Hasiera »
Itsaso Zubiriaren bloga - Errekatik ibaira
Itsaso Zubiria Etxeberria
1990ean Hernanin jaioa. Historia txikiak bilatzen ditut, beren txikitasunean handi direnak.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Xabi Amedo(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Zubiria zubix(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Itsaso Zubiria(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Eneritz(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Itsaso Zubiria(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
Abortu legearen erreforma Txilen: moderatua batzuentzat, gehiegizkoa betikoentzat
2014-05-23 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Emakumearen bizia arriskuan badago, bortxaketa kasua bada edo umekiaren malformaziorik balego. Kasu horietan onartuko da Txilen abortatzeko eskubidea, Michelle Bachelet herrialdeko presidenteak burutzeko asmoa duen erreformaren arabera.
Berria estreinakoz irakurrita, ez da abortu libre, legal eta doakoaren eskemetan sartzen; erreforma moderatua da; baina bere testuinguruan kokatuta aurrerapausoa dirudi Hego Amerikako herrialdearentzat. Egun, amaren bizia arriskuan badago ere ez dago abortatzeko aukerarik (ez modu legalean behintzat), baina horrek, noski, ez du eragozten emakumeek abortatzea. Eta jakina denez, modu klandestinoan eta baldintza txarretan egin behar izaten dute, beren bizia arriskatuz. Aurrerapausoa aipatzen da bi lerro gorago, eta gaurko egoera ikusita hala dirudi, baina ez da ahaztu behar, proposaturiko lege erreformak hiru egoera jakinetan baino ez duela baimenduko haurdunaldiaren gelditzea, eta beste emakume asko geratuko direla eskubide hori gabe.
Bacheletek abortuarenaz gain bestelako erreformak iragarri ditu Txilen.
Bachelet, medikua profesioz, boterera iritsi zela hilabete gutxi direnean (2014-2018 legealdirako sartu da, hauteskundeetan bozen %62 lortuz, gizarte aldaketa oinarri zuen kanpaina bideratuta), iragarriak ditu zenbait aldaketa, horien artean, hezkuntza eta fiskalitate erreformak, eta asteazkenean aurreratutako abortuaren legea.
Eskuineko alderdien eta Elizaren gaitzespena jaso du dagoeneko lege moderatua egiteko asmoak, Sebastian Piñera presidente ohiagandik hasi eta Ricardo Ezzati Txileko apezpikuen presidentearen adierazpenetaraino. Baina oraindik ikusi egin beharko da nola daramatzan aurrera promesak eta nola erreakzionatzen duten herritarrek.
Hemen irakur dezakezue Bacheleten diskurtsoa osorik: Bacheletek 2014ko maiatzaren 21eko diskurtsoa.
‘¡Dale mamazita con tu tacata!’
2014-03-04 // Sailkatugabeak // 14 iruzkin
Inauteriak 2014, Hernani, ostiral eta astelehen arratsaldea, DJ festa gaztetxoentzat Atsegindegi plazan. Ingurutik pasa eta giroa ikusita, lotsatuta bueltatu naiz etxera (harrituta ez, badakidalako taberna gehienetan horixe bera entzuten dela astebururo). Gaztea edo 40 Principales-eko musika eredua nonahi, baztertzailea bai genero eta bai hizkuntza ikuspegitik. “¡Quitate el top!”, “I’m sexy and I know it” edo “Mamita loca, cosita linda, con ese cuerpo es que me vuelves loco…” entzutea besterik ez dago. Eta ez hori bakarrik, hamar bat kanta segidan aditu, eta badirudi, gainera, euskal musikarik ez dela existitzen; trikitixa eta panderoa jotzen bakarrik dakigula erromerietan, arin-arina edo fandangoa dantzatzeko.
Eredu ederra eskaintzen diegu gaztetxoei… Baina beno, hezkuntzaz ikastolek arduratu behar dutenez, arazoren bat badute moldatuko dira eurak! Ez al dituzte ba sexologia tailerrak egiteko, matematikako lau ordu galtzen urtero?
