Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2025(e)ko ekaina
- 2025(e)ko urtarrila
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa


Askeguneaz solasaldia: elkartasunaren indarra
2018-05-23 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Egoi Alberdi, Maite Bidarte, Aitor Olaizola, Oier Lorente eta Ekaitz Ibero, Donostiako Askeguneaz hausnartzen.
2013ko apirilean egin zen Donostiako Askegunea, eta bertan atxilotu zituzten Egoi Alberdi, Aitor Olaizola, Oier Lorente eta Ekaitz Iberok hitzaldia eskaini zuten maiatzaren 21ean Gipuzkoa Plazan, Bizitza Da Handiena borroka astearen barruan. Eleak-Libre mugimenduak antolatu zuen eta Maite Bidarte, Herri Harresiez informatzen trebatutako Info7-ko kazetaria izan zen aurkezle.
Hona hemen, solasaldian nabarmendu zituzten hainbat ideia:
Askegunearen hastapenez galdetu zien Bidartek, eta lauen artean kontatu zuten hasierako planteamendua landu zutela eurek. Baina Olaizolaren hitzetan: “Aurreikuspenak egiten dituzu baina ez dakizu noraino iritsiko den”. Iberok ere antzera: “Prozesu luzea izan zen, asko hitz egiten genuen nola erantzungo zuen herriak eta estatuak. Baina praktikan jartzean izan zuten erantzunarekin asko flipatu genuen”. Lauek azpimarratu zuten “talde lanari, egindako prozesuari eta jende guztiak hartu zuen konpromisoari esker” hartu zuela halako gorputza eta giharra Askeguneak.
Kartzelatik ateratakoan gizartean eta gauzak egiteko moduan aldaketak sumatu zituztela adierazi zuten. Lorentek horren adibide jarri zituen Gipuzkoa Zutik edo Bizitza Da Handiena borroka astea bera: “ekimen ezberdinak egiten dira, eragile anitzak batzen, plazak eta espazioak okupatzen… herri mugimendua sortzeari begira urrats positiboak iruditzen zaizkit”.
Atxiloketa unea: larria, indartsua, xamurra…
Haien aurkako atxiloketa agindua jaso zutenean erabaki zuten Askegunean bertan lo egiten geratzea. Hainbat gau larri pasa zituzten, “orain etorriko dira, ez dira etorriko…” zalantzan. Alde on hau azpimarratu zuen Olaizolak: “Etxekoekin agurtzeko aukera izan genuen”. Lorentek Herri Harresia bizitzea “benetan polita” izan zela nabarmendu zuen: “Une jakinetan mila jende inguru biltzen ginen, eta gauzagarria izan zen soilik hainbeste jendek hartutako konpromisoagatik”. Iberok zera gehitu zuen: “Kartzelarako geratzen zaizun txutea ere handia da. Bajualdiak izaten dira kartzelan, eta Herri Harresia gogoratu eta indarrak hartzen dira”.
Bitxikeria: kezka, zapatillengatik
Alberdik umore handiz kontatu zuen Askegunean bizitako bitxikeria hau: “Ertzainek hainbat froga egin zituzten, nola erreakzionatzen genuen ikusteko. Eta horietako batean sirena jo eta prest jarri ginen, eta niri ez zidan denborarik eman zapatilak janzteko eta nire kezka bakarra hori zen, kartzelara zapatillarik gabe joateko gogorik ez nuen. ‘Zapatillak! Zapatillak!’ egiten nuen oihu. Eta ondoan ditudan beste hauek haserretu zitzaizkidan: ‘Nola zapatillak! badatozela!'”.
Iberok zirikarako hitzak izan zituen solasaldi osoan zehar beste kideentzat: “Lorenteren ‘maite zaituztegu!’ oihua ere historiarako geratu zen (karkarkar)”.
Herri Harresien gaitasuna
Hauxe da Alberdik Askeguneen esperientziatik ateratako ondorio nagusia: “Nahi dugunean, ahal dugula”. Olaizolak horrela azaldu zuen: “Garai hartan jendea kartzelara masiboki sartzen zuten, eta kalean frustrazioa zegoen ez genuelako erantzun indartsurik ematen. Herri Harresiek frogatu zuten bazutela gaitasuna haien erabakiak baldintzatzeko, eta beste hainbat borroka molderekin batera balio izan zuen kartzelaratze masiboak frenatzeko. Ikusi zen badagoela herritar talde majo bat eskubideen alde borrokatzeko prest”.
Publikotik, bi emakumeren lekukotza
Osasun eremuko langilea zela azaldu zuen mikroa hartu zuen publikoko lehen pertsonak, eta hauxe jarri zuen balioan: “Txunditu ninduten nola erizain talde gazte bat antolatu zen, egoerari erantzuteko. Alde Zaharreko kaleetan pilatzen ziren Herri Harresitik oso era bortitzean atera zituzten herritarrak, eta erizain gazte horiek, ia baliabiderik gabe, zein ongi antolatu ziren! Niretzat eredu izan ziren”. Hitza hartzen bigarrenak azaldu zuen egun haietan otorduak prestatzen eta eltzeak garraiatzen parte hartu zuela: “Zergatik geunden han? Kartzelen aurkakoa naiz, inor ez litzateke kartzelan sartu behar. Zehazki gazte hauek ere ez zituzten eraman behar, eta senide bat dut kartzelan eta egoera oso ongi ezagutzen dut: kartzela ez da edozer”.
