Hasiera »
Gontzal Fontanedaren bloga - Babazorro
Gontzal Fontaneda
apal-apal
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Izena *Leire(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak bidalketan
Artxiboak
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko otsaila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko martxoa
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
Iruña-Veleia ez da Zubialde
2018-09-28 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Iruña-Veleiako grafitoei buruz mintzatzean, batzuek Zubialdeko pinturak aipatzen dituzte maltzurki, grafitoena “beste” iruzur bat dela iradokitzeko. Altamirako labar-pinturekin parekatu litzakete hobeki, aurkitzailea hilez geroko 14 urtera arte faltsuak ere izan ziren eta.
ZUBIALDE (Arabako Gorbeian):
—1991n labar-pintura batzuk aurkitu zirela jakinarazi zen. Garai hartako Arabako Ahaldun Nagusiak eta Doktore ospetsu batzuek benetakotzat hartu zituzten.
—Nazioarteko aditu batzuek, berriz, pinturak ikertu eta aizunak zirela ebatzi zuten.
—Ertzaintzak pinturak aztertu eta baten barruan gaur egungo espartzuaren hondarrak aurkitu zituen; beraz, gaineko pintura espartzuaren gerokoa zen; hura bai zela manipulazioaren froga.
IRUÑA-VELEIA:
—2006an grafito batzuen aurkikuntza jakinarazi zen. Harrezkero Arabako Ahaldun Nagusi guztiek eta Doktore ospetsu batzuek faltsutzat hartu dituzte grafitoak.
—Nazioarteko aditu batzuek, ordea, grafitoak ikertu eta benetakoak izan daitezkeela ebatzi dute.
—Zubialderekin oinarrizko ezberditasuna dauka Iruña-Veleiak: batere frogarik ez dela, teoriak eta usteak baizik. Inork ezin dezake grafitoak aizunak direnik esan, noizkoak diren jakiteko inork ere aztertu ez dituelako.
Frogarik gabe, bada, 2009ko Arabako Ahaldun Nagusiak salaketa bat aurkeztu zuen epaitegian aztarnategiko zuzendariaren aurka, grafitoak faltsutzea leporatuz. Izan ere, Eliseo Gilen ohorea, lanbide-ospea, ekonomia eta askatasuna arriskuan daude, nahiz eta, frogarik gabe aurkakoa egiaztatzen ez badute, errugabea den.
Grafitoak aztertzearen bidezko eskaeran lagundu nahi baduzu, Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten den elkarretaratzera gonbidatuta zaude, uste duzuna uste duzula.
Herritarrak eta Boterea
2018-09-14 // Gizartea // Iruzkinik ez
Gertaera politiko, sozial, ekonomiko edo historikoak jazotzen dira, eta ofizialki jakinarazi eta adierazten dira. Baina batzuek ez dute adierazpen hori sinesten, aitzitik, gertaera horiek eragiteko eta gero jendeari engainuz adierazteko, azpilana izan dela baieztatzen dute. “Azpilanoikoak” deitzen zaie erdeinuz, frogarik ez dutelako, jakina.
Frogak 40 urte geroago agertzen dira beti, gertakari haiek garai hartako azpilanoikoek zioten bezalaxe jazo zirela egiaztatzen duten agiriak aurkitzen direnean. Politikari zahar bati orain memoriak argitaratzea bururatu zaiolako aurkitzen dira, edo kazetari zahar batek aspaldiko adierazpen batzuk orain jakitera eman gura izan dituelako, edo azkenean ere orain izen-mailegatzaile desengainatu batek hitz egin duelako, edo 40 urtean “klasifikatuta”, hau da, “herri suberanoaren” eskueratik kanpo isil-gordeka ezkutatuta egon diren agiri batzuk orain “desklasifikatu” dituztelako.
Gertaerak jazo zirenean, azpilanoikoek batere frogarik gabe, kristalezko bolarik erabiltzeke, mamuekin ere mintzatu barik, garai hartan nola zekiten egia? Oso erraz, bada, Azpilanoiaren Teorema erabiliz: “Botereak gezurra esaten du beti”.