Bitarte horretan, herrian nerabeen aisiaz arduratzen diren taldeek jarraituko dute martxoaren 8aren harira antolatutako ekintzen artean neskatoentzako azkazalak pintatzen ikasteko tailerrak prestatzen. Ez ahaztu besteen aurrean neskatila eredugarri, ikasle on, txintxo, polit eta lirain bezala azaldu beharra daukagula!
Baina eh, martxoaren 8an kamiseta morea jantzita aterako gara guztiok kalera, eta gizonezkoek, gainera, otordua prest edukiko dute etxean, egun horretan merezi dugulako! Hori bai, bihar bertan banoa merkealdietara, atzo dendan ikusi nituen zapata takoidun gorri haiek erostera; asteburuan perreatu beharra daukagu! “¡Dale mamazita con tu tacata!”
Apezpiku egoitza hilerokoaz pintatuta
2014-01-24 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Emakumeen hilerokoarekin egindako pintadaz eraso egin diote Mallorcako apezpiku egoitzari Balear Irletan, Herrialde Katalanetan. “Avortarem”. Abortatuko dugu.
Mallorcan, Balear irletako obispoaren egoitzan egin dute pintada, eta emakume guztiei dei egin diete horrelako edo antzeko ekintzak egitera.
Brigada Feministak taldeak hartu du bere gain ekintza eta idatzi bat plazaratu dute. Honela dio zati batek: La nostra sang és el millor material per avisar al bisbe dels nostres propòsits, la sang que prové directament dels nostres úters i que va directe a qui vol controlar els més profund del nostre ser. No es poden apropiar de la nostra sang, nosaltres podem usar-la contra ells (Gure odola da daukagun materialik onena, apezpikuari gure helburuak zein diren azaltzeko, gure uteroetatik zuzenean datorkigun odola eta zuzenean gure izana kontrolatu nahian dabiltzanengana. Ezin dute gure odolaren jabe egin, guk erabili dezakegu euren aurka).
Hilabeteak daramatzate odola biltzen, eta lehen ekintza apezpikuaren egoitzan egin nahi izan dute, bera baita, diote, emakumeen eta bere gorputzaren kontrako lege gogorrak ezartzearen erantzule nagusi, PPko buruzagitzarekin batera.
Abortatuko dutela esan dute. Gizon eta emakumeen elkartasun sareak sortuz. Gure amek eta amonek egiten zuten bezalaxe. Medikuen laguntzaz, eta beste erremediorik ezean erremedio naturalekin. Baina abortatuko dutela.
Hemen, argitaratutako beste irudiak:
Bizimodu jasangarriaz lezio bat
2014-01-20 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Iruñean elkartu nintzen Carlos Tobajas Casalesekin. Hastear geunden Prekarietatearen aurpegiak sail berriko lehen “presa”, berrogeita hamalau urteko langabetua. Iruñeko Langabetu Asanbladarekin harremanetan jarri eta eurek eman zidaten Carlosen erreferentzia. Militantea bera ere. Egin genuen zita, hiru egunen buruan.
Onartu beharra daukat, beldur pixka batekin joan nintzela. Ez nengoen ziur norekin topo egingo nuen, zein egoeratan aurkituko nuen, hogeita hiru urteko neska gazte bati zer kontatzeko prest egongo zen…
Gizon duin bezain koherente harekin elkartu nintzen, baina. Egoera gordinenetan ere aurrera egiteko gaitasuna erakusten zuen, eta sozialki zulotik ateratzeko alternatibak ere planteatzen zizkidan. Bizimoduaz esperientzia-lezioa ematen ari den aitaren tankera hartu nion momentu batean; argi ibiltzeko sistemaren hatzaparretan erori gabe, erakundeentzat bankuekiko duten dependentzia eta erantzukizuna herritarron eskubide zibilen gainetik dagoela, eta ez daudela laguntzeko. Jende asko geratu dela, sistemaren azken kolpe honetan zorretan itota, sistemak berak eraman gaituen eta garamatzan jasan ezinezko kontsumo mailetan sartuta. Ekonomia solidario eta jasangarriaz aritu zitzaidan, eta jardun ginen (gu ere etxean hainbeste aldiz jardun garen bezalaxe) lehengo labadora eta beste hainbat etxetresnen iraupenaz; barrez, esanez, bere guraso edo nire aitona-amonek irri egingo zutela jasangarritasunari iseka egiten dioten gaur egungo garbigailuez.