Elkartasuna: militantziak pertsonei eustea esan nahi duenean
Elkartasun keinuren bat gogora ekartzeko proposatu die Bidartek, baina “bakarrarekin nola gelditu!” ezinezko dela erantzun du Alberdik. Olaizolak egun haietan Askegunean parte hartu zuten eta geroztik hil diren herritarrak aipatu zituen, banaka. Eta hauxe gehitu du: “EAJko auzokoa etorri zitzaidan, esanaz ‘badakizu nola pentsatzen dudan baina’… eta besarkada bat eman zidan”. Etxekoen jarrera ere gogora ekarri zuen: “maila egoista batean esan zezaketen ‘zuekin bakarrik egon nahi dugu’, baina guretzat oso garrantzitsua izan zen ekimen honen zentzua ulertzea eta etxekoak ere bertan parte izatea”.
Lorentek militantzia ulertzeko beste modu bat azpimarratu zuen: “Egun haietan asko hitz egiten genuen militantzia hitzaren inguruan. Militantzia askotan ulerten dugu ‘zerbait egitea’ dela. Egun horietan militantzia ulertzen genuen goizetik goizerako bizitzari eusteko konpromiso luze horretan, eta gure ingurua babes handia izan zen guretzat, azken orduetan oreka mantentzeko”.
Maiatzaren 25ean Libre Lasterketa
Bizitza Da Handiena ekimenaren barruan, Eleak-Libre mugimenduak lasterketa antolatu du ostiral gauerako (21:00etan hasiko da). Bertan biltzen den dirua Azpeitiko Askegunean atxilotutako bi lagunek jaso duten milaka euroko isunari aurre egiten laguntzeko izango da.
Errepresaliatu politikoak V. Familia zigortzeko tresna bihurtzen dutenean
2018-05-04 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Ezkerretik eskuinera: Nekane Txapartegi, Paola Salgado, Amaia Zufia eta Ainara Lasa.
Maiatzaren 1eko Festaren baitan, apirilaren 28an Zurichen mahai-ingurua egin zuten Nekane Txapartegi, Kolonbiako Paola Salgado Piedraita eta Euskal Herriko Bilgune Feministako Ainara Lasa eta Amaia Zufiak. Publikotik galdera hau jalgi zuten:
Estatuak amen aurka erabiltzen duen errepresioan, zein da errepresioaren jomuga; ama edo alaba? Zein da errepresio horren helburua?
Nekane Txapartegik kolpean erantzun zion: Bientzat. Gure ume eta familiarrak erabiltzen dituzte, emakumeok hautsi gaitezen, gure ideietatik urrundu gaitezen eta politikoki desaktibatzeko. Nolabait, familiarengandik urruntzen gaituzte politikatik urruntzeko. Jakitea zure familiek 1.000 kilometro egingo dituztela zu 40 minutuz ikusteko eta bidean hiltzeko arriskua dutela, psikologikoki eramateko oso gogorra da.
Gure inguru osoari ematen dion mezua hau da: gure familiak zigortuak dira, gure familiar izateagatik bakarrik. Zuek ere, borrokatzen baduzue, kartzelan buka dezakezue eta horrek familientzat hau guztia ekartzen du. Horrela sustatu nahi dute beldurra, terrorea.
Paola Salgado Piedraita: Honek zerikusia du justiziaren zentzu patriarkalarekin. Emakumeekiko eta bere inguruarekiko kastigua handiagoa da justiziaren aplikazio osoan: prozesua, detentzioa, kondena, gogorrago ezartzen dizkiete emakumeei. Justizia patriarkalaren ideia da emakumeekiko esku bereziki gogorra aplikatzea, gainerako emakumeei ejenplo emateko zigorrak jartzea, beste emakume batzuek bide bera jarrai ez dezaten.
Ainara Lasa: Espainiako Estatuak dispertsioa erabili du errepresiorako. 30 urteotan 1.200 preso politikotik gora egon dira Espainiako Estatuan bere herritik 780 kilometrora, bataz beste.
Dispertsioa mendekuan oinarritutako kartzela politika da, presoei pertsonalki eta politikoki suntsitzeko ezartzen zaiena. Bere ondorioak larriki pairatzen dituzte beren gorputzetan lagunek, senideek, guraso eta seme-alabek. Dispertsioak 30 urtean desgastea ekarri die familiei sozialki, ekonomikoki eta fisikoki. Eta arrisku handia ekarri du errepideetako istripuak izateko.
