Hasiera »
Josune Azurmendiren bloga - Irrizbizi
Josune Azurmendi Telleria
Gizartea eta gizakia. Horren zaila ote da bizitza? Ba ote dakigu bizitzen? Egunerokotasunean ikusten eta ikasten ditudan gaien inguruko hausnarketa zorroztua, gaur egun horrenbeste behar dugun irri egiteko arrazoi batekin. Bizitzeko beste modu bat, irri egiteko beste arrazoi bat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- BOST MINUTUKO IKASTAROA! -tu(a)z joan / -tzen joan / Josune Azurmendi / Zugazart, Zaldieroa | Eskolaegunezegun(e)k Ondo nago, lasai! bidalketan
- Rosa Rojo(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Josune Azurmendi(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Nerea Altolagirre(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Taupa-Taupa | Zergatik ez diegu haurrei aserratzen uzten?(e)k Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten? bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko uztaila
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko abendua
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko apirila
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2019(e)ko abuztua
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko iraila
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
Besarkada bat.
2019-08-05 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Zure begiek mintzen naute,
nire gorputza goitik behera, haragi puska bat bailitzan, haragi gosez bazina moduan begiratzen nauzulako, zure botere nahia asetzeko premiaz.
Zure ahoak beldurtzen nau,
bertatik ni umildu asmoz jaurti ditzakezun labankada eta lizunkeriez lotsatu beharrean arro sentitzen zarelako, zure botere nahia asetzen saiatuz.
Bizi izan duenak badaki zer den hau.
Atzo eta gaur, egunero biktimak, egunero erasotzaileak. Banaka zein taldean, eraso bakoitzean emakume oro minduz, eraso bakoitzeko beste hainbat beldurtuz, eraso bakoitzean gu gehiago umiltzen saiatuz, gu zapalduz. Dirua botatzera ere heldu dira, baina, zer uste dute? Diruaren truke salduko baiginan, diruz ordaindu daitekeelakoan biktimak jasandakoa, diruak konpondu dezakeelakoan erasotzaileak egindakoa, diruak boterea ematen duelakoan, ala?
Eta oraindik galdetzen dute askok ea zer gertatzen den. Zer gertatzen den diozu? Ba oraindik barre egin nahi dutela batzuk gure kontura, oraindik ez dela komeni kontzientzia sortzea aldaketa baten beharraz jabetzeko, gaur egun ez dagoela legerik justizia egingo duenik, eta feminismoak dakarren aldaketaz beldur direla gure matxiruloak. Hori da egia. Beldur dira.
Eta oraindik batzuk esango dute zergatik goazen etxera bakarrik, probokazio bat dela gure eskotea eta kontuz ibiltzeko gauez gure herriko kaletan. Ja! Hamazazpi euroak erabil ditzatela ilustratzeko edo hezkuntza on bat jasotzeko!
Guk bitartean borrokan jarraituko dugu.
Besarkada bat biktima guztiei.
Usteak erdia ustel.
2018-12-01 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Norbanakotasunek ezberdintzen gaituzte; janzteko moduak, hitz egitekoak, arnastekoak, jolastekoak, abestekoak, ibiltzekoak, izatekoak. Izan; bagara, hori bada gure nahia. Ez da ala?
Askotan begiratzen dut nire ingurura, nire inguruan dagoen orora, pertsonetara. Gizartean dauden pertsona ezberdinak elkartzen dituen gauza bat garraio publikoa da. Badaude goizean goizetik energia altu dutenak, astelehen goizean asteburuko musika euren aurikularrekin ozenki entzuten dutenak, autobusera aurpegia izaren markaz apainduta igotzen direnak edota irratia entzunez lanera pozik doazenak. Etxeko lanak eskolara bidean letra dantzariz eta presaka egiten dituztenak edo autobusera igo orduko lo seko geratzen direnak. Autobusean bere geldialdia baino bost minutu lehenago altsatzen direnak, autobusa geldituko ez den beldurrez, baita jetsi behar diren geltokian bertan autobusa gelditu arte euren eserlekuan lasai daudenak ere.
Lehiotik begiratu eta egun euritsuetan aterki gabe korrikan dabiltzan asko ikusten ditut, aterki azpian burua makurtuz babesten direnak, aterkia energiaz eutsi eta lepoa tentetuz eguraldi txarrari aurre egiten diotenak. Putzutik putzura saltoka dabiltzan haurrak, aterki gabe lasai euriaz gozatzen dutenak edota presarik gabe euria geratu arte aterpean itxaroten dutenak.
