Hasiera »
Josune Azurmendiren bloga - Irrizbizi
Josune Azurmendi Telleria
Gizartea eta gizakia. Horren zaila ote da bizitza? Ba ote dakigu bizitzen? Egunerokotasunean ikusten eta ikasten ditudan gaien inguruko hausnarketa zorroztua, gaur egun horrenbeste behar dugun irri egiteko arrazoi batekin. Bizitzeko beste modu bat, irri egiteko beste arrazoi bat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- BOST MINUTUKO IKASTAROA! -tu(a)z joan / -tzen joan / Josune Azurmendi / Zugazart, Zaldieroa | Eskolaegunezegun(e)k Ondo nago, lasai! bidalketan
- Rosa Rojo(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Josune Azurmendi(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Nerea Altolagirre(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
- Taupa-Taupa | Zergatik ez diegu haurrei aserratzen uzten?(e)k Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten? bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko uztaila
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko abendua
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko apirila
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko apirila
- 2020(e)ko martxoa
- 2019(e)ko abuztua
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko apirila
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko iraila
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
Ez nuen amaiera hori espero: “Te quiero”.
2024-07-02 // Gizakia, Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Maite dut gure herrira etorri eta bertako ohiturak, kultura, hizkuntza… ezagutu eta ikasten dituen turista klasea. Euskal Herrira etorri, eta euskaraz hitzen bat edo beste ikasteko interesa erakusteaz gain, horiek ikasteko ahalegina egiten duena, alegia.
Nik ere maite dut hori; bisitatzen ditudan lekuak ezagutzeaz gain, bertakotzea. Herritarrak ezagutzea gustatzen zait, eta posible den heinean, beraien egunerokoan parte hartzea. Esperientziek aberasten dute bidaia bat, bertan bizi eta sentitzen dugunaren ondorioz bilakatzen da berezi leku bat guretzat.
Omako basoan izan ginen asteburuan, eta bihotza alaitu zitzaidan ingelesez ari zen bikote batek “Kaixo!” esanez agurtu gintuenean. Hasieran harritu egin nintzen, baina neure baitan pentsatu nuen: “Nola ez dute, ba, euskararekiko interesik izango?”
Euskalduna izateaz harro sentitu nintzen une batez, eta neure baitan sentimendu hori elikatuz jarraitu nuen bidea.
Ezezagun eta ezberdina den hizkuntza da gurea, txiki-handia izateak egiten gaitu berezi. “Sorionekoak” gu, euskara munduko hainbat txokotan zabalduta dagoelako, ehun milaka hiztunei esker bizi delako, hamaika euskalkiren xarmaz gozatu dezakegulako; eta euskaldunok edalontzia erdi beteta ikusteaz gain, gure hizkuntzak gainezka egiteko ahaleginetan itotzeko beldurrik ez dugulako.
Pentsamendu horiekin murgildu nintzen Omako basoan, Ibarrolaren arteaz gozatzeko prest. Basoa ume txiki baten begiekin begiratu nuen, artistaren obrek jolasteko ematen duten aukeraz baliatuz. Ikusi-makusika ibili nintzen, basoak sobera baitu zer ikusi eta zer imaginatu. Amaierara iristean, ordea, bi zuhaitzetan “Te quiero” hura idatzita irakurri nuenean bihotza hautsi zitzaidan. Ez nuen amaiera hori espero: “Te quiero”.
Hamaika era ditugu maite zaitut esateko, eta “Te quiero”? Serio?
“Kaixo” esanez agurtu gintuzten turistez gogoratu nintzen bat-batean.
Orain benetan, bihotzez diot, jada idatzita dauden istorioetan ezin dugu, baina Omako basoaren amaiera aldatu dezakegu, ezta?
Pribatura noa
2024-04-17 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Poztuko nintzateke idatzi hau zure eskuetara iritsiko balitz.
Zumarraga Ospitaleko digestiboko doktore hori:
Bi urte hauetan ez dut aukerarik izan, baina gaurkoan euskaraz zuzentzen naiz zugana. Ez duzu ulertuko, jakina, baina orain arte ezin izan dut sentitzen dudan ezinegona nire ama hizkuntzan adierazi, eta behar hori asetu nahiko nuke, behintzat.
Hasieratik kontrako iritziak izan ditugu, besteak-beste, inoiz ez dudalako ulertu digestio arazoak izan, eta antibiotiko edo tratamendu medikuez gain, hori sendatzeko nutrizio aholkurik ez ematearena. Inoiz ez dut ulertu osakidetzan arlo horretako profesionalik ez egotearena, alegia.