Gaur Espainian 350 preso politiko daude eta hauetatik 39 dira emakumeak. Eta emakume presoek dispertsio bikoitza jasaten dute: 12 bakartuta daude estatu osoan, beste preso komun batzuekin, eta emakume askori isolamendu politikoa are larriago aplikatzen zaie. Arantxa Zuluetak bizi izandakoa ekarri nahi dugu: aktibista bat, bere etxetik 1.100 kilometrora preso egon zena, eta 3 urte izan zuten modulu batean bakarrik: ez zuen inolako harremanik beste presoekin, patiora bera bakarrik ateratzen zen, soilik funtzionario batzuek ikusten zituen, eta asteak pasatzen zituen soinurik entzun gabe eta inorekin inongo harremanik izan gabe.
Bilgune Feministarentzat beti izango da garrantzitsua egoera hauei babesa ematea, gorputza jartzea eta salatzea.
Sorta honetako beste artikuluak:
ETAren desmobilizazioa berrestea Genevan: OSORIK BIDEO ETA ARGAZKITAN
2018-05-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
ARGIA Genevako ekitaldian izan da. Hemen bertan atera ditugun bideo eta argazkiak:
David Harladn, Henry Dunant Zentroko zuzendariak ETAren agiriaren laburpena egin du eta bost puntu azpimaratu ditu:
Raymond Loretan Henry Dunant Fundazioko zuzendariaren hitzak. Tartean, David Haladn, Henry Dunant Zentroko zuzendariak aulkian utzitako ETAren agiria ikusten da.
Ordezkari politikoak Henry Dunant Zentrora sartu direnekoa:
Frantziako Justizia ministro ohi Christiane Taubira.
Goiza argazkitan:
Henry Dunant zentroa goizeko 11:00etan. Euskal Herriko, Suitzako, Frantziako eta Erresuma Batuko hainbat medio pilatu gara atean.
Egoitzaren atzekaldean, aretoko kurtinak itxita eta argiak pizturik ziren.
Frantziako Justizia ministro ohi Christiane Taubira.
David Harladn, Henry Dunant Zentroko zuzendariak irakurri du ETAren agiriaren laburpena. Argazkiotan, aulkian eseri eta ondoko aulkian utzi duenekoa.
David Harladn, Henry Dunanteko zuzendariak ETAren agiria bere ondoko aulkian utzi duenekoa.
Taubira eta Harladn, lehen lerroan, Raimond Loretanen hitzartzea entzuten.
Errepresaliatu politikoak IV. “Ez badago emakumeentzat bakerik ez dago benetako bakerik”
2018-05-03 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Ezkerretik eskuinera: Nekane Txapartegi, Ainara Lasa, Amaia Zufia eta Paola Salgado.
Nekane Txapartegik puntu hau jarri zien Kolonbiako Paola Salgado Piedraitari eta Euskal Herriko Bilgune Feministako Ainara Lasa eta Amaia Zufiari, Maiatzaren 1eko Festaren baitan apirilaren 28an Zurichen egin zuten mahai-inguruan:
Une honetan gatazkaren konponbiderako prozesuak ematen ari dira Euskal Herrian eta Kolonbian. Zer ekarpen egin ahal die feminismoak prozesu hauei?
Amaia Zufia: Ekarpen feministetako bat da gatazka politikoetan emakumeen errealitatea ikusgarri egitea. Azken urteetan emakume errepresaliatuekin elkartasun kanpainak egiten aritu gara, batez ere, oso egoera muturrekoak bizi izan dituzten Sandra Barrenetxea, Sara Majarenas eta bere alaba Izar, Arantza Zulueta eta Nekane Txapartegiren egoera salatzen eta ezagutzera ematen.
Zer den gatazka eta beraz zer bakez ari garen birkontzeptualizatzea eta problematizatzea da gure lana. Guk gatazkaK esaten diegu, pluralean, ez ditugulako hierarkizatu nahi gatazka batzuk besteen gainetik jarriz.
Estatuak bake prozesua erabat blokeatua badu ere, gizartean bada halako sentsazio bat “bakean” bizi garenarena. Eta hor feministok galdetzen dugu: zer bakez ari gara? Zer da bakea? Zeren gu erailtzen jarraitzen dute, bortxatzen, akosatzen…
Gertakari traumatiko bat aipatu nahi dut: 5 gizonek taldean bortxatu zuten emakume bat San Fermin festetan, eta tribunal batek sententziatu du ez dela bortxaketa izan, abusu bat izan dela baina ez dela indarkeriarik egon. Eta horrek agerian jarri du zer den patriarkatua, zer lotura duen estatuarekin, sistema judizialarekin, beren boterea erabiltzen dutenak emakumeen gorputzaz jabetuz… Horregatik egin genuen duela 2 urte kanpaina bat dioena: “Hau ez da gure bakea”.
Uste dugu bakea prozesu konplexua dela, modu integralean eta modu kolektiboan eraiki behar dena. Aitortza eman behar dio emakumeen egiari ere, eta hamarkadotan bizi izan dugun min guztia erreparatu behar du. Memorian eta justizia sozialean oinarritu behar da. Eta ezinbestekoa da presoak etxera itzultzea eta euskal errepresaliatuek jasan dutena erreparatzea.
