Irrizbizi
Hasiera » Josune Azurmendiren bloga - Irrizbizi

Zure esentzia, zure doinua.

2022-04-05  //  Gizakia, Hausnartzekoak  //  Iruzkinik ez

Esentzia: izaki baten berezko izaera osatzen duten ezaugarrien multzoa edo izaki baten zatirik puruena da hiztegiaren arabera.

Esentzia zure baitan duzun doinu hori da, abesti bat, soinu bat, erritmo bat… Goizean goizetik barru- barruan sortzen zaizuna, zuk hala nahi edo ez, soinean daramazun aldartea. Emandako pausu eta hartutako erabaki bakoitza indarrez eta gogoz janzten duen melodia, nahi beste kolorez eguna koloreztatzeko pintzelkada. Kolore aniztasun bat izan eta aniztasun honetan zure kolore propioa aukeratzeko gogoa, kolore batetik bestera salto egin edota hauek nahastuz berriak sortzeko gaitasuna. Zureak izango diren koloreak, zuk sortuak, zure kolore propioak.

Errutina arintzeko nahian edo, bizitzeko gogo lotsatiek zugan eragin duten ahapeko kantua, kantu isil eta atsegina. Kantu aldakorra, baina gorputzaren emozio bakoitza laguntzeko beharrezko duzuna. Irratian entzun eta erraietaraino sartzen zaizun kantua, ohartu gabe isilpeka hau etengabe kantatuz.

Azken momentuan gauzak erabakitzeko edo aldatzeko duzun ausardia, beldurra sentituta ere, planei eta sortu daitezkeen esperientziei, edo sorpresaz jaiotzen diren aukerei baietz esateko ohitura. Ohitura on hori, bizitzako momentu txikiak gozatzera garamatzana, zoriontasunera. Baietz esandako momentuan sabelean sortzen diren tximeleten hegaldi geldiezina. Honek eragindako gorputzaren erreakzioa; saltoa, txaloa zein oihua. Motibazioa.

Zure esentzia da intuizioa, nola dakizun jakin gabe, gorputzeko sentsazioen bidez gauzak jakitea, honek eragindako energia, eta zure intuizioa baieztatzeak ematen dizun segurtasuna, konfiantza. Zure bihotza pozteko hautuak egitea eta hauek modu jakin batean bete nahi izatea, pertsonalitatez, zuk nahi bezala.

Nahia, gogoa, irrika. Barrez lehertzeko askatasuna, lasaitasuna eta beharra, barruan duzun poz eta alaitasunak hala behartuta, eraginda.

Esentzia inspirazioa ere bada. Edozein testuingurutan, bakarrik edo lagunduta, bizitzen ari zaren errealitatea hobetzeko proposamenak etengabe bururatzea, zugan zein besteengan eragin positiboa izango duten ideien loratzea. Emateko, elkarbanatzeko gogoa sentitzea.

Enpatia izatea, emozionatu eta triste sentitzea, baina malkoek ito gabe. Besteen lekuan jartzeko duzun gaitasuna, emozioak identifikatu eta errespetuz, hauek ulertuz laguntza eskaintzekoa, ematekoa.

Sexua, sexurako grina eta gogoa. Pasioa eta desioa asetzeko beharra, zure baitan sua piztea, begiradak elkarbanatzea, su hau sentitzea, honen garretan berotzea eta plazeraren soinuak lagunduta gorputzaren nahiak asetuz gozatzea. Orgasmora iristea. Maitasunak eraginda muxu hizkuntza bat eraikitzea, hitzik esan gabe, gorputzek elkar ulertu dezaten. Zure gorputza maitatzea.

Hots, zure esentzia bizitzeko duzun modua da, bizitzeko duzun gogoa eta bizitzaren ibilbidean zu zeu izatea.