Hala ere, zuk hala eskatuta, eta bion artean profesionala zu izanik, zure esku utzi nuen nire osasun arazoa. Bi urte hauetan zure aholkuak soilik jarraitu ditut, eta zuk bideratutako urratsak eman ditut, nire konfiantza osoa zugan jarriz. Horren ondorioz, galduta sentitzen naiz orain, salduta.
Gogoan dut, ezagutzen ez ditudan arrazoiak tarteko, egin ez zenidan proba bat (bigarrenez) pribatuan eginda zure kontsultara joan nintzenekoa. Bigarren aldiz positibo nintzen, eta lau hilabetez tratamendua egiteko agindu zenidan. Hurrengo kontsultan sintoma berdinekin jarraitzen nuenez, mesedez, proba egiteko eskatu nizun. Ezetz esan zenidan, Osakidetzako protokoloa jarraitu, eta proba egin aurretik, beste 6 astez antibiotikoa hartu behar nuela. Gogoz kontra, baina zuk agindutakoa bete nuen.
Sei astez antibiotikoa hartu ondoren ere, nire sintomak ez ziren desagertu, eta (azkenean) proba egiteko hitzordua eman zenidan. Proba egin, eta nire susmoak baieztatuz, positibo izaten jarraitzen dut. Bi urte daramatzat positibo izaten. Bi urte egunerokoa baldintzatuta, bi urte minez, erantzun baten zain, irtenbide baten esperoan. Erraz esaten da.
Aurreko ostiralean azken kontsulta izan genuen. Erantzun bat jasoko nuelakoan joan nintzen, soluzio bat emango zenidalakoan. Gogoan duzu zer esan zenidan? Niri ez zait inoiz ahaztuko.
“Ez didazula antibiotikorik agindu behar, nireak ez duela konponbiderik”, “Ez duzula nirekin asmatu eta pribatura joateko”. Bi urte hauetan osakidetzak bermatu ez dizkidan terapia psikologikoa eta nutrizionista pribatu bat ordaindu behar izan ditut, eta hori badakizu. “Mendebaldeko medikuntzak ez duela guztiarentzat soluziorik, eta, mundu hori ezagutzen ez duzun arren, medikuntza alternatiboa probatzeko“. Esan nizun osakidetzara jo aurretik hamaika alternatiba probatu nituela, alferrik, eta ondotik ea “akupuntura” probatu nuen galdetu zenidan. Nik, egoera surrealista hura ezin sinetsita, ezetz, hori ez nuela probatu.
“Bi hilabete pasata deituko didazula, zer pentsatu eta erabaki dudan jakiteko“. Benetan?
Zuri geratu nintzen, zer esan ez nekiela, lur jota, galduta, salduta. Negarrez egin nuen etxerako bidea, jakin dezazun. Osakidetzan kexa bat jarriko dut, hori ere jakin dezazun. Ea zerbait lortzen dudan, kexatu ezean egoerak ez baitu hobera egingo.
Ez iezadazu bi hilabetera deitu, hemendik esango dizut. Osasuna ez da jolasa. Osasuna hiritar guztion eskubidea da. Osasuna bizi-kalitatea da. Osasuna bizitza da, eta bizitza bakarra da. Pribatura noa.
Ez dakit igandean nork irabaziko dituen hauteskundeak, baina osasun publikoan ezin dugu horrelakorik onartu. Ea emandako hitza betetzen duzuen, hau pikutara doa eta!
Nahiago dut isilik geratzen bazara.
2024-02-09 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Gorputz normalaren kanon horretan sartzen ez garenok, dagoeneko entzun ditugu -“Ostegun Gizen” edo “Ostiral Mehe” izateagatik ere- hainbat komentario. Tipiko bat, esaterako: “Zorionak, gaur zure eguna da!”;ironia erabiliz, lodi edo argal egotearena iraintzeko aitzakiatzat hartuz. Egun hauen desenkusan, gorputzarekiko komentarioak labanak lez jaurtitzen dituzte askok.
Barkatu, baina ez duzu horretarako eskubiderik, ez gaur, ez bihar, ez etzi.
Ur handitan sartuko naiz agian, baina gaixotasun mentalak presentzia hartzen ari diren honetan, nire kasua azaltzen ausartuko naiz, ea zerbaitetarako balio duen.
Badira hiruzpalau urte dena hasi zela. Dena esaten dudanean depresioaz ari naiz, distimiaz zehatz izatekotan. Distimia depresioaren sintomak izan, baino depresiotzat jotzen ez den depresio-nahasmendua da.
