Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Agora eskolan bortizkeria nola bizi izan zuten: mahaiko lehendakariak eta lehen lerrokoek kontatuta
2017-10-03 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Nou Barris auzunera jo dugu poliziaren indarkeria salatzeko egin den Greba Orokorra eta indarkeria jasan zuten eskoletako klabelin eskaintzak jarraitzera. Lehenik pikete informatiboaren atzetik ibili gara komertzio handietan (jarraian irakurgai izango duzu kronika).
11:00etan zen lore eskaintza Agora eskolan. Nou Barris auzunea izan da urriaren 1eko erreferendumean polizia nazionalak gehienetakoa jipoitu duena. Klabelinak jarri dituzte eskola itxirik duen burdinazko hesian. Adin guztietako jendea txaloka, “bozkatu dugu”, “indarkeriarik gabe, elkarbizitza”, “kanpora indar polizialak” oihuak egin dituzte denen artean. Atzoko egunez, lehen eskola egunez sarraskiaren ostean, umeek psikologoaren hizketaldia jaso zutela kontatu digu auzoan belardenda duenak “asko etorri zaizkit lasaigarri bila. Psikologoarena beharrezko ikusten dut, zaila da azaltzea umeei zergatik dagoen euren eskola txikituta”.
Sarrera nagusiko ateko oharrak dio astebetez patiotik izango dela sarbidea. Kristalezko atearen bestaldean, bihotz forma osatuz paperezko oharrak ikusten dira, eta “Elkarbizitza!” mezua izenburu modura. Ondoko emakume eta gizonari galdezka hasi gara, ea nork eta zer ekimenen barruan egina ote den… eta zoriak nahi izan du emakume gazte hori izatea erreferendumean eskola honetako mahaiko lehendakaria; eta gizona, aldiz, kanpora eta barrura zebilena, dena lehen lerrotik ikusi zuenetakoa. Kontakizun osoa egin digute, bideoan lekuaren irudiak ikusita errazago ulertuko duguna:
6:00etan bildu omen ziren eskola honen ataria defendatzera auzotarrak. Euren auzoa definitu dute “unionistenetako” gisa, parte-hartze txikia izango zutela espero zutena. Defendatzeko orduan asko bildu zirela diote pozez. 9:00etan zen bozketa hastekoa, baina sistema informatikoa jasaten ari zen sabotajea zela eta, “denok genuen mugikorra hegaldi moduan jarrita baina arazoa ez zen kobertura, sistema ari ziren erasotzen”, 10:30ean hasi ziren bozka ematen.
Zaharrak lehen lerroan
Aurrez adostua zuten bozka ematen lehenak zaharrenak izango zirela, mugikortasuna mugatuen dutenak. Bi ilara egin zituzten hasieratik, kalearen alde banatara, eskolako atean jarriko bagina ezkerrerantz gazteagoak eta eskuinerantz zaharrenak. Zaharrenek zuten lehentasuna, baina hainbeste izanik, atean zaharren pilaketa handia egin zen. 10:30 zirela esan dugu, eta ordurako mugikorretatik iristen ari zitzaien informazioa: “auzoan halako eskoletara iritsi direla polizia nazionalak eta egurra eman dutela”; hurrena, gerturagoko eskola baten erreferentzia, argazki zirraragarri eta guzti (guztiok gogoan izango duguna, aitona bat kopetean behera odoletan); hurrena beste batean… “Beldur gero eta handiagoa sentitzen genuen. Batez ere, zaharrengatik. Zaharrak ziren ate aurrean zeudenak pilatuta”. Pilaketak eta poliziaren arriskua saihesteko, 50naka sartu eta ateratzen zituzten zaharrak, eta bitartean ateak itxita izaten zituzten. “Esaten genien zer ari zen gertatzen auzoko beste eskoletan eta gero eta gertuago genituela, baina zaharretan inor ez zen atearen aurretik apartatu. Bozkatu egin nahi zuten”. Kontaketa bare eta dotore egiten ari zaizkigu bien artean, eta mahaiko lehendakariari begiak betetzen zaizkio behin eta berriz. “Gure eskolara polizia etorri arteko 45 minutuak oso larriak izan ziren, antsietate handia bizi izan genuen”.
Ahulenen bila
Poliziak zetozela ikustean, herritar denak estu estu pilatu ziren atearen aurrean. Zaharrenak eta larrialdirik gertatuko balitz behar zuenak azkar atera ahal izateko pasillo bat osatu zuten, juxtu burdinazko barandilladun pasabide hori libreago edo utziz (bideoan ikusiko dugu). Beraz, zaharrak eta mugikortasuna mugatua zuten beste herritarrak hara joan ziren eta sasoikoenak atearen kontra kontra jarri ziren. “Zer egin zuen poliziak? ahulenak zeuden pasabide horretara jo zuzen, eta borrekin egurra banatu kupidarik gabe. Horko jende asko pasabidearen erdian dagoen portalera sartu zen, eta poliziak portal barrura sartu ziren are egur handiagoa ematen jarraitzera”. Atea defendatzen ari zirenen artean angustia nagusitu zen, “nire aita? non dago nire aita?” galdetzen zuen batek bere zaharraren diabetea gogoan. Pasabide horretan poliziek leku hartuta, atearen kontra zeuden herritarrak bultzaka bota zituzten kalearen eskuin alderantz (eskolako atea bizkarrez dugula begiratuz gero). Ordu erdiz eutsi omen zion defentsa herritarrak poliziari kanpoan.
“Burdinezko barrekin zeharo txikitu zuten atea. Kandatuaz guk itxi genuen arratsaldean, ez zegoelako beste modurik”. Ate txikitu eta kandatuduna, lorez inguratua. Zerbait badu irudi horrek, ate horri begira eta geldi aurkitu ditugunerako lehendakaria eta gizona, begiak maiz bustitzen zaizkiola lehendakariari, eta begirada maiz atera zuzentzen duela.
“Poliziak barrura sartu zirenerako, bozka ematera sartutakoak aparteko gela batean bilduta genituen. ‘Horiek bozka ematera etorritakoak dira, horiek ezta ukitu ere’ esan genien” hartu du kontakizunaren haria mahaiko lehendakari zenak. “Eskola osoan gelaz gela pasa ziren poliziak ateak eta ahal izan zuten dena txikitzen. Dena txikitzen”. Bozka-kutxak eraman zituzten. “Nirea bahitutako bozka da” seinalatu du gizonak: “Nik bozkatu nuen eta ez dakigu 700.000 papeleta horiek nora eraman dituzten ez eurekin zer egin duten”.
Arratsaldean denbora labur batez eskola berriz ireki zutela eta bozka-kutxak ekarri zituztela kontatu digu lehendakari aritutakoak. Baina berriz polizia zetorrela eta, eurek itxi zutela eskola. “Bozka batzuk bildu ahal izan genituen arratsaldez eskola honetan”. Auzoko beste eskoletara joan ziren bozka ematera Agora eskolan ezin izan zutenek.
Ezer ez da berdin
Galdetu diegu ea bortizkeria egoera horren ostean beldurrak leku hartu duen auzotarrengan. “Ez, ez, alderantziz da, auzo honetan jende askok argi ikusi du ordura arte eurentzat irtenbide bat izan zitekeen Espainiarekin ez dela posible konponbiderik. Askatzea, ez dago beste aukerarik” esan du gizonak.
Galderak airean
“Ez dakigu zergatik jipoitu zuten hain gogor gure auzoa. Datuak begiratzen baditugu, erreferenduma ez egitea bazen euren helburua, oso eskola gutxitara jo zuten. Eta horietako batzuk Nou Barrisekoak dira. Zergatik? Hemen bozka gutxi bahitu zitzaketen, hemen unionismoa da nagusi… agian hemen errazago sartuko zirela pentsatzen zutelako?”. Teoriaren bat entzun duela esaten jarraitu du gizonak: “Zaharrak eta emakumeak jipoitzea hautatu ote zuten propio, pentsatuz horrek ekarriko zuela sasoiko gizonen erreakzioa, indarkeriaz defendatzera pasatzea eta irudi horiek zabaltzea”. Parametro sexista eta zaharfobiko batetik hautatutako “ahulen” taldeak dira emakumeak eta zaharrak, eta arren erreakzio “biologikoa” haiek salbatzea izango dela eta abar, trogloditikoa, baina poliziaren logikarengandik ezin dugu parekidetasunik espero… pertsona eredu desiragarriagoak ere lantzen ari dira Katalunian herritarrak: independentzia lortuko bada denak izan behar baitu ahalik eraginkorrena. Herritar denak dira indartsuak, bakoitza bere ezaugarriei probetxu atereaz, iraultza honetan.
Zaintza defentsa denean
2017-10-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Urriak 1ean hitz batek bete ninduen buru-bihotz: ZAINTZA, hizki larriz. Eskolak zaindu behar ziren, eta horretarako jendetza behar zenez, jendea zaintzea izan zen gakoa helburua lortzeko, alegia, eskolak zaintzea. Bata bestearen oinarri eta ez helburua pertsonen zaintzaren kontura, hain ohituta gauden moduan. Hemen detaile batzuk:
Gure bizipena izan zitekeen edozein herritarrena, orain arte gai honetaz paso egin duena, orain arteko auzoko lanketa guztian parte-hartzerik izan ez duena, eta egunean lur-hartu duena erreferenduma bermatzeko defentsan. 5:00etan bakarrik agertu nintzen Graciako Vedruna eskolan, eta ateak itxita eta aurrean jenderik gabe aurkitu nuen. “Kaka! eskola hau itxita geratuko da? Ederra hasiera!”. Motoz etorri diren gizon-emakume heldu bat inguratu zait eta emakumeak galdera: “hona zatoz?”; “bai, eskerrak, uste nuen inor ez zela egongo…”. “Eraikinaren bestaldeko sarreratik izango da, zatoz gurekin”.