Nor da Boterea eta zergatik esaten du beti gezurra? Boterea agintzen duena da: Dirujauna. Aberastasuna eta ahalmena handitzea du helburua herritarren lepotik, dirua eta ondasunak kenduz. Baina ez du agerian egiten, Botereak beti ezkutuan jokatzen du, azpilan egiten du. Politika erabiltzen du, baina ez da politikan agertzen; horretarako hamaika mirabe du: Gobernujauna, Kanoijauna, Mitrajauna, Togajauna, Eskuinjauna, Pantailajauna, Paperjauna etab. Mirabeek Botereak nahi dituen legeak egiten dituzte, esan txarrekoak eskumikatu eta zigortzen dituzte, beren iritziak inokulatzen dizkiote jendeari eta, gauzak okertzen bazaizkie, bigarren mirabea erabiltzen dute. Albiste engainagarriak hedatuz zabaltzen dute gezurra, herritarrek ez bakarrik kaltetuak izatea onar dezaten, baita gainera txalo egin dezaten ere.
Eta nor dira herritarrak? Bada, biztanle gehi-gehienak: emakumeak, langile-klasea, funtzionarioak, autonomoak, profesionalak, enpresario txikiak, hots, bizimodua lanaz irabazten dutenak, zergak ordaintzen dituztenak eta Botereak bere guduetan hiltzera bidaltzen dituenak.
Nola esaten du gezurra Botereak? Batzuetan albiste, adierazpen eta azterketa aizunak zabalduz, beste batzuetan, egia disimulatzeko eta herritarrak nahasarazteko, eufemismoak sortuz (“gerra zibila” deritza Estatu-kolpea izan zenari, etxegabetzeari “hipoteka-gauzatzearen jardunbidea” deitzen dio), zenbaitetan etorkizunaren ikuspegi izugarriak jendearen buruan sartuz: etorkizunazko filmak apokaliptikoak dira, hiriak hondatuta daude, giroa iluna da, makinek hozki gobernatzen dute, gizon-emakumeak goibel deanbulatzen dira, zomorro erraldoi batzuek erasotzen dute… Jende askori, zinematik ateratzen denean edo telebista itzaltzen duenean, sentipen hauxe geratzen zaio barruan, “orain bai ondo bizi garela (langabezian egon arren); ikusi geroa zein itsusia eta txarra izango den; hobe dugu ezer ez aldatzea”.
Gainera, Botereak zeharo daki “batasunak indarra sortzen duela”. Horregatik, edonor saldu eta erosten du, herritarrak banatuta mantentzeko, harreman guztietan liskarrean, sexuen artean, lanetan, kiroletan, arrazen artean, erlijioen artean, indibidualismoan eror daitezen. Eta gaztetan ere eror daitezen, indarkeriazko lehiakortasunaren bideo-joko higuingarrien bitartez gaizki hezitzen ditu nerabeak. Herritarren arteko sakabanatze handia lortu du Botereak, “ezkerrean” 24 alderdi politiko ezberdin eta langileen 47 sindikatu diferente izateak egiaztaturik (Espainian, wikipediak dioenez). Horrela Botereak herenilobei ziurtatzen die etorkizun boteretsua.
Ba al dago irtenbiderik? Bai horixe, herritarrek batasuna lortzen dutenean. Eta 10.000 urtez geroztik gizarte-maila guztietan eta gizarte-erregimen guztien menpean esplotatuena, kaltetuena, bortxatuena, menderatuena eta arbuiatuena, hots, emakumea da lor dezakeen bakarra. Herritargoaren erdi horren kemen baztertua izango da gizarte zuzenerako bultzadarik handiena. Beraz, ezkerreko alderdi-multzo horrek alderdi feminista baten zuzendaritza onartu bezain laster abiatuko da irtenbidea.
Hondarribia, tradizioa bai tradizioa ez
2018-09-05 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Alardearen tradizioa errespetatu behar dela argudiatuz, hondarribiar askok ez dute onartzen emakumeek gizonek bezalaxe parte hartzea.