Gazia gozoa baino nahiago dutenak, edo alderantziz. Klasean aspertu eta orri txuria arte-lan bilakatzen dutenak, “tres en raya”-n jolasteaz aspertzen direnak edo irakaslea ohartu gabe euren otartekoa jaten dutenak. Hitzak soberan dituztenak edo hitz egitea soberan dagoela uste dutenak. Gaur egun, oraindik ere, emakumeoi hitz ustelak jaurti eta gustuko ditugula uste dutenak.
Usteak erdia ustel, eta beste erdia?
Beste erdia gure baitan. Nire baitan, bere baitan eta zure baitan. Uste duguna gara batzuetan, eta beste batzuetan aldiz, uste ez duguna; gainontzekoak baino gehiago garen uste ustela.
“Somos vascos”
2018-04-19 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Zein ederra den “Euskaraz bizi nahi dut” edo euskara aldarrikatzeko beste esaldiren bat duen txapa (edo pin-a) soinean edo motxilan eramatea, kalean euskaraz idatzitako esaldi bat daraman kamisetadun norbaitekin gurutzatzea, baita alboko herriko “Euskal jaiak” iritsi eta koadrodun zapia lepoan jantzita euskararen aitzakian parranda itzela botatzea ere.
Zein ederra den urtean behin euskararen eguna ospatzeko ehundaka ekintza ezberdin egitea. Polita da hizkuntza honek bizirik jarraitzen duelako egun hau ospatzeko aukera izatea. Ederra da egun honetan euskara bultzatzea. Bi urtean behin Korrika egitea. Lau urtean behin BEC-en bertsolariak ikustea.
Zein polita den munduan zehar Euskal Herrikoak garela esatea, gure herria mapa batean kokatzea, eta Espainia zein Frantziaren menpe dagoen herri zapaldu honetan bizi garela azpimarratzea. Gainera, ederra da beste hizkuntza bat dugula azaltzea eta geure burua “euskaldun” izendatzea. Gabonetan edo egun berezietan baserritar jantzia luzitzea.
Zein polita den ezberdinak garela esatea, gure ohitura, gastronomia, hizkuntza, jantzi… propioak ditugula erakustea. Zirraragarria da erdaldun bati “somos vascos” esan eta harro sentitzea. Zein zoragarria den euskaldun sentitzea, Euskal Herria gure etxea dela sentitzea. Ikurriña lepoan edo gerrian jarri eta mundu guztian zehar argazkiak ateratzea.
Zein ederra den seme- alabek euskara ikasi edo euskaraz hitz egin dezaten “D” ereduan edo ikastola pribatuan matrikulatzea. Ederra da haurrek euskaraz ikasi eta euskarari bultzada bat ematea. Zoragarria da herri eta hirietako hormak euskal idazle, poeta, edota abeslarien erretratu zein esaldiz apaintzea. Mundiala da komuneko ateko zirriborroen artean euskararen “e” berezi horietako bat ikustea. Euskaraz idatzitako mezu bat topatzea.
Zein polita den leku publiko batean sartu, eta karteltxo baten bidez pertsona horrekin euskaraz hitz egiteko aukera duzula ikustea. Euskaraz hitz egitea, euskara entzutea, euskaraz abestea, jolastea… Euskara bera. Euskara.
Zein zaila egiten zaigun euskaraz hitz egitea. Zein zaila den euskaraz hitz egitea. Euskal Herrian euskaraz bizitzea. Zergatik? Ignorantzia ala nahi eta ezina?
Dena den, egia da, “somos vascos”.
Pentsatu al duzu inoiz honetan?
2017-11-02 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Batzutan, askotan ohartzen naiz min egin nizula, min egin dizudala, zu mintzen ari naizela. Hitzak pentsatu gabe jaurtitzean gertatzen zait askotan, esan nahi dudan egia hori zein hitzekin esan pentsatzen ez dudanean. Hitzak jaurtitzean hauen kontzientzia galtzen dudanean. Isilik geratzen naizenean. Nire baitan ez nagoenean, pentsatzen ez dudanean, kontziente ez naizenean, ondorioak ikusten ez ditudanean. Gehiago pentsatu beharko nuke. Pentsatu al duzu inoiz honetan?