Bidean kontatu diot ez naizela bertakoa, euskalduna naizela, eta kazetaria. Ez diot euskaldun-harrotasunagatik esan, baizik, katalanez zergatik ez diodan egingo agertzeagatik. Kataluniaren alde zoragarrietako bat horixe iruditu zait, katalanez ez egiteak erreparoa ematen duela. Euskaltzaleontzat paradisua. “Euskalduna? jajaja nik uste nuen mito bat zela, esaten nien auzotarrei, baina nola etorriko dira! eta bai bai, etorri zarete eta mordoa gainera!”. Segidan idatziko dudan postean duzue euskaldunak eta erreferendumaren berri. Jarraian esan dit aurkeztuko didala eskolak defendatzen ari den jendea, kazetaria naizela jakin dezaten. Eskertu diot, ezerosotasunik edo gaizkiulerturik sortu ez dadin.
Ate zaindariak jende zaindari
Eskola atarian jendea elkartuta dago baina bakoitza talde txikitan hizketan. Erosoa da bertan bakarrik ere egotea. Batekin eta bestearekin elkarrizketak erraz josten dira. Eskola barrutik jendea atera denean, lo-zakuetatik jendea zutitu denean eta denok elkarrengandik estu-xamar lekua hartu dugunean, eskolako atea zaintzen duenak oharrak eman ditu. Oso lasai mintzo da, serio, eta diskurtsorik gabe. Egun osoan zehar, eskola atari bakoitzean oharrak ematen dituen pertsonaren bat ikusi dugu. Funtzio hori denek bete dute antzera: tonu lasaian hitz egin, jarraibide argiak eman baina ez agindu tonuan edo builaka, eta beti enpatiatik “badakigu nekatuta gaudela, denok gaude lo gutxi eginda…” eta animoak emanez “ondo ari gara”, “orain arte frogatu dugu gai garela…” eta umorez “pazientzia, egun osoa emango dugu elkarren pega-pega eginda…”. Funtzio hori bera zaintza gisa sentitu dut, unean unean informazioa ematen zutelako zer gertatzen ari zen eta une bakoitzeko helburua zein den argitzeko, adibidez “9:00etan irekiko da eskola eta bitartean garrantzitsua da leku hau erabat okupatuta izatea”, edo “bozkatzen hasi gara baina 20:00ak arte iraun behar dugu, lana ez da norberak bozkatu duenean bukatzen”… eta benetan, 5:00etatik leku berean zutik dagoenarentzat, mezu horiek behar-beharrezkoak dira gertatzen ari dena ulertzeko, bertan jarraitzeari zentzua emateko eta denbora epe “ertain” (bi ordu barru) helburu batekin betetzeko.
“Hau ikusteagatik denak merezi du”
Katalan bati eta besteari entzun diogun esaldia izan da, herriko zaharrak bozka emanda ateratzen ikustean. Gu egon garen eskoletan lehentasuna eman zaie, hamaika motibo historiko badira horretarako, eta zaintza ere bai, ilaratan ez egonarazteko. Lehentasuna izan dute, baita ere, mugikortasuna mugatuta duten gorputz guztiek. Ez dakit malkorik begi-ertzera etorri ez zaionik egon den irudia ikusi duten milioika herritarren artean: gerra bizitako jendea, frankismoak zigortutakoa, era guztietako jendea, azal beltzekoa, erlijioagatik zapiz estalitakoa, gurasoek bizkarrean daramaten umea, amonari helduta doan tatuajeduna…
Eskola zaintzen ari zen jendeak pasilloa ireki eta txalo eta oihuka babestu ditu une guztian. “Bozkatu dut!”, “Bozkatu dut! eta sistema badabil eta zuek ere bozkatuko duzue” moduko esaldiak esaten zituzten irteeran, askok ukabila altxa ere bai, “Visca Katalunia!” oihu egin eta jendetzak ahobatez “Lliure!” biribildu…
Erreferendumetik geratuko zaigun garaipen irudi handietako bat bizipen horiek izango dira. Bajina-hoditik munduratzen garenean bezala, zer adierazten dio bozka-kutxatik kanpora pasilloa zeharkatzen duenari, herritarren txalo, oihu eta maitasunez bilduta? Zer mundutara jaiotzen da?
“Herria batuta ikusteagatik denak merezi du” esan digu, begiak bustita, Bartzelonako Gotiko auzoan emakume batek. Pare bat sarrera-esaldiren ostean azaldu diot kazetaria naizela, eta ea ados dagoen berari argazki bat atera eta mezu hori zabaltzearekin. Onartu du, eta hautatu du malkoa isuri, garaipenaren keinua egin eta irribarrea agertzea. Hementxe duzue:
Oinarrizko beharrak ase edo defentsari eutsi ezin
Eguerdiko 13:00 da Sants auzoko Carlos enperadorea, Jaume I eta Hizkuntz eskoletara iritsi garenean. Elkarrengandik gertu daude, eta bi gazte ikusi ditugu batetik bestera, supermerkatuko orgatxoari tiraka, jatekoa eskainiz “patatak, txokolatea, gailetak eta fruta geratzen zaigu. Nork nahi du?” gerturatzen dira batengana eta bestearengana. “Egia, hauek denek ilaran jarraitu behar badute beste ordu batzutan, eguerdia pasa beharra dago!”. Izan ere, iralako asko 5:00etatik daude bertan, eta konexio arazoak medio ilara osssso mantxo doa.
“Kausagatik”
ARGIAko kide Xabier Letonak taxia hartu du goizeko 5:00etan Sants auzorako. Bidean taxistarekin aritu da egun handiaz, hasieran gidariak bezeroaren joera tentuz igarri du, eta konplizitatez mintzatu dira, taxistak lanbide horri dagokion tonu beroan hizketan bukatu arte. Errepidea moztuta dago azken zatian. Taxilariak kontagailua geratu du eta “kausagatik” eraman du eskola aurreraino, aukera izan duenean. Gerora jakin dugu, taxilari sare bat antolatu dela urriaren 1erako, bozkatzera joateko mugikortasun mugatua duen jendea doan eskola ateraino eramateko.
Telegram kontuak
“Alerta 1-O”, “Escoles Obertes” eta “#ReferendumGracia” kontuetatik informazioa, oharrak, aholkuak… eman dizkigute herritarrei egun osoan zehar. Zaintza gisa bizi izan dugu zerbitzu hau. Eta herritarrak bere indarra premia dagoen lekuetara bideratzeko balio izan du aldi berean, hortik jakin baitugu zein eskola ataritan behar zen defendatzeko jende gehiago.
Dantza eta kantua ere zaintza dira
Baketsua eta sendoa, ez inozoa
2017-10-02 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
[slider][/slider]
Bartzelonako auzo Gotikoko Cervantes eskola, 18:30 aldera. Jendetzak zaintzen du sarrera. Giza-katearekin pasilloak eginez irekitzen zaie bidea herritarrei bozkatzera sar daitezen ate batetik, eta bozkatu ostean kanpora atera daitezen beste ate batearen aurrean pasilloa eginda. Ondoren idatziko dudan zaintzari buruzko kronikan irakurriko duzue zer komunitate batasun indartsua sortzen duen pasillo horretan pasatzeak. Harira:
Beste eskola batera joatea pentsatu dugu eta pixkanaka kanporatzen ari gara jendetza kontzentratuta dagoen nukleotik, festa handi bat dena, baten malkoak, bestearen analisiak eta honen agurrak josten dituena. Halako batean, isiltasuna eskatu dute, eta ERLAUTZAKO ZARATA nagusitu da. Srsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrsrs oso indartsu bat, eta jende multzo hori batuz joan da estu-estu egin arte, nukleo gogor bat egin arte.
Kamararekin aurreratu naiz “saltsa” dagoela iruditzen zaidan eremura, zer gertatu den. Edo polizia etorri da, edo… Xabier Letona ARGIAkideak kontatu digu pare parean ikusitakoa: pasillo bat ireki duela jende multzoak, eta pasillotik lasterka alde egin dute poliziek, jendearen txistu eta oihu artean. “Motxila zeramaten bi horiek ziren” beste herritar batek.
Nola antolatzen da herritarren defentsa eraginkor hau? oraingoan bizi egin dugu, hurrengo baterako badago zer aztertua.
Bozka-kutxak kotxez iritsi dira
Auzo aberats batean, bozkatzeko zain den arkitektoak kontatu digu: “Eskola hau monjena da, ez da publikoa. Eskola atariko errepidean kotxe bat egon da aparkatuta, eta gaur goizean kotxe horretatik atera dute bozka-kutxa eta barrura sartu. Espainiak onartu dezala ez duela dena kontrolatzen”. Graciako beste auzotar batek kontatu digu goizeko 6:00 aldera mugimenduak somatu dituela errepidean eta kotxe batetik bozka-kutxak Vedruna eskolara sartzen ikusi dituela. “Ze emozio! ikusi egin dut!”. 6:00etan? arraioa, gu eskola atarian geunden ba, noiz iritsiko zain zain! “Bai, baina eskolaren beste aldeko atetik sartu dute”.
Nor da arduradun?
Mossoak etorri dira, denek espero bezala, 6:00etatik aurrera. Tonu onean, oihurik egin gabe, beren protokoloa bete dute. 5:00etatik eskola zaintzen ari den jendea estu-estu elkartu da eta isiltasun sendoa hedatu da. Prestaketa lanetan aurrez gehien aritu direnak daude mossoen aurrean lehen lerroan. “Nor da arduraduna?” Mossoak. “Tots! Tots! Tots!” denek batera garrasi. “Totes!” puntualizatu du oihu batean emakumezko batek eta irribarrez denek baietz, arrazoi duela: “Totes!” “Totes!”, “Totes!”. Borroka eta aldarrikapen asko landu dira kalean aldi batera.