Distimia ez zen bat-batean etorri, kontua da hainbat eta hainbat urte daramazkidala osasun arazoekin, digestio-arazoekin hain zuzen ere. Kausa ezin bilaturiko tripako-minek, beherakoek eta idorreriek jota; denbora eta pazientzia agortzerainoko joan-etorriak, kontsulta eta mediku-probak egin behar izan ditut, oraindik diagnostiko zehatzik ez izateko.
Bide batez, osasungintza publikoarekin haserre nagoela esateko ere aprobetxatuko dut. Aldizkako jarraipen (jarraipen deitzerik badago behintzat) eta profesional(tasun) faltagatik, besteak-beste, baina hori ez da kontua orain.
Osasun-arazoak eta gaixotasun mentalak eraginda, epe labur batean asko argaldu nintzen. Asko. Distimiak eta aldaketa fisiko horrek nire gorputza gorrotatzera ere eramateraino. Nire desira oro deuseztatuz, hori suntsitzeraino. Gogorra izan zen hori. Gogorra da hori.
Gaur egun askoz hobeto nago, terapia psikologikoa amaitu dut, eta digestio-arazoak beste ikuspuntu batetik ikusten -saiatzen- (batzuetan zail egiten zait fisikoki baldintzatzen nauena onartzea edo horri alde positiboa bilatzea) ari naiz. Hala ere, kontua da, oraindik ere, jendeak nire gorputzaren eta argaltasunaren inguruan zeresana baduela. Ez lehen bezainbeste, baina oraindik entzun behar izaten ditut norbanako “osasuntsuen” iritziak eta komentarioak, baita asmatzen dituzten gezurrak ere. Benetan mintzen naute horiek.
Batetik, idatzi honekin argi utzi nahi dut; inork ez duela zertan -nik egin dudan bezala- publikoki bere gorputzaren edota irudi fisikoaren inguruko azalpenik eman beharrik, ezta ezer justifikatu beharrik ere, bere gorputzarekiko komentariorik entzun ez dezan.
Bestetik, idatzi honekin argi utzi nahi dut; ezin garela osasun mentalaren tabua apurtzen ari garelako harro sentitu, besteen errealitatea ezagutu gabe horiek epaitzen jarraitzen dugun bitartean. Ulertzen?
Oraindik ulertzen ez bada, lasai, jarraitu komentarioak egiten eta gezurrak asmatzen, beti ikasten da zerbait eta. Baina argi geratu dadila; nire zein besteen gorputzaz zerbait esan behar baduzu edo badidazu, nahiago dut isilik geratzen bazara.
Besterik gabe, ulertuko duzulakoan, eskerrik asko.
Arrastoa
2023-12-18 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Kontraesana diskurtsoaren koherentzia haustea da. Normalean, argudiaketan ari garenean, kontrako elementuak agertzen direnean, argudiaketa kontraesankorra dela esan ohi da. Horrez gain, erabaki bat hartzerakoan, gure baitan sortzen zaizkigun kontraesanek, prozesua oztopatzen eta moteltzen dute askotan.
Sarritan gertatu izan zait; momentu, leku edota inguruko jendearen arabera, iritziz kuleroz bezainbeste aldatzearena. Anitzetan; hasieran tinko defendatzen nuen ideia aldatuta, edo kamuflatuta behintzat, iritsi izan naiz etxera; edo, etxetik ateratzean pentsatuta ez nuen zerbait egin izan dut bueltatzerako; edota eztabaidetan iritzia aldatu izan dut besteen argudiaketek konbenzituta, nire pentsamenduak tortilla baten gisa nahastuz. Arrazoi horiek tarteko, maiz haserretu izan naiz nire buruarekin, kontraesanek nire nortasunaren esentzia kolokan jartzen dutela iritziz. Hala ere, kontraesanak gure nortasuna eraikitzeko tresna aberasgarritzat dituzte hainbat adituk, gaitz erdi!
Gertatu izan zait taberna edo establezimendu publiko bateko komunera sartu, eta komuneko zuloa zikin aurkitzea. Arrasto ilunak egotea, kaka arrastoak, alegia. “Jo, benetan?” pentsatu ohi dut. “Ez duzu astirik izan?”, edo “Ez duzu begiratu komuneko tapa itxi aurretik?, edo besterik gabe, “Ez zaizu axola?”. Horiek zein beste hainbat galdera edo pentsamenduk entretenitu ohi dute nire burua nire egin beharrak egin bitartean. Eta bat-batean, “Garbituko dut edo ez?” datorkit burura, eta kontraesanek jota ibiltzen naiz, nire baitan baiezko zein ezezko argudiaketak eginez, norbait komuneko atea irekitzen saiatu eta errealitatera itzultzen naizen arte. Tarte horretan noiz ez dut baleko erantzunik topatu, eta bonbari eman ostean, besteen zikinak garbitzen ditut berriro ere tapa itxi eta komunetik atera aurretik. Ez dut zertan egin, badakit, baina lasaiago geratzen naiz horrela.