Esentzia hau, ordea, bizitzan zehar aldatu egin daiteke; galdu, nahastu, desagertu ere egin daiteke, eta egunen batean edo denbora luzez zure barruko doinua itzali ere egin daiteke, zure esentzia faltan sentitzeraino, orain arte zenuen doinua galtzeraino. Ez dizut esango ezer gertatzen ez denik, gertatzen delako, eta zuk nahi bezala, baina gertatzen zaizun hau adieraztea garrantzitsua duzu aurrera egiteko. Lasai, eskatu laguntza, eta ez ahaztu; ez zaude bakarrik. Itzuliko da zure esentzia, zure doinua.

Ondo nago, lasai!

2020-10-13  //  Gizakia, Hausnartzekoak, Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

“Ondo nago, lasai”, “ez du garrantziarik, pasako da”.

Zenbatetan esaten ote dugu horrelako zerbait; gure arima ongi sentitzera behartuz, hau beti gustura eta lasai egon beharko bailitzan, edo burua pentsamendu nahasiz lehertzeko zorian sentitu izan dugunetan, hauek hitzez kanporatu ezean gure baitan ixilaraziko bailiran.

Zergatik? Zergatik egiten ote dugu hau?

Ez naiz aditua honetan, baina nire zein gainontzekoen jokabideak aztertuta zera esango nuke; entzuten ez dakigulako.

“Nola ezetz?” esango dute batzuk, orain ere entzun edo irakurritakoa prozesatu zein ulertu gabe erantzuna jaurti dutenek, besteak beste.

Ez, ez dugu entzuten ulertzeko, erantzuteko baizik, eta hor dago koska. Entzuten ari garen bitartean zer erantzungo diogun edo zer erantzun beharko genioken pentsatzen aritzen gara, gure hitzek bestea lasaitzeko ardura izango balute bezala. Bada, ez gara ohartzen hitz egiten ari den horrek agian ez duela erantzunik nahi, ez duela guk bera entzutea baino espero, eta horrekin nahikoa duela.

Askotan ez dugu besteak bizi duena ulertzeko gaitasunik, edo besterik gabe, ezin dugu bere kezka/ beldurra/ amorrua… ulertu, finean egoera batzuk bizi beharrekoak dira ulertzeko. Beste askotan sorpresaz harrapatuko gaitu lagunaren ezinegonak, gure intuizioak huts egin duelako agian, hots, zail egingo zaigu sentitzen duen ezinegona baretzeko lasaitasun hitz egokiak aurkitu eta diskurtso aringarria jostea.

Kontzienteki, benetan entzuteko gonbita luzatzen dizuet, hitzak entzuteaz gain gorputzak adierazten duena entzutera, entzuten ari zareten bitartean zuen barruan sortzen diren sentipenak entzutera. Jabetu, sentitu, ulertu, epaitu gabe onartu.

Entzuten ikasten dugunean jakingo dugu erantzuten. Nork daki, agian begirada batek, besarkada batek edo isiltasun batek arima senda dezake.

 

 

 

Zure lehen aukera.

2020-04-17  //  Gizakia, Gizartea, Hausnartzekoak  //  3 iruzkin

Nahitaez ezarritako itxialdi batean gaude, ohiko askatasunik eta mugimendurik gabe, izan, bagenituen eta ikusten edo antzematen ez genituen hegalik gabe. Leku itxi batean, gure etxeetan sarturik, honek gure baitara ere eramaten gaituelarik. Konfinamendua etxean, konfinatuak gure gorputz eta izate hutsean.

Mundua arnasten ari omen da, gu geroz eta txikiago sentitzen ari garen heinean. Ez ginen ohartzen munduak ez gaituela behar, guk behar dugula hau. Gure hegalek barrurantz biltzen dihardute, gure baitan hegan egin eta txoko ezkutuenak ere ezagutzera bultzatuz, behartuz ia-ia. Atseginagoa izan ohi da hegaldi hau egun batzuetan besteetan baino, ezta?