Eta gomendio bat eman zidan, inoiz baino gazte ikasiagoak edukita, ez alferrik galtzeko eta lanik izan ezean ere, daukagun indar hori sozialki aprobetxatzen ikasteko. Sistema indibidualista hau iraultzekotan bide berri eta alternatiboak ireki beharko baititugu guztion artean.
Eskerrik asko, beraz, ia alabari bezala emandako lezioagatik.
Hemen Prekarietatearen aurpegiak sailaren lehen atala, Carlos Tobajas Casales
Mareatu ditu, haur eta heldu, beiraren edukiontzi berriak
2013-12-11 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Realak galdu eta biharamun goizean ikusi dut, kalera irtendakoan. Bost-hamar segundo behar izan ditut bide ertzean kolokatutako futboleko baloi txuri-urdin erraldoia asimilatzen. Baina ze ostia da hori?
Beira botatzeko edukiontzi berrietako bat, Hernanin.
Beira botatzeko edukiontzi berriak jartzen ari dira Gipuzkoako zenbait herritan (Donostian, Urnietan eta Hernanin badaude dagoeneko), argazkian ikusten dena bezalakoak. Denis Itxaso Gonzalez San Marko Mankomunitateko lehendakariaren azken erosketa behar du izan, ecovidriorekin egindako azken tratua.
Arratsaldeko 16:30ean etxe ondoko ikastolatik korrika batean atera diren haurrak aditu ditut berdinaz hizketan. Eurek ere ez dute oso ondo ulertu aldaketa, batek bota baitu: “Hor lehen kristalak botatzeko ontzia zegoen, baina hau orain zer da? Zulatutako baloiak botatzekoa?”
Egunero pasatzen naiz lauzpabost aldiz leku beretik, eta uste dut begiak erdi itxita igarotzen hasi behar dudala. Estetikoki posteak omen ziren gure herriko problema. Bada eskerrak ez dauzkagun horrelako bost elkarren ondoan.
Denis Itxaso San Marko Mankomunitateko presidentea eta Iñaki Soroa Ecovidrioko presidenteordea, Donostiako Anoeta futbol zelaiaren ondoan jarritako edukiontzi berriak promozionatzen (Argazkia: sanmarko.net)
Medikuaren kontsultara joaten ginen, zuek ez duzue garai hori bizitu…
2013-12-11 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bukatzear omen dago medikuarenera aholku bila joate hori. Laster telefono mugikorrean deskargatutako mediku-aplikazioek esango omen digute zeren ondorio den eztul edo tripako mina, ala hezurduran eragiten digun erreumaren mina arintzeko zer behar dugun egin. Bukatu dira familiako konfidantzazko sendagileak, ezagutzen gaituztenak (eta familiaren osasun-historia ezagutzen dutenak), aurrez-aurreko kontsultak, gertukoak. Zertarako hori dena baina!? Poltsikoan daramagun 300€-tik gorako makinak emango digu-eta diagnostiko ziurra!
mHealth deritze aplikazio berri horiei; osasun app-ak. Bihotzekoaren aurrean nola jokatu, fobiak tratatu edo diabetea zaintzeko aholkuak ematen dituzte, besteak beste. Hemendik aurrera sasoian egoteko beharrezkoa dugun personal coach-a ere sakelan eraman ahal izango dugu (momentuko smartphone-a ordaintzeko sosik baduzu, behinik behin). Esango digu zein ordu den onena mendira joateko, zenbat denborako spinning sesioa egin behar dugun gure helmugara iristeko erre beharreko kaloriak erretzeko, edo zein marka hobetu behar dugun aurten ere Behobian atera nahi badugu.