Paola Salgado Piedraita: Kolonbian 60 urte daramatzagu intentsitate altuko gatazka armatuarekin: estatuaren gerra zikina eta honi aurre egiten dien hainbat insurjentzia armaturen artekoa. Kolonbiak azken hamarkadatan prozesu politiko bat egin du insurjentzien eta estatuaren artean, gatazka armatua gelditzeko eta bake bat egiteko Kolonbiako herri osoarentzat, justizia soziala eraikiz.
Lema hau erabili du mugimendu feministak: “Emakumerik gabe ez dago bake osorik”. Honek ekarri du emakumeek parte-hartze aktiboa izatea bakea eraikitzerakoan. Gobernuaren eta insurjentzien arteko negoziazioetan benetan leku bat izatea lortu dute.
Emakumeek eta emakumeen erakundeek landu dute gatazka armatuaren ondorioz biktima izan ziren emakumeen egia, justizia eta erreparazioa. Batez ere bermatzeko gatazkaren markoan egin diren genero krimenak ez direla errepikatuko. Badira gatazka anitzak, horietako bat emakumeen gorputzaren kontrakoa, eta ez badago emakumeentzako bakerik ez dago benetako bakerik.
Sorta honetako beste artikuluak:
Errepresaliatu politikoak III. “Borroka da nire terapia” eta osatze feminista
2018-05-02 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Ezkerretik eskuinera: Nekane Txapartegi, Paola Salgado, Amaia Zufia eta Ainara Lasa.
Maiatzaren 1eko Festaren baitan, apirilaren 28an Zurichen mahai-ingurua egin zuten Nekane Txapartegi, Kolonbiako Paola Salgado Piedraita eta Euskal Herriko Bilgune Feministako Ainara Lasa eta Amaia Zufiak. Publikotik galdera hau jalgi zuten:
Nola eraman duzue alde psikologikoa kartzelan, jasan duzuen indarkeriarekin?
Nekane Txapartegiren erantzuna: Borroka da nire terapia, batzuetan motxila hori, trauma, beteagoa doa beste batzuetan baino. Baina badira bi aukera: Aurrera egin edo bidean geratu. Komisaria horretan erabaki nuen aurrera egitea, eta torturari buruz egiten dudan salaketa bakoitza urrats bat da borroka honetan. Nire borroka ez da pertsonala, kolektiboa baizik. Nire borrokarekin ikusarazi nahi dut Espainiako Estatuak erabili duen tortura sistematikoa euskal aktibisten aurka.
Nire zati bat komisaria horretan geratu zen. Eta aitortzarekin lortuko dut nire zati hori ekartzea, nire zati dela onartzea eta aurrera jarraitzea. Horregatik, libre nago baina ez naiz libre sentitzen. Alde batetik, euskal errepresaliatu izaten jarraitzen dudalako, ez dudalako aitortzarik, eta torturatu ninduten legeek indarrean jarraitzen dutelako. Nire askatasuna erabatekoa izango da gainerako emakume eta errepresaliatuak askatzen direnean, eta borroka feministan jarraituko dut, nagoen tokian nagoela.
Paola Salgadok jarraitu zuen: Errepresio judizialak bilatzen duena da aktibista aulkitxoan eta palestra publikoan jartzea, politikoki hausteko eta moralki eraisteko. Dudarik gabe, errepresioa eta erbestea ez ditugu soilik bizi gertatzen diren epean, bizitza osoan zeharkatzen gaitu. Beraz, badituzu momentuak benetan hausten zarena eta behera erortzen zarena, eta beste momentu batzuk zure duintasunak irauten duena ia ukitu gabe. Ia.
Nire indar iturri nagusi izan dira gure aferan inplikatu ziren ehunka pertsonak, inplikazio hori hamaika modutara adierazi zutenak. Kaleko bizitzan tragedia jasaten duzunean, jendeak besarkatzen zaitu eta bere sorbalda eskaintzen dizu, baina kartzelara sartzen zaituztenean jendeak transmititzen dizuna indarra da, eta hori ezinbestekoa da une horietan.
Nire burua osatzeko prozesuan akonpainatu nau, Red de Sanadoras Ancestrales sareak. Sare honen helburua da arbasoen jakintza biltzea gorputza, espiritua eta burua sendatzeko. Herritarren jakintza da, normalean emakumeek sortu eta belaunaldiz belaunaldi trasmititu duguna. Hori oso garrantzitsua izan da niretzat, nire borroka eta nire konbikzioak ukiezin mantentzeko gaitasuna garatzeko.
Amaia Zufia: Erantzun nahi genuke ez errepresaliatu gisa, baizik zer egin dezakegun aktibismo politikotik min hau erreparatzeko. Aitortzaren garrantzia aipatu da. Urriaren 8an “Nik sinesten dizut” ekimena sustatu genuen Foro Sozialetik, bertan dago antolatua gizarte zibila gatazkaren konponbidea sustatzeko. Saiatu ginen era askotako indarkeria bizi izan duten emakumeekiko justizia eta aitortza egiten, tribunalek ez baitute egiten: tortura sexista, lesbofobia, bikote barruko indarkeria… sinesgarritasuna eta aitortza herritarra emateko ekintza izan zen.