Gaurko nire hegaldiak gazitik gehiago du gozotik baino, eta besteak beste, pentsamendu hauek ekarri dizkit;

Milioika etxebizitza, familia eta egoera ezberdin, egoera latz ezberdin. Hamaika familia daude etxe bateko logela bakar batean sarturik konfinatuta, arnas-biderik gabe. Ehundaka emakume euren tratu txarren emailearekin 24 orduz giltzapetuta, honen arau eta mugen menpe. Milaka errealitate gordin, aukera ezberdin, edo besterik gabe, aukerarik ez duten hainbat egoera etortzen zaizkit gogora, guztiak konfinamendu beraren uztarripean.

Zorionekoak sentitu gaitezke egoera “normal” batean konfinatuta gaudenok, ez da hala? Hori esaten dugu, behintzat, gure barrena lasaitu nahian erosketak egiteko ilaran, aurreko zein atzekoarengandik metro eta erdiko distantzia mantenduz berriketan ari garenean. Ezin gara kexatu, egia da.

Beste batzuetan aldiz, zu ikusteko irrikan dagoen norbaiten dei bat jasotzen duzu. Triste dago. Badakizu honela dagoela telefonoaren bestaldean malkoz beteriko ahots bat sumatzen duzulako, malko hauei eutsi nahian, tristura hau irentsi nahian, eta horrek soilik zure itsasoan ekaitza sor dezake, zure baitan hondoratzera iristeraino.

Egunero hegaldi ezberdina, egunero gure itsasoa ezberdin. Zaindu, askatu barrenak, eta hau bukatu bitartean behintzat, saia zaitez zure lehen aukera zu zeu izaten.

 

 

Nire paradisua, gure elkartasuna.

2020-03-23  //  Gizakia, Gizartea, Hausnartzekoak  //  Iruzkinik ez

Itsasoa eta zerua batzen diren muga horretara iritsi nahi izan dugu, baita ilargira heldu, ilargia zapaldu eta hura konkistatu ere. Maiz laino artean hegan egin, edo lainotik lainora saltoka ibiltzearen plazera ezagutzea desio izan dugu. Inoiz amestu izan dugu, hara eta hona, gure askatasunaren hegoak astinduz hegan genbiltzan batean ametsetako paradisu ezkutua ezagutzearekin ere.

Halako batean, ordea, ezinezkoa lortzea helburu eta desio izan dugun honetan, nahi eta ezinak gure baitara lotu gaitu, eta ezinezkoarekin amets egitea ere nahi gabe baztertu egin dugu, soilik normaltasunera bueltatzearekin amesten ausartzen garen honetan.

Etxean egotea besterik ez zaigu geratzen. Etxean egotea besterik ez zaigu tokatzen. Guzti honi bere alde onena bilatzen saiatzea, eta nola ez, hau lortzea.

Etxea eta bertan dauden armairu guztiak txukundu ditzagun, bada! Adituen esanetan ingurukoa txukuntzeak eta antolatzeak norbere barrua ere “txukun” mantentzen laguntzen omen du. Ezinbestekoa omen da egunerokotasun nahasi honetan gure baitan sortzen zaizkigun emozio kontrajarriak ordenatzeko, “kanpokoak” ere ordena bat jarraitzea, gure ingurua txukun mantentzea, alegia.

Egin duzu jada?

Entzun Berri Txarrak eta kanta ezazu gogokoen duzun abesti hori ozenki, amorrua askatzeko. Sukaldatu Izaroren doinuarekin, dantzan, Parisen egongo bazina bezala, zure platerak maitasunez goxatuz. Askatu gorputza ispilu aurrean Zetaken elektronikarekin, gorputzaren atal ezberdinetan perkusioa bilatuz, gorputzarekin perkusioa sortuz. Bestela, enegarrenez Aiora Renteriaren ahotsa desafinatu gabe imitatzen saia zaitezke, ea lortzen duzun!

Ez duzu nahi?

Sortu, idatzi, marraztu, margotu, irakurri, errezeta berriak ikasi, kirola praktikatu, familiarekin eta familiaz gozatu, aspaldi ikusi gabeko lagunei dei egin, seme- alabentzako ekintza berriak martxan jarri, arropa garbiaren usainaz gozatu, deskantsatu… milaka gomendio daude sare sozialetan.

