Ez dakigu argazkiko aitona jabetu ote zen buru gainekoaz, deskantsua beharko zuen eta hor eseri… nahikoa lan makila eusten! Baina badakiguna da pankarta horrek saltsa dezente sortu zuela Iruñean, 1979ko Maiatzaren Lehenean.
Langileen eguneko mobilizazioak “legalizatu” berriak ziren. Ordura arte, langile batzorde eta sindikatuak modu klandestinoan irteten ziren kalera egun horretan, frankismoaren kontrako borrokan bat eginda. Urte hartan ere, pankarta bateratua atera zuten hiri buruzagian, LABek egindakoa –zozketaz berari egokitu zitzaion– eta atzetik joan ziren gainerako erakundeak txandan-txandan: UGT, CCOO, ELA, CSUT, SU, CNT, LSB-USO… Bat eginda bai, baina ez nahasita.
Gauza da, manifestazioaren une batean, burua estalita zuten hiru lagunek goiko beste oihal hori zabaldu zutela, atzetik kolore guztietako sindikalistak zihoazela. Ikusten den moduan paratu zuten Gazteluko plazako kioskoan, arratsaldean Poliziak kendu zuen arte –Zeruko Argia-ren artikuluan irakur daitekeenez–. Ekintza horrek arreta deitu zuen noski, eta hala jaso zuten medioek: “Encapuchados con pancarta de ETA“, zioen larrituta ABC-k.
Sindikatuen barruko zatiketak eta eztabaidak puri-purian zeuden: alderdiekiko menpekotasuna izatea eta mobilizazioak “monopolizatzea” egozten zieten batzuei, kontsigna “ez sozio-sindikalak” erabiltzea bestetzuei… Aspaldi banandu ziren zopa handi hartako hizkiak, eta gaur egun nork bere pankartari eusten dio, badaezpada.
Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: ARGIAren artxiboa


