Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
DARDARA
Atalak: BIZI
Begiak malkoak dariola, triste, baina bizi-bizirik atera nintzen 2019ko azaroaren 22an Nafarroa Arenatik. Izugarria izan zen Berri Txarrak taldearen azken aurreko kontzertua. Bagenekien azkena izango zela bereziena, baina ez ginen behar bezain azkar ibili harako sarrerak erosteko garaian. Gau hura ahaztezina izan zen niretzat, Berri Txarrak taldearen kontzertu bakoitza bezalakoa. Denak ditut buruan, kontzertu bakoitza berezi egiten baitute. Berdin zaie noiz, non, zenbat pertsonarentzat jotzen duten. Pentsa, ba al da pertsona bakar batentzat jo duen beste talderik?
BERRI TXARRAK Nafarroa Arenan 2019/11/22
Talde horri buruz idazten ari naizen honetan ere, euren musika dut entzungai. Zenbat momentu, bizipen, oparitu ote dizkidate! Eurek jakingo balute! Eta ez niri bakarrik. Harrituta geratu naiz Dardara dokumentalean ikusi dudanarekin: jende mordoari sartzen zaio barreneraino euren musika. Gorkak idatzitako letrak belaunaldi desberdinetako pertsonen bihotzak hunkitzeko gai izan dira.
Momentu eta egoeraren arabera entzuten dut musika talde bat edo bestea. Lekunberriko horiekin, ordea, ez zait horrelakorik gertatzen. Ikasle garaian, ikasteko entzuten nuen; langile naizen honetan, lan egiten ari naizen bitartean entzuten dut; gidatzean entzutea ere gustatzen zait; lasterketa batera joatean; etxea garbitzen ari naizenean; egun alaietan; tristeetan… ez dago Berri Txarrak entzuteko momentu txarrik.
Iruditzen zait Gorka Urbizuk bizipen bakoitzarentzako daukala esateko zerbait. Kantu bakoitza entzutean, beti etortzen zait oroitzapenen bat gogora.
Dardara dokumentala ikustearekin, berriz ere, Berri Txarrak taldeak ematen zizkigun momentuekin bat egiteko aukera izan dut. Batez ere, lagunekin kontzertuetan elkarbanatutako momentuak etorri zaizkit gogora. Ederrak denak! Asko gozatzen genuen elkarri helduta kantatzen. Filmean zehar, momentu askotan, oilo ipurdia jarri zait. Eskaintzen dituzten kontzertuetako irudiak ikusi besterik ez dago gorputz osoan izugarrizko zirrara sentitzeko. Izenburuarekin ere bete-betean asmatu dute, kontzertuetan gorputzean zehar sentitzen genuen dardara hori sentiarazi digute beste behin.
Dokumental honetan taldeak zer nolako eragina izan duen ikus daiteke. Fenomeno hitza erabiliko nuke beraiek deskribatzeko. Euskaraz abestuz, eta Euskal Herria beti presente dutela, mundu osoan zehar ibili dira. Gure hizkuntza eta herria ezagutarazi dute munduan zeharreko hainbat txokotan. Hori itzela da!
Pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak taldeak milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsua izatea.
Beste bat arte, Berri Txarrak.
https://www.youtube.com/watch?v=OZ1sabaJytw