Zergatik kontatzen dudan hau? Ba, lotura zuzena duelako gure kontraesanekin. Batetik, norbere ongizatea soilik ikusten duten horiek amorrarazten nautelako, izan ohi dituzten jokabideek; komuneko zuloa zikina uztea axola ez zaien pertsona horiek, alegia. Beste norbaitek garbituko duela pentsatzen dute, agian. Bestetik, ordea, nire atzetik komunera sartzeko zain dagoenak zer pentsatuko duenaren kezkaz, komuneko zuloa garbitzen dut nik. Eta hor dago koska, ez nintzatekeela kexatu beharko norbere buruaz soilik arduratzen denaz, nik, nire buruarekin lasai sentitzeko, gainontzekoen komuneko arrastoak garbitzen baditut.
Argi dago kontraesanek hausnarketarako bidea irekitzen dutela, eta hausnarketa horiek aberasten gaituztela. Hala ere, arrastoa utzi nahi duenak, hausnartu eta papera zikindu dezala. Nik hemen uzten dut nirea, zuek hausnartzeko.
“Zorrak zor, lepoa lodi”
2022-12-16 // Gizakia, Gizartea // Iruzkinik ez
Ate joka ditugu gabonak, lagun eta familia arteko jan-edan eternalak. Horrekin batera Olentzero, Mari Domingi eta, hainbat haurren etxeetan, baita Hiru Errege Magoak ere. Telebistako iragarki tarteak, haurren amu, mota guztietako jostailuz betetzen hasi dira; supermerkatuetako korridoreak, berriz, turroi, polboroi, txokolatezko bonboi eta hainbat gozoz apaindu dituzte, eta herri zein hirietako kaleetako argiek neguko hotza eta iluntasuna estali dituzte. Hansel eta Gretelek sorginaren gozokizko etxea ikusi zutenean bezala daude haurrak opor aurreko egun hauetan (beno, lehen egunak ziren, orain hilabete eta erdi lehenago hasten da kontsumismoaren kanpaina). Dena nahi, dena ezin, baina ezin tentazioari eutsi. Umeak esan dut, baina helduok ere ez al gara berdin sentitzen? Ez al gaitu gabon giro honek gehiago kontsumitzera bultzatzen? Edo zu zara oraindik erosketa organ turroirik edo antzerako gozorik sartu ez duen bakarra?
La Razón egunkariaren arabera, bataz- beste, espainiar bakoitzak 735 euro xahutuko ditu gabonetan. Negar egiten dugu gasoilaren eta argi-indarraren garestitzeagatik, baina gabonetan aberaskumeen pare, bururatutako kapritxo guztiak ase arteko onik ez dugu izaten. Lehengora bueltatuz, oso garestia da gaur egun bizitzea, bai, baina agian 735 euroko zarrastelkeria ekidin edo murriztu beharko genuke justu bagabiltza, ezta? Edo nahiago dugu besteen mailan egon eta, Donostiako norian nola, kontsumismoaren biziozko gurpil ase ezin horretan jardun?
Aitortu behar dut, kontsumismoa sahiestea edo kontsumo arduratsua egitea kontzientzia ariketa sakon baten ondorioa dela, baina horrek lasaitasun eta askatasun ekonomikora, etorkizunean zure aukerez haratago dagoen zerbait lortzera edota dituzun zorrak kitatu eta, ondorioz, estresa murriztera eramango zaitu, besteak-beste. Honekin ez dut esan nahi haurrei oparirik ez erosteko, ezta kontzientzia ariketa hau gabonetan bakarrik egin beharko genukeenik ere, baina garai hauetan kontsumismo masiboaren aurkako kontzientzia areagotu behar dugu. Bakoitzak badaki non eutsi behar dion tentaldiari, ezta?
Argi dago: arduraz kontsumituta, aurreztu egingo duzu. Geroz eta gehiago aurreztu, orduan eta diru gehiago izango duzu. Geroz eta diru gehiago izan, orduan eta lasaitasun gehiago bizitzeko. Esaterako: ez zenuke lana galtzeko beldurrik izango, zure nahiak betetzeko askatasuna izango zenuke, edo fakturak edota ezusteko gastuak ordaintzeko lasaitasuna. Gainera, nahi duzun lekuan bizitzeko aukera gehiago, edota jubilazioaz gozatzeko koltxoi on baten erosotasuna ere lortuko zenituzke. Finean, lasai lo egitea ez al da ba osasuna?
