderatzaileak galdera hau luzatu zien: Bazegoen halako presa bat errepublika aldarrikatu zedin, eta orain aldarrikatuta dugula, nola lan egin behar da CDRetan, errepublika eratzerakoan sortzen diren galderak lantzeko?
Valcarcako kideak zorrotz aitortu zuen: “Guk errepublika aldarrikatzeko baino, ez manipulatuak sentitzeko genuen presa. Errepublika aldarrikatzea izan da dinamika biziatua geldiarazteko modua. Aurrerantzean ere, agenda antierrepresiboak markatuko du CDRen dinamika”. Valcarcako beste kideak jarraitu zuen: “Mariano Rajoyri eskerrak, hain garruloa izateak eragin duelako aldarrikapena. Orain arte defentsa, erantzuna izan da logika… prozesu konstituziogilea da gakoa, ari dira ekonomia eta politika adituak hori lantzen, eta herritarrek ere hor parte hartu behar dugu, ez dugu errepublika bat nahi Frantzia bezalakoa, ez Espainiakoa bezalakoa. Errepublika ezberdin bat nahi dugu, politika soziala egiten duena, eliteen menpe ez dagoena. Orain presa dago prozesu konstituziogileari ekiteko. Gobernak behar duen defentsa egiteko hor egongo gara, baina defentsaz gain, bermatu behar dugu eraikitzen den errepublikak herritarren beharrei erantzungo diela”.
Sabadelleko kideak eztabaida sakonekin batera ekintzei eusteko beharra nabarmendu zuen: “Jendea mobilizatzen da ikusten duenean zerbait gertatzen dela, akzioak daudenean. Horrek ez du esan nahi presaka ari behar dugunik, baina ekintzei eustea ezinbestekoa da”.
Terrassakoak adierazi zuen defentsa izan zela ordura arteko euren funtzioa eta 155. artikuluaren pean errepresioa jasaten duten langile eta eragileei babesa emango zietela aurrerantzean. Baina prozesu konstituziogileari ekin behar zieten, planteatu beharra zegoela.
Dispertsatzea ote?
Publikotik herritar bat zakar mintzatu zen: “Orain CDRetan prozesu konstituziogilea lantzen hastea iruditzen zait indarrak barreiatzea, bada ANC, Òmnium, badira beste erakunde batzuk… hauteskundeetan jendeak bozkatzen du zer nahi duen!”.
Valcarcako kideak beharrezko ikusi zuen CDRek konstituzioa egiten parte hartzea, “ikuspegi sozialagoa emateko, bestela, Europako errepublika liberalak eredutzat hartuko dituzte eta ez zaigu baliagarri. CDRak askoz transbertsalagoak dira gainerako erakundeak baino”. Terrassakoak gaineratu zuen: “Gauza batek ez du bestea kentzen, guk ez dugu inola desprestigiatuko beste erakundeek egiten dutena. Baina gurea sozialagoa dela uste dugu, eta ez dagoela ordezkatua erakunde batzuetan. CDRoi ezin zaigu indarrak barreiatzea leporatu, CDRak baino ezer transbertsalagorik ez dagoelako, beraz, ez da dispertsioa, aberastea da. Eztabaidak aberatsa izan behar du, eta hori da CDRaren ekarpena hori da”. Sabadellgoak elkarlanean ari direla azpimarratu zuen: “Zonaldeko CDRen koordinaziora beti daude gonbidatuta Omnium, ANC, ERC, CUP…”.
“Praktikek egingo dute prozesu konstituziogilea ezberdin”
Terrassako CDRko kideak sendo adierazi du: “Errepublika 78ko erregimenari erabateko inpugnazioa da eta beraz, gauzak ezberdin sortzea da gakoa. 78ko erregimenak erantzuten dio elite batzuen interesari, gureekin bateragarri ez direnak. Lehenik egin behar duguna da elkartzea eta hitz egitea, beste gauza bat da prozesu konstituziogileak gero zer forma hartuko duen. Gauza handia izan da auzotarrek elkarri aurpegira begiratzea, eta elkarrekin eskola bat defendatu izana, eta hori oinarri handia da aurrera egiteko. Praktikek egingo dute prozesu konstituziogilea ezberdin. Guk gauzak nola egiten ditugun, kalean egiten den lanak, eragina izango du”.
“Nik bezala pentsatzen ez dutenentzako ere Konstituzioa”
Publikotik mikroa hartuta gizonezko batek egin duen adierazpenak itxi du debatea, txalo artean: “CDR-Òmnium-ANC ez dira gauza ezberdinak. Ni hiruetan nago. Ni beste kultura batekoa naiz eta ez dut CDRen asanbladan parte hartzen, baina uste dut CDRa beharrezkoa dela. Ni enpresaria naiz, nire langileek greba egingo dute eta kobratuko dute. Prozesu hau denona da. Eta argi dago konstituzio berri bat ezin dela utzi soilik politikarien eta eliteen esku, bestela 78an bezala gertatuko da eta sartuko digute gizartearen zati batena soilik den konstituzioa. Eta denak hartu behar dira kontuan konstituzio berri horretan, baita nik bezala pentsatzen ez dutenak ere”.
Errepublika Katalan Aske, Independente eta Feminista baten alde
2017-11-06 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Nuria Martí-k, ezkerretik hasita lehenengoak, frankismoaren aurkako emakumeen borroka kontatu zuen.
Urriaren 29an, Kataluniako Errepublika aldarrikatu eta bi egunera, Terrassan jardunaldiak antolatu zituen bertako CDRak (Errepublikaren Defentsarako Komiteak). Bertan feminismoaz esan zirenak bildu ditugu artikulu honetan, independentzia eraldaketa sozialei lotua den seinale:
Nuria Martí, osasun publikoaren aldeko borrokalaria eta feminista
“Amonaren batailak” kontatzera zihoala iragarrita, horrela azaldu zituen Nuria Martí-k Franco garaian ikasle eta langile mugimenduetan emakume borrokalarien bizipenak: “Guk ezagutu dugu frankismoa, eta bere ondorio ekonomiko, politiko eta ideologikoak: eskola, emakumeen domestikazioa eta bizitza sozialetik aldendua, gizonari lotua eta inoiz ez askea. Emakumeok jakin behar dugu nondik datozen gauzak: Pilar Primo de Riverak, Falangearen sortzaile José Antonio Primo de Riveraren arrebak, Emazte Onaren Gida atera zuen 1953an [sexuaren atala irakurri du], eta ez gaude hain urrun manual horretatik. Filosofia hau guztia frankismoaren oinarrian zegoen. Inork ez zigun esango frankismoaren kontra parte hartu ezin genuenik, baina esango zuten barne lanetan jarduteko egokiak ginela, kanpora begira ageri ziren izenak gizonenak ziren, edo asanbladan esandako zerbaitek ez bazien grazia egiten ‘neska, zoaz ontziak garbitzera’ esaten ziguten, edo ‘(neska) hau nik gozatu dut eta denek ere bai’, eta hori ezkerreko mugimenduetan bizi izan dugu”.
Ondoren, Independentziaren Aldeko Feministen Dekalogoa irakurri zuten publikoko bi kidek (hemen irakur dezakezu euskaraz).
Ezker-eskuin: Valcarca (ezkerretik hasita lehen biak), Sabadell eta Terrassako CDRetako kideak.
CDRak eta begirada feminista
Publikoarekin iritzi trukea zabaldu zenean, herritar batek galdetu zuen CDR Feminista bat sortua dela, emakumeek asanbladetan erosoago parte hartzeko, eta dinamikak antolatzerakoan zituzten zailtasunei aurre egiteko.
Valcarca-ko CDRko kideak (emakumea) mingostasunez kontatu zuen nola bizi izan zuen erreferenduma: “Aurreko asteburuan eskola okupatzen eta azpiegitura osoa sortzen emakumeak aritu ginen, eta erreferendumaren unea iritsitakoan, ahotsa hartu behar zenean gizonek baizik ez zuten egin. Emakume helduei kosta egiten zaie hitza hartzea, enpoderatzeko lan handiagoa egin behar dute gazteek baino. Pedagogia egin behar da emakumeen eta baita gizonen parte hartzeko moduaz ere. Nik orain arte ez nuen militatu 40 urtetik gorako emakumeekin, eta oso aberasgarria da. Emakumeek beharra sentitzen badute emakumeen espazioak sortzeko errespetatuko dut, eta aldi berean uste dut oso aberasgarria dela CDRetan gizon eta emakumeak aritzea”.
Publikotik emakume heldu batek hartu zuen mikrofonoa, eta irmo adierazi zuen “emakumeek hitza hartzea ez dagoela adinari lotuta. Ez estigmatizatu helduak. Batzuek betidanik hartu izan dugu hitza, eta beste batzuk, izan gazte edo heldu, inoiz ere ez”.
Salvador Perezek auzotarren borroka izan zuen hizpide, eta kontatu zuen gertakizunak emakume helduen parte-hartzeaz klixe eta duda denak uxatu ditzake: “Eskolara nola sartu eztabaidatzen ari ginen erreferendum bezperan, eraikina erabat itxita zegoen eta ez genuen sarbiderik ikusten. Eta 83-84 urteko bi emakumek esan ziguten: ‘Zer ari gara eztabaidatzen? atea behera botatzen da eta sartu egiten da, beti egin den moduan'”.
Terrassako CDRko kideak (gizona) zera adierazi zuen: “CDR feministak egon edo ez, beharrezkoena da oinarri sozialak eta CDRak begirada feminista izatea. Begirada hori beti egon behar du eta oso konstantea izan behar da. Asanbladak lantzerakoan, kide feministak ditugu eta eurek lantzen dute nola egin gauzak ikuspegi feministatik eta eskertzen diegu lan hori. Pedagogia ere egiten ari gara ahalik emakume gehien etor daitezen asanbladara eta hitza har dezagun denok. Kurdistango kodelegatuen sistema ezagutzen ari gara: Emakume-gizon, ideologikoki ezberdin eta adin ezberdinekoak izan behar dute bi kodelegatu horiek”.