Hala ere, ez dute errespetatzen Alardea baino beste tradizio zaharrago bat, milaka urteko tradizioa: emazteak eta alabak ez dira arropa garbitzera errekara jaisten.
Iruña-Veleiakoaren antza du arazo honek
2018-08-29 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
(Ideiagatik mila esker R.M.Franki)
Duela bederatzi urte Aldunde Andreak, goi-jatorriko andre arabarra bera, Gasteizko Epaitegian kereila bat aurkeztu zuen Lysio abeslariaren aurka, emakumearen seme baten aita izatea eta aitortzeari uko egitea leporatuz.
Emakumeak salaketa hedatu eta bere arrazoiak zabal-zabalki argudiatu zituen prentsan, irratian eta telebistan. Horrela, gasteiztar, arabar eta euskaldun asko sinetsita gelditu ziren haurra abeslariaren semea zela. Bai horixe, nola ez ba, Aldunde Andreak esan du eta!
Bien arteko antza gorabehera, abeslariak beti ukatu du bere aitatasuna. Harrigarriena hauxe da: salatuak berak (abeslariak) berari, amari eta haurrari DNA-azterketak egiteko, aita den ala ez zientziak argitu dezan, epaileari eskatzen bederatzi urte daramatzala.
Aitzitik, salatariak (emakumeak) ezezko biribila eman du beti, batere azterketaren beharrik ez dagoela esanez, “haurra abeslariaren semea delako”. Goieskolako katedradun aditu famatu batzuk agertu dira emakumearen alde hauxe adieraziz, “abeslariaren arbuioagatik hain asaldatuta dagoen pertsona batengandik ezin daitekeela DNA fidagarria lortu, Schlöttlerer-Hudson testa erabiliko balitz ere”. Ez horixe, Doktoreek esan dute eta!
Orain dela sei urte epaileak auto bat eman zuen Nekazaritzaren Ministerioko Erakunde Argazkiologikoak hiruren DNA egiaztatzeko. Justiziaren itxarobide bat hedatu zen orduan. Baina erakundeak ez zuen agindua bete; horren ordez kolorezko argazki bana egin zien, besterik ez, eta txostenean hauxe zioen, “gizonak eta haurrak antz handia dutela eta urrezko eraztun berdin bana”.
Abeslaria aita al da?… Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak al dira?
Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla esku osoaz uste dutenei
2018-07-06 // Iruña-Veleia // Iruzkin bat
Inork ezin dakike grafitoak benetakoak direnetz; antzinatasuna aurkitzeko azterketak egin behar litzaizkieke, eta inork ere ez du egitea nahi. Eliseo Gil bakarrik ari da hasieratik eskatzen, salatua den arren.
Botere politikoak, akademikoak eta mediatikoak azterketei uko egiten diete, baina benetakoak ez direla badakitela diote eta herritarren zati handi bati Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla sinestarazi diote. Eta ez dute teoriak eta iritziak besterik, ez dute batere frogarik aurkezten eta. Hauxe bai, irregulartasun-piloa egiten dute:
1.- Egiarik eza. Arabako Foru Aldundiak sortu zuen zientifikoa deitutako Batzordearen ondorio-idazkiak, non oinarritu baitzen 2018-11-19an Eliseo Gil botatzeko eta aztarnategiko zuzendaritza Euskal Herriko Unibertsitateari emateko, agiri hark batzordean guztien adostasuna izan zela zioen, baina aktak berak egiaztatzen du guztien adostasunik ezta zientzi-eztabaidarik ere izan ez zela (historia www.veleia.fontaneda.net gunean ikusgai dago, egiaztatzen duten agiriak dituelarik). Gainera hauxe ere dio, batzordekideen txostenetan oinarritzen zela, eta ez da egia, aldundian bi astebetez gero sartu zirelako. Bilera hartako mahai gainean bi txosten bakarrik zeuden, egiazkotasunaren aldeko Eliseo Gilena eta faltsutasunaren aldeko Joakin Gorrotxategirena.