La Vanguardiak 2013ko abenduaren 10ean papereko edizioan argitaratutako medisalud monografiko berezian azaltzen denez, gaur 10.000 osasun app baino gehiago daude erabilgarri eta 2015erako munduan 500 milioitik gora pertsonak erabiliko du horrelako tresnaren bat bere smartphone pertsonalean. Hori dio, behintzat, Global Mobile Health Market Report informeak.
Joan Cornet Mobile World Capital fundazioko kide eta mHealth taldeko zuzendariaren hitzak azpimarratu ditu hedabide katalanak. Dio, gaixoari onurak ekartzeaz gain, ekonomikoki bideragarriagoa izango den osasun sistema baterantz garamatzala bide honek. Kalkuluak egiten hasita, egia da, horrenbeste gorrotatzen ditugun erietxeetako itxarongeletako egonaldi luzeak gutxituko direla, baina, poltsikuan eraman beharreko aparatu moderno horiek nondik ateratzen dira? Bizilagunaren ortuan loratzen ote dira urtegarai honetan?
Eredu jasangarriez hitz egiten digute. Eder geratzen da garai hauetan. Europar Batasuneko herrialdeetako osasun sistemetan horrelako aplikazioak jarriz gero, 2017an 99.000 milioi euro aurreztea aurreikusten dutela azaldu du Cornetek. Aipatzen ez duena da, ordea, zer negozio egiten duten app horien sortzaileek, mugikor konpainia handiek, atzetik dituzten hainbat eta hainbat enpresak etab.
Beraz, sendagileak ez dizu gomendio medikurik emango, zure gaixotasunaren arabera internet bidez merkatu txinatarrean erositako modako smartphonean zein aplikazio deskargatzea komeni zaizun esango dizu.
Ez dakit “aurrerapen” teknologiko honekin gastu ekonomikoa gutxituko den ala ez, baina imaginatzen gure gurasoak bilobei medikuaren kontsultara joatearena galdutako beste ohitura baten historia bezala kontatzea? Erotzen ari gara.
Disneyko printzesei amaiera alternatiboa
2013-11-20 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Disneyko printzesa eder eta zoriontsuen gaurko itxura irudikatu du Dina Goldstein argazkilariak ‘Fallen princesses’ izeneko bildumarekin argitaratu berri duen liburuan. “Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan” edo gazteleraz argiago esaten den “vivieron felices y comieron perdices” esaerei bukaera errealistagoa eman die argazkilari kanadarrak.
Goldsteinen amari minbizia diagnostikatu eta bereala ekin zion bildumari. Tartean tokatu zitzaion, gainera, alabak printzesaz jantzi nahi zueneko garaia, eta horrek ere indartu zuen argazki horiek egiteko beharra, naciodigital.com hedabidean Jordi Masachs-ek azaltzen duenez.
Hemen pare bat irudi adibide gisa. Bilduma osoa ikusi nahi izanez gero egon klik hemen.
Edurne Zuriri lana pilatzen ari zaio eta dirudienez printze urdina ez zen guztiz perfektua (Argazkia: Dina Goldstein)
Ederrak ez du oso ondo onartu zahartzearen kontua (Argazkia: Dina Goldstein)
“Ez ahaztu gauetan wi-fia itzaltzea”
2013-11-14 // Sailkatugabeak // 4 iruzkin
Agustin Bocos ingurumen abokatua da, kutsadura elektromagnetikoan aditua, Soinuaren Kontrako Juristak elkartearen sortzaileetakoa eta ingurumen zuzenbideko masterreko irakaslea. La Vanguardia hedabideko La Contra sailean elkarrizketa egin dio Ima Sanchis-ek eta wi-fi-ari buruz galdegin dio.
