JJ Agirre
Lekutan jaiotako Bakiotarra. Halako baten euskaldunak euskaraz behar zuela jabetu nintzenetik, bidean aurkitutako aldatzak, bihurrak, atsedenguneak eta bestelakoak hustutzeko idazten dut, amen.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Mad Horse(e)k “Tenéis todo el derecho a hablar en euskera, pero…” bidalketan
- Juan(e)k Gainekoak eta azpikoak edo espainiarrekiko “alde bikotasuna” kristauei azaldua bidalketan
- Ige(e)k BBVA-k ez dauka dirurik! bidalketan
- Agirre(e)ko JJ(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
- Izena *(e)k Euskararen ordezkapen naturalizatua bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abendua
- 2023(e)ko maiatza
- 2023(e)ko urtarrila
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko urria
- 2022(e)ko abuztua
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko apirila
- 2022(e)ko urtarrila
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko urtarrila
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko iraila
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2019(e)ko urtarrila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak
Atalak: Sailkatu gabea
Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak dio Euskaraldia “tresna ezinbestekoa” dela euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko, euskararen erabileraren eta normalizazioaren ikuspegitik une kritiko bat dela, baina estrategikoa ere izan daitekeela, eta garrantzi berezia hartzen duela euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko gaitasuna duten pertsonek osatzen dute komunitatea trinkotzeak.
Eta bai, arrazoi du. Alabaina, une kritiko / estrategiko honetan gaudela, ez da ulertzen zergatik ez duen Eusko Jaurlaritzak askoz ahalegin handiagoa egiten, eta zergatik uzten duen erabileraren ardura hiztunen borondatearen eta grinaren lepo erabat. Horixe baita Euskaraldia: borondate erakustaldi erraldoia, euskaraz jarduteko baldintza gero eta zailagoetan, herritar euskaltzaleen egun batzuetako ariketa saiatua, haize kontra gehienetan.
Euskaraldiak albo kalterik bai? idatzian Pako Sudupek aipatu bezala, “Gobernu autonomikoak askoz gehiago egin dezake … Justizian, Osakidetzan, Ertzaintzan… eta euskararen normalizaziorako hain garrantzizkoa den EITBri gagozkiola, oraindik orain izendatu dute zuzendari pertsona bat euskaraz (ondo) moldatzen ez dena. Zergatik jazotzen dira gurean Espainian eta Frantzian pentsaezinak eta guztiz onartezinak izango liratekeen gertakariak? Zenbat egiten da euskaraz Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan, udaletan? Eta zenbat gehiago egin dezakete politikariek euren praktikarekin etsenplu emanez? Askoz errazagoa da, noski, hamabost eguneko epean itxura egin, edo gehixeago erabili, onenean, eta handik hamabost egunera betikora itzultzea”.
Bide beretik ekin dio Karlos Gorrindok ere Itxurakeria eta plantak iruzkinean “Euskaraldiarekin inoizkorik presentzia handiena erakutsi nahi izan dute erakundeek. Oso ekimen erosoa da, erdaltzaleei molestatzen ez diena… Plantak baino ez dira, ordea, erakunde nagusietatik euskararen inguruan egiten dituztenak. Egiten dutena baino askoz gehiago egin dezaketelako eta egin beharko luketelako. Esaterako, euskarak, eskubide hutsa izatera mugatu barik, gaztelaniak duen balio legal bera izan dezan galdegitea. Zertan da Euskararen erabilera normalizatzeko Legea, berrogei urte dituena (1982)? Zer da normalizazioa, ez bada gaztelania / frantsesa bezala euskara ere nonahi erabili ahal izatea?”
Suduperen hitzei helduz berriro, “baldin eta Euskaraldiak aitzakia bezala funtzionatuko balu politika ausartagoak ez hartzeko eta politikariek beren ardurak hobeki ez betetzeko, zinez, albo-kalte larria izango litzateke. Aitzitik, politikariak zirikatzeko balioko balu… azkenaldian izan dugun euskararen aldeko dinamika eraginkorrena bilakatuko litzateke”.
Euskararen erabileraren normalizazioan, EAJ-PSOEren Jaurlaritzak erantzunkizun zuzena dauka. Ezin dute ardura hori besterendu eta herritarron gain utzi beti, batez ere, Estatuaren politikek bai baina bertoko Administrazioenak ere bai, eragin zuzena dutelako herritarron hizkuntz jokabidean, bereziki euskaraz jardun ahal izateko baldintzak bermatzeko eta euskara prestigiatzeko garaian.
Jaurlaritzak ETB-1 ia hiltzen utzi badu eta baliabideak ETB-2 erdaldunera bideratzen baditu; euskalduntzen ez duen hezkuntza-eredu hirueledunaren alde egiten badu; Lanbide Heziketako eskaintzaren %70 A eredukoa bada; Erakunde Publikoetan sailburu, zuzendari eta bestelako arduradun askok euskaraz EZ badakite oraindik ere… alferrikakoak dira Euskaraldia, Korrika eta Herri-urrats guztiak. Jaurlaritzak Euskaraldia sustatzeko borondate zintzoa balu, aipatutako hutsuneak osatzeari helduko lioke astirik galdu barik.
Hizkuntz politika eta baliabide duinak dira ezinbestekoak. Euskal hiztunen komunitatearen trinkotzea ondoren etorriko da, Sailburu jauna.
JJ Agirre (Plazara gatoz!)