Horregatik, Paolak azaldutako osatze feminista lantzen hasi gara, ikasiz Latinamerikan egiten ari diren bidetik. Erreminta eta prozesuak behar ditugu, Latinamerikako kideengandik ikasi baitugu zu osatzen bazara, ni osatzen naizela.
Sorta honetako beste artikuluak:
ARGAZKI GALERIA: Suitzako M-1 manifestazio nagusia, Zurichen
2018-05-01 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
“Preso Politikoak: Askatasuna” izan du aurtengo M1ak ardatz. Nekane Txapartegik euskal presoen egoera lehen lerrora ekarri du.
Antifaxistak.
Gerren kritika hamaika modutara.
“Nik sinesten dizut”. Alu intsumisoen martxa.
Okupazioaren alde.
Rojavarekiko elkartasuna oso indartsua izan da aste osoan.
Nekane Txapartegik Rojavarekiko elkartasunez egin ditu azken hitzak ekitaldi nagusian.
“Langileen eskubideekin garbitzen dituzte eskuak”.
Txiapasko kafeaz indarrak hartzen.
Baretasunaren alde.
Manifestazioa kartzelaren aurretik pasa denean.
Umeen aldarria: “Natura lehenetsi diruaren gainetik”.
M-1eko ekitaldi nagusian haurrek beren mezua helarazi dute.
Nekane Txapartegik munduko preso politiko guztientzat askatasuna eskatu du. Euskaraz eta alemanez eman du hitzaldia. Soinean, Euskal Herriko Amnistiaren zapia, eta kurduen zapi eta jaka jantzita.
Nekane Txapartegiren hitzaldiaren une batzuk, bideo laburretan ikus-entzun ditzakegu hemen.
Txapartegiren hitzartzeak iraun duen bitartean, euskarazko mezua duen pankarta, ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderak zabaldu dituzte manifestariek.
Jendetza Suitzako M-1 ekitaldi nagusian.
Nekane Txapartegik munduko preso politiko guztien askatasuna eskatu du Suitzako M1eko ekitaldi nagusian
2018-05-01 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Suitzako Maiatzaren 1eko Komiteak antolatuta, manifestazio jendetsua egin dute Zuricheko kaleetan. Borroka bakoitzak bere lemak, pankartak eta mobilizazio irudimentsuak atera ditu kalera. Aurtengo gai ardatza “Preso Politikoak: Askatasuna” izan da eta manifestazio amaierako ekitaldian, Nekane Txapartegik hartu du hitza. Goiko bideoan ikus dezakegu Txapartegiren hitzaldiaren hasiera, euskaraz. Jarraian, alemanez egin du.
Eta amaierako hitzak Rojavarekiko elkartasunez egin ditu:
Ondorengo bideoetan, jendeak Euskal Herriko, Kataluniako eta Rojavako preso politikoen askatasuna eskatuz eginiko oihuak entzun ditzakegu.
Maiatzaren 1eko Nekane Txapartegiren argazkiak:
“Preso Politikoak: Askatasuna” izan du aurtengo M1ak ardatz. Nekane Txapartegik euskal presoen egoera lehen lerrora ekarri du.
Nekane Txapartegik Rojavarekiko elkartasunez egin ditu azken hitzak ekitaldi nagusian.
Nekane Txapartegi, jendetzaren aurrean irakurriko zuen testua eskuan.
Nekane Txapartegi ekitaldi nagusian hitzaldia ematen. Euskal Herriko Amnistiaren zapi gorria eta kurduen zapi koloretsua eta jaka jantzita.
Txapartegiren hitzartzeak iraun duen bitartean, euskarazko mezua duen pankarta, ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderak zabaldu dituzte manifestariek.
Suizako M-1 manifestazioa eta amaierako ekitaldi nagusia azken urteetako jendetsuena izan da.
Errepresaliatu Politikoak II. “Hezur-haragizko feminismoak bizitza salbatu zidan”
2018-05-01 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Paola Salgado Piedraita, Nekane Txapartegi begira duela. Kolonbiako aktibista errepresaliatua Euskal Herrian izango da maiatza erdialdean.
Nekane Txapartegik puntu hau jarri zien Kolonbiako Paola Salgado Piedraitari eta Euskal Herriko Bilgune Feministako Ainara Lasa eta Amaia Zufiari, Maiatzaren 1eko Festaren baitan apirilaren 28an Zurichen egin zuten mahai-inguruan:
Zer erreminta ematen dizkigu feminismoak errepresaliatuak garen emakume borrokalarioi?
Paola Salgadoren erantzuna: Kartzela, errepresio judiziala eta erbestea bizi izan ditut eta nire bizipenetatik erantzuten saiatuko naiz.