Guzti honi alde ona bilatu nahi ez dion norbait bada hemen, hor konpon, marianton!

Nik hau bukatu bitartean, arratsaldero lez, balkoira irtetzen jarraituko dut. Hau bukatzeko borrokan zein lanean ari zaretenok, egunero etxean geratzen zaretenok eta etxetik lanean ari zaretenok txalotzera. Zuek txalotzera. Zu txalotzera. Gu txalotzera.

Azken finean, horrela soilik lor dezaket egun hauetan nire ametsetako paradisura gerturatzea, esperantzaz josten naizelako, egunero galdutzat edo ezinezkotzat nuen amets hartaz gozatuz: herri baten elkartasuna.

Nire paradisua, gure elkartasuna.

 

 

 

 

Besarkada bat.

2019-08-05  //  Gizakia, Gizartea  //  Iruzkinik ez

Zure begiek mintzen naute,

nire gorputza goitik behera, haragi puska bat bailitzan, haragi gosez bazina moduan begiratzen nauzulako, zure botere nahia asetzeko premiaz.

Zure ahoak beldurtzen nau,

bertatik ni umildu asmoz jaurti ditzakezun labankada eta lizunkeriez lotsatu beharrean arro sentitzen zarelako, zure botere nahia asetzen saiatuz.

Bizi izan duenak badaki zer den hau.

Atzo eta gaur, egunero biktimak, egunero erasotzaileak. Banaka zein taldean, eraso bakoitzean emakume oro minduz, eraso bakoitzeko beste hainbat beldurtuz, eraso bakoitzean gu gehiago umiltzen saiatuz, gu zapalduz. Dirua botatzera ere heldu dira, baina, zer uste dute? Diruaren truke salduko baiginan, diruz ordaindu daitekeelakoan biktimak jasandakoa, diruak konpondu dezakeelakoan erasotzaileak egindakoa, diruak boterea ematen duelakoan, ala?

Eta oraindik galdetzen dute askok ea zer gertatzen den. Zer gertatzen den diozu? Ba oraindik barre egin nahi dutela batzuk gure kontura, oraindik ez dela komeni kontzientzia sortzea aldaketa baten beharraz jabetzeko, gaur egun ez dagoela legerik justizia egingo duenik, eta feminismoak dakarren aldaketaz beldur direla gure matxiruloak. Hori da egia. Beldur dira.

Eta oraindik batzuk esango dute zergatik goazen etxera bakarrik, probokazio bat dela gure eskotea eta kontuz ibiltzeko gauez gure herriko kaletan. Ja! Hamazazpi euroak erabil ditzatela ilustratzeko edo hezkuntza on bat jasotzeko!

Guk bitartean borrokan jarraituko dugu.

Besarkada bat biktima guztiei.

 

 

Usteak erdia ustel.

2018-12-01  //  Gizakia, Gizartea  //  Iruzkinik ez

Norbanakotasunek ezberdintzen gaituzte; janzteko moduak, hitz egitekoak, arnastekoak, jolastekoak, abestekoak, ibiltzekoak, izatekoak. Izan; bagara, hori bada gure nahia. Ez da ala?

Askotan begiratzen dut nire ingurura, nire inguruan dagoen orora, pertsonetara. Gizartean dauden pertsona ezberdinak elkartzen dituen gauza bat garraio publikoa da. Badaude goizean goizetik energia altu dutenak, astelehen goizean asteburuko musika euren aurikularrekin ozenki entzuten dutenak, autobusera aurpegia izaren markaz apainduta igotzen direnak edota irratia entzunez lanera pozik doazenak. Etxeko lanak eskolara bidean letra dantzariz eta presaka egiten dituztenak edo autobusera igo orduko lo seko geratzen direnak.  Autobusean bere geldialdia baino bost minutu lehenago altsatzen direnak, autobusa geldituko ez den beldurrez, baita jetsi behar diren geltokian bertan autobusa gelditu arte euren eserlekuan lasai daudenak ere.