Vedrunan, poliziak etorritakoan, auzokoek bozkatzeko lehentasuna
Vedrunan (aurreko kronikan kontatu dudan moduan) bozketa zabaltzearekin batera zehaztu dute “hau auzoko ekintza bat da, beraz, auzotarrek bakarrik bozkatuko dute. Atera DNIa eta eskutan izan”. Harrigarri egin zaigu, ondokoak lasai esan digun arte “kalez jantzitako bi polizia omen dabiltza hemen, eta horregatik da”.
Mezu hau eman du ataria zaintzen duenak ondoren: Kaleko jantzitako poliziaren batek bozkatzera sartzea lortzen badu, ez joan: elkartu ahalik estuen eta atearen kontra bultzaka jarri. Atea itxita egongo da eta lortu behar dugu polizia kanporatzea baina bozka-kutxa barruan geratzea.
Modu baketsuan eta lasaian, eta festa giroan, baina ez da edukiz hustutako defentsa eguna izan, inondik ere. Erreferenduma segurtatzea izan da lehentasuna, ez da mezu on-poto sasi-arinik erabili, “denok gara berdinak eta beraz edonor, infiltratuak barne, aurrera”.
Kazetariak bai baina arduraz
Eskola atarietan denek dute mugikorra eskuan gertatzen dena handik edo hemendik jaso eta ingurukoei kontatzeko. “Esaten ari dira ez esateko zein eskoletara iritsi diren bozka-kutxak! gehiegi informatzen badugu gu ari gara poliziei informazioa ematen!”. “Ez esan zein eskoletan erori den interneta! denok jarri behar dugula mugikorra hegaldi moduan, bestela kobertura betetzen omen dugu…”.
Eskolaren, momentuaren eta egoeraren arabera, kazetari modura erantzun ezberdinak jaso ditugu. Errespetuz beti, baina “ez” irmoak jaso ditugu eskola barrura sartzeko eskaera egitean, ARGIAko kazetari txartela eskuan. Ulertzekoa, jendeak ordu luzez bozkatzeko egindako ilararen ostean sarbidea nahi baino mantsoago baitoa. Edo lehen orduak izanik, dena nola joango den jakin arte, kaleko polizien arriskua erreala izanik, egoera kontrolatu arte badagoelako nahiko lan kazetariei erantzutea baino. Edo… beste eskola, ordu eta testuinguru batzuetan, sukalderaino sartu gaituzte, irribarretsu, eta eurak dira lasai berriketan aritzera gonbidatu gaituztenak, ea nola perzibitzen ari garen gertatzen ari dena eta abar…
Bideoan, auzo aberats bateko eskolan bozkatzen, atea zaintzen zegoen bolondresak, akreditaziorik ez bagenuen ere, barruraino lagundu izanari esker:
Bartzelonako Gotiko auzoko Cervantes eskolan ere ateak zabaldu dizkigute, presarik gabe eta bata eta bestea aurkeztuz, bozkaketa grabatzeko:
Eta ondoren balkoira igo eta irudiak hartzeko:
Inork ez daki ezer, berak egin behar duena bakarrik
Asteburu osoan somatu dugu hori, bakoitzak daki zertan ari den, eta horri buruz bakarrik hitz egingo dizu, gainerako gaietaz “nik ez dakit ezer” esplizitatuz. 20:00etan euforia betean garaipena ospatzen ari garela, Graciako La Fontanan auzotar batek monologo baterako adinako graziarekin bota dizkigu zirti-zarta, independentziarena nola ikusten duen, Espainiaren jarrera eta abar. Mesedez, kontaketa egin eta den dena amaitzen den arte inork ez dezala bertatik alde egin eskatu dute eskolaren barruan lanean ari direnek. “Botoak kontatu, eta gero…?” galdetu diogu eta berak atera du sekretismoaren gaia ere, umore handiz: “Bozketa arrunt batean mossoak etorriko lirateke bozka-kutxak eramatera. Baina hau ez denez bozkaketa normal bat, auskalo! Gainera, hemen inork ez dakienez zer gertatuko den 5 minutu barru…! Horrela, begira, atxilotzen bagaituzte ere ez genekien ezer!”.
Arazo batean aurrean, erantzun kolektiboa eta unekoa
Auzo bakoitzean komunitate-sareak ezberdinak direla sentitu dugu. Gracian estuena. Atea zaintzen ari denak ahoa irekitzen duenean, isiltasun erabatekoa egiten da. “Iphone 5-arentzat kargagailua behar da”. “Iphone 5arentzat kargagailua! Iphone 5arentzat kargagailua!” errepikatzen dute denek intentsitatez behin eta berriz, oso denbora gutxian (minutuz azpitik) esango genuke, norbaitek eskutan erakusten duela ateraino eramaten duen arte. Txalo, barre eta animo oihu artean ospatzen da guztien lorpena. Iphone kargagailuaren ostean etorri da “informatikariak behar dira”; “informatikariak! informatikariak”. Beste minutu batean, bi agertu dira eta berriz txaloka eta oihu umoretsuka ospatu dute denen garaipena. Bi minutuan da sartu diren bi informatikari horietako bat, “ez nautela behar, barruan taldea osatu dela” adieraziz.
Sants auzoan beharrak komunikatu eta momentuan asetzeko ez darabilte juxtu sistema bera baina bai eraginkorra eta unekoa: interneta erori dela jakin orduko, bizilagun batek leihotik kable luuuuuuze bat bota du eskola barruraino eta kito. Euria hasi duela? beste bizilagun batek garajeko atea zabaldu du jendea babesteko.
Defentsa baketsu eta eraginkorraren beste hainbat irudi jaso ditugu, inoiz irudikatuko ez genituzkeenak ere bai: herritarrek poliziak korrika ihes egitera nola eraman dituzten… Beste herri edo eskoletan antzeko adibiderik duenak bidali nahi badu, oso gustura osatuko dugu artikulu hau.
Adin guztietakoek kalean irabazitako eskubidea
2017-10-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bozkatzea eskubide omen da. Katalan herritarrek eskubideak praktikatu, defendatu eta irabazi egiten direla erakutsi digute beste behin. Asteburu osoan milaka herritarrek bete zituzten edukiz hautesleku-eskolak, eta beren presentziarekin defendatu zituzten gune autogestionatu bihurtutako hauek. Kronika honetan sumatuko duzue eskoletako giroaren berri.
Goizeko 5:00etarako zen deialdia. Ahalik jende gehienak bezperako gaua eskolen barruan eman zuen. Gracia auzoko Vedruna eskolara joan gara 5:00etarako. Hauxe argazkia:
Eskola barruan, patioan, jendea antolatuta. Atea zabalik baina koadrila oso batek zaindua. Ate aurrean hiru kanpin denda eta 20 bat lagun lo-zakuen barruan, esnatzeko ahaleginetan. 50 bat lagun gehiago zutik, korroetan baina nukleo bat osatuz hizketan, etengabe iristen den jendearekin pilatzen zaiela. Kalearen bi ertzetan, ormaren kontra, aulkietan eserita ZAHARRAK, gizon eta emakumeak, ordu luzez zutik egon ezin dutenak. Pare bat ume, 10 bat urtekoak. Kale hori ahal den moduan estaltzen duten hiru karpa. Koloretako edukiontziekin itxia dute kalearen alde bat, gauez bere funtzioa bete ostean berehala kenduko dutena. Bezperako gauean ultraeskuindarren koadrila txiki batzuk edukiontziak hankaz gora jartzen aritu direla auzoan esan digu batek baino gehiagok.
Hori goizeko 5:00etan. 6:00etan mossoak etorriko direla azaldu du oharrak ematen dituen kide batek, eta naturalki edo, denok pilatu gara atearen aurrean. Zaharrenak aulkian eserita eta gainerakoak zutik, ez dugu pausorik emateko lekurik. Metro erdiko espazioaren barruan, eta leku batetik bestera mugitzeko errespetuz eta lasaitasunez bidea kostata egiteko aukerarekin, egon dira guztiak 5:30etatik 9:30 aldera arte, bozkatzen hasteko aukera izan duten arte. Kieto. Erraz esaten da. Bezperatik apenas lo eginda, adin eta gorpuzkera guztietako jendea, lekuan bertan kieto. Euri zaparrada ederrak bota ditu tarte horretan, eta karpak karpa eta aterakiak aterki, bustialdi ederra hartu dute hainbatek.
Helburu argia du ekintza fisiko baketsu baina gogor horrek: “Votarem!”. Bozkatuko dugu, denok bozkatuko dugu. Giroa lasaia da, eta bozketa ahalik normalena izatea detaile guztiekin defendatzen dute: esplizituki komunikatu dute baietzaren aldeko mezuekin ez pankarta ez kamiseta ez bestelakorik ez eramateko, eremu neutrala behar duela bakoitzak nahi duena bozkatzeko. Ez musikarik eta ez zalapartarik, jendeak tonu bareko elkarrizketak ditu batekin eta bestearekin. Elkarrekin oihukatutako lemek bideratzen dute erantzun kolektiboa momentu erabakiorretan: “Votarem!”, “Les carres seran sempre nostras”… eta umorea, auzotar batek esan digun moduan “zentzugabekeria hau guztia eraman ahal izateko modu bakarra”. “Katalanek gauzak egiten dituzte” Rajoyren esaldia edo Piolin medio Warnerren kantua tarareatzea, beste askoren artean. Zaintza behar beharrezkoa izan da, bere modu zabal eta humanoenean, hainbeste orduan hainbeste jendek defentsari eusteko (jarraian idatziko dudan artikuluan dituzue adibideak).