2.- Babesik eza. Aldundiak 2009-03-24an Eliseo Gilen aurkako kereila aurkeztu zuen Gasteizko Epaitegian. Aurkikuntza arkeologikoek, epai-prozesu horren benetako frogak izan arren, ez dute epai-babesik izan, baizik eta hasieratik salatzailearen eskuetan egon dira, aldundiak dauzka museo batean. Areago, ikustera zihoazenei museoak zerakutsazkiela aitortu zuen kultur diputatuak 2010-11-16an Arabako Batzar Nagusian.
3.- Inpartzialtasunik eza. Unibertsitateak, aztarnategiko oraingo zuzendaritzak, 2012, 2015 eta 2018an hondeagailu bat erabili du lurra (eta barruan izan zitekeena) kentzeko. Lehengo bietan SOS IRUÑA-VELEIAK salaketa aurkeztu zuenean, epaileak txosten teknikoak eskatu zizkion, nori eta salatzaileari hain zuzen, aldundiari. Esan beharrik ez dago aldundiaren erantzunak makinaren erabili izateari egokia zeritzala. Eta arauz, epaileak ez zuen salaketa onartu.
4.- Begirunerik eza. Epaileak 2012an, bazen garaia!, IPCE edo Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari bidali zizkion pieza batzuk, besteak beste, “idazkunen antzinatasunaren” berri emateko. Piezak hartzera aldundiaren museora ertzaintza eta aldundi salatzailea joan ziren, baina alderdi salatua ere bertan egon behar zela ‘ahaztu’ zuten.
5.- Ganorarik eza. Epaileak IPCE erakundearen txosten hori onartu zuen, “idazkunen antzinatasunaren” berririk ere eman ez arren. Azalean gaur egungo metal batzuen aztarnak zeudela bakarrik zioen. Maneiatu dituzten gutxienez zazpi erakundeek utzitako aztarnak dira azalean dauden hondarrak. Eta areago, “beharbada hiru grafito jator” daudela dio txostenak. Eta kito, ezer esan ez bazuen bezala, inork ez du adierazpen hori ikertzen eta.
6.- FROGARIK EZA. Ez dago arrazoirik arazo arkeologiko bat epai-esparruan ebazteko. Baina kontu hau horrelaxe dagoenez gero, bederik auzitegiak froga irmoak eduki ditzala, piezak aztertzeko zientziara jo dezala. Hainbeste irregulartasun kontuan harturik, frogarik gabeko epaiketa egingo balitz, aurkikuntzak aztertu gabe, iritzietan eta teorietan oinarrituz, ‘titulitisezko’ epaiketa izango litzateke, hau da, ea titulu gehiago zeinek duen eta adituagoa zein den, horrela auzitegiak beraren ustezko nagusitasunari jaramonago egin diezaion. Hona hemen titulu batzuen balioa, epaiketaren ‘oinarria’ balira.
Martin Almagro Doktoreak, [wikipedia] kurrikulumean 17 titulu eta 35 zientzi-argitalpen dituenak, 2008-11-01ean El Correon hauxe esan zuen: “Euskaraz ezinezko lekuan eta, gainera, Antzinaroan ezinezko hizkuntza moderno bat egiten zuen jende bat zegoela egiaztatu nahi zuten [benetakotasunaren alde daudenek].” Ezinezko lekuan eta ezinezko hizkuntza Neuk diodalako. Beharbada, III mendera bidaiatu du, eta iritzi hori ziurtatzeko, Veleia eskualdeko biztanle haiei egin zizkien grabaketei buruzko 36. argitalpena prestatzen ari da.
Joakin Gorrotxategi Doktoreak, [wikipedia] 21 zientzi-argitalpen dituenak, zientifikoa deitutako Batzorde hartarako 2008-06-25eko txostenean hauxe zioen: “Aizunketaren aurrean egoteko ustea osoa da, inolako zalantzarik izan gabe.” Hala ere, orrialde batzuk aurrera hauxe aitortzen du: “Ez dakigu K. o. III mendeko euskara nolakoa zen.” Aizunketa da baina ez dakigu.