Argi daukat barruko zurrunbiloetan ageri zaizkidan ideia, uste eta galderak nire baitatik atera nahi ditudala, hauek plazaratzea komeni zaidala eta hitz egiteak barne zurrunbilo hau lasaitzen lagunduko didala. Honek lasaitu, erlaxatu egingo nauela. Hala ere, askotan gertatu izan zait hitz egiten hasi eta isilik hobe nagoela pentsatzea, nire barne kezkak nireak bakarrik direla pentsatu eta hauek nire baitan onartzea, hitzak berriro irenstea. Korapiloa eztarrian barna nola igo eta jaisten den antzematea, sabeleko tximeleta alaiak haserretu direlaz ohartzea. Geure buruari min egiteraino erotu al gara? Zerk eragiten du isiltasun hau? Etengabe pentsatzen dugu. Pentsatu al duzu inoiz honetan?
Dena ez da ederra, dena ez da alaia edo zoragarria, nahiz eta hala izan datekeen. Askotan gure barne zurrunbiloa handiago bihurtu dugu eta bihurtzen dugu, gauean lokartzea kostarazteraino. Askotan hitzak irentsi ditugu geure buruari kalte egin arte, negar egin dugu zurrunbiloan preso geratu arte. Baina betidanik gure haserre edo jarreren inguruan pentsatzeko esan izan digute, uneoro pentsatzera eraman eta pentsatu beharreko uneetan pentsamenduak ihes egin digun arte. Pentsatu al duzu inoiz honetan?
Pentsatu zer egin zenuen, duzun, egingo duzun. Pentsatu zein izan den zure jarrera une bakoitzean. Pentsatu gustatuko ote litzaizukeen halako erantzun bat. Pentsatu zer hobetu beharko zenukeen. Pentsatu nola hobetu dezakezun zure jarrera. Pentsatu hau, pentsatu hori eta pentsatu hura. Eta orain, ezin pentsamendua aske utzi, honek gatibu bihurtu gaituen arte. Nik zera pentsatzen dut, ez garela aske barrena usten dugunean, gure pentsamenduek gure barrena lasaitzen dutenean baizik. Gure pentsamenduek hegan egiteko ahalmena dutenean.
Askotan pentsatzen ez dugun une horietan soilik ikasten dugu. Uneoro, gehiegi epaitzen dugu geure burua. Pentsatu al duzu inoiz honetan?
Ez ezazu gehiegi pentsatu, egin sentitzen duzun hori.
Gure ignorantzia.
2017-07-06 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Nire egunaz, eguraldiaz, aurpegiko granoaz, bazkariaz… kexu nintzen une berean entzun nuen telebistan nola haur batek “amaaaaaa!” oihukatzen zuen. Telebistara begiratu eta begiak estalita zituen haur zauritua ikusi nuen gizon baten besoetan, gerrak azalean utzi zizkion zauriak agerian zituela “amaaaaaa!” oihukatuz. Behin eta berriz, behin eta berriz amatxoren erantzun eskean. Azalean ageri zitzaizkionak baino zauri sakonagoak izango zituen haur horrek bere barnean, bere bihotzean. Agerikoa zen besoetan zeraman gizonak ez zuela bere amaren berririk (ez bere eta ez inguruko haurren amatxo eta aitatxorenik), ezta bizirik zegoen esperantzarik ere.
Begiratu nuen mahai ingurura eta nire baitako pentsamenduek lotsarazi ninduten, ia koloreak ateratzeraino, ia malkoak isurtzeraino, hotzikara sartu eta besoko ileak tentetzeraino. Tuntun halakoa!
Zer gertatu ote zitzaion bere amatxori? Eta aitatxori? Zer gertatuko zaie bera eta bere senideei? Bera bezelako haurtxoei? Zauritutakoei laguntzen dihardutenei? Bere herriari eta bertako herritarrei?” Bat- batean galderez josi zitzaidan burua, ia garuna (eta kopetako grano madarikatua) lehertzeraino.
Jo! Zenbait gustatuko litzaidaken momentu horretan pelikuletan gertatzen den moduan haur horren amatxo agertu eta bien arteko besarkada ikustea, behin hasita baita gainontzeko haurrenak ere, noski! Ai, baita lurrean hilda zeudenak berpiztea ere, edo gerrak ez existitzea eta mundu zoriontsu batean bizitzea…
Zer? Zuri ez? Zein polita den gauero ohean sartu eta amets egitea, eh?