Nuria Martík hartu zuen hitza, eta berriz ere Franco garaiko emakumeen borrokarekin lotura eginez, zoriondu zuen CDRetako lana: “Kartelak irakurtzean jasotzen ditudan mezuak dira ‘zaindu gaitezen’, ‘antolatu dezagun egunerokoa borroka eramangarria izan dadin’… hori duela 40 urte ezinezkoa zen, eta zaintza bere osotasunean borrokaren parte egitea bada ekarpen feminista”.
Kataluniatik inbidia ematen duena: boterea herritarrena da edo ez da errepublikarik izango
2017-11-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Antolatuta dauden herritarren jarrerak ematen dit inbidia. Badakite eurek eragin dutela prozesua, eurek defendatu izanari esker izan zela posible erreferenduma, eurek bultza zituztela ordezkari politikoak independentzia aldarrikatzera… eta badakite Errepublika altxatzeko hurrengo urratsa, alegia, Konstituzioa egitea, eurei dagokiela. Ez dute onartzen elite ekonomiko-politikoek gela itxietan Kataluniaren konstituzioa idazterik: “beste 78 bat sartuko digutelakoan? utikan!”. Orain arte herritarrek antolatzeko erabili dituzten organoetan, Òmnium, ANC, sektorekako erakundeak (sindikatu, guraso elkarte, nekazari, bonbero, irakasle, ekonomia sozial solidario…), CDR (Errepublikaren Defentsarako Komitea), horietan denetan konstituzio berriaren oinarriak landu eta erabaki behar direla diotenak ez dira lau katu. Kataluniatik iristen zaizkigun mobilizazio masibo horien oinarri zabalak dira. Eta herritarren oinarri horri jarraituz independentzia aldarrikatzera iritsi diren alderdi politikoek, konstituzioa egiterakoan ere herritarren eskaera (alegia, konstituzioa herritarrek egina izatea) entzun behintzat egingo dutela pentsatzeak ez dirudi zorokeria, ikusiko da kontuan hartua den edo ez.
Herritar antolatuek oso argi dute, baita ere, zertarako lotu ziren Errepublika lortzeko borrokara: politika liberalei aurre egiteko, herritar denentzat duinak diren bizi baldintzak sortzeko, eskubide sozialak defendatzeko… Independentzia ez da azken helburua, independentzia bitarteko bat da bizitzaren eremu guztietan erabakimena berreskuratzeko, gizarte justuago bat eraikitzeko, ekonomia demokratikoa, zentzuduna, guztien onerakoa exigitzeko. Herritar antolatuek hitz egiten dutenean konstituzioa lantzeari ekin beharraz, mahai gainera ateratzen dituzte hainbat gai sozial, esaterako, immigranteek ere subjekto aktibo izan behar dutela konstituzioa egiterakoan, estatuak feminista izan behar duela, ekonomia sozial solidarioa bultza behar dela, zerbitzuak munizipalizatzeko aukerez…
Minik handiena
Espainiako Estatuak Kataluniari errepresioz egiten dion erasoaldi bakoitzak behartzen dituela herritar antolatuak defentsa lanetara jarri behar izatera, momentuan bertan. Errepublika eraikitzeko denbora, indarra, ahala galerazten die herritarrei Espainiako Estatuak horrela.
Hedabide denak, eta haien bidez Kataluniaz kanpoko herritarrok gure denbora eta arreta osoa bideratzen dugula filmetakoak diruditen Espainiako Estatu aparatuen kapitulu eskandalagarriak jarraitzera, Kataluniako politikarien erantzun ingeniosoak baloratzera, eta hurrengo jokaldi politikoez espekulatzera. Eta “politiko honek esan duela”, eta “hark iragarri duela”, eta “besteak egin beharko lukeela”.
Itxaropena
Herritar antolatuek jarraitzen duten bitartean gizarte justu baten aldeko lanean, kalean, alternatibak eraikitzen, erakundeetako ordezkariekin elkarlanean, eta era guztietako politikariei exigitzen boterea herritarrena dela, Kataluniako Errepublika izango da. “Hilabete edo urte batzuetara, baina honek atzera bueltarik ez dauka” entzun izan diogu bati baino gehiagori. Lan egiteko eta eraikitzeko eremurik ez zaie falta. Eta Errepublikaren aldarrikapen formalek, politikarien errepresentazio jokoek, hango legeak edo hemengo boletinak ez du errepublikarik egiten. “Errepublika ez da aldarrikatzen, eraiki egiten da” esan digu Ivan Mirók, hurrengo zenbakian irakurri ahalko duzuen elkarrizketan.
Eneko Dorronsoro euskatalanak estelada kendu zuen balkoitik errepublika aldarrikatu eta biharamunean: “Aldarrikapenak bukatu dira, orain Errepublika bizitzea dagokigu”. Hurrengo eguneko gertaerek eragin diote berriz balkoian zintzilikatu beharko duen edo ez kezka. Trapurik gabeko balkoia izango duen eguna du, ordea, amets.
Eta batzuk itxaropena, jakingo dugula Euskal Herrian Kataluniako independentziarako gako garrantzitsuena dena ereiten.
CDRak: Kataluniakoa berezi egiten duen herritarren defentsa
2017-10-17 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Sabadellen, urriaren 14an, 91 CDR-tako 200 kideren arteko asanblada.
Katalanez CDRak, euskaraz Erreferendumaren Defentsarako Komiteak dira independentziaranzko urratsetan funtzio ezinbestekoa jokatzen ari direnak: herritarrak auzoko asanbladan elkartu eta Espainiako Estatuaren errepresioari aurre egiteko antolatzea, desobedientzia ekintzak burutzea eta norbanakoek ardurak eta harriskuak beregain hartzea. Enpapelem kanpainaren bidez baietzaren aldeko kanpaina egin zuten, eta ilegalizatutako erreferenduma praktikan egitea lortu zuten, asteburu osoan eskolak okupatuz eta bozkakutxak beren gorputzekin babestuz. Urriaren 10eko Puigdemonten “independentzia aldarria bai baina ez”-en ostean zer? Errepublikaren Defentsarako Komite bihurtzea erabaki dute, Sabadellen urriaren 14an 91 CDR inguru elkartuta.
Honako mapak erakusten ditu Katalunia osoko CDRak:
#LibertatJordis, errepresioari erantzuteko herritarren defentsa
Jordi Sánchez eta Jordi Cuixart askatzeko mobilizazioak antolatzeari ekin diete CDRek ere, lehen unetik. Ostiralerako zabaldua zuten mezua: “adi astelehenean gertatu daitekeenari, adi mobilizazioei”. Astelehen gauean Telegramez zabaldutako mezuak deitzen zituen herritarrak sare sozialetan beren gertueneko CDRa bilatzera eta tokian tokiko ekintzak burutzera, “horrela mobilizazioak artikulatzen dira eta herrialde osoan koordinatzen”. Hona hemen urriaren 17rako deituta dauden mobilizazioekin osatu duten mapa:
Graciako CDR bateko kideak kontatuak
Urriaren 11n, baldekada ur hotzaren biharamonean, elkartu gara Graciako Lesseps plazan auzoko CDRetako bateko kide Mariarekin. Berak kontatu digu nola hasi ziren lehen asanblada hauek antolatzen, herri eta auzoetan, uda aurretik. Horietako asko ezker independentistak bultzatu zituen, horretarako eskuera zituelako urteetako aldarrikapen sozial eta independentistak, autoantolaketarako gaitasuna, kalea lantzeko kultura, jende sare bat… Hasierako CDR horiek dinamika gero eta handiagoa eta serioagoa hartu zuten, ikusi zutenean erakunde publikoek onartutako urratsak egikaritzeko eta egoki burutzeko, kaleko antolaketa ezinbestekoa izango zela: “Hasieran asanbladak jende gutxik osatuak ziren, baina erreferendumaren aurreko asteetan Estatuaren errepresioa handitu zen, eta ondorioz, gero eta jende gehiago etortzen hasi zen, sekula auzoko ekintzetan edo manifestazioetan ikusi gabeko jendea ere bai eta ardurak eta arriskuak hartzen hasi ziren, esaterako, kartelak itsasten eta etxera eramaten… asko baloratzen dugu desobedientzia olatu hau”. Erreferenduma izan zen desobedientzia ekintza nagusia, eta egun horretan ikusi zen CDRetan aurreko hilabeteetan egin zen lanketaren emaitza, herritarren ahalduntze erabatekoa.
Gracian urriaren 11 iluntzean eginiko CDRaren bilkura.
Egitura paraleloak, autonomoak eta koordinatuak
CDRetan asko landu zuten erantzun baketsuak ematea, eta bakoitzaren denborak errespetatzea: “Gure indar nagusia kaleko mobilizazioa da eta ez genuen bidean jendea galdu nahi, egoera oso gordinei aurre egin nahi ez zielako. Denok sentitu gara eroso aukeratzeko poliziaren aurrean noraino iritsi eta horrek indartsu egin gaitu”. Lanketa orokor hori CDR guztietan egin zuten, eta ondoren, eskola bakoitzean eman zuten erantzun zehatza “espontaneoago” antolatu zuten, bakoitzak bere eskolan “guk, esaterako, larunbata gauean, bezperan”. Telegram bidez bideratu zituzten CDRetako beharrak: halako eskoletan jende gehiago behar da…
CDRen asanbladak irekiak izanik eta segurtasuna zaintzeko, erreferendumaren logistikaz ez zen hauetan hitz egiten. Hori beste egitura paralelo batek eraman zuen.