Inoiz inork, Doktorerik adituenak ere, ez du III mendeko euskara entzun. Entzutea ezinezkoa omen da, baina irakurri egin liteke, Iruña Veleiako grafitoetan, garai hartakoak diren ala ez diren egiaztatu bakarrik behar da eta. Horren argia.
Argitasuna eta beraz zuzentasuna nahi dituzuenok, grafitoak faltsuak direla esku osoaz uste baduzue ere, gonbidatuta zaudete, Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua sinatuz, azterketa zientifikoen eskaera babestera. Hona hemen irakurri eta sinatzeko esteka.
Trebinun ere euskaldunak dira
2018-06-24 // Euskal Herria // Iruzkinik ez
2018ko ekainaren 17an argi eta garbi geratu da “Araba Euskaraz” jaia Burgosen egin dela.
Ikastolen jaia ez da Euskadin gertatu, ez Nafarroan, ez Iparraldean, baizik eta Gaztela eta Leon autonomi erkidegoan, Burgos probintzian, Trebinu barrendegian, Argantzun udalerrian, hau da, Euskal Herriko bazter batean. Aspaldian “Trebinu Araba da!” oihu egiten zuten guztiek, baina ez dirudi politikariak behar den bezala arduratzen direnik.
Barrendegi horretako burgostar haurreriak bere hizkuntza, gure hizkuntza, euskara ezagutu eta erabili nahi du, besteak bezalako euskalduna da eta.
Baina askoz laguntza handiagoa behar du beste euskaldunengandik. Bere euskalduntasuna zaintzeko eta sustatzeko laguntzarik ez zaio beraren probintziatik etorriko, edo beraren autonomi erkidegotik edo estatutik.
Euskal Herri osoa kontzientziatu behar da, euskaldun askok ez baitaki trebinuarrak ere euskaldunak direla.
Iruña-Veleiako auzia argitaratzearen aldeko manifestua *
2018-06-15 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Arabako Foru Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, ofizialki faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006ko jardunaldietan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako “ezohiko grafitoak” (400 inguru), eta indusketa-baimena kentzea erabaki zuen Lurmen S.L. enpresari. Handik gutxira, zigor-espedientea irekiz, auzibidean jarri zituen enpresa horretako hainbat kide eta kolaboratzaile.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) irakaslez ia guztiz osaturiko Batzorde Zientifiko Aholkulariaren zenbait txostenetan oinarrituta hartu zuen erabakia Foru erakundeak; piezak faltsuak zirela eta Lurmenen arkeologia jarduna txarra izan zela esaten zuten txostenok. Geroago, 2009 eta 2013 artean, Lurmenen defentsak hogei bat txosten aurkeztu zituen epaitegian guztiz kontrakoa esaten zutenak, hau da, piezak benetakoak izan daitezkeela eta Lurmenen arkeologia jarduna egokia izan zela. Hainbat naziotakoak dira txostenon egileak eta horietako gehienak izen handiko adituak grafitoetan agertzen diren gaietan.
Auzia bederatzi urtez egon da instrukzio fasean, gure herrian irekita dagoen auzi judizial zaharrena izanik, horrek Eliseo Gil Zubillaga eta Oscar Escribano Sanz auzipetuei ekartzen dien guztiarekin. Azkenik, 2018ko maiatzaren hasieran jaso dute auzipetuek akusazio-idatzia: Eliseo Gilentzat Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 285.000 euroko isuna eskatzen du eta aldi berean Estatuko Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela eta ia 300.000 euroko isuna. Oskar Escribanorentzat, bost urte eta erdiko kartzela eta antzeko isunak.
Gure ustez, ezin da denbora gehiago egon auzia argitu gabe; batetik, begi-bistako arrazoi humanitarioengatik, eta bestetik, garrantzi ikaragarrikoa delako grafitoak benetakoak ala faltsuak diren jakitea. Eta ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza-arlo askorentzat ere. Badakigu jakin erraza dela egia aurkitzea datazio teknika modernoak erabiliz, ohikoak gaur egungo arkeologian, eta horregatik azpian sinatzen dugunok eskatzen diegu dagokien erakundeei ondorengoa egitea agindu dezatela:
1) piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea. Gure ustez, hiru laborategi ezberdinetan egin beharko lirateke analisiak, kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz.
2) parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan.
Gasteizen, 2018ko ekainaren 14an
Iruña-Veleia Argitu ekimena
(Ekimenaren bultzatzailea: Iruña-Veleia Argitu ekimena, ondorengo elkarteetako kideek osatua: SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria, Martin Ttipia, Lurmen eta independenteak)
Harremana: irunaveleiaargitu@gmail.com
Informazioa: ‘Iruña-Veleia argitu’ jarrita interneteko bilatzailean
* Manifestu hau sinatu nahi baduzu, hona hemen esteka. Bertan sinatzaileen zerrenda ere ikusiko duzu.
Iruña-Veleiako auziaren epaileari
2018-06-08 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Fiskaltzak aurkeztutako salaketak onartu dituzu Andereorrek eta Eliseo Gil eta taldeko bi kide ahozko epaiketara eramango omen dituzu. Oraingoz, 372.700 euroko fidantza jarri diezu.
Salaketak teorietan, iritzietan eta burutazioetan bakarrik oinarrituta daudenez, frogarik gabeko epaiketa batean ez erortzeko, pieza batzuen azterketa eginaraz dezazula eskatzen dizut Andereorri, grafitoen adinaren froga fede-emaileak lortzeko. Espainiako komunikabideetan eta gizarte-sareetan hain hedatutako arazo honen zuzentasuna zaintzeko, nazioarteko hiru laborategi ospetsutan egitea egokiena litzateke.
Bitartean, aurkikuntzak Arabako Foru Aldundi salatzailearen eskuetan daudenez, Andereorrek pieza guztiak Eusko Jaurlaritzaren babes zuzenean jarri behar zenituzke.
Azkenean, azterketaren ondoan emaitza ezagututa, grafitoak gaur egungoak balira, Andereorrek epaiketari ekin zeniezaioke, nork grabatu dituen argitzeko.
Baina grafitoak aspaldikoak balira, Andereorrek ez zenuke inongo epaiketaz arduratu behar, auzia artxibatu baino… eta Eliseo Gilen ohorea birgaitzeko agindu.
Iruña-Veleiako zentzua
2018-05-20 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Bederatzi urteko itxaronaldiaren ondoan Iruña-Veleiaren auziak epaiketa izango omen du. Ez da zentzuzkoa. Auzitegiak ea Eliseo Gilek grafitoak faltsutu zituenetz ebatzi nahi badu, lehendabizi jakin behar du grafitoak faltsuak diren ala ez. Horretarako, grafito horiek aztertu behar dira noiz grabatu ziren erabakitzeko. Inork ere ez du horrelako azterketarik egin.
Arkeologoak aurkikuntzak agertzen diren geruzan oinarritzen dira data jartzeko. Baina eztabaidaren hasieratik Eliseo Gilek bakarrik, salatuak hain zuzen ere, eskatu du aztertzea. Beste inork ere ez, Botereko inork ez, ez Euskal Herriko Unibertsitateak ez Arabako Foru Aldundiak ez Gasteizko Epaitegiak ez dute grafitoak aztertzea nahi izan. Ez da senekoa.
2008an Aldundiak, txostenak jaso baino lehenago ere, faltsutzat jo zituen grafitoak, Eliseo Gilen talde arkeologikoa bota zuen, Epaitegian salatu zuen eta aztarnategiko kontratua Unibertsitateari eman zion. Eta halako bidegabekeriak zergatik eta Unibertsitateko bost kidek (Ciprés, Galán, Gorrochategui, Lakarra eta Nuñez; ez da egia guztien adostasuna izan zenik), ez frogetan, teorietan oinarrituta, baieztatzen zutelako. [ikusi agiriak hementxe: http://www.veleia.fontaneda.net ]
Teoriak bakarrik dituzte, adibidez, III mendeko euskara nolakoa zen ‘dakiten’ bi hizkuntzalarirenak. Garai hartako grabaketarik ote daukate?