Lehiotik begiratu eta egun euritsuetan aterki gabe korrikan dabiltzan asko ikusten ditut, aterki azpian burua makurtuz babesten direnak, aterkia energiaz eutsi eta lepoa tentetuz eguraldi txarrari aurre egiten diotenak. Putzutik putzura saltoka dabiltzan haurrak, aterki gabe lasai euriaz gozatzen dutenak edota presarik gabe euria geratu arte aterpean itxaroten dutenak.

Gazia gozoa baino nahiago dutenak, edo alderantziz. Klasean aspertu eta orri txuria arte-lan bilakatzen dutenak, “tres en raya”-n jolasteaz aspertzen direnak edo irakaslea ohartu gabe euren otartekoa jaten dutenak. Hitzak soberan dituztenak edo hitz egitea soberan dagoela uste dutenak. Gaur egun, oraindik ere, emakumeoi hitz ustelak jaurti eta gustuko ditugula uste dutenak.

Usteak erdia ustel, eta beste erdia?

Beste erdia gure baitan. Nire baitan, bere baitan eta zure baitan. Uste duguna gara batzuetan, eta beste batzuetan aldiz, uste ez duguna; gainontzekoak baino gehiago garen uste ustela.

 

“Somos vascos”

2018-04-19  //  Gizakia, Gizartea  //  Iruzkinik ez

Zein ederra den “Euskaraz bizi nahi dut” edo euskara aldarrikatzeko beste esaldiren bat duen txapa (edo pin-a) soinean edo motxilan eramatea, kalean euskaraz idatzitako esaldi bat daraman kamisetadun norbaitekin gurutzatzea, baita alboko herriko “Euskal jaiak” iritsi eta koadrodun zapia lepoan jantzita euskararen aitzakian parranda itzela botatzea ere.

Zein ederra den urtean behin euskararen eguna ospatzeko ehundaka ekintza ezberdin egitea. Polita da hizkuntza honek bizirik jarraitzen duelako egun hau ospatzeko aukera izatea. Ederra da egun honetan euskara bultzatzea. Bi urtean behin Korrika egitea. Lau urtean behin BEC-en bertsolariak ikustea.

Zein polita den munduan zehar Euskal Herrikoak garela esatea, gure herria mapa batean kokatzea, eta Espainia zein Frantziaren menpe dagoen herri zapaldu honetan bizi garela azpimarratzea. Gainera, ederra da beste hizkuntza bat dugula azaltzea eta geure burua “euskaldun” izendatzea. Gabonetan edo egun berezietan baserritar jantzia luzitzea.

Zein polita den ezberdinak garela esatea, gure ohitura, gastronomia, hizkuntza, jantzi… propioak ditugula erakustea. Zirraragarria da erdaldun bati “somos vascos” esan eta harro sentitzea. Zein zoragarria den euskaldun sentitzea, Euskal Herria gure etxea dela sentitzea. Ikurriña lepoan edo gerrian jarri eta mundu guztian zehar argazkiak ateratzea.

Zein ederra den seme- alabek euskara ikasi edo euskaraz hitz egin dezaten “D” ereduan edo ikastola pribatuan matrikulatzea. Ederra da haurrek euskaraz ikasi eta euskarari bultzada bat ematea. Zoragarria da herri eta hirietako hormak euskal idazle, poeta, edota abeslarien erretratu zein esaldiz apaintzea. Mundiala da komuneko ateko zirriborroen artean euskararen “e” berezi horietako bat ikustea. Euskaraz idatzitako mezu bat topatzea.

Zein polita den leku publiko batean sartu, eta karteltxo baten bidez pertsona horrekin euskaraz hitz egiteko aukera duzula ikustea. Euskaraz hitz egitea, euskara entzutea, euskaraz abestea, jolastea… Euskara bera. Euskara.

Zein zaila egiten zaigun euskaraz hitz egitea. Zein zaila den euskaraz hitz egitea. Euskal Herrian euskaraz bizitzea. Zergatik? Ignorantzia ala nahi eta ezina?

Dena den, egia da, “somos vascos”.

 

 

Pentsatu al duzu inoiz honetan?