“Legeak aldatzen dira desobedientziatik eta kaletik”
“Laburtzeko, aste batzuk izan dira mobilizazio eta autoantolaketa handikoak, Kataluniako Gobernua gainditu dutenak, ezkerretik eta aurrerantz, gure ustez. Horregatik, astearteko adierazpenak frustrazio handi xamarra eragin zuen. Guk uste dugu, legeak aldatzen direla desobedientzia herrikoietik. Horregatik antolatu genituen aurreko egunak, eta horregatik defendatu ditugu kaleak hainbeste denboran, eta orain Kataluniako Gobernuari presio egiteko antolatuko gara: aplikatu dezala independentzia adierazpena. Kaleko mobilizazioa izan da gure indarra, horrek ekarri gaitu honaino. Mobilizazio hau gabe Kataluniako Gobernua ez litzateke hain urrun iritsiko. Aurrerantzean ere kaletik presioa egin ezean, ez da inor mugituko Katalunian, ez kanpoan. Ikusi beharko dugu zein izango diren hurrengo mugimenduak, bai Espainiako Gobernuarenak eta Kataluniakoarenak eta horren arabera joan eragiten”.
“Mobilizazio herritar hau oraingo egoerara kanalizatu beharra”
“Puigdemonten astearteko adierazpenari egiten diogun kritika nagusia da, herritarren mobilizazioa maila oso altuan zegoela momentu horretan eta oso zaila dela berriz hori lortzea. Ezin da pentsatu maila hori mantendu ahalko dugunik. Horregatik dagokigu orain aztertzea nola kanalizatuko dugun mobilizazio herritar hau oraingo egoerara, bistatik galdu gabe borroka kalean dagoela, eta ea nola joaten garen indarrak batzen, zein momentutan… hori da dugun erronkarik zailena orain”. Oraingo egoera ez da haien gustukoena, baina onerako baliatzen ahaleginduko dira: “Beti joan gara erantzunak ematen, eta agian garaia da beti besteen urratsen arabera erantzuten ari beharrean, hotzean pentsatzeko zein estrategia jarraitu nahi dugun, nola antolatuko garen… gure antolaketarako sanoagoa eta eraginkorragoa izango dena lantzeko”. Zaintza borrokaren parte da Katalunian: “Pertsonak gara, gai honetatik kanpo ere baditugu gure bizitzak, eta zaindu egin behar gara. Labadorekin txantxak egiten genituen, baina labadorak jarri gabe dauzkagu aste hauetan! gauza asko zaindu behar dira, borroka benetan eraginkorra izan dadin”.
CDRen gaitasuna prozesu konstitugilea lantzeko
Errepublikaren Defentsarako Komite bihurtuta, “prozesu konstitugilea”ri eusteko garaia izan daiteke: “Zer errepublika da nahi duguna? nolakoa nahi dugu izatea, zein eratara eraikiko dugu?”. Eztabaida eta lanketa horiek denak egiteko CDRek oso ezaugarri interesgarriak dituztela kontatu du, harro: “Antolaketa mota bat da, orain arte beste hainbat eremutan bilatzen saiatu garena, masen espazioak sortzea, auzoz auzo, koordinatuta, eta espazio zabalak dira, alegia, kide diren auzotar denek ez dute militante txartela edo casalarena edo ateneuarena, eta aldiz, asumitu dute mobilizazio eta desobedientzia maila nahiko iraultzaile bat. Probetxu handia atera dakieke CDRei”.
Katalunian emandako urratsa beroagoa ote den herritarrek jasotako baldekada ur hotza baino
2017-10-11 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Kaletik jarraitu genuen atzoko Parlamentaren saioa, beste milaka herritarrek bezala. Baldekada ur hotza izan zen “independentzia aldarrikatzen dugu baina momentuan suspenditu” mezua. Ongi afaldu, hartutako tragoa tragoekin bultza eta kezkak erreta, Xabier Letonaren analisia irakurri eta berriz amesteko gorputzaldiarekin sartu ginen ohera. Errealitatea xamurragoa ez ote den atzoko zeremonian herritarrei botatako ur hotza baino. Ze nezesidade? (oharra: ondorioetara zuzen jo nahi baduzu, irakurri “Zeremoniak eta idatzitako agiriak” tartekitik aurrerakoa).
Lluis Companys etorbidean herritarrak pantailari begira
ANCk 18:00etan Lluis Companys etorbidean elkartzera deitu zituen herritarrak, Puigdemontek ondoan dagoen Parlamentean egin behar zuen adierazpena indartzeko. Ze formetan auskalo, baina independentzia aldarrikatuko zuela espero zuten bertan elkartutako milaka herritarrek. Bi pantaila handitatik jarraitu genuen Parlamenteko saioa, beste 24 herri-hiritan bezala. Ikasleen zutabeak 14:00etarako zeuden bertaratuta, baita nekazarien traktoreak ere, Garaipenaren Arkuari jarraipena ematen zion ilara osatuz.
16:30etarako farola zabal batera igota geundela, ondoan tokatu zen gazte sevillarra, Kataluniako M15ean sorreratik aritutakoa, lehen gaua kalean pasa zuten 12 horietako bat. Irri bihurria piztu zidan egin zuen ohartarazpenak: eurek deituta milaka herritarrek Parlamenta inguratu zutenean, egoitza eta lorategiak inguratzen dituen hesiaren aurrean jarri zirela herritarrak, Parlament barrura begira, eta presio handia eragin zuela. “Gaur pantailak Parlamentera ez, Garaipenaren Arkurantz begira jarri ditu herritarrak. Ez dakit presioa egiteko modu onena den…”. Kontzentrazioa ANCk deitua izanik ere, ez zen ANCko aurkezlerik ez ordezkaririk egon kontzentrazioan, pantailan TV3-ren emanaldia agertzen zen une osoan, eta amaieran ere ANCk ez zuen inongo moldetan hitzik hartu, ez adierazpenik egin. Bada berezia.
Ordubete atzeratu zen saioa
Pantailara begiratu beharrik ez zegoen Parlamentean nor sartzen zen jakiteko. Oposizioari jotako txistu zorrotzek esaten zuten dena. Independentzia aldarrikatu behar zutenak agertzen ez, ordea. Tentsioa igotzen joan zen, eta ordu bete atzeratzea eskatu zutela jakin genuen minutu gutxiren bueltan. “JxSi negoziaketak lotzen azken orduan? CUPek eskatutakoa ez ote den?” bateko eta besteko iritzi-zurrumurruak entzuten ziren.
Telegrameko Alertes 1-0 zerrenda jarraitu bagenu, alde ederreko arratsalde-gaua pasako genuen. 7.600 herritarrek jasotzen dugu bertatik informazioa, ordea, atzo kalean bildutako milaka herritarrek ez genion informazio horri momentuan jarraitu. 18:20an bidalitako mezuak zioen “hainbat iturriren arabera, ordubeteko atzerapena nazioarteko bitartekariekin harremanetarako dela” (Ara informazio iturri aipatuta). Eta 18:47an bidalitako mezuak zioen “Artur Mas eta Núria de Gispert batu dira JxSi eta CUPeko parlamentarien bilerara” (TV3 informazio iturri aipatuta).
Puigdemonten blankazoa eta CUPen bermea
Sartu ziren 19:00etarako oposizioa, ondoren JxSikoak, eta kaleko pantailetan ikusten zen TV3ren kamarek Puigdemonten finkatu zuten fokoa. “Ene! ze aurpegi du! ez dator gauza onik” izan zen komentario orokorra, aurpegi zurbila eta keinu desenkajatua ageri baitzuen. “Eta CUP? CUP falta da. Akabo? Sar dadila CUP, sar dadila CUP” oihukatu zuten atzeko bi gizon adinekok, egoera umore zorrotzez jarraitzen ari zirenak. CUP sartu zenean txaloak entzun ziren, “berme bat dira” esaldiarekin, atzeko gizonek botea hau ere.
Sagarrak + sagarrak + sagarrak… ba hori, sangria
Puigdemonten agerraldia osorik ikus dezakegu hemen.
Jendeak adostasun handiz jarraitu zuen presidentak ibilbide honetaz egin zuen kontaketa, herritarrei ezaguna eta behin eta berriz entzuna izanik ere. Eta kalean txalo zaparradek bultzatzen zuten kontakizun hau, gertaera horien ondorio logikoa “independentzia aldarrikatzea” zen bakoitzean. Adierazpena entzuten jarraitu ahal izateko moduko buila moderatuarekin, “in-inde-independentzia” oihuak errepikatzen ziren momentu horietan. Festa, garaipen, edo independentzia sentimendu nagusia bizi izan zen kalean Puigdemontek independentzia aldarrikatzeko asmo sendoa adierazi zuenean:
Ondoren, ordea, “etetea eskatzen dut” formulak hankaz gora utzi zituen herritarrak. Hurrengo egunetan jakingo da agian nola joan zen guztia (hemen Nacio Digitalek kontatu duena), baina momentuan zabaldu zen sentsazioa izan zen Parlamenteko saioa ordubete atzeratu zuen bilera horretan Puigdemonten adierazpenaren azken paragrafoa zela aldatu zena. “Politikariekin gertatzen zaiguna, hau eta hau eta hau argudiatu, eta jarraian, ondorioa ez parean etortzea aurreko premisa nagusiekin”.
Independentzia minutu horiek gustu garratza utzi zuten. Alkooliko Anonimoen sortzaile Inaxito Albisurekin gogoratu nintzen, har esaten baitzuen “askatasuna segunduka neurtzen dela”, ez espero izateko behin eta betiko lortzerik. Baina herritarren inplikazio handiko azken asteen ostean argia piztu, eta ondoren intermitentea zela konturatzeak oso grazia gutxi egin zuen.
