Jon Mintegiaga Oiarbide
Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan
Laranjondoa
Atalak: Sailkatu gabea
Bai txiki, bihar duk egun handia, bihar egokitzen duk hilabeteroko enkontru bakarra, ordu t´erdikoa. Polita, intentsoa, aldi berean gogorra egiten zaidak tartea, batez ere “aitatxo etxera etorri” esaten didakenean eta nik, zenbaitetan malkoak irristan, “ezin da txiki, nahi dut baina ezin da” eta hik, lehenagoko bideari beste bidetxior batetik ekiten diok “orduan bisita bihar” eta nik berriz ere kale! “Bihar ezin da txiki, tarteka bakarrik” eta baietz zirudik, kontentu, xalo, erantzuna onartzen dekela saiatu izan haizenaren gogobeteaz, hire kasa errepikatuz “aitatxo bisitan tarteko”.
Bai txiki, tarteko beharko dik orain arte momentu ona huena. Izan ere, aditu naturalista guztien gomendio denak bete dizkiagu bere liburu astunei baino gure abere senari jarraiki. Bizi gintuan etxean jaio hintzen, sofa ondoan, kanguro marsupialak bezala ibili haut zakutxoan; azalez-azal elkar gozatu gaituk siestan; bata bestearen zurrunkak eta hatsa dastatu dizkiagu gauekoan loan; goizean, amatxo lanera zihoakenean dortokarena egin izan diat haren bular betearen falta leundu nahiean, hanka azpia igurtziaz lehenbizi, txokartilak gero, bolatxoak, izterrak, ipurdia, bizkarra, lepoa, belarri-atzea, buruan muxu batekin bukatzeko.
Etzaik irudituko baina buelta bueltan pribilejiatuak gaituk. Kide askok etzekitek “momentu oro” zer deken, “tarteka” bakarrik ezagutzen ditek. Gertatu izan zaiek vis a visa bukatu aurretik txirrina jo behar izatea luze zaielakoan, aitatxo edo amatxo presoari bizkar ematea urruntasuna haien errua bailitzan. Baino hi, hi komunikazioko korridoretik korrika etortzen haiz ni besarkatzera, eta bihar ere hala izango duk okerrik ez bada, azken hilabete honetan ere lur emankor hartan ereindako laranjondoa behar bezala argiztatuta diatela esango nikek eta. Orain, 54, 47, 40, 33, egun bidalitako gutun eta marrazkiak iritsi ditukela bazekiat, eskulan pare bat eta puzzle bihurri bat atera dizkiat, agindutako ipuina prest diat, telefonoz egunero egiten diaten bost minutuko deiaren inguruan, hor izaten haiz oihuren batzuk botatzen eta aspertu eta martxa egiten badidak ere – amatxok esan zidak moztu eta gero gailuari muxuka jarraitzen dekela.
Bihar dek eguna txiki, laranjondoko pieza onena heldu eta ordu t´erdian zukutzekoa.