Hezur-haragizko feminismoak kartzelatik atera ninduen eta bizitza salbatu zidan. Bi arrazoigatik diot hau: Bogotako eta munduko hiri askotako feministek egunero eginiko mobilizazioek ikusgarri egin zuten nire egoera eta estatuak erabaki judizialak hartu zituen, ni kalera ateratzea ekarri zutena, nahiz eta nire auzia irekita dagoen eta 30 urtetik gorako kartzela zigorra egotzi diezadaketen.
Kartzelatik atera nintzenean, epaile baten oso epai arraro baten eskutik, feminismoak eman zidan aukera herrialdetik ateratzeko eta nire bizitza babesteko, izan ere, epailearen erabakiarekin oso haserre zegoen polizia nire aurkako atentatua prestatzen ari zen.
Bandera feminista altxatzen duten emakumeek gorputza jartzen dute errepresio estatala jasaten ari diren emakumeak askatzeko. Feminismoa guretzat ez da zerbait abstraktua. Errepresioa jasaten dugun emakumeentzat hain konkretua da, Argentinako feministek esan zidaten esaldi hauxe bezala: “Ez larritu, dena ongi dago, etorri gure herrira, hemen baduzu etxe bat”. Alegia, gorputza jarri zioten generaman borrokari.
Feminismoa eta emakumeen antolakundea izan da borrokarekin jarraitu ahal izatea bermatu duena, beldurra hautsi duelako, isilarazi nahi zaituen botere errepresiboaren eskutan egon zarenean gorputzean duzun beldur hori, eta esaten duzu: “Nire borrokarekin jarraituko dut, ez naiz isilduko”.
Sorta honetako beste artikuluak:
M1-ak Suitzan izen hau du aurten: Nekane Txapartegi
2018-04-30 // Feminismoa, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
“Preso Politikoak: Askatasuna” izan du aurtengo M1ak ardatz. Nekane Txapartegik euskal presoen egoera lehen lerrora ekarri du.
Zurichen Maiatzaren 1eko Komiteak jai eta borroka espazioa zabaldu du hiri barruan dagoen kartzelaren aurreko eremuan. Aurtengo gai ardatza Preso Politikoak izan da eta horri lotuta izen bat: Nekane Txapartegi, Suitzak bolada batez izan duen preso politiko bakarra.
Atxiloturik eta estraditatzeko arriskuan zen bitartean (2016ko apiriletik 2017ko irailera), Free Nekane kanpainak Suitzan sakabanatuta zeuden alderdi eta eragile ezkertiarrak bateratzea lortu zuen, feminismoa borroka honetako lehen lerrora ekarri zuen eta Zurichen mobilizazio jendetsuenetakoak eragin zituen, presorik ezagunena bilakatuz eta Suitzako gobernuari torturatua izan zen preso baten estradizioa justifikatzea ezinezko eginez. “Nekane askatu. Estatu torturatzaile batera extradiziorik ez” pankarta erraldoia eduki zuten eskegita kartzela aurrean.
Txapartegik helburua argi du: “Nire borrokarekn ikusarazi nahi dut Espainiako Estatuak erabili duen tortura sistematikoa euskal aktibisten aurka”. Eta mezu hau azpimarratzen die bere kasuaren baitan mobilizatu ziren suitzar indar ezkertiarrei: “Ni kalean nago baina begira horra: kartzelak beteta daude”.
Maiatzaren 1ean “Askatasuna” zutabeak eramango duen pankarta. Behean lehen hitza, euskarazkoa.
M1-en Zurichen egingo den manifestazioaren amaierako ekitaldian bi hitzartze egongo da: lehenik sindikatuek hartuko dute hitza langileen aldarrikapenei ahotsa jartzeko, eta ondoren Nekane Txapartegik hartuko du hitza, “Preso Politikoak, Askatasuna” lemapean.
Kolonbia eta Euskal Herriko errepresioaren bizipenak, feminismotik kontatuak
Maiatzaren 1aren Festa honen barruan, apirilaren 28an mahai-ingurua eskaini zuten areto bete jenderen aurrean Nekane Txapartegik, Kolonbiako Paola Salgado Piedraita-k eta Bilgune Feministako Amaia Zufia eta Ainara Lasak.
Honela eman zion hasiera Txapartegik: Aktibista feminista ezberdinak batu gara mahai honetan, gure aktibitate politikoagatik jasaten dugun errepresioak zein osagai sexistak dituen aztertzeko, eta gure esperientzietatik kontatuko dugu hori.
Gu gure borroka politiko feministagatik bi bider zigortu gintuzten, bai komisarian, erbestean eta kartzelan. Baina biktima huts izan beharrean, borrokan jarraitzea erabaki genuen. Paola Salgado eta biok errefuxiatuak gara eta borrokan jarraitzen dugu gure ideia eta askatasunen alde.
Ezkerretik eskuinera: Nekane Txapartegi, Paola Salgado Piedraita, Amaia Zufia eta Ainara Lasa.