Gerran zauritutako haurrari begiak estaltzen dizkiote bertako errealitatea ezkutatzearren, inguruan dituen gorpuak ez ikustearren, bere etxea erorita ez ikustearren, bere amatxo hilda ez ikustearren… Baina gu nola bizi gaitezke hain lasai hau egunero ikusita?
XXI.mendeko gerrak lotsatu egin beharko gintuzke, mahaitik altxarazi eta ametsak egi bihurtzeko borrokatu behar dela kontzientziatu. Kontua da nahiago dugula…
– Jo, ama, hau ia hotza dago! Ez al dago beste ezer bazkaltzeko?
Ba hori, amatxo agertzen den pelikulak ikusi zinean palomitak jaten ditugun bitartean.
XXI.mendeko gerrak izen bat du: GURE IGNORANTZIA.
Bihotzez, zuretzat.
2017-04-26 // Gizakia, Hausnartzekoak // 2 iruzkin
Bada menderatzen gaituen zerbait edo norbait, eta hori gu geu gara. Inork ez gaitu guk baino hobeto ezagutzen, eta hala ere gure pentsamendu eta jokabideak ez dira gu txunditzeaz aspertzen. Bizitzak uneoro jartzen dizkigun harriek, mugek edo egonezinek nekatzen gaituzte; aspertu, txikitu edota lehertu arte. Ez gara ohartzen ordea hauen aurrean har ditzazkegun jarrerak guk geuk aukeratzen ditugula, eta zail edo astun egiten zaizkigun gauzen aurrean pentsamendu edo jokabide negatiboak hartzearen alde egin ohi dugu, hautaketa honek egunerokoa zailduko digulaz ohartu gabe.
Ia baden inor eguna hanka okerrarekin hasi eta hiruzpalau gauza okerrago gertatu ez zaizkionik, edo gauza txar bat gertatu eta ezer okerragorik espero ez zuenean, lurperatzeraino ahuldu duen zerbait gertatu ez zaionik. Guztiok ezagutzen dugu halako kasuren bat, eta askotan gu izan gara kasu hori.
Bada esaten duenik gizakiaren burua edota adimena oso indartsua dela, potentzia handikoa, eta hau erabiltzen dakienak dena kontrolpean duela, baina ba al dakigu hau erabiltzen? Askotan pentsatu izan dut ikasgeletan adimen emozionalaren lanketan gabezia ugari egon direla eta oraindik badaudela, baina gaur inoiz baino seguruago nago. Nik behintzat ez dut gogoratzen matematikako ekuazioak askatzeko formulak edota ikasgaietako materia buruz ikastea den besterik irakatsi izan digutenik. Niri behintzat ez didate eman pentsamendu negatiboak positibo bihurtzeko formularik, edota oso oker nago baina “minus” bider “minus”ek (nire baitan behintzat) ez du positibo ematen.
Zerk ematen du positibo orduan? Zein da pentsamenduak positibo bihurtzen dituen formula? Gu gara formula hori. Guk soilik alda ditzazkegu pentsamendu negatiboak positibora edo alderantziz. Ez al zara ohartu sekula egun ilun bati irri batez aurre egitean egunak beste kolore bat hartzen duela, beste forma bat? Ez al duzu inoiz pentsatu zure pentsamenduak zuk sortzen dituzula? Zu zarela gauzak mila aldiz pentsatzen dituen hori? Zuk soilik desegin ditzakezula sortu dituzun ideia negatiboak?
Ezberdina zara, bakarra, berezia, eta hori da nabarmentzen zaituena; zure desirak dituzu, zure janzkerak, orrazkerak eta itxurak. Asko pentsatzen duzu; uste, ideia eta jakin-minek askotan zoratzeraino nahasten zaituztelarik. Badakit, zuk ere gainontzekoon antzera zure zama emozionala daramazula, beste hainbat kezka, egonezin eta betebeharrez gain, baina askotan ez zara besteek dutenaz jabetzen eta hor huts egiten duzu. Nik ere bai.
Saiatzen zara lagun, bikote, seme-alaba, izeba, irakasle, ama, aita, maitale, nagusi, langile edota gizaki izaten, gizarteak ezarritako estereotipo eta rolek agindutako gizaki “ona” izaten, baina askotan ezin duzu, ez duzu lortzen. Nik ere ez.