Bestalde, aurrezteak aspalditik bete nahi duzun amets hori betetzeko erraztasuna eskainiko dizu. Normalean egitera ausartuko ez zinatekeen bidaia luzea, txikitatik amesten duzun urrutiko lurraldea ezagutzeko bidaia antolatua, betidanik ausartu ez zaren hiruhilabeteko boluntariotza, edo familian egin nahiko zenuketen ostera hura behingoz lasai burutzea; zure kapritxoa den autoa, furgoneta edo autokarabana erostea; behingoz ezkondu eta inguruko kideekin ospakizun erraldoi bat egitea; mendian edo hondartzaren ondoan kokaturiko bigarren etxebizitza erostea… Batek daki!
Azkenik, eta (nik uste) guztion desira handiena honakoa da: aurrezteak bankuarekin (edo beste norbaitekin) dituzun zorrak kitatzen lagunduko dizu. Zorra izateak estresa sortzen du, eta OMEren arabera, estres horrek ezgaitasunak sortzen ditu izakiarengan, hori gure osasunaren kalterako izanik. Hortaz, aurreztu eta zorrak kitatzen badituzu, ekonomikoki aske izateaz gain, estresa ere baretuko zaizu, ondorioz osasuna eta bizi-kalitatea hobetuz.
Artikulu honen amaierara iritsi zara, azken pausua ematea besterik ez duzu. Proposatutako kontzientzia ariketa egin eta arduraz kontsumitzeko prest zaude, aurrezteko, alegia. Edo kontsumoaren gurpilean kateatuz, bankuak gizentzen eta aberatsak aberasten jarraituko duzu? Aitonak halakoez esaten zuen lez: “Zorrak zor, lepoa lodi”, bada ez bada ere.
Nolako kaka, halako osasuna.
2022-11-14 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Bazkalondo edo afalondoetako lagunarteko solasaldietan (gureetan behintzat), nahita edo nahi izan gabe, sarritan ateratzen den gaia da kakarena. Solasaldi horrek; batzuen deserosotasuna piztu, beste batzuen “tabu-alarmak” martxan jarri, zenbaiten lotsak ageriko bihurtu, edota hainbaten naturaltasuna gainontzekoen deserosotasun bihurtu ditzake, besteak-beste. Baina, zerk bultzatzen gaitu gai horren inguruan hitz egitera? Zer eta zenbait dakigu kakaren inguruan? Garrantzia eman beharko al genioke horri?
Euskaltzaindiak dioenez, kaka uzkitik iraizten den digestio hondakina da. Bestalde, Sarah Romerok (2019), “Muyinteresante” aldizkarian dio; bakterioek hesteetan hartzitu dituzten, eta heste meharrak digeritu edo xurgatu ezin dituen elikagaien hondarrak direla kaka, horren %75 inguru ura izaten delarik. Hona hemen kakaren sinonimo ezagunenak: kaka, eginkari, gorotz, mokordo, eskrezio, simaur, obramendu edota iraizkin esaterako.
Hainbat mitoren arabera, kaka egunero egitea da hoberena, baina hori horrela ote da? Gastroenterologoek diotenez, normala da komunera egunean hirutan joatetik astean hirutan joatera, beti ere eginkariak solteegi edo gogorregi ez daudela suposatuz. Hots, osasunari dagokionean behintzat, garrantzi handiagoa du horren itxurak, egiteko maiztasunak baino. Hau jakinda, beraz, osasuntsu gauden edo ez jakin nahi badugu behintzat, interesgarria da gure eskrezioa; itxuraren, kolorearen eta formaren arabera aztertzen jakitea.
Batetik, Bristolen eskalak, idorreritik hasi eta beherakoraino, formaren arabera, zazpi kaka mota bereizten ditu:
Bristol eskala neurtzeko kaka moten irudia.
Bestetik, gorotzaren koloreari dagokionean, Blanca García- Orea nutrizionistak dio horretan eragina izan dezakeela: jaten dugunak, elikagaiek digestio aparatutik pasatzeko behar duten denborak eta behazun kantitateak. Hala ere, laburbilduz, honakoa esaten du kolore bakoitzaz:
Marroia: kolore normala, osasuntsua.
Horia: gantz kantitate handiegia edo xurgatze txarra, zeliakia kasua esaterako.
Berdea: elikagaiak heste loditik azkarregi igarotzen dira, hots, behazunak ez du deskonposatzeko denborarik. Estresak edo heste narritadurak eragin dezake, baita berde koloreko barazki asko jateak ere.