Iritziak dituzte, adibidez, Espainiako Kultur Ondarearen Erakundearenak. Epaitegiak “idazkunen antzinatasuna” aztertzeko eskatu zion arren, azalean gaur egungo metal batzuen aztarnak zeudela bakarrik ondorioztatu zuen, hau da, piezak eskuetan izan dituzten guztiek utzitako hondarrak.
Espekulazioak dituzte, adibidez, polizi-txostenekoak, non baitio “azken urteotan mundu mailako faltsuketa arkeologikoaren gertaerarik larriena” dela. Baina grafitoen antzinatasuna aztertzeko Epaitegiaren agindua jaso zuenean, piezak itzuli egin zituen beraren laborategiak horretarako gauza ez zirelako.
Aditu askok, ordea, benetakoak izan daitezkeela baieztatzen dute (besteak beste, Albisu, Arnaiz, Baxarias, Elexpuru, Fernandez, Filloy, Frank, Fritz, Gil, Harris, Iglesias, Illarregi, Orpustan, Rodriguez Colmenero, Satue, Sauren, Silgo, Thomson, Txillardegi, Van der Driessche, Zabaleta). Teoriak ere besterik ez dira, inork ere ez ditu grafitoak aztertu eta.
Lotsagarria da bederatzi urte baino gehiagotan ezer ez egitea.
Fiskaltzak epaiketa nahi izatea ulergarria da, beraren lana da eta. Baina grafitoak noiz egin ziren jakiteko azterketarik egin gabe, faltsutasunean Aldundia bera setatzea da ulertezina. Idazkun horiek euskararen eta historiaren altxorra izan daitezke. Arabaren altxorra ere izango lirateke.
Hasteko, aztertu behar da, ezta?
Manifestazioak eta hauteskundeak
2018-04-28 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Apirilaren 21ean bi emakumeren erailketaren aurkako manifestazioa egin zen Gasteizen. Apirilaren 26az gero “Samalda” delakoaren auziko epai lotsagarriaren aurkako manifestazioak egin dira hiri guztietan. Eta emakumearen duintasunaren alde zenbat gehiago egin beharko da?
Manifestazio bat gertatzen denean zerbait gaizki dabil eta konponbidea behar du. Aldi berean, manifestazio bat dagoenez gero, konponbidea esnatzen hasten da.
Emakumeak historian zehar jasaten duen mendetasun, gutxiespen eta erasoaren arazo larriak konponbidea behar du, bai horixe. Baina konponbidea ez dute manifestazioek berek ekarriko; horretarako, mota guztietako konponbide politikoak (ekonomikoak, kulturalak, heziketarenak eta sozialak) lortu behar dira gobernutik.
Hauteskundeetan nork nahi duenari eman diezaioke botoa, nola ez bada! Baina botoa berdintasunaren aldekoa ez bada, ez da behin ere aipatutako konponbide politikorik lortuko, manifestazio asko antolatzen bada ere. Manifestazioetan esku hartu eta gero botoa eskuinari emanez gero, eraso matxistek iraungo dute, emakumearen arazoak ez dira amaituko, Diru Jaunak, Elizak eta beraien zerbitzuan dagoen eskuineko gobernuak matxismoa kontserbatuko dute, arma indartsua dute eta. Eskuina kontserbadorea da ez ona edo gaiztoa delako, baizik eta aspaldidanik dauzkan botere, aberastasuna eta pribilegioak ‘kontserbatu’ nahi dituelako.
Eta abantailak kontserbatzeko, eskuinak hiritarrak (lan egiten dutenak eta zergak ordaintzen dituztenak) azpiratu behar ditu langile-klasea zatituz, langileak eta funtzionarioak eta autonomoak eta nekazariak banatuz, eta batez ere kultura matxistaren bitartez gizarte osoa erdibana zatituz, gizonak eta emakumeak: gizona nagusia dela aldarrikatuz eta beraz eskubide guztiak dituela, emakumearen gaineko eskubidea ere bai. Banatuta herritarrek Diru Jaunaren egitasmoa gauzatzen laguntzen diote.
Botoak (libre, jakina) manifestazioen garaiapena aldeztu ala suntsi dezake.