Saiatzen zara gainontzekoak ulertzen, eta gehienetan ulertzen dituzu, baina askotan ezin izaten duzu eta honek sutu egiten zaitu. Saiatu eta saiatu. Helmugara iritsi nahi duzu baina bidean ehunka oztopo topatzen dituzu, helmuga aldatzen zaizu, helmuga desagertzen zaizu, desioa galtzen duzu. Nik ere bai.
Baina imajinatu idatzi hau zugana helduko balitz, eta guztioi berdina gertatzen zaigulaz ohartuko bazina. Bizitza borroka bat baino bidaia bat dela ohartuko bazina, edota begiak irekitzeaz gain bihotza ireki eta zu zeu errespetauz honek aginduta bezala jokatuko bazenu. Zure jarrerak zuk zeuk aukeratuko bazenitu. Sinestezina izango litzateke again, baina asko poztuko ninduke hitz hauek irakurtzean zure bihotzak ezpainetara irri bat jaurtiko balu. Benetako irri bat, eguna alaitzen duen horietakoa.
Bihotzez, zuretzat.
“Benetan sentitzen dut”.
2017-04-01 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
“Benetan sentitzen dut”. Hauxe da norbait hildakoan bere senide eta gertukoei mila bider esaten dieguna, hitz hauek doluan lagunduko balute moduan.
Nik ere beti erabili izan dut esaldi hori, are gehiago, beti erabiltzen dut, baina zergaitik sentitzen dugu hainbeste heriotza bizitzaren atal bat bada? “Jaio. Bizi. Hil.” Edo Berri Txarrak taldearen diskak dioen moduan “Jaio. Musika. Hil.” Kontua “jaio” eta “hil” hitzaren tartean betetzen gaituen hori jartzea bezain sinplea da. Latza da onartzen, baina ireki begiak, gure errealitatea da. Errealitatea.
Beldur handia eman izan digu beti heriotzak, beldur hau baretzeko gizakia honi ondorengo bizitza irudikatu eta sortzera heldu delarik. Ezagutzen ez dugunak beldurtzen gaitu, gerora bizirik ez egoteak, hil ondoren ez bizitzeak. Baina joder txo! 70 urtetik gorako bizi esperantza dugu, benetan ez al digu betarik ematen bizitzeko?
Ez gara ohartzen egunerokotasunean baina azken finean bizitzeko jaiotzen bagara hiltzeko ere bai. Ez dut gogorra izan nahi, baina heriotza ez badugu onartzen bizitzea ere kostatu egingo zaigu. Egia da fededuna izan eta bizitzeko astirik izan ez baduzu heriotzaren ostean zeruan laino arteko paradisuan emango duzula infinitorainoko denbora, baina hala sinisten ez dugunok infernuan kiskali baino lehen bizi beharko dugu nahi eta nahi ez. Are gehiago, fededuna izango bainintz ere ez nintzateke arriskatuko, ia azken momentuan jainkoak bankuarekin dituen zorren ondorioz handik kaleratuak izan behar zareten guztiok…
Imaginatu pertsona bat hil ondoren bere inguruan aitortzen ditugun sentimenduak hil aurretik esango bagenizkio, garai batean eskatu ez genion barkamenaz damutuko ez bagina, bere momentuan barkamena eskatuko bagenio, esan beharreko hitzak aurretik esango bagenizkio, elkarrekin hartzeke genuen kafea hartuta izango bagenu, hainbestetan desio izan genuen besarkada hura eman izan bagenu, edota maite genuela eta beti maiteko dugula aitortuko bagenio…
Akasko ez al dugu hori sentitzen? ez al dugu neurri batean hil aurretik bizi izan ez dugun hori sentitzen?
Tira ba, jar diezaiogun erronka geure buruari eta saia gaitezen egiten, esaten, aitortzen, ematen, eskertzen, jasotzen, maitatzen… bizitzen. Ia “benetan sentitzen dut” esan beharrean heriotza onartu, elkar besarkatu eta irri eginez oroitzen dugun elkar!
Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten?
2017-01-19 // Gizakia, Gizartea, Hezkuntza // Iruzkinik ez
Sarritan entzun ditugu “ez zaitez tontakeria horregatik haserretu” edo “ez zaitez horregatik triste egon” bezalakoak, baita “ez du pena merezi horregatik negar egiteak” ere. Horregatik, horregatik, horregatik… Baina joder, ni haserretu banaiz zer? nik triste egon nahi badut eta arrazoi horregatik negar egin nahi badut zer? Zer gertatzen da?