Bozkatzen hasi diren unea
9:00etan ziren bozkaketa irekitzekoak, baina arazo informatikoak medio (Espainiako Gobernuak eskolan internet moztu duela zabaldu da) 9:30 aldera hasi dira bozkatzen. Are beranduago hasi dira Gracia auzoko beste eskola batzuetan, eta “bozkatzen hasiko gara” esaldia eta jendearen txalo-zaparradaren ostean etorri dira zehaztapenak: mantso joango da, ordu asko daramatzagu hemen eta denok gaude nekatuta, baina pazientzia, egun osoa pasako dugu eta hemen elkarren ondoan pega-pega eginda. Denek izango dugu bozkatzeko aukera. “Votarem” berriz ere, baina DENEK bozkatu ahal izatea.
Herritarrak oso “mobilizatuta” daude ibili garen lekuetan, denak ari dira etengabe mugikorretatik jarraitzen zer ari den gertatzen beste lekuetan eta bereala zabaltzen da albistea eskola atarietako jende saldoen artean: “erasoak izan omen dira Sagrada Familian”; “Puigdemontek 8:00etan esan du edozein katalanek edozein eskoletan bozkatu ahalko duela, eta bat ixten badute jendeak besteetara joateko”…
Vedrunan bozketa zabaltzearekin batera zehaztu dute “hau auzoko ekintza bat da, beraz, auzotarrek bakarrik bozkatuko dute. Atera DNIa eta eskutan izan”. Harrigarri egin zaigu, ondokoak lasai esan digun arte “kalez jantzitako bi polizia omen dabiltza hemen, eta horregatik da”.
Auzo honetan behintzat, auzoko zaharrenek eman dute bozka lehenik. Ongi merezitako ohorea, eta aldi berean jasangarriena ere badena, fisikoki kalean ordu gutxien eutsi dezakeena. Jarraian idatziko dudan artikuluan ikusiko dituzu zaharrenek bozkatutakoan kaleratu diren malkoak, emozio biziak, adierazpenak, gerrako eta frankismoko oroitzapenak…
Ilarak sortu dira baina ez ilara hutsak: eskola atari osoa jendez betea bermatu behar da egun osoan. Beraz, ilara hutsune lerro mehe batek bereizten du, ahalik denbora gehien leku horretan ematen ari diren pertsonengandik. Jende gazteagoaren txanda iritsi denean, bozkatuta ateratzen direlarik, mezu hau zabaltzen dute eskolaren defentsan ari diren herritarrek, tonu lasaian, errespetuz, eta konplizitatea bilatuz: ez zaitezte joan, lortu behar dugu denek bozkatu ahal izatea, gelditu bertan, inportantea da, 20:00ak arte eutsi behar diogu…
Beste eskola batzuek ikustera joatea erabaki dugu. Vedrunakoa uztera goazela konturatu gara goizeko 5:00etan ezagutu dugun jende multzoa nola biderkatu den; harrituta gaude. Ederki kosta zaigu eskola ataritik ateratzea, eta jende ilarak eta kontzentrazioak, ez du asko falta kale paraleloan dagoen Reina Violan eskolako jende saldoarekin bat egiteko.
Egun osoa gogoratu gara: nola ote daude Vedrunakoak? gu batera eta bestera IBILITA txikituta bagaude, 5:00etatik BERTAN KIETO eutsi ahalko diote 20:00 arte? ordu asko dira, eta “bisitarik” jasotzen badute…
20:00etarako itzuli gara Graciara, eta Jujol eskola aurrean egon ostean, La Fontana eskola aurreko jendetzak eta #mambo-ak hartu gaitu. Eskola guztietan lortu dute egun osoan zehar jendetza zaintzen egotea, eta 20:00etarako, momentu gorenerako, pilaketak izugarriak dira. La Fontanan gazte giroa da nagusi, eta 20:30 aldera itzuli gara Vedrunara. Jende helduagoa, jende asko asko dagoeneko helburua “Votarem!” lortu ostean.
Zorionak, bihotzez, katalan herritarrak.
Parte-hartzea? jajaja
Egun osoan milioika herritar ikusi ditugu kalean denek bozkatu ahal izan dezaten inplikatuta, lanean. Katalunian egon denak badaki “parte-hartzea” itzela izan dela. Entzun du eskola batzuek 20:00ak baino ordu batzuk lehenago itxi dituztela ateak, auzotar gehienek bozkatu dutelako ordurako eta bermatu nahi dutelako kontaketa, alegia, lehenetsi dutela erreferendumaren emaitza ziurtatzea lor zitzaketen bozka denak lortzearen aurretik. Egunean zehar ikusi dugu zer izan den Kataluniako erreferendumean botoa ematea, praktikan: ordutako ilarak egitea, Generalitateak Espainiaren sabotajea gainditzeko sortu duen sistema informatikoa erortzen zelako, “internet moztu” dutelako toki batean eta bestean… Kalean tokatu ez zaigunok ere entzun dugu poliziaren basakeriaren berri, iritsi zaizkigu irudi lazgarriak, “ez dugu beldurrik” mezuarekin jihadismoari bezala kolektiboki aurre egiten bazaio ere. Bozka ematea hori izan da erreferendumean. Eta norberak eta besteek bozka eman ahal izan dezaten, beste ahalik ordu gehienak kalean kieto ematea.
Bozka emate hori izendatu daiteke “parte-hartzea” hitzarekin? adibidez, tutik ulertzen ez dugun Europar Batasuneko hauteskunde batean bozka ematea izan den ekintzaren hitz berarekin?
Milioika herritar hauetako bakoitzaren INPLIKAZIOA zenbat “parte-hartze” puntu kotizatzen ditu “demokrazia”ren burtsan?
Espainiaren indarkeriari irabazi dion herriaren indarra
2017-10-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Urriaren 1a Bartzelonako hainbat auzotan bizitzeko zortea izan genuen milaka euskaldunek. Testu hau idazteko beharra sentitu dut, Euskal Herriko gertukoenengandik egunean bertan jaso genituen mezuak ikusita “negarrez ari naiz egun osoa”, “barrabaskeria”, “zer izan da gaurkoa?”… Gobernuaren indarkeriaren irudiak nagusitu dira Euskal Herrian ere eta sano dagoen inork ez dugu onartuko indarkeria horren larritasunaren gramo bakar bat arintzea: 844 zauritu eragiteari zer hitzekin deitzen zaion irakurle bakoitzak pentsatuko dugu, eta zauritua edo erasotua izan zen herritar bakoitzak erabateko mina eragiten du. Baina 2.000tik gora eskoletan eta egun osoan zehar herritarrek bizi izan zutena askoz indartsuagoa izan zen, erreferenduma %13,7 eskoletan zapuztea soilik lortu zuen Espainiaren indarkeria baino. Katalan herriaren indarra nagusitu zela erakusten digu emaitzak: erreferenduma egin egin zelako Gobernuak ez dela egingo matraka eman badu ere beti eta “ez dela erreferendumik izan” gezurra izan bada ere bota duen lehen hitza. Baina erreferenduma egin delako herritarren gehiengo oso handi baten parte-hartze eta inplikazio zuzenarekin, eta emaitzak argi adierazten duelako Kataluniaren nahia.
Katalunian ezer ez omen da zuria edo beltza. Eta noski, atzo goizeko 5:00etatik gaueko 00:00etara erreferendum erabat legitimoa, tonu erabat normalizatua, herri batasun giroa eta garaipen sentimenduak bizi izan dituzten herritarren gehiengo handi horiei guztiei min ematen diete Euskal Herrian ere nagusitu diren gobernuaren atzoko indarkeria gertakari bakoitzak. Baina Katalunian hurrengo egunetan gertatuko dena ulertzeko, ezinbestekoa da ezagutzea urriaren 1eko kataluniarren garaipen bizipenak. Zergatik? Bada Euskal Herritik iritsi zitzaigun horrore sentimenduaren arabera pentsa litekeelako atzo Katalunia herri jipoitu bat izan zela, beldurra nagusitu den herri bat. Eta alderantziz da: urriaren 1ean nagusi izan den Katalan herriaren indarrari esker, Gobernuaren atzoko indarkeriaren aurrean ez dute zapaldu eta menpeko moduan erantzungo, are sendoago baizik: bidegabe eta inongo zilegitasunik gabe zigortuak izan ziren herritarrak babestuz eta zainduz, Gobernuarekiko dagoen bide zentzudun bakarra independizatzea dela frogatuta (on-potoenari ere begiak ireki zizkion karetarik gabe agertu zen Espainiak) eta nork daki hurrengo kapitulurako asmatuko duten modurik herritarrak Espainiaren indar polizialen eskuetatik babesteko. Egunean bertan ikusi ziren adibide batzuek, mossoek kaleak itxi zituztenekoak, edo honakoa:
Non eta Euskal Herrian ez zaigu berria Gobernuen indarkeria. Katalanek, ordea, hasi herritarrengandik eta erakunde publiko guztiekin jarraitu, herri gisa erantzuten diete alboko herriaren erasoei. Inork ez du erantzun epelik ez txepelik izan Espainiaren indarkeriaren aurrean (indarkeriaren zero minututik hasi eta astelehen eguerdiko 12:00etan udalen aurrean deituta dauden kontzentrazioekin jarraitu…). Herritarren eta erakunde publiko guztien erabateko erantzun hori, Espainiaren indarkeria erabat deslegitimatzen duena, ez dugu inoiz ezagutu, eta urrats bakoitzean are indartsuago egiten du Katalunia, bai herritarrak eta bai erakunde publiko bakoitza. Beraz, ezaguna zaigun Espainiaren indarkeriaren ondorioa oso ezberdina izango da Katalunian, eta euskal herritar moduan juxtu interesgarriago izan dakiguke garaileen gakoak ezagutzea da, galtzaile atera den zanpatzaileari arreta eta leku osoa eman beharrean. Irabazle atera den Katalan herriaren indarra ezagutzeko interesik ez duenak, ez du ulertuko hurrengo egunetan Katalunian gertatuko dena (gauza askoren artean, astearterako deituta dagoen greba orokorra).
