Jon Mintegiaga Oiarbide
Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan
Pelikula
Atalak: Sailkatu gabea
Aldian aldian nerabe masak jomuga dituzten pelikulak ekoizteko bista izan dute zinema ekoizleek, adin horretako bat bateko esnatze indartsua muturreraino esplotatzeko gaizki eramandako sexualitate adieren bitartez, aski aldrebesak, matxistak. Oinarri-oinarrian gizakia bezain zaharra den jauzi kualitatiboaren xerka dago, bakarkako sexua noizbait konpartitua izango denaren ametsa, festa. Basamortuko zeharraldi malkartsu, luze, pisutsuak, egoera xelebreak, patetikoak erakutsi dizkigu Jaimito, Porkeys edo American Pie bezalako filme zabarretan, dutxako zulo edo sagar tarta itxuran, gutxik pentsatuko zuten familia osatu asmoz zenbait euskal presoren ibilerek fikzioa gainditu dezaketenik, zinez.
Esan behar da, Espainian, presoak zientziaren laguntzarekin obulua ernaltzea aurreikusita dagoela. Posible da, segurtasun irizpideen baitan. Pelikula:
Lehen eszena: kidea urduri dago halako batean beharrezkoak ziren baimen guztiak lortuta kimiko zuri, garbi, galanteko hall-ean. Eskuburdinekin lotuta, Guardia Zibilez lagunduta, jende arruntaren arreta bereganatu du sartu orduko.
Bigarren eszena: Medikuaren bulegoan aurkezpena eta arauen errepasoa zaindarien portaletik. Eskuak lotuta eta presoa bistan! Medikuak sorbaldak altxa ditu. Kideak ezin izan dio diosala eskurik luzatu.
Hirugarren eszena: kidea gela batean. Potetxoa, noiz beteko zain, mahai gainean. Aldamenean aldizkari bat. Atea parez pare irekita morroia so. “Ño, gauza bat aldizkari berdexkak dituk eta beste bat berdezko gizasemea!”
Laugarren eszena: kidea bere baitan. “Hau boxeo borrokaldi bat dek, zehatzago txapelketa, moduluan astean hirutan entrenatu ondoren kostata iritsitakoa. Eta izorratuta neok, txokoan harrapatuta, gibela astindu zidak, kolpe baxuen batzuk jaso dizkiat, arnasa hartu behar diat, bazterretik irten, arbitroari biraorik bota gabe, aurkariari kosk egin gabe, borrokaldiak aurrera jarraitu behar dik, azken txapelketa izan zitekek gainontzean. Kanpai hotsa behar diat”.
Bosgarren eszena: hiru aktoreak medikuaren bulegoan. Kideak ez dauka ura edo esku-oihala luzatuko dion entrenatzailerik. Haren faltan arbitroarengana hurbilduko da potetxo hutsarekin, baldintza horietan borrokan jarraitzeko dituen zailtasunak adieraziz. Ebazlea, medikua, profesionala da, itxurazko neutraltasun horren azpian pertsona zintzoa begitandu liteke. Arau berriak proposatu ditu: intimitate eskubidea eta behar den denbora guztia. Morroiak ezpaina okertu du, ateak zirrikitu bat behintzat irekia beharko du, eskuak lotuta jarraituko dute. Segurtasuna.
Seigarren eszena: kidea gelan, bakarrik! Lasai, patxaran. Aurreko round-etik indartuta atera da. Behar den denbora guzti horrek muga izango du noski eta 12 round-erako lanak egin beharko ditu behintzat. Ez du K.O.-z irabazi edo galduko baina puntuak behar ditu. Aldizkaria, bezperako reality show-a, azkeneko vis a visa, gauzatu gabe geratu zen gaztetako saiakera hura..
Zazpigarren eszena: medikuaren bulegoan potetxoa beteta. Txalburu sorta bat maitearentzat, gainontzekoa izoztuta geratuko da. Biharko egunean, baldintzen arabera, familia handitzeko eta batez ere berriro itzuli beharrik ez izateko.
Zortzigarren eszena: kideak profesionala agurtu du begirada sarkor esker onekoaz. Lehen planoan irribarre diskretu bat antzematen da.