Txikitatik behartu gaituzte haserreak konpontzera. Gogoan dut umetan ikaskideren batekin haserretzean, bakoitza beste jolas talde batean sartu izana, edota irakaslea haserreaz ez ohartzeko amorruaren malkoei sabel barruan eutsi izana ere. Izan ere irakaslea, edo ikasgelatik kanpo izandako kasuetan gurasoak ohartzen baziren, haserrea berehala konpontzera behartuak geunden. Guk haserre egon nahi genuen ordea! Ez dakit haserreak debekatuta zeuden eta oraindik hala diharduten edo zer!
Lehenengo pausua honakoa, irakaslea edo gurasoa zugana hurbildu eta: “Zer gertatzen zaizu?, haserre al zaude?”. Guk berriz, estuasun honetan gezurrik ezin ezkutatu: “Bai, baina utzi bakean!” erantzuten genuen askotan. Orduan hasten ziren, haserrea inoiz konponduko ez ote genuen beldurrez edo ez dakit; “baina zer gertatu da?”, “norekin haserretu zara?”, “zer egin diozu?” edota “zer egin dizu?” bezalako galderak, ia bat erantzuteko betarik gabe hurrengoa entzuten genuenekoak. Eta nik pentsatzen dut, benetan? benetan axola al zaizkigu erantzun guztiak, entzundakoa entzunda ere “eskatu barkamena” edo “barkatu iezaiozu” esan behar badiegu haurrei? “Horrek ez du garrantzirik maitea”,”ziur ez duela zu mintzeko egin”, “esaiozu hurrengoan ez duzula horrela jokatuko”, “ez al da ba zure laguna?”, “lagunek beti barkatzen dute elkar” … bla bla bla, bla bla bla!
Ez naiz barkamena ez eskatzearen aldekoa, ezta ez barkatzearen aldekoa ere. Are gehiago esango dut, barkamena eskatzearen eta barkatzearen aldekoa naiz, baina pertsona bakoitzak prozesu hau bere erritmoan egiten duenean. Izan ere, iruditzen zait, modu honetan haurren emozio “negatiboak” edo zailak ezkutatzen ditugula, eta horrela itzaltzen ditugula haurrek haserre une horietan izaten dituzten sentimenduen garrak. Barkamena eskatu edota barkatzea ur balde bat bailitzan! Helduok badakigu hori ez dela horrela, guk gure artean ditugun haserreen arrazoiak askotan tontakeriak izaten direlako eta guk ere gure denbora behar dugulako hau ikusteko. Helduoi emozio hauek kudeatzea zaila egiten zaigu askotan… Norberak bere prozesua behar du, izan duen jokabideaz ohartu eta haserrea konpontzeko. Zergaitik ez diegu haurrei haserretzen uzten? Haserreak konpontzeko askatasuna ematen?
Beldur gara haurrek haserreak kudeatzeko guk ditugun zailtasunak izango dituztelakoan? Haserreak guk konpontzen badizkiegu ez dugu ezer konpontzen ordea!
Ai, aria galdu dut! Ba hori, utzi haurrei haserretzen. Utzi triste egoten eta negar egiten, agian guretzat tristea eta negargarria ez den horrek gure albokoari tristura eta negargura sortzen dizkio! Haserretzea, triste egotea eta negar egitea ezin ditugu inoiz debekatu; haserre edo triste dagoenari eta negarrez ari denari entzun egin behar zaio. Entzun soilik eta ez behartu.
E, aizu! Gora borroka feminista!
2016-11-25 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
E, aizu! Ez pentsa lizunkeria bat ohiukatzeagatik ausartagoa zarenik. Izan ere, edonork ohiuka lezake halako zerbait, baina badakizu, ERRESPETUA existitzen ei da.
Jakin ez duzula mutil lagun hobea izatea lortuko bikotekidea kontrolpean izan nahi duzulako. Lasai egon txo! gai gara nahi duguna egiteko eta ASKE bizi nahi dugu.
Ez pentsa gorputza gehiago estaliz gero pentsamendu puritanoak sortuko zaizkizunik, ezta gona motza eta eskotea janztean zu probokatzeko egiten dugunik ere. Beraz, mesedez, utzi PERTSONALITATEZ janzten eta eranzten.