Hona hemen elkarrizketa euskaratuta:
Zergatik kendu behar da wi-fia ikastetxeetan?
Erradiazio elektromagnetikoak botatzen dituzte oso potentzia altuan; ondorioak kaltegarriak dira guztiontzat, baina bereziki haurrentzat, garapen adinean daudelako.
Ingalaterran, Frantzian eta Suedian kentzen ari dira.
Bai, ikastetxe, museo, liburutegi eta leku publikoetatik. Osasun zerbitzuak edo beste edozein erakundek ez du harigabeko teknologia berraztertu, eta ezin digu esan zein potentziatan botatzen den eta nola kontrolatzen den hori.
Ikerketarik badago?
Nazioarteko 2.000 ikerketa laburbiltzen dituen txosten publiko bat badago, Bioiniciative. Maiatzean Europako Kontseiluak hartutako erabakian biltze dira txosten horretako ondorioak: erradiazio elektromagnetikoak denbora luzez jasatea zenbait tumorerekin lotzen dute ikerketek.
Erradiazio txarrak, baina beharrezkoak.
Konektatzeko beste sistema batzuk badaude, sare elektrikoaren bidez internetez gozatzeko aukera ematen dutenak.
Zer dio Osasunerako Mundu Erakundeak (OME)?
Mota honetako erradiazioak minbizi-eragile posible sailkatu ditu ofizialki.
Eraikin bateko wi-fien erradiazioak gehitzen baditugu, guztiok kiskalita egon behar dugu.
Nire gomendioa haria erabiltzea da. Dagoeneko badaude ikerketak, uhin hauek haurren hiperaktibitate, buruko min eta gaizki lo egitearekin lotzen dituztenak. Zergatik arriskatu, alternatiba teknologikoak baldin badaude?
Garapena da.
Dena dela, gauean itzali egin behar da, gutxienez.
Zerk bultzatu zintuen gai hauek lantzera?
Duela hamabi urte, katu eta txakurren aterpe baten ondoan, landan, telefono mugikorretarako antena jarri zuten. Animaliak urduri zeudela, beren burua zauritzen ari zirela eta alde egin nahian zebiltzala esanez deitu zidaten.
Kasua irabazi zenuen?
Bai, ez zeukaten baimenik. Hurrengo kasua, orain hamar urte, pertsonalki inplikatuta nengoen Valladolid-eko Garcia Quintana ikastetxekoa izan zen.
Zure seme-alabak?
Bai. Bost leuzemia kasu egon ziren. Eskolatik hurbil, teilatua telefono antenaz beteta zuen eraikin bat zegoen. Udaletxean idatzi bat aurkeztu genuen, azalduz bazeudela ikerketak erradiazio elektromagnetikoa haurren leuzemiarekin lotzen zutenak. Antena horien potentzia ezagutu nahi genuen.
Alkatea arduratu egingo zen.
Ukatu egin zigun bisita. “Guraso histeriko” batzuk omen ginen. Prebarikazioagatik kereila jarri genuen eta operadoreen kontra ingurumen kutsaduragatik. Irabazi egin genuen, baina haur bat hil zen.
Beste ikastetxe batzuetan gertatu da?
Oraintxe Madrilgo Pinto ikastetxean zenbait kasu daude, eta Sevillako Dos Hermanas-en lau.
Konponbide txarra dute, telefonoz hitz egin nahi badugu.
Telefono mugikorretarako mikrouhinik gabeko teknologia alternatiboak aztertzen ari dira Japonian eta AEBetan. Bitartean, mugikorra kontu handiz ibili beharra dago, bozgorailuarekin edo erradiazioak ekiditen dituzten tresnekin; burmuinean jarriz gero zu zara antena.
Uhin elektromagnetikoekiko hipersentsibilitate kasuak agertzen hasi dira.