Urriaren 1ean itxiera ordua, 20:00ak, Graciako La Fontan eskolaren aurrean bizitu genituen, jendetzaren artean dantzan. Goiko bideoan garaipen oihuak, argi faltaz ikusten ez bada ere, eraikinaren barrutik, leihoaren bestaldean bozka-kutxa erakusten zuten bitartean. Mikrofonotik argi adierazi zuen egunari itxiera eman zion emakume gazteak, berriz aterako direla herritarrak elkarrekin kalera defendatzera bozka-kutxak, defendatzera udalak, defendatzera inputatuak… behin eta berriz aterako direla, biharko egunean, eta hurrengoan, eta hurrengoan… bozka-kutxarik gehiago defendatu behar ez den arte. “Kaleak beti izango dira gureak” oihuekin erantzun zion jendetzak. Eta beste oihu hau ostean:
“Eta orain ez joan, mesedez! ez gu hemen utzi bakarrik [umorez, teatralizatuz] eta gainera berkontaketa hemen egingo dugu, beraz, dena bukatu arte beharrezkoa da defendatzen jarraitzea”. “Ez zaudete bakarrik! ez zaudete bakarrik!” erantzuna. “Ez zaudete bakarrik”, “ez dugu beldurrik”, eta egunean zehar mossoek erantzuleez galdetu dieten bakoitzean denek batera erantzundako “denak! denak!” mezuek erakusten dute errepresioei aurre egiteko garatu duten autodefentsa kolektiboa.
Segidan ekingo diot adibide txikiak biltzeari, erreferendumaren egunean garaipena ekarri zien elementu batzuk azaltzen dituztelakoan. Pazientzia, lanean ari naiz;) Blogean izango duzu irakurgai 12:00etarako.
Herritarren antolaketan zentratuko naiz, arreta deitu didaten eta hunkitu nauten ekintzetan. Bozketa demokratiko arruntetan “parte-hartzea” da herritarren atxikimenduaren neurgailu. Espainiako estatua erreferenduma antidemokratikoki zapuzten tematu delako, herritarren INPLIKAZIOA izan da gakoa. “Parte-hartzea” oso handia izan bada ere, kontzeptu hori oso motz geratzenda Kataluniako erreferendumean herritarrek egin zutenarekin, “bozkatu dugu” esan ahal izateko.
Ez naiz politika gaietan aditua, beraz, erakundeen, alderdien eta bestelako eragileen urratsen gakoak beste nonbait bilatuko dituzu, adibidez, Xabier Letonaren ARGIAko erreportaje nagusian, aste honetan zure etxeko astekarian edo argia.eus-en.
Erreferendumaren bezperan, Kataluniako eskoletan ikasitakoa
2017-10-01 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Sants eta Gracia auzoetako eskolaz eskola eman dugu larunbata arratsaldea. Gracia auzoan atez ate zabaldu dute informazioa (beheko argazkian ikusgai): portal bakoitzak erakutsiko dizu bertako bizilagunek zein eraikin eta helbide zehatzetan eman behar duten bozka. Horrez gain, Plaça Vila de Gracian informazio puntua jarri dute eta bertan azaldu digute auzoko eskola bakoitza non dagoen eta bakoitzaren berezitasunak zein diren. Sants auzoan berriz, 15 eskola ageri diren auzoko mapa atera dute koloretan, ikus daitekeena paretetan eta eskuratu daitekeena han edo hemen.
Harrera abegitsua eta bisitaria ezagutzekoa
Eskola batera inguratutakoan, atean aurkitu ditugu beti lagun bat edo bi, irria ahoan. Atea zeharkatzerako gerturatu zaizkigu, jarrera atseginarekin eta lasai, nor garen edo zer bilatzen dugun galdezka. Zaintza zentzu betean egiten dute, asko dute jokoan eta ardura handiz ari dira. Euskal Herritik gatozela, ARGIA hedabidetik, ahalik jarraipen onena egin nahi diogula biharko egunari… “a, gu hemen ari gara jolasak egiten eta jardueretan, eta 6:00etan dena garbi utzi behar dugu”. Hortik aurrerakoa, biharko erreferenduma, alegia, ez dela euren kontua.
Eskola atariko kartelek, pankartek eta mezuek argi deitzen dituzte auzotarrak eskolak defendatzera: goizeko 5:00etarako da hitzordua eskola atarietan, 6:00etan Mossoak datozenerako ahalik jende gehien egon dadin eta bozkakutxak prezintatu ez ditzaten. Baina asteburu batez gau eta egun eskolak zaintzen egindako jardueren eta erreferendumaren artean etena argi bereizten dute hitz egiterakoan. Dena txukun utzi eta kanpora ateratzea da asmoa, eta atetik kanpora defendatzea barruan egongo diren bozkakutxak. Asteburuak badu berezko nortasuna beraz, berezko zentzua, jai eta jolas giroa. Eskola batean eta bestean ikusi dugun ekintza “papera-harria-guraizea” txapelketa da.
Batzuek itxita, besteak borborka
Milaka dira bihar erreferendumerako ateak zabalduko dituzten eskolak. Batzuek itxita ikusi ditugu. Beste batzuek irekita, barruan adin guztietakoak aktibitatean, baina jendez nahiko justu. Telegrameko “Alertes 1-O” taldetik zabaltzen dute informazioa, zein eskoletan behar den jendea. Eta erantzuna nabari da. Santseko castellersak ere eskolaz eskola aritu dira, jendea batzeko lanetan laguntzen eta egitarauak janzten. Santseko Emperador Carles eskolan ikusi dugu jende multzo handia bildu eta asanblada egiten, arratsalde eta gaueko egitaraua antolatzeko eta lo-zakuekin gaua bertan emateko prest dagoen jendea zehazteko. Eskola batzuetan gurasoen inplikazioa handia izan da, eta gurasoen erantzuna hotza izan den eskoletan auzo elkarteak aritu dira lanean asteburua aurrera ateratzeko. Emperador Carleseko atean zaindari dagoenak konfiantza du jendearen erantzunean: “ikusiko duzue gauean, eta are bihar goizean, zenbat jende batuko den. Orain da gure garaia, edo beste 300 urtean ez dugu berriz izango. Eta ez dut hori nahi nire alabentzako, ezta bilobentzako ere. Begira, hementxe datoz!”. Herritar asko kalean; erreferendumarentzako bermea hori dela argi dute.
Asteburu honetarako bakarrik eskoletan sortu den esperientzia luxua iruditu zaigu. Eskolan bi gau elkarrekin pasatzea auzotarrek, egitarau eta ekimena erabat herritarrena izanik eta egun historikoak bizitzen ari diren kontzientziarekin… denboran gerora ere fruituak emango dituen haziak ereingo ziren, ezinbestean.
Santsetik Gracia auzora jo dugu, eta pista jolasen moduan ibili gara, eskola batetik bestera. San Miguel plazako Josep Maria Jujol eskola (goiko bi txioetan ageri dena) bizi-bizi ageri da eta inguru osoa apainduta giro berezia sortu du plazan.
Handik L’Univers-era. Atean arreta egiten duten bi zaintzaileek adierazi digute gaindituta daudela, jendearengandik jaso duten erantzunarekin eta nazioarteko hedabideak egiten ari zaizkien jarraipenarekin. Beste eskola batzuek behar handiagoa dutela eta eskertuko luketela arreta besteetara bideratzea.
Sants eta Graciako grazia
Era guztietako pankartak ageri dira kaleetan, esteladak eta “si” banderolak balkoietan, dultzainariak goizean eta iluntzean… giro berezia dago bi auzoetan, Bartzelona hiri handian dispertsatuta han-hemenka ikus daitekeena, baina herri baten neurrian beste dimentsio bat hartzen duena.
Sants auzoa.
Els Encants eskolan asanbladan egitaraua prestatzen. Argazkia: Carlos Montanes / elperiodico.cat
Telegrameko #ReferèndumGràcia kontutik eta Twitterreko @ComiteGracia-tik ematen dute auzoko gorabeheren berri eta auzo mailako antolaketa sendoa dute: informazio puntua, prentsa arduraduna, defentsa komitea…
20:00ak aldera Espainiako banderak zeramatzan zortzikote bat gurutzatu dugu kalean behera: erreferendumarekin lotutako afixak kenduz doaz beren bidean, baita non bozkatu adierazten duten portaletako oharrak ere. Bada baietzaren aldeko mezuak kentzeko ekintza horrekin haserretu den baten bat, baina gainerakoek jaramonik ere ez diete egin pasaeran. Espainiako banderek ez dute erreakziorik sortu, arratsaldean zehar ikusi ditugun pasarteetan.
Gaueko 22:00ek Gracian harrapatu gaituzte eta azken kazolkada bizitzeak zimiko txiki bat egin digu bihotzean. Bakoitzak bere etxetik, askok sukaldetik, eginiko deia, auzotar batenak besteari erantzungo balio bezala, lurralde osoan zabaltzen dela. Etxafuegoak amaiera markatuta ere jarraitu eta jarraitu duenik bada, argiztatutako leihoen bestaldean.
Euskaldun gazteak
Eskola batean baino gehiagotan esan digute gerturatu orduko “hor dira zuetako beste batzuek ere barruan”… komunikazio lanetara joanak batzuek eta jende gehiago behar den eskoletan egotera besteak, koadrila batzuekin egin dugu topo eskolen sarreretan. Arpa-joaz edo erdi benetan, asanbladan eskolako egitarauan “euskara klasea” jartzera ere tentatu dituzte (ez dakigu zertan geratu den kontua).
Biharkoaz “inork ez daki ezer”
Lo-zakuarekin eskola barruan gaua ematen ez duenak, badaki 5:00etarako atera joan behar duela. Gertatzen denaren berri ahalik lasterren informatu nahi duten kazetariek FireChat app-a jaitsi dute, Espainiako Gobernuak tentaziorik badu eskua sartu eta unean argazkiak eta bideoak zabaltzea galarazteko, nolabaiteko tresnaren bat izateko (ibiliko den ere jakin gabe, baina ezer baino hobe delakoan). Lehen aldiz eskola batera joandakoan poztu gara erreferendumaz informatzeko leku eder bat ezagutu dugulako, eta gainerako eskolak ezagutu heinean konturatzen da bat denak direla ederrak, milaka eskola daudela kontaketa egiteko, eta zoriaren esku baino ez dagoela bihar emango diren milaka kasuetan norberaren kamara eta begia non tokatuko den. “Zer jakin nahi duzue, bihar dibertsio handiena non egongo den? edozeinetan izan daiteke”. Horregatik da garrantzitsua, herritar bakoitzak mugikorrarekin argazkiak eta bideoak hartu eta sareetara zabaltzea (ohiturarik ez baduzu, errazena, ARGIAra bidaltzea eta gustu handiz igoko ditugu hortik):
20 hedabidek elkarlanean sortu duten Agència 1 d’Octubre erreferentzia bihurtu da komunikabideentzat, edozein ezusteri aurre egiteko hobekien prestatuta egon daitezkeelakoan. Hemendik jarrai ditzakegu:
Gracia auzoko prentsa arduradunari galdetu diogu biharko eguneko hitzorduez. Goizeko 5:00etakoa errepasatu dugu. Ondoren, egunean zehar, kontaketarik, mobilizaziorik? “Kontaketa Governaren kontua da, guk ez dakigu ezer. Kontaketa? horretan ez dugu pentsatu ere egiten, gure lana 5:00etatik eustea da, 8:00etan ateak irekitzen dituzten arte”.
Ez badugu ezkerrerantz astintzen, Independentzia mugimenduak nondik hartuko du indarra?
2017-09-25 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
ZERGATIK INDEPENDENTZIA? Galderari erantzutea eskatu ziguten asCATasunera ekimenaren baitan. Zergatik idenpendentzia? “Euskaldunak garelako” eta “ondo bizitzeko” dira nire bi erantzunak. Behean duzue esan nahi izan nuen testua (bideoarekin beti parean etorriko ez dena).
Lehenik, egun horren alde ederrenetakoa izan zena, oholtza eta oholtzapeko solasaldia partekatzea sei kide hauekin:
Pako Aristi:
Lur Albizu:
Eneko Bidegain:
Mikel Iribarren:
Idurre Eskisabel:
Martin Garitano:
ZERGATIK INDEPENDENTZIA?
“Batetik, euskaldunak garelako… maltratatzailearekin bizitzen”
Euskaldun asko mindu gintuen Urkulluren adierazpen famatuak, alegia, Katalunian ez dagoela “bermerik” U1eko erreferenduma egiteko. Eta euskal herritarrok eta katalanek, eta euskal zein katalan proiektuek eta erakundeek zer berme demokratiko daukagu errespetatuak izateko, zer berme demokratiko daukagu umiliatuak ez izateko, zanpatuak ez izateko, miatuak, kartzelaratuak, torturatuak, jipoituak, kontroletan interrogatuak, multatuak ez izateko?
Nazionalismo española bizitzeko modu anitz badira, poztu ninduen jakiteak Katalunian “estatu kolpea” jo zuten egun berean, asteazken arratsaldean, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Madrildarrek deitu zutela elkarretaratzea Sol plazan. Baina estatuan indarrean den nazionalismo español inperialistak, nazionalismo español itxiak ez du onartzen beste nazionalismoak ere badirela nazionalismo española adina, (maltratadorearen adibidean jarraituz), beste nazioak subjektuak garela, beste gorputz bat, berezko bizitza duguna, gure burua garatu nahi dugula, eta bakoitzak erabakitzen dugula etxe berean bizi nahi dugula elkarrekin baina parez-pareko harremanetan, edo bestela, bakoitzak erabakitzen dugula bereizita bizitzea.
Zer falta zaigu ikustea, konturatzeko maltratadore batekin bizi garela? Orduan, independentzia? ba noski, nork bizi nahi du maltratadore batekin?
“Independentzia ondo bizitzeko”
Hori da kontua, zer den ondo bizitzea bakoitzarentzat. Ondo bizitzea den “ni eta nire kuadrila” ondo bizitzea, edo “Euskal Herrian eta munduan bizi garen DENOK ondo bizitzea”. Ondo bizitzea burtsako baloreetan kotizatzen den, dirutan eta kontsumoan neurtzen den eta beraz, “ni eta nire kuadrila” ondo bizitzeko besteak zanpatu behar ditut eta hor konpon, denok hainbeste baliabide xahutzeko bezainbeste ez dagoelako munduan. Edo ondo bizitzea lotzen dugun beste balore batzuekin: DENOK, bai gure herrian eta bai munduan mantendu dezakegun kontsumo mailarekin, inork inor zapaldu ez dezan, eta herri bezala denon artean bermatzea denok jasoko ditugula zaintza ahalik eta onenak, elikadura ahalik eta onena, hezkuntza eta kultura ahalik eta onena, ingurumen zaindu eta ederrean, ez garela biziko lanerako baizik denbora gehiago izango dugula bizitzarako…
Eta independentziak zer pintatzen duen horretan?
Ba batetik, oligarkiek, “ni eta nire kuadrilla bakarrik” ongi bizitzea nahi dutenek, bai EHkoak, bai Espainiakoak eta bai mundukoak, ez dutelako maite “abentura independentista”rik, oso ondo doakie oraingo eskeman, trukua arrapatua dute irabaziak biderkatzeko eta ez dira milimetro bat mugituko independentzia prozesuan.
Eta alderantziz, bizitza “on” hori eraiki nahi duenak berehala egingo du topo oligarkiarekin, eta oligarkiak estatuko aparatoan martxan duen makinaria guztiarekin, alegia, bizitza “on” hori eraiki nahi duenak burujabetza eta independentzia behar ditu. Eta hirugarrenik, independentzia prozesuak erantzuna eman behar diolako herritarren eguneroko bizitzari.
Independentziak eguneroko bizitza eusteko moduari erantzun behar dio, eta eguneroko bizitzari eusteko modu hori, kinka larrian dago une honetan:
Euskal gizartea pitzatzen ari da, eta egin dezakegu despistatuarena eta begiratu bestaldera, baina sakonean badakigu bizi garela trasatlantiko kapitalista honetan, flotatzen duena besteak zanpatuz: flotatzen du natura xahutuz, flotatzen du beste herrialde batzuk zanpatuz, flotatzen du emakumeak musutruk lanean jarriz, eta flotatzen du langileak explotatuz. Eta ez dugu ikusi nahi baina sentitzen dugu trasatlantiko honetan egunero erortzen dela jendea tostatik uretara, oligarkia ari zaigula bultzaka itsasontzitik gero eta jende gehiago erori eta botere gehiago izateko.
Momentu honetan, orokorrean, herritarrok eta erakundeok saiatzen ari gara, nahiz eta sakonean badakigun alferrik dela, trasatlantikoari eutsita gure posizioari eusten, beheragokoak zapalduz eta haiek bultzaz apoioa izateko. Eta kontua da trasatlantikoari eusten saiatzeak jarraitzen duela gehiago indartzen oligarkia. Zergatik? jartzen gaituelako uretara erortzeko zorian gauden denok elkarren aurka borrokan, marrazotara botatzen ari zaigun oligarkiari begira eta hari borroka egiten jarri beharrean.
Baina saiatu gaitezke beste irtenbide batzuk bilatzen: trasatlantikoa ez den beste bizileku bat bilatzeko edo…
Asko eta asko dira Euskal Herrian. Adibidez: gune autogestionatuak, okupatutako etxebizitzak, kaleratzeen aurkako plataformak, kontsumo taldeak eta baratze komunitarioak, elikadura burujabetzaren aldeko mugimendu osoa, RGIaren inguruko mugimendua, ekonomia sozial eraldatzaileko enpresak, hezkuntzako murrizketen eta LOMCEren aurkako mugimendua, emakume etxeak eta talde feministak, auzokonposta eta erraustegiaren aurkako mugimendua, Egiak martxan jarritako Euskaraz Bizi Nahi Dut ekimena, turismoaren aurkako kanpaina, Tosu Betiko Algortan, Errekaleor Gasteizen… herri mugimenduak, hain aberatsak direnak EHn eta zentralitatea irabazi dutenak azken urteetan.
Ez dira maioritarioak. Ez, bestela gaur egun askoz gizarte ederragoan biziko ginateke. Baina balio kualitatibo handia dute: gizarte osoak dugun diskurtsoan eta “normalidadea”ren ikuspegian eragina dute; balio handia dute praktika errealak direlako eta ez diskurtsoak; eta nahiz eta mugimendu horietan saltsan sartuta batzuk bakarrik egon, beste jende askok positibo baloratzen ditugu, bat gatoz euren eskaera eta aldarrikapenekin. Eta ez dira maioritarioak, baina normalizatu ditugun alternatibak dira.
Mugimendu anitz hau ere magma da independentziarentzat, ze bakoitza erabat autonomoa da baina sintonian daude, zentzu horretan harreman anarkoa dute eta hobe doakie horrela, eta balio batzuk, egiteko modu batzuk konpartitzen dituzten mugimenduak dira, esan dugun bezala, EH-Espainia-Munduko oligarkiaren logikari erabat deslotuak. Ez diete jokua egiten.