Txuria: behazun-hodian buxadura, behazun falta eskrezioan, hori ez delako gibeletik hestera igarotzen. Medikamentuak hartzeagatik ere izan daiteke.
Beltza: odola goiko heste tartean, ultzerak edo barize- esofagikoak. Bismutoak edo erregaliz beltzak ere beztu ditzake kakak, baina kasu horretan ez du kiratsik isuriko.
Gorria: odola beheko heste tartean (heste lodian edo ondestean) edo hemorroidea. Hestearen inflamazioak, kolitis ultzerosoak eta Krohn gaixotasunak ere eragin dezakete kolore hori. Bestalde; erremolatxa, tomate zukuak edota gelatina gorriak ere eragin dezakete gorri kolorean.
Azkenik, García- Orea nutrizionistak dio gure kakak ez lukeela oso gaizki usaindu behar; gainera, forma eta itxurari dagokionez, saltxitxa formako gorozkiak izan beharko liratekeela, ez oso lehorrak eta gogorrak. Bestalde, aipatzen du komunean hondoratu beharko lukeela, eta ez flotatu, izan ere, horrek behazun falta eta gantz gehiegi izatea adierazten baitu.
Hau jakinda, beraz, gauza bat oso argi dago: nolako kaka (egin), halako osasuna (dugula). Hortaz, zer? hemendik aurrera gehiago begiratuko al diozu zure “osasunari”?
Zure esentzia, zure doinua.
2022-04-05 // Gizakia, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Esentzia: izaki baten berezko izaera osatzen duten ezaugarrien multzoa edo izaki baten zatirik puruena da hiztegiaren arabera.
Esentzia zure baitan duzun doinu hori da, abesti bat, soinu bat, erritmo bat… Goizean goizetik barru- barruan sortzen zaizuna, zuk hala nahi edo ez, soinean daramazun aldartea. Emandako pausu eta hartutako erabaki bakoitza indarrez eta gogoz janzten duen melodia, nahi beste kolorez eguna koloreztatzeko pintzelkada. Kolore aniztasun bat izan eta aniztasun honetan zure kolore propioa aukeratzeko gogoa, kolore batetik bestera salto egin edota hauek nahastuz berriak sortzeko gaitasuna. Zureak izango diren koloreak, zuk sortuak, zure kolore propioak.
Errutina arintzeko nahian edo, bizitzeko gogo lotsatiek zugan eragin duten ahapeko kantua, kantu isil eta atsegina. Kantu aldakorra, baina gorputzaren emozio bakoitza laguntzeko beharrezko duzuna. Irratian entzun eta erraietaraino sartzen zaizun kantua, ohartu gabe isilpeka hau etengabe kantatuz.
Azken momentuan gauzak erabakitzeko edo aldatzeko duzun ausardia, beldurra sentituta ere, planei eta sortu daitezkeen esperientziei, edo sorpresaz jaiotzen diren aukerei baietz esateko ohitura. Ohitura on hori, bizitzako momentu txikiak gozatzera garamatzana, zoriontasunera. Baietz esandako momentuan sabelean sortzen diren tximeleten hegaldi geldiezina. Honek eragindako gorputzaren erreakzioa; saltoa, txaloa zein oihua. Motibazioa.
Zure esentzia da intuizioa, nola dakizun jakin gabe, gorputzeko sentsazioen bidez gauzak jakitea, honek eragindako energia, eta zure intuizioa baieztatzeak ematen dizun segurtasuna, konfiantza. Zure bihotza pozteko hautuak egitea eta hauek modu jakin batean bete nahi izatea, pertsonalitatez, zuk nahi bezala.
Nahia, gogoa, irrika. Barrez lehertzeko askatasuna, lasaitasuna eta beharra, barruan duzun poz eta alaitasunak hala behartuta, eraginda.
Esentzia inspirazioa ere bada. Edozein testuingurutan, bakarrik edo lagunduta, bizitzen ari zaren errealitatea hobetzeko proposamenak etengabe bururatzea, zugan zein besteengan eragin positiboa izango duten ideien loratzea. Emateko, elkarbanatzeko gogoa sentitzea.
Enpatia izatea, emozionatu eta triste sentitzea, baina malkoek ito gabe. Besteen lekuan jartzeko duzun gaitasuna, emozioak identifikatu eta errespetuz, hauek ulertuz laguntza eskaintzekoa, ematekoa.
Sexua, sexurako grina eta gogoa. Pasioa eta desioa asetzeko beharra, zure baitan sua piztea, begiradak elkarbanatzea, su hau sentitzea, honen garretan berotzea eta plazeraren soinuak lagunduta gorputzaren nahiak asetuz gozatzea. Orgasmora iristea. Maitasunak eraginda muxu hizkuntza bat eraikitzea, hitzik esan gabe, gorputzek elkar ulertu dezaten. Zure gorputza maitatzea.