Paola Salgado Piedraita gazteak honela aurkeztu zuen bere burua: Kolonbiakoa naiz, preso politiko ohia eta Argentinan errefuxiatua duela bi urte eta erditik. 2015ean epaitu ninduten, Kolonbiak guda zikinean erabili duen sistemarekin: Montaje judizial batekin, El Congreso de los Pueblos mugimenduaren barruko hainbat sektoretako 13 pertsonari terrorismoa egotzi ziguten.
13.000 preso politiko ditu Kolonbiak, eta hauetatik %10 dira borroka armatuan aritu direnak, gainerakoak borroka sozialetan aritutakoak dira eta estatuak judizializatu eta kriminalizatu dituenak beren lana geldiarazteko.
Irekita dago nire auzia eta 30 urtetik gorako kartzela zigorra egotzi diezadakete. Epaile baten epai oso arraro baten eskutik atera nintzen kartzelatik, eta Argentinako talde feministek eman zidan aukera herrialdetik ateratzeko eta nire bizitza babesteko, epailearen erabakiaren oso haserre zegoen polizia nire aurkako atentatua prestatzen ari baitzen.
Ainara Lasa eta Amaia Zufiak Euskal Herriko Bilgune Feminista aurkeztu zuten.
Jarraian, Nekane Txapartegik alemanez egin zuen hitzaldia eta azaldu zuen nola eragin zion kartzelan emakume izateak. Salgadori hitza emanaz galdetu zion nola eragin dion bere aktibismoan emakume izateak:
Paola Salgado: Borroka soziala egiten dugun emakumeon kasuan, errepresioaren helburua da patriarkatuak emakumeoi egotzi digun lekura itzularaztea: isilaraztea eta geldiaraztea.
Errepresioak nahi duena emakumeen borroka deslegitimatzea da: patroi eta estereotipo matxistak erreproduzituz, eta pertsonalki deslegitimatuz. Adibidez, informazio pertsonala zabalduz, familiarra, nola janzten garen, gure itxura… hori guztia egiten du arreta desbideratzeko gai nagusitik: gure borrokan jasaten dugun errepresioa.
Amaia Zufiak Bilgune Feministak gatazkaz eta errepresioaz landu duen ikuspegia azaldu zuen: Kartzela erakunde patriarkala dela salatzen dugu, emakumeak sistematikoki menperatzeko erabiltzen dena.
Kartzela erakunde patriarkala da, gizartearen ispilu gordina baita. Batzuetan, kanpoan, mekanismo patriarkal hauek sotilagoak dira, baina kartzela barruan brutalki ematen dira, lupa batek handituta bezala. Jarraian adibide zehatzak emango ditut:
Beraz, sexismoa gurutzatzen da errepresio politiko mota guztiekin, bai atxiloketa unean (tortura), kartzelan, erbestean, deportazioetan eta egoera guzti hauen atzean dauden zaintza lan guztietan.
[Hurrengo egunetan, mahai-inguru honek emandako mami gehiago eta beste hainbat gai egingo ditugu publiko.]
Sorta honetako beste artikuluak:
EAJren Masterra: Nola bilakatu astebetean ez-gaitu bat aditu produktu finantzarioetan?
2018-04-11 // Kontu ilunak GHKn // 2 iruzkin
Cristina Cifuentesen masterra bolo-bolo dabil Espainiako Estatuko eta Hego Euskal Herriko hedabideetan. Gainera, dimititzear da Madrilgo agintaria. Kasuak ematen du EAJ-ko Carlos Ormazabalekin gertatutako afera batekin konparatzeko aukerarik. Ormazabalek astebetean lortu zuen gipuzkoarren izenean 35 urtetarako zor erraldoia bankuekin sinatzeko gaitasuna. Bost puntutan azalduko dugu jarraian.
1.-Cifuentesek ikasturte batean masterra, Ormazabalek aste bakarrean
2011-2012 ikasturterako matrikulatu zen Cristina Cifuentes, egun Madrilgo presidenta (garai hartan Gobernuaren delegatua zen Madrilen). Epez kanpo matrikulatu zen eta auzitan dago masterra jasotzeko bete beharreko azterketak eta lanak egin ote zituen. Titulua “oparitu” ziotela agerian geratzen ari da.
Garai bertsuan, 2011ko otsailean, Caixa bankuak orduko Gipuzkoako Ingurumen diputatu Carlos Ormazabali (EAJ) “Komenigarritasun testa” egin zion, Donostiako erraustegia finantzatzeko swap mailegu toxikoak kontratatzeko gai ote zen edo ez frogatzeko:
Hainbat galderaren artean, galerak izateko prest ote dagoen galdetzen diote eta baiezkoa erantzuten du (diru publikoaz ari da). Galera ezberdinen artean aukeratzeko eskatzen diotenean, “era guztietako galerak onartzeko prest” dagoela jartzen du. Caixak hori ikusirik, Carlos Ormazabalek produktua ulertzeko gaitasunik ez duela ondorioztatzen du eta produktuak ez sinatzea gomendatzen dio, baina dirua oparitzeko prest badago, atea irekita uzten dio, noski.