Gainera eguneroko bizitzari eusteko kolektiboan antolatzeak eta logika kapitalistatik kanpo aritzeak ekartzen du pertsona gisa egiten garela esna dagoen jendea, politizatua, Independentziaren egun handira arte zain egon gabe ari dena, elkarlanean ari dena gizarteko jende anitzarekin, enpoderatua, ohitua dagoena eraikitzen eta legitimitaterik gabeko legeak eta aginduak desobeditzen…
Premia ederra dago eta!
Bukatu nahi nuke ilusioz, eta premia urgentea dela esanaz.
Adibide praktikoa: hilean 600 euro irabazten duenak, eta denok goaz norabide horretan, zer eta nola jaten duen eta zer eta nola janzten duen, edo ezkerreko planteamendu komunitario burujabean antolatzen dugu, edo oligarkiak, alegia, 600 euro soilik kobratzera eraman gaituen horrek berak eskaintzen digun soluzioa da Belartza merkatalgunea: Decathlonen-Zaran jantzi eta Mc Donaldsen jan. Alegia, jarraitu zure 600 euroekin gizentzen oligarkia, Forbes zerrendan munduko aberatsenen artean agertzen diren horiei kontsumitzen, eta zapaldua zarelako jarraitu zuk ere zapalkuntzetan parte hartzen: natura, emakumeak, beste herrialdeak eta langileak zapaltzen. Eta gero eta polizia gehiago, zibersegurtasun gehiago, bideobigilantzia gehiago, herritarrek ezer lapurtu, aldarrikatu edo puskatu ez dezaten…
Arma Elkartearen 50. urteurrenean presente erakunde publikoetako arduradun nagusiak
2017-09-19 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Eusko Jaurlaritzaren bideo honetan ikusentzun daiteke Urkullu Lehendakariak irailaren 13an Eibarko Arma Elkartearen 50. urteurreneko ekitaldian eginiko hitzartzea. Arreta deitzen du argazkiak, ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza hain handia izateak, tartean, Urkullu lehendakariaz gain, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Espainiako Gobernuaren EAEko delegatu Javier de Andrés, Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano… Euskal Herriko arma industria sustatzeko, erakunde publikoek egiten duten lan handietako bat enpresa hauek eta jarduera bera prestigiatzea da, aste honetako ARGIA astekarian irakurri ahalko duzunez. Erakunde publikoen erabateko babesa adierazten du argazki honek.
Eusko Jaurlaritzaren kolaborazioa armagintzarekin
Urkulluk hala dio bideoan (euskararako itzulpena artikulu hau sinatzen duenarena da): “Eusko Jaurlaritzatik, sail hauek harreman gertukoa eta jarraia dugu zuen elkartearekin: Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko saila, Azpiegiturak, Hezkuntza, Ingurumen eta Lurralde Plangintza. Gure misioa kolaboratzen jarraitzea da, elkarrekin lan egitea, euskal industriaren lehiakortasun, berrikuntza eta nazioartekotzea bultzatzeko. Hau da oinarria, partekatzen dugun helburua lortzeko, zailtasunak zailtasun, haztea eta kalitate handiagoko enplegua sortzen jarraitzea”.
Arma Elkartea osatzen duten enpresak: kirolerako armak eta…
40 enpresak osatzen dute Arma Elkartea, gehienak Euskal Herrikoak. Elkarte honek kudeatzen du, 1995etik, Espainiako Pabilioi Ofiziala nazioarteko azoketan. Azoka hauen artean ezagunenak, AEBetako Shot Show , Errusiako Arms & Hunting eta Alemaniako Iwa. Merezi du webgune hauetan paseotxo bat emateak, nolako azokak diren ikusteko. Espainiako ehizaren azoka nagusia den Cinegetica-ren antolatzaileetakoa ere bada.
“Kirol armak” egiten dituztela nabarmentzen du Arma Elkartearen webguneak, eta Iñaki Odriozola lehendakariak bertan salatzen du herritarren gehiengoak ez duela errealitatea ezagutzen eta komunikabideek herritarren pertzepzioan eragiten dutela gehiegizko pisua emanez puntualak baino ez diren eta suzko arma bat tarteko den gertakari dramatikoei.
Ehiza eta kirol armak dira Arma Elkarteak ordezkatzen dituenak, beraz. Eskopetak, kartutxoak eta pistolak. Baina elkartearen bazkide diren enpresa hauek arreta pizten dute, Gasteizkoak kolektiboak Estas guerras son muy nuestras liburuan armak ekoizten dituzten enpresen zerrendan ageri baitira:
Beretta Benelli Iberica: Italiako multinazionala, Espainiako Estatuan bere arma produktuak saltzen ditu Iberica taldeko enpresaren bidez. Gainera, Estatu españoleko poliziei eta guardia zibilari saltzen dizkie bere produktu hauek: 9 milimetroko kalibreko kartutxoak, “parabellum blindatuak”; 9×19 milimetroko kalibreko kartutxoak, “NATO arrunta” motakoak; Beretta pistolak, 92 PS eta FS modeloak.
Alfalan: DEFEX-eko akzionista da. DEFEX erakunde publiko-pribatua da, Espainiako hainbat ministeritza, tartean Defentsa, kide direnak, eta beste enpresa pribatu batzuk ere badirenak: tartean Alfalan eta Maxam, biak Arma Elkarteko bazkide aldi berean. Besteak beste, defentsarako produktuak fabrikatzen ditu Defexek.
Maxam: 1872an Galdakaon sortu zen polbora eta dinamita enpresa. Gaur multinazional handia da, hainbat alor jorratzen dituena, tartean, defentsa. Hona hemen egiten dituen produktuak. Delás zentruaren artikulu honek azaltzen du Maxamek 2015ean armak saldu zituela nazioartean oso modu irregularrean. Beste albiste honetan kontatzen denez, 2014ko apirilean Afrika Erdialdeko Errepublikako aduanako funtzionarioek eskopetetarako munizioa topatu zuten, Kamerunera bidean zihoan 2.112 kaxako bidalketa bat zen, 528.000 kartutxorekin. Nazio Batuen adituen panelak aztertu du kasu hau.
Noticias de Alavaren albiste honen arabera, Arma Elkarteak biltzen duen sektoreak EAEn 1.000 langile ingururi ematen dio lan.
“Ama, Espainia zergatik da hain xurra?”
2017-09-19 // Umekeriak // Iruzkinik ez
Bota du 10 urteko neskatoak, oherakoan Katalunia gora eta Katalunia behera hizketan ari direla. Barre karkailaren ostean logelan egin den isiltasuna baliatu du galdera azaltzeko:
– Esan nahi dut, katalanek independentzia lortuta ere espainiarrak ez direla herririk gabe geratuko, badute beren Espainia…
Independentziaren eztabaida nazionalismora mugatu eta “Zer jartzen du zure NANean?” galdetuz ixten dutenei erantzuteko galdera-erreplika izan liteke, “Espainia zergatik da hain xurra?”. Beharbada eskuzabaltasun kontua ere bada bakoitzak bere botereak herritarren bozketa baten menpe jartzea eta emaitza errespetatzea. Eta bai, enpatia ariketa eginda, zer pentsa ematen du norbera bere aberriarekin gustura, asebeteta badago jarrera “hain xurrak” izaten ote diren…
Maialen Lujanbio: “Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan”
2017-08-24 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Maialen Lujanbiok “Zer da doinua, zer da kantaera bertsolariarentzat?” hitzaldia eskaini du Mitzolak eta EHUk antolatutako “Bertsolarien kantaera eta sormena” udako ikastaroetan. Hona azaldu dituen ideietako batzuk:
Doinua mezuaren garraiobidea da baina mezuaren parte ere bada eta horrez gain, hautu estetiko eta baita ideologiko bat ere bada, bertsolaria horren kontziente denean behintzat. Doinuaren memoria testutik dator bertsolarientzat, bakoitzak bere erara deitzen die doinuei, doinuen izen ofizialak ia inork ez dakizki. Testua doinutik ia bereizi-ezina da bertsolarientzat, eta ez da berdin pentsatzen doinu guztietan.
Bertsolariak jokatu dezake doinuarekin, esaterako, Bilboko Hontzaken konpartsa itxi dutela gaia jarri eta “Agur jesusen ama” doinuan hasten bazara, ezer esan aurretik asko esaten ari zara. Doinuaren hautua egiten da gaiaren izaeraren arabera. Zergatik? inkotziente kolektiboan partekatzen ditugun elementuak erabiltzen ditugulako.
Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan
Doinuak pentsatzeko aldarte bat ematen du, edo daukazun aldarteak doinu jakin bat eskatzen du. Doinuak testuari eragiten dio, “neska zaharrak tentatzen” doinuan ari naizenean aldartea aldatzen zait, hainbeste, gipuzkeraz kantatzen baitut, eta esamolde tradizionalak ekartzen dizkit bukaeretarako.
Testua modu batera antolatzera eramaten zaituzte doinuek. Doinu batzuk ez dute indarrik ez hasieran ez bukaeran, beraz, indarra lortzeko modua akumulazioa da, lehen puntutik bete eta bete eta bete, bukaeran puntualizazio bat nahikoa izan dadin.