Eta ondorioz ezintasuna emateko sententzia badago. Gizarte Segurantzak bizi arteko pentsioa ordainduko dio pertsona horri. Lehenengo kasua da, baina tamalez uste dut askoz gehiago egongo direla.
Aparatu hauek botatzen duten potentzia kontrolatuta dago?
Espainiak, zentimetro karratuko 400 mikrobatio onartzen ditu. Gaztela-Mantxan 0,1 mikrobatio; Katalunian, 200. Zelanda Berrian onartutako neurria 0,01ekoa da eta Australian, Hegoaldeko Gales Berrian 0,001ekoa. Leku batean 200 kilometro orduko eta beste batean 100.000ra joan ahal izatea bezala da.
Eta ez al dute estaldura arazorik?
Ez. Orduan, zergatik ezarri herritarrari behar ez duen potentzia? Espainiako araudiak ez du herritarra babesten, mailak oso altuak dira, eta zenbat erradiazio jasaten ari garen jakin nahi badugu, salaketa jarriz soilik lortuko genuke.
Ufa.
Ez dago jarraikortasun batez eta era fidagarrian herritarrek zenbat erradiazio jasaten duten adierazten duen kontrol sistemarik.
Beharrezkoa litzateke.
Kutsadura elektromagnetikoa denbora gutxian izugarri azkar handitzen ari da eta ez dakigu zer pasako den; seguru aski ondorioak konpon ezinak direnean jakingo dugu. Europar Batasuna bera ari da estatuei eskatzen mailak jaisteko. Gaur badirudi 0,1eko mailatik gorako neurria osasunerako arriskutsua dela.
Herri ekimenik badago?
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak asmatu du sarrera librea eta jarraikortasuna duen kontrol sistema. Leganeseko herritar guztientzako izango da, eta internet bidez edo Udaletxean jarriko den pantaila handian ikusi ahal izango dute.
Zein egoeratan dago?
Operadoreek errekurtso bat jarri zuten, eta zuhurtziaz indargabe uztea erabaki zen. Nik defendatzen dut bizilagunen elkartea eta errekurtsoa jarri dugu. Ea horrelako sistemak orokortzen diren, herritarrok jakiteko eskubidea daukagu-eta.
Gorputz biluztua Mendebaldeko estereotipoen kontrako arma
2013-11-01 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Afrikako diasporaren eta batez ere emakumearen irudiari emandako tratuaz arduratuta, bere gorputz biluztua egin du protagonista Ayana Vellissia Jackson argazkilari estatubatuarrak azken bilduman. Argazkilari “zuriek” Mendebaldekoak ez direnekiko duten jokaera salatu du.
Vellissia Jacksonek bere beltz identitatea aldarrikatuz azaldu du ez direla autoerretratu sinpleak, atzetik kritika sozial eta politiko sakona dutela. Publikoari egonezina sortzea du helburu. Leapfrog irudiarekin hasi zuen argazkietako protagonista bakarra bera izatearen teknika. Apoaren posturan jarrita islatu zuen emakume beltzari kolonialismotik gaur arte ezarri zaion irudia; neskame paperetik prostituzioraino.
Mendebaldeak kontinente oso bat miseria eta pobrezia irudietatik ezagutzen du, eta egoerarik gordinenei ateratako argazkiek sariak jasotzen dituzte. Zuri jator eta kontzientziatu garenoi, “beltz gaixo horien salbatzaile” izan behar dugula sinetsi dugunoi, ironia puntuarekin egiten digu kosk, emakume beltz famatuaren paperean sartu eta haur zuri xarmagarriaren adopzioa ospakizun, portada duen aldizkaria irudikatuz.
Johannesburgon (Hegoafrika) orain gutxira arte egon da ikusgai Ayana Vellissia Jacksonen Archival Impulse (Artxiboaren bultzada) erakusketa, eta Parisen azarora arte bisitatu ahal izango da Poverty Pornography (Pobreziaren pornografia) izenekoa.