Astebete pasa ondoren, berriro ere test bera egiten dio Caixak eta honetan kalifikazioa aldatzen dio. Astebetean, nonbait, kontratu finantzieroak ulertzeko gaitasuna eskuratzen du eta “handizkari” (mayorista gaztelaniaz) izendatzen dute. Zein unibertsitatetan ematen dute master hori, astebetean ez-gaitu izatetik produktu finantziero konplexuetan aditu egiten duena?
2.-Ormazabalen “masterra” bai, garesti ordaintzen ari gara
Cifuentesen kasuak agerian uzten du PPren ustelkeriaren erroak gizarteko zenbat erakundetara zabalduak dauden, eta zer nolako zigorgabetasunez aritu izan diren. Hala ere, galdetu dezakegu ea Zuzenbide Autonomikoaz eta Tokikoaz Masterra egin izanak edo ez, ondoriorik ekarri al duen Madrilgo presidentzian egin dituen politiketan.
Dudarik ez dago Ormazabalen kasuan: EAJko kargu publikoak susmagarriki astebetean eskuratutako “ezagutza” horien ondorioz, swapak sinatu zituen bankuekin. Sinatu ziren une berean, 5,6 milioi euroko galerak izan zituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, sinatze hutsagatik. Gaur, Gipuzkoak hilero 600.000 euro ordaintzen dizkie bankuei swapetan, sinadura horren ondorioz.
3.-Masterreko arduradunak ikertuak, aldiz, Intxaurrandieta eta Errazkin epaituak
Masterra eman zuen Juan Carlos Erregea Unibertsitateak ikerketa komisioa martxan du eta gaia fiskaltzara iritsi da. Poliziak deklarazioak hartu dizkie, oraingoz, masterreko zuzendariari eta master amaierako lana kalifikatu zuten epaimahaiko kideei.
Garai berean, ostegun honetan, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin epaituko dituzte erraustegia gelditzeagatik, alegia, Gipuzkoak bere hondakinak kudeatzeko behar ez zuen azpiegitura garesti horretan herrialdea zorpetzea galarazi zutelako. Kafkiarra erabat: bankuei swapekin diru publikoa erregalatu zieten EAJ-PSEk eskatzen diete EH Bilduko ordezkari hauei, bere ondasun pertsonaletatik ordaintzeko EAJ-PSEk sinatutako swapak, badakitenean 100 bizitzatan ere ez direla gai horrenbeste diru biltzeko.
4.-Cifuentes dimititzeko zorian, Ormazabal angulak jaten
Cifuentes hormaren kontra jarri dute. Dimititzen ez badu, edo PPk ordezkatzen ez badu, badirudi PSOEk aurkeztuko duen zentsura mozioak Podemosen eta Ciudadanosen babesa izango duela eta aurrera joango dela. Dagoeneko dimititu duena, Juan Carlos Unibertsitate Publikoan master hori ematen zuen Zuzenbide Publikoko Institutuko zuzendaria da.
Aldiz, Ormazabalek swapak sinatu izana angulak janaz ospatu zuten EAJko ordezkari politikoek, eta Caixa eta Banestoko zuzendariek. Gipuzkoarron diru publikoa bankuei oparitu berritan, negozioa ospatzeko angula-jatea ere politikoek ordaindu zuten, diru publikoarekin noski. Ahaldun Nagusi Markel Olanok paparra atera zuen Gara hedabideak angula-jatearen 6.000 euroko kontua publiko egin zuenean, “Ongi egina!”, adierazi zuen harro Olanok.
Cifuentes hormaren kontra jartzea lortu du iritzi publikoak, hedabide guztien (baita Euskal Herrikoen) tar-tar-tar-arekin. Eldiario.es-ek argitaratutako informazioekin hasi zen, eta politikariak dantzan jartzea izan du ondorio.
Aldiz, zer daki euskal herritarrak Ormazabalek herritarrei milioitako kostua ekarri dien swapak sinatzeko modu bitxiaz? Zergatik ez du apenas dardararik eragiten? Zergatik ez dira horregatik kuestionatu Ormazabal eta Caixako testaren erantzuleak? Zer tarte du gaiak Euskal Herriko hedabideetan eta tabernetako elkarrizketetan, Cifuentesez dena kontatzen diguten horietan?
5.-Herritarren erantzuna bai da berbera: ustelkeria salatuz mobilizatzea
Cifuentesek masterrak jaso duen Unibertsitate publiko horretako ikasleak manifestatu dira, mafiarik gabeko unibertsitatea eskatuz, sistema horretako ustelkeria salatuz.
Apirilaren 12an, Intxaurrandieta eta Errazkin epaituko dituzten egunean, 20:00etan herrietako plazetan kazerolada eta kartel pegaketa herrikoia deitu dute Gipuzkoa Zutikek. Gaia isilpean ez pasatzeko eta ustelkeria salatzeko modua izan daiteke plazetakoa, unibertsitate publikoan bezala.