Egin negar lasai polit hori, negar egiteak ez gaitu ahultzen, ez gaitu txikitzen. Agian gaizki ikasi duzu, baina negarra ez da ahulen armadura soila, negarra indartsuen arma ere bada. Ez duzu inoren BABESLEKU izan behar, negarrak babesten gaitu askotan.
Emakumeak nahi izan gabe zuk bera ukitzeak ez zaitu indartsuago bilakatzen, ez zaitu super heroi baten pare jartzen. Zuk ere bi belarri badituzu, beraz, ENTZUN esaten dugun hori eta BARNERATU gure nahiak.
Lanetik nekatuta iritsi eta etxean ezer egin gabe barrabilak ikutuz egoteak ez zaitu boteretsu bilakatzen, eta benetan diot, erratza edo lapikoa hartzean lasai egon, zaila da baina eginez ikasiko duzu! Gu ere ez ginen ETXEKO LANAK egiteko jaio, baina oraindik ere ez dira gauez galtzagorriak etortzen gure lanak egitera.
Hasi barneratzen emakume orok ez duela zertan amatasun sena izan beharrik, ez ikaratu emakume batek hau aitortzen badizu, halaber, emakume guztioi ez zaizkigu ZAINTZArekin lotutako lanak gustatzen, eta ez gara AMA izateko jaio.
Haserretzean ez pentsa gu jipoitzeko eskubidea duzunik, modu honetan indartsuago zarenik, zure ausardia min ematean azaleratzen denik, maite gaituzula sinetsiko dugunik. Modu honetan maitatzea ez da gaizki maitatzea, modu honetan EZ gaitzazu MAITATU, besterik ez.
Ez itzazu eredu patriarkalak ezarritako rolak jarraitu, ez dizute laguntzen, ez dizute zoriontsu egiten, ez dizute mesede egiten, ez dizute errespetatzen.
Baina tira, zuk ikusiko duzu gure errespetua, askatasuna, pertsonalitatea, eskubideak… urratzen jarraitu nahi duzun. Zuk pentsatu zuri bizitza eman zizun horri min eman nahi diozun edo min ematen jarraitu nahi duzun. Jakin zu ez bezala gu batuta gaudela, hots:
Ez gaituzu isilaraziko.
Ez gaituzu beldurtuko.
Ez gaituzu behartuko.
Ez gaituzu umilduko.
Ez gaituzu jipoituko.
Ez gaituzu hilko.
E, AIZU! GORA BORROKA FEMINISTA!
Noizbait nitaz oroitzen ez bazara…
2016-09-21 // Gizakia // Iruzkinik ez
Zure sustraiak ditut nire barnean, haiei esker jaio nintzen, hauek eusten naute. Akaso hori da betidanik zu mirestera eraman nauen sekretua, edo agian bizitzan zehar nik eman beharrik gabe zugandik jaso dudanak bultzatu nau zu modu honetan maitatzera. Ez dakit.
Ez dakit zer egingo nukeen zure etxean sartzean zure usaina antzemango ez banu, zure betiko usain berezi hori. Zugana hurbildu eta masailak estutu ostean muxu goxo bezain potolo bat jasoko ez banu, nigana zuzendutako zure hitzek sukaldea maitasunez beteko ez balute. Minutu batean mundu osoan inor baina maitatuago sentituko ez banintz.
Ez dakit zer egingo nukeen zure aurpegiko zimurrek emandako aholku gehiagorik jasoko ez banu, munduan gerra piztuta ere zuk ematen didazun babesik izango ez banu. Hotzetik zein berotik, argitasunetik edo iluntasunetik irteteko zure eskuen laguntzarik izango ez banu. Zure betaurreko horien atzean ezkutatzen diren begi maitekorrek nire bihotzari begirada goxo bat egingo ez baliote.
Ez dakit zer egingo nukeen nire otorduetako platera inork toperaino betetzeko nahirik izango ez balu, otorduak aspaldiko istorio eta komeriaz bizituko ez balitu, ondoezetatik babesteko hamar erremedio natural izango eta egingo ez balitu. Inork altxor baten moduan begiratuko ez banindu, altxor baten pare ikusten dudan pertsona batek begiratu eta ezagutuko ez banindu.
Ez dakit zer egingo nukeen Alzheimerra izango balu.
Ez dakit zer egingo nukeen, baina noizbait nitaz oroitzen ez bazara gogoratu asko maite zaitudala. Eskerrikasko guztiagatik.