Errepika duten doinuak hautatzen ditugu testuaren mesedetan eta publikoak baldintzatutako saioetan, esaterako, euskaldunberrientzat kantatzen dugunean, edo motibo ez hain duinengatik ere bai: txapelketetan, pentsatzeko denbora gehiago izateko…
Doinuak badu neurria
Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan. Badira neurri zabalak eta estuak, neurri hautsiak eta jarraituagoak… Hamarreko txikia tonu dramatikorako edo kontrakorako, oso bizirako erabiltzen dira. Hamarreko handiari pisua, emotibitatea, indarra eskatzen zaio. Topiko hauek hausteak badakar sorpresa atsegin bat. Esaterako, Goazen! telebistako saioren gaian, zortziko txikian eta serio kantatzea.
Doinuak badu zerikusia jendearen espektatibekin. Doinu bakoitzari atxiki diogu izaera bat, eta hortik ateratzen bazara jendeak ez du oso ongi hartzen, a priori. Jendearen espektatibak zerikusi handia du doinuen hautuan eta erabileran.
Txapelketa izaten da doinu berri edo berrituak plazaratzeko gunea. Txapelketan bertsolariak doinu berria darama bere intentzio estetiko-ideologiko bati erantzuteko. Marka propio bat izateko txapelketa horretan, beste inork erabiliko ez duen doinu mota bat izateko. Beste kontu bat da doinu hori oso erraz fusilatzen, bersionatzen eta ajatzen dugula. Badago paktu isil bat bertsolarien artean beste bertsolari batek ez duela doinu hori erabiliko txapelketa horretan, agian eskatu beharko litzateke epealdi luzeago bat…
Doinuak historian
Garai batean doinu motzagoak erabiltzen ziren. Amuriza hasi zen luzeagoak plazaratzen, gehiago esan nahiari lotuta. Esaterako, Naugrafoarena, oso doinu hertsia, lerro labur eta asko dituena, eta oso teknikoa dena.
Gero etorri zen Andoni Egañaren garaia eta zazpi puntuko doinuen “moda”. Bi lerro motzen jolas estetikoa, baina bukaeran diskurtsoarentzako lekua duena… Izugarri ugaritu ziren doinu hauek.
Ondoren beste aro bat etorri zen, Habanera doinuaren bidetik, doinu luze eta erregularrena. “Gaztelako lautadak bezain luze eta erregularrak”, Amurizak esaten duen moduan. Horrek dakar bertsokera bat, narraziorako joera bat, narrazioa urrundik hasi eta arrazoira gerturatzekoa, doinu luzeek markatua. Arrazoira iritsi arte bide luze eta deskriptiboa egitea. Egun indarrean dago aro hau, baina beste bide batzuk ere badira egun indarrean daudenak:
Doinu hautsiak direna, errima ezberdinak konbinatzen dituena, ez dakizuna zer zerekin lotua dagoen eta non hasi eta bukatuko den, batez ere lehen entzunaldian. Teknikoki izugarria da, baina lehen entzunaldietan arraro sentsazioa izaten da, espektatibekin du zerikusia berriz ere, jendea ezagutzen duen doinuekin eta deszifratu ditzakeenarekin egoten da erosoen, ez dugu ondo eramaten deserosotasuna, ez mezuetan eta ez doinuetan. Doinuaren kezkarik eta koskarik gabe entzutea plazera zaigu.
Mezuaren eta dosifikazioaren modua aldatu egiten da doinuen arabera. Denboran ere aldatu da hau: intentsifikazioan gora egin eta sententziekin bukatzen diren doinuak ez dira orain hainbeste erabiltzen. Orain bukatzen dira bertsoak baita ere puntualizazio batekin, doinua behean bukatzen dela…
Mamia eta azalaren eztabaida
Badirudi doinu hautsiak estetikoagoak direla baina hauetan ezin dela hainbeste garatu argumentazioa, eta alderantziz, doinu erregular luzeek aukera ematen dutela gehiago esateko.
Uste dut mamia eta azalaren kontua oreka kontu bat dela, ahalik perfektuena izan behar duela: ideia, mezua eta hura esateko modua. Bakoitzak egiten ditu bere gustukoen diren hautuak eta beretzat egokienak direnak.
Oso argi zaudenean buruz, iritsi zaitezke gero aztertzaileek aztertuko dituzten gauzak egitera: esaterako, intentsitateak pentsatuta ematera. Doinuak indar hartzen duen momentuan edo gora hartzen duen momentuan, testuak ere gora egin dezala. Egungo doinuetan batzuetan indarra erdian dago eta gero jaitsi egiten da, beraz, testua nola erregulatzen duzun garrantzitsua da.
Doinuak eta errimatzea
Habanera errimatzeko bi silaba errimatu behar direla esaten da. Azentuagatik alegia, azken aurreko silaban dagoenez, azentutik aurrera errimatu behar dela. Gure belarrietan ez zen hori horrela, ez dakit ez den jada ez dugulako belarriz entzuten. Errimatzat erabiltzen ditugun zenbait hitz hoskideak diren ere eztabaidatzekoa da, egun idatziz lantzen ditugunez errimak, hizki idatzien arabera zaizkigu batzuk errimak eta beste batzuek ez. Errimatu idatziz egiten dugu agian eta ez belarriz, gaur egun.
Plazan kantakera
Txapelketako doinu arranditsuak plazan askotan ez dira pertinenteak. Doinuak ere eragina du komunikazio horretan. Doinu ezagun eta ez ezagunen efektua esanguratsua da. Sestaora bazoaz eta doinu tradizional bat kantatzen baduzu, ez oso erabili bat, arrarotasuna sortzen da. Goizuetan berdin, ez dakit zer pop kantatik eratorritako doinu bat kantatzen bada, ezagutzen ez dena. Bertsolariari badagokio pedagogia lana egitea, entzuleen doinutegia aberasteko. Baina komunikazio zuzenagoaren mesedetan, jotzen dugu jendeak badakizkien doinuak kantatzera.
Zergatik hautatzen dira doinu batzuk edo besteak
Azken urteetan bertsolari jendea badago kezkatuxeago doinuen gaiarekin, berri eta zaharberrituak plazaratzeko beharrarekin.
Bertso eskola batetik bestera ere aldatzen da gai hau, bertso eskoletan zenbat lantzen den doinutegia eta kantaera, bada aztertzeko zerbait.
Egun teman aritzeko bilatzen da bukaeran latigoa, aizkora duen doinua. Garai kontua ere bada, garai batean bertsoaldiak luzeagoak ziren, orain gai bakoitzari hiru bertsorekin erantzuten zaio eta horrek badu zerikusia hiru kolpe botatzearekin, eta era horretako doinuak hautatzearekin.
Doinuetarako gustuak daude. Badaude doinuak beti ongi kantatzen duzunekoak: tonuagatik, tenpoa, doinuaren izaera, norbere kantaera… bakoitzak bilatu behar ditu bere gustuko eta ongi egokitzen zaizkion doinuak.
Badira doinuak, “kantatuegia” direla esaten dugunak. Kantatuegia esan nahi du, doinu horrekin kantua gehiago nabarmentzen zaiola bertsoari testua baino. Esaterako, “mendian gora haritza” doinua.
Badira doinu tostoiak, kantatzen hasterako aspertuta zaudena. Motelak.
Badaude doinu modak. Gu hasi ginenean, enpatxurako entzuten zen doinua “txoriak eta txoriburuak” zen. Kopletan “orbelak airez aire” garai batean eta orain “kontu berri bat suzeditu da”, non galdera sortzen den Hiru Truku sortu arte nola egiten zen kopletan.
Azken aldiko hit-a tradiziotik etorritakoa da, Agin Rezolak berreskuratutakoa, “txapela eta boneta” sortarena. Saio guztietan entzuten den doinua da.
Kantaera eta ahotsa
Kantaera bakoitzak bilatu behar du berea. Doinuak elkarren bertsioak dira beti, gero eta berdinago kantatzen dugu gaur egun. Kultura idatziak eragin digun bezala, kultura musikalak ere, izugarri eragin du bertso kantaeran. Gaur egun ahozkotasuna zer den galdetu beharko genuke, beraz.
Bertsoa bota esaten da, ez “kantatu”. Zer da bertsotan ondo kantatzea? ez da parametro musikaletan ongi kantatzea dena. Bilatzen dena komunikazioa da, ez hainbeste afinazioa eta perfekzioa kantuan. Beraz, bertsoak baditu bere parametroak, botatzeko. Nahiz eta azken boladan gero eta gehiago integratzen ditugun pop-rock mundutik ekarritako doinuak. Galdera da doinu horiek benetan ongi integratu daitezkeen bertsotan, doinu horiek bere onena ematen duten a capela kantatuta. Zalantza sortzen zait, “balio” ote duten ahozko jardunerako, ez ote diren geratzen ez han eta ez hemen, ez kantatzeko indarrik eta ez musikarekin duten edertasunik gabe.
Kantaerak badu ahots bat, bertsotan esaten da ahots propioa izatea garrantzitsua dela. Peñaren boza, kantakera publiko aurrean aldarrikatu nahi dut. Ez dugu bistatik galdu behar gure jarduna jendaurrekoa dela, kantakeraren gaineko kontzientzia eskatzen duena. Ez naiz bolumenaz ari derrigor, baina bolumena gutxietsi gabe. Bakoitzak bilatu behar du bere kantaera, testura, terrenoa.
Ahotsaren semiotika egitea ere interesgarria litzateke, zer ahots mota baloratzen dituen belarri kolektiboak, ahots grabe eta sendoak babes zabalagoa lortzen ote duten… gure barruko intuizio horrek zer entzun nahi duen eta zer apreziatzen duen, ahots grabeei nola egozten diegun sinesgarritasun eta segurtasun handiago bat.
Isiltasuna
Isiltasunen kudeaketa, tentsioa eta dentsitatea oso inportanteak dira. Bertsoek bere ezaugarri ederrenetako bat galtzen dute musikatzen direnean: Batetik, estandarizazio bat jasaten duelako tenpo eta afinazioan, eta bestetik, isiltasuna galtzen duelako.