Hots, zure esentzia bizitzeko duzun modua da, bizitzeko duzun gogoa eta bizitzaren ibilbidean zu zeu izatea.
Esentzia hau, ordea, bizitzan zehar aldatu egin daiteke; galdu, nahastu, desagertu ere egin daiteke, eta egunen batean edo denbora luzez zure barruko doinua itzali ere egin daiteke, zure esentzia faltan sentitzeraino, orain arte zenuen doinua galtzeraino. Ez dizut esango ezer gertatzen ez denik, gertatzen delako, eta zuk nahi bezala, baina gertatzen zaizun hau adieraztea garrantzitsua duzu aurrera egiteko. Lasai, eskatu laguntza, eta ez ahaztu; ez zaude bakarrik. Itzuliko da zure esentzia, zure doinua.
Ondo nago, lasai!
2020-10-13 // Gizakia, Hausnartzekoak, Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Ondo nago, lasai”, “ez du garrantziarik, pasako da”.
Zenbatetan esaten ote dugu horrelako zerbait; gure arima ongi sentitzera behartuz, hau beti gustura eta lasai egon beharko bailitzan, edo burua pentsamendu nahasiz lehertzeko zorian sentitu izan dugunetan, hauek hitzez kanporatu ezean gure baitan ixilaraziko bailiran.
Zergatik? Zergatik egiten ote dugu hau?
Ez naiz aditua honetan, baina nire zein gainontzekoen jokabideak aztertuta zera esango nuke; entzuten ez dakigulako.
“Nola ezetz?” esango dute batzuk, orain ere entzun edo irakurritakoa prozesatu zein ulertu gabe erantzuna jaurti dutenek, besteak beste.
Ez, ez dugu entzuten ulertzeko, erantzuteko baizik, eta hor dago koska. Entzuten ari garen bitartean zer erantzungo diogun edo zer erantzun beharko genioken pentsatzen aritzen gara, gure hitzek bestea lasaitzeko ardura izango balute bezala. Bada, ez gara ohartzen hitz egiten ari den horrek agian ez duela erantzunik nahi, ez duela guk bera entzutea baino espero, eta horrekin nahikoa duela.
Askotan ez dugu besteak bizi duena ulertzeko gaitasunik, edo besterik gabe, ezin dugu bere kezka/ beldurra/ amorrua… ulertu, finean egoera batzuk bizi beharrekoak dira ulertzeko. Beste askotan sorpresaz harrapatuko gaitu lagunaren ezinegonak, gure intuizioak huts egin duelako agian, hots, zail egingo zaigu sentitzen duen ezinegona baretzeko lasaitasun hitz egokiak aurkitu eta diskurtso aringarria jostea.
Kontzienteki, benetan entzuteko gonbita luzatzen dizuet, hitzak entzuteaz gain gorputzak adierazten duena entzutera, entzuten ari zareten bitartean zuen barruan sortzen diren sentipenak entzutera. Jabetu, sentitu, ulertu, epaitu gabe onartu.
Entzuten ikasten dugunean jakingo dugu erantzuten. Nork daki, agian begirada batek, besarkada batek edo isiltasun batek arima senda dezake.
Zure lehen aukera.
2020-04-17 // Gizakia, Gizartea, Hausnartzekoak // 3 iruzkin
Nahitaez ezarritako itxialdi batean gaude, ohiko askatasunik eta mugimendurik gabe, izan, bagenituen eta ikusten edo antzematen ez genituen hegalik gabe. Leku itxi batean, gure etxeetan sarturik, honek gure baitara ere eramaten gaituelarik. Konfinamendua etxean, konfinatuak gure gorputz eta izate hutsean.
Mundua arnasten ari omen da, gu geroz eta txikiago sentitzen ari garen heinean. Ez ginen ohartzen munduak ez gaituela behar, guk behar dugula hau. Gure hegalek barrurantz biltzen dihardute, gure baitan hegan egin eta txoko ezkutuenak ere ezagutzera bultzatuz, behartuz ia-ia. Atseginagoa izan ohi da hegaldi hau egun batzuetan besteetan baino, ezta?
Gaurko nire hegaldiak gazitik gehiago du gozotik baino, eta besteak beste, pentsamendu hauek ekarri dizkit;
Milioika etxebizitza, familia eta egoera ezberdin, egoera latz ezberdin. Hamaika familia daude etxe bateko logela bakar batean sarturik konfinatuta, arnas-biderik gabe. Ehundaka emakume euren tratu txarren emailearekin 24 orduz giltzapetuta, honen arau eta mugen menpe. Milaka errealitate gordin, aukera ezberdin, edo besterik gabe, aukerarik ez duten hainbat egoera etortzen zaizkit gogora, guztiak konfinamendu beraren uztarripean.
Zorionekoak sentitu gaitezke egoera “normal” batean konfinatuta gaudenok, ez da hala? Hori esaten dugu, behintzat, gure barrena lasaitu nahian erosketak egiteko ilaran, aurreko zein atzekoarengandik metro eta erdiko distantzia mantenduz berriketan ari garenean. Ezin gara kexatu, egia da.
Beste batzuetan aldiz, zu ikusteko irrikan dagoen norbaiten dei bat jasotzen duzu. Triste dago. Badakizu honela dagoela telefonoaren bestaldean malkoz beteriko ahots bat sumatzen duzulako, malko hauei eutsi nahian, tristura hau irentsi nahian, eta horrek soilik zure itsasoan ekaitza sor dezake, zure baitan hondoratzera iristeraino.
Egunero hegaldi ezberdina, egunero gure itsasoa ezberdin. Zaindu, askatu barrenak, eta hau bukatu bitartean behintzat, saia zaitez zure lehen aukera zu zeu izaten.
Nire paradisua, gure elkartasuna.
2020-03-23 // Gizakia, Gizartea, Hausnartzekoak // Iruzkinik ez
Itsasoa eta zerua batzen diren muga horretara iritsi nahi izan dugu, baita ilargira heldu, ilargia zapaldu eta hura konkistatu ere. Maiz laino artean hegan egin, edo lainotik lainora saltoka ibiltzearen plazera ezagutzea desio izan dugu. Inoiz amestu izan dugu, hara eta hona, gure askatasunaren hegoak astinduz hegan genbiltzan batean ametsetako paradisu ezkutua ezagutzearekin ere.
Halako batean, ordea, ezinezkoa lortzea helburu eta desio izan dugun honetan, nahi eta ezinak gure baitara lotu gaitu, eta ezinezkoarekin amets egitea ere nahi gabe baztertu egin dugu, soilik normaltasunera bueltatzearekin amesten ausartzen garen honetan.
Etxean egotea besterik ez zaigu geratzen. Etxean egotea besterik ez zaigu tokatzen. Guzti honi bere alde onena bilatzen saiatzea, eta nola ez, hau lortzea.
Etxea eta bertan dauden armairu guztiak txukundu ditzagun, bada! Adituen esanetan ingurukoa txukuntzeak eta antolatzeak norbere barrua ere “txukun” mantentzen laguntzen omen du. Ezinbestekoa omen da egunerokotasun nahasi honetan gure baitan sortzen zaizkigun emozio kontrajarriak ordenatzeko, “kanpokoak” ere ordena bat jarraitzea, gure ingurua txukun mantentzea, alegia.
Egin duzu jada?
Entzun Berri Txarrak eta kanta ezazu gogokoen duzun abesti hori ozenki, amorrua askatzeko. Sukaldatu Izaroren doinuarekin, dantzan, Parisen egongo bazina bezala, zure platerak maitasunez goxatuz. Askatu gorputza ispilu aurrean Zetaken elektronikarekin, gorputzaren atal ezberdinetan perkusioa bilatuz, gorputzarekin perkusioa sortuz. Bestela, enegarrenez Aiora Renteriaren ahotsa desafinatu gabe imitatzen saia zaitezke, ea lortzen duzun!
Ez duzu nahi?
Sortu, idatzi, marraztu, margotu, irakurri, errezeta berriak ikasi, kirola praktikatu, familiarekin eta familiaz gozatu, aspaldi ikusi gabeko lagunei dei egin, seme- alabentzako ekintza berriak martxan jarri, arropa garbiaren usainaz gozatu, deskantsatu… milaka gomendio daude sare sozialetan.
Guzti honi alde ona bilatu nahi ez dion norbait bada hemen, hor konpon, marianton!
Nik hau bukatu bitartean, arratsaldero lez, balkoira irtetzen jarraituko dut. Hau bukatzeko borrokan zein lanean ari zaretenok, egunero etxean geratzen zaretenok eta etxetik lanean ari zaretenok txalotzera. Zuek txalotzera. Zu txalotzera. Gu txalotzera.
Azken finean, horrela soilik lor dezaket egun hauetan nire ametsetako paradisura gerturatzea, esperantzaz josten naizelako, egunero galdutzat edo ezinezkotzat nuen amets hartaz gozatuz: herri baten elkartasuna.
Nire paradisua, gure elkartasuna.