2017-11-02  //  Gizakia, Hausnartzekoak  //  Iruzkinik ez

Batzutan, askotan ohartzen naiz min egin nizula, min egin dizudala, zu mintzen ari naizela. Hitzak pentsatu gabe jaurtitzean gertatzen zait askotan, esan nahi dudan egia hori zein hitzekin esan pentsatzen ez dudanean. Hitzak jaurtitzean hauen kontzientzia galtzen dudanean. Isilik geratzen naizenean. Nire baitan ez nagoenean, pentsatzen ez dudanean, kontziente ez naizenean, ondorioak ikusten ez ditudanean. Gehiago pentsatu beharko nuke. Pentsatu al duzu inoiz honetan?

Argi daukat barruko zurrunbiloetan ageri zaizkidan ideia, uste eta galderak nire baitatik atera nahi ditudala, hauek plazaratzea komeni zaidala eta hitz egiteak barne zurrunbilo hau lasaitzen lagunduko didala. Honek lasaitu, erlaxatu egingo nauela. Hala ere, askotan gertatu izan zait hitz egiten hasi eta isilik hobe nagoela pentsatzea, nire barne kezkak nireak bakarrik direla pentsatu eta hauek nire baitan onartzea, hitzak berriro irenstea. Korapiloa eztarrian barna nola igo eta jaisten den antzematea, sabeleko tximeleta alaiak haserretu direlaz ohartzea. Geure buruari min egiteraino erotu al gara? Zerk eragiten du isiltasun hau? Etengabe pentsatzen dugu. Pentsatu al duzu inoiz honetan?

Dena ez da ederra, dena ez da alaia edo zoragarria, nahiz eta hala izan datekeen. Askotan gure barne zurrunbiloa handiago bihurtu dugu eta bihurtzen dugu, gauean lokartzea kostarazteraino. Askotan hitzak irentsi ditugu geure buruari kalte egin arte, negar egin dugu zurrunbiloan preso geratu arte. Baina betidanik gure haserre edo jarreren inguruan pentsatzeko esan izan digute, uneoro pentsatzera eraman eta pentsatu beharreko uneetan pentsamenduak ihes egin digun arte. Pentsatu al duzu inoiz honetan?

Pentsatu zer egin zenuen, duzun, egingo duzun. Pentsatu zein izan den zure jarrera une bakoitzean. Pentsatu gustatuko ote litzaizukeen halako erantzun bat. Pentsatu zer hobetu beharko zenukeen. Pentsatu nola hobetu dezakezun zure jarrera. Pentsatu hau, pentsatu hori eta pentsatu hura. Eta orain, ezin pentsamendua aske utzi, honek gatibu bihurtu gaituen arte. Nik zera pentsatzen dut, ez garela aske barrena usten dugunean, gure pentsamenduek gure barrena lasaitzen dutenean baizik. Gure pentsamenduek hegan egiteko ahalmena dutenean.

Askotan pentsatzen ez dugun une horietan soilik ikasten dugu. Uneoro, gehiegi epaitzen dugu geure burua. Pentsatu al duzu inoiz honetan?

 

Ez ezazu gehiegi pentsatu, egin sentitzen duzun hori.

 

 

Gure ignorantzia.

2017-07-06  //  Gizakia, Gizartea  //  Iruzkinik ez

Nire egunaz, eguraldiaz, aurpegiko granoaz, bazkariaz… kexu nintzen une berean entzun nuen telebistan nola haur batek “amaaaaaa!” oihukatzen zuen. Telebistara begiratu eta begiak estalita zituen haur zauritua ikusi nuen gizon baten besoetan, gerrak azalean utzi zizkion zauriak agerian zituela “amaaaaaa!” oihukatuz. Behin eta berriz, behin eta berriz amatxoren erantzun eskean. Azalean ageri zitzaizkionak baino zauri sakonagoak izango zituen haur horrek bere barnean, bere bihotzean. Agerikoa zen besoetan zeraman gizonak ez zuela bere amaren berririk (ez bere eta ez inguruko haurren amatxo eta aitatxorenik), ezta bizirik zegoen esperantzarik ere.

