Nola lagundu euskara lurperatzen “abertzaletasunetik”
Egizu erdaraz lasai eta nonahi (muturreko euskaltzaleen aurrean izan ezik).
Lehen hitza beti erdaraz tabernan, dendan, gasolindegian, zerbitzu publikoetan… “edukazioz eta errespetuz”; oso litekeena baita aurrean duzunak euskaraz ez jakitea, eta hala bada, ez da eroso egongo euskaraz egiten badiozu. Erdaldunen erosotasuna zaindu beharra dago. Besteak beste, nagusi direlako.
Euskaltzale temosoren batekin bazaude egoera horretan eta zure burua euskaraz egitera behartuta ikusten baduzu, ekidin “kafesne” edo “ebaki” bezalako hitz zailak. Asko dira Euskal Herrian urte luzez bizi arren, hiztegi jaso hori menperatzen ez duten langileak.
Nork irakurtzen ditu euskarazko testuak? Muturreko euskaltzaleak temoso jarri direlako, testu bat ele bietan zabaldu beste erremediorik ez badago, erdarazko testua txukun, baina euskarazkoarekin ez indar gehiagi alferrik galdu. Azken batean, nork irakurtzen ditu…?
Demagun (euskal) irrati batean musika saio bat egiten duzula: kantuen %90 erdarazkoak eskaini, ingelesez bereziki. Ingelesa da “lingua franca” Europan eta “munduan”, modernotasunaren marka, aurrerabidearen AHT… Ez zalantzarik egin, saioa askoz modernoa eta erakargarriagoa bilakatuko da, eta finean mesede egingo diozu “euskal kulturari”. Jokaldi biribila!
Euskararen aldeko ekitaldietan, ager zaitez lehen lerroan edo hurre behintzat. Egun horietan garrantzitsua da euskaraz egitea (ekitaldiak iraun bitartean sikiera). Asko dira orduan ere españolez aritzen direnak, baina itsusi ematen du.
Euskararen egoeraz galdetzen badizute, baikor erantzun beti. Gainera, oro har “lehen” baino hobeto gaude, “lehen” noiz den argi ez dagoen arren… eta “hobeto” ote gauden ere oso eztabaidagarria izan arren. Oso bogan daude:
“hori gazteek atera behar dute aurrera”, edo “ez dago arazorik, haur guztiek ikasten dute euskaraz dagoeneko”, edota “euskara ez da inposatu behar; borondatezkoa behar du”, are “euskal gizartea multikulturala eta eleanitza da”… Lau esaldi horiekin, hizkuntzaren gaineko edozein eztabaidatatik aise aterako zara!
“Helduen artean erdara, euskaldunaren legea”. Esamolde hau ez dago oraindik “esaera zaharren” bilduman jasota, baina egon behar luke. “Euskaldun jatorrak” erdaraz egiten dio heldu orori. Euskaraz, zortzi urtez beherako haurrei, txakurrei, eta duela urte batzuetara arte, elkarte eta erakunde gehienei. Egun dena da center, brain edo culinary, hain gara “munduari irekiak”, “kosmopolit” eta “poliedriko”.
Azkenik, ikasi esaldi hau ondo: “Euskara aurrera ateratzeko ardura denona da, izan erakunde, alderdi, sindikatu, kirol-talde, herritar xume”… ala katu. Oso ideia zabaldua da -lan handia egin dute horretan (h)agintariek- eta edozein konpromiso-eskari deserosotik libratzeko balioko dizu, agintariei eta bestelako arduradunei balio dien bezala.
Jarraibide erraz horiei men eginda, arrazoi emango diogu behingoz Jon Juaristi handiari:
“la lengua vasca nunca ha sido perseguida, sino abandonada espontáneamente por sus hablantes, conscientes de su escaso valor”.
Jarrai dezagun “abertzale”, baina “mundutar eta multikultural (erdaldun)”!
Bada beste laguntza handiagorik, euskara lurperatzeko laguntza erraldoiena, nagusia: ZUZENKETA. Inoiz irakur edota entzuten baduzu baten bat akats bat idazten edota ahoskatzen duena, berehala zuzendu. Berrian eta Argian eta EITBn eginten duten lez.