Jende askok momentuan aldegin zuen, bakoitza buruan bere ondorioak xehetzen zihoala. Lehen aldia, ez segadorsik, ez “els carres seran sempre nostras“ik, ez beste garaipen edo borrokarako kanturik entzun ez genuela. Taldetxoak sortu ziren, egoeraz hitz egiteko. Argudiaketan haserrezko adierazpenak entzuten baziren ere, gorputzek, jarrerek, tristura zen transmititzen zutena, bajoia.
Herritar oso gutxi batzuk izan ziren Parlamentaren hesira jo zutenak “traidoreak!” eta “mossoak ere indar okupatzaileak dira!” oihuka. Minutu gutxira, beste herritar batzuek katea osatu zuten hesiaren kontra Parlamentari bizkarra emanez, juxtu erakundea babesteko “traidore”ka ari zitzaizkion herritarrenganik, oso modu lasaian, inongo hitzik ere egin gabe.
Anna Gabrielen hitzartzea
CUPek zer esango entzutera geratu zen jende dezente Companys etorbidean.
“Gaur independentzia aldarrikatzea tokatzen zen” moduko esaldiei txaloz erantzun zion jendeak. Puigdemonten azken paragrafoarekin ezadostasuna agertu zuela, baina ez ziola egur handirik eman iruditu zitzaigun eta bukaeran “beste borroka fase bat hasten da” mezuak zer esan nahi zuen ikusi beharko dela.
Zeremoniak eta sinatutako agiriak
Afalostean eta egunaren digestioa egiten ari ginela, konturatzen ginen ez dagoela xamurra ulertzen nola doazen prozedurak legeek independentzia prozesurik aurreikusten ez duten estatuen mundu honetan. “Minutu batzuez independenteak izan gara? baina Puigdemontek eteteko eskatu du baina nork eta non erabaki dute etetea? baina…”. Directak eman dizkigu pista gehien, eta bart gertatutakoaren azken ondorioa Xabier Letonaren artikulu ederrak kontatu digu. Motzean eta zakar:
Ederrak direla zeremoniak eta elizkizunak, baina ezkondu sinatzen duzun paperak egiten zaituela, sermoiak A edo B esan izan, eta ezkongaiek hau edo hori hitztotelkatuta ere. Atzoko zeremonia kaletik bizi izan genuen milaka herritarrek, eta bai Puigdemontek eta bai Gabrielek erreferentzia zuzena egin zieten plazako jendeei, baina Europarentzat zen egindako adierazpena. Egun osoan zehar behin eta berriz errepikatu zuten, nazioarteko 300 hedabide baino gehiago ari zirela bertatik albistea jarraitzen, eta estatukoak kontuan hartuta 800 hedabide baino gehiago zirela bertan lanean ari zirenak.
Herritarrei balio diena, berriz, Parlamentaren saio osoa amaitu eta ondoren JxSi-k eta CUPek sinatutako independentzia aldarrikapena. Irakurriz gero, zehatza eta mamitsua dela pentsa daitekeena. Idatziz parlamentean gehiengoa duten alderdi independentistek adierazpen hau sinatuta izatea bada aurrerapauso bat, nahiz eta atzo erabaki zuten agiri hau ez oraingoz Parlamentean bozkatu eta ostean praktikan jartzea. Europarentzat egindako zeremoniak azaldu zuenez, aste batzuez negoziaketei emango diete lehentasuna. Zeremoniaren ostean sinatutako agiriak eta CUPek esan izanak negoziaketen aroa luzatzeak ekarriko lukeela ez JxSi gobernuan babestea, herritarrei ematen diete halako berme bat, aste batzuk barru Parlamentean indarrean sartu ahalko luketen independentzia aldarrikapena dagoeneko idatzita, adostuta eta eskutan dutela.
22:59an Alertes 1-0 Telegram kontuak zabaldu zuen ANCren mezu bat, 5 puntutan azaltzen duena atzo iluntzeko gertakizuna:
1-Puigdemont presidentak bere egin du urriaren 1eko erreferendumaren mandatua: Katalunia estatu independentea izango da, errepublika forman.
2-Gehiengo independentistaren parlamentariek Independentzia Aldarrikapena sinatu dute.
3-Bere aplikazioa etenda dago, nazioartetik jasotako elkarrizketa deiei erantzuteko.
4-Rajoyk negoziatu beharra du edo prest egongo gara etenaldia altxa eta independentzia defendatzeko.
5-Gobernu eta Parlament honek eramango gaituzte independentziara, herritarren mandatua betez, orain arte egin duten bezala.
Ze nezesidade?
Europak Kataluniaren independentzia eztabaidagai izan badu, herritarrek kalean egindako lan eta aldarrikapen handiei esker izan da. Orain arteko artikuluetan “pedagogia, zaintza…” modura kontatu ditugu herritarrek kaletik bizi izandakoak. Egun handia iritsi, eta herritarrek politikarien jokaldia gau beranduan edo biharamunean (edo batzuek hurrengo egunetan) ulertzeak zer zentzu du? Itxura guztien arabera, azken orduko lanak, aukerak eta aldaketek bideratu zuten zeremonia Europara, eta ez ziren gai izan edo ahaztu ziren, edo ez zen komeni herritarrei atzoko urratsak modu ulergarrian eta aurrerapauso moduan azaltzea?
Ulergarria izan daiteke edo ez, pentsa liteke hurrengo egun eta asteetan pedagogia lana egingo dutela, edo ez… orain arteko indarraren zati handi bat herritarrek jarritakoa izan dela, eta egun handietan Europari adina herritarrei azalpenak ematea exijitzen duenari ere ez zaio arrazoirik faltako. Politikaren logika, taktika eta enparauetatik egiten diren jokaldiek aparte uzten dituzte herritarrak (agian momentu batez, eta agian pixka bat soilik, baina aparteago behintzat), eta deskonfiantzak sortzea da sanoena halakoetan, ardiak ez garen seinale.
Orain arteko handiena: herri oso bat kalera atera zen eguna
2017-10-04 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ezer idatzi beharrik ez zegoela pentsatzen genuen atzoko arratsaldean, Vaga Generaleko manifestazio nagusian gindoazela. JENDETZA-JENDETZA-JENDETZA-JENDETZA irudiek dena esaten zutela. Hainbeste, non, manifestazioan ezagutu genuen Daniel Escribanorekin komentatzen aritu ginen bezala, “istorioak bilatzea zaila” zen, alegia, dena zela jendetza itsaso handi bat.
Manifestazioaren kale ofizialera sartu, argazki batzuk atera, hango beroa-mezuak-dantza-MAMBO erabatekoa bizi eta kale paraleloetara ateratzen ginen, 100 bat metro aurreratu eta berriz manifestazioaren bide ofizialera beste murgilaldi bat egitera. Noski, manifestazioa baino kontzentrazio erraldoi hartan pausoa egitea kosta egiten baitzen. Kontua zen, ordea, ManiFest haren inguruko kaleak ere gu bezala zebiltzan jendez gainezka zeudela. Hainbeste, non, begiratu kale batera eta begiratu bestera, manifestazioaren bide ofiziala zein zen erreferentzia galtzea erraza zela. Bi argazkilari ikusi genituen inguruko kale batean, errepide moztuaren erdian geldi, euren inguruko irudi ederrak, edo lehen esandako “istorioak”, itsaso zabalaren orokortasunak falta zituen horiek, ehizatzen. “Zuek ondo jakingo duzue, hango bukaerako kalea da manifestazioa? eta norantz da?” galdetu, eta nor izango erantzun digun argazkilaria, eta Javi Julio “zuen aste honetako azala nire argazkia da!”.
Adierazpen demokratiko handiagorik ezin da
Asteburuaz geroztik bizi izan ditugu gauza oso handiak, jendetzak eskolak defendatzen egun oso batez, hainbeste jende, Espainiak bere indarkeria ankerrarekin ezin izan duela berak ilegal deklaratutako erreferenduma eragotzi. Bizi izan genuen Montjuiceko ekitaldia, erreferendumaren aurreko Baietzaren aldeko ekitaldi bateratua, Euskal Herritik gatozenontzat, erraldoiak diren espazioa eta jendetza bildu zuena… Baina atzo arratsaldekoa beste eskala bateko zerbait izan zen.
Bartzelonako jendetzarekin “mozkortuta” gindoazela, gogoratu ginen hori Bartzelonan bizi zen jendeak soilik hornitutako manifestazioa zela. Katalunia osoko herri bakoitzeko udaletxearen aurrean horrelako manifestazio bat irudikatu behar genuela, bakoitzean bere herriko eskalan. Atzo gauerako zabaldu zen datu fidagarri bakarra, Bartzelona mailako deialdietan egin den manifestaziorik handiena izan zela. Gogoratu, gogoan ditugun beste manifestazio berrienetan (jihadismoak hildakoen omenezkoan, Diadetan…) Katalunia osoa zegoela deituta, eta atzo Bartzelonan, bertakoak baino ez. Gaur goizean 700.000 herritar elkartu zirela Bartzelonan soilik irakurri dugu. Itsasoko ur tantak kontatzea bezala iruditzen zait atzoko herritarrak kontatzea. Ba al dago beharrik?
“Milaka herritar?” Arpa jotzen ari gara?