Begiratu nuen mahai ingurura eta nire baitako pentsamenduek lotsarazi ninduten, ia koloreak ateratzeraino, ia malkoak isurtzeraino, hotzikara sartu eta besoko ileak tentetzeraino. Tuntun halakoa!

Zer gertatu ote zitzaion bere amatxori? Eta aitatxori? Zer gertatuko zaie bera eta bere senideei? Bera bezelako haurtxoei? Zauritutakoei laguntzen dihardutenei? Bere herriari eta bertako herritarrei?” Bat- batean galderez josi zitzaidan burua, ia garuna (eta kopetako grano madarikatua) lehertzeraino.

Jo! Zenbait gustatuko litzaidaken momentu horretan pelikuletan gertatzen den moduan haur horren amatxo agertu eta bien arteko besarkada ikustea, behin hasita baita gainontzeko haurrenak ere, noski! Ai, baita lurrean hilda zeudenak berpiztea ere, edo gerrak ez existitzea eta mundu zoriontsu batean bizitzea…

Zer? Zuri ez? Zein polita den gauero ohean sartu eta amets egitea, eh?

Gerran zauritutako haurrari begiak estaltzen dizkiote bertako errealitatea ezkutatzearren, inguruan dituen gorpuak ez ikustearren, bere etxea erorita ez ikustearren, bere amatxo hilda ez ikustearren… Baina gu nola bizi gaitezke hain lasai hau egunero ikusita?

XXI.mendeko gerrak lotsatu egin beharko gintuzke, mahaitik altxarazi eta ametsak egi bihurtzeko borrokatu behar dela kontzientziatu. Kontua da nahiago dugula…

– Jo, ama, hau ia hotza dago! Ez al dago beste ezer bazkaltzeko?

Ba hori, amatxo agertzen den pelikulak ikusi zinean palomitak jaten ditugun bitartean.

XXI.mendeko gerrak izen bat du: GURE IGNORANTZIA.

Bihotzez, zuretzat.

2017-04-26  //  Gizakia, Hausnartzekoak  //  2 iruzkin

 

Bada menderatzen gaituen zerbait edo norbait, eta hori gu geu gara. Inork ez gaitu guk baino hobeto ezagutzen, eta hala ere gure pentsamendu eta jokabideak ez dira gu txunditzeaz aspertzen. Bizitzak uneoro jartzen dizkigun harriek, mugek edo egonezinek nekatzen gaituzte; aspertu, txikitu edota lehertu arte. Ez gara ohartzen ordea hauen aurrean har ditzazkegun jarrerak guk geuk aukeratzen ditugula, eta zail edo astun egiten zaizkigun gauzen aurrean pentsamendu edo jokabide negatiboak hartzearen alde egin ohi dugu, hautaketa honek egunerokoa zailduko digulaz ohartu gabe.

Ia baden inor eguna hanka okerrarekin hasi eta hiruzpalau gauza okerrago gertatu ez zaizkionik, edo gauza txar bat gertatu eta ezer okerragorik espero ez zuenean, lurperatzeraino ahuldu duen zerbait gertatu ez zaionik. Guztiok ezagutzen dugu halako kasuren bat, eta askotan gu izan gara kasu hori.

Bada esaten duenik gizakiaren burua edota adimena oso indartsua dela, potentzia handikoa, eta hau erabiltzen dakienak dena kontrolpean duela, baina ba al dakigu hau erabiltzen? Askotan pentsatu izan dut ikasgeletan adimen emozionalaren lanketan gabezia ugari egon direla eta oraindik badaudela, baina gaur inoiz baino seguruago nago. Nik behintzat ez dut gogoratzen matematikako ekuazioak askatzeko formulak edota ikasgaietako materia buruz ikastea den besterik irakatsi izan digutenik. Niri behintzat ez didate eman pentsamendu negatiboak positibo bihurtzeko formularik, edota oso oker nago baina “minus” bider “minus”ek (nire baitan behintzat) ez du positibo ematen.