Ez zegoela artikulu hau idatzi beharrik pentsatzen genuen atzo manifestaziotik txio eta txio ari ginela, irudiek dena esaten zutela. Idatzi badut, atzora arte Katalunian gurekin lanean aritu den Xabier Letona ARGIAko kideak gauean deitu zigulako izan da. “Zer, egun hauetan bizi izan ditugun momentu handi horiek bizita, gaurkoa zer, ondo joan da?” prestatu zigun terrenoa, Greba Orokorraren arrakasta itzela izan ez bazen esateko lasai, alegia. “Gaurkoa? Handiena!” erantzun guk kolpean. Gehiago ezin dela, herri OSOA zegoela kalean aldi berean. Igandean independentziarantz urrats handi bat eman zutela, baina Espainiak eman zien zigorrari gaur erantzun diotela, jende dena gaur atera dela kalera aldi berean. Erreferendumean parte hartu ez zuen jendea ere atera zen atzo kalera, “ezin dut onartu nire herrikideak jotzea” moduko testigantzak entzun genituen. Ohitu ere egin gara bandera españolak senyera eta esteladen ondoan ikustera, eta atzoko manifestazioan bandera españolak ere asko ziren: atzo bai, kalean ikusi genuen Katalunian bizi den español demokraziazaleak batu zirela independentziaren bidera, igandean ikusi zutelako Espainian jarraitzeak eskubide demokratikoak zalantzan izatea esan nahi duela.
“Ba kontatu, ze hemen ‘milaka pertsona’ esaten digute” eta irudikatu dugu berehala, “milaka pertsona” eta jarriko zuten gogoarekin albistea ematerakoan, ba “milaka pertsona” Euskal Herriko hainbeste manifa irudikatuko zituztela entzuleek. Horrelaxe erantzun genion: Bartzelonan egon den edonork, jakinik herri bakoitzean horrelako bat bazegoela, badaki “ehun-milaka” edo “milioika” herritar atera zirela atzo kalera (ni ez naiz herriz herriko datuak kontatzen hasiko), ez “milaka”.
Erregearen sustoa eta Katalanengan konfiantza: “Kaleak beti izango dira gureak?”
Txepel eta zantar ageri den Espainia ederki kontraprogramatzen ari da Kataluniako herriaren bidea. Politikaz tutik ulertzen ez dugunok ere sentitzen dugu, ez dakigu zergatik, zerk funtzionatzen duen momentu bakoitzean eta zerk ez. Zer den benetakoa, non dagoen indarra, eta non ez. Eta milioika herritarrek asteburuan gehien erabili duten lema, indarrik handiena izan duena, tonu anarkoena duena eta sortzez kuperoena den hauxe da: “Kaleak beti izango dira gureak!”. Atzo ikusi genuen zergatik: herritarrak kalean. Katalanek independentziarako duten indar demokratiko handiena horixe da. Herritarrak kalean, erabakitzen.
“Espainia ez, gobernua da zigortzen zaituztena” entzun ditugu erreferendumeko labankadekiko beren mespretxurik handiena adieraziz Espainiako demokrata ezkertiarrak. Gauza bat dela Espainia eta bestea Gobernua. Atzo gauean Felipe VIak mahai-gainean jarri zuen zer den Espainia: Aginte feudal bat demokraziaz hautatutako Gobernuaren gainetik dagoena. Espainiako Gobernua xakean jarri du Kataluniako herriak asteburu honetan, eta erregea atera da Gobernuak eutsi ezin duena, “kalea beti izango da gurea” dioten milioika herritar, gobernatzera. Hori guztia atzean Carlos III.aren koadroa duela, katalanera debekatu zuen eta Espainia zentralizatuenaren ikurra zena, to metafora poetiko reala. Albano Dante Fachinek txiokatua da: “Igandean Espainiak 40 urte egin zuen atzera, eta asteartean 300″ (Carlos erregearen garaira, alajaina!”.
Tik urduri batean ejertzitoa kalera ateratzeko ahala duen erregeak garraztu digu lotarako ordua. Negargura ere ibili dugu eztarrian trabatuta. Euskal Herriko esperientziatik irudikatu dezakegu Katalanei eror dakiekeena. Erabaki dugu kataluniarrengan konfiantza izatea. Frogatzen ari diren guztiarekin, hainbeste irabazi dute. Asteburu honetan hori ere ikasi diegu, “ez galdetu ezer, egin zure lana hurrengo 5 minutuetan zer gertatuko den jakin gabe, eta konfiantza izan besteek ere bere lana egingo dutela eta gauzak ongi aterako direla”. Beste bati lotarako begiak itxi aurretik irakurri diogun txioak eman digu ameskaiztoak uxatzeko esperantza: “Xakean, erregea mugitzen denean, partida irabazteko zorian zaudelako da”.
Gogora ekarri dugu Katalunia dela herritarrek erregea bere lekuan jartzen duten Espainiako estatuko herrialde bakarra: Nou Campeko txistu-jotzeak; jihadisten manifestazioan “gure hildakoak zure negozio dira” agerian jarri, “zu bazatoz gu ez goaz” sendo esan eta lehen lerrotik bazterrera bidali zuten… Ez dakit astakeria den pentsatzea posible dela, baina erregea kentzeko norbait gai izango bada, Katalunia da. Espainiako ezkertiar demokratenek ez dute inoiz serio lan egin erregea zalantzan jartzeko, bozkak galtzeko beldur; eta euskaldunok inoiz baino gehiago miazkatzen diogu zerakozera, ekonomia santuaren izenean. Hori erakutsi digute katalanek: egin dezagun indar antidemokratikoen aurkako borroka baketsua bakoitzak gure herrian, bestela, Espainia fatxa eta monarkikoaren pisu guztia katalanengan eroriko da. Kataluniarekiko atxikimendutik harago, bakoitza bere herrian eta bere esparrutik baina denok batera, denok lanera!
Nou Barris: Eskirolekin enpatikoa eta eraginkorra den piketea
2017-10-03 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Nou Barrisera jo dugu, langile auzune nagusia, andaluziarren eta Espainiako gainerako puntuetako etorkinen ondorengoak bizi direna, unionismoa nagusi den zonaldea. Nola erantzun ote dute Greba Orokor egunean, jakinik erreferendumaren egunean poliziak gehienetakoa jipoitu zuen auzunea bera izan zela?
Piketean doazen hiru lagun: senyeraduna españoladunari korapiloa egiten. Bandera español horrek dio “Bozkatzea demokrazia da”. Parez pare dugunak Espainiako errepublikaren bandera darama.
10:00 alderako iritsi gara, eta kale zabalenean behera pikete bila gabiltzala, sirena hots bizia aditu dugu, behin eta berriz: “polizia etorri da?!”. Hotsari segi diogu eta bai zera! Bonbero etxea sutan ikusi dugu, bonberoak ateetan kamioi denen sirenak eta argiak martxan. Goizerako antolatua zuten ekintzetako bat izan da, pikete informatiboa bonbero etxera joatea euren babesa txalotzera. Langileek, ezagunena egin den lemarekin jolastuz, [kaleak-en ordez] “bonberoak beti izango dira gureak!” egin diete oihu, eta bonberoek erantzun “bonberoak beti izango dira zuenak!”.
Mercadona bat itxi
Bonbero etxetik 50 bat metrora dagoen Mercadonara sartu da piketea. Langileekin hitz egin nahi dutela, informazioa azaltzera etorri direla.
Esan diete eurek ere badutela greba eskubidea, eta badakitela Mercadonak mehatxatu egiten dituela greba egin nahi duten langileak. Piketeak babesten dituela langile gisa, “gure arma onena, langile borroka!” oihukatu dute… Denbora batera, langileek esan dute baietz, itxi egingo dutela denda eta nagusiari deituko diotela jakinarazteko. Hala egin dute. Denda ertaina da neurriz, sei bat langile irten dira bertatik. Piketeak pozik ospatu du garaipen txiki hori.
El Corte Ingles eta komertzio txiki asko itxita
Bertatik bertara dagoen Corte Inglesera jo dute ondoren. 9:30etarako irekia behar zuen, 10:30ak badira, eta erabat itxita dago. Beste poz bat piketearentzat. Antolaketan eskarmentua duela ageri duen kide bati galdetu diogu, eta aurreko grebetan baino jarraipen handiagoa izaten ari dela esan digu: “Komertzio txiki gehienak daude itxita; bankuek ateak itxita dituzte baina bulego barruan ari dira lanean”. Komertzio handietan, Eroski-Caprabo irekita ikusi dugu, Condis katekoak guk ikusitako denak itxita…
Nola negoziatzen den greba bat Mercadonarekin
Ehun bat metrora dago beste Mercadona bat, hau handia. Mercadonaz josia dagoela Bartzelona iruditu zaigu. Neurriz kanpoko zerbait.
Berriro joan da piketeko lehen kide bat langileengatik galdetzera: tonu lasaian, eskuak zabalduta erakusten dituela, azalpen argiak ematen dizkie Greba Orokor eguna dela, hau pikete informatibo bat dela eta Mercadonako langileekin hitz egin nahi dutela, taldean antolatuta badaude ordezkariren batekin, eta bestela langile talde batekin. Langileak datozen bitartean galdezka hasi natzaio eta “ni ez naiz inongo sindikatuetakoa, hauetakoren batek hobe erantzungo dizu”. Kontxo! “sindikatukoa ez izateko oso ongi egiten duzu bada, komertzio batean eta bestean…”; “bitartekari lana beti da bitartekari lana…” erantzuna.
CGT sindikatuak darama piketearen martxa, dauden pegatina bakanek euren logoa daramate, baina komertzioetan lehen hitza egitera, bidea irekitzera doana ez bada inongo sindikatutakoa, bada pentsatu dugu piketeak biltzen duen jendea orokorrean langile jendea dela.
Lau bat langile atera dira atera, piketearekin hitz egitera. Orduan sindikatuko kide eskarmentudun batek hartu du hitza, eta zur eta lur utzi gaitu egoera kudeatzeko bere gaitasunak. Komatxo artean dendariaren hitzak, komatxorik gabe sindikatukoarenak. Azpimarratzekoa, sindikatukoak modu sendoan baina beti errespetuz eta gozo hitz egiten duela, dendaria da urduritasunak ahotsa goratzen diona:
Joan da besteen bila eta lau bat emakume atera dira barrutik, gazteak eta piketekoak eserita ez dauden txokoan bildu dira. Piketekoek txalo jo diete, langileen batasunaren aldeko oihuak botaz, “Familia Roch, esplotatzaileak!” oihuka… azken hau entzuten duten bakoitzean Mercadonako langileei susto aurpegia eta aldi berean irri bat eskapatzen zaie, “ui zer dioten hauek, gure nagusiak aditzen badu…” adieraziz bezala.
Langileetako bati, gaztetxoa, itxuraz grebetan asko ibili gabea, malkoak etorri zaizkio begi ertzera. Piketeko lehen elkarrizketa zabaltzen duen mediadore hori inguratu zaie lasaitasun mezuak adieraziz, ez dutela ezertxo ere ukituko esanaz, dena baketsua izango dela, inork ez duela ezertxo ere euren aurka, arrazoiak azaldu eta eurek erabakitzea dutela asmoa…
Eurek nahi izan dutenean, piketea joan egin da unibertsitateetara, eta Mercadona honek irekita jarraitu du.
Errepublika plazan izan da Nou Barris auzuneko elkarretaratze nagusia. Bigarren errepublikaren aldeko borrokalarien omenezko eskulturan eserita biharko errepublikako herritarrak.
Auzoko elkarretaratze nagusia Errepublika plazan
Kalean Greba Eguna aurrera eramaten ari ziren denek zekiten bi hitzorduen berri: piketeak eta elkarretaratzea 12:00etan Errepublika plazan; eta bestalde, klabelin eskaintza Agora eskolaren atean, 11:00etan. Piketeak erabaki du bere gaurko lana lantokiak ixtera zentratzea, jakinik eskolako ekintzak jendetza bilduko zuela eurek gabe ere.
Halaxe izan da, eta eskolako klabelin eskaintza bukatuta, eskola atean bildutako jendetza manifestazioan abiatu da 12:00etako hitzordura. Eurak izan dira lehenak errotondara iristen, eta alde batean dagoen lorategian sartu dira. Jendetza ikusten da.
Halako batean, plazaren erdigunea den errotondara atera dira denak, errepidea hartuz. Eta orduantxe ikusi dute nola iristen zen piketea gidari zela langileen zutabea “kaleak beti izango dira gureak!” oihuka. Denak Errepublika plazan elkartu diren unea oso indartsua izan da. Langileek hartu dute mikroa, eta egin duten lehen aipua erreferenduma bermatzeko eskola defendatu zuten herritarrak txalotzea izan da, eta gaurko klabelin eskaintzarekin euren atxikimendu osoa eskaintzea.
Beste auzo bat, beste paisaia bat, beste lema batzuk
Goiz bakarra ez da inola ere aski atzerritar batzuek ondorio sendorik ateratzeko. Baina sumatzen dira ezberdintasun batzuk orain arte mugitu garen Sants auzoarekiko eta zer esanik ez Graciarekiko. Bandera españolak beste inon gaino gehiago balkoietan, senyerak gehiago orain arte ia erabat estaladak ikusi ditugunean, eta Espainiako bandera errepublikarrak ere bai. Gehien oihukatu dituzten mezuetan ere nabaritu dugu alderik: “Kaleak beti izango dira gureak” asko, “in-inde-independentzia” bakanen bat baino ez eta horren ordez “askatasuna!” “askatasuna!”; eta “indarkeriarik gabe elkarbizitza!” hori asko, erreferendumean poliziak sortutako zaurien sendagarri, poliziak erasotu ez zituen Gracia eta Santsen orain arte guk behintzat entzun ez genuena. “Bozkatu dugu!”, “Bozkatu dugu!”, bozkak bahitu dizkietenen ahotik entzuteak hotzikara ere eragin digu. Zer esanik ez, jipoia jaso zutenen ahotik “indar okupatzaileak kanpora!” entzuteak.
Agora eskolan bortizkeria nola bizi izan zuten: mahaiko lehendakariak eta lehen lerrokoek kontatuta
2017-10-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Nou Barris auzunera jo dugu poliziaren indarkeria salatzeko egin den Greba Orokorra eta indarkeria jasan zuten eskoletako klabelin eskaintzak jarraitzera. Lehenik pikete informatiboaren atzetik ibili gara komertzio handietan (jarraian irakurgai izango duzu kronika).
11:00etan zen lore eskaintza Agora eskolan. Nou Barris auzunea izan da urriaren 1eko erreferendumean polizia nazionalak gehienetakoa jipoitu duena. Klabelinak jarri dituzte eskola itxirik duen burdinazko hesian. Adin guztietako jendea txaloka, “bozkatu dugu”, “indarkeriarik gabe, elkarbizitza”, “kanpora indar polizialak” oihuak egin dituzte denen artean. Atzoko egunez, lehen eskola egunez sarraskiaren ostean, umeek psikologoaren hizketaldia jaso zutela kontatu digu auzoan belardenda duenak “asko etorri zaizkit lasaigarri bila. Psikologoarena beharrezko ikusten dut, zaila da azaltzea umeei zergatik dagoen euren eskola txikituta”.
Sarrera nagusiko ateko oharrak dio astebetez patiotik izango dela sarbidea. Kristalezko atearen bestaldean, bihotz forma osatuz paperezko oharrak ikusten dira, eta “Elkarbizitza!” mezua izenburu modura. Ondoko emakume eta gizonari galdezka hasi gara, ea nork eta zer ekimenen barruan egina ote den… eta zoriak nahi izan du emakume gazte hori izatea erreferendumean eskola honetako mahaiko lehendakaria; eta gizona, aldiz, kanpora eta barrura zebilena, dena lehen lerrotik ikusi zuenetakoa. Kontakizun osoa egin digute, bideoan lekuaren irudiak ikusita errazago ulertuko duguna:
6:00etan bildu omen ziren eskola honen ataria defendatzera auzotarrak. Euren auzoa definitu dute “unionistenetako” gisa, parte-hartze txikia izango zutela espero zutena. Defendatzeko orduan asko bildu zirela diote pozez. 9:00etan zen bozketa hastekoa, baina sistema informatikoa jasaten ari zen sabotajea zela eta, “denok genuen mugikorra hegaldi moduan jarrita baina arazoa ez zen kobertura, sistema ari ziren erasotzen”, 10:30ean hasi ziren bozka ematen.
Zaharrak lehen lerroan
Aurrez adostua zuten bozka ematen lehenak zaharrenak izango zirela, mugikortasuna mugatuen dutenak. Bi ilara egin zituzten hasieratik, kalearen alde banatara, eskolako atean jarriko bagina ezkerrerantz gazteagoak eta eskuinerantz zaharrenak. Zaharrenek zuten lehentasuna, baina hainbeste izanik, atean zaharren pilaketa handia egin zen. 10:30 zirela esan dugu, eta ordurako mugikorretatik iristen ari zitzaien informazioa: “auzoan halako eskoletara iritsi direla polizia nazionalak eta egurra eman dutela”; hurrena, gerturagoko eskola baten erreferentzia, argazki zirraragarri eta guzti (guztiok gogoan izango duguna, aitona bat kopetean behera odoletan); hurrena beste batean… “Beldur gero eta handiagoa sentitzen genuen. Batez ere, zaharrengatik. Zaharrak ziren ate aurrean zeudenak pilatuta”. Pilaketak eta poliziaren arriskua saihesteko, 50naka sartu eta ateratzen zituzten zaharrak, eta bitartean ateak itxita izaten zituzten. “Esaten genien zer ari zen gertatzen auzoko beste eskoletan eta gero eta gertuago genituela, baina zaharretan inor ez zen atearen aurretik apartatu. Bozkatu egin nahi zuten”. Kontaketa bare eta dotore egiten ari zaizkigu bien artean, eta mahaiko lehendakariari begiak betetzen zaizkio behin eta berriz. “Gure eskolara polizia etorri arteko 45 minutuak oso larriak izan ziren, antsietate handia bizi izan genuen”.
Ahulenen bila
Poliziak zetozela ikustean, herritar denak estu estu pilatu ziren atearen aurrean. Zaharrenak eta larrialdirik gertatuko balitz behar zuenak azkar atera ahal izateko pasillo bat osatu zuten, juxtu burdinazko barandilladun pasabide hori libreago edo utziz (bideoan ikusiko dugu). Beraz, zaharrak eta mugikortasuna mugatua zuten beste herritarrak hara joan ziren eta sasoikoenak atearen kontra kontra jarri ziren. “Zer egin zuen poliziak? ahulenak zeuden pasabide horretara jo zuzen, eta borrekin egurra banatu kupidarik gabe. Horko jende asko pasabidearen erdian dagoen portalera sartu zen, eta poliziak portal barrura sartu ziren are egur handiagoa ematen jarraitzera”. Atea defendatzen ari zirenen artean angustia nagusitu zen, “nire aita? non dago nire aita?” galdetzen zuen batek bere zaharraren diabetea gogoan. Pasabide horretan poliziek leku hartuta, atearen kontra zeuden herritarrak bultzaka bota zituzten kalearen eskuin alderantz (eskolako atea bizkarrez dugula begiratuz gero). Ordu erdiz eutsi omen zion defentsa herritarrak poliziari kanpoan.
“Burdinezko barrekin zeharo txikitu zuten atea. Kandatuaz guk itxi genuen arratsaldean, ez zegoelako beste modurik”. Ate txikitu eta kandatuduna, lorez inguratua. Zerbait badu irudi horrek, ate horri begira eta geldi aurkitu ditugunerako lehendakaria eta gizona, begiak maiz bustitzen zaizkiola lehendakariari, eta begirada maiz atera zuzentzen duela.
“Poliziak barrura sartu zirenerako, bozka ematera sartutakoak aparteko gela batean bilduta genituen. ‘Horiek bozka ematera etorritakoak dira, horiek ezta ukitu ere’ esan genien” hartu du kontakizunaren haria mahaiko lehendakari zenak. “Eskola osoan gelaz gela pasa ziren poliziak ateak eta ahal izan zuten dena txikitzen. Dena txikitzen”. Bozka-kutxak eraman zituzten. “Nirea bahitutako bozka da” seinalatu du gizonak: “Nik bozkatu nuen eta ez dakigu 700.000 papeleta horiek nora eraman dituzten ez eurekin zer egin duten”.
Arratsaldean denbora labur batez eskola berriz ireki zutela eta bozka-kutxak ekarri zituztela kontatu digu lehendakari aritutakoak. Baina berriz polizia zetorrela eta, eurek itxi zutela eskola. “Bozka batzuk bildu ahal izan genituen arratsaldez eskola honetan”. Auzoko beste eskoletara joan ziren bozka ematera Agora eskolan ezin izan zutenek.
Ezer ez da berdin
Galdetu diegu ea bortizkeria egoera horren ostean beldurrak leku hartu duen auzotarrengan. “Ez, ez, alderantziz da, auzo honetan jende askok argi ikusi du ordura arte eurentzat irtenbide bat izan zitekeen Espainiarekin ez dela posible konponbiderik. Askatzea, ez dago beste aukerarik” esan du gizonak.
Galderak airean
“Ez dakigu zergatik jipoitu zuten hain gogor gure auzoa. Datuak begiratzen baditugu, erreferenduma ez egitea bazen euren helburua, oso eskola gutxitara jo zuten. Eta horietako batzuk Nou Barrisekoak dira. Zergatik? Hemen bozka gutxi bahitu zitzaketen, hemen unionismoa da nagusi… agian hemen errazago sartuko zirela pentsatzen zutelako?”. Teoriaren bat entzun duela esaten jarraitu du gizonak: “Zaharrak eta emakumeak jipoitzea hautatu ote zuten propio, pentsatuz horrek ekarriko zuela sasoiko gizonen erreakzioa, indarkeriaz defendatzera pasatzea eta irudi horiek zabaltzea”. Parametro sexista eta zaharfobiko batetik hautatutako “ahulen” taldeak dira emakumeak eta zaharrak, eta arren erreakzio “biologikoa” haiek salbatzea izango dela eta abar, trogloditikoa, baina poliziaren logikarengandik ezin dugu parekidetasunik espero… pertsona eredu desiragarriagoak ere lantzen ari dira Katalunian herritarrak: independentzia lortuko bada denak izan behar baitu ahalik eraginkorrena. Herritar denak dira indartsuak, bakoitza bere ezaugarriei probetxu atereaz, iraultza honetan.
Zaintza defentsa denean
2017-10-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Urriak 1ean hitz batek bete ninduen buru-bihotz: ZAINTZA, hizki larriz. Eskolak zaindu behar ziren, eta horretarako jendetza behar zenez, jendea zaintzea izan zen gakoa helburua lortzeko, alegia, eskolak zaintzea. Bata bestearen oinarri eta ez helburua pertsonen zaintzaren kontura, hain ohituta gauden moduan. Hemen detaile batzuk:
Gure bizipena izan zitekeen edozein herritarrena, orain arte gai honetaz paso egin duena, orain arteko auzoko lanketa guztian parte-hartzerik izan ez duena, eta egunean lur-hartu duena erreferenduma bermatzeko defentsan. 5:00etan bakarrik agertu nintzen Graciako Vedruna eskolan, eta ateak itxita eta aurrean jenderik gabe aurkitu nuen. “Kaka! eskola hau itxita geratuko da? Ederra hasiera!”. Motoz etorri diren gizon-emakume heldu bat inguratu zait eta emakumeak galdera: “hona zatoz?”; “bai, eskerrak, uste nuen inor ez zela egongo…”. “Eraikinaren bestaldeko sarreratik izango da, zatoz gurekin”.
Bidean kontatu diot ez naizela bertakoa, euskalduna naizela, eta kazetaria. Ez diot euskaldun-harrotasunagatik esan, baizik, katalanez zergatik ez diodan egingo agertzeagatik. Kataluniaren alde zoragarrietako bat horixe iruditu zait, katalanez ez egiteak erreparoa ematen duela. Euskaltzaleontzat paradisua. “Euskalduna? jajaja nik uste nuen mito bat zela, esaten nien auzotarrei, baina nola etorriko dira! eta bai bai, etorri zarete eta mordoa gainera!”. Segidan idatziko dudan postean duzue euskaldunak eta erreferendumaren berri. Jarraian esan dit aurkeztuko didala eskolak defendatzen ari den jendea, kazetaria naizela jakin dezaten. Eskertu diot, ezerosotasunik edo gaizkiulerturik sortu ez dadin.
Ate zaindariak jende zaindari
Eskola atarian jendea elkartuta dago baina bakoitza talde txikitan hizketan. Erosoa da bertan bakarrik ere egotea. Batekin eta bestearekin elkarrizketak erraz josten dira. Eskola barrutik jendea atera denean, lo-zakuetatik jendea zutitu denean eta denok elkarrengandik estu-xamar lekua hartu dugunean, eskolako atea zaintzen duenak oharrak eman ditu. Oso lasai mintzo da, serio, eta diskurtsorik gabe. Egun osoan zehar, eskola atari bakoitzean oharrak ematen dituen pertsonaren bat ikusi dugu. Funtzio hori denek bete dute antzera: tonu lasaian hitz egin, jarraibide argiak eman baina ez agindu tonuan edo builaka, eta beti enpatiatik “badakigu nekatuta gaudela, denok gaude lo gutxi eginda…” eta animoak emanez “ondo ari gara”, “orain arte frogatu dugu gai garela…” eta umorez “pazientzia, egun osoa emango dugu elkarren pega-pega eginda…”. Funtzio hori bera zaintza gisa sentitu dut, unean unean informazioa ematen zutelako zer gertatzen ari zen eta une bakoitzeko helburua zein den argitzeko, adibidez “9:00etan irekiko da eskola eta bitartean garrantzitsua da leku hau erabat okupatuta izatea”, edo “bozkatzen hasi gara baina 20:00ak arte iraun behar dugu, lana ez da norberak bozkatu duenean bukatzen”… eta benetan, 5:00etatik leku berean zutik dagoenarentzat, mezu horiek behar-beharrezkoak dira gertatzen ari dena ulertzeko, bertan jarraitzeari zentzua emateko eta denbora epe “ertain” (bi ordu barru) helburu batekin betetzeko.
“Hau ikusteagatik denak merezi du”
Katalan bati eta besteari entzun diogun esaldia izan da, herriko zaharrak bozka emanda ateratzen ikustean. Gu egon garen eskoletan lehentasuna eman zaie, hamaika motibo historiko badira horretarako, eta zaintza ere bai, ilaratan ez egonarazteko. Lehentasuna izan dute, baita ere, mugikortasuna mugatuta duten gorputz guztiek. Ez dakit malkorik begi-ertzera etorri ez zaionik egon den irudia ikusi duten milioika herritarren artean: gerra bizitako jendea, frankismoak zigortutakoa, era guztietako jendea, azal beltzekoa, erlijioagatik zapiz estalitakoa, gurasoek bizkarrean daramaten umea, amonari helduta doan tatuajeduna…
Eskola zaintzen ari zen jendeak pasilloa ireki eta txalo eta oihuka babestu ditu une guztian. “Bozkatu dut!”, “Bozkatu dut! eta sistema badabil eta zuek ere bozkatuko duzue” moduko esaldiak esaten zituzten irteeran, askok ukabila altxa ere bai, “Visca Katalunia!” oihu egin eta jendetzak ahobatez “Lliure!” biribildu…
Erreferendumetik geratuko zaigun garaipen irudi handietako bat bizipen horiek izango dira. Bajina-hoditik munduratzen garenean bezala, zer adierazten dio bozka-kutxatik kanpora pasilloa zeharkatzen duenari, herritarren txalo, oihu eta maitasunez bilduta? Zer mundutara jaiotzen da?
“Herria batuta ikusteagatik denak merezi du” esan digu, begiak bustita, Bartzelonako Gotiko auzoan emakume batek. Pare bat sarrera-esaldiren ostean azaldu diot kazetaria naizela, eta ea ados dagoen berari argazki bat atera eta mezu hori zabaltzearekin. Onartu du, eta hautatu du malkoa isuri, garaipenaren keinua egin eta irribarrea agertzea. Hementxe duzue:
Oinarrizko beharrak ase edo defentsari eutsi ezin
Eguerdiko 13:00 da Sants auzoko Carlos enperadorea, Jaume I eta Hizkuntz eskoletara iritsi garenean. Elkarrengandik gertu daude, eta bi gazte ikusi ditugu batetik bestera, supermerkatuko orgatxoari tiraka, jatekoa eskainiz “patatak, txokolatea, gailetak eta fruta geratzen zaigu. Nork nahi du?” gerturatzen dira batengana eta bestearengana. “Egia, hauek denek ilaran jarraitu behar badute beste ordu batzutan, eguerdia pasa beharra dago!”. Izan ere, iralako asko 5:00etatik daude bertan, eta konexio arazoak medio ilara osssso mantxo doa.
“Kausagatik”
ARGIAko kide Xabier Letonak taxia hartu du goizeko 5:00etan Sants auzorako. Bidean taxistarekin aritu da egun handiaz, hasieran gidariak bezeroaren joera tentuz igarri du, eta konplizitatez mintzatu dira, taxistak lanbide horri dagokion tonu beroan hizketan bukatu arte. Errepidea moztuta dago azken zatian. Taxilariak kontagailua geratu du eta “kausagatik” eraman du eskola aurreraino, aukera izan duenean. Gerora jakin dugu, taxilari sare bat antolatu dela urriaren 1erako, bozkatzera joateko mugikortasun mugatua duen jendea doan eskola ateraino eramateko.
Telegram kontuak
“Alerta 1-O”, “Escoles Obertes” eta “#ReferendumGracia” kontuetatik informazioa, oharrak, aholkuak… eman dizkigute herritarrei egun osoan zehar. Zaintza gisa bizi izan dugu zerbitzu hau. Eta herritarrak bere indarra premia dagoen lekuetara bideratzeko balio izan du aldi berean, hortik jakin baitugu zein eskola ataritan behar zen defendatzeko jende gehiago.
Dantza eta kantua ere zaintza dira
Baketsua eta sendoa, ez inozoa
2017-10-02 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
[slider][/slider]
Bartzelonako auzo Gotikoko Cervantes eskola, 18:30 aldera. Jendetzak zaintzen du sarrera. Giza-katearekin pasilloak eginez irekitzen zaie bidea herritarrei bozkatzera sar daitezen ate batetik, eta bozkatu ostean kanpora atera daitezen beste ate batearen aurrean pasilloa eginda. Ondoren idatziko dudan zaintzari buruzko kronikan irakurriko duzue zer komunitate batasun indartsua sortzen duen pasillo horretan pasatzeak. Harira:
Beste eskola batera joatea pentsatu dugu eta pixkanaka kanporatzen ari gara jendetza kontzentratuta dagoen nukleotik, festa handi bat dena, baten malkoak, bestearen analisiak eta honen agurrak josten dituena. Halako batean, isiltasuna eskatu dute, eta ERLAUTZAKO ZARATA nagusitu da. Srsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrs oso indartsu bat, eta jende multzo hori batuz joan da estu-estu egin arte, nukleo gogor bat egin arte.
Kamararekin aurreratu naiz “saltsa” dagoela iruditzen zaidan eremura, zer gertatu den. Edo polizia etorri da, edo… Xabier Letona ARGIAkideak kontatu digu pare parean ikusitakoa: pasillo bat ireki duela jende multzoak, eta pasillotik lasterka alde egin dute poliziek, jendearen txistu eta oihu artean. “Motxila zeramaten bi horiek ziren” beste herritar batek.
Nola antolatzen da herritarren defentsa eraginkor hau? oraingoan bizi egin dugu, hurrengo baterako badago zer aztertua.
Bozka-kutxak kotxez iritsi dira
Auzo aberats batean, bozkatzeko zain den arkitektoak kontatu digu: “Eskola hau monjena da, ez da publikoa. Eskola atariko errepidean kotxe bat egon da aparkatuta, eta gaur goizean kotxe horretatik atera dute bozka-kutxa eta barrura sartu. Espainiak onartu dezala ez duela dena kontrolatzen”. Graciako beste auzotar batek kontatu digu goizeko 6:00 aldera mugimenduak somatu dituela errepidean eta kotxe batetik bozka-kutxak Vedruna eskolara sartzen ikusi dituela. “Ze emozio! ikusi egin dut!”. 6:00etan? arraioa, gu eskola atarian geunden ba, noiz iritsiko zain zain! “Bai, baina eskolaren beste aldeko atetik sartu dute”.
Nor da arduradun?
Mossoak etorri dira, denek espero bezala, 6:00etatik aurrera. Tonu onean, oihurik egin gabe, beren protokoloa bete dute. 5:00etatik eskola zaintzen ari den jendea estu-estu elkartu da eta isiltasun sendoa hedatu da. Prestaketa lanetan aurrez gehien aritu direnak daude mossoen aurrean lehen lerroan. “Nor da arduraduna?” Mossoak. “Tots! Tots! Tots!” denek batera garrasi. “Totes!” puntualizatu du oihu batean emakumezko batek eta irribarrez denek baietz, arrazoi duela: “Totes!” “Totes!”, “Totes!”. Borroka eta aldarrikapen asko landu dira kalean aldi batera.
Vedrunan, poliziak etorritakoan, auzokoek bozkatzeko lehentasuna
Vedrunan (aurreko kronikan kontatu dudan moduan) bozketa zabaltzearekin batera zehaztu dute “hau auzoko ekintza bat da, beraz, auzotarrek bakarrik bozkatuko dute. Atera DNIa eta eskutan izan”. Harrigarri egin zaigu, ondokoak lasai esan digun arte “kalez jantzitako bi polizia omen dabiltza hemen, eta horregatik da”.
Mezu hau eman du ataria zaintzen duenak ondoren: Kaleko jantzitako poliziaren batek bozkatzera sartzea lortzen badu, ez joan: elkartu ahalik estuen eta atearen kontra bultzaka jarri. Atea itxita egongo da eta lortu behar dugu polizia kanporatzea baina bozka-kutxa barruan geratzea.
Modu baketsuan eta lasaian, eta festa giroan, baina ez da edukiz hustutako defentsa eguna izan, inondik ere. Erreferenduma segurtatzea izan da lehentasuna, ez da mezu on-poto sasi-arinik erabili, “denok gara berdinak eta beraz edonor, infiltratuak barne, aurrera”.
Kazetariak bai baina arduraz
Eskola atarietan denek dute mugikorra eskuan gertatzen dena handik edo hemendik jaso eta ingurukoei kontatzeko. “Esaten ari dira ez esateko zein eskoletara iritsi diren bozka-kutxak! gehiegi informatzen badugu gu ari gara poliziei informazioa ematen!”. “Ez esan zein eskoletan erori den interneta! denok jarri behar dugula mugikorra hegaldi moduan, bestela kobertura betetzen omen dugu…”.
Eskolaren, momentuaren eta egoeraren arabera, kazetari modura erantzun ezberdinak jaso ditugu. Errespetuz beti, baina “ez” irmoak jaso ditugu eskola barrura sartzeko eskaera egitean, ARGIAko kazetari txartela eskuan. Ulertzekoa, jendeak ordu luzez bozkatzeko egindako ilararen ostean sarbidea nahi baino mantsoago baitoa. Edo lehen orduak izanik, dena nola joango den jakin arte, kaleko polizien arriskua erreala izanik, egoera kontrolatu arte badagoelako nahiko lan kazetariei erantzutea baino. Edo… beste eskola, ordu eta testuinguru batzuetan, sukalderaino sartu gaituzte, irribarretsu, eta eurak dira lasai berriketan aritzera gonbidatu gaituztenak, ea nola perzibitzen ari garen gertatzen ari dena eta abar…
Bideoan, auzo aberats bateko eskolan bozkatzen, atea zaintzen zegoen bolondresak, akreditaziorik ez bagenuen ere, barruraino lagundu izanari esker:
Bartzelonako Gotiko auzoko Cervantes eskolan ere ateak zabaldu dizkigute, presarik gabe eta bata eta bestea aurkeztuz, bozkaketa grabatzeko:
Eta ondoren balkoira igo eta irudiak hartzeko:
Inork ez daki ezer, berak egin behar duena bakarrik
Asteburu osoan somatu dugu hori, bakoitzak daki zertan ari den, eta horri buruz bakarrik hitz egingo dizu, gainerako gaietaz “nik ez dakit ezer” esplizitatuz. 20:00etan euforia betean garaipena ospatzen ari garela, Graciako La Fontanan auzotar batek monologo baterako adinako graziarekin bota dizkigu zirti-zarta, independentziarena nola ikusten duen, Espainiaren jarrera eta abar. Mesedez, kontaketa egin eta den dena amaitzen den arte inork ez dezala bertatik alde egin eskatu dute eskolaren barruan lanean ari direnek. “Botoak kontatu, eta gero…?” galdetu diogu eta berak atera du sekretismoaren gaia ere, umore handiz: “Bozketa arrunt batean mossoak etorriko lirateke bozka-kutxak eramatera. Baina hau ez denez bozkaketa normal bat, auskalo! Gainera, hemen inork ez dakienez zer gertatuko den 5 minutu barru…! Horrela, begira, atxilotzen bagaituzte ere ez genekien ezer!”.
Arazo batean aurrean, erantzun kolektiboa eta unekoa
Auzo bakoitzean komunitate-sareak ezberdinak direla sentitu dugu. Gracian estuena. Atea zaintzen ari denak ahoa irekitzen duenean, isiltasun erabatekoa egiten da. “Iphone 5-arentzat kargagailua behar da”. “Iphone 5arentzat kargagailua! Iphone 5arentzat kargagailua!” errepikatzen dute denek intentsitatez behin eta berriz, oso denbora gutxian (minutuz azpitik) esango genuke, norbaitek eskutan erakusten duela ateraino eramaten duen arte. Txalo, barre eta animo oihu artean ospatzen da guztien lorpena. Iphone kargagailuaren ostean etorri da “informatikariak behar dira”; “informatikariak! informatikariak”. Beste minutu batean, bi agertu dira eta berriz txaloka eta oihu umoretsuka ospatu dute denen garaipena. Bi minutuan da sartu diren bi informatikari horietako bat, “ez nautela behar, barruan taldea osatu dela” adieraziz.
Sants auzoan beharrak komunikatu eta momentuan asetzeko ez darabilte juxtu sistema bera baina bai eraginkorra eta unekoa: interneta erori dela jakin orduko, bizilagun batek leihotik kable luuuuuuze bat bota du eskola barruraino eta kito. Euria hasi duela? beste bizilagun batek garajeko atea zabaldu du jendea babesteko.
Defentsa baketsu eta eraginkorraren beste hainbat irudi jaso ditugu, inoiz irudikatuko ez genituzkeenak ere bai: herritarrek poliziak korrika ihes egitera nola eraman dituzten… Beste herri edo eskoletan antzeko adibiderik duenak bidali nahi badu, oso gustura osatuko dugu artikulu hau.