Zerk ematen du positibo orduan? Zein da pentsamenduak positibo bihurtzen dituen formula? Gu gara formula hori. Guk soilik alda ditzazkegu pentsamendu negatiboak positibora edo alderantziz. Ez al zara ohartu sekula egun ilun bati irri batez aurre egitean egunak beste kolore bat hartzen duela, beste forma bat? Ez al duzu inoiz pentsatu zure pentsamenduak zuk sortzen dituzula? Zu zarela gauzak mila aldiz pentsatzen dituen hori? Zuk soilik desegin ditzakezula sortu dituzun ideia negatiboak?

Ezberdina zara, bakarra, berezia, eta hori da nabarmentzen zaituena; zure desirak dituzu, zure janzkerak, orrazkerak eta itxurak. Asko pentsatzen duzu; uste, ideia eta jakin-minek askotan zoratzeraino nahasten zaituztelarik. Badakit, zuk ere gainontzekoon antzera zure zama emozionala daramazula, beste hainbat kezka, egonezin eta betebeharrez gain, baina askotan ez zara besteek dutenaz jabetzen eta hor huts egiten duzu. Nik ere bai.

Saiatzen zara lagun, bikote, seme-alaba, izeba, irakasle, ama, aita, maitale, nagusi, langile edota gizaki izaten, gizarteak ezarritako estereotipo eta rolek agindutako gizaki “ona” izaten, baina askotan ezin duzu, ez duzu lortzen. Nik ere ez.

Saiatzen zara gainontzekoak ulertzen, eta gehienetan ulertzen dituzu, baina askotan ezin izaten duzu eta honek sutu egiten zaitu. Saiatu eta saiatu. Helmugara iritsi nahi duzu baina bidean ehunka oztopo topatzen dituzu, helmuga aldatzen zaizu, helmuga desagertzen zaizu, desioa galtzen duzu. Nik ere bai.

Baina imajinatu idatzi hau zugana helduko balitz, eta guztioi berdina gertatzen zaigulaz ohartuko bazina. Bizitza borroka bat baino bidaia bat dela ohartuko bazina, edota begiak irekitzeaz gain bihotza ireki eta zu zeu errespetauz honek aginduta bezala jokatuko bazenu. Zure jarrerak zuk zeuk aukeratuko bazenitu. Sinestezina izango litzateke again, baina asko poztuko ninduke hitz hauek irakurtzean zure bihotzak ezpainetara irri bat jaurtiko balu. Benetako irri bat, eguna alaitzen duen horietakoa.

Bihotzez, zuretzat.

1 - 41234Hurrengoa»

Josune Azurmendi Telleria

Gizartea eta gizakia. Horren zaila ote da bizitza? Ba ote dakigu bizitzen? Egunerokotasunean ikusten eta ikasten ditudan gaien inguruko hausnarketa zorroztua, gaur egun horrenbeste behar dugun irri egiteko arrazoi batekin. Bizitzeko beste modu bat, irri egiteko beste arrazoi bat.

Azken bidalketak

  • Zure esentzia, zure doinua.
  • Ondo nago, lasai!
  • Zure lehen aukera.
  • Nire paradisua, gure elkartasuna.
  • Besarkada bat.

Iruzkin berriak

  • BOST MINUTUKO IKASTAROA! -tu(a)z joan / -tzen joan / Josune Azurmendi / Zugazart, Zaldieroa | Eskolaegunezegun(e)k Ondo nago, lasai! bidalketan
  • Rosa Rojo(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
  • Josune Azurmendi(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
  • Nerea Altolagirre(e)k Zure lehen aukera. bidalketan
  • Taupa-Taupa | Zergatik ez diegu haurrei aserratzen uzten?(e)k Zergatik ez diegu haurrei haserretzen uzten? bidalketan

Artxiboak

  • 2022(e)ko apirila
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko apirila
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko iraila
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria

Kategoriak

  • Gizakia
  • Gizartea
  • Hausnartzekoak
  • Hezkuntza
  • Politika
  • Sailkatu gabea

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA